Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—8—

 

Arratsaldeko zazpietan iratzartu nintzenean, ez nintzen guti harritu Joanaren ohe-partea huts ikusteaz. llundura bulta bat jasan nuen: oren asko generamatzan bizitzen 'mugimendua' gertatu arteraino eta iraganak laster irensten zuen oldarra. Mihise nahasien purtzilikatzen ari nintzelarik, kasik zainetan, papertxo bat kausitu nuen pleguetan. Joanaren izkirione xehea zen, eta susmatzen nuenaz beste ezer ez zidan argitzen:

        «Urtegiaren aurkako bilera dut sarri Iruñean, banoa!».

        Urtegiaren iraintzen hasi nintzen, herriak eta ber moldean nere zorion klixkak itotzen zituelako. Habil hoa deabruetan hara!, marmazikatu nuen dutxapean sartzean.

        Ur-xirriparen meneko nindagoelarik, betonezko barrakia erraldoiaren gisa itxuratu nintzen, amodioak, adiskide eta laguntasunezko keinuen bortxaz begiratzeko gai, baina bihotzean neraman urtegia desesperatuki idor baratzen zen. Bahe airezua baino ez nintzen, ez nuen deus kontrolatzen, gehiegi durduzatzen eta dudatzen nuelako. Zena zela, Jason Gonzalez de Mendaviak eman 'misionea' aitzina eramateko nuela pentsatu nuen soilik. Nondik ez nekienez, ideien bekandatzeko, ostatuetan harrapatzen nituenak galdezkatzea erabaki nuen azkenean. Halatan, amen batean, Tabernan aurkitu nintzen, ETBko pantailan Super-Bateko kideak jostatzen ziren une airosean.

        Kontuarrean nintzen ametsetan, ardo gorri bipilez bete baso baten parean, basoarekin desafioka. Bost emazte taldean heltzen begiztatu nituen, pika-beleak bezain elekari, eta gogoa haien hitzen musikan bermatu nuelarik, euskaraz ari zirela konturatu nintzen. Joana iparrerantz abiatuz geroztik —bi ordu eskas menturaz...— mintzatzeko gutiziak inarrosten ninduen. Hostokatzen nuen Egin egunkaria batek irakurri nahi zuelako aitzakiaz baliatu nintzen elearen harilkatzeko:

        — Oporretan?

        — Ez, gu hemengoak gara, ikastolako andereñoak. Urte bukaerako afaria elkarrekin egiten dugu. Poteoa lehenik ordea!

        Ikastolari buruz Joanak eta Jasonek errana errepikatu nien, miresmena ezin gordez: Argiak hamar urte, ehun haur eta mila esperantza... Irakasleak nere 'arrotz' plantaz ohartu ziren:

        — Eta zu? Iparraldekoa ezta?

        — Ageri dea?

        — Bai noski: zuberotarra?

        — Ez etxit, baina nolazpait han bizi...

        Aitormenak larrantzi ninduen. Zeldaren aurpegia jin zitzaidan memoriaren harrotzera eta Zelda zenbat maite nuen onartzekoa nukeen. Aldi berean gogoratu nintzen, zuberotarrez 'zinpurtzen' nintzenetan Zeldaren oharpen elibatetaz:

        — Heben sortürik behar dizü Xiberotarraren ontsa emaiteko!

        — Alabadere! Iseatzen nüzü pürü...

        — Ikas ezazü lehentze eta gero mintzatüren gütükezü! —zioen, eta puñala bihotzean zirikan nabaritzen nuen.

        Isiltzen nintzen, gaitziturik eta minberaturik. Ulergarri zitzaidan, edonori zauri larria eragin zezakeela bere arbaso propioen mintzoaren desitxuraketak, baina arrazoin aski zena 'zapaltzailearen' aditzen erabiltzen hasteko? Irakasleen irri-algarek Tabernara itzularazi ninduten. Datorren Nafarroa Oinez zeukaten ezpainetan eta ikastola berriaren gaiaren inguruan ezin geldituak ziruditen.

        — lkusi beharko zenituzke aurre-planoak!

