Berandu da gelditzeko
Berandu da gelditzeko
1999, nobela
280 orrialde
84-86766-92-3
azala: Pablo Galarraga
Unai Iturriaga
1974, Durango
 
 

 

—15—

 

Pertsiana erdi botata zegoen, logela argi eta itzal artean banatzen zuela. Argitan, idazmahaia paperez eta arropaz gainezka; ilunetan, ohea, eta barruan Mikel, ahuspez lo, hankak zabalik, ahantzita utziriko guraizeak bezain zabalik. Ezker besoa luzatuz ferekatu zuen koltxoia une batez. Eskuaz bila jardun zuen, hemen eta han zapaltzen, han bertan behar zukeen zerbaiten bila. Bueltaerdia ematean itzartu zen.

        «Elkar ikusiko diagu berriz, Michelangelo!» zioen gau mahaiko oharrak.

        Hamabi t'erdiak ziren erlojuan, baina denbora eternala zen Mikelen buruan. Hantxe, ohe ertzean jarrita, biluzik, Pietateak utzitako paper puska eskuetan, eternala zen denbora. Nerea zuen gogoan, harekin igarotako gaua, haren larruaren sentipena berean, bularren sinpletasun epela, gerrialdearen malgutasuna, sabelpea...

        Bere lagunik zaharrenak, zakilak, atera zuen pentsamenduotatik, eta berriz bueltatu zuen denbora segundo eta ehunekotan neur litekeen lurraldera. Lehenengo keinu sotil baten ondotik, sistema hidrauliko batek eraginda bailitzan, diagonalarekiko 103 graduko inklinazioa lortu zuen. Askok pentsatzen dutenaren kontra, zakilaren ohiko inklinazioa 90 graduetatik gorakoa baita. 103 graduko inklinazioa goi mailakoa izan ez arren, inklinazio txukun bat da. Bakoitzari berea. Txoriñoaren alardeari une batez begira egon ondoren jaiki zen, pertsianak jaso eta leihoa ireki. Garairako batere normala ez zen zeru urdin argi batek agurtu zuen. Egun ederra! Nahiz eta egunederzale ez izan, Mikelek gustura ikusi zion egunari bisaia alaia. Oso ondo sentitzen zen, pozik... beteta. Gau berezia izan zen. Bazekien ondo noiztik ez zuen halako gau berezirik izan. Eta ordutik bezperakora arte ez zen gai izan saiatzeko ere, beldur baitzion neskekin katigatzeari. Pietatea agertu zen arte. Ordutik nabaritu zituen atximurkada txikiak bihotzean. Orain bazekien atximurkada haiek zerbait aldatu zutela bere barrenean... Izatea pozez betetzen zion zerbait, benetako barreak egiten direnean gorputza pozez betetzen denean bezalaxe, halaxe betetzen zitzaion izatea sentimendu harekin. Ororen gainetik dagoen sentimendua, kezka, beldur, zalantza eta antzeko sentipen guztien gainetik.

        Maitemina esaten omen zaio horri. Eta deskribapenak kursileria txepel bat dela iduri lezakeen arren, ederra da maitemina. Ederra da norbait hori parean ikustean hormona guztiak dantzan jartzen dizkizun sentimendua bizitzea, sexutik beste izpiritutik duena. Hurbileko norbaitek betiko alde egiten digunean ezinmina sentitzen dugunean bezala, inpotentziaren mina sentitzen dugunean bezala. Gorputza minetan izaten dugu eta izpiritua zotinka. Ederra dela, beraz, maitemina. Are gehiago anbiziobako maitemina. Eta ukatzen duenak, edo gezurra dio edo ez du benetan ezagutu. Kito.

        Mikelek dutxapean egin zuen ordu laurdenak bi gauzatarako balio izan zion: garbitzeko zein freskatzeko... eta bere zakila angelu apalago batera itzularazteko. Dutxatik irten zenean irakiten zegoen italiana, tartean behin txulotxotik txorrotadaren bat jaurtitzen. Mikelen poz sentsazioa areagotzeko, Dionisosek goizean goiz ekarriak zizkion ogia eta egunkaria. Hozkailutik gurina atera, ogi xerra meheak egin, katilu bete kafesne prestatu, egunkaria bildu eta egongelara eraman zituen. Van Morrisonen disko zahar bat hautatu zuen: It's to late to stop now. Ez zen izenburu txarra goiz hartarako. Bafleetan Listen to the Lion inside of me jotzen hasi zen. Sofan jesarrita ekin zion gosariari. Eskuman kafesnea eta ogia, ezkerrean egunkaria. Zer gehiago eska diezaioke gizakiak egun hasi berri bati?

