Berandu da gelditzeko
Berandu da gelditzeko
1999, nobela
280 orrialde
84-86766-92-3
azala: Pablo Galarraga
Unai Iturriaga
1974, Durango
 
 

 

—16—

 

Izuaren Teoria idatzi zutenean, hots, historia bera idazten hasi zenean, autobusik ez zen munduan. Hargatixe ez zuten atal bat, espreski, idatzi Autobuseko Izuari buruz. Ez zuten deus esan txoferraren ondoko atetik sartu eta, dagokizun eserlekua aurkitzeko igaro behar den korridore estu horretaz. Garai haietan ez baitzuten garraiobide publikorik. Eta baldin bazuten, nahiko pribatua izango zen, eta beti ere, trakzio publikoduna. Beraz ez zekiten, fitsik, zein klaustrofobikoa den orotariko gizaberez beterekiko autobusa. Zein den umiliagarria korridorean zehar, burua makurtuta, inpunitate osoz aurpegira begiratzen dizuten giza-lagin horien soa jasan beharra. Edo haietakoren baten ondoan joan beharra, edozein momentutan Barne Saileko plaka bat aterako dizun jakiteke. Ez zekiten deus Autobuseko Izuari buruz, baina Mikelek, zorionez, hutsik aurkitu zuen berea eta alboko jesarlekua. Leiho ondokoan jarri zen.

        Jakanarrua soinetik kentzerako sasoiko emakume bat eseri zitzaion ondoan. Berrogei urte bueltako emakumea zen. Soineko urdin ilun diskretu batean biltzen zuen bere gorputz biribildua. Ilea horiz tindatua zuen eta ikaragarrizko kolonia usaina, kiratsa zerion.

        Autobusaren motorra martxan jarri ahala, burua kristal dardartiaren kontra jarri zuen, runrunak lasai ziezaion iguriki. Ez zen lan erraza. «Hogeita sei urte ziztrin eta hemen hago Donostiara doan autobus patetiko batean sartuta, galtzabarrenetatik behera kaka dariala. Nora hoan ere ez dakiala!». Malmasingo tunelean bere irudia itzuli zion autobuseko leihoak. Bere irudia eta Jokinena, eta Gasteizen paketea jasotzera joandako neskarena... Atxilotu ote zuten hura ere? Ez ote zen izango Mikel bezalako beste gizagaixo bat? «Ez, Mikel. Hemen gizajoa heu haiz bakarra. Heu haiz saltsa honetan hain ingenuo eta inkontziente sartu den bakarra. Munduan ez zaudek hi lako bi. Bakarra haiz, Mikel, eta bakarrik hago». Tuneletik irtendakoan, eguarteko argiak bere irudia ebatsi zion kristaletik. Alabaina, beste bat ekarri zion laster: Basauriko kartzela. Hotzikara mingarri batek negargura eragin zion, ondoko emakumea lepotik heldu eta ume txikiak lantxe negar batean hasteko hunkipena. Dionisos etorri zitzaion gomutara. Hark jakingo zukeen zer egin halako egoera baten aurrean, jakingo zukeen nora jo, nola... «Nola deituko diok baina? Erotu egin haiz? Honezkero txakurrak etxean egongo dituk, eta hik Dionisosi deitu nahi diok... Eta euskaltegira? Handik alde egina izango duk hi Donostiara heltzerako». Matrailezurra estutu eta malkoei hozka egin zien. Zornotza igaro eta kilometro batzuetara kirats nardagarria heldu zitzaion sudurmuinetara. Ezaguna zuen. Bere esparruaren mugak ziren haiek. Iurretako ordaintokira iristean poliziarik edo guardia zibilik ba ote zen begiratzeko luzatu zuen lepoa. Inor ez. «Heure herritik igarotzen habil eta galduta hago, konturatu haiz? Hortxe egongo duk nonbaiten hire ama. Etxea ez duk ikusten, baina badakik teilatu gorri horietakoren bat dela. Harrikoa egiten ariko duk seguru asko, bakarrizketan». Autobusa ordaintokitik igaro zenean, oinaze sakona sentitu zuen erraietan. Ama. Beti egin zuen Mikelen alde, etxeko txikia bera izaki. Egindakoak eta gehiago barkatu zizkion beti, nahiz eta asko onartu ez. Haren niniko mutikoa izan zen bizitza osoan, baita Bilbora joan zenean ere. Eta orain, zelan jasoko ote zuen berria? Noiz? Larregi izango zen amarentzat, bazekien hori Mikelek. Anaiak ez zuen bere alde egingo. Eta aitak?. Malko uholdea zetorkion eztarriko korapiloaren ondotik. Matrailezurra estutuz berriz ere eusten saiatu zen, hortzak elkarren kontra min emateraino. Anpulu bi erori zitzaizkion, mahuka muturrarekin lehortu zituen anpulu bi.

