% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Gauza, izankor gauzatzen ekilearen bidez;
ekilea, gauza dela medio, ekile bilakatzen da.
Beren debaldeko binakotasunean zer diren jakin
gogo baldin baduzu, ikas ezazu hutsak baino ez direla.

 

Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean, mendi mazela apaletan mirets nezakeen izugarriko ikusgarriak gatibatua, usaian baino denbora gehiago eman nuen bidean. Hotzagatik, kanpoko usainez biriken osoki betetzeko, autoko leihoa erdi zabalik nenbilen. Ilunean, ortzaizak misterioski argiztaturik nabaritzen nituen, eder, laino, hunkigarri eta lur ertz horiek sutan maite nituela aitortzen nion neure buruari. Ez nuen, zer gerta ere besterik errepikatzen.

        Urtarrileko gauean, muinoen kaskoak urre-gorrizko eraztun erraldoi batek inguratzen zituen, sua iratze eta ote zango zimelekin ezkonduko bailitzan. Erretasuna denetan barreiatzen zen, sudur eta larru zuloak oro tapatuz, aldi berean suhaken gutizia bihotzetan txertatuz. Haizerik ez zen, hodei beltz zenbaitek euria iragartzen zuten, baina suak lasaiki beretik jarrai zezakeen, patar zein pentoka umilen balakatzen, zeruraino jazartzen zitzaizkion mihi luzeak zirela medio.

        Ez nintzen sekula Euskal Herriko tradizio garratzen zalea izan, geroari kataklismo iritziz, orainari izatea debekatzen zietelako: Urrustoiko Abadiak finkatu "Eskualdun-Fededun" binomioaren ildotik, nehoiz ez genuen orainaldian jarduten jakin, eni besteei bezala, gogoa beti biharko xede hipotetikoen udalatzen baitzebilkidan. Iragan astun lakarraren eta balizko geroaren artean iraun nahi ez zutenek, orain aberats eta zoriontsua erakusten zuten herrialdeetara ihes egiten zuten: kontsumo jendartea eta izerdiaren esplotazioa, biak gaur eternalaren elementuak ziren; bizkitartean iheslari haiek, Orainaren hobetzeko borroketan sartzen ziren, alderdi politikoetan, sindikatuetan, elkartetan, "su emango diogu gure fabrikari!" oihukatuz.

        Anartean, eta gau hartan hori neukan kaskoan labana, suak bazterrak suntsitzen zituen, iraganaz, orainaz eta geroaz axolarik ez bailuan; alabaina, edonork pribatuan, mundu bukoliko eta idiliko honen geldoa su mihiz urratzea amesten zuela noiztenka aitor zezakeen, batez ere hauste egunetako errauts grisezko gurutzea kopetan bizi-muga seinale zekarrenean. Baina lurra, gutxi oldartzen ziren madarikatuz betea zen. Sua ardura, berotzeko baino ez zen erabiltzen. Bat-batean, pobreen eta aberatsen arteko leizea, giroaren epeltzeko baliatzen ziren tekniken ezberdintasunak finkatzen zuela iruditu zitzaidan: gure gau hormatu eta ke urrineko bideen aldean, boteredunek beren gelak, erle kofoin gerizatuen antzera, aire tepo artifizialez hanpatzen zituzten. Sua sobera lanjerosa zen. Erretzeko kemen gehiegi eskatzen zuen eta etxelarren inarrosteko xirminduak, buxkak, egunkari-orrialdeak hauts hiletan metatu behar ziren aldi oroz.

        Pentsamendua biribilketa eroan zerabilkidan gauaren minean, bilkuratik etxerakoan, suhaka sail eder haien aitzinean gelditu nintzenean. Zinez faszinatua nintzen: su borobilek urrunetik sustatzen ninduten, eta indigena bihurtzeko zorian, noizbait irakurri edo entzun indio zahar baten hitzak jin zitzaizkidan izpirituaren hautsen harrotzera.

