Berandu da gelditzeko
Berandu da gelditzeko
1999, nobela
280 orrialde
84-86766-92-3
azala: Pablo Galarraga
Unai Iturriaga
1974, Durango
 
 

 

—5—

 

Egun bitxia da astelehena. Zereginik ez daukatenentzat batik bat. Asteburuko lapsusaren ondoren, mundua martxan jartzen da eta dena itzultzen ordenara. Zereginik, ohiko zeregin laboralik, ez daukanarentzat egun ederrenetako bat izan liteke. Asteburuan zeregindunekin zeregingabe egon ondoren, astelehenetan zeregindunak bere zereginetara itzultzen dira, eta zereginik ez daukatenak bakarrik geratzen dira, bapo, ohearen epeletik zeregindunen munduak nola funtzionatzen duen imajinatzen.

        Halakoxe astelehen bat behar zuen astelehen hark Mikelentzat, Dionisosek atea jo izan ez balu. Tok-tok (konbentzionalismo bat).

        — Mikel? Itzarrik hago?

        — Ummm.

        — Mikel!

        — Ze... ze ostia! Ze ordu da ba!

        — Zortzi t'erdiak.

        — Eta zertarako iratzartzen nauzu zortzi t'erdietan, jakin badaiteke?

        Dionisosek logelako argia piztu zuen. Eskuan zeramatzan karpetak ohe gainean utzi eta Mikelek pijama gisa erabiltzen zuen nikiaren kolkotik heldu zion.

        — Jakin-badaiteke-jakin-badaiteke... Hik ze ostia pentsatzen dok? Hire maiordomoa nazela?

        — Baina...

        — Ez zagok bainarik. Hire lehengusu batek edo ez dakit zer batek deitu dik zortzietan. Biharko artikulu bat eraman behar ei diok.

        — Artikulua!

        Neurona gehienak esnatzeke zeuzkan arren, pare batek alarma jo zioten.

        — Ostia, egia!

        — Barkatzen al dit orain berorrek orduotan esnatu izana? Gaur lanera joan behar dok, dirua irabazi... zorrak ordaintzeko —ezker begiaz keinu maliziosa egin zion—. Gero arte.

        Zeharo ahaztua zuen artikuluaren kontua. Azkar gogoratu zen lehengusuaz: «Txerri pertza nazkagarri entxufatua!». Otxarkoagara joan behar zuen Auzo Elkarte baten inguruko erreportaia egitera, lehengusuaren auzo astekari higuingarri, atzerakoi hartarako. Baina Abadiñoko ingelesek esaten duten bezala: Moni is moni!

        Garaiz zebilen hala ere. Pertsianak jaso zituen. Egun argia sasoirako. Mikel ez zen egunederzalea, baina udazkeneko goiz argi batek edonoren bihotza hunki lezake. Edo ez? Eguna ondo hasteko, komunera abiatu zen lehendabizi. Zakilari nabari zitzaion bera baino ordu laurden lehenago esnatua zela, haragitsu eta zut zegoen, sasoiko.

        — Benga hi! Lasaitu adi pixka bat, bestela angelu elkarzutean jarri beharko diat komunzuloan aparatzeko!

        Jakina da mutil gehienek eguneko lehen hitzak zakilari egiten dizkiotela. Astinalditxoaren zipriztinez zikindutako eskuak garbitu eta bisita azkar bat egin zion ispiluari. Goizetan ispiluari begiratu bat botatzeko ohitura zeukan, ez bertan islatzen zen irudiari; gustagarriagoa zitzaion erantzuna. Ondoren sukaldera joan eta bere tresna magikoa jartzen zuen martxan: italiana. Mikelek beti pentsatu izan zuen, egunen batean egunkarietako elkarrizketa ergel horietako batean irla bakarti batera zer eramango zukeen galdetuko baliote «italiana!» erantzungo zukeela. Hainbeste urtetan egindako galdera hark behingoagatik erantzun desberdin bat izango luke, eta norena eta Mikelena!