        Barruko arropak izerditan zeuzkan. Beldurra bidaia turistikoa egiten ari zen bere barne muinetan. «Kaka eginda hago, Mikel. Zirin hutsa haiz. Behar huen sasoian Dionisosekin berba egin bahu, orain ez hintzatekeen egoera honetan egongo. Baina gure heroiak dena bakarrik konpondu nahi zian, dena ezkutatu, gero beldurrak uxatzeko mozkor negargarri bat harrapatu... eta Dionisos atzera bueltabako marroi batean sartu!». Ez zuen buruak baketan uzten. Horixe behar zuen, bere kontzientzia ipurterrea zaurietan atzaparka. Ohartu ote zen inor bere desagerpenaz? Nor ohartuko zen ba? Dionisos bileraren batean izango zen, taldekoak ez ziren harrituko bera etxean aurkitu ezean, ama gutxiago... Eta Pietatea? Hots egingo ote zuen Nereak etxera? Zergatik hots egin behar zuen? «Jota hago hura hitaz gogoratzen dela pentsatzen baldin baduk. Edukiko dik bestela ere zertan pentsatua! Eta enteratzen denean ere, zer? Pena pittin bat emango ziok, eta kito. Asko jota, atxiloketen kontrako manifestaldiren batera joango duk, baina hire izenik ez duk inon agertuko. Ingurukoak baino ez dituk hire faltaz konturatuko, eta horiek ere denbora igaro ahala ohitzen joango dituk».

        Denbora? Berrogeita hamar minutu zeramatzan autobusean urrunera Zarautz bistaratu zuenean. Bazekien Zarauzko ordaintokian kontrolak ohikoak izaten zirela. Eta ohikoa sarri gertatzen delako, ordaintokira gerturatu ahala nabaritu zuen guardia zibilen berdea. Bihotza eguneko hainbatgarrenez irauli zitzaion. Supituki alboko emakumeari irmo oratu zion besotik, oharkabean.

        — Aizu!

        Emakumeak harridura eta ikara artean erreakzionatu zuen, eta belaunak elkarren kontra estutu zituen erreflexuz. Mikelen begirada errukarriak barkamena eskatuko lioke, baldin eta geroz eta gertuago ikusten zituen guardia zibilei begira ez balego. Zortzi bat Patrol... eta dozena bi txakur metraileta, txaleko eta 9mm-tako amorruz horniturik. Bekainetatik behera zetozkion izerdi tantak. Emakumeari laguntasuna erregutu gura zion, baina eserlekuan atxikitzen zuen izu laborriak, mutu.

        Autobusa ordaintzeko gelditutakoan ohartu zen kontrola Bilborako norantzan baino ez zela. Bere onera bueltatu zitzaion arnasa. Dardarizoa jabaldu zitzaion Orion. Ibaian txalupa bat eta itsasoa bare. Balearen arrastorik ez.

        Laurak laurden gutxi ziren autobusa Amarako geltokira iristean.

