Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri
Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri
1998, nobela
202 orrialde
84-86766-83-4
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri
1998, nobela
202 orrialde
84-86766-83-4
aurkibidea
 

 

ARRATOI HANDIAREN
LEHEN BEGIRAKUNEA

 

Zu egon zinen ziega bardinean egona naiz ni. Baina zu eduki zintuzten horma haien artean nengoela, ez neukan zure akordurik. Ezin nuen eduki ere, lehen aldia nuen ziega baten sarturik, eta neure burua baino ez zitzaidan ardura. Handik urteetara, lagun hilak eta hilduratuak heriotza duin baten mendekatu gura nituela ekarri zintudan neure ziegara, Burgosen. Baina satsa besterik ez nuen lagun Bergaran aurrenekoz ezagutu nuen atxilotuen gela hutsean. Lizunak hartua zuen komunarena egiten zuen zulo zokoa, atzera etorri nintzen, urrundik egin nuen txiza. Urduri nengoen, artean ez nekien zer zen atxilotua izatea, ikara nion neure buruari. Ez nekien lagunek eutsi ahal izango zioten adostu genuen koartadari, berehala azalduko baitzen paper faltsuakaz zebiltzala. Atearen ondoko paretan kukutu nintzen. Banekien laster hasi behar zutela garrasiek, eta prest egon gura nuen niregana zetozenerako. Zuloari emon nizkion begiak luzaz, arratoi handiak urten behar zuen handik eta zartaka hasiko zitzaidan. Paretaren babesa bilatu behar nuen, haietan hondoratu, hilduran hasiak behar zuten lagunek egingo zuten moduan.

        «Nora zindoazen?»

        Ez, ez zidaten horrela itaunduko.

        «Nora zindoazten?»

        Delineazio akademian matrikulatzera etorri naiz hona goizeko autobusean, baina ez naiz konturatu gaur larunbata dela eta itxia zegoen eta aspertuan egon behar izango nukeen goiz osoan arratsaldeko autobusaren zain eta horregatik jarri naiz auto-stop egiten bide bazterrean. Behin eta behin errepikatu nuen, neuk ere sinetsi arte.

        «Orduan hik ez dakik auto horrek zer zeroan?»

        Urratsen oihartzuna sumatu nuen. Ni ez nengoen fitxatua, nik ere gezurrari eusten baldin banion laga egin beharko ninduten. Eta eutsi beste biderik ez neukan, adorea erakutsi behar nien lagunei, libro urten behar nuen aurrerantzean haiek ezin egingo zutena egin ahal izateko. Atea zabaldu zuten, zutik jarri nintzen. Izutuarena egin behar nuen, baina ez larregi. Torturan aktuatzen ere jakin behar dela, esana zidaten.

        — Begira iezadak begietara!

        Ezpainetan behera egiten zion muztaxarengatik Mexikarra izan behar zuen, denok genuen haren aditzera. Paisanoz jantzia zetorren, pistolaren giderra gerrikopean ageri zuela. Izena galdetu zidan, nire karnetari begira. Amarena, aitarena, jaiotza data. Eta barriro neure izena.

        — Eta ni, badakik nor naizen?

        — Ez... Ez, jauna.

        Belarrondoko latz bat emon zidan, lurrera jaurti ninduen. Komuneko zuloan arratoiaren buru handia ageri zitzaidan barrezka.

        — Hik ez duk balio lan hauetarako!

