Berandu da gelditzeko
Berandu da gelditzeko
1999, nobela
280 orrialde
84-86766-92-3
azala: Pablo Galarraga
Unai Iturriaga
1974, Durango
 
 

 

Dionisos

 

Lainoen biltzarra bailegoan, zerua astun zen Bilbo gainean. Euri zemaia atmosferan. Gizonezko gazteek bizarra, txima luzeak eta koadrozko alkandorak janzten zituzten garaian. Seat 124ek auto dotoreak ziruditen R8en eta 2CVen paisajean. Azul iluna kanpotik, Bordeaux koloreko narruzko tapizeria barrenetik. Kaseta ere bazekarren haietako garestienak, gaurkoen halako bi ziren kaset itzel eta potoloak. Salveko zubitik igaro ziren hiru-lau, GMC eta Man kamioien artetik. Zubiaren azpialdean, Campo Volantineko paseo luzea eta Guardia Zibilaren komandantzia. Lehen euri tantak jaurti zituen abendu amaierako arratsaldeak, komisaldegitik gazte luze bat irten zenean. Gorputz luzanga hark normala baino neurri txikiagoko buru biribil batean zuen amaiera. Gazte gehienen kontrara, aurpegi hartan ez zen bizar aztarrenik ageri; egunetan moztu gabeko hiru ile zaharrek baino ez zuten janzten gaztetxo itxurako bisaia zurbila, nabarmenegia sorbalda makur haien gainean. Komandantziako lau eskailerak bajatzen hasi orduko behatu zion arinki atea zaintzen zegoen guardia zibilari. Cetme distiratsua eskuan, begirada sonbreiruaren biseraren itzalean ezkutatu zuela ohartu zen mutila. Udaletxera bidean abiatu zen segidan, zira azul marinoa soinean eta plastikozko poltsa zimurtu batekin. Lau urrats ematerako hurbildu zitzaizkion gazte bi. Gizonezkoa bata (bizar eta ile luzeak, marko beltzezko antiparra galantak) eta emakumezkoa bestea (ilaje lisua eta hirulaurdeneko panazko jaka). Biek ala biek blujin estuak, orkatilan zabalagotzen zirenak.

        — Aupa, Anton! Kaguenlaletxe...

        Irribarre erdi batekin eta besoak besarkatzeko zabal-za balik agurtu zuen.

        — Aupa.

        Besarkada laburra izan zen.

        — Hiru ordu zaramatzagu hire zain. Zer egin diate? Paper konturen bat? Urduri jartzen hasiak ginen, laostia!

        — Kaixo, Dionisos!

        Samurragoa izan zen neskaren agurra. Begiradak gurutzatu zituzten, eta irri xumea erakutsi zion neskak. Dionisosen aurpegian ez zen umore izpirik. Ezpain bueltako giharrak erabat kuzkurtuta zeuzkan, ez zen negarrez hasiko baina ezta barrez ere. Espaloian aurrera jarraitu zuen Dionisosek, beste biek atzetik. Espaloian, emakume larruz jantziek beren zakurtxo pedanteak paseatzen zituzten, Deustuko jesuitek pauso lasterrean meditatzen zuten, eta 24 zenbakiaren parean PNVren buro politikoan beste zerbait antolatzen zuten... (baina hori beste historia bat da).

        — Torturatu egin haute? Bainera? Bizikleta? Elektrodoak? Jo egin haute?

        Galdera larregi erantzun bakarrerako.

        — Baina... baina ze ostia, ez diguk ezer esan behar? Ez diguk heuk deitu? Ez ditiagu hire zain hiru ordu pasa pikoletoen komisaldegiaren ataurrean?

        — Zuek hiru ordu pasa dituzue ataurrean, nik hiru egun pasatu ditut barruan.

        — Bazakiagu. Dionisos...

        Neska mintzatu zitzaion, pausoa eten gabe, mutila baino tonu bareagoan:

        — ...baina guk ez diagu horren errurik, eta ez gaituk hire bila etorri gero sermoietan hasteko. Goazak laster hemendik, trago bat hartuz lasaiago hitz egingo diagu.

        — Egia da, bai. Barkaidak, Eloy.

        — Ez duk ezer, Anton, ulertzen diat.

        — Barkazak hala ere.

        — Bale... Barkatuta hago.

        — Eskerrik asko... Badaukak Ducadosik?

        Somera kaleko Morga tabernan eseri ziren, izkinako mahaian.

        — Hik zer nahi dun, Isabel?

        — Zerbeza bat.

        — Hik, Anton?

        — Ateraidak txikito bat.

        — Edan ezak garagardo bat barru horiek freskatzeko, gizona!

        — Nahiago diat beltza, baina berezia izan dadila.

        Eloy barrara joan zen. Mostradorean hiru agure berbetan ari ziren hartaz eta honetaz. Izkinako mahaian Isabelek beste Ducados bat eskaini zion Dionisosi.

        — Eloyri baino ez zioat entzun hiri Anton deitzen.

        — Ez zakinate askok nire benetako izena. Neroni ere ahaztu egiten zaidan batzuetan. Baina Eloyk fraileetan ezagutu nindunan...

        Zabor poltsa zimurtutik ateratako Bic gorriaz sutu zuen lehenengo Isabelen zigarreta, eta ondoren berea, egundoko upakadaz ia Ducados erdia errez. Bien biriketako keek bat egin zuten airean.

        — Gogor eman diate?

        Ezin zion Dionisosi artez behatu.

        — Bai.

