% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Printzipioa ez da goiz edo berant etsia: une bat
milaka urteren heinekoa izan daiteke. Ez hor, ez han,
ez hemen, alta denetan gure begien aurrean.

 

Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu. Bilkuretara joateko bidaiak egun argiz egiten nituen, ekia begietan eta ertzeko belar usain gatibatzaileak sudur mazeletan kilikari. Etxerakoan aldiz, bihotza erdiraturik egia erran, zeru sabaian dilindan bezala izar dirdiratsuak zenbatu eta autoaren aitzinean, gaueko gidari seguru, ilargia begizta nezakeen. Ilunpean noiztenka azkonar sotilek edo kahaka plazidoek abiadura hausten zidaten. Egun argitan, gauerdiko zamaren gerizatik higuin ezin, hainbat urtez "kargaturik" lehiatzen zen txirrindulari profesionalaren antzera nenbilen: sentsazio berriek iraupen fisikoaren ortzi-mugak urruntzeko partez, murrizten zizkidaten, murriztasun trinkoa gogoko nuela onartzeraino.

        Barda arratsean, zohardi zela, herrialde mutuan barna ibiltzean, ez nuen beste pentsurik: astun eta patetikoki maitemindua nintzela doi-doia konturatzen nintzen, ez argi zahagiaz, are gutxiago artizar pottoloaz, sekula ere behatuko ez ninduen izaki batez; bazautzia zuri? Megakataklismoa! Behin sumatu irri marra, ahotsaren ñabardura, bularren kulunka zainarta edo ipurdi borobilen balantza xarmangarria dena biribilketa nardagarrian kasko zokoan geratzen ahal ziren betirako inprimatuak. Halatan, memoriak SOS deiak bidaltzen zizkidan, begi-dasta bakoitza azken aukerakoa bailitzan. Eiki, bizia une orotan, hondar hautuan trenkatzen zen, hauta eremua gero eta hertsiago izanagatik.

        Bilkura nahasi haren ondotik, enekin solasean egon zen kideari abantxu aitortu nion, sentitzen nuen amodio behialako oxka patetikoaren heinak gohainez itoa uzten ninduela, adiskideetan adiskideenarekin nitaz mintzatzeak disgustatzen ninduen arren. Alta, nonbait neronen urguilu propio erraldoia kolpatzen eta urratzen zidan maitasun aire gaiztoa aipatu beharko nion. Ez nuen dudarik gainera, kideak irekitasun osoz entzunen ninduela eta goiz zurpailetan hatsanka iratzartzen nintzenean, ezpata zilarraren pare kolkoa larranzten zidan Norbait Elekatzekoa Dut Egun perpausaren funtsa beregana zezakeela. Alde batetik. Bestetik, pairatzen nuen esperantzarik gabeko desira honen ez agertzera deitzen ninduen Heziketak, maniako edo sordeis, frustratu sexual gisa kontsideratua izateko gutizia izpirik ez neukalako.

        Biritxi astrologikoak ginen gau mineko solaskidearen aurpegiaz ontsa gogoratzen nintzen: argizeituak amultsutasuna oparitzen zion eta bihotza arintzearren, prest nintzen naski, bertan debalde bezain arriskurik gabeko, dena ere on, transfer sentimental baten bideratzeko. Ordea, energia sobera kostatuko zitzaidala berretsirik, autoan kokatu nintzen etxerantz. Eta, egiteko gelditzen zitzaizkidan laurogei kilometro luzeetan zehar, Eskualde Hizkuntzak diren moldean, neure amodiozko dolore ekonomikoki inutilarekin tematu nintzen. Ardura, biziak berak zer balio zuen kezkatzen nintzen, gaueko zauri anbulanteak suizidio etengabe baten urrats anitzak zirela gogoan eramanez.

        Hiri isileko karriketan nenbilela, behin hegazkinez egin bidaia aspergarri batean gurutzatu anderearen soaren sakonak burua panpalaharatu zidan. Nehor ez zen agertzen, garapenaren ispilutzat jotzen zuten hirian eta hortik gauez pasatzen nintzen aldi oroz, iruditzen zitzaidan laugarren dimentsioan hazi izakiak jaukiko zitzaizkidala: klona multizefaloak, arrain transgeniko oihukariak, genetikoki aldatu artaburu txapeldunak. Haatik, agerinde apokaliptikoen partez, emazte ezezagunaren begirada kasik ahantziaren barnetasunak inguruaren lo sapa amnesiakoa kilikatu zuen. Ninika pare harekiko hurbiltasuna atzokoa balitz bezalakoa zela baimendu nuen: nondik jesarri zitzaizkidan bi begi ezti haiek? Zertara zetozkidan bulkatzen ninduen antsiaren harrotzera? Jainkoaren so biblikoa zena, non-nahi eta beti gure ekintzen jujatzeko eta gaztigatzeko zabaldua? Gorputzeko punpa bere kaiolan banbaka nabaritzen nuen, eta gaua eskertzen halaber, ahalkea eta egarria sor zitzakeen lotariko atseginaren uhinak gordetzen zizkidalako.