        Bakarrik utzi ninduten. Atea zarratu zuteneko, zutitu egin nintzen nardagarri hura hurbil zekidan baino lehen. Belarria sutan neukan, eta soinu mehe batek zulatzen zidan garuna. Ez nuen higuingarri hura begi bistatik galdu behar, koldarra bezain ankerra zen. Galtzetan igurtzita garbitu nituen eskuak. Sarraila hotsak entzun nituen aldamenekoetan, pausoak. Hurbildu egin zizkidaten lagunak. Kolpeak oihuak galderak zartailukadak entzun behar izango nituen. Lasaitu egin nintzen orduan. Ez zitzaien ardura nik besteek zer esaten zuten entzutea, stoparena sinetsiak zeuden. Baina izutu egin gura ninduten. Ni torturak entzundako haietariko bat gehiago izango nintzen, jendea putzu baltzera eroaten duen marraskaria ikusitako bat gehiago, errejimenak behar zuen ikaratu multzo handian sartuko ninduten. Ukabilak itsutu nituen min emoteraino. Mendekatuko nintzela egin nuen zin, mendekatuko nituela nire lagun hilduratuak. Orduan hartu nuen adorea, zuk emona izan zen. Baina nik ez nekien, oraindino ez nekien zu Bergarako kartzelako hamahirugarren ziegan egona zinela nire aurretik.

        Andoniren garrasiek zulatzen zidaten orain garuna, Mexikarraren belarrondokoak baino mingarriago. Pausoa emon nuen aurrerantz, eta arratoiaren burua suntsitu egin zen. Zuloraino hurbildu nintzen, begietara egin gura nion tu. Arnasa gorde nuen. Lurrari kenduriko posteak lagatzen duen putzuan uhertu den euria emoten zuen, arratoia infernuetara bidalia nuen. Orduan ulertu nuen, leihoaren ondoan nengoela, Andoniren oihuak mezu bat izan zitezkeela jaiotza agirien bila epaitegira hurbiltzen ziren herritar bakezaleek ikas zezaten; tortura entzundako guztiak ez dira ikaratuen multzoan ezkutatzen. Malkoak xukatu nituen eskugainaz. Kanpotik zetorren argitasun difuminatuak paretaren zauriak erakutsi zizkidan. Igitaiak mailuak lauburuak gorak. Egona zen han zu baino geroagokorik, ni baino aurreragokorik. Erronka egin gura nion ilunpeetako sadikoari, eta haren bila makurtu behar nuenean, paretako zati oraindino gris baten, untzez edo azazkalagaz egina, izen bat irakurri nuen.

 

 

Etxea familia beharra adiskideak utzi nituen Fo ggia Erromatik baino karrikatik urrunago zegoen nire herri txikerrean. Ezizenez baino ezagutzen ez nituen lagun barrien artera etorri nintzen, idealak borrokan sakontzera. Ikara eta euforia egun haietan neure buruaz lotsarazten ninduten gizon eta emakume asko ezagutu nituen, gazte eskuzabalak bihotz emonak espiritu askeak. Baina bat ezagutu nuen zure antza hartuko zuena, bizian baino areago heriotzan. Edo heriotzarako bidean, heriotzari aurrea hartzeko moduan. Tipografo bat zirudien beti liburuen gainean makurtua, eta burua orrialdetik jasotzeke galdetuko zidan, neu ere irakurtzen zuenaren heroi eginik menturaz, edo une hartan ageri ziren protagonisten solasek hobetu baten premia baleukate legez. Igarkizunetan ari zen beti, azterketak egiten zizkidala iruditzen zitzaidan niri behintzat, eta sarritan agindu nion txakurraren salara. Irakurtzen jarraitzen zuen sorbaldak harrotuta. Oso hartzaile ona zen, ez zion ardura ni haserretzea eta bazuen eskubidea hainbesterako, bera inoiz suak hartzen ez dituenetarikoa zenez.

        — Hik uste duk bihotza asmo onez betea eduki behar dela iraultza egiteko?

        — Bai... Noski, zertarako egin behar diagu iraultza herria jasotzeko ez baduk! Hori asmo txarra diagu orain?

        Semaforo baten geldituak geunden, begirakunea argitik aldendu barik erantzun zidan.

        — Tira... egin zitekek iraultza boterea hartzeko ere, beste barik!

        — Orduan ez duk iraultza, edo iraultza trahitua izango duk...

        — Auto honek ez dik batere tiratzen!

        Ez zidan jaramonik egin puska baten. Egia zen motel aitzinatzen genituela kamioiak Markinatik Ondarroako mendi bidean.

        — Ba hori ez duk aski! Bihotza asmo onez betea edukitzea ez duk aski! Eskuak ere bete egin behar dituk!