        — Oso, oso ederra eta handia izango da...

        Bost emazteen solasak kanpotik bezala behatzen nituen. Aire mehe beroak sudurra xixtatzen zidan eta haizea gogotikago desiratzen nuen. Jonek orduan gomita zabaldu zuen:

        — Goazen Beterri peñara, han afalduko dugu!

        Irakasleen saldoa segitzen nuen galdegaia ahosabaian ateratzeko prest. Beterrirako bidean, Herrikon egin genuen 'estazionean' finkatu nintzen Maria zeritzonari ahapez eskatzeko:

        — Migelin artzainaz entzutea baduzu?

        — Ez, zorigaitzez ez naiz hemengoa. Baina Beterrin gaur, Erriberako artzain gehienak ezagutzen dituen bat egongo da; badakizu...

        — Zer da Beterri? —ausartu nintzen, nere 'ignorantzia' lurras utziz. Edurnek, deplauki, Beterri Tuterako peña ospetsuaren izena zela salatu zidan, eta han dantza, gaita, jota eta sukaldaritza taldeak bazirela, bizitza kultural euskaldun minimoaren iraupena segurtatzeko asmoarekin.

        Karrikaz karrika ibili ginen eta katedraleko dorreak itzaltzen zuen pasabide hertsi batetako horma anonimoak zeukan ate pizua bulkatu zuen Edurnek.

        — Iritsi gara. Gaur kalderete eskainiko omen digute.

        — Erriberako espezialitate bat, goxo-goxoa! —erantsi zuen Mariak, Beterriko gela apaindu bezain zabalean kokatu orduko.

        Kozina erakargarrien usainek lehertu ninduten. Andereñoekin batera kontuarrera heldu nintzen, eta haiek bezala gin-kas manatu nuen. Migelin artzainaz kezkatuago baldin banintzen ere, Mariak eztiki, kalderetearen alde onak goraipatzen zizkidan:

        — Zartagin handi batean, olioa, baratxuriak eta kipulak jartzen dituzte. Gero, pimiento zatiak, untxiki puskak eta lursagarrak urez gainditzen eta behar den denboraz egosarazten dituzte.

        — Honek du horrelako usain samurra?

        — Bai, eta jastatuko duzunean esango didazu!

        Gin-kasak ardoak baino hobeki freskatzen zidan izpiritua. Aldamenean, Mariak sukaldari trebearen planta zeukala iduritzen zitzaidan unean, guri buruz zetorren gizon zardai, giharretsu eta alai bat agurtu zuen:

        — Epa, Periko!

        — Kaixo poxpolin! —alegeraz ihardetsi zuen, Erriberako jendeei egokitzen zitzaizkien manera urriak segituz: lur lehorretakoak ziren eta presarik gabekoak ziruditen.

        Mariarekin solasean ziharduen bitartean, uste nuen Periko jadanik nonbait gurutzatua nuela, baina hark kasurik ez egitean, engainatzen nintzela pentsatu nuen. Mariak, loeriatik jalgiarazi ninduen:

        — Hona Periko! Erriberan ibiltzen diren artzain guziak elekide ditu...

        — Bai —onartu zuen Perikok—. Artzain bardeneroen kopurua ez da aspaldian aldatzen eta, naski, ez da hain zaila haien zenbatzea. Ardiak ehunez haboro dira: abantxu laurrogei mila ardi dabiltza sasoinero Bardeetan.

        — Abantxu diozu?

        — Baaa, zer dela eta?

        — Ez zirea zu Iparraldean egonik?

        — Bai...

        Bapatean beltz bihurtu zitzaion sohakoa. Beterrin hegaldatzen zen airostasun zaratatsua isiltasun bilakatu bide zen Perikoren kasko zokoan. Banekien, lehenago Baionako karrika jendetsuetan ardura, kasik gauero kausitzen genuen Periko. Ezpainek zimikoa marraztu zioten:

        — 1987ko urriaren 3an kanporatu ninduten...