        —Iraganarekiko damuak garamatza guztiak! Kasu iraganari, Oraina ustel eta galaraz baitiezaguke. Iragana sorgin goibela da. Zer edo zer bada gehienetan, zure iragan pertsonalean obratu ez ala oker obratu duzuna; argiki atxiki ezazu buruan, egin behar zenuena baino ez zenuela egin, egitekoa zen orduan. Gainerakoak axola gutxi dauka.

        Hala mintzo zen Otso Maingua izeneko indianoa, erdialdeko lautadako belar erraldoiak labakitan kiskailtzeko ordena eman aitzin. Suteko garrak oinutsik zeharkatzen zituen gero, auhen, hasperen eta intziririk gabe. Errege-bide bazter hartan, goizeko bietan jadanik ez zelako nehor pasatzen, elkartasunaren erre usainak zekarkidan bakardadeaz goza nezakeen. Otso bihurtzeko gutizia hazi zitzaidan, isiltasunaren arinaz mendien suzko gerriko haietaraino lehiatzeko lau jauziz: Dantek Beatrizen ohoreetan minberaki agertu infernuko zirkuluak saltoan trebeskatu eta orroaz alde egin! Bego ondikotz Alighieri gaixoa, eta aitor nezala hondarrean mendiko ikusgarrietan bermatuz, behialako tribuburuaren hitzek, suaren itzalpean, gure herrian berean arrotz, indiano, aborigen, yanomani eta tuaregen pareko moldatzen gintuztela: ez genuen beste aterabiderik. Iragan fosilizatuaren aztaparretarik askatzeko otsoz, antilopez, arranoz, ostrukaz, ainaraz, gameluz, tukanez edo urzoz aldatzea gertatzen zitzaigun. Nolabait, eta suak hala zela egiaztatzen zidan, betidanik ukatutako abereen eta jendeen arteko lotura mistikoa ginen gu, munduko populu primitiboak. Sua lazki hurbiltzen ari zitzaidala antzeman nuen orduan.

        Martxo erditsutan, hormek egunak zurpailtzen zituztenean, pentze biluzien azaletan sator puloak turrunpilo biderkatzean, ardiak eta bildotsak marrakaz hautematean, etxe gibeleko muinoetara abiatzen ginen, supiztekoak eta xanbraderak eskuan. Kautxuzko puskari su ematen genion eta ote zango zein iratze etzanen azpian aldizka pausatzen, sua hitzez haiatzen genuela, behiala urrunetik begiztatu borobil perfektuaren osatzeko. Ke urrinez eta hautsez belzturik itzultzen ginen. Estigma sakratu gisa, eskolara larruari josirik generaman urrinaren ezabatzea luze zen. Biharamunetan, euriaren ondotik, gure aurpegiak eta labakien eremuak ikaragarriak ziren. Halatan ardura, ene bihotza lur erre irudikatu eta irudikatzen dut geroztik: ikatz, hondarkin eta arkaiko. Ondorioz, Euskal Herriko Berde-Buruak haserrez behin salatu zuen botere zentralek "Indiotzat hartzen gaituztela": politikariaren harridurak urtarriletik martxorako gauetan ez nau eti(li)koki batere kolpatzen, errealitatea delako eta ilunpeetan esku hutsik eskaintzen ditugun ametsaren aroko izpiritu dantzak suak zedarritzen dituelako.

        Suak nau azkenik, gasnaren ontzeko premiazkoa zela kontuan hartuz, Isturitze eta Otsozelaiko harpeetara eramaten, bilkuratik etxerakoan denbora galtzen ari naizela. Aldi berean, une berean, sua uhinka bideraino lerratzen dela —jendeak eta etxeak irents ote ditzake?— mende bukaera honetan errebelatu izaki galdua naiz, eta hirugarren karroin aroko karibu ehiztaria. Gizonekin, Aiherra eta Oragarreko malkarretako elurretan kabala erraldoia gatibatu ondoan, harpera bideratzen gara suaren pizteko, artean Egunkaria, Gara eta Sud Ouest Lekainian erosiz. Ez nuena herenegun mamut animalea gurutzatu Donamartiriko juntan, ardi saldo mantsoa zela ustez? Ala martzianoa zen? Finaren finean, hainbeste laster eta abiaduraz eten, sutearen maldan loak hartzen nau, izarrei so.

        Erreko nintzena?