        Oinak lurrean jarritakoan bertan erori behar zuela pentsatu zuen. Ez zeukan indarrik belaunetan. Urrats geldo eta zurrunak eman zituen, lurra bere oinetan erdibituko den beldur dagoenak bezala. Atzera begiratu ere egin barik abiatu zen geltokiko tabernara. Telebista piztuta zegoen. Televisión Españolako informatiboa bukatuta. Atxiloketen berria emana izango zutela pentsatu zuen. Tabernan inork ez zuen bere sarrera sumatu, bakoitza berean ari zen. «Beno, Mikel, orain trankildu eta pentsatu egik zein izango den hurrengo pausoa. Edan egik zerbait, eta saia hadi hotzean pentsatzen, ahal duanik eta hotzenen behintzat». Burutapen horietan zebilela, ertzain bikote bat heldu zen tabernara. Eskatu berri zuen Coca-Cola botila ia irristatu egin zitzaion eskuetatik. Bere parean jarri ziren ertzainak, gerri bueltan lotuta zekartzaten pistolak egokitu ondoren.

        — Dos cortados.

        Hanka egin beharra sentitu zuen, lehenbailehen. Co ca-Co lari tragoa eman zion, baina burbuilak ez ziren eztarritik aise igarotzen. Ordaintzeko patrikatik dirua ateratzean txanponak erori zitzaizkion lurrera. Ertzainak kolpean biratu ziren. Mikel kukulumuxu zegoen ia. Ertzainek goitik behera begiratzen zioten. «Ez egik artazopa aurpegi hori jarri, kaiku halakoa! Erruki eske habil edo beraiekin joan nahi duk?». Ertzainak euren kafeetara itzuli ziren. Mikelek lortu zuen azkenik txanponak bildu eta mostradore gainean uztea.

        Kanpoan, Donostia eta donostiarrak. Ez zituen ez bata ez besteak sobera ezagutzen. Izuaren atzaparretatik salbu geratzen zitzaion arrazionaltasun apurrari atxikita, taxista batengana jo zuen:

        — Tren geltokira!

        — Bai, baina nora zoaz trenez. Bi geltoki badira.

        — Irunera... —zalantza egin zuen, esan edo ez.

        — Kale hori segita berehala iritsiko zara oinez.

        — Eramango nauzu, bai ala ez?

        — Nahi duzun bezala. Horretarako gaude.

        Barne irratia jarrita zeukan. Kale izen eta zenbakiak entzuten ziren. Poliziaren deiak ziruditen, hala iruditu zitzaizkion Mikeli. Polizi auto bat noiz agertuko begiratzen zuen atzeko kristaletik. Udaltzainak zetozen. Bekokiko izerdiak kendu zituen, zorabiatzeko zorian zihoan, beldurrak zulo beltz bat zabaldu zion erraietan. Hondorik gabea, zenbat eta barrurago orduan eta beltzago.

        Irunerako txartela erosi zuen geltokian. Zigarro mutur bat erretzeko betarik ez zuen izan Bilbotik irten zenetik. Camelaren ke artean ideia gaiztoak lausotzen saiatu zen, jendearengandik aldendu eta estreinako nasaren puntara joanda. Iruneraino iritsi behar zuen aurrena, han pentsatuko zuen gero ze ostia egin. San Juan de Luz izena etorri zitzaion gomutara; halaxe esaten zitzaion bere etxean; gurasoekin izan zen behin umetan. Barnealdean ere astebetez egona zen hamazazpi urterekin, koadrilakoekin; baina han paraje politak eta baserritarrak baino ez zituen ikusi. Non zeuden bada «bestaldean» ezkutatzen ziren haiek guztiak? Mauleko tabernetan Ricard edaten zuten agureak ez ziren ezkutuko jendea, Azkaineko trinketera pilota ikustera joaten zirenak ere ez ziren sasikoak, eta are gutxiago kostako hondartzetan paseatzen zirenak. Non arraio zeuden bada «bestaldean» ezkutatzen ziren haiek guztiak? Non demonio? Zer egin behar zuen berak «bestaldera» heltzean? Ikurrina bat ikusitako lehen tabernan sartu eta «Aizu, ni iheslari abertzale bat naiz» esan? Baina artean, «bestaldera» heldu beharra zeukan...

