Berandu da gelditzeko
Berandu da gelditzeko
1999, nobela
280 orrialde
84-86766-92-3
azala: Pablo Galarraga
Unai Iturriaga
1974, Durango
 
 

 

—14—

 

Mikelen gorputzak ohe gainean gorpua zirudien beste ezer baino gehiago. Ohea alde batetik bestera betetzen zuen, hankak eta besoak zabalik, ohea berez den esparru autonomoa osotara harturik. Norbere ohea baita norberarekin identifikatuen dagoen espazioa; norberaren usainak agintzen duen lurraldea, animalien gisan usainez eta likidoz markaturiko lurraldea. Bere autonomi estatutuaz gozatzen ari zen Mikel, bezperakoa baino goxoagoa zirudien loan. Lerdea zerion ezpain ertzetik, lo goxoaren seinale infantila. Bere baitarako hitzak izango ziren urruma batzuk entzun zitezkeen kanpotik. Logelaren ilunabarrean argi bakarra zegoen piztuta, ohe ondoko flexoa. Haren ondoan, aulki batean atzekoz aurrera jesarrita, Dionisos, besoak aulkiaren lepoan paratuta, Mikeli so.

        Hainbat ordu Tutankamonen momiak baino mugimendu gutxiagorekin lotan eman ondoren, Mikelen gorputzean estreinako zirkina sumatu zuen Dionisosek. Ezker betazala goratu zitzaion, begiaren zuria bistan utzirik. Ondoren agertu zen ninia. Lauzpabost segundoren buruan niniak distantzia fokala kalkulatzeari ekin zion.

        — Baina... ze ostia egiten duzu hemen?

        Mikelek eskugainekin igurtzi zituen begiak.

        — Ze... ze ordu da?

        — Ordu bata t'erdiak.

        — Eta ze ostia egiten duzu hemen?

        Mikelen gorputza izaren artetik ateratzen hasi zen. Osorik zegoen. Pertsianak jaso zituen Dionisosek. Egun eguzkitsua bizi zuten Bilboko bizidunek. Mikel bizkarra hormaren kontra jarrita ezarri zen ohean. Dionisosek ere berdin egin zuen logelari arnasten utzi ostean.

        — Ondo jagok...

        Ducados bat iziotu zuen. Hautsontzi baten bila saiatu zen arropaz eta paperez gainezka zegoen mahaian. Ez zuen aurkitu.

        — Berba egin beharra daukagu.

        — Sentitzen dut atzokoagatik...

        — Itxi orain alde batera sentimenduak eta tentelkeriak! Garbi berba egin beharra daukagu.

        — Esan...

        — Zera...

        Upakada luze bat eman zion Ducadosari. Ke lainoak desagertu egiten ziren argiarekin bat egitean.

        — Mikel... ze ostia esan heuan atzo nire liburuari buruz? Ze ostia dok Aneren lehengusuaren kontu hori? Eta orain ez egidak esan dana gezurra zuanik, dana broma bat zuanik... Ze ostia esan heuan atzo erakundeari buruz?

        — Erakundea?

        — ETA, joder! ETA!

        Dionisos bera ere konturatu zen ozenegi ari zela. Bere buruari lasaitzeko keinua egin zion.

        — Ez naiz ezertaz gogoratzen... Benetan! Badakit atzo ikaragarrizko atxurra harrapatu nuela, baina erdiarekin ere ez naiz gogoratzen.

        Mikelek ez zuen begirada jaso ere egiten. Kanpotik haize freskoa zetorrenez, oilo-narrua jartzen ari zitzaion.

        Beste tirakada luze bat Ducadosari. Errautsak ezinbestean zorura amildu ziren, oihurik egin barik.

        — Mikel, ez deuat ez erdirik ez laurdenik eskatzen. Nire liburu puta horren istorioa baino etxoat jakin gura. Eta atzo heuk esan heuan Aneren lehengusu horrek daukola... eta tipo hori erakundekoa dela.

        Leihotik begiratu zuen Dionisosek. Pareko etxeko balkoian lorontzi gorri bik dei egiten zioten udaberriari.

        — Eta kontu hori oraintxe bertan argitzen ez badeustak, hasi hadi hire potroei agur esaten...

        Dionisosek ukabila erakutsi zion, galtzontziloetatik zintzilik zuen hari mutur batekin pilotatxo bat egiten ari zen Mikeli.

        — Nik ez dakit ezer...

        — Zelan ez dakiala ezer?

        Zoruan itzali zuen Ducadosa, inurri bat bezala zapalduta.

        — Esandakoa... Ez dakit besterik... Deus ez, benetan... Tipo hori jaietan ezagutu nuen. Gero beste behin ikusi nuen. Besterik ez.

        — Besterik ez?

        — Ezetz, joder!

        Mikel ohetik altxatu zen.

        — Gainera, ez nizuke ez zuri ez beste inori ezer esan behar. Zenbat eta jende gutxiagok jakin, hobeto! Ni ez naiz inor, ulertzen?

        Dionisosen parean jarri zen galtzontzilotan, barregarri. Bekarrak agerian, ahotsa urratuta, zotinak tartean behin.

        — Ni ez naiz inon sartu, joder! Ni ez naiz euren bila joan...! Tipo hori ezagutu nuen, eta gero beste behin ikusi nuen... Laguntza eskatu zidan eta nik, halako babua izaki, eman egin nion, eta kito! Azkena izango zela agindu zidan... azkena!

        Matrailean behera negar anpulu batzuk zihoazkion. Sudurrak mukiz gainezka. Mikel burumakur abiatu zen komunera. Logelatik Dionisosek zintz egiten entzun zuen pare bat bider.

        — Eta gainera, ze ostia...! Denek esaten didate: «Zu egon lasai, nik ez zaitut sekula ikusi!». Ja! Ja!

