Berandu da gelditzeko
Berandu da gelditzeko
1999, nobela
280 orrialde
84-86766-92-3
azala: Pablo Galarraga
Unai Iturriaga
1974, Durango
 
 

 

—13—

 

Astelehena mantso jaiki zen igandearen lozorrotik. Astelehen bihurtu zen inolako azalpenik eman barik. Astelehen puta bat bihurtu zen, beraz. Beste hogeita lau ordu eskaini behar zizkien produkzio indarrei eta hauen kudeatzaileei, euren egutegietan kontuan har zezaten. Inor ez baitago prostituitzetik salbu, ez inor ezta ezer ere. Otsailak bere burua saltzen du lau urtean behin, agendetan egun bat gehiago izatearren. Protagonismo arazoa azken batean. Euria bera ere prostituitu egiten da. Aldian behin milaka tanta suizidarazten ditu Euriak, hortxe dagoela demostratzeko, besterik gabe bere ospea areagotzeko, zerbait izaten jarraitzeko, milaka tanten buru-hiltze tragikoaz ohartzeke. Ez da, bada, gauzetan eta izakiengan hain ohiko den jarduera horretatik hain urruti ibiliko gizakia. Erran nahi baita, gizakia ibili dabilela prostituzioa praktikatzen, egun bat bestearen ondotik, gorputza edo arima saltzen.

        9:45am. Somera kaleko 13ko bigarren solairuko komuna lurrun laino batean bildua zen. Dutxapean egiten zituen Mikelek gogoetok. Aurreko astean ez bezala, honetan oroitu zen lehengusu majaderoarentzat egin beharreko artikuluaz. Zortzi t'erdiak aldera jotako telefonoak artikuluarekin zer ikusirik izan zezakeela otu zitzaion, baina gogoan zuenez, telefonoari nahi beste aldiz aiene egiten utzi zion. Bizitza gogorra telefonoena, beti aieneka orgasmora inoiz iritsi gabe. Ailitez hel!

        Dutxatik irten zenerako italianak etxe osoan zehar barreiatua zuen kafearen usain sentsuala. Miretsi egiten zuen tresna hura, erakargarria zitzaion. Ipurdian muxu ematekotan egon zen. Eskerrak gogoratu zen jaso berri zuenaren beroaldiaz! Estreinako kafe hurrupadarekin utzi zion tresnak pertsonifikatzeari. Umetandiko joera hura ez zuen gogoko baliabide literario moduan, eta gainera, psikologikoki kezkagarria iruditzen zitzaion.

        10:20am. San Anton zubia zeharkatu eta Bilbo Zaharrean sartzen ari zen Mikel. Elexalde taberna kanpoan ez zegoen ohiko terrazatxoa. Ateri zen arren, mehatxu keinua zuen zeruak. San Frantzisko kalean gora abiatu zen, erdi pareraino. Papertxo batean idatzita zituen bi auzo elkarteren helbideak. Lehengusuak esana zion lehenari bakarrik kasu egiteko, bigarrenak betikoak zirela-eta. Dionisosen Yashica zaharraz erretratuak egitea erabaki zuen. Eskola bateko patioan umeak futbolean. Taxistak mesfidati, banku batean eserita zeuden hiru gazte ikatza baino beltzagori beha... Hau guztia zeru grisaren azpian. «Zuribeltzerako argazki egokia!», pentsatu zuen. Hipnotizaturik bota zituen argazkiak: ijito pare bat estankotik irteten, jonkia bere existentzia urria espaloian behera eramaten, Sierra Leonako ume bat semaforoan geldi... Ahanzturaz, pobreziaz eta marginalitatez jazarritako auzune baten argazki zuri beltzekoak, Sebastiao Salgado harenak bezalakoak. Txirotasun eta miseriaren aurrean distantzia fokala kalkulatzen hasten diren argazkilari horiek egiten duten tankerako erreportaia egiten ari zen: kakaputa bat. Mikelek fotografiaz ezer gutxi zekiela esan gabe... are patetikoagoa zen erreportaia.

        — ¿Oye tío, a qué hostias haces fotos?

