Berandu da gelditzeko
Berandu da gelditzeko
1999, nobela
280 orrialde
84-86766-92-3
azala: Pablo Galarraga
Unai Iturriaga
1974, Durango
 
 

 

Dionisos

 

Atertu zuen urtarril erdialdeko jadanik asteazkenean. Baina errepidea, putzu handi bat bailitzan, egokiagoa zegoen nabigaziorako Mobylettean orduko berrogei kilometroko abiaduran joateko baino. Abiadura handiegia ez bazen ere, haizea hezurretaraino sartzen ari zitzaion arropa melatuetan barna. Erabat bustita zeramatzan zapatak, galtzerdiak eta praka barrenak; zangoak motozikletaren pedaletatik aldendu arren, ez zegoen aurreko gurpilaren zipriztin iturritik libratzerik. Izter bueltak izozten ari zitzaizkion, prakak azalera itsatsita sentiberatasun oro galtzear. Gerritik gorakoak zirak babestu zizkion ahal izan zuen artean; Galdakaora heltzerako ostera, denak blai eginda zeramatzan. Eskulekuari tinko heldu eta gorputza kuzkurtuta jarraitu zuen bidean aurrera. Gauerdiaz goiti ere bazebilen auto eta kamiorik errepidean. Halakoren bat paretik igarotzen zitzaion bakoitzean burutik behera baldekada bete ur botako baliote lez sentitzen zen. Madarikazioek ez zuten arroparik lehortuko, baina ez zen beste berbarik aditzen Dionisosen barruetan. Mobylettearen argi ahula haizeak dantzan darabilen kandela baino gauza ezdeusagoa zen ilunpetan. Pozik hartu zituen Zornotzako etxarteko argiak. Ez zen semaforo gorrian gelditu.

        Beste ordu laurden bat behar izan zuen urrunera hirigunearen argiak ikusi eta motorretik jaisteko. Erreka ertzeko sasitza batean ezkutatu zuen Mobylettea eta oinez abiatu zen errepide jeneralaren ertzetik, eskuak zimur-maxkal eta prakak astun. Nahiz eta pauso bizkorrean berotzen zihoan ez zuen luzaroan arropa haiekin ibiltzerik pulmonia bat harrapatu nahi ez bazuen. Kanpandorrea bistaratu zuen urrunera. Bidea zeharkatu eta plazarantz.

        Star zaharra gainetik kentzea zen lehen lana. Zapi batean bildurik, eliza osteko sasitzan ezkutatu zuen, kanpandorrearen oinean.

        Dionisosek espero bezala, argi beilegi bat piztuta zegoen plazako etxean. Ileak astindu zituen, burua lehorturik planta hobea hartuko zuelakoan. Aldaba jo zuen dudati, bekatu handia konfesatzera doanak lez. Kirrinka arin batez zabaldu zen atea. Ez zen ezkaratz hartan sartzen zen estreinako aldia.

        — Koño!

        — Berorrek ez luke horrelako berbarik esan behar.

        — Horrelakorik? Hago isilik eta hator gora, hazurretarino bustita hago-eta. Demonioaren prakak!

        Eskaileretan gora jo zuen gizonak.

        — Hor geratu behar dok? Hator gora!

        Ezkaratzeko horman egurrean egindako erliebe lan bati begira zegoen Dionisos. Oroitzapenak zekarzkion idiari eusten zion gizon sasoiko txapeldun hark, arrauna jasotzen zuen arrantzaleak, «Gure etxera datorrena...».

        — Ez dozak hire neurrikoak izango, baina jantzi egizek arropok. Hoba dok sikurik barregarri... bustita negargarri baino.

        — Zeureak dira?

        — Ez. Nireekin siku eta negargarri egongo hintzake.

        — Ondo babestuta baina.

        — Hago horretan. Katilukada esne berotuko deuat, itxaron egik.

        — Ez lanik hartu, atoan joateko asmoa deukot.

        — Hi jarri hadi hor isil-isilik, horrek barruok berotu barik ez haz-eta inora joango.

        — Berorrek esandakoa izan bedi.

        — Adarrik ez gero!

        Paperez gainezka zegoen mahai baten ondoan jesarri zen Dionisos. Hantxe geratu zen bere piura berriari so, arropa epelak bere onera bueltatzen zuen bitartean. Butanozko berogailura hurreratu zituen eskuak. Bizitzak beste kolore bat zeukan 125 watioko bonbillaren argitan.