        Mikelen ahots tonua aldatu egin zen, ausardiaz mintzatzen saiatzen. Ahotsa jasota ari zen komunetik, Dionisosek entzun ziezaion.

        — Zu zeu ere ez zinen ba borrokan ibili? Zer pasatzen da ba...? Zuen garaikoen esklusiba da borroka? Ez daukagu ondorengook horretarako eskubiderik?

        Dutxako txorrota zabaldu zuen.

        — Eta gauza bat esango dizut... Ez naiz batere damutzen!

        Gero dutxaren ur parrastadaren hotsa baino ez. Dionisos sukaldera joan eta irratia piztu zuen. Mikelek negar zegien dutxapean. Premiazkoa zuen. Haren inguruan kontu larregi jazo zen azkenaldian, eta bera ez zen burdinaz eginiko gizona. Bi aldiz igurtzi zuen gorputza xaboiarekin. Bezperako okaden arrasto likitsak zituen gorputzean, iraganeko gainerako arrastoak bezala ezabatu nahi zituenak. Trankilduta irten zen dutxatik. Hortzak garbitu zituen ahoko zapore garratza ezabatzeko. Komunean jesarri eta upelean ondutako sagardoa bailitzan hustu zen uzkiaren txotxetik.

        — Salda bat egin deuat hozkailuan egozen barazkiekin. Hartu egik, on egingo deue.

        Mikel banketatxo batean jesarrita zegoen. Albornoza aldean, soina garbi. Dionisosek katilu bete salda jarri zion aurrean.

        — Eskerrik asko.

        — Sentitzen joat lehen holan jartea...

        — Ez... Arrazoi zenuen.

        — Ez, ez neukan arrazoirik holan jarteko...

        — Bai.

        — Ezetz ba!

        Dionisosek ardoa atera zion bere buruari. Mikelek salda edan zuen katilutik, Colacaoa hartzen duen umearen antzera.

        — Majadero bat naiz, Dionisos.

        — Zer ba?

        — Hala naizelako.

        — Ez dok egia.

        — Ba bai. Arazoei aurre egin beharrean... mozkor itzela harrapatuta ez da ezer konpontzen.

        — Hori egia dok.

        — Han ba!

        — Baina hori danoi pasa jakuk.

        — Ez dakit ba.

        — Bai, Mikel, danoi.

        Dionisosek kolpean hustu zuen edalontzia. Berriro bete zuen.

        — Dionisos...

        — Bai?

        — Pasa beharrekoak pasa dira, baina lasai, ez dizut arazorik sortuko... Nahi baduzu alde egingo dut hemendik... Zure etxetik, alegia.

        Okerreko eztarritik joan zitzaion ardoa. Eztulka hasi zen.

        — Zer?

        — Ez dizudala arazorik sortu nahi, horixe.

        — Arazoak eta problemak ez dozak gauza bera.

        — A, ez?

        — Ez. Arazoak egin beharrak dozak, eta problemak ba horixe, problemak baino ez.

        Mikelek zur eta lur begiratzen zion Dionisosi, katilua eskuetan mahaiaren eta ezpainen arteko bidearen erdi parean zuela.

        — Eta hik hire arazoei aurre egin deutsiek besteko barik. Ez hadi gehiegi arduratu...

        — Saiatuko naiz, baina ez da horren erraza.

        — Zera... Orain... Zelan esan...

        — Ezetz ba Dionisos. Ez dakit tipo hori nondik nora dabilen, ezta zertan ere. Gainera, argi eta garbi esan zidan lehenengoa eta azkena izango zela.

        Dionisosek hirugarrenez bete zuen ardoz godaleta. Tragoan hustu zuen edukia.

        — Ondo jagok... Eskarmentatzeko! Biao txiki bat egitera najoak. Salda gehiago gura badok lapikoan deukok.

        — Eskerrik asko.

        — Ez emon eskerrik, joder, lotsatu egiten nok-eta. Eta liburuagatik ez arduratu!

        Telefonoak jo zuen. Ikaratu egin ziren biak istant batean.

        — Hiretzako dok!

        — Banoa...

        — Mikel?

        — Aupa, Ane.

        — Ze ostiatan ibili hintzen atzo?

        — Zer?

        — Ezer ez. Egin ezak nahi duana hire buruarekin, baina entzun diat zerbait...

        — Errietan egin behar didan?

        — Ez motel! Ez nauk hire ama.

        — Orduan zertarako deitu dun?

        — Ez borde jarri, mutila! Berri on bat emateko deitu diat.

        — A, bai?

        — Aizak, biharamunarekin erretxinduta bahago, ez duk nire errua, aditu?

        — Barkazan... Gaur memelotuta nabilen...

        — Nabari duk, bai! Tira... lauretan geratu gaituk lokalean. Han esango diat...

        — Ez didan orain esango?

        — Ez. Lauretan lokalean, bale?

        — Han izango naun.

        — Hartzak dutxa bat, ea goxatzen hauen!

        — Oraintxe dutxatu naun...

        — Ba orduan jo ezak kanpaia, oso lasaigarria omen duk! Gero arte.

        Klonk! «Kanpaia jotzeko? Jo egidan heuk! Denetarako soluzioa al dauka neska honek...! Ondo pentsatuta ez da ideia txarra». Pentsatze hutsarekin errebolta sumatu zuen zangartean. Barrabiletako langile ñimiñoek matxinadarako deia egina bide zuten, ezen Mikelen kanoia, apala baina kanoia, maniobrak egiten hasia baitzen. Zirrara ezti bat sentitu zuen gorputzean. Telefonoaren ondoan zutik, egongelara begiratu zuen: mugimendurik ez. Seguru asko Dionisos biaoan zen harrezkero. Zakilak irmoki markatzen zion norantzari jarraikiz sartu zen logelan. Leihoak parez pare zabalik zeuden, Dionisosek utzi zituen moduan. Ohe gainean etzan zen leihoak hersteaz arduratu ere egin gabe. Albornoza ireki eta bere gorputz argal eta biluzia bistaratu zen. Kleenexak bilatu zituen gau mahaiko kaxoian. Ekintzarako baldintza guztiak beteta zirela erabaki zuenean ekin zion. Pietateaz gogoratu zuen lehendabizi. Baina berehala baztertu zuen irudi hura gogamenetik. Garbiegia pentsamendu lizunetarako.

