Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—13—

 

Zeru izartsuari begira geratu nintzen. Behialako zorionaren ziztak mendratzen zizkidan, egiaren errateko, gaua bakarrik eta kanpoan iragaitearen beldurraren zimiztak. Egunaren bildumaren egiten saiatzen nintzen: Pako gizagaixoak Perikok Migelini buruz salatua baino ez zidan errepikatu, eta derrigorrez Uxuera joan behar nuen. Biharamuneko traholak zerrendatu nituen, eta bereziki gogoan hartu nuen Argedasko bide hegian kausitu 'belarrari eratxeki' zitzaion odol ttantta idorra. Jason Gonzalez de Mendaviari emanen nion, azter zezantzat, norena, noizkoa eta nolakoa zen jakitearren. Aldi berean, guardia zibilen galdezketatik salbatu nituen gaineratiko elementu ehorzi haien neretzeko asmoa ere baneukan.

        Bizkitartean, eta Uritzen istripuaren gaia amiñi bat baztertuz, ortzearen biribiltasun urdin-sakon ilunak bereganatzen ninduen bekaizki, hainbat non izarrekin begi-kliskaz jostetan hasi bainintzen. Apailatua nuen ohantzean luzatu nintzen.

        Mila oroitzapen jin zitzaizkidan buruhonaren kilikatzera: ttikitan, adibidez, amaren hitzei jarraituz, uste nuen izarrak lurrean zendu jendeen arimaren argi dirdiratsuak zirela, eta orduan pentsatzen nuen zeru beltza bezain leku egokiagorik ez zegoela, herioak hazi gabetasun larraitzaren gerizatzeko. Oraindik halako zerbaitetan neukan fedea, iduritzen baitzitzaidan heriotza memoria biluziaren iturburua zela. Aterbe mineralaren 'bluiak' kiribilkatzen ninduen eta aspaldiko izarretaraino heltzeko xedeak ez nindukeen sekulan abandonatzen. Bardeetan ibiltzen hasiz geroztik, ontsa ohartzen nintzen, zeru eta lur puska baten premia baizik ez genuela, soa, mihia eta oin-parea erantsiz. Hortik harateko guzia debaldezkoa zen.

        Ametsaren bideak, Erronkariko artzainen xendera ebakitzen zuen gunean nindagoen. Golkoa bete zidaten Perikorekilako solasek eta Tuterako patio epelean irakurri liburuetako zati usaintsuek. Perikori galdatu nion zein moldez ziren Pirineo mendietako ardidunak, Bardeetara aziendekin hurbiltzeko eskubidedun. Periko ezin isildua zen:

        — Bardeak errege-zelaiak ziren lehenago, baina emeki-emeki, Nafarroako jabeek zabaldu dretxoen arabera, eskaini zerbitzuen trukean, Erriberako hemeretzi herriek eta Olivako monastegiak erabil zitzazketen. Zaraitzu eta Erronkariko haranek eskubidea gerletan eman laguntzagatik erdietsi zuten: Erronkarik 882an Antso Gartziaren manuz eta Zaraitzuk 1504ean, Joanes eta Katalina Nafarroako erregeen baimenez.

        Zeruko izarren bidea bezain zaharragoa zen ildotik zetorren beraz Migelin Otsagitik Bardeetara, hirurehun ardirekin, oro marraka, oihu, zalaparta airos, haize hegoaren kidegoan. San Migeletan —irailaren 29an— abiatzen ziren zazpi egunen bidaiarako eta ekain hondarra arte egoten errautsaren erresuman. Alharoan, hirurogeita hamar mila ardi, axuri eta atzar kontatzen ziren Bardeetako eremuetan.

        Otsagitik Zarrakaztelu artinoko ibilaldi mantsoa itxura nezakeen, Orhi edo Belagoaren maldako larreetan hasirik, Koroak portuan barna, Iesa, Xabier eta Zangotzan behera, Zarrakazteluko lepotik Bardeetan sartzeko. Neguan zukeen Uritzek Migelin gurutzatzen Piskerra edo Landazuria aldeetan. Hainbatez Gonzalez de Mendavia medikuaren semearen istripu bitxiaren lekuko Migelin izatea ahalezkoa zen. Zein heinetan ikusi zuen 'zerbait' Migelinek?

        Uritzen planta latzak ez zidan gehiegi nahasi artzain-bideetaz neraman gogoetatze erromantikoa. Imaginatu nuen Nafarroako ekialdeko ertzea bidaiariz, artzainez, gerlariz mukuru: ilada etengabeak, sinesmenen edo sosaren izenean. Alabaina, artzain-bideak ez ziren Bardeen mugetan gelditzen. Bardeak berak xendera ugariz udalatuak ziren: Erronkarikoenak Bardea xuriak eta beltzak juntatzen zituen, Aragoiko Tauste herriaren bihotzeraino. Argazkitan behin miretsia nuen Tausteko XIII. mendeko dorre mudejar arros-iranjak bildu zidan pentsamendua. Hasperen batez, ordaindu bakean ziharduten mauregien, juduen eta euskaldunen Erribera hura egiaztatu zitzaidan. Artzainak zirena jendalde desberdin horien guzien lokarriak?

