Berandu da gelditzeko
Berandu da gelditzeko
1999, nobela
280 orrialde
84-86766-92-3
azala: Pablo Galarraga
Unai Iturriaga
1974, Durango
 
 

 

—9—

 

— Negargura ematen jeustak zuen belaunaldiak. Ganorazko libururen bat irakurri dozue zuen bizitzan? Independentzia eta Sozialismoa! eta Euskal Herria Askatu! eta beste bost kontsigna... baina putaidearik ez iraganaz, ez urrunekoaz ez hurbilekoaz. Hik, adibidez, zer dakik karlistaldiez... Noiz izan zituan, zenbat... Putaidearik ez! Zer, Mikel, ez dok erantzun gura? Ba neuk erantzungo deuat: hiru, Mikel, hiru izan zituan karlistadak! Batzuk esaten jabek bi balira lez hartu leitekezela... berdin dok! Baina zuek ez dakizue ezer iraganaz, eta okerrena dok, ez deutsuela ardura... ez dozuela jakinminik be, hori dok okerrena, Mikel...

        Gautua zuen itzartu zenerako. Ilargiaren sabelak betetzen segitzen zuen; tartean behin ikusten ziren izar bakanen ñirñirekin nabari zitezkeen umearen ostikoak. Hodei urdin bat edo beste kenduta, harmonia umeleko gaua zen. Arratsaldeko lo sendagarriak izaten duen esnatze prozesuan zegoen Mikel: bekainak altxatu zitzaizkion mantso-mantso, zentzumena munduari zabaltzen hasi zen, gorputz adarrak osorik zituela ziurtatu zuen atzamarrak eta behatzak banaka zenbatuz. Plater hotsa zetorren sukaldetik. Larruazalaren dispositiboa martxan jarri zitzaion, egongelan izugarrizko hotza egiten zuela konturatu zen halako batean. Sukaldeko epelera joan zen korrika.

        — Zuk utzi duzu leihoa zabalik?

        — Bai.

        Patata tortilla bat izango zena egiten ari zen Dionisos.

        — Erotu egin zara? Pulmonia harrapa nezakeen!

        — Bestela itota hilko hintzen.

        — Itota!

        — Ducados pakete osoa erre joat hiri berbetan jardun bitartean. Egongelan oxigeno maila oso baxua zuan leihoak zabaldu dodazenerako. Sermoia botaten ari nintzuan. Eta asko erretzen joat sermoiak botaten dodazenean. Capicce?

        — ...

        — Gainera uste joat sermoiaren parte handi bat alferrikakoa izan dela. Konturatu nazenerako lo siku hengoen.

        Mikel aulki batean jesarri zen, bere burua besarkatuz berora itzuli asmoz.

        — Dena dela, gustatu zait hitzaldia.

        — A bai?

        — Bai. Batez ere tonua.

        Poztu egin zen Dionisos.

        — Berba egiteko daukazun fraile tonu hori oso egokia da loan astiro erortzeko.

        — Koño!

        — Benetan! Uste dut denbora guztian egon naizela zure hitzen murmurra entzuten. Gustatzen zaizkit halako boz grabeak kuluxka bat egiteko. Umetan aspiradoraren atzetik ibiltzen nintzen, motorraren zarata epelaren atzetik...

        — Mila esker. Ikusten joat nire hitzaldiaren zein alderdi hausnartu duan, animalia horrek. Pozten nok!

        — Ez eman eskerrik, On Dionisos...

        Lepoko bi eman zizkion, eta barrez lehertu zen. Beste hainbeste egin zuen Dionisosek ere. Eta ondoren basokada bat ardo hartu zuen bakoitzak.

        Patata tortilla ikaragarria egiten zuen, benetan ona. Ia bere amarenen pare jartzen zituen Dionisosenak; jakinik ere ez dagoela norberaren amarena baino patata tortilla hoberik. Hala behar du eta, ez bada ere, hala esan behar da. Amen sailkapenean hamar puxtarri dagozkio patata tortillari, ezin baita norberaren ama toki txarrean utzi.