        Italiana: kaferik goxoena egiten duen gailua, taberna guztietako espres guztiak batera baino hobea. Diseinu paregabeko tresna hura, italiana. Sofia Lorenen gerria duen aparailu maitagarria, lirismoz betea, bero-bero jarriz gero zulotxotik likidotxoa isurtzen duena... Pentsamendu sasipoetikoak zerabiltzan dutxapean. Dutxa ere egundoko asmakaria baitzen Mikelentzat, umetan bainatzea gorroto izan zuen ume handi harentzat.

        49 autobusak, Simago parean hartuz gero, Otxarkoagaraino eramango zaitu. Zabalbide igo, Santutxu, Txurdinaga eta ondoren Otxarkoaga. Ez da bidaia luzea ezta laburra ere. Kontuan hartuta tartean hamasei bat geldialdi egiten dituela, eta Bilbo benetako hiri handi bat dela, eta ez gure inguruan dantzan dabiltzan hiritxo horien modukoa.

        Egunkariari gainbegiratua botatzeko adina denbora eman zion bidaiak. Badakizue, astelehenetako egunkaria kirolek betetzen dute ehuneko laurogeita hamarra, eta Mikel ez zen zehazki kirolzale amorratua. Dena den, orrialde haiek ere begiratu zituen: Athleticek galdu egin zuen eta Realak irabazi. «Patetikoa!» esango zukeen Dionisosek. Aldean Dionisosi berari hartutako Yashica bat zeraman, astekari madarikatu hartan erredaktore eta argazkilari lanak, biak batera egin beharra baitzeukan. Jakanarruko patrikan, grabagailua.

        Otxarkoaga auzune pobre bat da eta kito! Ez dut literatura merkerik egin gura ez hango arkitekturaz ez ijitoen janzkeraz. Otxarkoaga auzune txiro bat da, non batzuk ez diren hain pobreak eta beste batzuk oso pobreak diren. Aberats gutxi behintzat bertan bizitzen.

        Mikel lotsatu egin zen apur bat. Hainbeste urte Bilbon eta ez zuen Otxarkoaga ezagutzen. Noraezean ibili zen denboratxo batean, bueltaka, eta azkenean aurkitu zuen Auzo Elkarteko kidea. Gainerakoa bere lehengusuaren astekarira bidalitako artikuluxkan irakur dezakezu laburbilduta. Elkarrizketa sinple bat: polizia gehiagoren premia, delinkuentzia, droga, Udalaren aurkako hitzen bat edo beste (ondo neurtua), eta ezer gutxi gehiago. Argazki baldar bi: Elkarteko kidea Elkartearen egoitzaren aurrean bata, kalean jolasten ari ziren ijito birena bestea. Kakaputa bat, alegia.

        Auzokideekin ardo ozpindu bat edan eta autobusera abiatu zen. Hamar bat minutu eman zituen 49aren zain. Tiketa hartzean txoferrari garraiobide publikoen prezioaz espitx bat botatzekotan egon zen, baina bertan behera utzi zuen haren muturbaltza ikusitakoan. Txurdinagatik Santutxura bidean sirenotsak, Ertzaintza eta Polizia Nazionalarenak. Santutxurako sarrera moztuta. Aurreraxeago beste polizi lerro bat, eta kazetari eta kamera pila bat. Autobusak derrigorrezko geldialdia egin zuenez, hantxe jaitsi zen. Kaputxa eta guzti zegoen ertzain batek ezin zela aurrera pasatu adierazi zion zakarki. Mikelek lehengusuaren astekari nazkagarriko kazetari txartela erakutsi zion arinki. Eta ertzainak pasatzeko keinua egin zion. Beste edozein egoeratan lotsa emango lioke karnet hura erakusteak, baina bazekien polizien aurrean, batez ere polizia tontoen aurrean, inposatu egiten zuela. Nazionalek osatzen zuten hurrengo kordoi lerroa. Tartean kazetari eta kamerak, telebistetakoak zein prentsa eta irratietakoak. Aspaldiko ezagun bat bistaratu zuen haien artean. Lepoko batez agurtu zuen kamera eta kableek osatzen zuten amaraunaren erdian.

        — Koño, Mikel!