        Txorakeria dirudi, baina halako gauzak izaten dituzte mutilek. Inor ez dago libre bere heziketa kristauak ekar dakizkiokeen ondorioetatik. Eta horien artean dago kanpaia jotzean maitearen irudi garbia ez erabiltzearena. Izan ere, mutilek badute halako joera bat kanpaia jotzean beren maitea ez beste edozein gogoan hartzeko. Subkontzientearen traizioak dira, edo zergatik ez, subkontzientearen tradizioak. Mutilei beraiei ere, bekatuz eta zigorrez beteriko hezkuntzaren ondorioz, beraien barrenik barrenenean kanpaia jotzea ekintza zikina, lizuna eta narratsa iruditzen baitzaie. Bizitzaren ironiak. Plazerraren ukapena. Gizarte zikiratu baten ondorioak. Baina hauek beste kontu batzuk dira.

        Kontua baita, bere lehengusuaren bulegoko leihotik ikusitako emakumeaz oroitu zela. Pietatea baino irudi sexualagoa eta zirraragarriagoa: lizunagoa. Bata labur haren azpian kulero txiki gorri batzuk imajinatu zituen, kulero txikien azpian biloa, bilo beltza. Titiak muxukatu zizkion telepatiaz, titiburuak gogortu arte. Bata kendu zion, ondoren kuleroak. Bilo beltza ikustera zihoanerako bortizki ttu egin zuen Mikelen zakilak, umeari «Hori kaka da! Ez sartu ahora!» esaten diotenean bezala.

        — Eskerrik asko, Ane...

        Laurak pasatxo agertu zen Atxuriko lokalera. Jon kanuto bat erretzen, eta bide batez bere Jackson maitea garbitzen. Txapli bazterreko sofan botata. Ane tipo txiki batekin hizketan.

        — Arratsalde on!

        — Aupa Mikel!

        — Aupa!

        — Buelta eman diok? Gustu baduk, hilak berpizteko moduko materiala zeukaat...

        — Ez, eskerrik asko, Txapli.

        Joni ahotik kendu zion peta.

        — Zuk segi zure maitea dirdaitzen.

        — Alua!

        — Mikel, hau Txabi duk!

        Anek bere ondoan zuen tipo meharra aurkeztu zion.

        — Kolega bat, gure salbatzailea kasu honetan.

        — Koño!

        Mikelek eskua luzatu zion tipo meharrari.

        — Ni Mikel.

        — Bai, Anek hitz egin izan dit zutaz.

        — A, bai?

        Mikelek harrituta begiratu zion Aneri. Honek ez entzunarena egin zuen.

        — Ez nuen uste Anek nitaz hitz egiten zuenik.

        — Neuk ere ez nukeen imajinatuko, Mikel.

        — Babuak! Eta orain denak adi!

        Jon eta Mikel desbarrabiltzen ari ziren, hizkera amurizianoan esanda. Txapli berriz lerrotxo bat prestatzen, beste ezertarako baino hartarako zerbitzu gehiago ematen zion Euskadiko Kutxako txartel gainean.

        — Baten batek nahi du?

        — Ixo, kaguendios!

        — Lasai, neska... gero heu izaten haiz-eta lehengoa...

        Txaplik, baiezko erantzunik ezean, birentzako zena sartu zuen berak bakarrik.

        — Mutilak...

        Ane solemneki hasi zen berbetan. Txabi zelako tipo mehar hark miresmenez begiratzen zion.

        — ...nire kolega honek arrakastarako bidean jarriko gaitu. Edo gutxienez, berari esker arrakastarako bidean jarri ahal izango gara...

        — Non hartzen da autobide hori?

        — Hago isilik, babu halakoa!

        Anek bateria ondoan zegoen kartoizko kaxa handi bat zabaldu zuen. Tapa eskuetan hartu eta barrura begira egon zen une batez. Ondoren, haren alboan zen beste kaxa bat ireki zuen... Mikel ziplo geratu zen bere begien aurrera agertutako Soundcraft harekin.

        — Nondik atera dun mahai hori?

        — Mutilak! Nire kolega honek zortzi pistako grabagailu digital bat eta mahai bat utziko dizkigu gure diskoa izango dena grabatzeko. Eta ez hori bakarrik. Txabi, nire kolega, prest dago grabaketetan esku bat botatzeko. Zer deritzozue?

        Jonek trapuaz bere Jacksona garbitzen zuen mekanikoki. Mikel, aldiz, soinu mahaiaren botoiei sakatzen ari zen ordurako. Txabi zelako tipo mehar hark irribarre handi batekin begiratzen zion Aneri.

        — Hau kristorena da, e!

        Txabik modestia puntu egokia jarri zion bere tramankuluari:

        — Ez da hainbesterako. Baina zeozer egin daitekeela uste dut...

        — Baina, Ane, ez da larregi diskoarena? Lehenengo maketatxo bat egin beharko genuke...

        — Ze maketa eta ze kristo, Mikel! Nik ez ditiat ehun urte itxaron nahi ezaguna izateko. Ezagunak egin behar diagu lehenbailehen, eta horretarako modu bakarra diskoa ateratzea duk gaur egun. Maketak ez zoazak inora 2000. urtearen ateetan.

        — Grabatzea ez da zailena! Nork ostia aterako du diskoa? Nork jarriko du zigilua?

        — Trankil, mutilak, kontrolpean dago dena. Txabik baditu kontaktu batzuk zerean...

        — Soraluzen.

