Berandu da gelditzeko
Berandu da gelditzeko
1999, nobela
280 orrialde
84-86766-92-3
azala: Pablo Galarraga
Unai Iturriaga
1974, Durango
 
 

 

—2—

 

Eguna gau bihurtzen den magia ezkutu berberarekin bihurtu zen gaua egun. Abuztu bukaerako astelehen goiza ilun antzean zetorren, eguratsak bere aurpegirik zital eta astunena erakusten duen egun horietako bat. Hezetasuna azalean itsasten da eta azala galtzetan. Eta halaxe, ez negu ez uda, tartean behin ateratzen du mundu madarikatu honek egun horietako bat, biharamuna daukan izaki bat ohepeko hauts bihurtzea desirarazten duena.

        Mikel sofan esnatu zen. Izugarrizko lepoko mina sumatzen zuen alde batetik, eta bestetik halako lakartasun likits bat izter bueltan. Erlojuari begiratu zion: hamarrak eta laurden. Sukaldera jo zuen automatikoki. Hitz jarioan zerraien bezperan amatatzea ahaztutako irratiak. «Egun narratsa gaur Bilbon. Hogeita bost gradu eta zeru estalia. Ez etxean geratzeko ez kalera irteteko eguna». Hara! Behingoagatik irrati ofizialetako esatariekin bazuen adostasunerako arrazoirik.

        Italiana garbitzen ari zen telefono hotsa aditu zuenean. Dionisosek zuhurtzia handiz erositako erantzungailua martxan jarri zen: «Hauek ez dira etxe batera deitzeko orduak; bart sobera ardo edan nuen eta orain lotan nago; utzi zure mezua txirrinaren ostean; Jainkoak ordainduko dizu!». Piii!

        — Mikel, alu hori! Jon naiz! Seguru asko ez zara gogoratu ere egingo, baina gaur entseatzeko geratu ginen larunbat goizaldean. Mahaspasa galanta zeneraman aldean kabroi horrek! Espero dut gaindituko zenuela anfeta eta alkohol gaindosia. Lauretan betiko lekuan. Gero arte Napoleon!, ui!, Bonaparte!.

        — Kaguenlaletxe! Entsegua! Gaur baxua jotzeko baino kanpaia jo eta egonean egoteko nago ba!

        Laurak arte bazuen tartea. Kafea egiten ari zen bitartean madalena lehor batzuk aurkitu zituen armairuan. Egunkariaren bila bajatzekotan ere egon zen, baina batera egiteko gauza gehitxo izango zirelakoan, bertan behera utzi zuen asmoa.

        Sukaldeko leihoak patiora ematen zuen, eta beheko eta alboko atsoen berriketak eta marmarrak entzuten ziren.

        — Bukatu ditun behingoan jai bedeinkatuok.

        — Bai horixe! Astebetean mozkor-mozkor eginda etorri zaizkidan seme-alabak konpartsaren aitzakiarekin. Eta hori gutxi balitz, senarra ere egundoko traineruarekin etorri huen larunbatean.

        — Hau dun paraderoa hau!

        — Bukatu ditun behintzat eta!

        Mikelek oihu egin zien leihotik burua aterata:

        — Datorren urtekoetarako gutxiago falta da!

        Bi emakumeak kolpe batean sartu ziren barrura. Gogoko zuen atso haiek zirikatzea, besteen bizitzetan arakatzen eta txutxumutxuka jendea larrutzen baino disfrutatzen ez zutenak. Lehenago ere izan zuten enkontrurik Dionisosen gau ahantzezin batean. Ez zituen maiz izaten halakoak, baina urtean pare bat bai gutxienez. Azkenengoa astegun buruzuri batean; besterik gabe, etxean ardoa edan eta ardoa edan kargatu zenean, sukaldeko leihotik behera puxika lasaitzen harrapatu zuten goizaldeko hirurak aldera; ikaragarrizko zarrasta hotsa ateratzen ei zuten lurrera iristea lortzen zuten tantek, gainerakoek beheko pisuan eskegitako arropetan hartzen baitzuten atseden, lur idorra gozatzen duen euri berriaren gisan.