        Sabela berdindu, egunkaria gainetik irakurri, Camel bat erre eta, komunerako buelta baten ondotik, arras hobeto! Azken kantua bukatua zela adieraziz jiradiskoan orratzak salto egin zuenez, telebistari sakatu zion. Laster hasi behar zuen Gaur Egunak. Eguneko bigarren Camela eta paketeko azkena. Barrabilak izter gainean egokitzeaz batera eman zion lehen upakada. Pantailan Maddalen Iriarteren aurpegia eta ahotsa. Irudietan hiri bateko kale bat, eta polizia pila bat ezkaratz baten aurrean, ataria zaintzen, enkaputxatuta eta eskopeta motzak eskuetan. Mikeli irudien informazioa soinuarena baino lehenago iritsi zitzaion burmuinera. «...Atxiloketak Bilbon. Momentuz bi dira atxilotuak, ETAko kide izatearen akusaziopean. Poliziaren iturriek adierazi dutenez operazioa ez da oraindik amaitu. Atxilotutakoak ETAko kide legalak dira eta, Poliziaren bertsioak dioenez, Bizkaia Komandoko partaide ziren. Atxilotutakoak: Jon Agirre Perez bilbotarra eta Jose Anjel Murua Alberdi tolosarra...». Argazkiak agertu zirenean irauli egin zitzaion bihotza.

        — Ostia, Jokin!

        Mikel zurrun geratu zen. Ez zen esku eta hankak mugitzeko gauza, dardara xume batek harrizko bihurtua zuen. Argazkiari erreparatu zion berriro. Bera zen. Bizarrez, baina bera zen, Jokin, Aneren lehengusua.

        «...Eta orain goazen beste gai batzuekin... Euskadiko kutxek lau mila milioitako irabazia...». Sofatik altxatu eta etxe osoan zehar bueltaka hasi zen. Segundoko hamar taupadaka zebilkion bihotza. Buruak ezin zion erritmo horri jarraitu, oztopatuta zuen. «...Operazioa ez da oraindik itxi, eta atxiloketa gehiago izan daitezkeela jakinarazi dute Polizi iturriek», esatariaren hitzak deszifratzen zituen Mikelek retardando efektu itogarri batekin. «Alde egin behar duk hemendik, alde!». Hizketa urdurian hasi zitzaion burua. «Ze ostia egiten duk hemen atzera eta aurrera? Poliziak hire bila etorri arte zain egon behar duk? Ez hadi babua izan! Goazen hemendik!».

        Bezperako arropak jantzi zituen: bakeroak, artilezko jertse beltza, jakanarrua eta Marteensak. SOS!, sosik ez, beti bezala. Dionisosen gau mahaia arakatu zuen narraski. Beheko kaxoian aurkitu zituen hogeita bost mila pezeta, bost milakotan. «Bueltatuko dizkizut egunen batean!, barkatu Dionisos». Atzeko patrikan sartu eta hanka!

        Kalera irten orduko, ezkaratzean, batera eta bestera begiratu zuen, kanpora buru erdia bakarrik ateraz. Ez zen ezer arrarorik ageri. Betiko mugimendu berdina ikusi zuen, baina Mikeli kalean gora eta behera zebiltzanak oro susmagarriak iruditu zitzaizkion. Ez aurrera ez atzera luzaz egon ezin zuela ohartuta, irten egin zen arineketan. Erosketa poltsekin zihoazen emakumeei izkin egin zien, eta baita txikiteoan zebiltzan gizonei ere. Manuel lanean ari zen tabernan. Mikeli ez zitzaion hura agurtzea burutik pasa ere egin. Arinegi zihoan. Baina egia esan, nora zihoan? Ba al zihoan inora? Edo beste modu batean esanda: ba al zekien nora joan? «Urrun, Mikel, urrun...! Ez haiz ba orain hire kolega baten etxera joango, eta hura ere hire marroi honetan sartu, ezta? Heu sartu hintzen mobidan eta heuk irten beharko duk! Orain goazen urrun, Mikel, ahal duanik eta urrunen!». Baina pausoa laburtu behar izan zuen bat-batean. Gizon bat ikusi baitzuen aurrez aurre, hamar metrora, amerikanako botoia askatu eta eskua besapera sartzen. Geratu egin zitzaion bihotza. Gizonak Lucky pakete bat atera eta zigarreta bat iziotu zuen. Mikelen bihotza berriro abian jarri zenerako Erriberan zegoen. Taxi bat hartzea erabaki zuen.

        — Garellanora!

        — Autobus geltokira?

        — Bai.

        Atzean jesarri zen, leihoetatik alde batera eta bestera begira. Bero zen taxi barruan, beroegi agian. Jakanarrua erantzi zuen, izerdi patsetan hasita. Eskua bekokitik pasa zuen izerdia kentzeko. Alferrik. Urduriegi baitzegoen, eta ez zen korrika saioaren eragina soilik. Arriaga pareko semaforo gorrian geldi zeudela, Poliziaren auto bi igaro ziren ondotik sirena hotsean. Mikelen bihotzak eguneko hirugarren geldialdia sofritu zuen, eta iruditu zitzaion ez zela eguneko azkena izango. Poliziaren autoak aldendu zirenean jarri zen semaforoa berdean. Plaza Zirkularrerantz jo zuen taxiak.

        — Gazte, aurten UEFA geurea izango duk!

        — Zer?

        — Ez naiz andaluzaz batere fio, baina... Badakik, halakoak ditik horrek barrabilak!

