Berandu da gelditzeko
Berandu da gelditzeko
1999, nobela
280 orrialde
84-86766-92-3
azala: Pablo Galarraga
Unai Iturriaga
1974, Durango
 
 

 

—11—

 

Bilbon zarra-zarra ari zuen euria arratsaldeko hiruretan. Milaka tanta H2O suizidatzen ziren kanpoan, espaloi, teilatu, auto, zuhaitz eta farolen kontra, beren izateaz beste eginez. Somera kalean, udaleko brigadillak astero konpontzen zuen estolda gainez ari zen. Urak barrikada egiten zuen Manuelen taberna aurrean, ezinezkoa zen orkatiletaraino busti barik handik igarotzea. Kale bereko 13an, latorrizko hodi zahar batek ur jauzi estatusa aldarrikatzen zuen jario batean. Eta jarioak bigarren pisuko leihoan jotzen zuen, tarteka bete-betean, haizearen arabera. Leihoa itxita zegoen, pertsianak beheraino botata. Barruan lo zetzan Mikel, Dionisosek atea zabaldu eta argia piztu zuen arte.

        — Baina, baina... ze ostia?!

        Protestan saiatu arren, ez zuen benetan ahoskatu. Artean loaren mundutik mundu errealerako bidaian zegoen, erdi parean, restop batean.

        — Hire ama telefonoan.

        Dionisosek pertsianak goratutakoan, ukalondoaz begiak babestu zituen argitik, Bela Lugosik hainbatetan egin zuen bezala.

        — Tira, Drakula!

        — Zer?

        — Espabilatzeko, joder! Paso bakoitza 5'7 pezeta dozak, eta hire amak bajaroazak batzuk.

        — Banoa, banoa...

        Burumakur jaiki zen ohetik. Karrajoan, galtzontzilotan, homo sapiensa baino bi eskail-maila beherago dagoen primatea zirudien. Galtzontzilo barrenean gogor eta zut zeukan zakila. Pixagura ere ikaragarria, giltzurrunek hustuketa exigitzen zioten sindikatuen bitartez.

        — Ama?

        — Mikel... Ondino lo zengozan ala?

        — Baai.

        — Hiruretan da ohien? Gaur be egune argitu ta gero etxeratute egongo zara zu seguru asko...

        — Baai ama...

        — Bai, bai, zuk beti baai!

        — Zer gura dozu?

        — Zuk ahaztute eukiko dozu iguel eta, horrixaitik deitzen deutsut. Bixer aiten urtegune da!

        — Ostia! Ahaztute...

        — Ostia besterik ez dozue esaten zuek ala? Dana ostia!, dana joder!

        — Amaa...

        — Bai, bale. Etorriko zara bazkaltzera?

        Galdera ikurra jarri diogun arren, benetan agindu esaldia izan zen.

        — Bueno...

        Ez zuen joateko batere gogorik, baina ezin zion amari ezetzik eman.

        — Bueno dinozu!

        — Joango naiz, ama, joango naiz.

        — Klaro! Zergatik ez zatoz gaur eta bertan egingo dozu lo.

        — Bueno ba...

        — Ohie prestaute itxiko deutsut. Holan bide batez zeure lagunekin egon zeinke gaur gabaz... Aspaldi ez deutsezule bisitarik egin, Mikel; hori ez dago ondo.

        — Egia da, ama. Baina eske...

        — Aitorren amak askotan esaten deuste Aitor asko gogoratzen dala zutaz...

        — Badakit, ama. Baina...

        — Nik ohie prest itxiko deutsut, etorri gure badozu etorri!

        — Saiatuko naz gaur joaten.

        — Bazatoz pasau etxetik afaltzeko edo kopo bat egiteko behintzet.

        — Bale...

        — Gero arte, Mikel, aiteri tisanatxo bat ipini bitzet-eta!

        — Gero arte, ama.

