Berandu da gelditzeko
Berandu da gelditzeko
1999, nobela
280 orrialde
84-86766-92-3
azala: Pablo Galarraga
Unai Iturriaga
1974, Durango
 
 

 

Dionisos

 

Euria ari zuen Bilbon urtarril erdialdeko astearte hartan. Agian norbaitek pentsatuko du Bilbon beti euria ari duela; bada, ez dadila inor listokeriatan hasi. Euriak paisaiaren ikuskera lausotzen du, eta gauarekin batera errekurtso bisual bat izateaz gain, sonoroa ere bihurtzen da. Errekurtso literario bat gehiago, erabiltzeko eskubide osoa dudana gainera! Edo ez?

        Bada, euria ari zuen Bilbon urtarril erdialdeko astearte hartan. 11:45pm. Ibaiaren ezkerreko erriberan urez gainezka egiten zuen asfaltoak. Ur okadak estolda orotatik. La Mercedeko zubi ondoan aparkaleku bat autoz mukuru. Ibaiaren aldean aparkatuta Seat 127 horixka bat. Barrenetik apenas ikusten zen kanpoaldea. Dena gandu, dena laino. Atzeko eserlekuan jarrita, Ducadosak bata bestearen atzetik erretzen zituen Dionisosek. Anjelmari jarraitzen emanak zituen azken hamar egunak. Ez zebilen oker, berak susmatu bezala, Anjelmari sator kabroi, putaseme, madarikatu bat zen. Hamar egunotan ikusi zuen Anjelmari Salveko kapitain batekin. «Ardura gehiegi hartu gabe gainera, kabroi halakoa!». Izan ere, Bilbon bertan biltzen ikusi zuen Anjelmari, Dionisos behin eta berriz torturatu zuen kapitainarekin. Ez gainera koadrila ibili ohi zen kaleetatik oso urruti, ibaiaren bestaldean baino ez, Muelle tabernan, Dos de Mayon. Hasieran susmoa baino gehiago ziren haiek konfirmatutakoan mendeku irrika bortitza eragin zioten. Anjelmari akabatzeko arrazoiak bietarik ziren, kolektiboak eta pertsonalak. Kolektiboak, talde osoari iruzur egin ziolako; pertsonalak, Anjelmari Dionisosek berak sartu zuelako taldean. «Babu halakoa! Zertan pentsatzen hengoen! Alferrik gure bijilantzia sistemak! Zerbitzu Sekretu osoa inguruan izanda ere ez ninduan konturatuko... Babua!».

        Urtarrileko gau hartarako erabakita zuen Anjelmarirekikoak egitea. Geroago erabakiko zuen arrazoi pertsonal edo kolektiboengatik egin ote zuen.

        Star zahar bat zeraman zirako poltsiko batean. Durangoraino joan behar izan zuen haren bila. «Merezi dik!» pentsatzen zuen. Treneko bidaia leihotik begira eman zuen, bere ondoan orain jesarri orain zutitu zebiltzan atsoei erreparatu gabe. Bolueta, Etxebarri, Ariz, Basauri, Galdakao... beste ordu laurden bat eta Zornotza. Beste ordu laurden eta...

        Arratsaldeko seiak ziren herrira iritsi zenerako. Alde zaharra zeharkatu eta aspaldiko laguna zuen Jabirenera sartu zen. Hilabeteetan elkar ikusi gabeko lagunen besarkadak, aupak eta bibak. Kafe ebakia barra gainean laga zionean heldu zion Jabiri besaurretik.

        — Hi, Jabi... Star zaharra... hemen daukak oraindik?

        Almazenera joateko keinua egin zion Dionisosi, ezpainak askatu barik.

        — Star zaharra nahi duk?

        Eskuak Dionisosen sorbaldetan jarriak zituen.

        — Zer egin behar duk?

        — Star zaharra hartu eta tipo bat akabatu besterik ez.

