Aurkibidea
Zazpi haurreko familiakoak gara
Barda arratsean kanpoan nintzen
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Iragan astean bost gauez ibili nintzen
Denborarekin konturatzear nago
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Aurkibidea
Zazpi haurreko familiakoak gara
Barda arratsean kanpoan nintzen
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Iragan astean bost gauez ibili nintzen
Denborarekin konturatzear nago
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Dudak ezabatzean, indarrez eta berme,
egiazko fedea berragertzen da.
Deus ez da gelditzen, oroitzea balio ez duen deus.
Aste bakarrean lau bilkura izan nituen. Ingurukoek lanean, gohain neuzkan metodologia eraginkorren finkatzeko hitzorduetan, erosketetan, denetan, hits eta hets harrapatu ninduten. Alta, ilunpeak mundua troxatzean, iratzarriaren pindarra nigan sustatzen nabaritzen nuen aldiro. Mediku eta espezialistei oinarrizko akiduraren atzealdean zer dagoen maiz eskatu diet, hauek erantzun egoki zein razionalik eskaini ez didaten arren. Ilunabarra hurbiltzearen sentimenduak, hunkitze beratuaren ateen haraindira eroaten nauela badakit hargatik. Mirakuluz bizi naizela jakitea aski zait, maitaleak ahoa borobil eta soa sutan noiztenka, horretako hain zuzen erasiatzen nauela artetan. Maitaleak larderiaz segitzen baldin badu, denbora apurra dauka segur ene aldamenean!
Azken aldian, goizeko bietan etxeratu naizenean, bezperan, supermerkatuan dena espantu erosi gasna puska hozkailuaren aterpetik desagertu zela konturatu nintzen: nor deabru zen ohoina? Kexu errea nintzen; sukaldeko mahaiaren izkinan, hozkatu azal gurintsuak metan zeudela ikusi nuen. Tarrapata eroan ganbarara joan nintzen eta ene bihotzaren erdia atzeman nuen, ohean deblauki etzanik, zurrungaz. Oihu zainartaz begiak irekiarazi nizkion eta lo horditik aharrausika jalgi zen.
Maitea erran zidan, itzuli zara?
Eta bai. Zer uste zenuen han geratuko nintzela ala? ihardetsi nion gogorki, doinu berdinean jarraituz: Non da gasna?
Onetik hura?
Bai. Hura eta bera. Naka-naka jan duzu gelditzen zen zatia? Enetako pilixkarik ere utzi gabe?
Zatoz! Muinu-muinu egin dezagun! Ahantz ezazu gasna! Bero-bero nago...
Barkaezina zara huxtukatuz bukatu nuen elebidea.
Ene nazioarteko Visa txartela erabil zezakeen, lagun ohiak izuaraz eta kide neuzkan mutilak harro zitzakeen, sarean ibil zitekeen nahi adina, paso, paso eta paso. Espreski zainen jabaltzeko hartzen nuen gasna hark osorik klikatzea ez nuen onartzen ahal. Apezak, urrezko kaliza bezain gurbilki gorde nezakeen altxorraren desagertzea orduan biziki deitoratzen nuen. Zinezko euskaldun suhar eta plantako sentiarazten ninduen tramankulua, zikoitz, bekaitz eta ezin ase baten sabelean, molekula xehe eta malguetan barreiatzen ari zelako tristezia larriak gatibatu ninduen. Deprimitzeko puntuan nengoela, gelatik maitalea buhaka entzuten nuen.
Dena espantu zara: Onetik handik, Onetik hemendik... Usteltze erraldoiaren arrats handiaren mugetan, hesteak euskaraz kilikatzen dizkizula uste duzulako; besteak bezalakoa da, industrial hutsa, labelagatik anfetaminaz, anabolizanteez, kabala irinez ekoiztu ardi esnez ondua! Harrik gabekoa, bazaizu zuri?
Isil zaitez hortik oihukatu nion sukaldetik, zuk bederen harrik ez duzu eskas buruan!
Zer baimentzen dit zerraion, Jainkoa bailitzan adoratzen duzun gasna hori, Euskal Herriko egiazko azienden joriz bildua dela? Hobe genuke orain berean amodioa egitea, ez?