        Klonk. Eta karrajoan zutik eta geldi tipo mehe bat galtzontzilotan zakilak laurogeita hamar gradutako angelua proposatzen ziola, darwinismoaren testigantzarik behinena ematen. Sukaldeko atetik burua jalgita, Dionisosek gizakiaren eboluzioaren teoriaren adibide hari behatzen zion.

        — Barregarri hago.

        — Zer?

        — Barregarri hagoela.

        Egoeraren lotsagarriaz jabetu zen. Barrabilak goxo igurtziz, bisaian keinu aingerutar bat irudikatu zitzaion.

        Segidan komunera. Badaezpada eseri egin zen, tentetasun harekin ez zegoen jakiterik komunetik kanpora txiza arrastorik laga barik egitea posible izango ote zen. Lanak izan zituen haragi puxka egoskor hura komunaren neurrietara makurrarazten. Gerri gainak lasatzen sentitu zituen parrastada bota ahala. Puxika hustu eta gero ere komunzuloan jarrita geratu zen. Burua danbadaka zeukan, San Sebastianetako danborrada Iriyarena jotzen. Pieza gogoangarria, bai jauna! Galtzontziloak orkatiletan eta ukalondoak belaunetan, buruari esku biez eusten zion. Galtzaile baten erretratua zen hura, eta ez pentsalari batena.

        Sentsazio hura gainetik kentzeko ezagutzen zuen metodorik onenetako bat: dutxa beroa! Halaxe egin zuen. Dutxapeko ur beroaren goxoan ezin izan zuen ekidin kanpaia jotzea. Bezperako neskaren irudia agertzen zitzaion behin eta berriz. Denboraldia zen Mikelek ez zuela emakumezko bat hain gertu sentitu. Enkontru hark libidoa piztu bide zion, eta orain libido hori askatzen baino ez zen ari. Eta isurkari hori kanporatzeko, zein bide hobea zakilaren tututxoa baino? Eta denok goxoarekin erlazionatzen dugun masa itsaskorra isurtzeko, zer plastikoagoa eta estetikoagoa zakil porrutu bat baino? Halako burutapen falofiloak zerabiltzan, arnasa zuzpertu bitartean. Dutxatik irtendakoan freskurarekin izandako kontaktuak kamaleoi bat legez sentiarazi zuen, azala aldatu balu bezala. Gizon berria jaioa zen... baina ispiluak ezin izan zuen une historiko hura islatu. Lurrunduta zegoen.

        — Paella eginda jagok gura badok.

        Dionisos informatiboren bat ikusten ari zen, Ducadosa esku batean eta ardoz beteriko godaleta bestean.

        — Kafea be martxan dago.

        — Kafea hartuko dut.

        Barruko arropa garbiaz eta txandalaz aratz eta fresko sentitzen zen. Arintasun sentsazioa gorputz osoan zehar zirrika. Biharamunari aurre egin zion, eta baita garaitu ere. Ez da beti amore eman behar gorputzaren diktaduraren aitzinean; batzuetan, gutxien uste denean, Minoria Arrazionalak irabazten du. Egongelara eraman zituen italiana lurrintsuak egin berriko kafea eta katiluak.

        — Zelan joan zuan atzokoa?

        — Ondo!

        Esne tantatxo batekin Dionisosentzat, kafesne handia Mikelentzat. Ogia ere ekarri zuen bustitzeko. Arratsaldeko lauretako gosaria.

        — Espezial! Deputamadre!

        — Ño! Eguna zabalduta etxeratu zaree...

        — Bederatziak aldera.

        — Parranda galanta.

        — Bai horixe.

        — Ondo?

        — Bai ba!

        — Neskaren bat tartean?

        — Ez, ez...

        — Anerekin edo...?

        — Anerekin? Erotuta zaude? Ane nire laguna da.

        — Eta?

        — Ba...

        — Hire lagun batekin ezin dok narrutan egin? Nik egin izan joat.

        — Ez da hori...

        — Joder! Ba nik izango neuke joaldi bat neska horrekin. Lehengoan konturatu nintzuan baietz. Ezetz uste najoan, baina bai.

        — Nik...

        — Gau osoan edan eta txarrikeriak hartu besterik ez dozue egin?