        — Zer?

        Ijito mehe bat ikusi zuen atzera jiratutakoan.

        — ¿Qué cojones estás retratando, mamón?

        Hiru gaztekote hurbildu ziren, ikatza baino beltzago haiek.

        — ¿Pa qué son fotos?

        — Soy periodista...

        Jende gehiago etorri zen ingurura. Ez zion inork aurpegi onez begiratzen.

        — Estamos hasta los cojones de reportajes y chorradas, ¡Los reportajes pa tu puta madre! ¿Entiendes? ¡Hasta los cojones de periodistas y policías! ¿Me explico?

        — De acuerdo, tío, no pasa nada.

        Yashica ireki eta karretea kendu zion. Pelikula belatzen ari zen ertzain patrulla bat agertu zenean.

        — ¿Qué hostias pasa aquí?

        Morroskoak zabalak zituen sorbaldak, eta hauen gainean, erdian, buru karratu bat. Robocop zen.

        — ¡Eso! ¿Qué hostias pasa aquí?

        Bigarrena ere ez zen mikoa, baina aurrekoaren aldean argala. Ilaje hori batek estaltzen zion zerebro faltak utzitako zuloa. Inor erantzuten hasi orduko, ijito txikiak hanka egitea lortu zuen lurruntzeko sistema berezi baten bitartez, baina hormaren kontra jarri zituzten hiru beltzak. Ertzainek miatzen zituzten bitartean, espaloitik igarotzen zen jendeak ez zion gertakariari arretarik ipintzen.

        — Aizu!

        — ¿Qué?

        — Hiru horiek ez dute ezer egin...

        — ¿Eso es euskera, no? Pues háblame en castellano... mesedez!

        Mikeli Mieltxo Saralegiren harriarekin bekokian jotzea pasatu zitzaion burutik, baina ez zuen egin, goiz hartan ez zuen magnesiorik hartu.

        — ¡Te digo que esos tíos no han hecho nada!

        — ¿Y eso qué importa?

        — ¿Cómo que qué importa?

        Dokumentazioa. Afrikarrek urduri eta amorruz atera zizkieten paperak. Ile horia Mikelekin tematu zen.

        — ¿Qué hostias pasa? ¿Te vas a quedar ahí parado?

        — Es que esos tíos no han hecho nada.

        — Mira majo, amigodelosdesheredados... Nos han llamado diciendo que tres negratas estaban acosando a un periodista. Y cumpliendo con nuestro trabajo, los hemos retenido. ¿Te parece mal?

        — Resulta que el periodista soy yo.

        — ¿Y?

        Ertzainari begi-ninietan ikusten zitzaion burmuinaren ausentzia.

        — Pues eso... que me parece una pasada que funcionéis así.

        — ¡Oye Roberto!

        Robocopi deitu zion. Bizkitartean, hiru gazteek kotxe-pa trullaren gainaldetik paperak berreskuratu eta ziztu bizian alde egin zuten.

        — ¡Vente pacá, que aquí tenemos a uno de esos periodistas listillos! Dice que le parece mal cómo funcionamos.

        Metro laurogeita hamabost paseak izango zituen Robocopek, ehun eta hogei bat kilo. Lepo gaineko buru karratua gihar bat gehiago besterik ez zen gimnasioko produktu hartan. Mikelek espaloiko harlauzak zenbatzeari ekin zion.

        — ¿Te ha comido la lengua el gato?

        Jendilaje honek aurrez egindako esaldiekin funtzionatzen du beti, esaldi propioak sortzeko ezgauza.

        — A mí me la ha comido el gato, y a vosotros se os han escapado los ratones.

        — ¡Bueno, y qué hostias! ¡Ya pillaremos a otros tres después de tomar el café!

        Eta barrez hasi zen bere ateraldiarekin. Funts gabeko barre ozena, aho bete barre, zerebro hustuaren barre okada... surik hartzen ez duten trajez jantzia. Mikel joan egin zen besteko barik. Amorraturik, beldurra sentitu zuelako. Amorraturik, uniformez jantzitako bi babu haien harropuzkeriarengatik. Amorraturik polizia puta bi baino ez zirelako. Inongo motiborik gabe oroitu zen bere anaiaz, eta polizia bikain bat izan zitekeela iruditu zitzaion.