        «Jai eredugarriak benetan. Lapurretak-eta erdira jaitsi dira. Intoxikazio etilikoengatik iaz baino ehuneko berrogei gutxiago begiratu behar izan dituzte, eta batez ere, bilbotar guztiok nabarituko zenuten bezala, jai baketsuak izan dira, istilu politikorik gabeak. Goraipatu beharrekoa da Ertzaintzaren jarrera: uneoro kontrolpean izan baitu jaigunea, eta hala ere oharkabean pasa da beraien presentzia». «Konpartsek ere izango dute bada meriturik horretan, ezta?». «Bai, noski! Konpartsen komisioaren eta Udalaren arteko harremana uneorokoa eta etengabea izan da, eta horri esker lortu dugu neurri handi batean beste behin ere Bilboko Aste Nagusia eredugarri bihurtzea Euskal Herriaren zein mundu osoaren aurrean». «Mundu osoaren aurrean! Benetan bilbotarra zaitugu zu e?». «Jakina! Aupa Athletic!».

        Madalenek granitoak bezala erreakzionatu zuten kafesnearekiko kontaktuan. Gainetiko kapa gogorrak tamainako ebakia egingo zukeen edozein ertzainen bekainean. Beraz, ez zeukan kafesnea edatearekin konformatzea baino. Ondoren, ohiko erritualari jarraiki, zigarreta zegokion. Sukaldean tabakorik bistaratu ez, eta logelako praka zikinetan aurkitu zuen tximur arraio egindako Camel pakete bat.

        — Bi baino ez! Bat kaka egin aurretik eta gero bestea, ospatzeko!

        Eta halaxe, asteburu latz baten azkeneko aztarrenak komunzulotik botatzen zituen bitartean, bainugelako harlauzak zenbatzeari ekin zion.

        Arratsaldeko laurak eta laurdenetarako agertu zen hitzartutako tokian, betiko tabernan: Jon kanuto bat biltzen barra izkinan, Ane kamareroari asteburu ikaragarria pasa zuela kontatzen. Betiko leloa.

        — Bizirik hago, parrandero halakoa!

        — Ez hik beste gozatuta, baina bizirik iraun dinat!

        Ane zirikatzea afizio baino obligazio bihurtua zen haren inguruan zebiltzanentzat. Aneri, ordea, txantxa gutxi bere narru kontuekin.

        — Zer esan nahi duk!

        — Ezer ez, Ane; ez horrela jarri —kamareroek badute halako ohitura bat, Joseluk bezala, inork iritzirik eskatu izan gabe arazo denak konpontzeko—. Hik hire adrenalinak askatzeko ez dun askoren beharrik izaten, baina beste hauek aspaldion lehorrean zebiltzan. Horregatik zirikatzen haute.

        — Eta zu zer, Jon? Asteburu latza?

        — Latza? Zuek hor zehar desfasatuta ibili zareten artean, ni txosnan lanean jo eta su. Horixe asteburu latza!

        — Hirekin egingo diate armatarako lain diru mobimentuan...

        Anek beti izorratzen zuen Jon bere militantziagatik. Ez zuen erraz ulertzen pertsona batek nola egin dezakeen hainbeste ahalegin onurarik aterako ez duen lan batean.

        — Zein txosnatan egon haiz aurten: presoak, Egunkaria, Eguzki, Kaskajarrai? Marka guztiak hautsiko hituen oraingo honetan!

        — Zu seguru anbienteko tabernetan ibili zarela txosnetatik pasatu ere egin gabe. Badakizu, bakoitzak bere lekua du-eta...

        — Ibili nauk ba txosnetan, hik ezetz uste arren. Baina ez hi ibiltzen haizen horietan. Ez nagok prest kalimotxoz gainezka dabilen artaldera bildu eta «Goazen euskaldun guztiok ikurrina askatzera» kantatzen jarduteko ardo merkez egindako kalimotxo katxi bat eskuetan, ulertzen?

        — Bueno, bueno, bakea zuekin! Tira, Jon, pasa egik kanuto hori eta ez egiok kasurik egin petral honi! Eta hiri berdin, Ane! Entseatzeko ez zaigun giro garratzik komeni, horrela ez gaitun sekula musikatik aberastuko!

        Dena konponduta. Anek lepoko pare bat eman zizkion Joni, eta honek irribarre herabea eskaini zion bueltan.

        — Txapli badator entsegura?

        — Lokalera agertuko dela esan du. Gaur berriz ere lanean hastekoa zen...

        — Mugitzea komeni zaigu orduan, beste peta bat egin eta berton apalankatu orduko.

        — Gero arte, Joselu.

        — Baaai!

        Zuria Beltz taldea Bilboko Ronda kaletik pauso lasaian, arrakastarako bidea zapatapean urratzen. Zuria Beltz izena, noski, Anek asmatua zen. Nondik atera zuen ere azaldu izan zuen inoiz, baina ez Mikelek ez Jonek ez zioten azalpenari jaramonik egin. Ronda kalea estu geratzen zaie arrakastaren ate handitik igaro behar duten hiru izar berriei.