        Mikelek ogi pusketa handiak bustitzen zituen kafesnetan, eta bere osoan irensten.

        — Zuk akaso pentsatuko duzu ez dela posible parranda egitea neskatan ibili gabe, edo bestela mundua konpontzen aritu gabe, baina badaude beste modu asko libertitzeko. Asko.

        — A bai? Zeintzuk?

        — Dantzan egin, musika entzun... mainguka ibili... edo besterik gabe hitz egin, adibidez.

        — Koño! Hik dantzan egiten dok?

        — Batzuetan.

        — Oso ondo, Mikel, hik egik dantza. Egik dantza geratu barik, gau eta egun, egun eta gau, egik dantza, Mikel! Azken batean zer dok ba narrua jotea? Ezer ez... deus ez! Denok praktikatu nahi dugun kirol ez-deus bat besterik ez.

        — Zu mozkortuta zaude...

        Kafesnea eta ogi barra erdiarenak egin zuenean jaiki zen tabako bila. Ez zuen ezer aurkitu ez jakanarruan ez praketan. Kalera jaisteko gogorik ez zuenez, Ducadosetik erre beharko zuen. Hobeto, gutxiago erreko dok! Egongelara bueltatu zenean, Dionisos mahaia txukuntzen aurkitu zuen. Koadro eskoziarrekiko manta ere prest zeukan, gortinak orobat itxita.

        — Zer botatzen dute ba telebistan?

        — Burt Lancasterren bat. Abentura film tipikoa. Beste mutu horrekin egin ebazenetakoa. Kristorenak egiten jabezak... Trapezistak zuazen biak zirkuan zineman hasi aurretik.

        — Aja.

        — Ez hekien?

        — Ez.

        — Hik ez daukok putaidearik.

        — Emadazu Ducados bat eta isildu zaitez.

        — Eutsok! Eta isildu hadi heu, hastera joak.

        Burt Lancasterrek eta bere kide mutuak ehun gizonei aurre egiten zieten bitartean, Dionisosek biaoa egin zuen. Mikeli gehixeago kostatu zitzaion lo hartzea, baina azkenerako soinu bandako super-orkestrak lortu zuen, une erromantiko bat profitatuz, Mikelen betazalak eroraraztea.

        — Bihar arte, Dionisos. Gaur amarenean geratuko naiz lotara. Bihar gauez itzuliko naiz.

        — Ondo pasau!

        — Bai.

        — Nire lagunen bat ikusten badok, emon goraintziak. Badakik, ez dozak asko baina, ikusten badozak, esan joango nazela halakoren batean.

        — Bai, halakoren batean joango zara zu hara!

        — Hi beste joaten nok e!

        — Bai, aio!

        — Agur, bai!

        Ateri zen kalean, baina oro bustita edota umel. Zazpi t'erdietako trena hartuko zuen Atxurin. Pauso lasaian joan zen geltokira. Geltokian, adin guztietako jende andana. Emakumeak Corte Inglesko poltsekin, neska gazteak Zarakoekin, nerabeak Bronxeko beltzen janzkerarekin, jonkiren bat eta ero bat, betiko legez, istorio sinestezinak marruka kontatzen.

        Trena mukuru zihoan. Mikel zutik. Hainbat eta hainbat alditan ikusitako parajeak bistaratu zituen ate ondotik. Hainbat eta hainbat leku irudikatzen zituen haietara iritsi aurretik, eta segundo bat geroago hantxe ziren, irudikatu bezalaxe. Sasien gorabeheran baino aldatzen ez ziren parajeak: Bolueta, Etxebarri... Galdakao, Usansolo... Zornotza, Euba...

        Zortziak eta laurdenetan heldu zen. Beti bezala, hiru ordu laurdeneko bidaia. Gurasoenetik pasatzekotan izan zen, gertu geratzen zitzaion gainera, baina geroagorako utzi zuen. Ez zeukan parrandarako asmorik. Goiz xamar joango zen etxera, amaren lasaigarri.

