Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—22—

 

Gamazaden denborako txispa astuna zen, armen karreatzeko ohiturarik ez zuten neure eskuetan. Billen dardarrek beldurrezko uhinak bideratzen zituzten, eta Joana sekula baino lasaiago ikusten nuen, kaliforniar inbaldituak bortxaz kontatzen zituenak paperean jartzen.

        Gizonari, beroa aspaldian jabaldua izan arren, izerdia kopetan behera ttortta lodika isurtzen zitzaion. Iduritzen zitzaidan emeki-emeki urtzen ari zela, baina damu izpirik ez zuen erakusten, ez Uritzen istripuari zegokionez, are gutiago militarren interesen zerbitzuan bizitza bat landderrean ezarririk. Billen usaiako lana bide zen. Eta damuak beste munduko ziratekeen. Bizkitartean, aski bagenekiela erabaki genuelarik, uuuuf luze batez coltaren plegatzeko keinua egin nuen, Joanaren begien zimizten labankadapean:

        — Ertzoa zara ala? Atxik ezazu pistola hori gora fermuki!

        Behialako lepozainaren juntan pausatu nion berriro Billi, coltaren mutur hotzikaratua. Anartean, zaraitzuarrak mobil-homea bisitatu eta mirazkatu zuen, gizonaren estekatzeko soka bila, eta zenbait minuturen buruan etorri zen besoak korda higatuz eta alanbre herdoilatuz kargaturik.

        Joanak alanbre xixtaduna inguratu zuen lehenik Billen gorputzean, batez ere agerian ziren larru-zatien gainetik, horrela kaliforniarrak ez zuen jestu soberarik egiten ahal. Gero, sokaz tinkatu zuen gizona bere paralitiko kaiderari. Mobil-homearen barneko gauzak oro, armairuetako arropak eta gerla-sekretuen eramateko teknikak biltzen zituzten liburuak barreiatu zituen lurrean. Telefonoaren haria moztu zuen eta orduan bakarrik eman zidan neskak armaren apaltzeko baimena.

        Tarrapataka jalgi ginen mobil-hometik, lasterka abiatzeko Santa Engrazia honetako karrika soilaren puntan utzia genuen motorantz. Goizeko lauak izango ziren eta gauak gauari opari ziezaiokeen freskuran Kortesko norabidean kokatu ginen, zeru izartsuaren gerizan. Lotsa desagertua zitzaigun eta sentitzen genuen Uritzen istripuaren misterioa azkenean, egunarekin batera, argitzera zihoakigula. Astia bagenuen goizean goizik Reina Sofiara heltzeko eta edozer gertatu aitzin Uritzekin solastatzeko. Agian mutikoaren oroitzapenak behin betikoz harrotuko genituen.

        Pentsamendu horiek gogoan, Joanaren gorputzaren eztitasuna jastatuz, ziztuan bagindoazen —suzko bolak ginena gure aldian?— Buñuel, Ribaforada eta Fontellas zeharkatzen genituela, isiltasunik handienean. Herriak ebakitzen zituzten karriketan noiztenka txakur zaunka gaizki iratzartua entzuten genuen. Taustetik Tuteralako erregebide nagusitik urrun ibiltzen ginen, Erribera oraindik lokartuaren usainak estimatuz. Bideko erreginak ginen. Haize arinak izpirituaren kraixturuak askatu zizkidan; ametsari ekin nion: Baigorriko Nafarroaren Egunean edo Mauleko ikastolako Tuterarekilako birazketa ospakizunetan miretsi Ribaforada eta Ablitasko dantzarien makil kaxka sotilek esnaturik mantentzen ninduten, gaitaren soinu itxuratua bihotz-altxagarri zitzaidan eta Beterri peñako joaldunek ortze mugan nagi etzatera zihoan argizagi mauregia alaitzen zuten, eta dilon-dalanka Fontellasko hotel abandonatuan eraikiko zen Argia ikastolaren harrien molekulak inarrosten zituzten. Historialari ofizialek, aldiro, ahanzten zituzketen Erriberako euskaldun apurren —apurrak egun eta bihar?— mintzoak. Alkatxofa eta esparragoz hazirik ozen bilakatzen ari zirela nioelarik, Joanak motoa Reina Sofia ospitaleko aparkalekuan itzali zuen. Kaskoa ilki zuen erranez:

        — Ametsetan beti! Hemen gara: zoaz Uritzekin hitz egitera!

        — Bai, arrunt.