        Ezkerretik hasita, nondik bestela, hiruretan txikiena: Ane, beltzarana ilajez eta azalez, sorbaldetaraino heltzen zaion txima luzea motots batean lotua, bikea baino beltzagoak begi handiak. Ez zen neska katxarro horietako bat, baina bere armak bazituen gorputz txikiari neska eder baten trazak emateko. Soziologiako ikasketak burutzera etorri zen aspaldi Bilbora, eta zen-orduko bertakotua zegoen; nahiz eta bere Tolosa laudatua behin eta berriz goraipatu, zazpi urtez goiti baziren Bilbon bizi zela. Bera zen taldeko bateria-jolea eta jarrera estetikoaren arduraduna, berak ezagutzen zituen inork gutxik ezagutzen dituen girien talde arraro guztiak, eta haietatik ateratzen zituen Euskal Herriko panorama musikalean zerbait ezberdina egiteko ideiak. Mediokritatea gorroto duen emakume ausart eta urguiluz betea: Ane. Literatura, artea, eta azken batean, garbi esateko, mundu guaia goitik behera ezagutzen zuen, eta bazituen zenbait ezagun, beretzat lagun, erudituen artean.

        Erdian doana, gitarra kutxa eskuan hartuta, Jon. Zuria Beltzeko bilbotar bakarra; horrek ematen zion halako izaera berezi bat nahita deserritutako kideen artean. Benetako militante batek legez behar dituen lepoa estaltzeko tximak, belarritako bana alde banatan eta matrailetarainoko patillak. Horra bere ohiko uniformea, Guatemalako petodun prakak; eta horiek garbitzen zituenean, Guatemalarekin muga egiten duen Mexikoko herri batean egindako beste batzuk. Gerri buelta zabalxea zuenez, nasaiago ibiltzen zen bakeroekin baino. Anek sarritan esana zion bisaje hark ez zuela batere ondo ematen taldearen estetikarekin, baina Jonek gitarra ondo jotzen zuenez, kasurik ez! Jon: ogi pusketa bat; hobeto esateko, baserriko esnetan bustitako ogi pusketa bat. Ideia aldetik karratu samarra, baina maleziarik gabea. Kanutoak egin, birrak edan eta manifa guztietara joatea zituen hiru betebehar nagusiak.

        Eta eskuman, Dalton anaiak balira bezala, denetan luzeena: Mikel. Beste deserritu bat. Honek ere aspaldi utzi zuen herria ikasketen aitzakian. «Autobusez ordu erdira duzu barren!», esaten zion amak. Baina etxetik alde egitea zuen Bilbora etortzeko aitzakia. Bilbotik ordu erdi eskasera dagoen herri batekoa izanik ere, ez zen herrira maiz agertzen, urtean hamarren bat aldiz, han utzitako lagun on bakanekin parranda eder batzuk botatzera. Kazetaritza ikasketak Leioan eginak, artikuluren bat edo beste idaztetik bizi zen. Tira, bizi, Dionisosi esker bizi zen. Harena zen pisua, eta Mikelek ez zuen alokairurik ordaintzen. Dionisosek hasieratik argitu zion, pisuan hartua bazuen, tipo jatorra iruditzen zitzaiolako zela, eta ez beste ezerengatik. Hori bai!, hitz jarioa zetorkionetan entzun egin beharko ziola, eta noizean behin baita erantzun ere; kontra inoiz ez! Bistan da, kolpe handirik jo gabe iraun zezakeen umetatik erakarri zuen hirian. Gogoan zeukan zenbat gustatzen zitzaion amarekin erosketak egitera Bilbora etortzea: trenez Atxurira, Alde Zaharreko eskaparateak ikusi, Corte Inglesko eskailera mekanikoetan ibili eta trenean buelta. Zenbait urte geroago lortua zuen hiri hartan txokotxoa egitea, eta bide batez etxetik alde egitea ere, alde egitea bere anaia kirolzale subnormalari eta bizi osoan beste planeta batean bizi izandako aitaren autismoari.