        — Aupa, Aitor!

        Mikel baino txikixeagoa zen. Beltzarana eta betaurreko moderno biribilekikoa. Bloka eta grabagailua eskuan, bazirudien poztu egin zela Mikel ikusteaz. Klasekide izanak ziren biak.

        — Ez zenuen esaten ez zenuela sekula kazetaritzan jardungo?

        Marlboro bat eskaini zion. Onartu egin zion, jakina.

        — Ez pentsa gehiegi jarduten dudanik. Artikulutxo bat egiten ari naiz astekari ganorabako batentzat. Badakizu, sosa SOS!

        — Orduan zer egiten duzu hemen?

        — Otxarkoagatik nentorren, elkarrizketatxo bat egitetik.

        Auto bat txiki-txiki zegoen kale barrenean. Etxeetako leihoetako kristalak hautsita. Polizia mordo bat hara eta hona. Anbulantziak ere bai, eszenari kolorea emanez.

        — Ze ostia pasatu da?

        — Atentatua. Duela ordu erdi eskas. Autopean lapa bat jarri diote. Polizia nazionala zen... Norentzat esan didazu ari zarela lanean?

        — Auzo aldizkari batentzat. Eta zu?

        El Mundo.

        — A...! Del País Vasco?

        — Kabroia! Hartuko dugu tragotxo bat? Nik badut oraindik denbora baterako hemen.

        — Zeuk gonbidatzen banauzu, kazetari jauna!

        — Goazen.

        Morroi jatorra zen. Estimatzen zuen nolabait. Bazekien trepa samarra zela, beno ez trepa samarra, trepa soilik, baina beti izan zuten harreman ona. Ikasle garaian apunteak pasatzen zizkion. Dena den, kafetegiko ordu hiletan solaskide izaten ere ikasi izan zuen Aitorrek. Ez zen gutxi. Gerora, ez zuen batere harritu egunkari handi bateko kazetari egina ikusteak. Aurreiritzi gabeko tipoa izan zen beti, hobeto esateko, iritzi finko bakoa. Fededuna izan arren, deabrua ere zerbitzatuko zukeen kazetari lan on bat eskainiz gero. Kazetari lan ona diodanean, soldataz ari naiz, noski.

        «Hurrengora arte!». Biek ala biek bazekiten hurrengo hori zein etzi zein bost urte barru izan zitekeela. Mikelek beltz berezia eta patata tortilla pintxoa behintzat atera zizkion, eta beste tenple batean zihoan. Eskaileretatik Iturribidera jaitsi eta handik Somerara. Etxera igo baino lehen beste ardo bat edan zuen pareko tabernan.

        — Ze, Mikel? Herrira joan haz asteburuan?

        — Zer?

        Artean txikitutako autoaren irudia zeukan buruan.

        — Ez haut hemendik ikusi asteburuan.

        Zerbitzaria zen, Manuel, Dionisosen laguna. Basoak uretan igurtzi bitartean ari zitzaion hizketan.

        — Etxean egon naiz...

        — Etxagok txarto! Hi be mantsotzen hasi hazen seinale.

        — Mantsotu? Ez, mantsotu ez, nire trumoiarekin bilduta egon naiz.

        — Norekin?

        — Inorekin ez, Manuel. Zenbat da?

        — Itxi egik itxi, gazte! Ardoa edaten hasi haizela konturatu nok, eta hau neuk ordainduko deuat. Ohitura onak hartzen hasi haz, Anton lantxe.

        — Baina...

        — Hoa!

