3
Gauaren eta egunaren etengabeko sekuentziak zehazten du zehaztasun konkreturik gabe denboraren joana. Zazpi egunek eta zazpi gauk astebetea eratzen dute, eta astebete hori lau aldiz biderkatuz gero kasu honetan ere zehaztasun gabe, hilabetea osatu ei da. Hotzean, planteamendu horrek ez garamatza inora; baina epelean edo, zergatik ez, berotan aztertuko bagenu, eta Bilbon, Euskal Herriko hiriburuan kokatuko bagenu, ba bai. Ezen Bilbo itxuraldatzen hasten baita irail bukaeran. Haizeak eta euriak gotortu egiten dute hiria udazkenean. Hormetako kartelak mudatu egiten dira oinarrizko koloreak baino nabarmentzen ez direla koatrikromiaren erruz dela diote adituek, nik uste dut koloreen egoskorkeria baino ez dela. Arenalean geroz eta bikote gutxiago ikusten dira gauez bankuetan zirrika. Nerbioi beti bezain uher baina indartsuago dator. Naturaren kolore gorriztak baino udazkeneko argi laranjak goxatzen du Bilbo eguzki egunetan, eta egun ilunetan neguko gristasunaren zemaia irudikatzen da hiriaren teilatuan, gero eta atmosfera lanbroagoan.
Aspektu klimatikoez gain, udazkenean ikasleak itzultzen dira, eta beraz, sofisma klasikoa aplikatuz, baita irakasleak ere. Banketxeetako enkargatuek eta Diputazioko funtzionario infuntzionalek lehenagotik ekin diote, hiriari (bere aspektu psikologikoan batik bat) patetismoa erantsiz. Patetismoa baita hirien ezaugarri orokorretako bat. Erran nahi baita, hiri guztiak direla patetikoak zentzuren batean, kontuan izanik funtzionarioek, poliziek eta mota guztietako loteria-saltzaileek bertan topo egiten dutela.
Patetikoa!
Zer diozu?
Patetikoa dela, joder! Horixe da berba, patetikoa!
Zer baina?
Dionisos egongelatik purrustadaka ari zen, erdi ahapean erdi ozen. Botila ardoa zuen pareko mahaitxoan eta eskuan edalontzia, ezpainetara maiztasun handiz hurbiltzen zuena. Botila ardoaren ondoan hautsontzia, zigarreta mutxikinez gainezka, eta Ducados pakete hasi berria. Lehentxeago amaitutako paketeak alfonbrari ezinezko kolore joko bat proposatzen zion lurrean.
Mikel afaria prestatzen ari zen sukaldean, kalabaza pure bat, zehatz esanda. Egiten zekien plater gutxitarikoa zen eta, beraz, sarri izaten zen hura afaltzeko. Zorionez, Dionisosek gustuko zuen kalabaza purea, jatuna izan ez arren bai baitzekien gauza onak estimatzen. Mikelentzat aldarrikapena zen; amaren etxetik kanpo, ikasle pisu batean egiten ikasi zuen lehen platera, nolabait ere bere independentziaren sinbolotzat zeukana.
Zer da baina hain patetikoa iruditzen zaizuna?
Luis Fernandez hau!
Beste Ducados bat sutu eta ardoz bete zuen godaleta berriro.
Hainbeste Athletic, hainbeste «euskal herritarrez bakarrik osatzen den talde bakarra» eta hainbeste ostia, eta gero majadero hau jarten jabek entrenatzaile! Majadero bat, horixe bera! Gabatxo txobinista bat azentu andaluzarekin! Hori Azkoitiko azentudun autonomista izatea baino okerragoa dok ia, joder!
Noiztik arduratzen zaitu Athleticek?
Ez najok Athleticek arduratzen, Euskal Herriak baino. Hik badakik zenbat subnormal dagoen bere abertzaletasuna ia esklusiboki Athleticen oinarritzen dabena? Kalkulatzen dok? Subnormal horiek guztiek pentsatzen jabek morroi hau egundokoa dela, izugarria dela! Atoan bereganatu dabela euskaldunen izaera... Baita zera be, ostiak! Pentsamendu moderno frantses nazkagarriaren eta folklorismo espainolik kutreenaren ezaugarriak biltzen jozak pertsona bakarrean. Eta hemen, milaka pertsona injertu hau jainkotzen.
Hainbesterako ere ez da izango eta, trankil!
Mikelek ordurako perolatxoa sukaldeko mahai gainean jarria zuen.
Hau prest dago! Geratzen zaizu ardorik botila horretan edo beste bat zabalduko dut?
Badakart beste bat, honek bereak emon jozak-eta.
Sukaldeko atean agertu zen ardo botila bat esku batean eta botila ardoa bestean. Bere azkena gertu zuen Ducados bat zekarren ezpainaren ezkerraldean itsatsita. Mikelek zerbitzatu zuen purea, lehenengo Dionisosen platera, ia gainezka egin arte, eta ondoren berea, gutxixeago. Ez zen ez jango ez zuelako plater bete, neurri kontuak Dionisosi errespetua adierazteko moduak baino ez ziren. Dionisosek edalontzia hurbildu zion Mikeli eta ardoz betetzen hasi zen.