        Trenean jendeak eguneroko jendea zirudien. Egunero bidaia bera egiten zutenak. Geltoki berean igo eta geltoki berean jaisten zirenak. Mikelek nolabait baztertu beharra zeukan mundu osoa susmagarritzat jotzeko ideia. Ez zekarkion onik teoria hark. Haren arabera, Intxaurrondoko txakur bat izan baitzitekeen El Diario Vasco irakurtzen ari zen agurea ere. Eta gainera, inguruko guztiak txakurrak baziren eta harrapatu nahiko balute, honezkero haien denen zapatapean zegokeen ahuspez. Buruhauste deserosoetatik urrun mantentzen ahalegindu zen trenbideko posteak zenbatzen. Izuaren zulo beltzak min ematen zion erraietan, baina bazirudien neurriz ez zela asko zabalagotu.

        Bostak pasatxo ziren Irungo geltokian. Topotik Mikelekin batera jaitsitako bidaiariak hiriko kaleetan zehar desagertu ziren. Trenetik trenera... ehun metro. Lauzpabost pertsona baino ez zeuden Renfeko nasan. «Ondo zagok, heldu haiz. Eta orain zer? Ze arraio egin behar duk?». Banku batean jesarrita, Camel kearekin olatuak sortuz so egin zion inguru arrotzari. Geltokiburua bulegora erretiratu zen pauso azkarrean. Gaztetxo batzuek erdi-zirritan ziharduten, hirugarrenez joaten utziko zuten tren baten zain. Burua beste aldera biratu zuenean eztulka ihes egin zion biriketako keak. Polizia bikote bat zetorren sokatik lotuta zeramaten zakur batek bidea erakusten ziela. Geroz eta gertuago. Zigarreta jaurti, bizkor jaiki eta geltokiko komunetara iristea erdietsi zuen. Kisketari eman eta paretaren kontra jarri zen, bihotza bularretik atera beharrean zuela. Arnasestu hotsa isiltzen saiatu zen haizea sudurtzuloetatik botatzen. Ahots bi entzun zituen. Norbaiten urratsak komunetan barrena. Izerdia gelditu behar zuen nola edo hala, zakurrak usain ez zezan. Pausoak bertan-bertan. Komuneko atea zabaltzeko saioa egin zuen. Heldulekua gora eta behera. Mikelek kokotsa jaso eta begiak itxi zituen, fusilatua izateko aginduaren zain dagoenak legez.

        Zena zelako gizon hura alboko komunean sartu zen. Argi aditu zuen nola askatu zituen prakak, zelan jaitsi zuen kremallera. Gero txorrotada. Ondoko komuneko gizonak alde egin zuenean ere, paretaren kontra jarraitu zuen Mikelek. Ez zuen zirkinik egin hara sartu zenetik. Bostehun arte zenbatu, komuneko tapa itxi eta bertan jarri zen. «Azkena zela pentsatu duk, e? Larri ibili haiz oraingo honetan... Zenbat horrelako gehiago agoantatuko ditik hire bihotzak? Justuan ibili haiz, justuan. Ipurdia bistan daramanari ikusi egiten zaiok azkenean! Hiri kiratsa ere hartuko diate horrela jarraitzen baldin baduk. Kaka eginda hago, joder!». Esku ahurrekin bere aurpegiari zaplateko txiki batzuk eman eta komunetik irten zen.

        Irakurria zuen nonbait, iheslaria pausoak salatzen duela. Idatzi zuenaren izenaz gogoratzen ez bazen ere, egunen batean kontuok argitzen zirenean, bere adostasuna adierazteko gutun bat idatziko ziola promes egin zion bere buruari. Saiatu zen, beraz, pausoak ziurtasunez ematen, normal tankera hartzen, baina halakoetan izaten da zailena jarrera hori lortzea. Normal egoten saiatuta ez da sekula normal egoterik lortzen. Normaltasuna ez baita saiatuaren saiatuz lortzen den zerbait. Eta Mikel aktore eskasa zen benetan.