        — Zenbat arrautza bota dizkiozu?

        — Bi.

        — Zelan egin duzu hain handia birekin?!

        Erantzunari garrantzi handiagoa ematearren, trago sakona ostu zion ardoari.

        — Lehenengo arrautza bi bota jautsoazat asuntoari. Ondoren beste horreetako sei hartu joazat irabiatzeko!

        — Bikain, alajain!

        Denbora batez beren ezpain moretuen artetik patata tortilla eta ardo gehiago irensten jarraitu zuten. Dionisosek gorri eta txinatar zeuzkan begiak.

        —Osteratxo bat egingo joagu afalostean?

        Platerak harraskan uzten ari zen Mikel.

        — Zergatik ez.

        Hamaikak aldera agertu ziren La Villara. Mikelek bazuen itxaropen txiki bat bere barrenean, ez zituela koadrilakoak aurkituko. Ez zen Dionisosekin maiz irteten juergan, eta halakoetan nahiago izaten zuen buruz buru ibiltzea. Dionisosi ez zioten grazia handirik egiten Mikelen koadrilako berriketek. Pare bat aldiz izanak ziren koadrilarekin, eta ondorio berera iritsi izan zen beti: patetikoa! Alabaina, esperantza apurrak pikutara joan ziren taberna barreneko mahaietan koadrilakoak ikusitakoan. Jonek agurtu zituen eskua jasota. Han ziren Ane eta Txapli, eta baita Muturbeltz eta Tito ere. Azken biak ez ziren izatez koadrilakoak, baina Txapliren bitartez sarritan elkartzen ziren Zuria Beltzekoekin. Bikote berezia Tito eta Muturbeltz, senar-emazte bereiztezinen antzekoa.

        — Gabon! Hau Dionisos... ezagutzen duzue.

        — Bai, noski. Gabon.

        — Kaixo.

        — Eup.

        Isilunea egin zen mahaiaren bueltan iritsi berriei lekua egin bitartean. Garagardo pitxer batzuk zeuzkaten han-he men, tabako paketeak, eta erretzeko papera nonahi. Jon kanuto bat biltzen, Ane bere ezinbesteko ebakiari hurrup laburrak egiten. Txaplik apurtu zuen mutualdia, ohi zuen gisan, galdera brillante batekin:

        — Dionisos, jarraitzen duk liburuak irakurtzen?

        Eztulka eta barrez lehertu zen Jon. Baita gainerakoak ere ondoren, Dionisos bera barne. Titok eta Muturbeltzek ez zuten deus aditu. Baina besterik ezean, Txapliren galdera orijinalak lortu zuen giroa lasaitzea. Mikel eta Dionisos agertu aurreko berriketei eutsi zieten denek, bakoitzak bereari. Muturbeltzek eta Titok euskera gehiegi kontrolatu ez arren, Anek bere euskera petoan esplikatzen zizkien zirenak eta ez zirenak, guztiz ulertezinak. Txaplik eta Jonek kasurik ez; txokolate dastaketan ziharduten, bataren edo bestearen kostoa hobea ote zen.

        — Sentitzen dut, Dionisos. Bakarrik egongo ginela espero nuen...

        — Uste dok ez nazela honeekin konponduko? Gaur baikor najagok eta holakoetan edonorekin konpontzen nok. Egon hadi lasai. Anerekin be berba egingo joat gaur beharbada.

        Harridurazko keinua marraztu zen Mikelen aurpegian.

        — Tira... zer edango duzu orduan?

        — Patxarana.

        — Eta zuek, edateko?

        — Garagardoa herriarentzat, eta bakea eta osasuna hildakoentzat!

