Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri
Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri
1998, nobela
202 orrialde
84-86766-83-4
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri
1998, nobela
202 orrialde
84-86766-83-4
aurkibidea
 

 

LARROSA BAT LILIOREN HILOBIRAKO

 

        Hitz batzuk eskatu dizkit Gorka Arresek, sarrera gisa, Michele Angiolilloz. Nagituta nago, eta "Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri" nobelak lortu ez zuena ez dut lortuko artikulu batekin. Gaizki eta gogorik gabe idatzi ordez, gogoz eta gaizki idatzitakoa erakustea bururatu zait.

        Angiolilloren inguruko nobela aspaldi samarretik nerabilen buruan, eta saio bat baino gehiago egin nituen. Idazketa ugari izan zituen nobelak. Hasiera batean "fresko bat" egitea hartu nuen helburu, eta hartan saiatu nintzen. Dokumentazio asko neukan. Nobela oso aurreratua neukala konturatu nintzen nobela historiko bat ari nintzela egiten, historiaren bermoldaketa libre bat, bariazio estetiko bat. Hura utzi eta beste molde batean hasi nintzen. Min eman zidan hainbeste lan egin ondoren utzi beharra, baina ongi egin nuela uste dut, historiagintzatik eta errealismotik haratago ibiliz.

        Hona bada, saio oker hartako XXIII. kapitulua, Angiolilloren ekintza kontestualizatzen lagunduko duelakoan.

Koldo Izagirre

(2003ko abuztua)

 

 

 

XXIII

 

Eguneroko lana zuen Pere Corominesek Urruñako eliza bisitatzea. Beste garai batzuetako fedearen iraupena ikusten zuen euskaldunetan, behialako kristauen bizitza gidatzen zituzten bi printzipioak ikusten ahal baitzituen bizirik gure artean, Jainkoa eta Heriotza. Kanpoko harrien beltzaren aldean, barruko zuritasuna zurezko kalostra xume ilun batzuek zuriagotua, itxitura zoragarria bere singlean. Ate bi dauzka elizak: batetik umeak pilotan ari diren plazara irteten da, bestetik lorez eta belarrez apainduriko hilerrira, arbasoen hezurrak bere seme-alabenen zain dautzan isiltasun baketsura, hala deskribatu zion Unamunori. Gehienetan bezala, hilerri aldetik irten zen egun hartan ere euskaldunon sotiltasuna miresten zuen abokatu kataluniarra.

        — Egunon, Coromines jauna —agurtu zuen kapela kenduz Hendaiako polizia komisariak.

        — Egunon, Laurent jauna. Nire bila zatoz?

        — Bai... Eta eskatu behar dizut ez zaitezela Hendaiara hurbil egun.

        Berria zen neurria, eta espainiarrek eskatua noski. Ez zion ardura handirik, baina amorratzen zegoen posta hartzeko, D. Miguelen gutuna berantetsia zetorren, eta nahi zuen eztabaida hartan sakondu, heriotzak gizona lilura ote dezakeen. Plaza aldera hartu zuen isilik, polizia zerbaiten edatera gomitatzeko asmoz.

        — Portas lotinanta egon zen bart hemen.

        — Portas? Eta zer egiten du Portasek hemen? —extraditu eginen ote zuten ere etorri zitzaion burura Corominesi.

        — Kontsulenetik zetorren, eta interes handia zeukan zu begipean edukitzeko.

        — Ez dut konprenitzen, ni absolbatua izan nintzen, eta hala ere Espainiatik kasatu ninduten. Zer nahi dute orain?

        — Nik badakit zu pertsona zintzoa zarela. Frantzian jaio izan bazina, ez zenuen pairatu behar izanen pairatu duzuna... Ez, presatua nabil.

        Laurent komisariak atzera egin zuen tabernako sarreran, eta Corominesek lagundu egin zion gidariaren itxuragatik poliziarena besterik ezin izan zitekeen frontoi ondoko kotxeraino, mutu.

        — Egun Polavieja jenerala izanen dugu Hendaian, Parisko expresoan dator Donostiara.

        — Eta? —Coromines intriga politikoetarik urrundua bizi zen.

        — Bera hiltzeko asmoz aukeratu ote zenuen Hendaia.

