% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Azkenaren Mugen zaintzeko araudi eta legerik ez dago.
Izpiritua nortasunarekin bat josirik baldin badoa,
ekintza guztiak hartan baketzen dira.

 

Denborarekin konturatzear nago ez naizela batere goizekoa, are gutxiago arratsaldeetakoa, agian soilik gauetakoa. Alabaina, bilkura biharamunetan, eguna, ogi zaku triste baten maneran, herrestan higatzen dut; lanetik ateratzea aski dut hargatik, aharrausika eta zeru sakonari begiratzea, bizi-bizirik sentitzeko bat-batean: gaualdi berri batean bidearen bihikatzeko gai naiz orduan. Arimarentzat bezainbat gorputzarentzat Argia premiazkoa dela irakurtzen da anitzetan emazteentzat agertzen diren eta medikuaren behatokietan ikuskatzen ahal ditudan aldizkarietan; irudiz fotosintesirik gabe irauten duen hosto lehorra naiz. Lo eskasez iharduki dezaket egunak egunei hilka, baina loaren garrantzia ezin dut nahitara ere ahantzi, laneko zortzi orduetan zehar kolegen ahoetarik betekizun fisiologiko horren inguruko solas bustiak isurtzen hautematen ditudanean.

        Tresna gisa erabiliak garenontzat egiaz, loa ezinbestekoa da. Seietako iratzargailuaren orroa ikaragarri zaigu, haragiak, oraino osoki errekuperatua ez dela, ohean berean inarrosten gaituelako, sega zahiz hanpatu eskorga herdoilduaren antzera. Tenore horretan automatak gara, altzairuzko panpinak, burdinazko beso eta zangoak, aluminiozko bihotzak taupadaka ari zaizkigula, ferblankazko pentsamenduak ibiltari. Lanera horrela heltzean, gaueko urrin merkeak ezabatzen zaizkigula, agurrekin batera eleak trukatzen ditugu.

        —Jaiki?

        —Jaiki bai, esnatu ez oraindik —ihardesten diegu irri etsia ezpainetan, begiak idor eta mihiak totel.

        —Zuk ez duzu ohea ikusi gaur —gehitzen dit abilagoren batek.

        —Ez, baina doi-doia gurutzatu dut hala ere!

        Iratzartzea, edo esnatzea —esne ematen hastea ote?— Jainkoen zereginetan denez galdezka nabil goiz hits honetan, laneko kideek beren gau latzak deblauki eta espantuz aipatzen dizkidatela: bat, bilkuratik etxeratzen nintzen unean preseski, hiruretan tanpez iratzarri da, lotara ezin bihurtuz sehaskan ihalozka; bestea aldiz, hiruretarik seietara laburki eten da, azkenak lexomil pastilla bi irentsirik satorren hordia dastatu duelarik, Claire Chazalen berriak huts eginik. Oskorri hartan, jende bezainbat lo bazegoela froga nezakeen, bakoitzak ordulari partikularraren gurutze astunaren intziriak zeramatzala buru zokoan. Dirudienez bakarra naiz, noizbait ohe baten larruz hunkitzeko aukera baldin badut, eguneko eta gaueko edozein tenoretan loa har dezakeena. Itsas ertz biluzi, harrobi ilun, antzoki populutsu nahiz trenetan atseden handian lerra naiteke. Herotsak ez nau trabatzen, are gutxiago eguzkiaren argiak. Baldintza horietan, pausatzeko egoerarik maiteena enetzat, euriak kolpe samurrez teilatuak balakatzen dituela izango da.

        Telebistetako egitarau muntatzaileek ontsa dakite estresak gatibatu sozietate "kitzikatu" honetan loa gehiengoaren kezka bilakatua dela, eta karia horretara, gaiaz eztabaidatzeko espezialistez mukurutu platoak osatzen dituzte, astean behin: bizkarreko mina, homosexualitatea, haragi kutsatuak, behi eroa, bikote mistoak, emigrazioa edo lo egiteko arazoak dabiltza aipamen, lekukoak eta medikuak, zenbaitetan jendeez mintzatzeko beterinarioak gonbidatzen dituztela. Ene lankideak ez dira gohaina salbu, hiri handi galduetako desbideratze moraltzat daukaten homosexualitateaz biziki axola; zitziari dagokionez, etxekoa izan edo auzokoa hormonarik eta abere irinik gabekoa jaten dute, ahalaz supermerkatuko ataletan Eusko Label urguilutsua erakusten duena; bikote mistoena aspaldian sartu zitzaien ohituretan, euskaldun neskak biarnes mutikoekin eta viceversa, frantsesez ezkontzen hasi zirenetik zehazki. Bizkarrezurrak purruskatzen dizkien doloreaz eta lo ezinaz diren emankizunak bizkitartean ttattit eta mutu segitzen dituzte telebistan, biharamunetan ausarki komentatzeko.

        Pausa aski ez dudan momentuetan zehatz ari zaizkit kideak beti, loaz eta honen inguruko xehetasunak emanez, eskatuz, laburtuz.

