Berandu da gelditzeko
Berandu da gelditzeko
1999, nobela
280 orrialde
84-86766-92-3
azala: Pablo Galarraga
Unai Iturriaga
1974, Durango
 
 

 

—7—

 

Speedaren ajea gauza eskasa da. Balirudike, bezperako abiadura eta martxa oro desagertzeaz bat hutsune psikologikoari zabaltzen dizkiola ateak. Hutsune psikologikoa zer den? Ez dago erraz kontzeptu hori azaltzen. Kabala artistikoak egiten hasi denari esango nioke ez diezaiola Oteizarekin harremanik bilatu, ezta Freudekin ere, mesedez! Hutsune psikologikoa amildegi bat da, gure izatearen alderdi nagusi bien artean dagoen amildegia. Normalki gure izatearen alderdi bakarrarekin funtzionatu ohi dugu, hots, geure esperimentazioaren ondorioz jasotako informaziotik interesgarria iruditzen zaigun horrekin osatzen dugunarekin. Finean, kontua zera da, badugula nahi duguna soilik gogoratu ahal izateko gaitasun bat, non eta ez dugun hutsune psikologikoaren amildegia zeharkatzen. Modu ezberdinez iristen da jendea amildegi hori zeharkatzera. Speedaren ajearena da modurik ohikoenetako bat. Behin amildegia gainditu ondoren, gure izatearen alderdi negatiboarekin topo egiten dugu. Plastikoki irudikatzeko, gure izatearen beste alderdi hori, bertan behera utzitako trastez betetako ganbara bat izango litzateke. Traste horiek, gure bizitzaren joanean, arrazoiren batengatik, albo batera utzitako sentipen negatiboak dira, denboraren etengabeko igarotzeak inkontzientzia egoera batera bultzatu dituenak. Alabaina, noizean behin, hutsune psikologikoari ateak irekitzean, ganbarako trasteak bata bestearen atzean eta trumilka erortzen zaizkigu... gure buruaz halako sentimendu negatibo bat jabetzen da eta, Mafaldaren komikietan bezala, tai gabe txikiagotzen goaz gure sentipen negatiboen aurrean. Gure buruaren errotak banaka-banaka ehotzen ditu sentipen negatibook, tortura psikologiko saihetsezin bihurtu arte. Gutxiespen sentimendua gailentzen da ororen gainetik; zalantza eta bakardadearekiko beldurra datoz ondoren eta, azkenik, hitz horien guztien batura ezin hobeki azaltzen duen beste bat: Angustia.

        Halako zerbait zuen Mikelek gogartean. Bezperako entseguan emozionatu egin ziren azkenean. Txaplik utzitako ondarea azkar baino azkarrago xahutu zuten, eta Mikelek berak egindako letrarekin izugarrizko kantua asmatu zuten. Hala iruditu zitzaien behintzat hirurei. Sarrera ezberdinak frogatu zituzten, erritmo ezberdinak. Kantu bakarraren lauzpabost bertsio egitera iritsi ziren, eta ondoren, behin eta berriz jo zituzten bata bestearen ostean, harik eta lehenengo solairuko auzokidea erretxinduta agertu eta dena bukatu zen arte. Garagardo bat hartu zuten elkarrekin, Lasain, eta bakoitza bere etxera. Berba gutxiko agurra. Hitzik bako agurra. Ezker eskua xumeki jaso eta aio.

        Dionisos agurtu ere egin gabe sartu zen logelan. Arropak erantzi eta ohe gainean etzan zen. Baina ezin izan zuen lorik hartu. Bizkorregi zebilkion burua, pentsakizunen noriatik jaistea lortu ezinda. Burutapenen arrapalada hartara bildu zitzaion bihotza ere. Eta gau osoa eman zuen lorik hartzeke, irudi zerebralen pasaera bizkor hari altorik eman ezinda. Goizaldeko hirurak aldera komunera altxa eta zerbait irakurtzen saiatu zen komunean jarrita. Ezinezkoa. Ohera bueltatu eta egin zitekeen bakarra egin zuen, pasatzen utzi. Bazekien ondo asko ez zegoela beste erremediorik.

        Eguerdi aldera esnatu zen eguna argitzear zegoenean hartutako lotik. Lotordu gutxiegi ziren speedaren ajea uxatzeko, baina bazen zerbait. Esperientziak erakutsia zion zer egin behar zen horrelakoetan, zer egin behar zen Mafaldaren komikietan bezala ñimiño ez bihurtzeko: bere kaskoan Oposizio Minoritarioa baino ez zen Alderdi Arrazionalari oratu eta txandala eta tenisak jantzi.