        — Hori da, Soraluzen. Ateratzea lortuko diagu, ziur! Edozer argitaratzen omen diate...

        Anez gain inork ez zuen sinesten diskoaren istorio hartan, baina ezin ukatu denei ilusioa egiten ziela. Jonek bere burua imajinatzen zuen aurkezpen egunean. Txaplik Euskal Herriko talderik onenaren manager lanak egiten ikusten zuen bere burua, koloretako sakelako telefono eta guzti. Mikel zen kontu hartan gutxien sinesten zuena... baina aparailu haiek erakarri egiten zuten, eta bazuen gogoa kanta batzuk grabatuta izateko, besterik ez bazen herriko lagunei pasatzeko, Dionisosi jartzeko...

        Eta horrela, ametsak egiten zituzten bitartean, kanutoak ere egin zituzten bata bestearen atzetik. Txaplik sudurra zuritzekoa jarri zien. Aneren kolega arlekin bilakatu zen, uju eta salto lokalean hara eta hona. Batzuk sofan eserita, besteak lurrean, zein kantu grabatuko lituzketen esaten aritu ziren, zein soinurekin, zein efektu erabiliko zuten, arregloak, kolaborazioak eta abar. Haxixaren lainopean ilusioak koadrafonian, optimismoa aire eta ketan, ehunka amets tonu minorrean. Ametsek, eta batez ere Txapliren bigarren bitamina erronda batek, entseatzen jarri zuen Zuria Beltz. Txabik grabagailua eta soinu mahaia muntatu zituen, baita grabaketa txiki bat egin ere; nahiko eskasa, egia esan, baina puntu animiko hartan ez zegoen eskasik inorentzat. Euforia nagusi, arrakastaren usaina bazter orotatik, etengabeko world tourrak denen gogoetan.

        Hamarrak inguru ziren lokaletik irtendakoan. Txabi eta bere Soundcraft miragarria Gipuzkoara abiatu ziren. Zuria Beltz Atxuriko eskola parean zihoan.

        — Hau ospatu egin behar da!

        — Bai horixe!

        — Goazen pote batzuk hartzera.

        — Orain?

        Koadrilaren pauso azkarra eten eta denak Mikeli so geratu ziren.

        — Ze ostia! Etxera joan behar duzu? —itaundu zion Jonek.

        — Astearte buruzuri bat baino ez duk. Bazakiat zer gertatuko den pote batzuk hartzen hasiz gero.

        — Eta?

        — Lehen aldia izango da ba zuk astearte buruzuri batean parranda botatzen duzula!

        — Ez baina...

        — Mikel... —Anek sudurra igurtzi zuen—, ez ezak gau eder hau izorratu, kaguendios!

        Azabatxe beltzezko begiek Mikelenak zulatu zituzten. Biak ala biak begiradei eusten saiatu ziren lipar batez. Azabatxezko begi sakonek irabazi zuten, noski.

        — Egia da... Zergatik ez!

        Lepoko bana eman zioten Mikeli, honek irribarre lotsati batekin erantzun zien. Eskuak patriketan sartuta jarraitu zuen aurrera Zuria Beltzen babesean.

        — Zerbait jango dugu errondan hasi aurretik?

        — Ni ez naiz gose.

        — Ezta ni ere.

        — Banekien. Mundiala da speed hau! Arrebari errezetatu nion argaltzeko. Hainbeste dieta eta hainbeste mediku pasata ere ez zen kilo madarikatu bat gainetik kentzeko gai. Eta orain Txiferrek baino gorputz dotoreagoa du.

        — Ez hion ba txerrikeria hau egunero hartzea aholkatuko!

        — Zergatik ez? Ama ere hastekotan dun. Hainbeste urte eta gero berriz ere lirain egon nahi omen din. Jajaja!

        Ronda kale estuak oihartzuna egin zion Txapliren barre ozenari.

        — La Villara?

        — Konforme.

        Astearte gaua Bilbon. Martitzen gaua La Villan. Ikasleek parrandarako dirurik ez daukatenetik asko baretu da giroa. Eguenetan baino ez da halako jendetzarik biltzen, eta ostegunetan ere garai batean baino gutxixeago. Hala bada, La Villan sobera leku bazen Zuria Beltzentzat. Barra kontran lauzpabost lagun zeuden garagardo pitxerren bat edo beste edaten. Sakonean beste hiru-lau mahai zereginik ez daukatenen solas leku.

        — Zer edaten da hemen?

        Txapli beti manager.

        — Garagardoa.

        — Birra, bai.

        — Nik aurrena ebaki bat.

        — Hoa pikutara, Ane! Atera lau garagardo pitxer!

        — Eta nire ebakia?

        — Hi eta hire ebakiak! Ez dakin beste guztiek edaten dutenetik edaten?

        — Txapli, mesedez...

        Aneren azabatxeek egin zuten eskaera, ortografiazko zeinuz adierazi ezin daitekeen eskaera ekidinezina.

        — Ados, hiru birra... eta ebakia pinpirinarentzat!

        — Ni komunera noa. Oraintxe nator.

        — Ostia, Mikel, beste fila bat hartu behar duzu?

        — Parrastada bat botatzera noa, Jon, besteko barik, joder!

        — Ez ezazu horrela hartu...

        Mikelek brageta zabaldu eta zakil zimurtua atera zuen hantxe bertan, Jonen eskuan paratzeko.

        — Hartu?, hartzazu zeuk!

        — Nazkagarri halakoa!

        Barrez joan zen komunera. Baina atetik sartzera zihoala gelditu egin zitzaion bihotza. Bazterreko mahai batean jesarrita ikusi zuen bere Pietatea beste tipo batzuekin. Oteizaren kubo metafisiko bat baino zurrunago geratu zen, espazio-denboratik at. Puxikaren ziztada batek gogorarazi behar izan zion zein zuen xedea. Komunean zakilñoarekin zuloan aparatzen saiatu zen. «Erdia kanpora erdia barrura! Egun handi bat izango den seinale!». Irten baino lehen otu zitzaion ispiluan begiratzea: alferrik! Halako tabernetan maiz gertatzen denez, ispiluaren tokian zortzi axuleiuko hutsunea besterik ez zegoen. «Kakazaharra!». Dena den, saiatu zen ile motxa atontzen.