        Zuzentza jauregi berriaren paretik igaro zen. Batzokia eta garai batean film «erotikoak» botatzen zituen zinema zeuden lehenago. Zozoak beleari ipurJEL! Ezkurdin gora ondoren, banku guztiak dauden kaletik, aberats zahar guztiak bizi diren kaletik, aberats berri guztiek bizi nahi duten kaletik. Alde zaharrean sartu zenean sentitu zen etxekoago. Artekaletik Santanako plazarantz. Kalearen erdi parean betiko liburu dendako eskaparateari so geratu zen une batez. Betiko ohitura zuen, baina argiak itzalita zeuden, ez zen gauza handirik ikusten. Euri ziztrin bat hasi zuen sirimiri.

        Itxita zegoen tabernako atea, leihoak lausotuta. Sartu ez sartu egon zen istant batez. Tupustean barrutik zabaldu eta koadrila bat jalgi zen futbolari buruzko eztabaida sutsuan. Pauso dudatiz sartu zen Mikel.

        — Mikel!

        Egiten ari zen kanutoa ia erori egin zitzaion eskuetatik Aitorri.

        — Mikel Agirre Etxebarria!

        — Aupa Aitor!

        — Laostia, Mikel, zenbat denbora!

        Gorka ere pozik zegoen.

        — Gure Bilbotarra itzuli da azkenean!

        — Aupa Gorka.

        — Zer hartu nahi duzu?

        — Sanmi bat.

        — Hala bedi. Hi, Sanmi bat!

        Momentu batez elkarri begira egon ziren berbaerdirik esan barik, elkarri kanutoa pasatzen eta elkarri so egiten. Berehala lasaitu ziren kontuak, eta Mikel bere mobidak azaldu beharrean izan zen... Zuria Beltz taldearena, lanean hasi zela, tira, lantxo bat bazuela, eta abar eta abar. Bazen ordu erdi luzea iritsi zela, eta konturatu zen berataz baizik ez zirela mintzo.

        — Eta besteak?

        — Zein beste?

        — Koadrilako gainontzekoak.

        — Ze koadrila? Koadrilarena aspaldi pasa zen. Igor neskarekin bizi da Gasteizen, Gabonetan eta holakoetan baino ez da etortzen; Xabi neskaren gurasoen etxean bizi da; Jonek eta Asierrek ezin dute elkar aditu, beraz, etxean geratzen dira pizzak jan eta futbol partidak bata bestearen ostean tragetan. Nik neuk ez ditut faltan botatzen.

        — C'est la vie, Mikel.

        — Halaxe da, bai... Beste Sanmi bat?

        — Paga dezala bilbotarrak.

        — Kabroia!

        — Bilbotarra izatea baino hobea dok...

        Beste bi garagardo joan ziren beste taberna batera mugitzea otu zitzaienerako. Ateri zen eta pauso lasaian zihoazen hirurak. Ertzainen furgoneta bat pasatu zen urrunera.

        — Zenbat zipaio! Trenetik nentorrela ikusi ditut beste furgona pare bat.

        — Pasada bat, Mikel.

        — Aspaldian zientoka dabiltza herrian. Eta uniforme gabe beste hainbat. Giro arraro xamarra dago azken asteburuotan. Esaten dute sekreta pila bat dabilela, bai zipaioenak bai paisanozko pikoloak.

        — Bai, e?

        — Ni, egia esan, ez naiz enteratu ere egiten. Aspaldian hainbeste jende biltzen da hemen asteburuetan, edozein izan daitekeela... Gero eta jende gutxiago ezagutzen dut parrandan dabiltzanen artean.

        — Zahartzen ari zara, Aitor.

        — Ni zahartzen?

        — Bai, zu.

        — Hogeita zazpi urte egiteke dauzkat, txikito! Sasoi betean nago oraindik.

        — Zahartzen ari zarela...

        Aitorrek Winston bat eskaini zion bakean uzteko. Mikelek onartu egin zion, noski.

        — Pintxo bat hemen?

        — Nahiago dut dialektika generazionala baino!

