Aurkibidea
Zazpi haurreko familiakoak gara
Barda arratsean kanpoan nintzen
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Iragan astean bost gauez ibili nintzen
Denborarekin konturatzear nago
Aste bakarrean lau bilkura izan nituen
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Aurkibidea
Zazpi haurreko familiakoak gara
Barda arratsean kanpoan nintzen
Bilkura biharamun lo hordi batez
Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen
Noizean behin Paul Austerren nobeletako pertsonaia sentitzen naiz
Lau miliar ardi baino gehiago kontatu ditut
Bakarretan, bilkuretarik etxerakoan
Gau hartan, Herritik itzuli nintzenean
Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe
Le Monde-n hogeita hamargarren orrialdean
Ilunpez ilunpe, etxeratu nintzenean
Iragan astean bost gauez ibili nintzen
Denborarekin konturatzear nago
Aste bakarrean lau bilkura izan nituen
Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika
Uda etorri zen eta ez nintzen ohartu
Kexu aire ibili nintzen ilunpe hartan
Gau hartako joan jin bakartian
Erroetara itzul zaitez: zentzua erdietsiko duzu;
irudipenen atzetik egizu laster eta printzipiotik
urrunduko zara. Mundu honetako gauzen hutsala
gaindi dezakegu, baldin eta une labur batez,
soa geronen barnerantza bideratzen badugu.
Ardia kabala estimatua da. Esnea, haragia, ilea, bildotsak, larrua, guztiak ditu salgarri. Gauza bera erran daiteke, bistan dena, urdeaz eta ostrukaz, Euskal Herriko beste bi abere suerte nagusiez. Ni baino idazle handi eta sariztatuagorik hurbiletik eta arrakastaz interesatu zaionez gero, ez dut hemen behirik, are gutxiago euskal behi erorik aipatuko. Erantsi nahi nuke ordea, ardiarekin arazo bat gertatzen ahal dela: haragiak gustu eta urrin berezia du, bortitza, pentoka malkarretako belar zekenarena, dalan-dalan xenda lohizuetarik ibiltzen denarena, maitatua eta aldi berean gorrotatua. Jaten dugun oroz, haragi horri Rabelais ospetsuak, Bordeleko bere erietxeko gaixoei, gosearen zorrozteko eta hauen arimen baketzeko Panurgioren ardien ipuineko gurin malgua dario.
Haur nintzenean ez zitzaidan ardikia laket eta luzaz mokofinarena egiten nuen denek errabiaz ahoratzen zuten hezur-kankail edo xungoaren aitzinean, Aiherrako zikiro besta batean, arrailduraren arrailduraz, oharkabean lau kostalet errerik irentsi nituen arte. Orduko ene mutil-laguna begia zulo so zegokidan.
Badakizu zer martzilikatzen duzun?
Ontsa ona da oizu! ihardetsi nion, ardoa hurrupatuz, zintzurrean behera akuilatzen nituen zitzi puskak hortzekin xehakatuz.
Garai haietan, edanaren gainera, jateaz bost axola neukan eta mintzatzekotan nahiago nuen Herria Sakonki Aldatuko Zuen Iraultza Armatuaren Funtsaren Funtsaz eztabaidatu. Mutil xifritua begira zegokidala ikustean hargatik, inkietatu nintzen.
Zer da hormonaz hazi oilaskoa ala?
Ardikia da, zozoa!
Eta guztia bota nuen, disgustuz eta errabiaz mahaiaren erdira, artean, apezak eta bereterrak ziliportatuz. Erraz ulertuko duzu irakurle, gisa horretako intzidente diplomatikoaren ondotik, alabaina euskaltzale suharrek ez dute goiti egiten, batez ere Jainkoaren zerbitzarien papora, mutilak ene zorrien hazkaokatzen bakarrik abandonatu ninduela.
Hor baina, haritik eta gaiaren haragitik urruntzen naiz. Zenbaitetan gaitzeko sakrifizioak onartzekoak direla agertzeko gogoa nuen soilik, bilkura biharamun etenetan, demagun haurrek ardikiaren jatea onets dezaten. Halako batean, ez dakit zein estrenaren ondotik konjeladorean atxiki xungo xerra mehe haien eguerdiko berotzea erabaki nuen. Urrina barreiatu nuen zartaginean, baratxuriak bipildu eta arraposki moztu. Egunkari-hostoz estali kozina-mahaira Ezpeletako piper gorri errautsa eta zoko batean neuzkan Ventoux maldako gozagarriak atera nituen. Olioa eztiki burbuilaka ari zen eta atorra arrabiraturik, Herri Urratsen erosi taulierraitzinekoa soinean, suaren parean plantatu nintzen, deblauki, deliberatuki eta kuraiez beterik, goizaren erdia Maiteren sukalde arauen liburuaren bila debalde higatu nuela ahanzten saiatuz.
Bizkitartean haurra eskolako lanetan zebilen, musika katean Spice Girl taldearen hondar diskoa behatuz. Uste nuen lasaitasun zerbaitez baliatzea: auteferfutro! Mel B eta Mel C xoxolek ene sukaldari gisako kontzentrazioa zalantzan jartzen zutela begi-bistakoa zen. Orduan Aiherrako gertakariaz gogoratu nintzen eta zin egin nuen, nire baitan, ez niola haurrari horrelakorik nehoiz kontatuko: sekretua hobiaren zolaren zolara eramanen nuen. Bat-batean, xungo pezak zartaginean amultsuki pausatzen ari nintzela, joan-jin soila aski zuten, haurra jauzika saihetsean landatu zitzaidan, zartagin zaharren oreka landerrean ezarriz. Kexatu nintzaion:
Zer duxu hola ahuntza bezala punpaka!