        Korrika hasi zen ataritik irteteaz bat. Lasterka joan zen San Antongo zubitik. Bihotza ahoan igo zuen Urazurrutiako aldapa, baina ez zen geratu. Abusura bideko malda behera xuabea aprobetxatuz saiatu zen arnasa berreskuratzen. Ezinezkoa. Eta hala ere, ez zegoen bere baitarentzako barkamenik: «Izorra hadi, kabroi hori! Minoria Arrazionalak irabaziko dik, ikusiko duk!». Mirafloresko zubipetik igarotzean berpiztu zitzaion txipitasun sentsazioa. Abusuko parkean gora eta behera ibili zen bueltaka. Blaga lasaian zeuden jubilatuek harriturik begiratzen zioten infernuko Beltzeburengandik ihesean zebilela zirudien mutil hari. Jubilatuekin eta kaka eta txiza egitera ateratzen zituzten zakurrekin bueltak emateaz nazkatu zenean itzuli zen berriz Bilborantz, ibai ertzetik. Kiratsa zerion Ibaizabali. «Hainbat hobe!, irentsi ezak kirats hori eta izorra hadi! Alderdi Arrazionalak irabaziko dik! Alderdiak irabaziko dik... (barkatu) Alderdi Arrazionalak irabaziko dik! Irabaziko dik!». Izerdi patsetan heldu zen etxera.

        — Gaixorik hago ala?

        — Zer?

        — Ea gaixotu egin hazen!

        — Zer ba?

        Arropa izerdituak eranzten ari zen komunean, Dionisosek sukaldean entsalada bat prestatu bitartean. Dutxako txorrota irekita, ez zuen ondo aditzen Dionisosen ahotsa. Ezta nahi ere.

        — Ez egidak esan orain kirola egiten hasi hazenik. Ez deuat sinesten!

        — Ez dut ezer entzuten, Dionisos, dutxan nago!!!

        — Ostiak...! Hik gura duana entzuten dok bakarrik.

        Beste pertsona bat zen dutxatik irten zena, beste izaki bat. Pentsamendu eskas guztiak izerditan garbitu balitu legez sentitzen zen. Toalla gerrian, parez pare ireki zituen logelako leihoak, eguerdiko haizeak azala freska ziezaion. Azala benetan hoztu zitzaionean jantzi zituen etxeko arropak. Dionisos plater beteko entsalada jaten ari zen: letxuga, tomate, arto, berenjena eta ez dakit beste zenbat koloretako gauzarekin.

        — Zer esaten ari zinen lehen?

        — Kabroi bat hazela.

        — Ni?

        — Bai, hi.

        — Zergatik?

        — Nahi duana bakarrik entzuten dualako.

        — Horretarako daude belarriak zerebroaren kinaden menpe, ezta?

        — Hoa pikutara! Heuk jakingo dok zer egiten duan heure zerebroarekin.

        — Mesedez, Dionisos, ama bakarrarekin nahikoa daukat.

        — Hori be egia dok. Gura dok entsalada apur bat, ona izaten dok biharamunarentzat.

        — Ez, eskerrik asko, uste dut etzan egingo naizela pixka batean.

        Beste ardo basokada bat edaten utzi zuen Dionisos. Logelan sartu, irratia ipini eta manta bakarrarekin babestuta erori zen ohean. Larruazalean udazkenaren freskura zeraman, eta hainbeste desiratutako bakea buru barnean. Ez baitago beheraldi gabeko igoaldirik; ez baitago barealdirik gabeko beheraldirik, erran nahi baita, ajerik.

        Arratsaldeko zazpietarako gautua zuen, garairako normala zen gisan. Logelako leiho zabalen artetik zeru zati garbi bat ikus zitekeen Bilbo gainean. Oso gutxitan ikusi ohi den zerua. Izan ere, normalean beste zenbait tokitan baino lainoago egoten da zerua Bilbo gainean, hiriak berak eta bere zikinkeriak sortutako lainoak babesten baitu Bilbo zeruko erasoetatik. Hala ere, ilunabar hartan gau izarratua ikus zitekeen. Betetzen ari zen ilargia, emakumearen sabelpea betetzen den bezala, etengabe baina astiro. Gauaren aurrean babesik gabe zegoen elementu oro (etxeak, autoak, pertsonak, txakurrak) freskura umelezko izara batek estaltzen zuen. Behingoagatik Bilboko airean CO2 barik H2O arnastu ahal zen proportzio altuagoan. Arratsalde gautuko zazpiak eta lau minutu ziren Dionisosek Mikelen logelako atea ireki zuenean.