        Bere harridurarako, kanpoan Pietatearekin hizketan aurkitu zuen Ane. Muxu bat eman zion aurrena, eta aspaldiko lagunen arteko berriketa zirudien batean hasi ziren gero. Ez zuen aukera galtzeko asmorik. Haien parean esan zuen inozo:

        — Aupa, Ane.

        — Ze aupa eta ze kristo? Oraintxe noa!

        Baina Mikel kieto hantxe, taketa lantxe. Ane, Pietatea eta harekin zeuden bi morroiak ere Mikeli so geratu ziren, txorimalo haren begiradaren zergatia entelegatu ezinik.

        — Bai, zera... gero arte.

        Hamar segundo behar izan zituen lau hitz horiek josteko, bere egoeraren erridikuluaz jabetzeko. Kolegengana alde egin zuen lotsagorritzen hastera zihoanean.

        — Buztanari eragiten ibili haiz? Hori aurpegia dakarkiana!

        — Pasaidak birra, Txapli, eta ixo!

        — Hire aginduetara.

        — Eta zuk egizu kanuto bat, ondo kargatua!

        — Sí, mi amol!

        — Zer?

        — Ezer ez... Goenkulo!

        Peta erretzen ari ziren Ane itzuli zenean.

        — Ze ostia pasatzen zaik, Mikel?

        — Niri?

        — Bai, hiri. Txorimalo baten moduan geratu haiz hortxe, geldi.

        — Komunetik nentorrela?

        — Bai.

        — Aja...

        — Aja?

        Txaplik bere eskutzarrak jarri zituen Ane eta Mikelen bizkarretan.

        — Beste erronda bat, lagunak! Gaur ospakizun eguna dugu, ez sesiorakoa!

        Birra handi batzuk eskatuta sinatu zen bakea. Speedak, garagardoek eta kanutoek efektua egin zuten denen ganbaretan. Baina Mikelek ez zuen onik izan, Aneri hasieratik galdetu nahi izan ziona ausarki bota arte:

        — Aizan, Ane... zera... zelan esango dinat...

        — Esan ezak ba!

        — Nondik ezagutzen dun hirekin hizketan ari zen neska hori?

        — Nerea?

        — Ez zakinat norena den... bazterreko mahaian dagoen hura...

        Han zen Pietatea, beti bezain zurbil eta argi, zapi batekin ilea atzerantz bildua, eskuak etengabe mugitzen, bere lagunei azalpenak ematen.

        — Nerea dik izena! Zergatik galdetzen didak?

        — Ez, zera... lehengo batean zerean topatu ninan, zerean, eta zera...

        Ez zuen hitz egokirik aurkitzen, baina topatu zuen Camel paketea jakanarruko patrikan.

        — Nahi al dun bat?

        — Bai. Eskerrik asko.

        Txiskeroaz sutu zituen bien zigarretak. Lehen upakadarekin ke lainoa airean, ez baina Mikelen urduritasuna estaltzeko adinakoa.

        — Segi, Mikel... zerean topatu huen... eta zer?

        Itaunketa saihetsezina igurikatu zuten azabatxezko begi maltzurrek.

        — Ez, ezer ez... Ezaguna egiten zitzaidala, zeretik...

        — Bai, noski, zeretik.

        Anek hormaren kontra bultza zuen Mikel, esku bat mutilaren sorbalda gainetik. Bestearekin upakada luze bat eman zion zigarretari, eta kezko hodeia aurpegira putz egin.

        — Orduan, zertu egin haiz berarekin, ezta? Alegia, zera egiten diala... kili-kili.

        — Ez dinat horrelakorik esan!

        Aneren presiopetik ihes egiten saiatu arren, neskaren bi besoek oztopatu zioten bidea. Hormaren kontra harrapaturik, bien sudurrak zentimetro gutxi batzuk baino ez zituzten banatzen.

        — Ez urduri jarri, gizona!

        — Ez nagon urduri...

        — Niri baietz iruditzen zaidak ba! Nahi al duk Nerea aurkeztea?

        — Ane...

        Txapli erretxintzen hasita zegoen.

        — Zer da hau? Ez da onargarria amodio abenturarik gure taldean; gero giroa gaiztotu egiten dun, eta badakin...

        Anek irribarre ironikoz askatu zuen Mikel.

        — Lasai, Txapli. Ez zeukaat tentel hau xarmatzeko asmorik... Baina bazirudik berak...

        — Ez dakin isilik egoten ala?

        — Zer gertatzen da hemen...?

        — Ezer ez, ez zen ezer esaten ari...

        — Hi, Mikel, ez horrela jarri! Maitemintzea denoi gertatzen zaiguk inoiz edo behin.

        — Hiri batez ere... Tira, Txapli, pasa ezak birra hori!

        — Alto, alto! Ez zagok garagardorik kontu hau argitu artean.

        Txapli, Ane eta Jon: Inkisizioaren itaunketa. Eta Ane sorgina Pierre de Lancrerenak egiten. Baina bat-batean...

        — Adio, Ane. Gu bagoaz!

        Pietatea eta bere adiskideak ziren Zuria Beltzeko bateria-jolea agurtzera hurbildutakoak.

        — Bazoazte?

        — Ni geratuko nintzateke gustura...

        Pietatea hizketan! Ahotsa ere bazuen-eta! Sarkorra, laua, bereizgarri gabekoa, baina oso berezia. Hala iruditu zitzaion Mikeli behintzat.

        — ...baina beste zozo hauek bazoazan... eta ni ere bai...

        — Geratu gurekin, parrandatxoa egiteko asmoa zeukanagu.