        Dionisosek ere han nonbait pausatu zituen begiak, elkar besarkatutako keetan.

        — Hiru egunetan?

        — Bai, gau eta egun.

        — Bainera?

        — Bai.

        — Elektrodoak?

        — Baita.

        — Zerbait atera diate?

        — Ez.

        — Hi haiz hi!

        — Ze hi haiz hi eta hi haiz hi ondoko! Ni ez naun inor! Ni neu naun, ulertzen? Ez gehiago eta ez gutxiago. Ez dinat torturapean egon izanagatik heroi bihurtu nahi! Ez dinat nire argazkia hormetan ikusi nahi, «le aplicaron electrodos, la bañera, la bicicleta... Una víctima más de la tortura...» eta halako testuekin. Ados?

        — Ez hadi horrela jarri...

        — Ikusi nahi ditun torturaren markak? E!, ikusi nahi ditun...

        Jertsea eta alkandora altxa zituen, sabel buelta eta saihets aldea ubelduak bistaratu. Erredurak zeuzkan larruazal osoan, zigarrokinen erredurak, eta saihetsen bueltan elektrodoenak.

        — Gustatzen zaizkin? Nahikoa heroi naizela iruditzen zain?

        — Baina ze ostia ari haiz? Estali egik tripa hori!

        Edariekin zetorren Eloy.

        — Zer nahi duk, taberna osoa hiri begira jartzea, ala? Ulertzen diagu hire ostia txarra, eta minduta egotea. Baina gu ez gaituk horren errudun! Sartu ezak behingoz hori kaskarrean!

        — Egia duk, barkazak.

        — Ez dik betiko balioko barkazak horrek...

        — Bazakinat. Barkazan hik ere.

        — Ez kezkatu, Anton.

        Beste Ducados bat eskaini zion Eloyk. Lehenengo zurrutada eman zion ardoari. Keinu garratza marraztu zen Dionisosen aurpegian. Zigarreta iziotuz esan zuen:

        — Sator bat zagok gure artean.

        — Zer diok?

        — Sator putaseme bat dagoela gure artean, kabroi madarikatu bat. Horixe diot. Ia bi urtez segidan pasa nauk komisaldegi horretatik, eta dagoeneko bazekiat...

        — Zertaz ari haiz, Anton?

        — Aurrenekoan ere erretxinduta atera ninduan handik. Baina oraingoan konturatu egin nauk.

        — Oso larria duk esaten habilena, hori ondo dakik hik.

        — Larriagoa duk orain arte konturatu ez izana. Azaldu egiek hori orain Mikelen gurasoei!

        — Hori ere ez duk.

        — Horixe dun ba, Isabel! Horixe! Tipo bat zerraldo eta beste hainbat kartzelan. Eta kanpoan gaudenetatik erdiak epelak hartuta. Horixe besterik ez!

        Eloyk garagardo trago luzez xamurtu zuen eztarriaren lehorra. Listurik ere ez zitzaion geratzen hitz egiteko. Beste zurrutada batez edan zuen osorik.

        — Seguru hago nor den?

        — Bai.

        — Esantzak ba!

        Isabel sartu zen, tonu apalean baina keinu gogorrez:

        — Nola hasiko duk hemen halakorik esaten!

        — Ez hemen ez inon.

        — Zeer?

        — Gauza bat eskatu behar dizuet... lehenengoa eta azkena. Ni banoa. Militantzia utziko dut.

        — Nola?

        — Utzi egin dudala, horixe! Banoa, inor salatu gabe, zerbaiten alde zerbait egin dudalakoan, eta horretaz harro. Baina banoa.

        Lurrera begiratzen zuten bi lagunek, Eloy zotz bat apurtzen eta Isabel bere txima nabarra belarri ostean egokitu ezinean.

        — Hori duk hire eskaera?

        — Badakik alde egiteko ez duala gure baimenik behar.

        — Badaukak beste Ducados bat? Eskerrik asko, Eloy... Ez zen hori nire eskaera. Tipo hori akabatzen uztea baino!, neure kontutik.

        — Erotu egin haiz?

        — Ez.

        Ezin zuten sinetsi. Ez zuten sinetsi nahi.

        — Zuen baimenarekin edo gabe, egin egingo diat.

        — Baina...

        — Ez baina ez bainaondoko, neuk akabatu nahi diat, entzun? Neuk!

        — Lasaitu hadi, Dionisos —Eloyk baino tentu gehiago zeukan Isabelek—. Taldea uztearekin, ados. Hirea duk aukera. Baina gure taldean, hi uztera hoan taldean, sator bat baldin badago... jakin egin beharko diagu, ezta?

        — Arrazoi dik Isabelek.

        — Gauza bat egingo dugu...

        Kolpe batez hustu zuen basoerdia.

        — Tipo horren izena emango dizuet... baina neuk zainduko dut gertutik. Ez dezala ezer susmatu.

        — Ez zakiat, Anton...

        — Hau ezin diagu guk bakarrik erabaki, Eloy.

        — Nork erabaki behar din orduan? Zer nahi dun, honetarako biltzar bat antolatzea? Non, Basauriko kartzelan?

        — Hoa popatik hartzera!

        — Tira, tira... zuek zarete orain bakea behar duzuenak. Eman hilabete bat, besterik ez. Desagertzen badun, pasa mezua eta kito! Zer diozue?

        — Halaxe izan beharko dik...

        — Ba ez dago besterik orduan.

        — Bai, Anton, bada besterik... Botazak putakume horren izena!