Ez niz ahuntza ama! Isilik! Zer jaten dugu?
Ardikia...
Beuuuurk barnakor eta etsia eskapatu zitzaion, bihotzaren barne-barnetik. Alde bakar batetik erre taloaren antzera negarrez hipaka hasi zen.
Ez dut maite! Ez dut janen!
Alo haurra, biziki ona da eta segitu nuen larderiatsuago, baina debaldetan janen duxu eta kito! Ardikia metaka badut eta hozkailua hustu behar noizbait!
Ez dut janen errepikatzen zidan tematsu, kasko-gogor eta une hartan zinez mainontzi.
Ene laneko kideen moldean behar niona munduko gosetea aipatu, Somaliako portuetara mendebalde aberatsak kargoak mukuru betez igorri zituen irrisa mutzituak zenbatu edo globalizazioa salatzeko, behatz ttitila plegatuz esku bakarraz Jose Bovek desmunta zezakeen MacDo jatetxera joateaz mehatxatu? Jabalduko zirena Europako ume goastatu kapritxo horiek? Ez nekien zer egin. Zena zela, zartagineko zitzi sanoaren joan-jina bukatzean, haurra mahaian jarrarazi nuen briu-brau eta azietaren parean, kopeta apal eta begiak malkoz heze paratu zen.
Plast urguilutsuaz xungoak azietan ozenarazi nituen, usain, gurin eta baratxuri. Ardiki peza erraldoia naka-naka irensteari ekin nion, deus ez bailitzan, haurrak triste jarraitzen zuen bitartean. Bihotza beratu zitzaidan eta murmuratu nion:
Ardiki poxi hau jaten baldin baduxu, zapata pare berri bat erosiko dautxut, Peko Arrüako dendarik munttoenean. Askiko dituxu gehien gustatzen zauzkitxunak hautatzea!
Erran nuena erran baldin banuen erran nuen baiki: aditzez pobre geratu nintzen bat-batean. Handik minutu eskasean, haurrak platera garbi-garbia zeukan, urina ogi puxinkaz bildua eta emeki enearen xahutzen ari nintzela, garaipen keinuka ari zitzaidan.
Zapatak erosiko ditugu orduan? Maite dituztanak?
Bai, baina ez dugu halako presarik...
Sarri sarri da. Badakit nolakoa xiren ama: hitz eman eta gero ez duxu hitza atxikitzen...
Pentsa! Ni horrelakoa?
"Hitza Hitz" euskaldun zuhurren elea eramaten zuen ezpainetan eta ordu haietan, Oihenartetik Garaterenganainoko balizko erran zahar biltzaileak oro madarikatzen nituen. Ustezko altxorra ikastoletan irakasten zuten gainera: hertsi bedi xedera. Pentsatu nuen zuzendariarekin arazo txiki horretaz ahoan bilorik gabe mintzatzekoa nintzela, lehen baino lehen. Harrapatua nintzen. Lanetik landa, oski-dendara makurtuko genituen urratsak, ondikotz halabeharrez.
Egun hartan bigarren aldikoz haserretu nintzaion, karrikaren erdian, zapata pare sinple baten aukeratzen izugarriko denbora hartzen eta magazineko emazte adindua bortxatzen zuelako lurretik lau metrotan zeuden ataletaraino igotzera, zurubi zalantzakorrak erabiliz, bere zango meheekin, zain odoluriak agerian, daldaraka. Pena nuen andrearentzat, hargatik saldu nahian agian, hau ez zen etsitzen eta burua haurrarengana beheratzen zuela, amultsuki zioen zapata bereziak aldi oroz erakutsiz:
Eta hauek maite tutxia? Entseazkitxu...
Ez.
Gustukoak ez zituen zapata pareak bazter batean metatzen miresten nituen etsirik: aztal luzeak, apalak, beltzak eta zuriak, modernoak eta kirola moldekoak. Desesperatzekoa bazen. Haurra ene kexuaz ohartu zen.
Aski xinatan ez ardikirik janaraztea!
Hara! Mendekua! Har ezaxu pare bat, edozein, eta agudo goazen hemendik! Ahalkizungarriak gara! zehaztu nion gogor belarri zulora, hira itxinduak gordetzen saiatuz eta ika-mika sugarrak nigan itzaliz.
Asea nintzen eta jakin izan baldin banuen, nihaurek sabeleratuko nuen ardiki puska madarikatua oro, egin nuen xantaia zozo horretan galtzeko partez. Hargatik xantaia guztiak noizbait ordaintzen zirela argi neukan, andere saltzailea "eta hauek?", "eta hauek?" leloki ahoskatzen hautematen nuen artean. Hondarrean, emaztea bere zurubitik jaitsi zen erranez:
Ez dakit zer maite duxun. Etxit besterik...
Besotik tiratu nuen haurra. Begitartea berriro bustirik zeukan, burua apal eta ezer gabe ateratzen ginela, bitrinan, bat-batean, pare zoragarria ikusi zuen, gure aiduru bezala.
Horiek nahi ditut oihukatu zuen haurrak punpean.
Azkenean, tratua bristi-brasta egin genuen, emazteak aspaldian pasatua zuelako dendaren zerratzeko ordua: jadanik bietan deitua zion senarrak noiz etxeratzen zen eskatzeko, nardaturik ihardesten ziola bazuela jendea oraino. Ene aldetik, nazkatua eta errabiatua nintzen, bilkuretarik landa nola, hala debaldeko tentsioz betea, moltsa erabat arindua, haur mukuzuari ardikirik ez niola sekula gehiago eskainiko fermuki zin egina.
Lasaitzearren.