        — Baina nola akabatu?

        — Akabatu. Pum! Pum! Eta kito.

        — Entzuidak, Anton... Taldea utzi egin duala esan zidatek.

        — Hala duk.

        — Sentitzen diat... Sentitu ez duk berba egokia, baina... kaguendios! Ze ostiatarako nahi duk orduan pistola? Heure kontutik hasi behar duk jentea garbitzen?

        — Ez duk hori, Jabi.

        — Zer duk ba orduan?

        — Anjelmari.

        — Anjelmari, zer!

        — Sator bat duk. Sator kabroi, putaseme, madarikatu bat!

        Jabik egia ikusi zuen malko bat irristatzear zegoen Dionisosen begietan. Garagardo kaxa huts baten gainean eseri zen. Ukalondoak belaunetan, buruari oratu zion bi eskuekin.

        — Betiko lekuan zagok, generadorearen atzean.

        Dionisosek ezagutzen zuen gordelekua. Lehenago ere hainbat alditan sartu eta atera zuten Star zaharra handik. Erabili, inoiz edo behin bakarrik, belaunen bat zulatzeko; baina atera, gehiagotan.

        — Neuri ere min egin zidaan ohartu nintzenean, baina halaxe duk...

        — Laostia! Anjelmari...

        — Neronek ere ez nian espero...

        — ...

        — Pasako zaik.

        — Pasa?

        — Satorrak lurpean behar dik, Jabi. Nik bezain ondo dakik.

        Esku ahurrarekin ileak nahasi zizkion amultsu. Burdina zirako ezker poltsikoan sartuta alde egin zuen, eskua barruan, disimulatzen. Ez zen, izan ere, traste handia pistola zahar hura.

        Hogeietako trenerako hamar minutu falta ziren. Tiketa hartu eta kanpoan eseri zen, zain. Zerua bederatzi hilabeteko emakumea bezala zegoen, erditzear. Kanpai hotsa, barrerak jaitsi eta, ondoren, txistu hotsa. Euba, Zornotza, Lemoa, Bedia, Usansolo... Lur jotako Jabiren irudia zeraman buruan. Han utzi zuen bere lagunik minenetako bat, pott eginda. Nor eta Jabi! Gogorretan gogorrena, beti edozertarako prest izaten zena. Baina honengatik edo harengatik halako estima berezia zion Anjelmariri. Ez bereziki ezerengatik, zerbaitengatik. Eta orain, bere begietako Anjelmari sator bat bihurturik. «Sator kabroi, putaseme, madarikatu bat!». «Satorrak lurpean behar dik». Eta ondoren Jabiren irudia, San Miguel kaxa hutsaren gainean... Bolueta, Bilbo.

        Aurreko hamar egun haietan egunero egin zuen bezala, Anjelmariren etxera joan zen. Ataritik gertu zain egon zen, taberna batean, Anjelmari irteten ikusi arte. Anjelmarik 127a hartu zuenean, Dionisosek koadrilako bati eskatutako Mobylette zaharrean jarraitu zion Zabalbide kalean behera. Gero Erribera eta ondoren La Mercedeko zubia igaro zuten. Autoa aparkalekuan utzi eta Muelle tabernan sartu zen Anjelmari. Segituan iritsi zen Villoslada kapitaina, Seat 124 urdin ilun batean. Hiru zihoazen autoan. Villoslada kapitaina eta beste bat jaitsi ziren taberna parean. Autoak aurrera jo zuen. Ondoren beste Seat 124 urdin ilun bat agertu zen. Muelle taberna parean gelditu zen hura ere. Beste bi morroi jaitsi ziren, eta tabernako barraren alde banatan jarri. Dionisos Dos de Mayo kalean gora igaro berri zen oinez. Motozikleta aparkalekuan utzia zuen. Taberna paretik igaro zen segundo bakanak aski izan zituen Anjelmari eta txakurrak ikusteko. Espaloian goraxeago jo, gero ezkerretara hartu, berriz Hernani kaletik jaitsi eta La Mercedeko aparkalekura. Aise bortxatu zuen Anjelmariren 127aren sarraila, txoferraren ondokoaren ateko sarraila. Atzealdean jesarri eta Ducados bat bestearen ostean erretzen hasi zen, etengabe. Gauaren ilunak, euriak eta barruko gandu eta keak ez zioten apenas kanpokorik ikusten uzten.