        — Kapitalekoa aurretik.

        Gorkak ateari eutsi zion, Mikeli pasatzeko keinua eginda.

        — Zoaz pikutara! Ni bertokoa naiz.

        — Hala zinen bai...

        — Eztabaidak sabela bete osterako, bale?

        Pintxoak barik, hiru bokata joan ziren taberna hartan. Futbol partida amaitu artean behintzat lasai ibil zitekeen tabernetatik. Mikelek, Gorkak eta Aitorrek tarte hori aprobetxatu zuten mozkortzeko.

        — Bestela ez dago modurik. Hamaikak alderako mozkortzen ez bazara, ez dago geroko jendetza jasaterik! Txaro jartzen nau birra bat hartzeko jendartean borrokan ibili beharrak.

        — Aspaldian holan egiten dugu...

        Geroz eta lodiagoa zen mihia Gorkaren ahoan.

        — Arratsaldean urten, kafea hartu, eta animo! Datorrena datorrela! Abantailarekin irten ezean ez dago eusterik gero.

        — Bai, hasi naiz nabaritzen. Komunera joan den neska horrek nire lepoan goxatu ditu titimuturrak.

        — Halaxe da, Mikel, gauzak asko aldatu dira joan zinenetik.

        Gaueko hamabiak alderako nahikoa edanda zeuden hirurak ere. Gorka eta Aitor pozik, aspaldiko partez bi barik hiru ziren koadrilan. Tabernak jendez gainezka, Mikelek ez zuen ia inor ezagutzen; tartean behin norbaitek agurtu egiten zuen eta burua jasoz erantzuten zion, nor izan zitekeen arrastorik hartu gabe.

        Goiz xamar itxi zituzten tabernak. Hamahiru tabernetako marabunta hiru pubetan biltzera zihoan betiko legez.

        — Ordutegi puta hori!

        — Laster goizean goiz hasi beharko dugu parrandan, bestela ez digu mozkortzeko astirik emango.

        — Kalebarrin ze ordutan ixten dute?

        — Hor ere gero eta goizago!

        — Txorin amaitu beharko dugu orduan.

        — Aspaldian hantxe amaitzen dugu guk.

        — Patetikoa!

        — Patetikoa. bai.

        — Bai jauna, patetikoa.

        Harro zegoen Mikel, Dionisosen plantak egiten.

        Ez zegoen aukera handirik herrian. Goizeko bostak aldera denetariko jendea bildu ohi zen Txorin. Pistan dantza egitera joaten ziren neska mamaletatik hasi eta txurrodun gazte kanuteroetara arte, tartean egon daitekeen fauna eta flora oro kontuan hartuta: paisanozko poliziak, EGIko burukideak, trapitxeroak, borrokak, nobodyak, makarrak, pijoak, iurretarrak eta despistaturen bat edo beste.

        Mozkorrari hobeto eusteko speed pixka bat hartu zuten. Lehenengo filatxo bat... eta gero beste bat. Kontuak horrela, Aitor, Mikel eta Gorka berriketa bizian ari ziren, erran nahi baita, jendea larrutzen... txanda eskean. Koadrilako kirol nazionala.

        — Eta beste tipo bi horiek? Lehen ere ikusi ditut beste tabernaren batean, horrelaxe, geldi-geldi, bazter guztietara begira. Jokatuko nuke txakurrak direla!

        Egia zen Mikelek lehenago ere ikusi zituela itxura bereziko tipo bi haiek. Jokinez gogoratu zen, Gasteizko neska hartaz. Azkarregi zebilkion burua. Izerdi hotza lokietan.

        — Ez zaitez paranoiatu!

        — Horiek ez badira, beste batzuk izango dira! Hemen seguru batzuk badaudela, baina ze ostia egitea nahi duzu?

        — Ez dakit, ezer ez, baina...

        — Ba orduan ahaztu itzazu eta edan zerbeza lasai!