        Etxean, Dionisosen ordenadoreko Worda zabaldu zuen. Bi aukera zeuzkan artikulua idazteko. Ezer gertatu ez balitz bezala, artikulu bat asmatu. Edo bidean zetorrela otu zitzaizkion guztiak bota. Erdibidea hautatu zuen. Gertatutakoak kontatuko zituen, argazkiak egiten hasi zenetik San Frantzisko behera alde egin zuenera artekoak. Periodistikoki zuzena, aseptikoa, burutapen eta iritzirik aipatu gabe; objektiboa, alegia. Egindako lanaz harro, inprimatu eta paper denda bateko faxez igorriko zuen Alberdi jaunaren erredakziora. Txanda itxaroten zuen bitartean, lehengusuaren idazkariaren boligrafoaz gehitu zuen ohar bat: «Oharra: artikulua irakurri baduzu, ohartuko zinen nire argazkiak pikutara joan direla gertaera lazgarria jazo delarik. Artxiboan edukiko duzue San Frantziskoko argazki deigarriren bat!».

        Gainetik kendua zuen artikuluaren zama. Bazituen zalantzak, erreportaiaren kariaz beste zamaren bat ere joango ote zitzaion gainetik; hau da, lanarena. Bost axola! Bazekien zer egin zuen artikulu hura idaztean, baina kontrakorik egitea ez litzateke ondo egongo. Eta halaber, bazekien bere lehengusuari bost axola ziola ondo eta gaizki dagoenak. Hark idazki tentel bat baino ez zuen gura bere astekari txatxu baina errentagarrirako. Popatik!

        — Baltza, Manuel!

        — Lehenengo egun on, eztok?

        — Egun on.

        — Ea ba, ea ba...

        Manuelek edalontzi txiki bat eta botila ardoa atera zituen mostradorepetik.

        — Agurra be ahaztu egin dozue zuek!

        — Barkatu.

        — Ze barkatu eta barkatu ondoko! Zeuek galdu dozue, ez nik!

        — Barkatu, Manuel.

        — Ez eskatzeko niri! Zeuen buruari eskatu!

        — Manuel, barkatu...

        Mikelengana jaso zuen bista. Kokoteko bat eman behar ziola adierazten zuen zerbaitek.

        — Zera... esan gura nuen... baltz bat eta tortilla pintxo bat...

        Manuelek botila ardoari kolkotik helduta jaso egin zuen, botila esku batean eta ukabilean bildurik bestea. Mikel besoarekin babestu zen, kolpearen zain. Pare bat segundo pasata, tabernaria artean jarrera berean geldi ikusirik, ezin izan zion barreari eutsi. Okerrena gerta zekiokeen arren, Manuel ere barrez hasi zen. Tortilla pintxoa parean jarri zionean ere barrez jarraitzen zuen Mikelek, atzera-aurrerako mugimenduan. Eta halako batean, barraranzko aurrerakoan, kokoteko dotore bat eman zion gizonak, eskuaren zabalera egokiaz, abiadura ona eta distantziaren laburra kontuan izanik. Dudarik gabe, kokoteko gogoangarri bat!

        — Tok! Hire tortilla!

        — Hori ezin zaio bezero bati egin!

        Errea sentitzen zuen kokotean.

        — Egon hadi isilik!

        Eskuak lehortu zituen zapi batean. Paretan zuen erlojuari behatu zion.

        — Bost minutu jekoazat berba egiteko. Zeri buruz egingo joagu?

        — Ez dakit ba...

        — Henbrataz?

        — Baa...

        — Deakuerdo, henbrak —kamara gainean jarri zuen ipurdia—. Azkenengoz, noz egon haz bategaz?

        — Zapatuan... beno, domeka goizean.

        — Ondo. Eta?

        — Zer...

        — Ederra zuan bai ala ez?

        — Ba bai.