        Geltokiko harrera gelako txarteldegian bazen jende multzoa. Ilaran aurrera egin zuen Mikelek, ezertan eta inorengan erreparatu gabe, denak kexuka.

        — Barkatu, Pariserako trena...

        — Ez duzu ikusten beste batzuk zure aurretik daudela?

        — Bai, zera, galdera bat egiteko besterik ez da.

        — Jarri ilaran beste guztiak bezala, mesedez.

        Une hartan pistola bat eskura izan balu, tiro egingo zion agure hari inongo duda barik. Ez zituen jubilaziorako urte asko faltako agure txatxu hark, baina gustura egingo zion tiro bekoki erdian.

        — Ez al diozu entzun ilaran jartzeko?

        Uniformez jantzitako tipo bat oldartu zitzaion. Begiak plater azalak bailiran zabaldu zitzaizkion Mikeli, eta intxaurra eztarrian gora trabatu. Arineketan hastekotan zen zinpeko zaindari horietako bat baino ez zela ohartu zenean.

        — Entzun diot, bai, barkatu.

        Zinpeko zaindaria geltokiko irteerara urruntzen ikusi zuen pistola zahar bat gerrian zintzilik. «Mikel, apur bat lasaitzen ez ba haiz, hireak egin dik! Mundu guztiaren arreta erakartzen habil. Hire aurpegia telebistan ateratzen baduk, bazaudek hemen hitaz gogoratuko diren batzuk. Portatu diskrezioz, demonio!».

        — Pariserako tren hori zer ordutan abiatuko da?

        — Panelean jartzen ez du ba! Hamaiketan!

        — Egia da... Ez naiz konturatu ere egin...

        — Azkarregi zabiltza-eta.

        — Zer?

        Txarteldegiko agureak bista jaso zuen eta begietara so egin zion. Begirada saihesten ahalegindu zen Mikel. Agureak hasperen egin zuen.

        — Txartelik erosteko asmorik baduzu?

        — Ba, bai.

        — Baina norako?

        — Pariserako.

        — Hori ondoko txarteldegian eskatu behar duzu. Orain itxita dago. Zortziak aldera zabalduko dute.

        Agure alua! Ondoko txarteldegian eskatzeko. Lehenago ere esan zezakeen hori: zortzietan hamaiketarakoa. Seiak baino ez ziren. Bost ordu luze mundutik alde egiteko!

        Taberna bat bilatu zuen geltokitik gertu. Horma behinola zurietan aspaldiko zezenketetako afixa pare bat, mostradore txikiaren bueltan lau aulki, eta barruraxeago mahai pare bat. Barra barruan sasoiko gizon bat. Manuel ekarri zion gogora. Bezeroak: agure mehar bat telebistari so, ezpainetan zotz bat hara eta hona; haren ondoan, bere iloba-edo behar zuen mutil koxkor bat txanpon-makinetako botoiei sakatzen.

        — Zer hartuko duzu?

        — Kaña bat.

        Batere pentsatu gabe erantzun zion galderari, «kaña bat». Huraxe zen behar zuena, garagardo fresko bat edalontzi luzangan, bitsez gainezka. Berarekin eraman zuen tabernako bazterrerengo mahaira. Trago bitan hustu zuen, eta Camel bat iziotu.

        — Beste garagardo bat.

        — Egarri ala, gazte?

        — Egun alua, jauna, egun alua.

        — Izaten dituk, bai. Tok.

        Tabernako egunkariarekin eta bigarren garagardoarekin mahaira itzuli zenerako, agurearekin ikusi zuen mutikoa bere mahaian eserita zegoen, plastikozko superheroi bat eskuetan.

        — Ezagutzen duzu nire Power Rangerra?

        — Ez.

        — Flash Power Ranger da. Airean salto ikaragarri bat egin eta hegazkin bihurtzen da.