        Bafleetan ozen ari zen Roxette. Oso gertutik mintzatu beharra zegoen ezer entzutekotan. Rugbyko mele bat osatzen zuten, hirurak batera hitz egiten. Ustekabean, norbaitek kolpetxo bi eman zituen Mikelen sorbaldan.

        — Aupa Mikel!

        — Leire!

        Besarkada bat eta muxu bi.

        — Aspaldikoa!

        — Bai, egia da ez naizela aspaldian etorri.

        — Jo... Mikel... Baneukan zu ikusteko gogoa. Pozten naiz.

        — Baita neu ere.

        Gorka eta Aitor elkarri begira geratu ziren. Haien ezpainetan marraztutako irribarrea ez zen zehazki maltzurra.

        — Utziko didazue Mikel unetxo batean?

        — Baina bueltan ekarri gero!

        Esaldia bukatzerako eskutik heldua zuen, tabernazuloaren bestaldeko barra txikira eramateko.

        — Hemen zarata gutxiago izaten da.

        Garagardo bi eskatu zituen Leirek. Mikel lotsati eta uzkur zegoen, aldean zeramatzan lau litro garagardo eta speed dosia eramanda ere herabe.

        — Eta?

        — Ba, hementxe.

        — Gustura Bilbon?

        — Bai.

        Isilunea egin zen. Leirek trago luze bat eman zion garagardoari, eta Mikelek ere bai ondoren. Polita zen Leire. Gorputz dotorea, gaua bera baino beltzagoa ile luzea, begi bixi-bixi ilunak, eta irri eztia, eztiegia.

        — Badakizu... duela pare bat hilabete jaso nuen Iñakiren gutuna, goraintziak bidaltzen dizkizu.

        — Londresen dago oraindik?

        — Bai. Bere lagunarekin bizi da. Oso pozik ei dago, bere airera! Badakizu nolakoa den... Zuri ez dizu idazten?

        — Hasieran bidali zidan postal bat, baina ordutik ezer ez.

        — Irlandar horrekin dabil? Nola zuen izena... Paul?

        — Bai. Azken gutunean esan zidan zeharo maiteminduta daudela. Pizzeriako lana utzi zuen, baina ez dakit orain zertan dabilen.

        Leirek Chester paketea atera zuen. Mikeli eskaini zion bat, eta onartu egin zion, noski. Leirek ere iziotu zuen bat. Upakada luze bat eman eta irribarre egin zion Mikeli.

        — Asko maite nuen.

        — Baita neuk ere.

Leirek beste upakada luze bat eman zion Chesterrari. Pentsakor geratu zen une batez.

        — Zuri... neskak gustatzen zaizkizu, ezta?

        — Joder, Leire!

        — Barkatu...

        Orduantxe hurbildu zitzaizkien Aitor eta Gorka.

        — Tarte baterako eraman diguzu mutila, tartea amaitu da... eta gu Paconera goaz gosaltzera... zuek ikusi... zulo hau laster itxiko dute eta, kale gorrian geratu baino lehen, hobe da Pacorenean lekua hartzea.

        Mikelek bazekien gosaltzera joanez gero lanak izango zituela eguerdirako etxera heltzen.

        — Ni ez noa Pacorenera orain. Bihar aitaren eguna da. Itxuraz egon gura dut eguerdirako.

        — Ni Pacorenean egongo naiz... Agur!

        Gorka jendartean galtzen ikusi zuen Aitorrek.

        — Kaguenlaletxe! Erabat mozkortuta dago! Beno, artaburu horren bila noa. Egongo gara, Mikel.

        Leire errudun sentitu zen berak sortutako nahas-mahas harengatik. Mikeli galdetu zion.

        — Ze asmo daukazu?

        — Ez dakit ba...

        Leireren erlojuari begiratu zion: seiak hamar gutxi.

        — Etxera joateko ere ez da ordu txarra, bihar ganorazko mutil baten planta eman beharko nuke... zera...

        — Zure aitaren eguna da.

        — Bai...

        — Zergatik ez goaz nire etxera? Orain bakarrik bizi naiz.

        Leireren eskuak sentitzen zituen bereei eusten. Leireren esku epelak bere esku herabeak ferekatzen.