        Horrela bada, Zuria Beltzekoek Atxuriko tren geltokiaren ondoan den etxe multzo baten pean zeukaten entsegu lokala. Egunen batean handiagoa izateko esperantzan, baina bien bitartean Jonen aitonaren lonjetako kaskarrenarekin konpondu behar. Mundua jango duela uste duen edozein taldek izan dezakeen bezalako lokala zen hura, hots, kutrea. Kutrea bai, baina han arnas zitezkeen kontzertu potente baten osteko izerdi kiratsa nahiz arrakastaren lurrin berezia. Hormak arrautza kaxez estaliak, haien gainetik errezel zaharrak zenbait tokitan, eta hutsik geratzen ziren tarteetan Anek aukeratutako taldeen posterrak: atzerritarrak denak, Ruper Ordorikaren itzel bat izan ezik... Eta Amnistiaren Aldeko Batzordeen egutegia atean, Jonek ezarria. Aneren kontzesio bat.

        Jonek eta Mikelek instrumentuak aldean hartu eta anplifikadoreak piztu bitartean, Anek zutik zirauen bateriaren aurrean, artelan bati begiratzen zaion moduan: Pearla!, bigarren eskutik Ruperren bateria-joleari erosia, bere soziologiako lan bakanetako batekin epeka ordaindua.

        — Ane, mesedez. Bateria bat baino ez dun. Ez gehiago ez gutxiago, bateria bat! Ez egion horrela begiratu, monumentua balitz bezala. Humanoa bihurtzen dun horrela, eta ez zagon bateria bat humanizatu beharrik. Ostiak jasotzeko egina dun, ahalik eta baketa kolperik gogorrenak jasotzeko egina, joder!

        Mikelen atzean barrea ezkutatu ezinik zegoen Jon. Anek mantso eta harro buelta erdia eman, eta bateriaren parean eseri zen.

        — Nahi duana esango duk, Mikel, baina ez haiz sekula enteratuko gizarte honen ehuneko handi batek zenbait objektu pertsonen estimu maila berean dituela, batez ere iraultza industrialetik datorren gizarte garapen konkretu baten ondorioz. Barka ezak, baina soziologi ikastaro txiki bat beharko huke. Azken batean kazetaria baino ez haiz, eta kazetari batek muturren aurrean duena kontatu beste lanik ez dik. Gehienetan hori bera ere gaizki edo manipulatuta egiten dik gainera.

        Mikelek kantu bateko baxu kolpeekin eten zuen borrokatxoa, hormetako arrautza kaxak dardara batean jartzeraino. Fender klasikoak sabela dantzan ipintzeko moduko uhinak sortzen zituen. Anek break bat markatu, eta Jon eta biak gehitu zitzaizkion, Atxuriko garajeko giroa dentsoagotuz.

                        Zure soaren aizto zorrotzak,

                        zatikatzen du nire bihotza!

                        Zure soaren aizto zorrotzak

                        zatikatzen du nire bihotza...!

        Behin eta berriz oihukatzen zuen esaldia, giro guztiz obsesiboa sortu arte. Anek erritmo astuna markatzen zuen bonboaz eta baseaz. Jonek, aurpegia atzamarrak baino gehiago mugituz, akordea ia desagertzerainoko kolpe distortsionatuak ematen zituen. Giroak kargatzera jo zuen. Doinu latzak, Mikelen eztarri urratua orroka, kanutoak, Aneren koru orgasmikoak eta Jonen metamorfosia jarraian.

        Ordubetegarrenera lasaiago zeuden hirurak, lokal bazterreko sofa zaharrean berriketan, kanutoen etengabeko joan-etorriaren erdian.

        — Esan dinat hire lehengusuarekin egon nintzela atzo?

        — Nire lehengusuarekin?

        — Bai, Tolosa ingurukoa edo etzakinat zehatz nongoa.

        — Zein izen zian?

        — Lasai, neska! Utzidan pentsatzen... Eneko? Ez, Eneko ez... Beno, orain ez naun gogoratzen, baina esango dinat halakoren batean. Badakin, «Bart sobera ardo edan nuen».

        — Speed sobera sartu zenuen zuk, kabroi horrek!

        Kanutoez begiak dirdaitsu, Joni betiereko irribarrea utzia zion jadanik ezpainetan. Sofa zaharrean kuzkurtuta, pelutxezko hartz bat bilakatu zen txima luze eta mila koloretako galtzekin.

        — Aspaldian neurritik gora zabiltza. Horrelako gauzekin kontuz ibili beharra dago.

        — Eskerrik asko aholkuagatik, Jon, estimatzen da! —eta lagunaren ustekabean, potroetatik heldu zion estu—. Orain... kanta zan Marijan!

