8
Karrajoko isiltasuna zulatu zuen telefono hotsak goizeko hamar t'erdietan. Automatikoak erantzungo zuela espero zuen: «Hauek ez dira etxe batera deitzeko orduak; bart sobera ardo edan nuen eta orain lotan nago; utzi zure mezua txirrinaren ostean; Jainkoak ordainduko dizu!». Baina itxuraz, Dionisosek amatatua zuen erantzungailua. Eta beraz, nork ez du gorroto telefono hotsarekin esnatzea? Mikel burua burkoaren pean ezkutatzen saiatu arren, halakoetan ohikoa den une erabakigarrian zegoen: bazekien, ohetik altxa eta telefonora joanez gero, isildu egingo zela hartu baino lehentxeago. Denon fijazio bera zeukan ostera, hartu ezean berri garrantzitsu bat galtzearen sentsazioa ernatuko zitzaiola barrenean: desastreren bat gertatua izango zen, istripuren bat, amaren deia... Jaikitzea deliberatu zuen azkenean, galtzontzilotan karrajoan zehar.
Esan...?
Mikel Agirre?
Neu naiz.
Luis Alberdi jaunaren bulegotik deitzen dizut. Zure artikulua argitaratu da eta kobratzera etor zaitezke gaur eguerdira artean. Egun on!
Lehengusuaren idazkari mamala irudikatu zuen egun on! esaten. Telesailetan agertzen diren horietarikoa, ederra bezain lerdoa. Telefono ondoan zutik geratu zen tarte batean, espazio eta denboratik landa, eskultura greziar anorexiko bat iduri, baldin eta galtzontzilopean zut zegoen zakilak «barne lasaitasunaren» kontzeptu greziarra birrinduko ez balu. Komunera joan... eta goizeroko meza bera eman zuen (horrela adieraz badaiteke erritual osoa).
Ez zuen kaferik egin. Arropak jantzi eta kalera segituan, soldata kobratzera. Gosari oparo batekin ospatuko zuen patrika gizendu ostean. Gizakiak bere lan indarraren ustiapenaren emaitza jasotzen duen eguna, egun handia da materialista dialektiko batentzat, eta baita gainerakoentzat ere. Bazekien ez zela dirutza izango, baina soldata bat jasotzeak poztu eta puztu egin zuen aspaldiko partez. Erran nahi baita, taxi bat hartu zuela.
Hamar minutu eta seiehun pezeta behar izan zituen taxistak Luisen bulego parean uzteko. Zorionez, momentu hartan lehengusua bulegoan ez zegoenez, berriketa faltsuen premia barik ospa egin ahal izango zuen.
Egun on idazkari mutur gorriak hartu zuen.
Aupa.
Zu Luisen lehengusua zara, ezta?
Zaldien tamainako hortzak erakutsi zizkion haren irribarre zabalegiak.
Bigarren lehengusua.
Bigarrena!
Hanka sartu izan balu bezalako imintzioa ez zuen disimulatu.
Berak lehengusua baino esaten ez duenez.
Bai, berak bai. Baina bera... bera... Ezer ez.
Nola ezer ez?
Subnormal faltsu bat zela esatekotan egon zen. Sosak eskuratu aurretik ezpainei hozka egitea hobe zela iruditu zitzaion.
Diruaz hitz egin behar genuela uste nuen...
A!, noski. Kobratzera zatoz.
Horretarako deitu didazu.
Barkatu. Ai!, nire burua... Batzuetan ahaztu egiten zait badudanik ere.
Zalantza normala zure kasuan.
Zer?
Ezer ez.
Zuk ezer ez esaten duzu beti?
Beti. Diruaz jarduten dudanean izan ezik.
Txekea: zortzi mila pezeta. «Gehiago izan zitekeen... argazkiak ere hain onak baziren behintzat, baina tira...». Jasoaren agiria sinatu zuen idazkariaren boligrafoaz, eta jakanarruko patrikan saskiratu zuen, Corte Inglesen Parker bat osten den moduan.
Ikusten ze erraza! esan zion harriturik idazkariak, alehop! esaten ausartuko ez balitz bezala.
Bai, oso erraza.
Inozoarena egin zuen Mikelek, harenganako errukia erakutsiz batera. Entzefalograma laua marrazturik geratu zen panpinaren bekokian.
Eskerrik asko eta aio.
Gehiagorako astirik eman barik alde egin zuen bulegotik, idazkariari agurra eztarrian trabaturik lagata, eta boligrafoa txuliatuta.
Aggg, zelako tuntuna!
Atzera egin eta bulegora sartu zen berriz. Nobioari-edo telefonoz deitzekotan harrapatu zuen mutur gorria.
Zerbait ahaztu zaizu?