        — Bagoaz, ala?

        Ezpain gorri goxo haien artetik hortzadura zuria agertu zen, diskotekako argi beltzak are gehiago indartzen zuena.

        — Ez dakit ba...

        Ondo asko zekien zer zen Leire eskaintzen ari zitzaiona, eta ez zegoen oso seguru benetan nahi ote zuen. Asaldatu egin zen Leireren hatsa matrailean sentitzean. «Zarata honekin ez dago hitz egiterik». Eta orain dena garbiago ikusten zuenean, zalantzatan zegoen harekin oheratu nahi ote zuen. Pentsatzen ari balitz bezala, burua atzera bota eta ingurura so egin zuen. Jendea urritu zen lokalean. Baina pareko barran zegoen, hala ere, lehen susmo txarra sortu zion bikotea. Berari begira zeudela iruditu zitzaion gainera. Dardara egin zioten hankek, zirrara hotz batek inarrosi zion gorputz osoa.

        — Zatoz, mesedez. Besterik ez bada, gosaldu egingo dugu. Ez zaitut ezertara behartu nahi, baina benetan gustura nago zurekin.

        Berriz ere bista jaso eta han ikusi zituen bi maromoak.

        — Autoz etorri zara?

        — Bai.

        — Goazen!

        Matrailean muxu bat eman eta besotik helduta eraman zuen kanporantz. Leirek sorpresaz hartu zuen mutilaren erreakzioa, pozarren jarraitu zion. Kanpoan gaua zen arren, sortaldera begiratuz gero suma zitekeen halako argitasun barea. Mikelek, ostera, aurrera baino ez zuen begiratzen, neskari besotik tiraka.

        — Non daukazu autoa?

        — Hortxe bertan. Opel Corsa gorri hori. Baina zer dela-eta hainbesteko presa?

        — Zure etxera iristeko izugarrizko gogoa dut!

        Autotik diskotekako ateari erreparatu zion. Ez zen inor ez sartzen ez irteten ari.

        — Goazen lehenbailehen...

        Atoan jarri zuen martxan. Diskoteka aurretik igarotzean, Mikelek ez zuen ezer ikusi. Bistatik galtzera zihoanean, atea zabaltzen ari ote zen iruditu zitzaion. Leirek ezkerretara hartu zuen... eta ez zuen deus gehiago ikusterik izan. Kale bi jaitsi zituzten. Semaforo batean geldirik egon ziren hogei bat segundoz. Ez zuen atzetik autorik sumatu. Madalenako ermitan paretik behera, ezkerretara berriz, eta aparkatu. Motorra itzali zuen Leirek. Bolanteari oratu eta arnasa sakon hartzen saiatu zen.

        — Mikel, ze ostia pasatzen da?

        — Ezer ez...

        Irribarre egiten ahalegindu zen, baina ezin. Matraileko giharrak uzkur zituen, ezin artikulaturik. Gezurra esaten zuenetan gertatzen zitzaion.

        — Paranoia bat, Leire, besterik ez.

        Aitorpenak lasaitu zion matraila. Orduan marraztu zitzaion benetako irribarrea. Ez zen tipo goapoa, izatekotan ere zatar samarra zen, baina bazituen pare bat gauza neskei asko gustatzen zaizkienak: miopia puntu batek sortzen duen begirada galdu eta erakargarria, eta noizean behin, nola jakiteke, ateratzen zitzaion irribarre samur eta laño hura.

        Ez zen etxe zaharretakoa, berogailu zentral eta guzti eraikitzen ziren garaikoa. Bigarren solairuan. Txukun asko jarrita zuen, bere gisara... aitaren diruarekin seguru asko, baina bere gisara. Filmetako afixa zenbait hormetan, margolari handien koadro batzuen erreprodukzioak, diseinuzko altzari postmodernoak... Finean, etxe guai bat. Mikelek baso bete ur edan zuen sukaldean. Lehorra zuen eztarria ihesaldi birtual haren ondotik. Leire minutura azaldu zen, pijama urdin argi batekin, gorputza nasaiago, kulero eta bularretako barik, estuasun barik.