        Harmaren opotsa xerkatu nuen eta harritu nintzen coltaren han ez kausitzeaz. Joana trufari bilakatu zitzaidan:

        — Bururik ez duzu! Ohartu ez baldin banintzen pistola han egongo zen, Billen mahaiaren gainean.

        — Eske, ez daukat armaren eramateko gusturik.

        — Jasoni itzuliko diogu gero, bere familiako oroigarri baliosa.

        — Eiki. Arren banoa! —erantsi nuen eta buruhona Larrain-Dantzaren ahaideak kilikatzen zidala, ohoinaren gisa ospitaleko bitrazko ateak bultzatu nituen.

        Nehor ez zegoen ongijin gelako bulegoan. Eskailerak igo nituen eta Uritzen gelara heltzean, erhiarekin bortan lau banbako arin eginik, ganbaraz jabetu nintzen. Erremedio eta jende urrinez moldatu aire tepoak abantxu uxkaili ninduen. Erraietako nazkaren ez nabaritzeko deika hasi nintzen:

        — Uritz, esna zaitez, Uritz!

        Dei apala errepikatu nion bizpahirutan kasik debaldetan, eta bapatean, izuak katestaturik Uritzek begi handiekin so egin zidan.

        — Nor zara?

        — Amaia Ezpeldoi. Behar naiz zurekin mintzatu.

        — Tenore honetan?

        — Bai. Seiak eta erdiak dira. Non dago apirilaren lauan zeneraman maleta beltz hura?

        — Maleta? Ez dakit. Ez nuen maletarik nik!

        — Uritz, memoria galdu duzula baldin badiozu norbaiten edo zerbaiten gordetzeko, errazu segidan! —kexatzear nindagoen—, bestela susta ezazu oroimena. Billek dena aitortu digu gaur.

        Gelako hormak xuritu ziren eta punpean ohetik altxatu zen Uritz. Beldur izugarria frogatzen zuten mutikoaren sohakoek, neure ahotik isuri hitzak suzko bolaren antzekoak bailiran. Elea trenkatu nuen:

        — Bill zure lagun amerikarra ohartu da maleta ebatsi zeniola, eta amerikar bati, hark eskubide guziak ukan arren, ez zaio sekula deus ostu behar!

        — Bill? Paraplegikoa da...

        — Zerbitzu-sekretuetako kidea ere bai. Bazooka tiro batez ebaki dizu bizitza. Zure txandan paraplegiko zirate.

        — Berak ezin du ezer egin!

        — Berak ez, baina manuak eman ditzazke.

        Eskua bilaire nahasian hara-hona pasatzen zuen Uritzek. Akidura nasaiak zaplastatu zuen eta irrifar eztia marraztu zioten ezpainek:

        — Hil zorian nindagoen, hozturik, «zai bazaude, zaude lasai» hautematen nuen su-larrek erretzen ninduten artean. Bitxia izan da guzia. Oso.

        — Maletan zeuden Bardeetako amerikar aireportu xedearen planen kopiarik ba ahal duzu?

        — Ez nekien maletan planak bazirenik. Ez dut lortu maletaren irekitzea. Tafallara eramaten nuen, maleta zabaltzen ni baino trebeago zen lagun bati. Besterik gabe.

        — Intsumisoa zara?

        — Bai, noski. Amerikanoen ideien berri banuen. Susma nezakeen maletak zeozer irakatsiko zidala. Ane nahi dut.

        — Nor da Ane?

        — Nere andregaia. Gogoratzen naiz orain.

        Aharrosia libratu zuen Uritzek. Abantxu normalki hitz egiten zidan eta partta-partta iraganaren zatiak itzultzen zitzaizkion memoriaren osatzera. «Zai bazaude, zaude lasai» marmarikatzen zuen etengabe, txori errebelatuaren antzera. Bihotzean ximiko bat sentitu nuen. Loak deitzen ninduen ni ere. Alta erantsi nion:

        — Zure burrasoak deituko ditut. Landderrean zaude. Hemendik goiti, segurtasun neurri zehatzak har ditzaten gomendatuko diet, afera jabaldu artean bederen.

        — Nola lortu dituzue informazioak Billen ahotik? Bill nere adiskidea da.

        — Bizirik utzi dugu. Billentzat Bardeetan trankilik ibiltzeko alibia baino ez zinen Uritz.

        — Milesker Amaia. Kasu eginen dut.

        Nekaduraz horditurik zegoen Uritz. Gaitzeko indarretan zinpurtzen zen apirilaren lauaren inguruko gertakarien ozkan jartzeko. Hondarrean betazalak hertsi zituen. Gaztearen atseden moldea gutiziatu nuen eta begirada bat bota ondoan, gelatik atera nintzen, huts eta goibel.