        — Zuk ere hobe zenuke salto bat egin eta hemendik hegan ospa egitea, kokoteko on bat hartu nahi ez baduzu. Hanka zaparro!

        Mukitsua tximista batean joan zen aitonarengana. Telebistan arratsaldeetako talk-show bat ematen ari ziren, eta tabernaria eta agurea hodi katodikoetan galduta zebiltzan. Mikelek zigarreta amatatu eta garagardoari tragoxka bat eman zion. Gorputza gogor zuen arren, aulki gainean bete-betean erortzen ari zitzaion. Erabat akitua zegoen. Egunkari gainean besoak zabalduta, burua tartean egokitu zuen, begiak itxi eta sakon arnasa hartu. Lo hartzear zegoen tabernako epelean. «Baina zer arraio, Mikel! Lo hartu behar duk orain? Erotu egin haiz ala zer ostia? Ihesean hoa. Irunen hago, eta ez hain zuzen Bidasoaren partida bat ikustera etorria». Egunkariko orrialde guztiak irakurriz aurre egin beharko zion nekeari. Eta halaxe egin zuen, harik eta zortzi t'erdiak aldera sirena hotsa aditu eta Ertzaintzako furgoneta bi ataurretik ziztuan igaro ziren arte. Atezuan jarri zen atoan. Hiru gizon heldu sartu ziren txikiteoan.

        — Zer arraio gertatzen da ba?

        — Manifestazio bat. Lehen ikusi ditiat etorbidean gora.

        — Bilboko atxiloketengatik izango duk.

        — Ze atxiloketa?

        — Non bizi haiz, gizona? Ez duk eguerdian partea ikusi?

        — Ez ba! Atera beste erronda bat, Martzial.

        — Derrepentean.

        — ETAko batzuk atxilotu ditiztek gaur Bilbon. Hasieran bi hituen, baina gero beste pare bat ere bai.

        — Koño!

        — Dabilenari gertatzen zaiok.

        — Halaxe duk, Martzial.

        — Hi behintzat ez hindukete etxean harrapatuko. Tabernaren batean seguruago!

        — Hago ixilik. Eta errespetu bat.

        — Hiri?

        — Niri ez, dabilenari.

        «Ostia, beste bi erori dituk, Mikel. Jakingo duk zein den bi horietako bat, ezta? Galantean sartu duk Dionisos!». Baina zergatik izan behar zuen Dionisosek bi haietako bat? Beste edonor ere izan zitekeen. Bera bakarrik al zen bada haiekin enkontru bat izan zuena? «Enkontrua? Horrela esaten diok hik horri? Audientzia Nazionalean kolaborazioa esaten ziotek!». Zezenari sartzen zaion azkeneko aizto bihurra bezalakoa izan zen hura. Ez zuen aski bere buruarekin eta orain Dionisosekiko kezka, eta lotsa, eta oinazea. «Beste batzuk izango dira atxilotutakoak. Posible da, joder! Bilbon milaka pertsona bizi badira, zergatik Dionisos?».

        — Trena hartzeko zain?

        — Zer?

        Poteatzaileak joanak ziren, eta tabernaria Mikelen mahaiko basoak eta hautsontzia batzen ari zen.

        — Trena hartzeko zain ote zauden...

        — A, bai.

        — Gauekoa?

        — Bai.

        — Parisera orduan?

        — Bai.

        — Jateko zerbait nahi? Ogitartekoren bat edo zeozer?

        — Ez. Beste garagardo bat hartuko dut.

        — Konforme. Neuretzat mokadutxoa prestatu behar dut. Inor baletor edo zerbait behar bazenu egidazu eupada bat.