        Edariekin bueltatu zenerako Anerekin berriketan ziharduen Dionisosek. Bare ari zirela zirudien. Harritzekoa! Normalean eztabaidatu baino ez baitzuten egiten. Politikaz borrokatzen ziren, edo literaturaz, edo edozertaz, orotaz eta orotarik... Baina egun hartan lasai antzean zihoazen kontuak. Txapli eta Titoren artean jesarri zen Mikel.

        — Ikusi duk egunkaria? Kontzertua ez duk zapatuan, bihar baizik. Eta gainera ez duk Gipuzkoan...

        — Gasteizen duk. Irakurri diat, bai. Hik dauzkak potroak!

        Lepoko bat eman zion Txapliri, eta honek barre batekin erantzun zion, noski. Gasteiz aipatzearekin batera gogoratu zen Jokinez, hark emandako paketeaz... Gomutak azkarregi hasi zitzaizkion burmuinetako autopistetan zehar. Geratu beharreko jarioa.

        — Pasa kanuto hori, Txapli, atzoskolak erre behar dizkik bestela.

        — Trankil, motel.

        Hiru upakada luze eman eta, ohiko teknikarekin, buruan zebilzkion ideiak lainotan ezabatzen saiatu zen. Lortu zuen, baina ez erabat. Txapliri xuxurlatu zion belarrira:

        — Zer moduz gaude botika aldetik?

        — Fenomeno!

        Hortz ustelak agertarazi zituen irri batekin.

        — Goazen ba.

        Komunera abiatu ziren. Goiz xamar izaki, tabernan ez zebilen jende asko, eta beraz komunean ere ez... Muturbeltz eta Tito izan ezik.

        — Sorpresa, Txapli! Guk ere nahi dut...

        — Guk ere nahi dugu, Tito, ¡que no te enteras!

        Txandaka konpondu zuten afera, oraindik ez baitituzte komunak zerbitzu hauetarako leku erosoz prestatu lau lagunentzat. Koadrilara itzuli zirenerako bazeukaten beste erronda bat. Patxada ederrean berriketan ari ziren Dionisos eta Aneren solasera hurreratu zen jakinminez.

        — Niri lehena eta laugarrena gustatu zaizkidak gehien.

        — Ba niri danak. Tipo hori akojonantea iruditzen jatan! Akojonantea. Esan neutson lehengoan Mikeli... e Mikel!

        Baiezkoa egin zion buruarekin, zertaz ari zen zehazki jakiteke. Imajinatzen zuen idazleren bat izango zela.

        — Ez neuan esan Pennac akojonantea zuala?

        — Bai.

        — Ba hara hemen beste bat gabatxo horren sareetan jausi dena!

        — Hara ba! Behingoagatik bi parnasokide bat datoz euren iritzietan.

        — Hoa pikutara!

        — Utziozu, Dionisos, sinpleegia da.

        — Eskerrik asko, Ane. Segi zuen zakilki horri buruz hizketan. Ni ezjakinen sektorera noa. Hor behintzat futbolaz, ipurdiez eta titiez jardun liteke.

        — Babua!

        Beste birra erronda batzuk eta beste lerro pare bat ere joan ziren ondorengo orduetan. La Villatik Lasaira eta Lasaitik La Villara. Denak batu ziren lerroen txanda berrira, Ane aurrena, noski, kortesiaz. Dionisosek edaten zituen bata bestearen ostean patxaranak! Baina mesfidati baino gehiago zegoen bere kide gazteen komunerako bueltekin.

        — Zer daukazue, koka? —galdetu zion Mikeli.

        — Ez gara hainbestera heltzen. Speeda baino ez.

        — Berdin dok, neuk be gura joat.

        — Zer?

        — Neuk be gura dodala, ze ostia! Etxoat sekulan probatu, eta gaur probatu egin gura joat... potroen puntan jartzen jatalako!

        — Ondo dago, gizona. Esango diot Txapliri.