        — Itzartu hadi, alferrontzia!

        Mikelen gorputza Amenofisen momia bailitzan estaltzen zuen manta kendu zion gainetik.

        — Baina ze ostia?

        — Hamar minutu daukozak jantzita eta presentable egoteko. Hamar minutu!

        — Zertarako? Nora goaz? Zer gertatzen da?

        — Hamar minutu!

        Zazpi minuturekin nahikoa izan zuen. Aurpegia eta batez ere begi bueltak puztu-puztuak zituela agertu zen sukaldera, ohiko janzkerarekin: praka bakeroak, artilezko jertse azul iluna eta Marteensak.

        — Zer dela-eta zalaparta hau, Dionisos?

        Gazta pusketa bat jaten ari zen. Ondoan ogi zati bat eta, nola ez, baso bete ardo. Mikeli eskaini zion edaritik.

        — Ez, eskerrik asko. Baina esango didazu nora joan behar dugun halako presarekin?

        — Hitzaldi batera.

        — A bai! Eta zertaz da ba, guk derrigorrez entzun behar dugun hitzaldi hori.

        — Ez dakit konkretuki zertaz...

        Aho betean mintzo zen, gazta zati txikiak egiten zituen arren, bata bestearen ostean sartzen baitzituen ahozulora.

        Beltza dator Likira.

        — Beltza?

        — Bai.

        — Zer da, afrikarra?

        — Ez dakik nor den?

        — Ba ez. Realeko jokalari berriren bat?

        — Babua!

        Kortxoa jarri zion botila ardoari eta hozkailuan sartu zuen gazta. Edalontzian geratu zitzaion ardo urria edan eta, Mikeli begietara zuzen-zuzen begiratuz, hasi zen berbetan:

        — Begiratu egik, Mikel. Nik, tipo jatorra hintzelakoan hartu hindudan etxe honetan, bai? Baina batzuetan, joder... Batzuetan konturatzen nok inorante bat hazela, Mikel, inorante bat!

        — Nor, ni?

        — Bai, hi eta hire inguruko gazte gehienak. Ze ostia esaten dozue zuen taldearen letretan? Berbarik egiten dozue gizarte arazoez, politikaz? Arduratzen zaree zuen burua ez den beste ezertaz? E? Esaidak!, arduratzen zaree beste ezertaz?

        — Joder, Dionisos... Ez zaitez horrela jarri.

        Dionisos amorraturik begira geratu zitzaion. Halako batean Ducados paketea atera zuen patrikatik eta bat iziotu.

        — Ja!

        — Zer?

        — Ezer ez... Jaja!

        — Jaja, zer?

        Barreka hasi zen Dionisos. Mikel zurtuta zegoen. Baina Dionisosen barrearen ozenaren aurrean ez zitzaion barrez hastea beste aukerarik geratu.

        — Goazen, Mikel. Istorio batzuk entzungo joaguz, batzuk ezagunak, bestetzuk ez hainbeste, eta bide batez akaso zeozer ikasiko dok.

        Lepotik heldu zuen, eta eskaileretan behera barrez lehertu zen berriz ere. Mikelek zergatia ulertzeke segitzen zuen.

        Berrogei bat lagun baziren hitzaldian. Bisaia ilaje eta bizar urdinduz estalia zuen hizlariak. Betaurreko txiki batzuk nabarmentzen zitzaizkion bere osotasunean handiegia ez zen gizonari. Mikel eta Dionisos atzealdean eseri ziren. Dionisosen manietako bat! Zihoan lekura zihoala, beti atzealdean eseriko zen, denak bistan izateko, edo auskalo zergatik. Inoiz esana zion aspaldian hartutako ohitura zuela, baina Mikelek ez zion zen-orduko bueltarik ematen kontu hari. Atzealdean eseri eta kito.