        Eta hau esanez jakako sakelan sartu zuen eskuma. Pistola atera zuen ahurrean ikusgarri, Astra zahar bat.

        — Gorde ezak hori!

        Ni, egia esan, bizartxo bat uzten hasia nintzen Cheren antzera. Oso nabarmena zen bizarra urte haietan, moztu egin behar izan nuen asko luzatu baino lehen. Baina hura hobea zen.

        — Gerra bi eginak zauzkak, lehena Katalunian eta bigarrena Aljerian.

        — Eta orain hasi behar dik hirugarrena, noski.

        — Neure eskuan!

        Egun hartan uste dut ohartu nintzela aurrenekoz heriotzarainoko lan baten sartua nengoela, Txabik esan zidanean:

        — Denondako lortu ditiat!

 

 

Arropa denda baten ikustegi aurrean gelditu zen ezer esan barik, ugari zituen halakoak. Atzera egin nuen berarengana hurreratzeko, baina orduan gizonezko handi batek samatik oratu zion «Etxebarrieta!» zioela, ezaguna izan behar zuen. Aldendu egin nintzen apurka, karrikaren ertzean gelditu nintzen itxaroten. Gizonezkoak begiratu egiten zidan lantzean behin, eta beso aieru handiak egiten zizkion nire lagunari, arramuzka ari zitzaiola pentsatu nuen.

        — Nire aitaren lagun bat —argitu zidan noizbait libratu zenean—, postura egin zioat!

        Ikastetxean ez genuen arazorik izan, multikopista zeukaten gelaraino eroan gintuzten guk geure entziklopedia unibertsala erakuts geniezaien. Tramankulua zen, hura ez genion bion artean lurrari kenduko, baina ikastetxeak sarrera erraza zeukan eta ez zegoen oso urrun gela hartatik karrikara emoten zuen atea, patioa gurutzatu behar izan barik, eskailera beharbada estu samar batzuk jaitsita. Zortea izan genuen atsedenaldi garaia izana eta baloiek betaurrekoak apur ez ziezazkiguten zuzendariak handik eroana.

        — Irabazi egingo dugula egin zioat postura!

        Txabi barriketaria zen gidatzen zuenean. Auto barrua zuen bulegorik onena.

        — Tipoa errietan hasi zaidak, zer nabilen ni halako saltsatan sartuta!

        — Zelako saltsatan habil ba sartuta, Txabi? —ba tere ironia barik esan nion, berbak ongi ebakiz, bekozko.

        — Zuekin! —uste dut gidatzen zihoala begiratu zidan aldi bakarra izan zela.

        — Gurekin? Hi ez haiz gu, orduan?

        — Ez... —oso lasai erantzun zidan—, ni zuekin nabilek, baina ni ez nauk ez zuek eta ez gu!

        Filosofia merkeetan ez sartzeko edo, esango nion. Nonbait irakurria nintzen burgestu egin litekeela bat larregi filosofatzez, eta gu Jeneralaren aurkako berbetatik ekintzetara abiatuak ginen.

        — Tira, tipoari esan zioat irabazi egin behar duzuela, horregatik nabilela zuekin.

        Oso gerora azalduko zen, bere paperak argitaratu zituztenean, gaztetxotatik gelditu zitzaion jarrera elitista samar hura poema gisa formulatua:

                «Nireganako bidean abiatzen naizen aldiro

                neure buruari egin izan diot galde:

                Nor dira neureak?

                Isiltasun zabalean

                txoriak hegan zelaien gainetik».

        Zorakeriak egiten zituen, eta jakinaren gainean egiten zituela esango nuke. Lekua aldez aurretik begiztatzera joan eta jendeari aurpegi emotea, konparazio baterako, multikopista batengatik. Bere burua frogatzeko nerabilala, uste dut orain.

        — Ezin diagu porrot egin, aditzen? Ezin diagu porrot egin, postura egin diat irabaziko dugula!

        Eta algara baten lehertu zen. Hogeita hamar urte behar izan ditut Txabiren umorea neureganatzeko.

