% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Hitz eginago, geroa aipatzenago eta bideari
hainbestez urruntzen zaio. Mintzaldi eta
pentsamendu guztia ezabatu ondoren ez dago
joan ez gaitezkeen lekurik.

 

Gauez ibiltzen naizenean, batez ere lainoak bere oihal laztanaz bazterrak troxatzen dituelarik, gasnategiko argiak ortzaizean jaukitzen zaizkit, oldarroi, menperatzaile, beldurgarri. Ke industriala, kondentsazioaren emaitza eztiarekin nahasten da, eta hain zuzen leku hartan, errabiaz pizten zait gogoa. Alabaina, esnearen biltzeko eta begiratzeko metalezko egoitza erraldoien gainetik altxatzen dira bizpahiru tximinia mehe, mundua zurrupatuko balute bezala. Orduan, lotsatzen naiz, esnearen molekula salbaietarik, zerbait piztia haziko eta nire oherainoko bidaia luzea tragikoki hautsiko duelako menturaz hordi. Baina beste aldetik, horrelako urrako harrigarri baten aiduru nagoela onartzekoa dut, errealitatearen urrakoa desiratuz funtsean.

        Egiaren aitortzeko ez dut esperantza galtzen: lautadaren minean misterioski pausatu altzairu zilarrezko fabrika horien maldatik noizbait bilkuratik etxerakoan, izaki malguren baten ez ustezko ezagutza eginen dut, bestela zertarako balioko lukete bidaiek? Esnetegi handiaren saihetsetik pasatzean behin, bidean ametsetarik nenbilela, gorrotoaz husten agian, ipularretik bat-batean bi argi-iturri borobil miretsi nituen. Arrasta zapatuz brau! autoaren lasterra mendratu nuen: galaxiekiko hunkigunean itotzeko gerturik neukan odola! Kotxetik jaitsi eta argi xirrixtari buruz abiatzean, laino artetik marraka motelak entzun nituen; halaz, izaki estralurtarrak harrapatzeko partez, hotzak gatibatu ardi saldo baten ileen menean nengoen, nihaur ere daldaraka. Ondikotz halabeharrez, ikaragarriko topaketa geroratu nuen.

        Abendua hilabete egokia da, ardi esnearen prezioaren eztabaidatzeko eta negoziaketa nekeen bermatzeko, sasoia datorkienean, laborariek hazten dituzten "borroken" hedatzeko, hots! Esnetegiak hor daude, hanpurus, gauez ene izuarazteko, baina laborariak ez dituzte den mendrenik ere gibelatzen. Jakin dut goizean irratia hautematean, enpresek urre zuriaren ekoizle penatuei ardi esne pintak duela bederatzi urteko prezioan pagatuko dizkietela. Hauxe barbaritatea! Lo eskasez, lanera joan aitzin, irratian artzain bat kexu azaltzen da.

        —Gure esnearekin egiten dituzten gasnak biziki ontsa saltzen dira, tira ederra dutelako, eta guri esnea ez digute pagatu nahi; ez gara bada debaldetan ariko: nor ari da lanean kitorik mende honetan?

        Alabaina. Baiki. Eiki. Gizonak esplikatzen zuen, esnetegiak proposatu zien 5,90 liberako heinetik ez zuela kantitzeko xederik. Laborariek aldiz, aho batez, 6 libera eskatzen zuten, enpresetako nagusiak bizkitartean, aldekoak zituzten sindikatuekin bazter solasetan zinpurtzen zirela. Laborariak irratian, hitz gogorrak zerabiltzan, indarrez sustatuak, irabazteaz ordea ez hain segur, neure lankide zenbaitek zuhurtziaz oihukatzen zidatenaren arabera omen "ezin zelako finkatu ordenaren aurka joan!". Laborariek esnetegiak okupatzen zituztenean ordea, zernahi gerta zitekeen.

        Garai haietan, ilunak eguna kateztatzen zuenean, haurrak ikastolara eramateko orduan preseski, esnetegietako burdina berdezko hesiak animaleko banderola batez apaindurik agertzen zitzaizkigun: esnea esne! aski da! Esku ahur dudakorrez tindatu idazkiak, beltzez jantzi gizon troparen galdeak azaltzen zituen, lau koloretan, nonbait aditz baten erdian spray delakoa agortu bailitzan. Esnetegiaren ateetako isiltasun determinatuak gintuen urtero harritzen, irratiek zabaltzen zituzten berriek, kazetari berezia Kosovoko mugetarik zuzenean ari izanez ez zitzaigun bitxiago agertuko: ehun bat laborarik letxeria okupatzen dute, esnearen prezioaren aipatzeko eta labela errespetatua izan dadin eskatzeko. Azalpen gehiago behar zena?