        — Nongoa.

        — Neure herrikoa.

        — Ez dok jenero txarra hire herrikoa, etxagok txarto... Eta?

        Gaizki ulerturik egon ez zedin, esku keinuz lagundu zuen galdera, eskiatzailearena eginez.

        — Ez.

        — Ez?

        — Ez.

        — Zer ba?

        — Ez nuelako nahi izan.

        — Gura ez?

        — Gura bai, baina...

        — Ba, orduan?

        — ...ez.

        Mikelek platertxoan geratzen ziren tortilla eta ogi apurrak batu zituen atzamar puntekin. Manuelek bere ipurdi zaharra kamara gainetik kendu eta zutitu egin zen, kieto, gazteari begira.

        — Gu biok lagunak gozak, eztok?

        — Bai.

        — Marikoia haz?

        — Ez.

        — Ba orduan majadero bat haz! Kito!

        Manuelek erlojuan erreparatu zuen.

        — Akabo bost minutuak, barriro be lanera! Gero arte.

        Sukaldean sartu zen ardo kaxa batekin. Manuelen gero-artea «eginda dago!» bezala ulertuta, ordaindu gabe alde egin zuen Mikelek. Ogia, tipula eta azenarioak erosi zituen beheko dendan, lentejak jarri behar baitzituen. Hamabiak pasatxo ziren etxeratutakoan. Presaka zabaldu zuen atea. Tipulak beren kabuz sartu ziren, lurrean jauzika. Telefonoa ari zen.

        — Bai, esan?

        — Mikel?!

        — Neu naiz.

        — Mikeeel!

        Ezaguna zitzaion orroa, bere bigarren lehengusuarena, Luisena, aitaren lehengusuaren semearena.

        — Zer arraio da bidali didazuna?

        — Artikulua, horixe besterik ez: artikulua.

        — Joño, joño! Beraz hau da zure ustez gure astekarian bariku honetan plazaratu behar den artikulua...

        — Ba bai.

        — Oso ondo, Mikel, oso ondo.

        Luisen arnasa aditzen zen aurikularrean.

        — Ba, ezer ez... Goraintziak aitari eta amari hurrengo ikusten dituzunean.

        — Zeure parteetatik!

        Klonk. Halakoxea baita behar bezalako telefono batek eskegitzean egin beharko zukeen zarata. Bere buruaz harro zegoen tipulak lurretik jasotzean. Hasieratik egin behar zuena egin zuen: bere bigarren lehengusu nazkante hura popatik hartzera bidali, horixe!

        Armairutik lapikoa ateratzen zuen bitartean pentsatu zuen diru hura premiazkoa zuela, ezin zitekeela beti inoren kontura bizi. Baina batez ere, lehengusuaren bulegoko leihotik ikusi izan zuen emakumea etorri zitzaion akordura. Ez zuen gehiago ikusiko... baina c'est la vie!, beti geratuko zaigu Paris!

        Dilistak, azenarioa, tipula eta tomate buru bat zatitan. Horra hor sekretua. Dionisos ordu bata t'erdietan heldu zen etxera, eltzea azken pil-piletan zegoenean justu.

        — Ez zeuntseen tomaterik botako, ezta?

        Dionisos bere buruari txikito bat zerbitzen ari zen.

        — Tomatea? Ez.

        Denbora lerro bateko kontua da narratiban. Horra hor.

        — Tomaterik ez daukiela? Gezurti kabroia!

        Hortzartean ez honako eta ez harako geratu zitzaion tomate azal bati tiraka ziharduen.

        — Erdi bat baino ez diet bota...

        — Erdia?

        Lortu zuen haginartea libratzea. Plater ertzean laga zuen delituaren froga.

        — Kaguenlaostia, Mikel! Niri... zelan esango deuat... niri tomatea gustatzen jatak, benetan. Baina joder! Aspaldi honetan edozeri sartzen deutsek tomatea... porruei, lentejei, babei. Eta laostia, hori be eztok!

        — Sentitzen dut Dionisos.

        — Sentitu eta sentituondoko!