        Bizkitartean, sukaldariek Beterri ostatuko mahai handiaren erdian pausatu zuten zelako kalderete bero-beroa, ketan, usaintsu, gose ankerraren jabalgarri. Andereñoen taldea bildu zen eta Perikoren parean aurkitu nintzen. Oroitzapen minartuen zerrendatzeari ekin nion:

        — Gerla zikina deklaratu ziguten. Karrikak hustu ziren, bertso makalak, argizirrintako mozkor kantuen oihartzunak eta herriaren geroari buruzko solasaldiak mehartu...

        — Etxez-etxe, teilatuetarik indarrez eta legez kontra sartu ziren gure bila, harrapatu gintuzten eta beren kamioietara bortizki aurdiki, Buttes-Aux-Caillesen biltzeko. Haur hotzen negarrak jasankaitz ziren. Gero, fronterara eraman, eta preso urte batez.

        Perikoren hitzak hunkigarri zitzaizkidan. Erriberako ardoak lagundu kalderete saltsaren untxi puskañoak bezain beharrezkoak. Gizonaren begietan iragan gogor eta gogor heinean nonbait zoriontsuaren aztarnak dirdiran nabaritzen nituen. Bolborak gogortasun zeiharraren zilarra zuen: ostatuetan itsutuki sartzen ziren tiroka, oinez zebiltzanak lepoan bi balaz azkentzen zituzten edo gauerdietan Victor Hugo kalearen argiak geldo, errefuxiatuak akatzen. Denbora galduak ziren haiek. Noiz jakingo zen egia osoa? Baltasar Garzonek, Kevin Kostnerren antzera, ukanen zuena kemenik aski egia osoraino heltzeko? Perikok anartean mintza-gutizia zuen:

        — Torturatu ninduten, eta Olatz kartzelara jin zelarik ene bisitatzera, ez ninduen ezagutu, ubeldurik eta hanturik neukan aurpegia. Urte bat Herreran, Puerton, Albaceten eta Murcian iragan ondoan, libre geratu nintzen eta Olatzekin hemen plantatu...

        — Hemen Tuteran?

        — Bai. Eta zu? Zer bilakatzen zara? Zertara zatoz Erriberalat? Oporrez?

        Ez nuen nere bizimolde petralaren azaltzeko gogo izpirik, interesik ez zeukalako alde batetik eta bestetik eginbehar zehatza neukalako Erriberan, Tuteran partikulazki. Dutxapean erabaki bideari jarraitzea deliberatu nuen:

        — Detektibe rural lanetan nabil eta nahi nuke jakin nor den Migelin artzaina. Non aurki dezaket?

        — Artzain bardenero bat da —hasi zen eleak ontsa bereiziz—. Otsagikoa sortzez. Irailero bere hirurogei urteekin bardeetara etortzen da berrehun ardibururen nagusi, Inkatx zakurrarekilan...

        — Bardeetan atzemanen dut beraz?

        — Ez, orain sasoina bukatua da, eta Otsagin ez baldin bada agian, bere Uxueko arrebaren etxean harrapatzen ahalko duzu. Judu-Burua deitu tontorraren maldako txabolan dagoen Pakok esanen dizu zuzen non egoten den Migelin garai honetan.

        — Aurten Bardeetan zena Migelin?

        — Noski erronkariarren artzain-bidea aztalkatu duela. Bospasei aldiz elekatu naiz harekin.

        — Orduan, zure ustez, hobe nuke, ezer baino lehen Pakorekin mintzatzea?

        — Bai. Inoiz ibili al zara Bardeetan?

        — Oraidino ez!

        Iraganaren oihal latza bazterturik, Periko ezin isildua zela ohartzen nintzen. Nihauk ere entzumen ahalmena bete-betean neukala sentitzen nuen. Belarriak harrotzera zetozkidan marmarren arabera, hurrengo Nafarroa Oinez zen ardura gehien zeraman gaia. Ardoa hurrupatzen, ogia kalderete saltsan xixtatzen eta lursagarrak sardeskaz erdizkatzen nituen. Joanaren kezketarik eta Zeldaren abandonu sentimendutik urrun nintzen, hain urrun, Uritzek pairatu istripuaren inguruko xenderetan sartzear.