        Bizi guztian susmagarri izan beharko zuela egin zuen berekiko Corominesek, eta ikaratu egin zen. Gidaria peskantera igan zen, bridak hartu zituen.

        — Infamia bat zela esan nion Portas lotinantari. Haatik, eskertuko nizuke egun Hendaian azalduko ez bazina arratsaldeko bostak baino lehen.

        Coromines elizara itzuli zen. Hamabi t'erdiak ziren. Erlojuari beha gelditu zen, ordura arte erreparatu gabeko hitz batzuk irakurri zituen koadrantean: vulnerant omnes, ultima necat. Komisariaren esanak eta latinezko sententzia triste honek gutun luze baten aitzakia emanen zioten. Ez zegoen inor barruan. Hotza nabaritu zuen. Begiak itxi zituen eta otoitzean hasi zen ezpainak mugituz Rizal gogoan, Montjuicheko presondegitik irten behar zuenean bere alde inon erregu egin zezan debekatu zion gizon liluragarri hura.

 

 

Arriskuak elkarrekin biziak ematen duen berotasunaz besarkatu zuen D. Eugenio Antonio Flores jeneral berriak Manilan gobernadore eta kapitain jenerala izan zuen D. Camilo Garcia Polavieja, Polaviejako Markesa orain.

        — Zer moduz zaude, D. Camilo?

        — Izorratua! —lotura beltz zabal batek estaltzen zion eskuineko begia kapeluaren azpitik—. Garunerainoko ziztadak dauzkat aldiro.

        Albert doktoreak egin zuen hitz aldamenetik:

        — Tropikoetako gaitzak halakoak dira. Baina salbatuko dugu begia.

        Laurent komisaria sartu zen pullmanean pasaporte mordoska zuela eskuan. Flores jeneralak berak hartu zituen. Fistua jo zuen lokomotorak, eta aitzin-gibel zakar baten ondoren abiada hartu zuen trenak poliki.

        — Bidaia on, jaunok! —eta militarki agurtuta jaitsi zen jauzi txipi batean polizia.

        — Jakinaren gainean zaude noski...—hasi zen Flores jenerala, baina Albert doktoreak ez zion amaitzen utzi.

        — Barka, jaunok. Freskagarri batzuen bila noa jatetxera, ospa dezagun Espainian sartzea! —eta aurreko bagoietara hartu zuen eskuak aulkien bizkarretan emanez. Jeneral biak gelditu ziren bakarrik pullmanean. Polaviejak ekin zion:

        — Horregatik nator, eta garbi esanen diot Erreginari: diktadura da irtenbide bakarra.

        — Nik zu oso egokia ikusten zaitut nazioaren norabidea hartzeko —Floresek bazuen trebetasunik palaguek losintxa eman ez zezaten lortzeko, tonu neutro eta lehorrean egiten zuen hitz—. Baina bestelakoak entzuten dira.

        — Nolakoak? —Polaviejak inguruko berdetasunak hartzen zituen begi bakarrean.

        — Weylerrenak egin du.

        — Weyler ona zen hemen, tropak hirietan kasernatuak edukita noizean behin mendira irten eta batidak jotzeko. Hemen ez dago malariarik. Hiriak liberalak genituen guztiz, eta karlisten kontra zeuden. Baina Habanako burgesak kubatarrak dira liberalak baino lehen. Hiriak eta maniguak bat egiten dute han.

        — Hala ere, kontzentrazioko herrien politikak etekin onak eman omen dizkio, banandu egin ditu guajiroak eta insurrektoak...

        — Militarki bai, baina politikoki ez. Irakurri beharra dago munduko prentsa, adiskidea. Kontzentrazio herrietan bilduriko populazioa disenteriaz ari da hiltzen, eta argazkiak ateratzen dizkizute. Prentsak botere ikaragarria dauka Estatu Batuetan. Iritzi publikoak begi onez ikusiko luke uhartearen inbasio bat. Eta lehen esan dizudana, karlistek ezin izan zuten sabotaia bat bera ere egin hemengo hiribarneetan, eta Habanan berriz kapitania nagusian bertan ipini zioten petardoa...

        — Ia apurtu zioten ipurdia tximino patiladunari! —algara egin zuen ozenki Flores jeneralak.