        — Aspaldian, antojo bat balitz legez ari naiz tomatearekin.

        Gaixotasun ezkutuaren sintomak azaldu behar zizkion.

        — Dionisos...

        — Bai?

        — Uste dut haurdun nagoela!

        — Hireak etxaukok erremediorik.

        Kafea eraman zion egongelara, tomatearena eta gero Dionisosekin adiskidetu beharra baitzeukan.

        — Botila ardoa ere ekarri dut badaezpada... gerorako.

        — Orain koipe emoten?

        — Esne pixka bat?

        — Apur bat.

        Mikelek hutsa. Hona beste denbora lerro narratibo bat.

        — Lana galdu dut...

        — Zer?

        — Lana utzi dudala.

        — Lehen galdu esan dok!

        — Beno... biak batera.

        — Koño! —butakaren lepoan atseden hartu zuen—. Eta hori zelan?

        — Gustatuko ez zitzaiola banekien artikulu bat bidali diot.

        — Aja.

        — Banekien gero deitu egingo zidala, eta deitu didanean popatik hartzen bidali dut... Holan.

        — Beraz, aurretik jakin dok lana galduko henduela, eta gainera egin egin dok.

        — Ba bai.

        — Oso ondo, Mikel, oso ondo.

        — Ez da hainbesterako!

        Mikelek irribarre zerutiar bat zuen ezpainetan.

        — Eta... hik zer pentsatzen dok bizitzari buruz?

        — Ez dakit ba...

        — Lana gustuko ez duanez, itxi egin dok, bape barik geratuko hazena pentsatu barik, lan horrek emoten deuan diruaz pentsatu barik...

        — Ez da holan be.

        — Ez holan ez bestelan! Hik heuk irabazten heuan diru bakarra zuan! Eta orain ba al dauka berorrek beste ezer egiteko asmorik? Edo denboraldi batez ezer egin gabe geratuko da lasai-lasai...

        — Ba...

        — Hik daukok azala hik!

        Ducadosak hartu eta danbateko batez itxi zuen bere logelako atea. Berriro ireki zuen, burua atera ere egin gabe oihukatzeko:

        — Mikel! Hik dakian beste liburu hori aste honetan agertzen ez badok akabatu egingo haut! Konforme?

        Danba! Danbatekoa.

        Potrohandi bat zen, besterik ez. Babu potrohandia, horixe baino ez! Eta gainera, inoren kontutik bizi zen babu, potrohandia! Behingoz lan bat lortu, hala esan badakioke, lanik eskatzen ez duen lantxo bat, eta ideologikoki ados ez zegoelako pikutara bidali. «Tori lezioa ideologikoa!». Eta gainera, amatxori hileroko laguntza eskatzen jarraituko zuen, kapritxoetarako lain izateko! Mikel bere buruarekin enkontru serio bat izaten ari zen, gailurra deitzen zaion horietakoa, Meeting Appoint. «Hara hemen gure ideologoa! Hain tipo guaia haiz, ez dioala sekula salduko heure lan indarrik hire ideologiarekin bat ez datorren inori! Oso ondo, Mikel, oso ondo! Ertzainak putakume batzuk dituk!, eta hik ezin onik izan begien aurrean ikusitako gertakari hura kontatu barik! Nola ba? Benetako kazetari batek ezin dik egia ezkutatu! Babua... Eta hire lanean ideologikoki hain zuzena haizen artean, Dionisosen etxean biziko haiz, haren lepotik. Eta hilero amaren laguntza, iraultzaile finen gisan! Hogeita sei urte, eta oraindik kolpe zorririk jo gabe! Eta ez aspertzeko, jakina, musika taldetxoa daukak hobbytzat! Edo bestela, tartean behin, ETAko horiekin katigatzen haiz, denbora pasatzeko...! Patetikoa! Eta gero zer? Ez lanik, ez dirurik... Aberats baten alabarekin ezkondu beharko duk! Hi...? Astoa atzerantz baino zatarragoa haiz-eta! Zer bihurtuko haiz osterantzean, hippy? No war, no work! Hoa pikutara, Mikel! Hogeita batgarren mendeko hippyen karabanek igerileku eta minigolfa izango ditiztek denek, eta naturista partikular bat...».