        Taxistak esku biak kendu zituen bolantetik Luis Fernandezen koskabiloen tamaina adierazteko. Kolpean zapaldu behar izan zuen balazta, pareko autoarekin talka ekiditeko.

        — Zer, gazte, ez zaik futbola gustatzen?

        — Ez.

        Taxistak ispilutik begiratu zion. Mikelek ez zeukan berriketarako gogorik, batera eta bestera so ari zen, etengabe, bekokiko izerdia jertse muturrarekin igurtziz.

        — Hala ere, Athletic zalea izango haiz ba, futbola ez gustatuta ere!

        — Ez.

        — Ez haiz Realekoa izango!

        — Ez.

        — A, bueno!

        Bost axola Mikeli Athletic eta taxistak! «Mikel, ez hadi orain txoferrarekin sutu, badaukak kezkatzeko arrazoi handiagorik!». Foru Aldunditik gora zihoazen, Plaza Eliptikoan semaforoak berriz ere gorri jarri zirenean.

        — Kaguendios!

        — Zer?

        — Ezer ez.

        Semaforoan zain, geldirik, Dionisos ikustea iruditu zitzaion. Bera zen, ziur. Sugeak txoriari begiratzen dionean bezalaxe geratu zen Mikel. Aurretik igarotzean, Dionisosek zigarreta bat iziotu ondoren burua jaso zuela iruditu zitzaion. Taxia Plaza Eliptikoari itzulingurua ematen hasia zen jadanik, eta orduan otu zitzaion Dionisos agurtu egin beharko zukeela nolabait. Bihurgunean ezker eskua sorbalda parera jaso zuen batere komentzimendurik gabe eskuari eraginez. Dionisosek plazako errebueltan zihoan taxiari erreparatu zion, Ducados baten keaz seinaleak egiten...

        — Hara gure zaparroa!

        — Zein?

        — Zera, nirekin bizi den hori.

        — Nor, Mikel?

        — Txakurtxikirik ez eta hor joiek hori, taxian! Mundua jan behar baleu lez!

        Nahiago zukeen munduak jango balu Jesusen Bihotzaren plazan Poliziaren hiru furgoneta aldamenetik ziztu bizian igaro zirenean. Furgonetek bidean gora jarraitu zuten, eta taxiak San Mamesera, futbol zelaia igaro eta autobus geltokira.

        — Zenbat da?

        — Seiehun eta berrogeita hamar.

        Dionisosi hartutako, ebatsitako, mila ogerlekoko bat eman zion. Taxistak amorru keinu bat egin zuen, kanbiorik gabe geratuko zela esanez.

        — Ez daukazu txikiagorik?

        — Seiehun bai, baina berrogeita hamar ez.

        Izorrai! Ordu biak eta bost. Erdiak arte autobusik ez. Jakanarruko patrikak arakatu zituen: tabakorik ez. Etxe kantoi batean ikusi zuen taberna batean sartu zen, ez lehenago barrukoari begiratu bat eman barik. Dena normal. Jende normala. Dena normalegia normala izateko. Telebista piztuta zegoen. Bi bezerorekin berriketan ziharduen zerbitzariak. Mikelek tabako makinara jo zuen artez, bururik altxa gabe. Dirua bota eta Camel kaxa itzuli zion. Tabernakoak zorrotz beha zeuzkala iruditu zitzaien Mikeli eta bere paranoiari. Doi-doi begiratu zuen barrarantz. Telebistaren pantailarekin topo egin zuen, eta bertan Jokinen aurpegia bete-betean!

        Geltokian, jende andana bildua zen, autobus zain, ikasle plantakoak gehienak. Baina txarteldegi ondoko morroiengan finkatu zituen begiak: bata beltzarana eta zurbila bestea, biak gazteak, eguzkitako betaurreko merkeak, hirulaurdeneko txaketak soinean! «Lasai, Mikel, babu hori! Edo bestela hasi hadi negarrez eta esan egiek heu haizela Polizia bila ari dena!». Ospa egingo zukeen gai izan balitz, baina bere hanka mengel eta dardartiek ezingo zuketen lasterraldi luzerik jasan. Erran nahi baita, txartela erosteko ilaran jarri zela. «Aski duk, Mikel! Jarri egik txartel bat paparrean «ni naiz bila ari zareten hori!» dioena, edo bestela joka egik gizontasun apur batekin!». Gizontasuna, hitz hutsala bi tipo haien ondotik igarotzean. «Deitu egiok nahi duan moduan, baina ez hadi kakatia izan! Dionisos lotsatu egingo huke!».

        — Bost duro, autobuserako... —eskatu zizkion zurbilak.

        — Ez daukat —totelka erantzun zion Mikelek.

        — Orduan... zigarro bat! Eta beste bat nire kolegarentzat...

        Popatik hartzera bidaliko zukeen baldintza normaletan. Larrituta zegoen baina, eta agindutakoa betetzera baino ez zen ausartu.

        — Donostiara, mesedez —esan zuen txarteldegian.