        Kopetilun jarraitu zuen Polaviejak Aiako Harriari beha.

        — Aspaldi esana daukat: guk han ez daukagu etorkizunik. Baina baldintza hobeagotan bageunde ere, ni ez naiz Kubara berriz joanen. Hori ere garbi esanen diot Erreginari. Weylerrenak egin badu, ni ez naiz bere ordezko.

        — Azkarraga hasia da maniobrak egiten, ez da Erreginaren ondotik aldentzen.

        — Azkarraga... —ukabila estutu zuen Polaviejak airean—. Ezagutzen dut masoi salatzeko amorratzen dagoenik!

        — Masoi eta monarkiko?

        — Infiltratu bat.

        Albert doktorea heldu zen vermouth banarekin ekilibrioak eginez trenaren balantzak isuri ez ziezazkion. Flores jenerala irten zitzaion bidera hornizioak erreskatatzera. Topa egin zuten.

        — Osasuna! —esan zuen medikuak.

        — Zure begiari! —eskaini zion Floresek Polaviejari.

        — Espainiari! —erabaki zuen honek solemneki.

 

 

Madrileko prentsak aho batez nabarmenduko zuen biharamunean, eta aho batez deitoratuko, Donostiako udalgizonik ez azaldua D. Camilo Polavieja jeneral heroikoari ongi etorria ematera geltokira. Ez zuen harrera hotza izan haatik, hantxe zeuzkan zain Apezteguiako markesa Martin Zozaya senadorea Manuel Villanueva diputatua Baztango kondea Tovarko markesa, beren zeregin garrantzitsuak utzita besterik gabe etorriak. Diosalak eta bizkarrekoak amaitu zirelarik, kazetariek hartu zuten begibakarra.

        — Canovasen hiltzaileak esan du zu hiltzeko asmoa zeukala.

        — Zuk entzuna da, zuri esan dizu?

        — Ez, gure kolega batek argitaratu du atzo bertan... —urduri erantzun zion kazetariak, ohitu gabea zegoen Polaviejaren zakarkerietara—. Dirudienez atxilotu zutenei esan zien, jendearen aurrean esan zuen.

        — Eta zergatik?

        — Zera... Rizal fusilarazi zenuelako.

        — Orduan egia da... Sentitzen dut garaiz iritsi ez izana.

        — Esplizituago mintza zaitezke, mesedez?

        — Bai, har ezazue zehatz: asasino horrek ni hil izan banindu, Espainiak ez zukeen hainbeste galduko. Besterik?

        — Ene jenerala, uste duzu Canovas zenak, goian bego, zuzen jokatu zuela Rizali indultua ez emanda?

        Hasperen egin zuen Polaviejak. Canovas hilik, bera gelditzen zen fusilaketaren erantzule nagusi orain. Espainiako prentsak ere loriatu egiten zuen filibusteroa. Martiri hitzarekin aipatzen zuten.

        — Rizal kondenatua izan zen gerra kontseilu batean. Frogak genituen matxinadako buruetako bat zela. Erruduna zen. Nik neure betebeharra egin nuen. Eta ez naiz orain hasiko Canovas jaunaren zerbitzu orria zikintzen.

        — Zurrumurruak dabiltza Ultramarreko ministro nahi zaituela Erreginak.

        — Paristik nator, ez dakit ezer, eta Albert doktoreak debekatu egin dit irakurtzea. Ez dakit prentsak zer dioen, baina Erreginaren aginduetara nago.

        — Uste duzu, ene jenerala, Canovas ilustrearen heriotzak jendeak dioen adinako garrantzia daukala herri honetako politikan?

        — Badu, eta halakoa non alderdi kontserbadorea desegina uzten duen. Alderdi horrek, berriz osatzeko, urrundu egin beharko du boteretik. Buruzagitzak ez baitira inposatzen, irabazi egiten dira iritzi independentea bereganatuz. Eta bestalde, alderdi liberalaren aroa zabaltzen du.

        — Eta esaguzu, ene jenerala, gauza guztietan azaldu izan duzun ardura ausartarekin, ez al duzu oraingo ezbehar honetan alde onen bat ikusten gerorako?