Ardoa zerbitzen ari nazenez, galdera bat egin gura deuat. Hik sartu dozak hiru Coto botila Remelluri kaxan?
Mikel ez zebilen oker bere susmoan. Beti izan zuen halako gaitasun bat marroien etorrera aurreikusteko.
Bai. Sentitzen dut, baina diruz larri nenbilen eta ez nengoen Remelluri botila mila pezetatik gora ordaintzeko moduan. Coto batzuk erosteko baino ez zitzaidan iristen. Asteon hasiko naiz lantxo batzuk egiten eta ordainduko dizkizut dirua jasotzen dudanean.
Bistarekin kalabaza pusketa ñimiño bat jarraitzen zuen Mikelek, koilararekin sortutako zurrunbiloan amiltzen ari zela. Une batez pentsatu zuen bera ere kalabaza pusketa hura bezala sentitzen zela Dionisosen aurrean.
Denak egun batean edan heuazen?
Gau batean.
Gustatu?
Zer?
Ea ardoa gustatu jakan.
Bi erantzun posible besterik ez zituen: Bai edo Ez. Eta ez zekien aukera bietan zein zen Dionisosek entzun nahi ez zuena. Ehuneko berrogeita hamarreko aukera zuela otu zitzaion, umetan kara-kruz egiten zuenean bezalaxe. Egia esatea erabaki zuen, asmatu ez arren, egiak beti izango baitzuen egia berarekin.
Ba bai.
Asko?
Bai.
Baina... asko, benetan?
Kaguenlaletxe! Baina zer ostia da hau, galdeketa bat? Neuk hartu nizkizun botila ardoak eta neuk ordainduko dizkizut. Baina, mesedez!, ez ezazu hau Burgosko epaiketa bihurtu.
Lasai, gazte! Ez najoan hi urduritzerik gura. Baina ardo hori berezia dok, berezia. Ardo horrek halako zera berezi bat lagatzen jok tragoaren azkenean, halako pikardia zipriztin bat, halako...
Arriskutsu bihurtzen zen ardoei buruz hizketan hasten zenetan. Bazuen «halako» joera bat ardoaren dastaeraren deskribaketan poesia egiteko.
Hi! Eta idazle alemaniarren antologia be hik hartu dok?
Zein?
Idazle aleman madarikatuena!, azalean Otto Dixen koadro bat dakarrena: eskale bat hankak moztuta kalean diru eske.
Ez, ez daukat gogoan liburu hori hartu izana.
Ba atzo bila ibili nintzuan eta apaletan etxagok. Ni ez naiz hemengoa egoen apal berean jagoan...
Bihotzak jauzi egin zion kolpe batean. Ahotik irten eta airean, Mir estazioko astronauta bat bailitzan, grabitatearen legeak oro desobedituz nola zihoan ikustea iruditu zitzaion. Bere bihotza Aneren ezker bular biluzian lur hartzen imajinatu zuen eta, ondoren, zauririk sortzeke, haren azalean barneratzen. Azkenik irudikatu zuen, bihotzak utzitako hutsunean min sentitzen zuela, pena samin bat.
Neuk hartu nuen!
Eta? Non daukok? Saldu egin dok?
Ez, tira... Eduki, eduki, ez daukat nik...
Berriz ere kalabaza pusketa txiki bilakatzen ari zen, edozein Gregor Samsa bezala.
Aste Nagusian Aneren lehengusu bat etorri zen lotara eta, oso oker ez banabil, berak eraman zuen. Barkadazu, erabat ahaztuta neukan.
Nor dok Aneren lehengusu hori? Bilbon bizi dok?
Egian esan, neronek ere ez dakit oso ondo nor den, eta gutxiago non bizi den geroz eta ttipiago sentitzen zen, eta une horretan nahiago zukeen kalabaza purearen zurrunbiloan galduko balitz. Baina liburua hain garrantzitsua bada, erosiko dizut beste bat.
Hi haz hi artaburua! Hik ondino pentsatuko dok gauza danak ordezkatu leitekezela bere klon bat erosita. Akaso pentsatuko dok gauza material oro ordezkagarria dela... diruarekin dana erosi daitekeela! Hi majadero bat haz, majadero patetiko bat!
Mahai gainean ukabilkada bat jo eta alde egin zuen karrajoan zehar sekulako purrustadak botaz. Mikel bere burua kalabaza purearen eltzetxoan aurkitzen saiatu zen, bera izan zitekeen kalabaza pusketa ñimiño haren bila... Gregor Samsa miretsiz, arazoak konpontzera Kafka ager zedin erregutuz.
