% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Ez bilatu gauzen zergatia: erkatzearen eremuetan
gal zaitezke! Geldoa mugimenduan sartzen denean,
mugimendurik ez dago; mugimendua geldoan
lerratzen delarik, geldorik ez da.

 

Nork zekien goizetan, begiak zilar eta idor ohetik ateratzean, egunak zer ekarriko zion? Beti harritzen ninduten, eguzkiaren oldarretik honen amore ematerainoko denbora zuhurki eta hertsiki planifikatzeko gaitasuna zeukaten jendeek. Eta baziren horrelakoak, destinoari, sorpresari edo nahigabe biluziari toki izpirik uzten ez ziotenak! Agenda belztuak aireratzen zituzten harroki eta ez zuten sekula deusetarako denborarik: jaiki, lan egin, jan, pausatu, emaztearekin bekoz beko afaldu isilik telebistari begira eta loak har, bi neuroleptiko irentsi ondoan: bizia deitzen zena, hots. Aldamenean mundua uxkail eta hauts zitekeen bizi horiek nehoiz desbiderarazi gabe, izan istripu, izan bat-bateko hats-galtze, izan sahatsen oparotasun ikaragarrietan gehiegi fidatze... Ezezagunarentzat ez zeukaten lekurik.

        Garai haietan aldiz, bide zuzenetik baztertzeko estakuru guztiak on zitzaizkidan; egutegi finkoa aspaldian saihestua nuen eta arratseko bilkura orduez salbu ez ninduen ezerk mugatzen. Kideen ibilmolde zehatzak gutiziatzen nituela aitor dezaket egun. Baina gutiziak ez ninduen aldatzeko xendetan plantatzen: errealitatea irazkia bezain zulatua neukan. Adibidez, hiriko ezkiz azpatu plazara jauki eta Memena elekariaren gurutzatzeko zoritxarra baldin banuen, egunaren programa osoa itzul ipurdikatua kausitzen nuen. Adibidez oraino karrikan, laino mehar, Kubako zigarro usaina atzean abandonatuz zebilen gizona tipus-tapasean segitzen hasten ahal nintzen, haren hatz mistikoak itsasoraino hedatzen zirela itxuratuz. Alegia ezer ez, Sud Ouest-eko horoskopoa irakurriz, taldean bildu jendeen solasak buru onean inprima nitzakeen, bizia zeinen debalde zen oroitzearren. Denbora urtzen zitzaidan eta hondarrean, ohean eta bakarrik ohean egotea ekintzarik seguruena nuela sinestera heldua nintzen, antzara-lumazko estalia anitz ez higatuagatik.

        Argi zirrinta hartan sukaldeko leihotik gerezitzeak dena lili zuri miretsi nituen, maitekiro, luzaz. Zuhaitz misteriotsuek soa ebasten eta gatibatzen zidaten, Fujiyama maldako txabolan jarduten zuen japoniar maisu baten estanpa urdin ikaratuak bailiran! Halatan, haize arin eta beroaren buhakoek balakatu ninduten, edertasun eskainiaren aurrean bitxiki susmo txarrak haziz. Zeru kantoian, ni bezala gauaren aztaparretarik salbatua, ilargia zegoen zohargi, marrazki dudakor, hodei hariekin jostari, mutu. Ekialde kutsuko giro epelean, kafea edan nuen neure kolkorako "zer gertatzen ahal zait egun?" eskatuz. Goizeko bietan alabaina, bilkuratik etxerakoan, gasnaz itsuski ase nintzen. Arrats apalerako beste hitzordu bat iragarria zitzaidan eta ez nuen espantu egitekorik, eguna ahal bezainbat kasu eginez pasatzekoa nuela gogoan atxikiz. Hargatik, gerezitzeak lili eta apirileko aire eztia zela kausa, mehatxatua sentitzen nintzen.

        Egunean zehar, egia erran, laneko eta gainerako betekizunak oro alderantziz edo ifrentzuz obratu nituen: kontularitzan derrigorrezko gehiketen ordez, kenketak eramanik, enpresaren oreka ekonomikoa zalantzan jarri nuen; bazkaria apailatzerakoan, egunkaria leitzen ari nintzen artean, haragia ikatzeraino erre nuen eta beheko karrika guztia ketan suertatu zen bulta batentzat, su-hiltzaileak doi-doietarik ez zirela etorri; tabakoaren erostera joan ondoan, soilik papera eskuan atera nintzen saltegitik; nagusi txikiak lau aldiz eta bilkura kideak telefonoz bietan erasiatu ninduten; eta azkenik, Jojobar ostatuan seietan neukan zita garrantzitsua arrunt hegaldatu zitzaidan pentsuaren muinetarik, aiduru neukanaren pazientzia labakituz, urrutizkinean, eneak eta asto beltzarenak ahoskatuz larderiatzen ninduela frogatu zidanez gero.