        —Lehenean barda emanaldi galanta bazen, baina berant, gero begiak zerra ezin geratu naiz...

        —Ilargi aldaketa zena?

        —So egin dut ikastolako egutegian; ez dut deus ikusi. Badakizu loa gauza bitxia dela? Zernahi ikasi dut: noiz, nola, norekin, non... Mintzalari bat bazen, hamabost urteotan egiazko lorik egin ez zuena: pentsa ezazu!

        —Uuuuh! Zerbait daiteke bai hori. Desesperatuki iratzarrian zabiltzanean, erremediorik hoberena larrua jotzea dela aholkatzen diot, ahoa zabalik ene parean dagoenari. Gizon aberatsarekin amodioa egiten duen goiz apurretan, emazte hori aiaiaka etortzen zaigu lanera, bizkarretik minez, begitartea zimurdikatua eta soinean behera dena oinaze: ziatika garaiza, flebitisa beharbada, non ez den fibroma! Bakea eman haurra! Kontseilu hedatzea erraza zait, ez dudalako egundainokoan, ez lotan ez amodiotan higatzeko betarik.

        Kidea, lana baduelako aitzakiaz, urruntzen zait, afruntatua. Izpiritua mila puskatan haustera utzi aitzin ene egin beharretan biltzen naiz. Hargatik, hilerokoak kalbario bide dauzkala, duela bi aste eduki zituela erantsiz itzultzen zait oraino eta sarri, zer gerta ere, odolaren jori oparoegiaren zergatiaz ginekologoaren kontsultatzera zuzenduko dela aitortzen dit.

        —Minbizia balitz?

        —Zuk minbizia? —trufaz erantzuten diot—. Bizi mina baizik ez duzu, mugi zaitez, ibili, hil ezazu telebista zozo hori eta ikusiko duzu hobe zaratekeela!

        —Aise ari zara —etsiaz ene saihetsetik aldentzen da, belarri eztiagoa eskainiko dion kolega baten ondora lehiatzeko, negar auhenekin jarraitzearren.

        Horrelakoetan, tai gabeko aharrausiaz askatzen naiz. Zortziehun bider errepikatu Papi eta Mamiren inguruko argitasunekin berriz hurbiltzen zaidan arte, menia sainduaz goza naiteke.

        Nihaurk ongi eta lasai lo egiteko ditudan baliabideak ez dizkiet lankideei aipatzen ahal: ausartzia eskasa eta ahalkea nabaritzen dut. Jadanik ero erditzat naukate, eta ez nuke nahi ments oso gisa kontsidera nazaten, batez ere lantokia bezalako leku inpertsonal horretan. Badakit, horma guztietarik, nagusigoaren mespretxu eta apaleste lerroak lerratzen zaizkiola. Intimitatearen agertze bidean hein bat badela sinesten dutenetarikoa naiz. Etxean edozein aho zabal gutxiesten anitzetan entzun dut.

        —Erranen du non kaka egiten duen ere!

        —Bai eta norekin oheratzen den halaber —eransten zion solaskideak amatxi konkortuari, oiloak, antzarak, ahateak eta pulindan sukaldeko leihotik karrankaz hautematen zirela.

        Eguneko ordu bederak lehertzen duen laneko lagunei ez diet salatzen neurri handi batean onanismo gastronomiko soila baino gehiago den ene bizioa: bilkuretarik etxerakoan mahairatzen naiz, Xiberoko Botza irratia piztu ondoan, hozkailutik gasna peza gottorra ilkirik desiraren ausiki ozenez gauaren hondarki ilunak irensten ditut. Orduan, Iratiko larre aberatsetan kausitzen naiz, aitzineko artzainen kromletxak eskuin aldean, artalde multzo mantsoa ezker aldean irudikatuz zainak jabaltzen zaizkit. Frankotan, errege-bide bustian zirristan dabilen auto baten zaratak ametsa hausten dit bat-batean.

        Lankideak gaueko une zehatz eta isil horretan iratzartzen dira. Senarren loa ebakitzen dute bristadan. Ohean, inguru-minguruka dabiltza, belaun ukaldi bat hemen, beso kaska bat han, letra gorritan azaltzen den 3:14 tenore zenbakiei tematuki begira, bikotea asperduraz haserretzen deneraino. Ez da istorio klasikoagorik! Biharamunean, lo faltaz dauden horiek, lo premia duen izatearen bildutasun mistikoa inarrosten dute. Munduaren legea ote da? Loa eta amodioa ordezka ditzake gasnak? Euskaldun nortasuna ilunpe etengabeak zedarritzen du? Lankideek telebistari fidatzeko ordez, zergatik ez dute asmakizun erotikorik itxuratzen? Heziketagatik bakarrik ala? Noiz etorriko dira estralurtarrak? Irakurle, idazleak berak lotarako astia berriz eskuratuko duenean edukiko duzu galdera hauei emaniko ihardespena.

        Gasnamaniako otsoa naiz.