        Orduan, lainoen gaineko aldean, ilargia baino askoz gorago, elkarren saihetsean ibili ginen. Long Island Blues irakurtzen ari nintzela lotsa imilitzik gabe, besoa hunki zidan.

        —So egizu, argizeitua daukagu azpian.

        —Baia? Ez nintzen ohartua —salatu nion, aurkezpenez zuhur norbait enekin horrela deblauki mintzatzeaz harritua.

        Errauts okre zein berdailezko izarbela eriz erakusten zidan berme, bakarretan begietara behatzen ninduela, etsaigo aierurik ez zeukan irri batez. Liburua abandonatu nuen beraz, emazteak erakusten zidanaz arraposki jabetzeko. Hastapenean politeziaz, eta giroaren samurtasunak erabat bildurik gero.

        Bilkuratik etxera heldu nintzen gau hartan, akidura ziztarik ez nuen sentitzen; alderantziz, sekula ez bezala gose nengoen. Gasna bila hozkailua miazkatu nuen, eta ardi esnez ekoitzi hiruki lainoa han zegoen noski, ene aiduru. Alexandro Handiaren ekialdeko armadaren erdia bederen aseko zituzkeen xerrak moztu nituen. Mahai izkinan jarri nintzen, Xiberoko Botzako iluneko egitarau musikala entzuten, Alaitz eta Maiderren azken diskoa buklean eta osoan eskaintzen zuten, berrogeita hamargarren kapituluan ireki Axularren predikuen bilduma aurrean, paradisuko bidea infernukoa baino errazagoa zela irakasten zigun orrialdeetan justuki, hegazkineko emaztearen aspaldiko oroitzak buruko alorrak bustitzen zizkidala.

        Hegazkinetik jaistear ginela, andereak leihotik metropoliko bide nagusiak autoz hanpatuak susmatzen zituela erran zidan, eta agian neke zenbait edukiko zuela ahalik goizen etxeratzeko, partikulazki taxiz. Nik ere taxia hartzekoa nuen, Auhen Guztien Iturburu fama emana nion geltokira garaiz iristeko.

        —Ez nuke trena huts egin behar!

        —Ez zaizu horrelakorik gertatuko, lasai.

        —Agur beraz —xuxurlatuz eskua eman zidan, eta uste dut une hartan, musu banaren trukatzea egokiago izanen zela.

        Zakuak hartzen, Nouvel Obs besapean plegatzen eta biloak orraztatzen segitu nuen, emozioaren aztaparrek lardaskatua.

        Aireportuan ondotik, gure soak, gure irriak, gure kopeta keinuak bizpahirutan nahasi ziren. Taxien beha lerroetan nengoela, zeruari dei egin nion: ilargia orain gainean geneukan, erregina eta ilunpearen jabe. Hotel merkeetako seinaleak fluor koloretan pitz eta hilka ari ziren. Jendearen isiltasun urrunak marmara elkorra osatzen zuen eta taxien tutek zein bezeroen manuek dorpea zulatzen zuten.

        —Du Bellay plazara, otoi!

        —Italiako atean utz nazazu.

        —Bagnoleteko metrora!

        —Nazioarteko geltokirantz —erran nuen ene aldian, txinatarra zen taxiaren gidariari.

        Taxien arteko irrati juntetan asiar hizkuntzak hautematen nituen, periferikoan abiadura bizian zebiltzan autoen argiek betazal apalduak zurpail bilakarazten zizkidatela. Txoferrak, ahalik lasterren heltzeko zegizkien indarrak miresten nituen: eskuin, ezker, zuzen, berriz eskuin, zuzen... Joko bideo batean nengoela iruditzen zitzaidan: Lara Croft gaixoa baino lekuko egoera hobean bistan dena.

        Geltokian aurkitu nintzenean, emaztearen soan berriz landatu nituen pentsamenduak: ez nintzen ezer, euskalduna are gutxiago, nortasun ezpalak ezabatzen ziren bat-batean eta huts handi horretan aldi berean dena nintzen, iragana eta geroa, azala eta mamia, haragia eta hezurrak, gasna eta azken egoitzako har malatsak. Zergatik behar nuen derrigorrez, besteetarik bortxaz eta indarrez bereizten ninduen identitate finko partikularista bat, hizkuntza ezpainetan neukan ber? Aditzak ez zuen mugarik: begirada hain samurra zeukan emazte hari adibidez nolaz exigituko nion pasaportea ? Nor nintzen, neure izatearen izenean, ene gutizietara munduaren plegatzea eskatzeko? Geltoki honetan, etxeko sukaldean gasna naka-nakatzen edo gaueko ibilaldietan masai gudarien alaba galduen antzekoa nintzen. Bakardade basamortu bat.

        Handik laster ene haurkeria minberatsuak deitoratzen nituen.

        Laguntza.