        Garagardo latak eta hautsontziak lurrera erori ziren Jon eta Mikelekin batera. Artean potroetatik oratuta zeukan, eta barrez ari zen Jonek barrabiletako mina ekiditeko ematen zizkion ostiak jaso bitartean.

        — Tira, ez da hainbeste eskatzea. Kanta zan! Adi adi zan Marijan beldurrik gabe kantazan!

        — Nahikoa daaa!

        Sututa, kolkotik heldu zituen Anek.

        — Tontotu egin al zarete?

        Bi mutilek harriduraz hartu zuten neskaren txinpart eta malaletxeko erreakzioa.

        — Bai, hirekin hizketan ari ninduan, babu hori! Hik uste duk berriketan egon eta kolpetik, besterik gabe, bibotea hazi berri duen nerabe baten gisa hasi haitekeela?

        — Joder, barkazan. Ez ninan uste horrela minduko hindudanik honengatik bakarrik. Ez zakinat zergatik jarri behar dunan hain histerika!

        Eseri egin zen Ane, arnasa hartu eta lasaiago mintzatzeko:

        — Lehen galdetu diat ea gogoratzen haizen nire lehengusu horren izenaz.

        — Ezetz esan ez dinat ba! Ez naun oraintxe gogoratzen, baina hain garrantzitsua badun, saiatuko naun. Baina ez zagon horrela jarri beharrik.

        — Barkatu. Izan ere, Tolosan bi lehengusu baino ez ditiat. Bata izebaren etxean zagok, ohean etzanda egun osoan, eta ez dik luzarorako. Hiesa. Ez dik zaldi nazkagarri hori sartzea besterik egin bizitza osoan. Eta orain, lapurtu, iraindu eta jipoitu baino egin ez duen bere amaren alboan zagok! Izeba kuttunari egunak luzeegi, grisegi eta zatarregi egiten...

        — Sentitzen dinat. Dena den, hark ez zinan hiesak jotakoaren itxurarik. Alderantziz esango nuke, benetako morroskoa huen.

        Mikelek lepoa igurtzi zion leunkiro, pertsonak sentimental edo triste jartzen zirenean egiten zekien bakarra. Ez zuen ezer askotarako balio izaten, baina tartean behin efektua egiten zuen ukendu ikusezin hark. Aneren kasuan bereziki ez, bere baitara bildurik jarraitzen baitzuen Txapli sartu zenean.

        — Zuria Beltz! Hau bai hau taldea! Kran! Kran! Kran!

        Gitarra jotze keinuak egiten sartu zen, begiak gorriturik, aurpegia zurbil, alkandora galtzen gainetik eta prakabarrenak zikin. Mozkortuta.

        — Ze ostia pasatzen da hemen? Zer da giro hau? Non dago nire taldea?

        — Ez al zara oraindik larunbatetik erretiratu?

        Txaplik filosofo posea hartu zuen Euskadiko Kutxako txartel gainean speed lerro bat atontzen.

        — Zertarako? Zergatik? Nola?

        — Ez huen gaur okindegian lanean hasi behar?

        — Ba bai. Baina ez nauk joan... Jejeje!

        Hortz ustelak erakusten zituen barre egitean, eta begi txiki-gorri baina hanpatuek begi-zuloetatik alde egin behar ziotela zirudien.

        — Eta hiri, Ane, zer pasatzen zain? Hilekoarekin hago ala zer? Jejeje! Hik ere nahi dun lerrotxo bat? Saldeva baino hobea dun! Jejeje!

        Euskadiko Kutxako lerroa pikutara bota zion eta belaunaz potroetako bat eman. Jakanarrua hartu eta atea danbateko batez itxiz alde egin zuen.

        — Baina zer mekaguendios! Zer ostia gertatzen zaio neska horri gaur?

        — Batzuetan majadero bat haiz, Txapli! —Mikelek ere lokaletik ospa egitea erabaki zuen—. Deituko dizut, Jon. Beste babu horrekin hitz egiteko bihar arte itxaron beharko dugu, ea etxeko epelak burua zerbaitetarako dela gogorarazten dion!

        Etxerantz abiatu zen baxua eskuan, egun gris hartan gaua goizago etorriko zela pentsatzen. Ez zuen nahi gauak tabernaren batean harrapatzea, aitzakia nahikoa izango baitzen udako azken egun haietan gura baino garagardo gehiago edan eta etxera behar baino beranduago iristeko. Arrautza batzuk eta urdaiazpikoa erosi zituen dendan, eta Somera kaleko hamahiruan gora igo zen.