        Pietateari mintzo zitzaion Ane, Mikeli begiratu arren. Txapli segituan konturatu zen jokaldiaz.

        — Damutuko zaizu geratzen ez bazara.

        — Baina zuek zuen kasa zabiltzate. Ez nuke nahi arrotz batek giroa aldrebestea.

        — Arrotza?

        Txaplik eskutzarra pausatu zuen Pietatearen sorbaldan. Izaki baldar haren esku latzak apurtu egingo zuela iruditu zitzaion Mikeli.

        — Ez tontakeriarik esan, neska! Zer nahi dun edateko?

        — Beno... garagardo bat.

        — Ton! Hire garagardoa!

        — Mila esker.

        Irrimarra herabe batez ihardetsi zion Txapliri.

        — Nerea, gu zozook bagoazan! Bihar arte.

        — Bai, bihar arte.

        — Bihar arte aio!, bihar arte aio...! bihar arteee... Aiooo!

        Xabier Leterenak egin zituen Jonek, biltzen ari zen kanutoa mihiaz busti bitartean.

        Anek egin zituen aurkezpenak, isiltasunari txandarik eman barik.

        — Hemen nire kolegak... Porrogilea Jon, managerra Txapli...

        — Aupa!

        — Ieeup! Pozten naun hi ezagutzeaz.

        Gerria pixka bat makurtuz, erreberentzia txiki bat egin zion Txaplik.

        — Eta txorimalo hau... Mikel.

        — Aupa!

        — Kaixo.

        — Tabernetako keak aurpegia gorri-gorri jartzen dio sarritan... Ez duk ala, Mikel?

        — Bai... batzuetan bai.

        Pietateak irribarre amultsuz begiratu ziola uste izanik, are gorriago ipini zitzaion bisaia. Eskerrak Jonek disimulatu zuen, hizketan hasita:

        — Beno, jadanik ezagutzen duzu Zuria Beltz! Laster egingo dugu disko bat eta... Aizu, peta bat nahi duzu?

        Mikelek bata bestearen ondoren iziotzen zituen zigarretak egonezin larrian. Tartean behin Aneri begiratu zorrotzak jaurtitzen zizkion, neskak ezikusiarena egiten bazuen ere.

        — Lasaira joango gara? Han beste musika bat jartzen dute. Dantza pixka bat egin dezakegu...

        — Goazenai!

        Ia inor ez zegoen Lasain: koadrila bat; berrogei urte bueltako bikote bat, garai onak joanak direla onartu nahi ez duten horietakoa, gin-tonic edaten; eta ezkutuenen dagoen bazterrean bikote bat bereak eta bi egiten, hain ezkutuan ere ez zeudela ohartzeke.

        — Birra denontzat! Eta ipini ezak dantzarako zerbait!

        — Heinneken ala Voll-Damm?

        — Ruben Blades...

        Erantzun zion Txaplik, Heinnekena seinalatzen zuela.

        — Joder, Txapli! Ruben Blades! Ez nian sekula imajinatuko!

        — Ez naun ondo ezagutzen, maitia...

        Muxu bat eman zion bekokian.

        — ...ezkondu nirekin, eta erakutsiko ditinat nire beste mila sekretu!

        — Babua!

        Bost Heinneken bere legezko izerdi tantekin barra gainean. «...Por la esquina del viejo barrio lo vi pasar...». Jon, ipurdia hara eta hona astintzen, dantzan ari bide zen.

        — Hiri ere gustatzen zaik?

        — Txikitatik, Ane.

        — Gutxietsi egiten gaitun!

        Txaplik mostradorean kolpeak ematen zituen erritmoa eraman nahian. Aneren gerrialdea ere emeki mugitzen hasi zen, Jonen aldean estilo handiz. Eta beraz, Mikel eta Nerea ziren jokoz kanpo zeudenak.

        — Zer moduz zuen taldea?

        — Beno, nahiko ondo.

        Camel paketeari oratu zion ziztu bizian, Nereari eskaintzeko.

        — Bakarra dago...

        — Berdin da, hartzazu...

        — Hika ere hitz egin diezadakek...

        Pietatea ere Ruben Bladesen kantuaren erritmoari lotu zitzaion umilki. Apenas jasotzen zituen oinak lurretik, baina Bo Derek zango zabalik baino lizunagoa zen mugimendu sotil hura. Pietateak ezpainetan hartu zuen zigarreta. Mikelek txiskeroa desenfundatu zuen patrikatik. Lurrera erori zitzaion.

        — Txiskero madarikatu hau!

        Atzamarrak izerditan zeuzkan eta ez zuen piztea lortzen.

        — Azkenean!

        Mikelengandik zentimetro eskasetara geratu zen Nerea sutara gerturatu zenean. Figura aingerutarraren gorputzari zerion lurrina usaindu ahal izan zuen.

        — Hik ez duk dantzarik egiten?

        — Ez, zera... oso zabarra naiz...

        Nahikoa lan zeukan eskumako hankaz erritmoa markatzearekin. Nerea gerri dantza harrigarriari jarraitzen zitzaion, oinak lurretik jasotzeke. Sorbaldak eta burua ere higitzen zituen tartean behin. Zigarretari upakada luzeak eman eta kea kanporatzean gorantz luzatzen zuen kokotsa, lepoalde zuri eta guria bistaratzen zitzaiola. Likinianon Beltzaren hitzaldira eramandako kamiseta berbera zeukan, Abiadura Handiko Trenaren aurkako kamiseta gorria, lepoaldean moztua, ia sorbaldak ere agerrarazten. Batera eta bestera egiten zuenean bularretakoaren tira urdina ikusten zitzaion. «...La vida te da sorpresas, sorpresas te da la vida, ai ai...». Pietatea Anerengana hurbildu zen pixka bat, eta han ari ziren Jon eta hirurak dantza zoroan. Tabernan zeuden bezero bakanek ez zioten hirukote xelebreari begirik kentzen. Mikelek Txaplirengandik lortu nahi izan zuen amarrua.