        Puntu suspentsiboetarako kalean zegoen. Ezin jasan bere buruaren jipoia. Etxeko lau hormak ringeko lau ertzak bilakatu zitzaizkion. George Foremanen eskuin krotxeta zuen Kontzientziak. Arnasa behar zuen, airea... eta tabakoa... eta ardoa. Manueleneko makinan Camel aukeratzen ari zela eskatu zuen:

        — Baltz bat, Manuel.

        — Lehenengo arratsalde on, eztok?

        — Arratsaldeonmanuelbaltzbat!

        — Koño, koño... Erretxinduta?

        — Bai.

        — Orduan botila bertan itxiko deuat. Ni sukaldera najoiek andreari esku bat botaten.

        Mikelek kulo utzi zuen botila orduerdigarrenean. Hamahiru zigarro falta ziren Camel paketean. Begiak gorri, batetik besterako irribarrea ezpain moretuetan, koloreak matrailetan... froga zientifikorik izan ez arren, baieztapena egin zitekeen: mozkortuta zegoen. Lortu zuen helburua. Bere buruaren sermoiak ardotan eta ketan itoak ziren, itsaso gorrian laino egun batean naufragatzen duten potinak legetxe. Akitu zuen Kontzientzia, bakean lagako zuen behintzat. Ordaindu gabe alde egin zuen Manuelenetik.

        Beste hiru ardo jo zituen Somera kalean. Aurpegiera okerrekin begiratzen zioten agureak baino ez zebiltzan tabernetan, agure txapeldunak, zutik eta geldi, otxote bat kantatzear dagoenean bezala. Poteo erreinutik Zuria Beltzekoen ohiko tabernara joan zen, bai baitzekien oso probablea zela Jonekin topo egitea. Kanuto bat erretzeko gogoa zeukan. Ardozko itsasoan naufragatu zuten ideia haiek desegin nahi zituen urpeko harkaitzen kontra.

        — Aupa Mikel!

        Txapli bere kolega birekin zegoen tabernan, auzoko trapitxero bi.

        — Kaixo Txapli...

        — Oraintxe bertan alde egin dik Jonek, pankarta batzuk egitera edo.

        — Sinesten diat.

        Barraren kontra jo zuen hondoa Mikelek potinak. Txapli ohartu zen haren egoeraz.

        — Mahaspasa galanta...

        — Bai... atxur ganorabako bat, mozkor indezentea... Horixe!

        — Laguntzarik behar duk? Nahi duk biok mozkortzea? Nik ez zeukeat beste zereginik.

        — Eskertzen diat, baina ez.

        — Kostoa, speeda? Koka ere lor zezakeat...

        — Porro pare bat! Horixe eskertuko nikek.

        Txaplik bere kolegetako bati zerbait esan zion belarrira. Honek eskua patrikan sartu zuen, bide batez potroei hazka egiteko aprobetxatuz. Kosto arrautza bat atera zuen.

        — Tok, Mikel! Egik bidaia bat Saharako basamortutik!

        — Eskerrik asko.

        — Ez duk ezer. Zertarako dituk lagunak!

        Peta bat erre zuen Txaplirekin eta kolegekin. Kosto ona zenbat garestitu den eta pilulak zein merke dauden komentatu zuten, merkatuan arkumearen prezioaz hitz egiten duten emakumeen moduan. Mikelek balantza baino ez zuen egiten mostradorean. Ardoa hustu ahala hustu zuen tabernan bete zuen espazioa, aire!, edozein Oteizazaleren estiloarekin.

        — Zer pasatzen zaiok hire lagun horri?

        — Burukomina dik.

        — Neuk ere sarritan izaten diat, baina ez nauk horrela jartzen.

        — Baina ez duk burukomin bera motel! Hiri kanpokoak ematen dik min, kaskarrak! Eta horri barrukoak, zerebeloak! Capicce?