 

 

Kanpandorrerainokoak izan behar zuten eskailera zahar batzuk noizbait iganik herriko abadeak atondutako gelara iritsi ginenean ohe bana geneukan zain, burukiak eta guzti. Ez zeukaten izararik, baina dena zegoen garbi. Lotarako prestatzen hasi ginen. Motxila bazter baten jaurti nuen, sakela hustu nuen.

        — Ez ezaala trastea burukipean gorde.

        — Zergatik ez, non gura duk gordetzea?

        — Horiek gangsterren usadioak dituk...

        — To! Eta hik zelan dakik hori, Lucky Luciano?

        — Ez duk filmetan ikusi? Gangsterrek burukipean gordetzen ditek beti trastea.

        Gomutan daukat astebete lehenago gangsterren etikaz jarduna zitzaidala.

        — Praktikoena duk gauean erasotzen badiate. Gangsterrek halan egiten ditek, eta poliziek ere bai, zer uste duk, ez naizela zinemara joaten?

        — Ez pitokeriarik esan, zelan izango duk praktikoa! Egunen baten pipa ohean ahaztuta urtengo duk ekintzaren batera, ikusiko duk!

        Nik lehendik ere pentsatua neukan ohitura hura ez zela ona nire kasuan behintzat, eskuak buruki azpian sartuta lo egiten bainuen, istripuren bat jazo zitekeen gura barik. Beraz, burukipean gorde nuen trastea, nabarmen, Txabik gaitzesteko eran.

        — Idatzi behar diat ipuin bat... Gizon batek musuzapia burukipean gordetzeko usadioa dik, karkaxa handia zaukak eta gauean zerbitzu ederra egiten ziok gorroa jaurtitzeko, irentsi edo komunera altxa behar ordez. Halako baten sartu dik eskua buruki azpian, erdi lo, eta musuzapia barik pistola hartu dik. Eta bere burua hiltzen dik zintzatu ustean. Barregarria duk, ezta, ohean hiltzea. Bazaudek leku hobeak...

        Ez zitzaidan ipuina gustatu, neu izan nintekeen protagonista. Hausnarrean mututu nintzen. Noizbait erantzun nion:

        — Tira, ez hadila ohez tronpa, eta ez haiz istripuz suizidatuko.

        Ez zidan erantzun, lo zegoen. Edo hartuarena egiten zuen, batek daki.

 

 

Zita bat egina geneukan mendi aldean, beti mendian ibiltzen ginen garai haietan, benetako sasitarrak ginen, bera zen karriketan lasai ibiltzen zekien bakarra. Segurtasunezko epea amaitu zelarik, autobusa hartu nuen atzera itzultzeko. Jendeak ahotan zerabilen tiroketa bat izan zela Tolosan. Kristalaren barrualdean euria ari balu legez ikusi nituen etxeak autoak langileak zureak lako Txabiren begi miopeak. Eta tarteka, Txabiren begiak barre egiten zidan arratoi batenak bilakatzen ziren.

        Automata bat nintzen arrastoak itsumustuan biltzen irratia entzuten nuela. Hildako bi aipatzen zituzten, bata identifikatu bakoa, gaztea... Entzun baino lehen nekien bera besterik ezin zitekeela izan. Papertxo bat idoro nuen ohepean, bere letra zen. Frantsesezko esaldi bat, nonbaitetik kopiatua noski, «Ez gaituzte hilerrira eroango gizarte nardagarri honi emon baino lehen berak eskaini gura izan digun gaztaro huts honen ordaina».

        Txabiren heriotzak ordura arte amets baten bizi izan banintz bezain lur joa utzi ninduen. Alferrik zela bihotza bakarrik asmo onez betetzea, garaiz iristeko behar zuela auto azkarra, postura irabazi behar genuela, trufa eta ironia guztiek beste zentzu bat hartu zuten... Bizia presaz hartua zuen, oso gordin bizi zituen unean unekoak, orain esango nuke jakitun zela laburrerako bizia zeukala, berak bilatzen zuela abiadura handiko beharra. Gure lehen hildakoa izan zen, premiazko bekatu baten penitentzian bidegin. Azken sakrifizioraino iritsi zen. Hiltzeko, hil egin zuen. Zuk legez.