Zera... lehen nire bigarren lehengusuari buruz zera esatekotan egon naiz, baina azkenean ez dizut esan... nire bi-ga-rren lehengusua subnormal bat dela, subnormal sakona! Eta hori gutxi balitz, faltsua eta tontoa. Eta errematatzeko, potoloa eta zatarra.
Idazkariak ahoa estali zuen eskumako esku urreztatuaz, ama birjinaren aurrean deabruaren izena aipatuz gero egingo zukeen gisan. Mikelek esaldia bukatu eta ingurura begiratu zuen. Ez zegoen deabrurik. Harro sentitu zen botatakoaz. Adore pixka bat gehiago eman zion bere buruari, eta idazkariarengana makurtu zen.
Dena dela, polit horrek, ahaztu egingo duzu horrelakorik aipatu dizudanik. Zer dira ba azken batean lau egia! Hemen garrantzitsua jende xehea da. Eta jende xeheari ez zaio egia axola.
Animozko atximur bat ferekatu zion matrailean, irribarre seduktore batekin hanka egin baino lehen. Igogailuz jaisten ari zelarik miretsi zuen bere burua ispiluan. «Nola egin ote duk halakorik. Tipo gogor baten moduan jokatu duk, hori da, Humphrey Bogartek Sam Spaderena egitean bezala, Jakob Arjouniren Kayankaya ikertzaile pribatuak bezala, Xabier Gereñoren... Ez, Gereñorenak ez dauka halako klaserik!». Lehengoan erositako eleberriaz gogoratu zen, Happy Birthday truku! Dendariaz akordatu zen gero eta bere Pietateaz geroago. Haren barne lasaitasuna, haren lepoalde guria...
Honelako eszenak gomutaratzean euria hasi beharko luke. Beraz, euria ari zuen Bilbon. Lehenengo tanta geldoak baino ez ziren oraindik, baina argi nabari zen zaparrada zetorrela zeru ilun harekin. Jakabluaren lepokoak jasota abiatu zen Autonomiarantz (utopikoegia zatekeen Independentziarantz abiatzea). Camel bat iziotu zuen semaforoan. Manuelenera gosari oparo bat irenstera joateko asmoa zuen. Zortzi mila pezetarekin ez zeukan ospakizun handitarako, baina gosari eder bat ez zion inork kenduko.
San Frantziskorantz Zabalburuko lurpeko pasabidean barrena lerratzean entzun zuen supituki ahots bat gibelean.
Aupa, Mikel. Ez zaitez jiratu eta segi aurrera.
Agindutakoa bete zuen. Hasieran ikaratu egin bazuen ere, ezaguna zitzaion ahots hura. Hala eta guztiz ezin haren jabeari aurpegirik asmatu.
Kalean eskumatara kafetegi bat dago. Sartu eta eseri bazterreko mahaian. Beteta badago, irten.
Lurpetik eskailerak igo eta argia egin zenean ikusi zuen kafetegia. Agindutakoa bete zuen, bete behar izan zuen, kafetegi hondoan libre zegoen mahaian jesartzeraino. Ez zen jiratu. Erasotzailea izan zen parez pare eseri zitzaiona, paretaren kontra.
Koño!, Aneren lehengusua...
Jokin.
Hori da: Jokin. Ezin gogoratuta ibili naiz ba! Jaietan Dionisosen liburua eraman... Aizu, baina zertara dator misterio hau guztia? Ez jiratu, hor sartu...
Zaude lasai. Zer hartu nahi duzu?
Nik?
Zer hartu gura zuen berak? Gosari oparo batekin ospatu behar ez zuen ba soldata berria?
Atera patata tortilla pintxo bat eta ardo bat, berezia!
Jokinek ebaki bat ekarri zuen beretzat. Minutu erdian dena mahaian. Patata tortillari haginka egin eta Jokinek zuzen-zuzen begiratzen zion. Ardoari trago bat eman eta oraindik zuzen-zuzen begiratzen zion, isilean; ez zuen kikara ukitu ere egin. Bistan zegoen ez zela ospakizunetarako unea.
Mikel... gauza bat eskatu behar dizut. Ez nuke egin behar, eta jakin ezazu ez nukeela egingo beste irtenbiderik edukiko banu...
Pintxoa mamurtzen jarraitu zuen, ardo bereziari emango zion trago bikainean pentsatzen.
Barkatuko didazu modu honetan ekarri izana tabernara, baina esan dizut beste irtenbiderik banu, ez nukeela horrelakorik egingo...
Ardoa ez zegoen batere txarto, ez jauna, ez zegoen batere txarto.
Nahiko da, Jokin... hainbeste misterio eta hainbeste itzulinguru. Ezta ETAkoa bazina ere!
ETAkoa bainaiz.
Zer???