        Gizona sukaldera ezkutatu zen. Zortzi t'erdiak bueltan behar zuten, telebistan Gaur Egunen karatula agertu baitzen. «Ze arraio, Mikel! Zergatik esan diok Parisera hoala! Mugitu hadi hemendik. Imajina ezak hire aurpegia agertzen dela telebistan. Orain tipoa barruan zagok, baina bat-ba tean irteten baduk zer? Edo baten bat sartuz gero?». Mostradorean mila pezetako bat utzita hanka egin zuen geltokira, jakanarruaren kolkoak jasota, iheslariaren pausoeran, ezin burutik kendu Dionisosena. «Horra tipo legala! Hori esan zian etxean hartu hinduenean, ezta? Legaltasun bitxia hirea, opari ederra laga diok ordainetan!».

        Txarteldegiko ilaran bikote bat eta lau magrebiar, aldean poltsa handi bana.

        — Paris.

        — ¿Compartimento o litera?

        — Litera.

        — 12.500 pesetas, por favor.

        Bon voyage!

        Paris. Mikel egundo Parisen izan gabea zen. Ez zion dena den, poz handirik sortu bidaia egoera hartan egin beharrak. Nasara baino lehen, batera eta bestera so egin zuen. Pareko nasan, trenaren zain beharbada, hiru-lau lagun. Bera zegoen nasan beste hainbeste. Polizia arrastorik ez. Burdinbidea Hendaiarako norantzan ilunpetan nola galtzen zen begira egon zen denbora batez. Dardara batean zegoen, beldurragatik adina hotzagatik. Alabaina, gorputza gauaren mende uztea erabaki zuen. Camel bat iziotu eta, besterik gabe, entzefalograma laua mantentzen saiatu zen, denborari joaten uzten, hurrengo eguna zabaltzen ikustea baino desio ez duenaren gisan.

Lurrean zapaldurik zeutzan zigarro motxikinek adierazten zuten zein luzea izan zen hamaikak arteko tartea. Mikel trenean zegoen, eta han geratu ziren zigarro motxikinak, Irunen. Janzkeraz jendarmea zirudien interbentore batek azaldu zion bere litera-konpartimenduaren kokapena, txarteldegi ondoan ikusitako lau magrebiarrak zeuden konpartimendu bera. Sei litera eta bost pertsona, pospolo kaxa bat zirudien gelan. Trena martxan jartzeaz batera azkartu zen Mikelen bihotza ere. Gutxi barru bestaldean izango zen, egun hartan gainditu beharreko azken froga. Ez zekien zein motatako kontrola izaten zen muga igarotzeko, baina bazekien eguneko azken bihotz iraulia jasateke zegoela.

        Hendaian geratu ziren gutxira. Bidaiari bakanen bat igo zen nahiko hutsik zihoan trenera, eta aldaketa gutxi gehiago. Konpartimenduan lau magrebiarrak arropak eranzten ari ziren, ohe deitzen dieten metro erdiko espazio hartan etzateko. Hiru pisuko litera bat alde batera eta beste hiruko bat bestera. Gorengo biak utzi zizkioten libre. Argia itzali zutela nabaritu zuen atepeko errainua desagertzean. Trena martxan jarri zen berriro, eta Mikelen begiak Hendaye jartzen zuen kartelean iltzatuak geratu ziren. «Hemen hasten duk bestaldea!». Administratiboki behintzat Frantziako lurretan sartua zen. Eta ez zen gutxi. Ezpainetan irribarretxo antzeko bat marraztu zitzaion. Etxetik arineketan irten zenetik lehendabizikoa. Beste Camel bat iziotu zuen, uste baino lasaiago. «Hau erre eta ohera. Merezi duk-eta! Bihar beste egun bat izango duk, beste mundu batean... Parisen! Gogoratzen al duk Humphrey?». Upakada luze batzuk eman zizkion leihatilatik jaurti aurretik. Burua leihatilatik kanpora atera zuen pixka bat. Dexenteko abiaduran zihoan. Haize hotzak azala freskatu zion. Eta atzera begiratuta ikusi zuen iragana, jaurti berri zuen zigarreta hondarra bezala, gau beltzean desagertzen. Aurrean, dena beltz, beste ezer ez.