        Ez zen halanbeharra izan, nik badakit halan izan ez zena. Inprudentzia batek galdu zuela entzuten dudanean, baietz egiten dut baina ez dut sinesten. Baietz mutu bat egiten dut, abiaduraren handiagatik emon ziotela altoa. Eta barrutik ezetz diot. Hark ere bazekien, eta ez bakarrik liburu frantses larregi irakurri zuelako, hiltzeko zigorra emonda bizitzea zeinen gaitza den. Eta nik, orain, hark baino hobeto dakit hori. Horregatik ibiltzen zen beti arrapataka eta garaiz heldu gurarik, epe jakinean egin behar genituen egitekoak, ez bakarrik bihotza, eskuak ere asmo onez beteta. Suizidio indirektoa izan zela bere heriotza, esango zukeen Lombroso batek. Suizidio dialektikoa, esango nuke nik orain, bazegoelako arrazoi iraultzaile bat presaka bizi behar hartan. Berak borroka aitzakia gisa erabili zuela entzun izan dut, ni bere burua frogatzeko erabili izan ninduela ere aitortu dut. Baina horrek, egia izatera ere, ez luke bere handitasuna mendratuko: erakunde baten barruan zegoen arren erantzukizun pertsonalaren kontzeptuak gidatzen zuen bere bizitza. Gutarikoa zen, baina bera zen. Eta guri adore eta eredu emoteko hil zen bere buruaren jabe, egitate mingarri baten sakrifikatzen den libertario baten muduan. Zu legez, Lilio.

 

 

Dotore baina goibela da harri baltzez eginiko hiri-gurako hau. Burdingintzan aberasturiko eskualde baten barruti judizialeko buru, kartzela izateko adina larderia eduki zuen. Mozkorren eta parriziden kartzela; gose greba bako kartzela, esango nuke. Zeu izango zinen lehen preso politikoa han. Baina kartzelakoak ahaztu egiten ditu jendeak. Bergara esan eta berehala aipatuko dizkizute Santo Kristo eder bat eta bizkotxa beteak, edo 1839ko liberalen eta karlisten arteko besarkada, traizioaren eredu euskaldunontzat. Alabaina, wolframa berton bereiziak beste egin zuen Bergara ezagun, une batez, zu herriko kartzelan akabatu izanak.

        Goiz hartan bihotz-apal ei zebilen bergararra. Zenbait etxetako ate aitzinetan emazteki mordoak txurtxurka ageriko ziren, eta goiko plazatik pasa behar zuenak zeharka baino ez ei zion begiratuko presondegiari. Goiz hartan, zu hil behar zintuzten goiz bero hartan, ez ei zegoen herria bestetan baino alaiago. Elizaren ondoko dorretxea ere leihoak zarraturik azaldu ei zen. Halan esan zidan Olasoneko jaunak, hil aurretik egin nion azken bisitan.

        — Nire gurasoek Santa Agedan emoten zuten uztaila, eta jakin zutenean toalla lepoan lurrindegitik gelara eta jangelatik lorategira bidean egunero agurtzen zuten hura italiar gazte batek hila zela, hunkitu egin ziren.

        — Halanbe, ez zuten asko maiteko Canovas...

        — Ez, baina badakizu... Zure ondoan izan duzuna hil dutela diotsutenean... Orduan, nire aitak familia osoa eta neskameak eta morroiak hartu eta Segurara eroan zituen, leiho hauetatik inork ikus ez zezan haren hiltzailea zelan hiltzen zuten.

        Sinetsi nion, baina gezurra da euskaldunok ez zintugula hiltzen ikusi gura. Inguruko herri guztietatik alogeratu ziren omnibusak hona etortzeko, zure exekuziora tenoreko iritsi gura zutenendako tren berezi batek urten zuen Donostiatik goizean goiz. Zeu izan zinen San Roke festetako numero nagusia, anarkista italiar bat urkamendian, inoiz ikusi ez lakoa, leiho hauek itxiak azalduagatik. Ni ere erretiratu egin ninduen leihotik Olaso dorreko jaunak. Gelako besaulkiak erakutsi zizkidan, ez dut gomutan Luis XIV edo Luis XV zirela esan ote zidan, zur leundu haiek.