        Aurretiaz aipaturiko artikulutxoa idatzi zuen Dionisosen ordenadorean. Argazki dendara jaitsi behar izan zuen karretea uzteko. Bide batez ogia, espageti batzuk eta tomate frijitua erosi zituen. Ura irakiten jarri eta pasta egosten ipini zuen. Bezperako ardo botilaren azken arrastoak edalontzi batean hustuta joan zen egongelara. Goizeko atentatuari buruz ari ziren telebistan. Hurrup txiki baina luzetan edan zuen ardoa. Zigarroa piztean ohartu zen nekatuta zegoela. «Mikel ez zaik komeni horren goiz jaikitzea, ez dik onik egiten!» pentsatu zuen. Loak hartu zuen sofan, atentatuko irudiei begira. Buruan ere irudi hura zebilkion jira eta buelta. Ez zuen behin ere atentatu baten hondakinik berta-bertatik ikusi. Leihoetako kristalak birrinduta, poliziak eta anbulantziak elkarri bultzaka, kazetarien indiferentzia, erre usaina... Erre usaina! Sukaldetik zetorren. Sutan zen perolatxoan kolore beltz eta marroixkak hartu zituzten espagetiek. Apenas zuten urik. Mikel arrapalada batean joan zen sukaldera, zereginik ez zuela jakinaren gainean. Nola-hala espagetien arrastoak lapikotik kentzen saiatu zen, handienak, eta ondoren ur berotan eta xaboiarekin beratzen utzi. Mahai gainean zeukan tomate frijitu potea. Hozkailutik arrautza parea atera, frijitu eta haiei bota zien.

        Lauretarako lehengusuaren bulegoan zegoen. Luis Alberdi artikulutxoa irakurtzen. Haren traje merkea, haren ile likatua, dena okaztagarria. Aurreko balkoian bere begientzat atseden gozo bat bilatzen saiatu zen, baina deus ez.

        — Arratsaldeetan ez da etxean egoten.

        — Zer?

        — Balkoiko emakumea ez dela arratsaldeetan egoten.

        — A...

        Artikulua irakurtzen amaitu zuen. Zutitu egin zen. Marlboro paketea atera zuen kaxoi batetik. Mikeli eskaini zion bat. Hartu egin zion, noski.

        — Ondo, Mikel. Oso ondo! Benetan ondo harrapatu duzu gure astekariaren filosofia. Pozten naiz. Begira, Mikel, ez da zuregan konfiantzarik ez nuelako, baina kazetari berriok beti zerbait gehiago esan nahian ateratzen zarete unibertsitatetik, eta hori ez da kaleko jendeak behar duen kazetaritza. Hauxe da jende xehearentzako kazetaritza, zuk egin duzun artikulutxo hau!

        Mikelen erreportaia hartu zuen eskuartean.

        — Jende xeheak hitz egiten du gure astekarian, jende xeheak hitz egin jende xeheak irakur dezan. Baina... batez ere gauza xeheak esanez, Mikel, gauza xeheak.

        — Bai, Luis.

        Bururatu zitzaizkion bi hitz bakarrak ziren horiek.

        — Jende xeheari ez zaizkio axola notizia handiak, ulertzen? Ekonomia! Politika! Gizartea! Ze ostia axola dio horrek jende xeheari, Mikel? Esan!

        — Ez dakit ba...

        — Ezer ez, Mikel, ezer ez. Zertarako hitz egingo diegu gure irakurleei gaurko atentatuaz? Zer esan behar diegu, egia? Beren herriko ero batzuek ez dutela bakerik izango polizia, epaile eta politikari guztiak akabatu arte? Hori esan behar diegu? Ez! Guk esan behar diegu mundua beraiek bezalako jende ezdeusez gainezka dagoela. Munduan gehiengoa direla kontu horiez arduratzen ez direnak. Ulertzen?

        — Bai.

        — Zurea bezalako artikulu xumeen azpian doan publizitatea ikusarazi behar diegu, hori da gure helburua. Azken batean horri esker bizi gara. Understand?

        — Bai, Luis.

        Artaburu nardagarri hark kazetaritza popularrari buruzko lezio bat eman berri zion. Unibertsitateko bost urtetan ikasi zuen guztia baino gehiago irakatsi ziola uste zuen Luis Alberdik, bere aitaren lehengusuaren seme babu hark. Eta gainera amaierako «understand?» hori! Sasiyuppi guztiek hain gogoko dituzten forma anglo horietako bat.

        — Hurrengo asterako egidazu honen antzeko bat. San Frantziskoko jendearekin... adibidez.

        — Ondo da. Orain joan beharra daukat.

        — Datorren astera arte. Zuk segi horrela. Nire ondoan kazetari handia izango zara egunen batean.