        — Eta? Zer egingo dugu?

        — Gosaldu edo...

        Mikel pentsakor geratu zen. Tentazio haren ondoan Adanek eta Ebak jandako sagarra ez zen erdia ere. Mikelek ezagutzen zuen Leire, eta bazekien hartatik behin dastatuz gero utzi ezineko zaletasuna izango zela. Droga izango zela esan behar nuen, baina zaletasuna deituko diogu, emakumeen gaineko zergarik ezarri baino lehen. Leirek laster prestatu zuen kafea, italianarik ez zeukanez, elektriko horietako batean. Besterik ezean, gauza ederra zen kafea ere madalena batzuekin. Madalena bat bestearen ostetik irensten zuen. Leirek kafea soilik. Katilua mahaian laga eta mutilari begira egon zen une batez. Mikel konturatu zenean, madalena bat bere osoan ahora sartzen ari zen...

        — Asko akordatzen naiz Iñakirekin... Eta gaur, zu ikusitakoan are gehiago! Eta garai haiek etorri zaizkit gogora. Saiatzen naiz ondo eramaten, honi guztiari aurre egiten, eta lortzen dut. Baina batzuetan berriz agertzen dira garai bateko irudiak hor nonbaitetik, eta latza egiten zait halakoetan! Zu bere lagunik onena zinen eta nik ondotik kendu nizun. Gero berak alde egin zuen nire ondotik... Eta ez dakit, iruditu zitzaidan, ba zera... zurekin egonik berarengandik gertuago edo, ez dakit...

        Negarrez hasi zen, anpulu irristakorrez. Halako kasuetarako zeukan errekurtso bakarra erabili zuen Mikelek, amultsu igurtzi zizkion sorbalda eta lepo buelta.

        — Lasaitu zaitez, Leire, egin negar, barruak libratu arte. Batzuetan zaila da iragana albo batera uztea, erabat ahaztea. Ezinezkoa dela esango nuke, baina ezinbestekoa ere bai...

        Noizean behinkako zotina izan zen Leireren erantzun bakarra.

        — Askotan gu geu izaten gara iraganari ihes egin nahi ez diogunak, geure buruari min emanez, oroiminez, plazer hartzen dugunak... minak gogortu egingo gaituelakoan. Eta hori ez da beti egia. Batzuetan geure fantasmekin bizitzen ikasi beste erremediorik ez dago. Beraien presentziara ohitutakoan baino ez dute alde egiten. Leire... batzuetan aurrera baino ez da begiratu behar. Atzera begiratzeak min ematen badu, aurrera begiratu eta kito. Oraindik bizitzan gertatu behar zaizunaren erdirik ere ez duzu ezagutzen. Iragana garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa oraina, askozaz...

        Fereka eta igurtzika jarraitu zuen.

        — Bizitzeko baliagarriak ez zaizkigun gauzak uztea beharrezkoa da. Oinarrizkoa, ezinbestekoa duguna hartu, eta laga baliagarri ez zaizkigun oroitzapenak, sentimenduak eta ostia guztiak albo batera. Bestela ez dago zereginik, Leire. Leire...? Leire!

        Loak hartu zuen sukaldeko mahaian. Tartean behin zotin bakanen bat, baina gainerakoan lo betearen arnasa. Ohera eraman zuen. Bidean esnatu egin zen une batez, Mikelek isilik egoteko keinua egin zion. Mantekin estali eta haren ametsei so geratu zen pixka batean. Lozorroan zegoen.

        Zazpiak hamar gutxi. Gurasoak esnatzeke izango ziren esperantzaz eragin zion giltzari sarrailan. Aspaldiko logela hura... alde egin zuenean bezalatsu gorde zuen amak. Arropak erantzi eta argia amatatu zuenean entzun zituen hotsak gurasoen logelan. Norbaitek atea zabaldu zuen berean. Begiak itxita, lo plantak egin zituen.