        Hitzaldiari sarrera moldatzen ari zitzaion Beltza zelako hura, Mikelek atetik hozkirria sentitu zuenean. Eta hozkirriaren ondotik, neska bat. Haren oinetako deportibo zartatuek lurra ukitzen zuten bakoitzean bultzakada leun batez laguntzen zion lurrak, pausoari itxura metafisiko bat emanez. Oinetako deportibo eta praka bakeroetan bistaratu zuen bere Pietatea. Aurpegi zurbil hartan ez zen espresiorik. Izatekotan ere, malenkonia lauso baten espresioa baino ez zen, ezpainen ezkerraldean zen okerdura txiki batek ematen zion malenkonia lausoaren espresioa, horixe soilik. Bekoki gainean zuen oihal batez biloak atzerantz bildurik, horrela, haren aurpegia, bere zuritasun eta argitasunean, munduaren aurrean barne lasaitasunaren eta malenkonia lausoaren sinbolo gisa jasoz.

        Ilara bi aurrerago eseri zen. Aldean zeraman jakablua kendu eta sorbaldetatik gora sortzen zitzaion lepo estua agertu zen Mikelen begien aurrean. Tentuz aztertu zuen sorbalda haren azalaren guritasuna. Lepoaldean moztutako kamiseta gorria zen sorbalda bistaragotzen ziona. Une batez Mikeli iruditu zitzaion, hizlaria bera ere ez ote zen mutu geratu berpizkundeko Pietatearekin topo egin zuelarik.

        — Gertatutakoak ez dira ahaztu behar, baina erresumina ere ez jake igaro behar ondorengo belaunaldiei.

        — Zer?

        Jendea aulkietatik altxatzen ari zen. Aupa eta zelan eta kaixoen trukaketa. Hainbeste itxarondako zigarreten kea airean. Mikelek ere bat piztu zuen, Dionisosek aspaldi iziotua zuela ikusitakoan.

        — Entzun deustak?

        — Bai, bai... «Gertatutakoak ez dira ahaztu behar, baina erresumina ez zaie igaro behar ondorengo belaunaldiei». Zer uste duzu, ilargian nagoela?

        — Momentu batez halan iruditu jatak.

        Tarte labur horretantxe galdu zuen bere Pietatea. Jende dexente geratzen zen denda barruan, baina ez zuen haien artean aurkitu. Beste begiratu bat ere bota zuen lokalean zehar, alferrik.

        Ronda kalean hotza eta umela zegoen gaua. Ducados zaharra erretzea amaitu orduko beste bat sutua zuen Dionisosek.

        — Sukaldean aritzeko gogorik bai?

        — Ez asko.

        Hankapean amatatu zuen Camela.

        — Bokata batera gonbidatuko haut Jaunaken.

        — Fenomeno!

        Petxuga, letxuga eta maionesazkoa eskatu zuen. Dionisosek klasikoago bat: solomoa piperrekin, eta botila bat ardo. Barrualdean jesarri ziren. Asteazken gaua izateko, bazen mugimendutxoa tabernan. Dionisosek bete zituen edalontziak, eta baita lehen zurrutada eman ere.

        — Ez dago txarto...

        — Ez.

        — Zer iruditu jak hitzaldia?

        — Ez da egon txarto.

        — Ardoa?

        — Hitzaldia!

        — Eta zer esan gura jok zehazki «ez da egon txarto» horrek?

        — Ba horixe, ez dela txarto egon.

        — A, koño!

        «Solomoa piperrekin eta petxuga, letxuga eta maionesa!».

        — Horrek geureak dozak.

        Anfitrioia altxatu zen bokaten bila, Mikelek berriz ere edalontziak bete bitartean. Bokatak mahaira heldu zirenerako eskuartean zuen gazteak berea. Gose zen, ezer jan barik baitzegoen bezperako bazkalordutik.

        — Dionisos...

        — Ummm... bai...?

        Dionisos ere dedikazio betean ari zen bokatarekin. Tragoxka bat egiteko baino ez zuen albo batera lagatzen.

        — Zu filologoa zara, ezta?

        — Ba bai.

        Paperezko zapiarekin pasa zituen ezpainak eta beste zurrutada bat eman zion ardoari, zerbait bazetorrela antzemanda.

        — Zer da zehazki «alta bada».

        — Zer?

        Edalontzia ezpainetan zuela gelditu zen.

        — Zer esan nahi duen zehazki «alta bada» horrek. Beste Beltza edo dena delako horrek behin eta berriz esaten zuen, «alta bada...», «alta bada...».

        Mahai gaineko paketetik Ducados bat hartu, bokata alde batera utzi, upakada bat ke arnastu eta lehentxeago ezpain ertzera hurbildutako edalontzitik trago egin zuen.

        — Aitu egik Mikel...

        — Esan.

        — Badakik zein den filologo bati egin daitekion putadarik handiena?

        — Zein?

        — Hik oraintxe egin deustaana.