Ez nuen gogo izpirik neure azpi arteak egoista itsusi baten eraso eta milikei eskaintzeko. Gauaren minean inarrosi eta tanpez iratzarritako maitea sugearen pare gaiztotzen ari zitzaidan. Jokoaren lasaitzea deliberatu nuen.
Onetik gasnaren balio zehatza zalantzan jartzen baldin baduzu, zergatik ez dituzu Trinitatearen, Aita Sainduaren hutsezintasunaren eta Jesus Haurraren Ama Maria Birjinaren dogmak dudan ezartzen? Alor pragmatikoagoetara etorriz: ez ote zatoz bat %100 basque den lekuan lekuko ekonomiaren garapenaren aldeko ekinaren baitezpadako funtsarekin? Eta zer diozu klase borrokaz? Euskalduntasuna ederki gerizatzen duen Gasnarik eta artzainik gabe eraiki nahi ahal duzu etzidamuko lurraldeak oro mistika berdinaren ardatzean bilduko dituen euskal nazioa? Zertarako ez dugu jagoitik gasnaren azaletan mintzatuz preseski euskal nazio horren forma juridikoaz hitz egiten? Zu ikusi eta nago ez duenez oligarkia militar burgesak kudeatu estatu egitura ukanen? Ea ihardetsi hor!
Isilune baten ondotik ufatu nuen:
Gainera, ez didazu purruxkarik ere laga.
Gose nintzen eta armairuetan ezer ez zegoen jateko, salbu zure gasna "sakratua" erantzun zidan, begitartea kuetaren pean gordez, ehiztariari ihes doakion kurkumixa umilaren antzera; bere familian ez ziren usatuak naski munduaren berrantolatzeko asmoz goizeko lauretan arrangura larrutuak plazaratzen.
Estaliaren azpitik, predikua botatzen niola, aski, aski eta aski hitzak behatzen nituen. Bake agiria izenpetzekoa nuen, ondorioz, gudari eskasez.
Maitalea atsedenaren bidean lerratu zen; bizkitartean, ohearen gainean kuxkur egon nintzen denboraren luzeaz ez naiz gogoratzen. Une batez negar gutiziaz amildu nintzen eta bihotzak, hipak entzutean, ohean inguru ez axolatia marraztu zuen, ezker aldera. Barneko tristura handia neukan: gasnaren ausentziak antsia hazten zidan, bakardadea areagotzen, abandonu irudipena biderkatzen. Zenbaitetan malerusa sentitzen eta bakarrik ibiltzeko lehiaz hanpatzen nintzen. Maitea hasperenka iratzarri zen.
Zer ari zara oraino?
Pentsatzen.
Bostak dira; pentsatzeko tenorea dela uste duzu? Bihar Onetik madarikatu hartarik ekarriko dizut edo Kokotegiko gasnatik eta kito. Nik neure neurriak hartuko ditut.
Kokotegiko gasna harrez emokatua zela egia zen. Mami malguaren minean, haragi malats zuriak ihaurrika zerabilzkion janaria oparituz, bere burua salbatuko zuela sinesten zukeen maiteak. Ez nintzen haurra, xantaia afektibo errazaz erabilia izateko, nahiz frankotan estatuek, gutarrek eta etxekoek hari horrekin egoera josten zidaten. Maitaleak ez ninduen erosiko, ez horixe! "Duintasuna" hitza murmuratu orduko morpheak gatibatu ninduen. Ametsak, ardiz, esne hagunez bete kotxuz, kakailaz, udaberri arratsalde apaletako saldo urrinez, artzain heiagoraz, burdinazko pertz borobilez, altxagarriz eta hondarrean gasna bildu berriz nahaspilatu zitzaizkidan.
Biharamunean jaiki nintzenean, sumatu eran, sukaldeko mahai kantoian, paper zeiharrean troxatuz gasna hiruki mardula zegoen, eta haren ondoan, Bihotzaren eskuz idatzi gutunazal arrosa: "Maniako, depresibo, neurasteniko, paranoiko, eskizofreniko eta egoista batekin ezin dut iraun: banoa. Hitza hitz!".
Ufa, ez nuen bada guztia galdu.