        Txaplik Vito Corleonerenak egiten zituen bitartean, Ronda kalean behera zihoan Mikel... Zeren bila ez zekien arren, liburu dendan sartu zen. Bi gaztetxo diskoak miatzen, eta mostradorean Mikelek ezagun zuen betaurrekodun mutila.

        — Gustatu zitzaizun Arjouniren nobela?

        — Tira...

        — Begira, hauxe da Arjouniren azkena: Garagardo gehiago! Ez da aurrekoak bezain biribila, baina estiloa gustatu bazaizu, seguru hau ere gustatuko zaizula...

        — ...bai, zera...

        — Edo bestela... Taibo! Ezagutzen duzu Paco Ignacio Taibo II?

        — Ez...

        — Ona da benetan. Bikaina esango nuke nik! Asko dauzka onak, baina honek atrapatuko zaitu: Itzalaren itzala. Nobela beltz eta sozialaren arteko mistura bat.

        — Mis zer?

        — Mistura. Gainera badauka halako ukitu magiko bat, badakizu errealismo latinoamerikarra eta...

        — Aja...

        Geroz eta nabarmenagoak ziren Mikelen ziraldoak.

        — Eta? Eramango duzu baten bat?

        — Beno, ez dakit, zera...

        Ahal izan zuen bezala arakatu zituen patrikak. Mila pezetako bat eta ehuneko txanpon batzuk azaldu ziren etxeko giltzekin batera.

        — Hauxe besterik ez daukat.

        — Ordainduko didazu bihar! Konfiantzan gaude, ezta?

        Lurrera erori ez zitzaizkion txanponak mostradore gainean geratu ziren.

        — Zein eramango duzu?

        — Berde hori...

        — Taiborena! Ez zara damutuko.

        — Eta... ardorik badaukazue?

        — Ardoa? Hemen?

        — Bai.

        — Ez.

        — Orduan banoa, ea nonbaiten ematen didaten.

        Zortzi t'erdietan bazebilen jende pixka bat Manuelenean, bateko pintxoa besteko txikitoa.

        — Baltz bat, Manuel.

        — Baltz baten moduan neu nabik hemen beharrean, eta hi barriz trago eta trago, sekulako zezpal ganorabakoa harrapatzen. Ze ostia pasau jak?

        — Azkena, Manuel...

        — Azkena?

        — Benetan... mesedez...

        — Azkena atarako deuat, eta etxoat gura hire aurpegia taberna honetan beste hamabost egunean ikusterik!

        Normalean baino gutxixeago bota zuen edalontzian. Mikelen irribarreek poza baino gehiago adierazten zuten tragedia. Betazalek niniaren erdia estaltzen zioten. Esku biekin helduz irentsi zuen tragoan.

        — Eskerrik asko, Manuel... Agur...

        — Mikel! Ez dok hirea liburu hau?

        — Ostia!

        — Ostia! Ostia batzuk merezi dozak hik, bai...

        Somerako 13rako metro apurretan tupust egin zuen zakur eta zakarrontziekin. Atartekoa zabaltzea bezainbeste kostatu zitzaion etxekoa irekitzea. Sukaldetik janari usaina zetorren. Karrajoko horma bien artean balantza eginez hurbildu zen patata tortilla egiten ari bide zen Dionisosengana.

        — Liburu bat ekarri dizut!

        Dionisosek ez zion begiratu ere egin. Arrautzak irabiatzen jarraitu zuen.

        — Zure beste liburu famatu hori lortzerik ez daukadanez, beste bat ekarri dizut.

        Botila ardoari kortxoa kendu eta basokada bat zerbitzatu zion bere buruari. Honek onartu egin zion, noski.

        — Mexikar batena da. Paco Ignacio Taibo II. Dendako tipoak ia bere bizitza osoa kontatu dit...

        Balantza txiki bat, eta ipurdiz jausi zen, modu sinesgaitzez, aulki baten gainera.

        — Mozkortuta nago...

        — Bajakiat. Neuk ordaindu joat Manuelenean zorretan itxi duan botila ardoa.

        Irabiatuak baino irabiatuagoak zeuzkan arrautzak irabiatzen jarraitu zuen Dionisosek.

