Berandu da gelditzeko
Berandu da gelditzeko
1999, nobela
280 orrialde
84-86766-92-3
azala: Pablo Galarraga
Unai Iturriaga
1974, Durango
 
 

 

—17—

 

«Beti geratuko zaigu Paris» esaten zion Humphrey Bogartek Ingrid Bergmani Casablanca filmean. Baina haiei libera batzuk geratuko zitzaizkien. Mikelek ez zeukan bakar bat ere.

        Atzera aurrera handia izaten da Austerlitz geltokian. Mikel ekarri zuen Palombe Bleu haren ondoan TGV famatua zegoen geldirik. Metalezko munstrotzar hari jaramon handirik egin gabe, toiletak bilatu zituen. Ez ziren handiak eta txukunak gareko haiek. Errepublika frantziarra zerbitzu higienikoez hain harro agertu izan ohi denez gero, garbixeago egon behar lukete. Baina ikusiak ikusita, «erdia barrura eta erdia kanpora!; bizitzaren ironiak, Mikel». Parrastada beroa bota zuen. Eskuak garbitu bitartean erreparatu zion bisaiari mirailean. Bera zen benetan? Zurbil eta iharra iruditu zitzaion, begi-zulo nabarmenekin eta akitu aurpegiarekin. Goizero bezala dutxatu ezinik, urez busti zuen musua, eta kanpora.

        Paris. Lehen begiratu batean bederen, beste edozein hiri erraldoiren tankera hartu zion. Alabaina, bazuen zerbait berezia: hotz, izugarri hotz egiten zuena. Goizeko zortziak izango ziren eta artean ekiak ez zuen lainoa zulatzea erdietsi. Jakanarruaren kolkoak jaso eta belarriak estaltzen saiatu zen. «Hauxe duk Paris, Mikel. C'est Paris! Begira itzak kalean behera eta gora doazenak. Hemen ez haiz inor, beste inurri bat gehiago baizik. Nor geratuko duk hiri begira? Nork esan behar dik ezer?». Norabide zehatzik gabe joan zen oinezka geldoan aurrerantz, ihesaldi guztietan bezalaxe, gibelera behatzeke. Etorbide luzean autoak eta jendeak: yuppiak, xeheak, gorbatadunak, buzodunak, ilehoriak, beltzaranak, beltzak, magrebiarrak, indiarrak, frantximant klasikoak... eta Mikel. Munduaren Babelen barrena sentitzen zen, izaki ezdeus bat dorre handiaren oinarrian, milaka eta milioikarekin batera, puntu beltz bat baino ez, zorri bat Chiracen burusoilean.

        Filmetan eta telebistako orotariko erreportaietan hainbestetan ezagututako Sena ibaia, Ibaizabal baino zabalagoa, Bilbo baino hiri handiago bat erdibitzen. Zeukan azken Camela iziotu zuen, Senako urei so. Ertzetan lotuta ontzi turistikoak, ikas bidaietako taldeen aiduru, Nikkon eta Yashicaz hornituriko turista japoniarren aiduru... Baina Mikelek beste era batean ikusten zuen Paris, Bilboko Corte Inglesko eskailera mekanikoetan galduta dabilen umearen begiekin. «Eta orain zer? Ze ostia egiteko asmoa daukak? Senako urak nola iragaiten diren begira geratu behar duk? Ez daukak beste ardurarik? Libera madarikatu bat ez daukak patrikan, ezin kanbiatuzko pezetatxo batzuk. Goseak amorratzen hago, flakiak jota, ke honetatik elikatzen...». Muturreraino erre zuen Camela. Bere burua hizketan ari bazitzaion ere, ez zion arretarik jartzen ahal. Kokoteraino zegoen bere buruaz eta haren aholku paternalistez. Patetikoa! Automatikoki, ariketa fisiko baten bidez, burua gorputzarekiko konexiorik gabe utzi zuen. Pikutara Gutxiengo Arrazionala! Bazuen nahikoa lan funtsezko premiak asetzen duda-muda filosofikoetan aritzeko. Sena ertzetik jarraitu zuen. Ekiak bere errainu epela hedatzen zuen eraikin dotoreen babesetik irteten zenarentzat. Tartean behin transbordadoreren bat igarotzen zen ibaitik. Turista aluek agur egiten zieten zubien gainetik listua botatzen zieten paristar langabetuei.