        — Jesar zaitez horretantxe, eta egon geldirik ni etorri arte.

        Esana egin nuen bera etxearen gibelean galtzen zen artean. Eskaileretan gora sumatu nuen, krakatekoetan. Aulki elektrikoan banengo bezain dotore itxaron nuen.

        Argazki kamera bategaz miratzen zidala azaldu zen Olasoneko jauna isilean.

        — Geldi!

        Egin zidan, eta bertotik hasi zen polaroida mihia ateratzen.

        — Oroigarri gisa oparituko dizut. Badakizu non zauden jesarrita?

        Etxe hartako altzariak errekisatuak izan ziren, Jeneralak Donostian udarako zeukan jauregia janzteko. Prentsan azalduriko fotoak izan ziren Olasonekoen jabetzara itzultzeko oinarria, Jenerala hildakoan. Ez oroituarena egin nuen, Olasonekoari kontatzeko poza emotearren.

        — Hila da, eta orain guk hura jesartzen zen aulkietan ipintzen dugu ipurdia! Begira, hasi da kolorea azaltzen, oso dotore zaude.

        Louisianako gizajo bat 1.900 boltioen zain, burua bizkarrekoaren kontra tentetua, eskuak aulkibesoei atxikiak, halakoxe dotore nengoen. Jendetasunezko baietza egin nuen. Ni nengoen aulkian jesarria zen Jeneral hark, hil egin gura izan ninduen. Patio ilun baten, ez eguzkitan eta jendaurrean. Baina Olasonekoa ez zen hartaz gomutatzen. Jeneralak hil zituenek indar handiagoa hartu dute herriaren gogoan, indultatu behar izan gintuenok baino.

 

 

Zure heriotzaren oinordekotza hartzeko eskubidea izatearren, urkamendirako mailak igan behar izango nituzkeen jendaurrean eta eguzkitan zuk legez, nik orain Jean Clauderen esperoan nagoela turista gisa bisitatzen dudan patio honetan. Menturaz urkamendiaren mailadian gora zindoazela burua jaso zenuen une batez, eta eliza ondoko dorretxea ikusi zenuen leiho guztiak zarratuta. Zuregatik zegoela dolutan, pentsatu zenuen? Zer pentsatzen ote du batek, urkamendian jesartzera gonbidatzen dutenean?

        Gaur Bergarak ez dauka kartzelarik, epaitegiari handi datorkion paper zaharren biltegi bilakatua dute inoizko presondegia. Hagak leihotxoetan, horixe izan liteke zu edo biok hemen egon gineneko aztarna bakarra.

        — Angiolillo egon zen ziega da hau! —esan dit ahapetik.

        Atea zabaldu dit, komunak dira. Barre txiki bat egin dit, barkamena eskatuko balu moduan. Leku berezi bat gorde gura izan du norbaitek, aretoaren zabalean suntsituko ez den lurralde hormaztatua.

        — Salvador Puig Antich izenak, ezer gomutarazten dizu? —lar gaztea dut ordea udal funtzionario hau, hartaz gomutatzeko—. Espainiak garrotatu zuen azken iraultzailea, anarkista bat.

        — Bai, irakurria dut zerbait...

        — Modelo presondegian, Bartzelonan, vis a viseko gela da orain hura akabatu zuten aretoa.

        Eta preso batzuek, non dauden jakinik ere, berotzea lortzen dute biluziko bisitan. Halan esan didate azken urteotan bertotik pasatako lagunek. Hemen ere zelanbaiteko biluztasunerako betikotu gura izan dute, antza, zure azken bizilekua. Ez dago txarto, ziega, funtsean, komun bat baino ez da, lohizulo nagusiaren itxaron gela.