        Borroka guztiak, euskal herri suharrak apaltasunera derrigortzen baikaitu hondarrean diot ene uste apalez, laborantzan edo lantegietan, ele gutxikoak ziren eta aski zen ildo horretan sartzen zirenen begien hondoen jotzea, zeinen indartsua zen deus ere galtzekorik ez zutenen tema eta kemena jakiteko. Bazter inarrosleak eta saloietako iraultzaileak ere trenpu txarrean uzten zituzten. Bonet zapal eta palto lodiz beztitu artzainek, ekialdetik lehen iraiztura arrosak begimentzean, esnetegiaren saihetsean atzeman buxka eta egur ezpalak metatzen zituzten, pipariak briketa brauki sakelatik ateratzen zuela, ingurua itxura zezakeen hondarki puloari su emateko gisan. Laborariak, karrika hegian punpa eta jauzika hasten ziren, besoak atzoko haize-eihera zaharren antzera itzulikatuz. Sute asmatu berritik bezain segur kea zerien ahoetarik.

        Laborari-idazkariak orduan, gauaren hutsalean etxeko izkiriatzeko makina traketsean, Olivetti bat izan zitekeen erromantikoa egiteko, ondu agiriaren mila kopia palto petarik jalgitzen zituzten eta karrika haietarik, lanera zihoazenei eskutik eskura banatzen. Pentsatzekoa zen, bestela ekintzak ez zukeen funtsik, langile haiei traba zerbait jasanarazten zietela, premiazkoa zeukaten denbora murriztuz batez ere. Halatan, bakarrak uuuufff! Etsituka heltzen ziren lantokira hatsanka.

        —Ces paysans alors! Font chier!

        —Que fait le gouvernement? Ils nous prennent en otages!

        —Ensilage, pâturage, sabotage, papotage: sans ambage... —jarraitzen zuen letania baten batek irriz, lepoko girgilak, urre eta zilar batera, zaratatsu erakusten zituztenen estralurtar aurpegietara so, auxilik txotxona errateko maneran.

        Noski, langileok, esnetegien politika ekonomikoarekin bat gentozela! Alabaina ekoizleari esnea ahalik merkeen erosten baldin bazitzaion, kontsumitzaileak gasnaren gainean demagun, supermerkatura iristean zentimo apurrak irabazten zituen, gasnarik hoberena eskuratuz bidenabar. Ekonomian oinarritu merkatuaren legeen mekanismoak barneratuak genituen ordukoz, gasnagintzan bistakoa zenez, literaturgintzan halaber, telebista eta prentsa espezializatuaren kausaz. Gutariko gehienak, Bercy edo Moncloako edozein ekonomiako ministro bezain erraz mintza gintezkeen, globoak globalizatuz eta auzoarentzat partikulazki, aurrekontu epaiketa drastikoak gomendatuz adibidez.

        Eta gasnatzeko hartzen zuten esnea, merkatuaren legearen arabera ordaintzea tokatzen zitzaien enpresei: nola egin bestela? Aterabide bakuna zen, pentsamenduaren irudikoa. Gauez ibiltzean nioen marmarka, lege mota hori guztiek pairatzen genuela, gorputzak eta begitarteak erasiaz eta larderiaz zimurdikatzen zizkigunean, lanetik kanpo etxeetan egotera behartzen gintuelarik, ekonomia alderdikoi usaineko klaseak jasaten, Chazal eta Okrent andereen ezpain lizunetarik, emankizun bakoitza gure bizitzen antzera, konpetizio eta errentagarritasun iturri bihurtua zenean.

        Abenduan, esnetegien okupazioekin batera, justuki Ossau-Iraty sor-markaren erreklama ikus genezakeen telebistan, Pirinioetako goiztiriko argi zirrintak urdin-zohargi, ardiak lerro-lerro bortu marretan gora, artzaina buru, xakurra aldamenean sotilki xanpaka, Oldarra abesbatzaren kanta erraldoia lagun; artzain bera zen naski, trakatik ezagun, une honetan hiriko esnetegiaren trabatzen zebilena.

        Nire amets estragasnatarra.