        — Inkesta bururatua dut. Zeldaren sahetsera lehiatuko naiz —xuxurlatu nuen nerener, ospitaleko pasealeku antsiadun eta eter-usaindunetan barna nindoalarik.

        Zeldaren aurpegi loriosa imaginatu eta harengana ahal bezain laster hurbiltzeko tiria gogorra nabaritu nuen. Berrehun eta berrogei kilometroko —Mauleko herriko etxearen sasietan landatu pankarta kolorebidunaren arabera— distantzia zegoen bi hirien artean. Morriñaren oinazeak jasaten nituen: Errigora berdeetakoa nintzen eta sobera denbora eraman nuen Erribera idor honetan.

        Burutazio nostalgikoz hanturik, presarik ez neukala iduritu zitzaidan eta haiduru egoteko jargia batek nere etendura onartu zuen. Ospitaleko leihoetarik eguna altxatzen nekusan, ortzea arros eta lurraldea ubeltasun misteriotsuaz estalirik. Uritzen memoria balakatuko zuen eguzkiak eta zoriontasun zerbait pizten zen nigan. Alabaina, estomakak sufriarazten ninduen bitartean, pozik nintzen argi pixka bat ekarririk zuzentasun eskaseko mundu honetara. Joana kanpoan zain neukala izan zen nere kontzientziaren azken pentsua.

        Neguko elur ametsak garraiatu ninduen: odol ttanka gorriak zuritasuna bermarazten zuen. Lurraren azalean, odola isurtzen zen beti arrazoin berdinengatik, beti zapalduek libreago desir zutelako, gizonek, emazteek, zaharrek, gazteek lana, herria, etxea edo behintzat intimitatearen txabola ahulen segurtatzeko xedea zeukatelako, hizkuntza, ura, eta borondate horien guzien gainetik mututasunaren armaden gisa kudeatzen gintuzten tokiko eta kapitaletako botereek. Pentsamendu bakunak, jan-ereduak, josta eta kirol manerak, arropak eta amodioaren egiteko keinuak oro bateratu zizkiguten, adina, ordua, diferentziak, jende-herri nahikunde bereziak ezabatuz, merkatu kontsumista bakarra osatzearren, jendeak izan baino lehen erosleak bagina bezala. Filmeekin krimen harrigarriak asmatzen zituzten eta berri-sailetako sasi-errealitatezko hilketa kolektiboak modu horretan legitimatzen. Literatura bera, ezin sinetsizko erahilketa absurdoz hanpatua zen, gurean idatzia barne. Biolentzia birtualean murgildurik, egiazko zapalkuntzak justifikatzen genituen, botereen alde ari ginen, gure haurrideen borrokaren kontra.

        Elurra zikindurik zetorren. Beldurra kentzen ziguten —ala beldurraz desjabetzen gintuzten?— aldika, nobelak, egunkariak irakurtzean edo telebista pizten genuenean; haurrak ere beldurrik gabe hezten saiatzen ziren, soldadoek ekai-kimikozko neurotropeak irensten zituzten eta herriak suntsitzen jarraitzen zuten Bosnian, Ruandan, Burundin, Amazonian, Euskal Herrian, hots nonahi munduan. Beldurra baztertzean panpiña motelak bilakatzen ginen, jende-erresponsabilitatea galtzen genuen; lotsagabearen armada isileko gudariok noizean behin ametsaren bidearen berreskuratzeko 'floating-tank' zelakoetan aterbetzen ginen, amaren sabeleko ur-amniotikoen nostalgiaz beterik. Ametsaren ala beldurraren sentimenduaz jabetzeko?

        Puntu horretan nintzelarik, harategiak, garbiketa etnikoak eta integrismoak modan zirela nioen artean, burdinazko herots astun baten taupa hauteman nuen hurbiltzen: gohaina hazten zidan armada lehertzaile harena zena?

        Armada hartako partaideen aurpegi zenbait jada ezagutzen nituen, adibidez, neure izenaren ahozkatzea hain zail zitzaion nagusi-ttipia, hogeita hamazazpi urtez lanean erauntsirik beti bezain ume eta arduragabe ziharduten kolegak, beren bizian sekulan erabakirik hartu ez zutenak, beti segitu, beti murmuzikan kexu ordea, herri hau saldu eta saltzen zarraiten apez eta notable saldoko kideak, moral-egileak, «gizon bakar baten gisa» aitzina gintezen xede zutenak —gu haien mutil edo sehi naski—, norberaren libertatearen pribatizatzeko gai zirenak, beren interesen indartzeko. Amets gaiztoko metal, altzairu eta ordenen zaratak uxatzen saiatuz, punpean, hatsanga iratzarri nintzen. Askatasuna nuen helburu.