Ontziak harraskan bildu eta harrikoa egiteari ekin zion berehala, harrikoa egiteko tartea beti iruditu baitzitzaion gogoetarako tarte egokia, kontuak buru hotzagoarekin eta patxadaz begiratzeko moduko tartea. Halaxe gogoratzen zuen bere ama ere bera umea zelarik. Nola ametsik ederrenak, esperantzarik politenak, harrikoa egiten ari zela kontatzen zizkion... Beti pentsatu izan zuen amak une haietan ez ziola berari hitz egiten, bakarrizketan jarduten zuela baizik. Gerora, bera harrikoak egiten hasi zenean guztiz ziurtatu zuena.
Eta harrikoan, Ane etorri zitzaion gomutara. Ez zeukan ahaztuta nola erreakzionatu zuen lehengusua aipatu zion hartan. Egia zen, bai, ez zeukan ahaztuta, baina ez zuen gogoratu hilabete pasatxoko tartean. Arratsaldean bertan entsegua izan zuen taldearekin eta gogoratu ere ez zen egin. Biharamun gauez kontzertua zeukaten eta ez zuten beste konturik erabili: Bilbotik kanpoko Zuria Beltzen lehen kontzertua.
Ane, ardoak eta liburuak, gogartean garbitu beharrekoak garbitu zituen. Gustura garbituko zituzkeen beste hamarrenak ere, zereginen bat izateko, Dionisosen begirada saihestu ahal izateko. Baina ez, ez zen umekeriatan ibiliko, zintzo jokatu beharra zeukan berarekin hala jokatu zuenarekin. Camel bat iziotu eta burumakur abiatu zen egongelara. Telebista jarrita zeukan Dionisosek, baina begirada hor nonbait galdua.
Sentitzen dut, benetan. Barkadazu.
Egon hadi lasai. Neuk be sentitzen joat holan jarri izana. Baina liburu hori berreskuratu egin behar dok... izugarrizko garrantzia jaukok niretzat... izugarrizko garrantzi sentimentala. Pertsona berezi batek oparitu jeustan, eta hor jagok koxka. Liburu berezia dok!
Ez zenuen ba zeuk erosi Likinianon, azalarengatik?
Hori esan neuan?
Baietz uste dut.
Ba ez. Pertsona oso berezi batek oparitu jeustan.
Emakumeren batek akaso?
Hiri ez deue axola zeinek!
Aspaldiko parteko irribarrea desagertu egin zitzaion, supituan Samsa bilakaturik berriro. Dionisosek hormako apalategira seinalatu zuen hatz luzeaz.
Barkaidak, baina liburu hori etxe honetan, apal horretan gura joat astelehenerako.
Zaude lasai, hitza ematen dizut hortxe izango duzula astelehenerako.
Eta orain, ardura ez bajak, itxi nagik bakarrik, etxaukat barriketarako gogorik.
Egongelako atea emeki zarratu, sukaldean tabakoa eta txiskeroa hartu eta logelan sartu zen. Hankaz gora zegoen dena, ohi bezala. Irratia piztu zuen, gauero entzuten zuen tertulia ultraespainola entzuteko. Ohean jesarrita, kanutotxo bat biltzen hasi zen. Txaplik pasatu zion probatzeko, gustuko bazuen lortuko ziola zati eder bat prezio onean. Eta zati handitxo bat eskatu behar izan zion probatzeko, ez baitzeukan erosteko dirurik. Txiskeroaren su txikian usain ederra zerion arren, hauts egitean bolatxoak eratzen zitzaizkion atzamarretan, eta beste askotan moduan pentsatu zuen nahiago zuela totxoko kostoa moroko puru hura baino. Kanutoa iziotu zuenerako ez zegoen hain ziur zein ote zuen nahiago.
Kanutoa erre eta tertulia entzun bitartean, kantuen letrak errepasatzeari ekin zion. Biharamunean izango zen taldearen lehen kontzertu serioa, eta ezin zuten hutsik egin. Estreinako kontzertua lagun baten tabernan eman zuten, baina apenas hurbildu zen inor Zuria Beltz ikustera. Entsegu bat baino ez zen izan: tabernari laguna, beraiek eta Txapliren kolega bi ipurtzuloraino kolokatuta... Aneri lizunkeriak esaten. Beraz, Bilbotik kanpora egingo zuten lehen kontzertua zen, eta ikaragarrizko itxaropena kontzertu hartan jarria.
Hi, Txapli, baina nora goazak? galdetu zioten.
Ziur ez dakit, baina Gipuzkoako herri horietako batera. Bihar jakingo dugu dena, biharko dena kontrolatuta!
Kanutoak begiak ixteraino ñimiñotu zizkion. Tertuliaren osteko kirol programa hasia zen. Kantuen hitzak idatzita zeuzkan paperak erori zitzaizkion atzamarren artetik, eta eternitatearen ateetan geratu zen arnasketa sakonean.
Kanpoan euria ari zuen. Tabernetako pertsianen astrapala nabaritzen zen tartean behin. Zabor-biltzaileen kamioia ere ez zen urruti. Zeharka jausten ari zen euria, operako agerraldi bat ixten duen teloiaren gisan.