        Migelin lokalizatu arren, ez nintzen asko aurreratzen. Iduritzen zitzaidan egunak eta gauak edaten, paseatzen, amodio egiten, jaten, jende behatzen gastatzen nituela. Baina egia erran, bizia zen horrelakoa, eta ez nintzen detektibe rural soil bat baizik. Pentsamendu ezkorretan ihalauska nindabilanean, Periko hurbildu zitzaidan erranez:

        — Bardeetara abiatzeko ez zaitzaket lagunt. Etxean ordea, kartak eta gida-liburuak badauzkat. Kotxerik baduzu hara joateko?

        — Ez, mendiko bizikleta bat daukat alokatua, zer gerta ere!

        — Ondo dago. Goazen! Olatz pozik izango da zure ikusteaz.

        Beterriko giro amoltsutik atera ginen. Maria eta Edurne bihotz-bihotzetik agurtu nituen eta haien deiari pozik erantzun nien:

        — Etorriko zara datorren urrian Tuteralat!

        — Baiki.

        — Nafarroa Oinez oparoa biziko dugu hemen!

        Irriak airatzen ziren edonondik. Kaldereteak edo Bodegas Chivitetik ekarri ardoak —ala biek?— ontsa utzi ninduen. Kanpoko haize laztanak bere atzaparretan bildurik bezala nintzen eta gaua izarretan higatzeko gutizia piztu zitzaidan. Tuterako karrikak engoitik nereganatuak nituen eta, Keiles parkea zeharkatuz, Diaz Bravon gaindi Donibane auzora iritsi ginen. Perikok hereneguneko lagunak —zenbait desagertuak jagoitik— aipatzen zituela, bozean nostalgia sumatzen nion eta, aldi berean, historia bururatu zitzaiolako iduripena. Kate luze baten partea zen, eta parte bakoitzari bere txandan zegokion lekukoaren eramatea.

        Etxe erraldoietan maldatu plazatxo batean aurkitu ginen. Iluna izan arren, jendeak agertzen zitzaizkigun bazterretan taldeka eleka. Haizearen botereaz, leihopeetan idortzen tilingotu arropak frista-frista arinetan hautematen nituen. Perikok ezagunak banan-banan helatzen zituen:

        — Que pasa?

        Solasak laburrak ziren, baina komunitate sentimenduak azkar zirauela ziruditan. Bapatean, Perikok haraintzineko xenderak utzi zituen eta urtero Jondoni Joaneren egunaren karietara auzoan moldatzen zen Paloteadoaren harat-honatak azaldu zizkidan:

        — Plaza hau jendez mukurutzen da. Paloteadoa, antzerkia eta dantza juntatzen dituen ikusgarria da. Piska bat Zuberoako maskarada bezala. Tauladan agertzen dira herriko handikien karikaturak, artzain bardenero bat eta Ribaforadako dantzariak. Urtean zehar politika eta kultura mailan gertatuak koblaka zirikatzen dituzte. Oso berezia da. Eta jendea gogotik irriz ari da.

        — Euskaraz egiten dute? —galdatu nion Perikori, eta honen ihardespena arruntekoa izan zen:

        — Ez, kastellanoz egiten dute, Erriberako kastellano partikular honetan. Badakizu hemen, bazkalorduan haurrei eskatzen zaiela «Quieres chichi?», haragia nahi dutenez, alegia.

        Gogoa alegera nuen. Ez zen erraz herrialdearen euskalduntasunaren oinarriaren ukatzea. Eta hori eder zitzaidan. Zeruan ilargi marra fina ageri zen eta kantatzear nindagoen:

                Erribera, Erribera,

                Zure landen zabalera...

        Negurik gabeko lurraldean nagitasun zozoak gatibatzen ninduen. Segur aski, goiz edo berant, Migelin artzainarekin gurutzatzen ahalko nintzen, eta istorioa bururatu ondoan lasaikiago entzun nezakeen Hats tristetan mintzo den haren mina, mendeetako lo geldia salatzen.