        Etxe artera murgildu zen ibilian-ibilian, inguruari erreparatu barik. Eskuak jakanarruko patriketan sartuta, lurreko harlauzei so. Kale batetik bestera, handik hurrengora, eta gero haragokora. Itakarik gabeko Ulisses baten gisan, jitoan. Zigarretarik ez, jatekorik ez, liberarik ere. Nora demonio joan behar zuen lau mila eta piku pezetarekin? Sabeletik zetozkion orroak kanpotik ere aditzeko modukoak ziren ordurako, udal bandaren martxa jotzen zuten pausoan. Jateko zerbaiten truke Marseillesa ere joko luketela otu zitzaion. Beste irribarre bat aspaldiko partez. Bigarrena.

        Eguerdia pasea behar zuen Sorbona Unibertsitatearekin topo egin zuenean. Gazte jendea andanan sartu eta irteten zen auskalo noizko eta zein estilotako atetzar hartatik. Hainbeste ordutan elikagairik irentsi ez izanak neuronak makaldu zizkion arren, pare batek frogatu zioten beren lana betetzeko gauza zirela: «Unibertsitateetan beti egoten duk jantokiren bat, merke jateko modukoa, gogora hadi Leioaz!». Ez zebilen oker. Eraikin barnean gehienek segitzen zuten norabideari jarraiki, laster bistaratu zuen jantokia. «Honaino iritsi haiz, ondo zagok. Baina orain nola ordainduko duk jatekoa?». Jantoki ataritik arraza eta adin guztietako jendea igarotzen zen. Karpetak edo maletak eskuetan, solas alaian itxuraz. Neska polit askoak! Beste egoera batean ez litzaizkioke horren oharkabean pasako, baina une hartan sabela zuen lehentasuna. «Sabel huts, zakil kamuts» esan omen zuen norbaitek.

        Paretik gazte lodikote bat pasa berri zen, txima endredatu koipetsuek estaltzen zioten antiparra biribil batzuk nabarmentzen ziren aurpegia. Sorbaldetan justuan sartzen zitzaion amerikana arraildu bat zeraman soinean. Bufanda beltz bat lepotik zintzilik, liburu bat eskuan... espainolezko izenburuduna! Mikelek kolpe egin zion besotik.

        — Espainiarra?

        — Zer diozu?

        — Espainiarra zara?

        — Mexikarra, baina zuri zer axola dizu horrek? Espainiarra zara?

        — Ez, beno, ni euskalduna naiz.

        — Oso ongi. Asko pozten naiz. Hurrengora arte.

        Urde potolo hura jantokian sartzera zihoan Mikelek berriro besotik heldu zuenean. Urdeak haserre keinua nabarmen:

        — Baina ze pintxe klase zara zu? Ze demontre nahi duzu nigandik?

        — Entzudazu apur batean, arren.

        — Zer zara, inmigrazioko putakume horietako bat?

        — Ez, ez. Ez da horrelakorik.

        Mikelek patrikan zeramatzan diruak atera eta mexikarrari erakutsi zizkion. Traba egiten ari ziren atarian. Gibeletik norbaitek zerbait oihukatu zuen frantsesez.

        — Kartera ostu egin didate gaur Parisera iristean eta...

        — Eta gose zara, ezta? Zer uste duzu, ni Guadalupeko ama naizela ala?

        — Ez, begira, pezeta batzuk badauzkat.