        Esaldi erdirako atea itxia zuen Mikelek, eta korridorean barrena zihoan. Luisen bulegoko atea zabaldu zen bat-ba tean.

        — Mikel!

        — Bai, Luis?

        — Argazkiak... oso onak!

        Eraikin hartatik ahalik eta lasterren alde egiten saiatu zen. Beldur zen etxe hartan denbora gehiegi eginez gero ez ote zitzaion lehengusuaren gaixotasuna itsatsiko, erran nahi baita, subnormalidadea. Zigarreta bat sutu zuen kalean. Zen-orduko eguna ez zitzaion hain ederra iruditu. Arratsa erortzeke, eguzkia ahul mantentzen zen mendebaldean. Eguna ondo hasi arren gaizki amai daitekeela frogatu zuen. Murphyren legeak legeetan legea izaten jarraitzen zuen ororen gainetik. Cantalojas zubia igarotzerako hobeto sentitzen hasi zen, lehengusuarengandik zenbat eta urrunago orduan eta hobeto.

        San Frantzisko kalean andanan zebilen jende multikolorea, espaloietan gora eta behera. «Jende xehea!» esango luke Alberdi txatxuak.

        Etxera bidean harategian sartu zen, oilasko paparrak eta piper lata bat erostera. Erantzungailuan Aneren deia: «Bihar lauretan betiko lekuan. Proposamen bat diat. Zuria Beltz berehala duk ezagun. Stop. Bihar arte». Anek bazuen erantzungailuko mezuak telegrafiatzeko ohitura kuriosoa, bere nobelarik maiteeneko pertsonaia batek egiten omen zuena; eta berak literaturaren diktadurari jarraiki, gustuko zuen pertsonaia bakoitzarengandik zerbait gordetzen zuen beretzat. Anerengan pertsonaia ugarik egiten zuten topo. Askotan zail zen jakiten non hasten zen Ane eta non bere pertsonaiak.

        Sukaldeko erlojuan seiak puntuan. Irratian atentatuaren berri ematen ari ziren, telebistan arratsaldeko programa jasanezinak, eta kalean arratsa gaueko soinekoa janzten. Testuinguruaren baldintzak aztertu ondoren, kanuto bat erretzeko ordurik egokiena zela erabaki zuen. Dionisos ez zen zortzi t'erdiak arte etxeratuko. Ordu pare bat beretzat bakarrik. Logelako gau mahaian aurkitu zuen harritxo bat, arazo etikoak planteatzen dizkizun koxkor horietako bat. Kanuto batean biltzeko gehitxo eta bi ateratzeko gutxitxo. Nola ez, lehenengo aukeraren aldeko hautua egin zuen: Camel eta erdi nahastu eta tronpeta bat egin. Bob Marley defuntuak sinatuko zituzkeen halakoak, marihuanarentzako ongarri organikoa baino gehiago balitz, hots, zerraldo ez balego.

        Ilunkerako argi lausoak etxeari halako bake sentsazioa eragiten zion. Airean kea eta zelula zenbait erretzen ziren oxigenoarekin bat egitean. Begigainak astundu egin zitzaizkion, zikomotrizitate sistema erlaxatu. Gorputzaren gaindi buruak autonomia eskatu zuen. Ez zen independentzia eskatzera ausartu. Gorputz adarrak ere moderatu egin dira urteotan, gauza gehienak bezala. Mikelek ezagutzen zuen sentsazio hura, eta bazekien egoera hartan egin zezakeen probetxuzko gauza bakarra kantu bat idaztea zela. Egin izan zuen inoiz, espero gabeko emaitzak lortuz gainera. Nahiz eta taldearen abestien letra gehienak Anerenak izan, baziren gutxi batzuk Mikelenak ere. Beste hainbat gau mahaiko kaxoian pilatuta zeuden, edo Bilboko zabortegi nagusian, bere zabor poltsa propiotik iragan ostean.