Baxuago hitz egiteko keinua egin zion Mikeli. Braust, tortilla pintxoaz ahoa bozatzea besterik ez zitzaion otu. Begiak mugimendu ikusezin etengabean hasi zitzaizkion, zuloetatik ihesteko zorian.
Trankil...
Oteizaren apostoluak baino zurrunago zegoen Mikel. Matrailezurra baino ez zuen mugitzen patatazko bola desegin ezinean.
Gehiago entzun nahi ez baduzu, zaude lasai, altxa eta alde egin, ezer gertatu ez balitz bezala. Ulertuko nuke, oso ondo gainera. Geratuz gero, zaude horrelaxe, isil-isilik, eta adi entzun esango dizudana. Ez ditut gauzak errepikatuko, labur izan behar du denak.
Jokin mututu egin zen tarte batez. Winston pakete bat atera zuen txaketatik. Mikeli begiratu zion, kalerantz ondoren. Erabakia hartzeko tartea uzten ari zitzaion. Zigarreta bat iziotu zuen, kezko herensuge beldurgarri bat putz egin. Mikel mugitzen ez zela oharturik, zigarreta beldurgarria eskaini zion hari ere. Azentu berezi bat baliatu zuen:
Esan dizut nongoa naizen, zera, zertan lanean ari naizen, nolabait esateko. Une txar batean nago eta ezin dut Bilbotik irten. Uste dut txakurrak usnaka ditudala, ez nago seguru...
Baina...
Lasai, egunotan galdu ditudala uste dut.
Baina jarraitu...?
Ezetz, joder! Orain isildu eta entzun. Egunkarian ikusi dut bihar Gasteizko gaztetxean joko duzuela.
Guk?
Zuen taldeak, laostia! Zuk entzun eta ez moztu.
Mikelek baietz egin zion buruarekin, ezetz esan gurarik.
Ezin naiteke Bilbotik mugitu, ahal dela ezkutuan egon beharra daukat; beno, ez dakit egoterik izango dudan; horrek berdin dio...
Jokin ere urduri jartzen ari zen. Beste Winston ketsu bat iziotu zuen.
Plastikozko poltsa honetan bilduta dagoen zera hau eraman behar duzu Gasteizera.
Mahaipetik, tabako pakete bat baino gutxi handiago zen zerbait pasatu zion plastikozko poltsa batean bildua.
Gorde poltsikoan eta etxean eduki bihar arte. Zuen kontzertura agertuko da norbait horren bila. Ezin dizut esan ez nor ez nolakoa den, neuk ere ez dakit oraindik. Hala ere azalduko diot nola-hala nor zaren.
Mikelek, lehor-lehor baitzuen eztarritik sabelerako tartea, ardo basotik edan nahi izan zuen ekintza erreflexu batean. Baina jadanik ez zegoen ardorik kristalezko kopa madarikatu hartan.
Egingo duzu? Esadazu ezin baduzu, eta akabo!
Mikelen erantzun bizkor bat erregutu zuten Jokinen begiek. Haren burmuinak, ostera, ez ziren erantzun bat antolatzeko gai. Bere lehengusuaren idazkariarena bezain entzefalograma laua bilakatu zitzaion istantean. Ezertan ez pentsatzearen plazerra sentitzen zuen gorputzaren atal psikikoan. Psikearen hazi isurtze antzeko zerbait.
Bai ala ez!
Bai... egingo dut... baina...
Eskerrik asko. Ez zaitut berriz honelako marroi batean sartuko, egon seguru. Ahaztu ikusi nauzunik, existitzen naizenik. Nik dagoeneko ez zaitut ezagutu ere egiten.
Zutitu eta Mikeli begira geratu zen, herensuge maitagarri bat bezala.
Ikusten? Oso erraza!
Eskua estutu zion Mikeli, eta irribarre bat trukatu zuten.
Egunen batean afari opari batekin ospatuko dugu, Mikel. Egunen batean...
Bost bat minutu itxaron zuen kafetegian, Jokinen gomendioari jarraiki. Ez zuen barran beste ezer eskatu, ez zuen nahi kasualitatez ere zerbitzaria bere aurpegiarekin gogora zedin. 303 segundoak zenbatutakoan, mahaitik altxa eta kafetegitik desagertu zen, amesgaiztoak desagertzen diren modu berean. San Frantzisko kalera abiatu zen Cantalojasko zubitik. Jakablu barneko patrikan zeraman pisu dexenteko paketea, eta haren ondoan txekea, pisu arinekoa. Txekea! Ahaztua zuen bere soldata eguna zela. Ordura arte kontziente izan ez balitz bezala, Jokinen inguruko amaraunak josten hasi zen, lotzen zituen ahala dardara nabarmenagotzen belaunetan. «Ze ostiatan ari haiz? Nola sartu haiz halako marroian? Tipo horrek ez dik eskubiderik beste barik halako egoeran ipinteko! Soldata eguna izorratu dik!». La Mercedeko zubian geratu zen ibaiaren pasaerari so. Arnasa sakon hartu eta Camel bat iziotu zuen, dromedario kearen efektu lasaigarriaren zain. Galderak oro nikotinazko laino batean gorde zituen, eta gauza arinagoez pentsatzen saiatu zen Somera kalean sartzean. Pentsa zezakeen, adibidez, nolakoa zen aurrean zihoan neskaren biluztasuna, zelako soldata izango zuten etxe pareko estoldak konpontzen ziharduten udal langileek... Langileak ordea, Manuelenean zeuden.