        Mexikarrak billeteak hartu zizkion, eta esku biekin azterketa arin bat egin zien.

        — Hauek zenbat libera dira?

        — Ia berrehun.

        Diruok tolestu eta amerikanako poltsiko batean gorde zituen.

        — Ziur zaude ia berrehun libera direla?

        — Gutxi gorabehera.

        — Goazen ba, Oliver Twist.

        Kostatako lana izan zen, baina bazirudien sabela betetzeko aukera izango zuela. Gerorako utzi zituen Dionisos, ama, lagunak, marroiak eta bezperako kezkak. Sabela berdindu beharra zeukan.

        — Parisera iritsi... eta lehen egunean dena ebatsi dizute beraz.

        Mikelek ito beharrean irentsi zituen espagetiak eta gaineko oilasko zati txikia.

        — Tabakoa ere ebatsi egingo zizuten ba?

        — Bai.

        — Hartzazu bat.

        Marlboro bat eman zion. Mintzatzen zitzaionean ere goitik behera aztertzen zuela iruditu zitzaion Mikeli. Bere zigarreta iziotu zuen lehenengo eta ondoren Mikelenera hurreratu zuen txiskeroa.

        — Ez duzu bidaia ongi hasi, konpañero. Zenbat denbora egiteko asmoa zenuen?

        — Epe zehatz barik nentorren, zerbait aurkituz gero bertan geratu edo...

        — Ihesean.

        — Zer?

        — Zeure herriaz nazkatuta, bertze zerbaiten bila orduan.

        — Hori da, bai, antzeko zerbait.

        Bezperako irudi guztiak gomutaratu zitzaizkion. Nola irten zen etxetik korrika, autobuseko bidaia, geltokiko poliziak, treneko jendarmeak, Dionisos...

        — Ni ere halaxe etorri nintzen. Kokoteraino nengoen DFn. Okaztatua, tokirik aurkitu ezinik, ulertzen?

        Mikelek buruarekin erantzun zion baietz. Azken hostoraino erre zuen zigarreta, ezpainetatik kendu barik. Lodikotea ez zegoen Mikelen erantzunen zain berriketan jarraitzeko.

        — Unibertsitateko beka batekin etorri nintzen. Margolaria naiz, erran dizut?

        — Ba ez, ez dut uste.

        — Halaxe naiz ba, konpañero. Ez puntakoa, baina margolaria.

        — Zer margotzen duzu, abstraktua ala... bestelakoa?

        Mexikarrak eskuak amerikanako patrikan sartu eta Mikeli hartutako billeteak atera zituen.

        — Ziur zaude berrehun libera direla?

        — Gutxi gorabehera, hortxe.

        — Orduan goazen hor parean dagoen taberna batera, han azalduko dizut abstraktua ala bestelakoa pintatzen dudan.

        Harritu samar geratu zen tipoaren proposamenarekin, baina gibeletik jarraitu zion. Bazuen itsumutil bat Parisen ibiltzeko, hark nahi zuen artean bederen. Garagardoa eskatu zuen mexikarrak eta garagardoa berak ere.

        — Lehen erran dizudan bezala, beka batekin etorri nintzen. Aspertzen bazara erradazu lotsarik gabe, kalakan hasten naizenean isiltzea kostatzen zaion horietako naiz-eta. Zigarreta bat? Tori.

        Sabela bete antzean, birra fresko bat eskuan eta Marlboro bat birikak hauspotzen. Ondo sentitu zen Parisen.

        — Laster xahutu nituen bekako diruak, baita etxetik igorritakoak ere. Hemen parrandan ibiltzea arrunt garestia da. Bazenekien?

        — Entzun izan dut zerbait.

        — Ba halaxe, nire libera bihurtutako pesotxoak berehala joan ziren norabait. Deus gabe nengoen ia... Zapatisten mobida hasi zenean.

        — Zapatistena?