        — Eutsok! Barruak berotzeko ondo etorriko jak. Ogirik gura dok busteko?

        — Ez da zopak egiten hasteko ordua! Nahikoa daukat honekin, eskerrik asko.

        — Gorde egizek eskerrak beste baterako. Zetan habil?

        Dionisosek hurrupada sakon bat eman zion esne katiluari. Bera ere ohartu zen hots handiegia atera zuela. Katilua mahai gainean utzi eta besaurrearekin garbitu zituen ezpain ertzak.

        — Ezetan be ez.

        — Ondo jauk. Neure errua izan dok galdetzea be.

        — Berdin deutso.

        — Zeozer entzun juat eta...

        — Laster zabaltzen da hemen barria, bai.

        — Hemen, badakik. Bata hona bestea hara...

        — Normala ganera, normala.

        Beste hurrupada luze batekin bereak eman zituen katiluak. Dionisosen aurrean jaiki eta mahaitik katilua erretiratu zuen gizonak.

        — Gehiago gura dok?

        — Ez, eskerrik asko. Ducadosik ez dozu eukiko?

        — Etxe honetan gauza asko bai, baina hori ez. Fariasen bat egongo dok akaso.

        — Besterik ezean ez da txarrena be.

        Minutugarrenera itzuli zen Farias kaxarekin.

        — Harantza edo honantza habil?

        — Bueno —lehendabiziko upakadan eztula etorri zitzaion eztarrian gora—, ez batera ez bestera.

        — Hara bahoa badakik nora jo, eztok?

        — Ez deukot bestaldera joateko asmorik. Han txapelokerrekin baino galdera gehiago erantzun beharko neukez. Eta nik ez deukot galdera horreentzako erantzunik.

        — Baina...

        — Egon lasai, ez dot uste nire atzetik inor dabilenik. Akaso ezta ibiliko be!

        — Orduan?

        — Banoa.

        — Nora?

        — Madrilera, Sevillara, ez dakit... Batzelonara.

        — Bartzelonara? Zetan?

        Aulkitik jaiki zen Dionisos. Gizonak harriduraz behatu zion bere aurrean purua ahoan zeukan gazte harroxkoari.

        — Neskak bilotsik ikustera, adibidez. Esaten dabe han badagozela kabaretak eta halakoak, revista egiten dala eta egundoko emakumeak dagozela... Ez da toki txarrena beharbada.

        — Benetan habil?

        Gizonak emandako panazko jaka lodi bat jantzi zuen soinean. Prakak labur geratzen zitzaizkion, orkatilak bistara samar. Baina gainerakoan, munduak koloreak badituela ohartu ez ziren gazte mordo haietako edozein izan zitekeen.

        — Ez dakit benetan nabilen. Dakidan bakarra da hemen egonda ez dautsudala zuri onik egiten eta, seguru asko, neure buruari be ez.

        — Ez egik holakorik esan, arren. Hona datorrenari etxakok ze koloretakoa dan itauntzen. Hori ondo dakik hik.

        — Hori holan da, bai. Dana dala, ez neuke hemen egon behar orduotan. Eskerrik asko barriro be.

        — Gorde egizek eskerrak... eta zaindu hadi.

        Bostekoa eskaini zion gizonak. Dionisosek gogor estutu zion. Gizonak beste eskuaz besarkatu zuenean, negarrez hasteko gogoa etorri zitzaion bihotzean itoginak balitu lez. Ez zen ausartu begietara so egiten. Eskaileretan behera alde egin zuen. Goiko mailatik agurtu zuen gizonak:

        — Zaindu hadi, Anton!

        — Ez deustazu beste «argi» hori emon behar?

        — Lehen be nahikoa argi deukok hik. Hoa lasai!

        Dionisosek eskua ateko heldulekuan zuela begiratu zion berriro. Fariasa zeraman eskua jaso zuen diosala egiteko.

        — Jabi ikusten badozu, esaiozu San Migelen hanketan dagoela burdina.

        — Lehenago eskuan euken, baina hori be aldatu dozue zuek...

        Dionisosek ez zituen azkeneko hitzok entzun. Ordurako panazko jaka lodian bilduta oinez zihoan plazaren ilunpearen babesean, ke arrasto mehe bat utziz airean.