        Harrituta utzi zuen Aneren asalduak. Ohikoa zuen histerismoa, baina malkoei eusten ikustea ez zen eguneroko kontua, ezta inauteritik inauterirakoa ere, Dionisosek esango lukeen moduan. Lehengusuarena aipatzeak zeharo hunkitu zuen Ane. Eta Mikelek ez zuen jakin zergatik.

        Arrautzak, urdaiazpikoa eta ogia sukaldeko mahai gainean utzi zituen. Gau lasaia izango zuen aspaldiko partez. Arratsalde osoan azalera itsatsita izandako arropak erantzi eta dutxara joan zen biluzik, biziki maite baitzuen etxean zehar larrugorritan eta dilindan ibiltzea. Dutxatik bueltan, beste norbait zela uste izan zuen. Maiz gertatzen zitzaion, dutxa bat hartu ondorenean aurretik izandako kezka eta buruhauste guztiak desagertzea, butanozko ur beroak soina ez ezik barnea ere garbituko balio bezala. Muinetaraino sartzen zitzaion dutxa beroak ematen duen sentsazio lasaigarria.

        Albornoz berdea jantzi eta bekatu larri bat egitea otu zitzaion. Karrajoaren bukaeran bazen ate txikitxo bat, Dionisosek jainkoen edari kaxak gordetzeko erabili ohi zuena. Bere ondare nagusi eta ia bakarra. Etxe hartan zeukan gainerakoak —liburuak eta diskoak salbu—, bost! Halaxe esaten zuen: bost!, arropetatik hasi eta telebistaraino. Eta bekatu larria zen Dionisosen baimenik gabe kaxa haietatik botila bakar bat hartzea. Hala ere, salbuespena geroago nolabait konponduko zuelakoan, ausartu zen Remelluri kaxa bat irekitzera. Bekatua egin eta gero bekatutik disfrutatzea baitator, egongelan eseri zen afalaurreko tragoxka hartzen. Leihoak itxi eta telebista ipini zuen. Hogei minuturen buruan Espainiako Supercopako partida jokatzekoa zen: Barça - Real Madrid. Igande gauetako programen antzera, futbola ere entretenigarri egokia zen des-pentsatzeko, hau da, kaskarrari buelta erdirik ere ez emateko.

        Atsedenaldirako lehenengo botila ardoa hustua zuen. Arrautzak eta urdaiazpikoa zen-orduko ilun zegoen sukaldeko mahai gainean zeuden, ukitu barik. Bigarren botila bat zabaltzea ez zitzaion lehenengoaren adinako bekatua iruditu, eta halaxe egin zuen. Barcelona irabazten zihoan, eta horrek ere animatu. Ez Barça zalea zelako, ez zen inoren zalea egia esan, baina futbolak bataren edo bestearen alde jartzera behartzen zaitu, eta Mikelek Real Madridekiko beti sentitu izan zuen denon sentimendu bera: nazkaren eta gorrotoaren arteko nahas-mahasa.

        Partida bukatu zen, eta bigarren Remelluria ere bai, Gran Reserva 1985. Hau guztia gutxi balitz, Camel paketeak ere emanak zituen azkenak. Partidarenak ez zion hainbeste axola, baina ardoarenak eta tabakoarenak bai. Ardoarenak hirugarren bekatua egitera bultzatu zuen.

        — Hamar mandamentuak hausteko oraindik zazpi botilako tartea daukak, Mikel!

        Zailagoa zen tabakoarena konpontzen. Itxura harekin ez zegoen tabako bila kalera joateko ganoraz, eta gainera ez zeukan batere gogorik. Bazekien Dionisosek logelan beti izaten zuela Ducados kartoi bat. Itxaropen horrekin miatu zizkion armairuak. Higuingarria da tabako beltza, baina besterik ezean Colacaoa erretzea baino hobea zen.

        Hirugarren Remelluria deskortxatzeaz batera amatatu zuen telebista, Dionisosen diskoen artean bilatzeko. Laboa, Lertxundi, Lete... Dionisosen garaiko koadrila goibela. Dena den, bazuen euskal kantariez aparte beste bat maitea: Van Morrison... eta haren diskografia osoa. No teacher, No guru, No method diskoa biraka hasi zen hi-fian... Sofan erdi etzanda, ardoari zurrut, Ducadosari tira, behin eta berriro disko bera aditu zuen goizaldera arte... Hautsontzia gainezka eta ardo botila paparrean, loak hartu zuen. Eta loak baita ere sukaldeko mahai gainean arrautzek eta urdaiazpikoak.