        Aipatu biltzarrera abiatzeko unean, ahul, hauskor eta minbera sentitzen nintzen, gorago nioen eran, segurtasunez eskas. Joan ala ez joan hamabostetan gogazkatu nuen, elkartearen Mitologiaren uztarripean amiltzea erabaki nuen arte: funtsean huts egiten baldin banuen, ene bihotza ukamen ugarien ildoetan itotzeko arriskuan plazatzen nuen, eta nolabait nik horrelakorik ez nahi! Edozein baldintzatan, menturaz Hokusaien eragin urrunez, kamikaze xume, sineskor eta umil baten moduan funtzionatzen nuen, ene kideen antzera. Eiki gaueko borroka honetan, arma karioen partez, hitzak generabiltzan, ezpata zorrotz zenbaitetan, labana gorde mehar beste batzuetan. Zehaztapen hau beharrezkoa dela uste dut, gerla mundialak CNN telebista kateko berri sailen lehen minutuetan deklaratzen direnean: zortzietan Belgrad edo Bagdad bonbardatzen ziren, arraiki eta ausarki, zuzenean.

        "Amodioa Bai, Gerlarik Ez!" zioen belaunaldikoa nintzen. Urteak aitzinatu arau lemaren ilusio hutsalaz konturatzen nintzela agertzekoa nuen: amodioa baino errazago eta garbiago zen gerla hondarrean. Miserikordiaz biluzi gau hartan sineste hau are indartsuago bermatu zitzaidan. Zergatik ez nintzen mesfidatu? Hastapenetik zerbait klaskatuko zitzaidala sumatzen nuen alta... eta gizon xehe haren irriaren samurraz ohartu orduko beranduegi zen neuretzat; tanpez xedera zerratu zen, gorputz osoa, batez ere sabelpea ikara zilarraz urratuz. Betazalak ahalkez apaldu nituen: behin-berriro maitasunaren sareetan harrapatua nintzen, hegorantz doan urzo gaixoaren gisa. Bilkura biharamunean, gerezien amultsua gogoan, lagun batek bere etxera afaritera gonbidatu ninduen eta han zen guztia gertatu: ikusi, entzun eta usnatu bezain laster amoros nintzen, ahoa irekitzen zuen oroz, buru zokoan Metropoliz erraldoietako errauts, jende, azantz eta mugimenduak txertatzen zizkidala. Jadanik jasangaitz bilakatzen ari zitzaizkidan gau hautsi eta melenga hauetarik ahalik urrutien eroan nintzan otoizten nuen gizon zardaiaren so kuraios, fermu eta umila.

        Bigarren bilkuraren oskorrian, akidura metatuagatik, airean nenbilen, edozein aitzakia nahikoa neukala debaldeko zozokeria lerroen ahoskatzeko: lankideek beren ohizko bakea apurtua zekusaten, harrituak. Amodio eremu suntsitua nintzen, hautsezko pentoka, zerutik isuri euri nitrikoa, belarrak berak ukatzen zuen lurra, eta egoera honek ezer onik ez zidan ekarriko: gizon eztia, itsuski ederra, bere bidetik joanen zen; ez nuen nehon gehiago gurutzatuko eta euforiazko ordokiak hegaldatu ondoan, ortzaiz ilunetako zizarrez hanpatu hodeiak ene hegazti migratzaile ibilerarentzat traba astun bihurtuko ziren. Orduan, eta orduan bakarrik, dolumen lehertuko nintzen, bizitzako liburu ankerraren orrialdeak haserrez xehakatuz.

        Bizkitartean, engainatu ninduten ezpainen pleguaren itxura zerabilkidan gogoan, bide ertzetan, pazoin puntetan arinki pausatzen ziren hontz eta kahakak amira nitzakeen tenore urrietan. Apirileko euri gau samurrek preso hartzen ninduten: auto erroten menera jauki igeltxoen salbatzeko, bolanteari inguru perestua ematen nion, edo ipularrean hedailo, hatsanka zegoen azeriari, esku hutsez, hobi saindu bat zulatzen nion, "Zerua Saritzat" diskretuki abestuz. Gizonak bere besoen gerizan aterpe nintzala irudikatzen nuen. Bilkuretatik landa, mendiak zein muino mazelak ardi marraka ozenez betetzen zirela, intsentsu usainaren oroitzak lardaskatzen ninduen: ilargiari eta noiztenka izarrei, haurtzaroko igande bezperetako salmoak, burutik buru eskain niezazkien. Gizonak jendetu eta jendetuko ninduena? Nori aitor niezaiokeen nire pasaiako amodio herbalak oro birindika aurtikitzeko prest nintzela? Ardirik eta arditik ez zeukan, baina otso krudelen erdian igerika bazekiela segur nintzen. Amets arketipikoetan barna galtzea desiratzen nuen ondikotz, salbamen eske.

        Etxera eta gasna, mehe eta kilikari mozturik, itzala bilatu nion Axular zenari. Gerotik gerora zebilen euskaldun bakoitzaren antzera, Sarako teologo mediatikoa argia zen. Ni nintzen, maitemindu errea eta ilunpe galdu eta zabal bakarra.

        Naizen neskato umil hau...