        Giza-hatsa zegoen konpartimenduan. Izan ere, gehitxo ziren bost gizaseme halako toki txiki baterako. Goiko litera eta sabaiaren arteko distantzia ez zen metro batera heltzen. Nola-hala etzan zen tren konpainiaren begirunez bertan aurkitutako burko baten pean botak lagata. Jakanarrua bota zuen gainetik, eta ondoren tren konpainiaren beste begirune keinu bat zen mantatxoa. Behatzak mugitu eta plazerra sentitu zuen gorputz osoan. Bizirik zegoen seinale.

        Burutapenak etorri ohi dira ametsak baino lehen. Dionisos, ama, lagunak, Pietatea... denak nahasi zitzaizkion nahasian. Atxilotuta ez, Remelluri bat edaten irudikatu zuen Dionisos. Amak arduratzen zuen, latza izango zen berria jasotzea. Zuria Beltzekoek flipatu egingo zuten, seguru. Anek batez ere. Edo beharbada ez, beharbada Jonek flipatuko zuen gehien; ez zukeen sekula halakorik pentsatuko. Pietatea? Zer esango ote zuen Pietateak? Deus ez. Zer esan behar zuen ba? Isilik geratuko zen, bere aurpegian ez zen keinurik marraztuko; finean, Pietatea.

        Trenaren tiki-takak trankildu egin zituen Mikelen kirioak, loak hartzeraino. Baina tupustean... atea zabaldu zuten kanpotik. Asaldatu egin zen. Argia piztu zuten. Hendaiako nasan trenera igotzen ikusitako jendarmeak!

        — C'est une inspection! Sortez tous au couloir et montrez vôtres cartes d'identitées! Allez! Allez!

        Hara bihotzaren irauli handiena! Kolpetik jaikitzen saiatzean kaskarrarekin jo zuen sabaia. Kolpearen mina ez zen deus izan taupaden estuasunaren aldean. Magrebiarrak konpartimentutik irteten ikusi zituen paperak eskuetan. Karrajoan zeuden laurak, galtzontzilo hutsik. Mikelek ez zien jendarmeei fitsik ulertu, baina jakanarrua hartuta jalgi zen ohatzetik. Burumakur zeuden magrebiarrek ardi beldurtiak ziruditen, oilar frantses harroak gobernatzen zuen ukuiluan. Jendarme harroxko batek, frantsesek eta donostiarrek baizik eraman ez dezaketen mustax fina sudurpean, haien paperak aztertu zituen, tartean behin begietara so eginez. Bigarren jendarmeak konpartimendua arakatzen ziharduen. Maletak oro ireki eta lurrean barreiatu zituen arropak eta zorroak eta trasteak. Lau magrebiarren dokumentuak aztertzen bukatutakoan Mikeli begira geratu zen mustaxaduna. Mikelen eskuan dantzan ari zen nortasun agiri dardartia.

        — Vous pouvez être tranquille. Quand je finiré de fouiller l'appartement, vous pouvrez rentrer.

        Ez zion zipitzik ulertu baina konpartimentura sartzeko keinua egin zion geroxeago.

        Hogei bat minutuz izan zituzten karrajoan. Halako batean jendarme mustaxadunak diosala egin zien kapeluari eskuarekin gora eginez eta, ulertu ez arren, Mikeli mehatxu tonuan esandako esaldi bat iruditu zitzaionarekin. Atea itxitakoan maldizioka jardun zuten magrebiarrek, Mikelek ulertzen ez zuen beste hizkuntza batean. Badaezpada, jendarmeak putaseme batzuk zirela adierazi nahi izan zien imintzio batzuez. Ez zegoen oso ziur aditu ote zioten. Alde guztietatik barreiatuta zeuden arropa eta trasteak bildu, ahalik eta azkarren literetara etzan, eta errezoan hasi ziren ozen, letania amaigabean. Hura izango zuten amorrua baketzeko modua.

        Koranaren marmarrean eta trenaren tiki-takan, berriro loak hartu zuen Mikelek, berak ere nola ez zekiela.