        — Txapli, pasaidak zeozer lehenbailehen...

        — Zer.

        — Zeozer, joder! Berdin zaidak speeda, kokaina, bikarbonatoa, amoniakoa edo zaldia... baina pasaidak lehenbailehen, bestela gaur ere lotsagarri gelditu behar diat!

        — Ohituta hago.

        Trago luzea eman zion Heinnekenari.

        — Ohituta ni? Zertara?

        — Tok! Hartzak eta bakea emantzak! Ez dena hartu baina, besteok ere nahi diagu-eta!

        «...El que a hierro mata a hierro termina... Txan-Txan!». Mikel komunera zihoan Pietateak eskutik heldu zuenean.

        — Nora hoa horren presaka?

        — Komunera, filatxo bat jartzera. Nahi duzu?

        — Txikitxo bat...

        — Zatoz.

        Mutilen komunean sartu ziren biak. Atea kisketarekin itxi eta Txaplik emandako poltsatxoa atera zuen. Lurrera erori zitzaion.

        — Ostia!

        — Kontuz, barrura erortzen bazaik akabo!

        — Urduri xamar nago eta...

        — Nahi duk nik jartzea?

        — Hobe izango da, bai.

        Mikelek NANa eta poltsatxoa eman zizkion. Komun txiki hartan maniobra zaila zen mugimendu txikiena ere. Hala ere, Pietateak patxadaz jarri zuen hauts zuria karnetaren gainean. Beste irribarre xalo bat egin zion Mikeli. Mutila berdin erantzuten saiatu zen, baina bisaia odolez hanpatzen ari zitzaiola ohartu zen, erran nahi baita, lotsagorritzen ari zela. Pietateak bi lerro egin zituen karnetaren gainean.

        — Handiena hiretzat.

        — Ez, ez. Hartzazu zeuk, nik lehen ere sartu dut...

        — Nik nahigo diat txikitxo bat. Argi egon nahi diat... —eta momentu hartantxe, Mikelek zelan ez zekiela, Nereak muxu bat eman zion matrailean— ...gerorako!

        Pixka bat makurtu eta astiro barneratu zuen lerrotxoa. Mikel lebitatzen ari zen. Benetan muxu bat eman zion? Errealitatea bizitzen ari zen? Edo Txaplik bere arrebari eta amari ematen zien speedak erotu egin zuen?

        Komunetik irten zirenerako beste erronda bat zegoen mostradorean. Txaplik, Anek eta Jonek barre txikiak egiten ziharduten, Mikel eta Nerea iristean mututu ziren berriketa gaiztoak.

        — Eskerrak beste trago bat eskatu duzuen, egarri nauk!

        Horrela igaro ziren Lasaiko kontuak: trago bat bestearen ostean, huntaz eta hartaz solasean. Nereak, Mikelen aldamenean uneoro, begiradak gurutzatzen zituen Anerekin, eta honek maleziazko keinuak egiten zizkion. Laburbiltzeko: ligoteo tipiko bateko baldintza guztiak.

        Ruperren Berandu dabiltza izan zen tabernatik ospa egiteko seinalea. Halaxe ulertu zuten denek. Pozarren hartu zuen abisua Mikelek, bere Pietatearen besoa gerri bueltan zuela.

        Kalean hotza, zerua oskarbi, izarrek ñir-ñir, eta mutxurdinek mar-mar.

        — Hau da mahaspasa martitzen buruzuri batean!

        Jonek lanak zituen artez ibiltzeko.

        — Zeuk bota duzu ba erronka!

        — Txapli —agindu zion Anek—, lagundu egin beharko didak mozkor hau etxera eramaten...

        — Hire aginduetara, mademoiselle.

        — Bihar arte, parea!

        Harro zegoen Mikel, Nerearen besoa gerri bueltan.

        — Gabon!

        Tenperatura goxoagoa zegoen Dionisosen etxean. Epelagoa. Atea zabaltzerako elkarri mingaina jaten ari ziren Mikel eta Pietatea. Isilik joateko keinua egin zion Mikelek logelara sartu artean, ez zuen nahi Dionisosek abentura haren berririk izatea, edo izatekotan behintzat berak esanda beharko zuen izan.

        Komunera joan zen. Zakilak 48ko broka zirudien, sendo eta zut. Lanak izan zituen komunzuloan aparatzen. «Ea ondo portatzen haizen, nano. Ez egidak hutsik egin, faborez!». Ohiko bakarrizketa, bere buruaz ziur ez dagoenarena, alegia.

        Logelan, Nerearen galtzak, jakablua, sujetadoreak lurrean zeuden. Pietatea arropak erantzita eta ohean etzanda, kuleroak eta kamiseta baino ez soinean. Mikeli hotzikarak zeharkatu zion gorputza, zakil parean geldiunetxoa eginda. Nerearen ondora etzan zen. Laster joan zen Pietatearen eskua Mikelen hankartera, laster Mikelen esku hotzak Pietatearen titi epeletara. Txikiak, guriak, zuriak. Behin eta berriz milikatu zituen. Mihi erraria handik eta sama bueltarako bidean ibili zen, Pietatearen eskua Mikelen hankarteko galdara geroz eta indar handiagoarekin berotzen ari zen bitartean. Mikelen eskuak ere bilatu nahi izan zuen Pietatearen motxinerako bidea. Biloz estaliriko basoan barrena azkar asko aurkitu zuen errekastoaren iturburua. Arnas estua eta aienea ohantzearen kirrin-karrankekin nahasten ziren logelako ilunpean. Pietatearen esku leunak galtzontziloak erantzi nahi izan zizkion, baina zakilak palanka efektua egiten zionez, Mikelek berak lagundu zion. Mikelek ere laguntza behar izan zuen Pietateari kuleroak eranzteko. Eta halaxe, mundura sortuak izan ziren bezala, elkarri besarkatuta heldu zen unea, une kritikoa.