        Keinu bat egin zion. Txantxetan hartu zuen hasieran. Ez zen eskaintzen ausartu gero. Baina komunean ziren minutugarrenera. Aurpegi serioarekin irten zen Dionisos, ahoa artean patxaranez pasta-pasta. Ez luzerako, laster batean ekin zion berbaroari, Anerekin. Elkarri txanda janez jarraitu zuten huntaz eta hartaz. Hirurak alderako jaso zuten desenbarku agindua, Ruperren kantu baten bidez. Azkenengo tragoak hustu eta gauaren hotzera irten ziren.

        — Eta orain zer?

        Jonek baino ozenago errepikatu zuen galdera Dionisosek:

        — Hori, orain zer!

        Gorputzak edaria eta martxa eskatzen zizkion. Seinale arriskutsua.

        — Al Antxoki... estoo... Antxokira... hori da.

        Taxian joatea proposatu zuen Dionisosek, berak ordainduko zuela.

        — Zertarako da, ba, dirua!

        Muturbeltz, Tito eta Dionisos taxi batean. Ane, Mikel, Txapli eta Jon bestean.

        — Sosak xahutzeko dira, gure eskuetatik besterenera pasatzeko, eta hark beste bati, eta hark hurrengoari... Horrela, katea eginez, azkenean beti itzuliko da geure eskuetara, ulertzen?

        — Bai ba. Halaxe da eta hala izan behar du.

        Jendetxoa zebilen Antzokian. Gazteak (ikasleak gehienak) eta ez hain gazteak. Askok eta asko mozkorraren gorenean. Berdintsu Zuria Beltz koadrila.

        — Garagardoa denentzat eta patxarana niretzat
—kostata, baina agindu ahal izan zion Dionisosek kamareroari.

        — Neuri be atarako deustak bat ezta?

        — Koño, Edorta!

        Dionisosek lepoko bat eman zion gizonari, hura ere erdi balantzaka, kaña izandako baso huts bat eskuan. Biribil xamarra zen, urdintzen hasitako bizarra eta ilajea.

        — Tipo hori ez da idazlea?

        — Baliteke, bai.

        — Asko ibiltzen duk hemendik... Hemen biltzen dituk parrandan euskal kulturako OPIak!

        — Bai e?

        Jon sartu zen Mikel eta Aneren arteko zirikada ulertu ezinik, baina kanuto bat ondo egiten jakinik.

        — Nik lehen asko ikusten nuena zera zen... beste bertsolari hori... patilladuna...

        — Iturriaga!

        — Hori, hori: Iturriaga. Aspaldi ez dut ikusi. Baina lehen sarritan, beti mozkor-mozkor eginda, egundoko betekadarekin.

        — Ba! Estetika hutsa!

        — Deskarauki!

        Berriro komunera buelta eta beste lerro bana jira. Idazlearekin berriketan jarraitzen zuen Dionisosek, hari kañak ateratzen, argiago esanda. Muturbeltz eta Tito barre algara etengabean, Jon eta Ane kanuto bat erretzen, Mikel rock talde ospetsu baten inguruan iritzi zentzuzkoak josi nahian... tipo xelebre bat inguratu zitzaienean, ile kiribileko sasoiko gizona, berrogeien bueltan ibiliko zena.

        — Kaladatxu bat emongo deustezue, ezta?

        Kanutoaren usainera babestua, garagardo batzuk hartzen geratu zen haiekin. Bidaia eta geografia sinesgaitzez betetako istorioak kontatu zizkien, Gadaffi, Hitler, Arzalluz eta hainbat izen nahasiz istorio berean. Benetan bizitako legez botatzen zituen. Inongo lurretatik bidaiatzen ibili ziren gizon haren kontuen eta erre-sartu-edandakoen harira. Antzokiko argiak piztu zirenean, Baader-Meinhofeko militante batekin nola topo egin zuen kontatzen ari zitzaien.

        — Parisko hotel batean...