        Leihopeko zokoraino hurbilduta paretari begira gelditu naiz. Dena barritua eta margotua dago, lehenengoz atxilotu ninduten hartan jaso nuen zure mezua ezabatu egin dute. Debaldetan pasa ditut hatz-niniak paretan. Katiluari begira gelditu naiz. Hor, ur desinfektatu horren azpian, begira zale sadikoa dago. Tu egin diot begietara zure izenean.

 

 

Ate itsutu bat dago hilerriaren aurrealdean, eskuman, behialako hutsunea adreiluz estalia, hiraulikaren azpitik ageri diren marrek azaltzen dutenez. Itzulia emon diot harresiari. Sastrakaz eginiko itxitura bat dago ezkerraldean, harresiaz honantz. Baratze sasitu bat dirudi. Andrazko zahar bat topatu dut aulki baten, gona jasota oilozangoak eguzkitan berotzen begiak itxita.

        — Infernuko Atea, hemen inguruan dela esan didate.

        Altxa egin da erantzun baino lehen. Sagar bat eskaini dit besoan daroan plastikozko poltsatik aterata. Ezetz esan diot eskertuz. Haginka egin dio, bereak izan behar ditu hortzak.

        — Hemen da.

        Ez dabil inor. Harri-txintxarrek kexu ozena ateratzen dute gure ibilian. Ate itsuturantz gatoz barru aldetik. Hilerriari kenduriko txatala da, eta burdinazko hagadun ate batek mugatzen du. Hilerri berezi honen barruan, kanpoko atea estaliriko material bardinaz eta ikusian bistan garai bertsuan eginiko beste horma bat dago. Hazurtegia dela esango nuke.

        — Infernuko Atea kanpokoari zeritzon. Orain zarratua dago.

        — Zergatik zeneritzoten Infernukoa?

        — Ez dakit. Gorria zen.

        — Gorria zelako esango zenioten!

        Barre egin du. Etortzeko agindu dit, eta atzera itzuliz ate nagusiaren ondoko mailetan gora jarraiki natzaio. Belarra hazi da hilobi gerizpetu hauen teilatuan. Behetik ikusi duguna goitik hartuko dugu orain.

        Bost burezur zenbatu ditut. Femurrek, haragirik ezean, dimentsio zoroak hartzen dituzte. Denak dauka errautsaren tonu zuri-grisa. Erdian, gorpuak lauza jaso gura izan bailuan, zango bi ageri dira harri eginiko sabel lau baten azpitik, eguzkitara lizun, nekrofiloren bati eskainiak.

        — Hazur horien azpian Angiolillo dago —esan dit andrazkoak sagarrari barkatu barik.

        Momentu batez gorriak izan ginen, historikoki gorriak, eta gure herria triskatuko zutela egin zuten zin Mussolini guztiek. Noizbait izan ginen zure heriotzaren duin istorio lazgarri baten: gerra galdu genuen baina zure hazurren gainera jausi ziren, Olasoneko jaunak Belgikan erosiriko gure fusil aletakoen biktima inozoak, Bergarako anarkistak lepotu guran etorri ziren Foggiako camicia nera haien hazurrak. Ziega bezero barriz bete zen, gero eta putzuan beherago joan zinen, arratoi handiak oratu ahal izan balizu legez. Inoiz hilerri zibila izan zena hazurtegia da orain, eskeletoen vis a viseko gela. Olasoneko jaunak inoiz esana frogatu gura izan dut.

        — Egia da hemen urtero lore sorta bat lagatzen zuela norbaitek abuztuaren hogeian, garai baten?

        Begietara begira gelditu zait. Isilaldi baten ostean erantzun dit andrazkoak.

        — Ni domusantu egunean etorri izan naiz urtero, baina ez daukat akorduan hemen lorerik ikusia inoiz. Zu... Nik zu ezagutzen zaitut! Zure aurpegia ikusia dut nik egunkarietan edo...

        Balitekeela aitortu diot. Baina besotik oratu dit alde egin dezadan baino lehen, nire abizena bota du hasperen baten. Baiezkoa egin diot buruagaz, eta eskaileretan behera abiatzen laga barik besarkatu egin nau, masailak musukatzen dizkidala begiak malkotuta.