        — Hainbeste urtez herriari bere borondatea ezarri dion koloso miragarriak desagertu behar zuen goiz edo berant bizion gizartetik; zorakeria litzateke ez ikustea errege gazteak zerbait berriagoa eta ez hain higatua, behar zuela.

        — Ikusten denez, eta iragan hilean Zaragozan esan zenuena kontuan hartuta, irtenbide liberal bat ikusten duzu zuk egokiena Kubako arazo larriei aurre egiteko...

        — Dudarik gabe. Soldadu bezala ez dut inoiz konponbide politikorik onartu eta ez dut inoiz onartuko, ez da atzera egin behar etsaia aitzinean daukagunean. Baina han egiten ari garen gerraren politikak ez du ondorio onik ekarri uhartean. Politika atseginago bat behar dugu, Kuban bertan eta atzerri guztietan atseginago ikusiko den politika bat.

        — Nola lortuko litzateke, beraz, bake sendo eta iraunkor bat?

        — Esana dut orain baino lehen ere: oso bestela. Suntsitu ordez, sortuz. Ez ditugu alorrak erre behar, landu baizik, eta bertakotik elikatu, gastuak murriztuz. Bidenabar, erakarri egin behar ditugu kontzientziarik gabeko fanatismo batek kutsatu eta beldurturiko guztiak. Gure kausaren alde, hobe dugu damutu bat etsai hil bat baino.

        — Zer ondorio izan dezake, zure ustez, Canovasen hilketak uhartearen etorkizunean?

        Kazetariei behatu zien banan bana. Miralles, Ramirez, Herrero... eta parlamentuko pasiloetan intrigatzen zuten kazetari trebatuon ondoan ezagutzen ez zituen beste bizpahiru, bertakoak izan behar zutenak. Esaldi historikoen aurreko behakoa zen, erdira laburtua baina.

        — Jaunok, Kuba galdu eginen dugu eskuindarrak eta ezkertiarrak ditugulako alderdi espainolean. Geu gara gertatuko denaren errudunak. Batasunik gabe ez dugu kolonia mantenduko. Aberriaren aurka egiten digutenean, ezin dugu zatiturik agitu. Bestela terrorismoa gailenduko zaigu. Eta hasiak dira lehen ezaugarriak azaltzen, boluntarioetan ere sozialistak eta anarkistak dauzkagu, eta publizitatea egiten dute. Espainolen batasunak bakarrik garai dezake insurrekzioa. Inoiz badere, une honetan jakin behar dugu egoten botererako borrokak berez ekartzen ohi dituen jazargoen gainetik.

        Flores jeneralaren txaloari bildu ziren Apezteguiako markesa Martin Zozaya senadorea Manuel Villanueva diputatua (Martinez Campos jeneralaren semea hain zuzen) Tovarko markesa Baztango kondea. Polaviejak amaitutzat eman zuen prentsaurreko arin hura. Geltokiko hallera eraman zuten adiskideek, baina han ezagutzen ez zuen kazetari haietako batek, gaztea oso, besotik heldu zion.

        — Barka ezazu, jauna... Bergarara joanen zara?

        — Bergarara? Erregina Donostian baldin badago, zertara joan behar dut nik Bergarara!

        — Zu hil nahi omen zintuena ikustera...

        — Ni hil nahi nautenak aurrez aurre eta librean ikusi nahi ditut, armak eskuan dituztela, ez ziega batean lotuta. Ni ez naiz batitzen gizon desarmatuen kontra.

        Atzean utzi zuen jarraigo guztia, beti bezala berandu baina barrezka Erreginaren izenean diosala zekarkion Manzanos jenerala besarkatzeko. Lehen behintzat ez zen Azkarragaren aldekoa.

        Flores jenerala atzean gelditu zen, eta beterano biek elkar besarkatzen zutelarik, kazetariengana jiratu zen deitoramenduzko ezezkoak eginez buruarekin. Oso samur egin zien hitz:

        — Konturatu zarete, kazetari jaunok, Polavieja jenerala Parisko adituak kontsultatzetik datorrela eta zuek ez diozuela osasunaren galde egin?

        Eta banan bana behatu zien kazetariei bere hitzen eragina neurtzeko. Biharamunean, ez Madrilgo prentsak ez probintziakoak aipatuko zuten halakorik.