Baltz bat, Manuel.
Egun on lelengo, ezta?
Egun on, Manuel. Baltz bat.
Hurrup batean edan zuen zerbitzatzerako.
Ño... Letxe txarrean hator ala?
Beste bat.
Bai antza.
Ipini beste bat.
Heuk gura duan moduan.
Hirugarrengoz bete zion edalontzia, eta botila ere ondoan utzi. Udal langileak atenditzera joan zen tabernaria, nahiz eta Mikeli begirik kendu ez. Beste txikito pare bat atera zizkion bere buruari, harik eta Manuelek botila eta basoa kendu zizkion arte.
Hi, gazte! Holan ez dok ezer konpontzen!
Mikelek tabernariari begiratu zion lehenengo eta botilari gero. Paketeko azken Camela jo zuen.
Egia da, Manuel, baina ez naiz ezer konpontzera etorri.
Tabernariak begietara begiratu zion. Artean, eskuetan zituen edalontzia eta botila. Mostradorean utzi zituen berriz ere.
Heuk jakingo dok zer egin, baina etxoat ulertzen zelan jarri leiken pertsona holan neska batengatik.
Neska batengatik?
Apariziño horregatik egongo haiz holan!
Bai, klaro, apariziñoa...
Pasatuko jak, hartu behar duan mozkorra baino lehenago aukeran.
Bere Pietatea. Eman zion, bai, Manuelek arrazoi bat pentsatzeko, buruak beste norabait doan bidaiatzeko. Eta edateko ere bai... Nori eta nola esan behar zion bestela zergatik sartu zitzaion bat-bateko mozkortu behar hura. Botilaren eperdia baino geratzen ez zenean laga zuen. Makinari Camel pakete bat erosi eta etxera. Udal langileen janzki urdinak emakumeen saskien multikolorearekin nahasten ziren Somerako eguerdian.
Informatiboa ikusten ari zen Dionisos. Laster ohartu zen Mikelen balantzen eta begi gorrien zergatiaz. Gaztea egongelako ate hegiaren kontra zegoen geldi, irribarre tonto bat ezpainetan.
Jarri hadi, ekarriko deuat edalontzi bat hiri be.
Sukaldetik itzuli zenerako, Dionisosen edalontzitik edaten ari zen.
Eta? Ducados bat iziotu zuen.
Zer...
Ea zertara datorren hire mozkor xelebre hau.
Mikelek argitan jarri zuen basoerdia, ardoaren kolorean etorkizunaren berri jakin nahian. Jokin ikusi zuen barruan, eta zortzi milako txekea, eta Manuel, eta Pietatea.
Pietatea.
Zer dinok?
Nire Pietatea, ma prima Donna, horixe, eta ez besterik.
Kolpean hustu zuen, kalizatik odola bezala.
Lehengo eguneko neska?
Baibaibai...
Inoiz ez dok hartu orain baino lehen Zartateko Handia?
Zartateko Handia...
Ez dok sekula hartu, eztok? Hartzea tokatzen dok bat.
Dionisosek ere argitan jarri zuen basoerdia, ardoaren kolorean zerbait gehiago antzemateko.
Bihotzean benetan min emoten daben lehenengo zartatekoa izaten dok Zartateko Handia...
Tragoan hustu zuen Dionisosek ere.
...benetan min emoten daben lehenengoa.
Ba ote!
Bada liburu polit bat horren inguruan, erdi nobela baltza dena. Zelan du izena...
Denetarako daukazu zuk nobela bat!
Ixo! Galtzea metodo kontua da, Santiago Ganboarena, kolonbiarra. Oso ondo azaltzen jok Zartateko Handiaren egoera animikoa, tentsio handiko narrazio baten barruan... Eta lehengoan aipatu neuan Pennac horren liburu batean ere azaltzen jok halako sentsazio bat. Irakurri beharko heunke.
Mikelen irribarre hordiak ez zeukan berehalakoan jaramon egiteko asmorik. Beste Ducados bat sutu zuen Dionisosek, pentsakor.
Goserik badaukok, Mikel?
Ez.
Neuk be ez. Gaur etxoau bazkalduko. Mozkortu egingo gozak. Ekarri egik Remelluri botila bat despentsatik.