        Kanuto eder bat erre ondoren, gorputzak beti ere zigarreta bat eskatzen zion. Papera eta boligrafoa hartu eta Camela iziotu zuen sukaldeko mahaian. Maite zuen txoko hura idazteko. Idazle gehienek beren txoko berezia izaten dute idazteko. Zenbaitek logelan idazten dute, beste batzuek horretarako bereziki prestatutako gelan legezko Mc eta guzti, eta gutxi batzuk Finlandiaraino joaten dira han gaua eternala delako eta eguna amaigabea.

        Mikelen burutik irudiak bata bestearen atzetik igarotzen ziren: auto bat txiki-txiki eginda, Luis lehengusua, Otxarkoagako auzo elkarteko lehendakaria, San Frantziskoko jende multikolorea, Aitor kazetari alpinista, Dionisosen ardoak, espageti erreak.

                        Gaur saldu egin naiz,

                        amiñi bat baino ez bada ere

                        saldu egin naiz.

                        Eta ez dut pentsatzen

                        nire lanaren plusbalian

                        baizik eta nigan

                        eta nire nagusiaren heriotzan.

                        Sandalozko kandelak piztuta

                        haren gorpuaren bueltan,

                        lehergai usaina zerion

                        auto hura bezala,

                        geldi, inorako ez

                        halantxe nahi nuke ikusi

                        ene nagusia.

                        Iraultza Industrialeko su-emaile

                        izan nahi nuke,

                        baina ez dut irakurri Marx,

                        ez Bakunin

                        ez Vladimir Ilitx.

                        Eta horregatik gaur...

                        Saldu egin naiz

                        amiñi bat gehiago ez bada ere,

                        saldu egin naiz.

        Giltza hotsa sarrailan. Mikel afaria prestatzen sukaldean. Irratian eguneko berrien bilduma. Zartaginean oilasko paparrak eguzki-lore oliotan erretzen. Kanuto kargatuegi baten apatia gainetik kentzeko terapia ona izan ohi zen sukaldean zerbaitetan hastea.

        — Patetikoa! Patetikoa!!!

        — Zer diozu?

        — Patetikoa, Mikel!

        Dionisosek burua erakutsi zuen sukaldeko atean.

        — Patetikoa dela!

        — Zer da baina horren patetikoa?

        — Dana! Guztia!

        — Den-dena?

        Dionisos bere gelan sartu zen. Kaleko arropak kendu eta txandal galtzak eta puntuzko jertse zahar bat jantzi zituen. Oinetan etxeko zapatilla koadrodunak. Sukaldean zen bi minuturen buruan, etiketarik gabeko botila ardoa eskuan.

        — Funtzionario putaseme honeek!

        — Oraindik ere horrekin zabiltza!

        Piperrak zartaginean berotzen ari ziren.

        — Gaur Jaurlaritzako delegatuekin berbetan egon gozak... tira, berba egiten ez, eztabaidan.

        — Zure lagun horrekin?

        — Nire lagun ohi horrekin.

        Dionisosek eskua jaso eta edalontziarekin batera «alto!» seinalea egin zuen.

        — Putaseme hori eta ni aspaldi banandu gintzuazen. Akaso ez orain hainbeste urte, baina aspaldi.

        — Eta?

        — Patetikoa, Mikel, patetikoa!

        Bigarrenez bete zuen edalontzia.

        — Hi gazteegia hintzen garai hareetan, baina entzutekoak zituan babu horrek botatzen joazen sermoiak! Klase borroka, burgesen esplotazioa, kolonizazioa... Egundoko sermoiak!

        Hirugarrenez bete zuen.

        — Eta orain? Orain zer? Eusko Jaurlaritzako kapar parasito bat gehiago. Euskalduntze planak atzeratzen eta euskera kontuetan dagozen diru apurrekin merkezurrean! Patetikoa, Mikel, patetikoa!

        — Norbere burua behin salduz gero... betirako saltzen da, Dionisos!

        Mahaian jarri zituen oilasko papar eta piper platerak.

        — Zer ete dakik hik!

        Dionisosek Mikelen edalontzia bete zuen eta mahaira eseri.

        — Uste dut gaur eman dudala lehenengo pausoa.

        — Gaur? Zer ba?