        — Bai, Marcos eta horiek guztiak. Kontu! Ni haien aldekoa naiz. Baina aukera ikusi nuen, eta profitatu egin behar.

        — Profitatu, zer?

        — Motibo zapatistak pintatzen hasi nintzen, lan errazak. Kolore biziak, emakume indigenak kaputxarekin eta paliakateekin, Emiliano Zapata eta Marcos elkarrekin... Halakoak. Hasieran ahalke izan nintzen, ni espresionista bainaiz... erran dizut?

        — Ez dut uste.

        — Berdin dio. Neure buruari erran nion: ze kristo! Bertze garagardo bat?

        — Edango nuke.

        Tipo xelebre hark Parisen izandako bizitza kontatu zion, nola erakusketa bat egin zuen taberna progre batean, nola lanak eskuetatik kendu zizkioten, nola handik beste batera deitu zioten... eta pintxe, eta konpa eta puto pila bat. Eta beste garagardo pare bat ere bai tartean.

        — Erran nahi baita... troskoen taberna horretan lau bat erakusketa egin nituela. Badakizu, hemengo erradikalei laket zaizkie urruneko iraultzak. Eta modu horretan ezagutu nuen Francine, lehen aipatu dizudan atso troskista hori. Aipatu dizut, ezta? Zuzena baino zorrotzagoa da emakumea! Eta mexikarra naizenez, Trotski han hil zutenez, Frida Kahloren biboteak beltzak zirenez, eta nik dakita bertze zenbat kontu, orain bere etxean bizi naiz. Voila!

        — Koño!

        — Sexurik ez, e! Beste maila bateko kontua da. Berak etxe handi bat dauka. Lekua uzten dit. Kito! Ez dut alokairurik ordaintzen, noizean behin afari mexikar goxo bat prestatzen diot, tekila edaten dugu belarrietatik atera arte, eta politikari buruz eztabaidatzen igarotzen dugu gaua. Horrelaxe. Bertze garagardo bat?

        — Aurrera.

        Lodikotea bueltan zenerako Mikelek deliberatua zuen galdetu egingo ziola. Bazekien kopeta gogorregia izatea zela, baina kanpoan gautzen ari zuen, eta goizean Parisko hotza frogatu ondoren ez zeukan gauekoaren berri izateko asmorik.

        — Aizu, eta zure lagun horrek...

        — Lotarako lekurik ba ote duen?

        — Gau baterako bakarrik, noski.

        — Noski, gau baterako bakarrik...

        Mexikarrak barre txiki bat egin zuen. Garagardoa tragoan irentsi eta Mikeli gauza bera egiteko agindu zion.

        — Goazen, Francinerekin mintzatuko gara.

        Zigarreta bat luzatu zion tabernako atean.

        — Aizu! Zure izena erran didazu?

        — Mikel.

        — Ni Diego, Rivera bezala.

        — Aja.

        Bostekoak estutu zituzten. Marlboroak iziotu eta, ezker eskua jasoz, avanti joateko keinua egin zuen.

        — Txunditu egingo zaitu Francineren etxeak. Paretak umeen marrazkiz, postalez, gutunez, afixaz eta anotazioz beterik dauzka. Ikaragarria! Ez diot sekula galdetu zergatik.

        — Benetan ez dio axola izango ni zurekin joateak?

        — Ez dut uste. Egunaren araberakoa izan liteke. Zu saiatu elkarrizketa interesgarriren batekin...

        — Zertaz hitz egingo diot ba nik?

        — Ez duzu erran euskalduna zarela? Ba hitz egiozu ETAri buruz. ETA da, zera, ratatatata, ezta?

        — Bai, beno...

        — Ba horretaz, adibidez. Ez kezkatu, konpañero, egun batekoagatik... ez da inolako arazorik izango.

        — Eskerrik asko, Diego.

        — Mesedez! Ez hadi patetikoa izan!

        Gau izarratua zegoen.

        — Ederra da Paris gauez, ezta?