        — Ez dut zure liburua lortzeko biderik asmatzen... Sentitzen dut... Ez zenuke sinetsiko zer gertatu zitzaidan zure liburuarekin, ez zenuke sinetsiko!

        Dale eta dale, tenedore soinua kristalezko ontziaren kontra.

        — Kontatu egingo dizut, bai horixe, kontatu egingo dizut eta kito! Esan nizun Aste Nagusian, zera... Beno, noan hasieratik. Ane, Jon eta hirurok beste batzuekin geunden jaietako azken larunbatean... Anek tipo batekin bukatu zuen, nola ez! Jon etxera. Eta ni bakarrik... nola ez! Ba orduan agertu zen tipo hori... Jokin... Aneren lehengusua omen. Ja! Tipo jatorra! Goizeko zortziak eta oraindik kristoren sakea...

        Patatak zartaginetik atera eta arrautzetara. Gatz pixka bat, dastatu, eta beste gatz pixka bat gehiago.

        — Ez zuela lo egin nahi, berak ez lukeela hemen egon behar... eta liburuei begirada bat emango ziela. Nik esan nion: «Egin ezazu nahi duzuna, badakizu ohea non dagoen». Esnatu nintzenean ez Jokinik ez libururik. Jajaja... Baina hori kontatu nizun...

        Zartaginera oliba olio pittin bat isuri, eta bertan hustu dena. Mukuru ontzia. Ertzak egin tenedorearekin.

        — Lehengusuaren bulegotik natorrela, hara non agertzen den berriz Jokin hori, Aste Nagusiaz geroztik berriz ikusi ez nuena, zure liburua eraman zuen berbera... Jajaja!

        Negarrak ere izan zitezkeen Mikelen barreak.

        — Kafetegi batean sartu gara biok... ni aurretik eta bera atzetik...

        Tortillari lehenengo buelta emateko prest zegoen Dionisos. Plater azala jarria zuen zartagin gainean.

        — Eta esaten ez dit ba ETAkoa dela!

        Tortilla zati eder batek irrist egin zion ezkerraldetik...

        — Joder! Flipatuta utzi ninduen!

        Alferrikakotzat jo zuen tortillaren lana. Albo batera utzi zituen zartagina eta nahaski hura.

        — Ez deuat ondo entzun...

        — Ondo aditu duzu, Dionisos: ETAkoa!

        — Zer esaten habil, kaguenlaostia!

        Jertsearen kolkotik oratuz altxatu zuen mutila. Hotzikara batek elektrokutatu zuen Mikel, eta koldarrek baizik egiten ez dakiten barrea ilki zitzaion eztarrira.

        — Jajaja... lasai gizona... broma bat izan da... broma txar bat...

        Plasta! Zaplateko bat. Dionisosen ezkerkada. Arnas gabe geratu zen Mikel. Larria zetorkion sabelean gora. Ezin izan zion eutsi. Estreinako okada sukaldeko mahai gainera jaurti zuen. Bigarrenak karrajoko paper horizta zipriztindu. Hirugarrenetik aurrerakoak komunzuloko arratoientzat. Ordu laurden pasa egon zen komunean makurtuta. Arima ere bota zuela iruditu zitzaion bonbari eragitean. «Zer axola dio! Arimarik badago, ez du orain leku txarrena. Badaude okerragoak mundu puta honetan!», pentsatu zuen. Kamiseta eta galtzontziloak erantzi gabe oheratu zen, plazentan dagoen haurraren antzo, kuzkur-kuzkur. Ez zen itxaron luzea izan. Minutugarrenera lo zetzan logelako kiratsean. Ezker begia zabalik zuen, baina begiaren zuria baino ez zitzaion ikusten. Zolda likits bat ezpain ertzean.

        Egongelan argi ahula, Dionisos leiho parean zutik, bafleetan Van Morrisonen disko zahar bat Saint Dominics preview kantari. Kanpoan, astelehenak soinekoa erantzi zuen gauaren beltzean, inor ohartzeke astearteari emateko.