        — Ez dakit... Nazkagarria iruditzen zait nire lehengusua eta beretzat lanean ari naiz. Uste dut horregatik dela.

        Mikelek petxuga zati txikitan ebakitzen zuen, hozteko.

        — Hori ez dok egiten!

        — Badakit, baina diru beharrean nago eta...

        — Ez najabik horretaz. Petxuga holan umeek txikitzen jabek. Janariari ezin jako horrelakorik egin behin adin batera helduz gero!

        — Uste nuen nire lanari buruz ari zinela.

        — Petxugari buruz ari nintzuan. Hire lanarena ez dok hainbestekoa.

        Bien edalontziak bete zituen berriz.

        — Bizio bat da.

        — Lanarena?

        — Ez, petxugarena.

        — A! Koño!

        — ...

        — Putaseme hori ezagutu izan bahu bere garaian...

        — Nire lehengusua?

        — Ez, joder! Orain Jaurlaritzan dagoen hori.

        Dionisosek sardexka eta aiztoa estu helduta zituen esku banatan, ukabilaz. Hamaseigarrenez mastekatzen ari zen petxuga zatia.

        — Nola aldatzen diren gauzak kamarada!

        — Zer?

        — Ezer ez, kantu bat da, Hertzainakena.

        — Hertzainak?

        — Bai.

        — Horreek banatu egin zuazen ezta?

        — Duela urte batzuk.

        — Txinoak zuazen, ala?

        — Troskoak.

        — A, koño!

        Geroxeago, transparentzia berde bat baino ez zen ardo botila. Platerak harraskan utzi eta egongelara abiatu ziren. Zain zeukaten gaueroko informatiboa.

        — Egingo dok kafea, Mikel?

        — Holan eskatuz gero...

        — Jakin dok atentatuarena?

        — Ikusi egin dut, berta-bertatik.

        — Ikusi egin duala?

        — Santutxutik pasatu naiz goizean, eztanda eta hogei minutura edo.

        — ...

        — Esnerik?

        — Ez.

        Telebistan Barne sailburua berbetan. Atentatuaren tokian hartutako irudiak. Ezagunak Mikelentzat. Auto purruskatua, leihoetako kristalak lurrean, poliziak, anbulantziak... Aitor ikusi zuen Barne sailburuaren aho zabalera mikroak eta grabagailuak luzatzen zituzten kazetarien artean. Zabor poltsen bueltan katu ñabarrak elkartu ohi diren gisan biltzen ziren kazetariak Barne sailburuaren berbak jasotzeko. Aitorrek luzatzen zuen gehien eskua, El Mundoren grabagailua mundu osoaren bistan.

        — Tipo hori ziniko bat da.

        — Halaxe da, bai.

        Pertsonaia ezberdin bati buruz ari ziren, baina biek bat egin zuten sentimenduan eta arrazoiketan.

        — Ostia! Kafea!

        Izan zen bientzako lain. Sofan eseri eta manta gainetik botata telebistari so geratu ziren, anai-arrebak egoten diren gisa berean. Dionisosek kafea bukatu eta berriz ere botila ardoa irekita zeukan aldamenean. Kafea edandako katilu beretik edaten zuen trago luzetan. Bost minuturo pizten zuen Ducadosa. Mikelek Camelak. Ez zuen ardorik edateko gogorik.

        Maltako Belatza jarten jabek gaur. Garci hori subnormala dok, baina pelikula onak botaten jozak, bai horixe!

        — Dashiell Hammet.

        — Zer?

        — Dashiell Hammeten nobela bat dela Maltako Belatza.

        — Koño, Mikel! Pozten nok! Ezagutzen dok?

        — Zer uste duzu, zuk bakarrik irakurtzen dituzula liburuak, ala?

        — Alto zaparro!

        Dionisos nobela beltzaren oso zalea zen, baina ordura artean ez zekien Mikelek ere zaletasun bera zuenik.

        — Sam Spade ikertzaile pribatua. Filmean, Humphrey Bogart.

        — Onartzen joat gutxietsi haudala.

        — Ixo! Hastera doa-eta.