        11:45pm ziren aparkalekuan pauso hotsa aditu zuenean. Gandu eta kearen artetik ezin izan zuen bazetorren tipoa bereizi, baina Anjelmari behar zuen. Txoferraren atetik sartu orduko entzun zuen Dionisosek:

        — Ze ke ostia da hau?

        Metal hotza garunean.

        — Kaixo, Anjelmari. Hago holantxe, geldi eta isilik, tapizeria zatar hau zikindu nahi ez baduk!

        — Baina hi...

        — Isilik eta geldi esan diat! Ea esku horiek! Nire bistara nahi ditiat!

        Isilunea eternala egin zen auto barnean. Munduak jira-bi raka ibiltzeari utzi zion istant batez, eta Anjelmari eta Dionisosen bihotzak ere oxigeno dosirik jaso barik egon ziren tarte horretan.

        — Sator madarikatua!

        Kaskezurraren erdian kolpe gogor bat eman zion Star zaharrarekin.

        — Eta alua gainera!

        Anjelmarik hortzak estutu zituen, kexu zipitzik gabe.

        — Dionisos, entzudak mesedez! Entzuidak!

        — Beste gezurren bat akaso?

        — Azkenengoz atxilotu nindutenean ez ninduan kapaz beste tortura saio bat agoantatzeko, benetan esaten diat... Eta zera eskaini zidatean... dirua... eta... Ez ninduan kapaz, Dionisos! Bakea behar nian, handik irten behar nian, elektrodorik gabe, bainera gabe! Eta nik ba... zera...

        — Eta ostiak eta putak! Kaguendios! Ze uste duk, besteei ez digutela horrelakorik eskaini?

        Gogor eusten zion kokoteko ileetatik.

        — Talegoan daudenei! Eta kanpoan utzi dituztenei! Baina Mikeli hori ere ez, aditzen? Hori ere ez!

        Berriz ere isilunea egin zen 127 barnean. Kristalak erabat lausotuta zeuden. Apenas entzuten zen kanpoko zaratarik.

        — Zer egin behar duk nirekin?

        — ...

        — Ze ostia egin behar duk, Dionisos? Esadak, laostia!

        Anjelmari zotinka ari zen, esku biak bolantean, Dionisosek agindu bezala. Ahapetik atera zitzaion Dionisosi:

        — Patetikoa...

        Gatillo hotsa entzun zen. Klak! Anjelmariri geratu egin zitzaion bihotza. Gero begiak zabaldu zituen, segundo bat lehenagoko kristal lausotua ikusi zuen. Euri tantak kristalaren kontra, beren burua hiltzen.

        — Banekian ez hintzela kapaz izango, Dionisos... Barkaidak... hiretzat ere dirurik izango duk nirekin bahator, ez hadi horregatik arduratu...

        — Star zahar hau...

        — Zer?

        Pum! Odolak Dionisosen ziraren eskumuturrak zikindu zituen. Anjelmariren burua pisu egin zitzaion eskuartean, eta bere horretan laga zuen. Lasai itxuran irten zen autotik. Inguruari so egon zen une batez. Inor ez. Euria gogotik ari zuen joandako orduetan. Ibaia indartsu eta lohi zetorren gauaren ilunean. Gorpua autotik atera eta uretara jaurti zuen. Apenas aditu zen zerraldoaren hotsik Ibaizabal indartsuan.