        Ospitaleko pasealekuko jargiatik minez konkorturik altxatu nintzenean, lau guardia zibilez inguraturik kausitu nuen nere burua. Doi-doia ulertzen nuen hizkuntzan mintzo zitzaizkidan:

        — Amaia Ezpeldoi? Ven con nozotroh.

        — No konprendo.

        — Zigenoh po faboh, zi no...

        Bi gizonek sorbaldatik bortizki lotu ninduten eta haiekin joateaz beste aterabiderik ez neukan. Loaren elurrezko erresumatik jalgitzean, Joana non ote zegoen galdetzen nindagoen:

        — Behar orduan Joana... —hasperen etsituaz, kaki-zikinez jantzi orden zaintzaileen artean, utzi nuen Reina Sofia ospitaleko aixolbea.

        Isilik nindabilan ametsak harrotu izua barnean, danbaka: nora ninderamaten? Zergatik ni? Nere arrestatzeak Uritzen istripuarekin zerrikusirik bazuena? Gizonak ere hitzez bekaitz bazebiltzan eta sentitzen nuen komunikazioa latza zatekeela.

        Lursagar zaku malgoaren antzera, guardia zibilen autora aurdiki ninduten. Bezperako estomakoko ziztak jeiki eta iduritzen zitzaidan beste zafraldi baten menturan nintzela. Hortzak tinkatu nituen eta izpirituaren lasaigarri behialako paradisuko ateak itxuratu: amaren berriz gurutzatzeko esperantzak, arrazoin nuelako ustea bermarazi zidan. Kolpeak, irainak, mehatxuak, axolarik ez neukan bizpahiru oren lehenago Uritzen memoria xifritua loratzea lortu nuelako. Gizon armatuek egin zezakete bakarra, nere hiltzea edo preso sartzea zen. Zelda! Lehen kasuan, amodioaren balizko ahuspean nere dolua karreatuko zuen, eta bigarrenean, astero Mauleko notiziak bidaliko zizkidan zintzo-zintzo. Nahi izanez gero, hara, oso xinplea zen egoera.

        Komarkako komisaldegira heldu ginen. Han, horma berdezko gela batetan hertsi ninduten. Goragalea sortzen zidan txoko hartako pixa urrinak. Ikaran nindagoen: une luzez nihaur egon nintzen mahai hutsari begira. Bapatean, borta zabaldu zen, eta guardia zibilak sartu ziren idaz-makina zekartela. Mahaian plantatu orduko galderak bihikatu ziren.

        — Diganoh quien te ha dao informazioneh?

        — No konprendo.

        — Tonta ehe! Sabemoh todo ya!

        — No konprendo.

        — Como ha lokalizao a Bill?

        — No konprendo —errepikatzen nuen taigabe, Erriberan egunak gastatu ondoan, Castellano apurra nereganatua nuela bixtakoa izan arren.

        Gizon batek Nafarroako telefono listina eskuratu zuen eta jo ninduen buruan, kexugorriturik:

        — Te haremoh hablar hiha de puta!

        — No konprendo —nion oraino ere, kuska bakoitza bederen ulertzen nuelarik.

        Atorrak arrabiraturik gizonaren kideak ukamila kaskaka ziharduen: min nuen orotan. Orduan, neure baitan, Raimundo Lanasen, Txakoliren, Uxueko Potxolikaren, Zirilia Eskuderoren, Benito Eranen, Mendigatxaren, Zirilio Zabalegiren, Teofila Perezen, Angel Martinezen, Dolores Laurelen eta Julia Benediren ahotsak nahasi ziren, jota-eske (irabazi arte) salbamendu eskaintzaz. Kantatzear nindagoen joaldien menpean:

                Al escudo de Navarra

                Las cadenas le pusieron

                No porque las soportaron

                Sino porque las rompieron...

        Montxo Goikoetxearen hitzak ziren hats-bila airatzen. Eta egia zen: kateak hausteko ziren eta hausteko zen zapalkuntzaren dupiña, hausteko Zuriñe erreginaren bakardadea. Orduan, ikusia ez nuen telefonoak jo zuen.

        Handik fite, Tuterako parte zaharrean libre aurkitu nintzen.

        Tuterako arratsalde apal beroan, Zuriñeri zor niokeen solt ibiltzea.