        — Gainean ala azpian?

        Baina Mikelek gor jarraitzen zuen titiburuak miazkatzen. Pietatea etzan zen Mikelen gainean, eta gutxira zakila laztantzen hasi zitzaion ahoaz.

        — Ez, zera...

        — Zer?

        — Ez tematzeko gehiegi horrekin, lehen ere nahiko gori dago-eta.

        — Kondoiren bat izango duk nonbaiten.

        Gau mahaiko kaxoia arakatu zuen itsumustuan. Han aurkitu zuen langabetuz beteriko kaxatxo bat.

        — Itxoin...

        Eskua gehixeago luzatu eta flexoa piztu zuen. Argi zuriak min egin zion hasieran. Ondoren plazerra baino ez zen sartu Mikelen ninietatik. Pietatearen soin zuri biluzia dastatzeaz gain begi bistan zeukan!

        — Zera... iraungipen data begiratu beharko zaie...

        — Zer?

        — Zera... kaduzidadea! Badakizu, aspaldi ez dudala, zera...

        — Larrurik jo.

        — Horixe.

        Kaxako letra txikiak enfokatu zituenean ikusi zuen: 8-2001.

        — Fenomeno! Ia beste urte bi dauzkagu txortan aritzeko!

        — Itzali argi hori eta goza dezagun gaurkoa, beste plan batzuk ere baditiat datozen bi urteetarako...

        Kilima, umela, irritsa, beroa, zirrara, sakona, plazerra, goria... berba bila aritu gara Mikelek aspaldidanik, aspaldiegi aukeran, sentitzen ez zuen hura grinatsu azaltzeko. Baina, azken batean, labur esanda, jo eta su ziharduten. Bere gainean lauoinka zebilkion neska, azken egunetan hainbestetan buruan izandako hura bera, bere Pietatea! Aurpegia nekez ikus ziezaiokeen arren, imajinatzen zuen haren bisaia transzendentala, Michelangeloren harena bezain barea eta harmoniatsua, barne lasaitasun lizun haren irudi metafisikoa. Hori eta halako beste mila txorakeria zituen buruan, Nereak markatzen zuen erritmoan, orain ezti, suhar gero... Ruben Bladesen abestiarekin bezalaxe. Kamera geldoan dantzatutako salsa baten antzekoa zen goizaldeko hura. Mikelek larruazal guria ferekatzen zion, bularrak igurtzitzen, titiburuekin jolasten... Baina barrabiletako galdarak 900 gradu zentigradoak hartu zituenean arnas bideko tutuak masa oro askatu zuen, garai bateko labe garaietan legez.

        — Uieeee!

        Atzamarrak Pietatearen ipurmasailetan iltzaturik, segundo gutxi batzuetako atsegin eternala, gerri kolpez lagunduriko isurialdia, esprinterrek helmugako marra gainean jotzen duten giltzurrun kolpea-a-a-a...

        — Sentitzen dinat...

        — Sentitu, zer?

        Jo osteko zigarreta erretzen ari ziren. Ohe barruan gorputz biluzien eta izaren kontaktua baino ez. Topiko bat izan arren, film amerikarretatik eratorritako topiko bat baino ez, zigarretarik gozagarriena den hori erretzen ari ziren, kearekin irudi multiformeak marrazten.

        — Ba zera... hain azkar amaitu izana...

        Upakada luze bat.

        — Ez duk ezer... Ulertzen diat... Hainbeste denbora jo gabe...

        Zigarroak amatatu eta lotarako jarreran etzan ziren, Mikel Nerearen bizkarraldeari itsatsita. Honek titi epeletan jarri zion esku bat, bereekin estuago helduz.

        — Nerea...

        — Zer...

        — Zergatik ni?

        Nerearen ipurmasail beroek egiten zuten tartean egokituta zegoen Mikelen zakil hila.

        — Narrutan egin izanak ez dik esan nahi hirekin maiteminduta nagoenik... Hori ulertuko duk, ezta?

        — Bai...

        — Pozten nauk... Eta hik, zer ikusi duk nigan?

        — Pietatea.

        — Zer?

        — Michelangeloren Pietatea.

        — Jontxo...

        — Ezagutzen duzu?

        — Ba ez.

        — Haren aurpegia daukazu. Beno, ez da aurpegia zehazki... Pietatearen keinua, haloa, zera hori daukazu... zurbiltasun hori, malenkonia begiradan, barne lasaitasuna adierazten duen zera hori...

        — Eta hori zer duk, ona ala txarra?

        — Ez ona ez txarra. Egoera animiko bat, besterik gabe...

        Pietateak bueltaerdia eman zuen ohean. Gora begira etzan zen.

        — Egoera animiko bat?

        — Bai.

        — Ba... nire egoera animikoa momentuotan berotasun ikaragarri batena duk... Ez dik axola hik hasitako lana neuk bukatzea, ezta?

        — Zer?

        — Hankartean sua daukadala...

        — A! Noski. Nahi duzu neuk laguntzea...?

        — Ez, hi hago hortxe geldi-geldi, neure ondotxoan...

        Mikelek sentitu zuen nola eraman zuen esku bat berak dastatu berri zuen izter artera, bestea uzkira. Hasieran higikera xume bat baino ez zen, maindireen gainetik apenas nabaritzen zena. Mikelek Pietatearen aurpegiari behatzen zion arretaz: betazalak itxita, ezpainak elkarren kontra estu, sama tenka. Erritmikoagoak bihurtu ziren zirriak, harik eta hasperen luzea intziri sotil batekin bukatu zen arte. Begiak zabaldu zituenean Mikelenak bereetan iltzaturik ikusi zituen.

        — Goizean zereginik badaukak?

        — Ez.

        — Ba orduan lo egin dezagun.