        Erribera zen alhagia erraldoian sahets bideak ere aurkitzen ziren, mugimendua are biziagoa antolatuz. Ziertzo mendietako erretxenderak Zaldunen Ejeara eramaiten zituen artzainak, Korella eta Zentronikotik pasatuz, Tuteran gaindi, Santa Margaritaren lepotik Ejea berdean itotzeko. Taustetik bestalde, hegotik iparrera zihoan bidea Andia bortukateraino zihoan, Fustiñana eta Kabanillasen arteko larre horailetan gora, Kaparroson barna, Larragarantz han bihurtuz, itsasaldera. Xendera xumeagoak ere baziren, baina denak bide-sare nagusietan nonbait eta nolazpait txertatzen ziren.

        Ordea, Perikoren arabera, laborariek gero eta murriztenago zituzten artzain ibiltarien bideen inguruko ordokiak, lurra lantzearren, ogiz, irrisaz eta garagarrez ereiteko. Kañadak ere egoera oso txarrean ziren eta interes guti zen bide horien memoria —baratxuri urrinekoa ote?— zaintzeko. Tiro Poligonoaren presentziak eremua hertsatzen zuen noski, eta artzain bardeneroak urrituz joan ziren. Adinak konkortuak agertzen zitzaizkigun gaurkoan ortzaizean, errautsa altxatuz, huxtuka, zakurrari ahots hautsiz manatzen, ardi saldo ttikien gibeletik, denboraren abiaduran aitzinatzen. Migelin, Pako eta gaineratikoak Kain eta Abelen arteko borrokaren betiko jakileak ziren, koralez koral zihardutenak, eta azken hatsa ematean, ortzeko izar dirdiratsu bilakatuko zirenak.

        Artzain-bideak Jota-bideak ere bazirela iduritu zitzaidan. Olatzek irakatsia xuxurlatu nuen, neure kastellano dudakorra baliatuz:

                Ya ha llegado Santa Cruz

                Pastores a la montaña

                A comer migas con magra

                Y dormir en buena cama

                Ya ha llegado San Miguel

                Pastores a la Bardena

                A beber agua de balsa

                Y dormir a la serena.

        Kantatzeak on egin zidan. Ni ere gau-serenaren gozatzen ari nintzen. Burua joare ozentsuz eta ardi-marrakaz hantua neukan. Migelinen itxura bildu nuen: bizkarrean dilindan larruzko zakua zeraman, akuilua eskuetan, gatz poltsatxoa gerrian eta zapela kaskoan. Gatzaren usainak tiriatu ahuntza zebilen alde orotara lehiaka artaldearen aurrean, gidari gisa. Pentsua urratu zitzaidan: azkenean nihaur nintzen artzaina, ardiak Beletara lagundu ondoan, xehela zerratzean, ardien urratsean urrunago bidearen segitzeko gutizia bermatzen zitzaidalarik. Haurtzaroko ofizio hura ainitz maite nuela aitortzeko gai nintzen Bardeen erdi-erdian.

        Zirri-zarra sotil bat entzun nuen bapatean, eta bihotza punpeka jauzi zitzaidan. Pentsuaren urrakoa sarraski handi bihurtzen ari zen: ohantzetik altxatu nintzen, izuak hormaturik. Lurreko errautsetan marra arinak begiztatu nituen: sugea zena? Tutur mihien maldako sasiak igitu zirela iduritu zitzaidan. Handik laster, urrats astun baten herotsak loa ukatu zidan: ametsaren bidetik behin betikoz ateratua nintzen, tragediaren zurrunbiloan behera lerratzeko ote?

        Goizeko ordu biak zirela ikusi nuen besondoko ordularian, gero eta nabarmenkiago hurbiltzen ari ziren urratsekin batera, eztul idorren oihartzunak hauteman nituelarik. Ez nekien non gorde. Ilargiaren argitan, mututasunak plegaturik, arropa ilunez apaindu emazte xaharra zehaztu nuen. Zintzurra berriro karrakatu zuen. Neure ohantzetik hurran, sua piztu zuen ezkai erro lehorrekin. Suaren gainean urez —nondik zeukan ura hark?— bete katilua pausatu zuen eta errauts zilarra bota zion. Nitarik bizpahiru metrotara zeuden sua eta anderea. Bi eztulkada txukoz hausten zuen inguruaren isiltasuna. Ttiki-ttiki egin nintzen, harrien itzalean lotsa ezeztatzen edo behintzat arrazionalizatzen saiatuz. Izpiritua alerta gorrian neukan.

        Anderea zutitu zen eta behialako joria kaiku umil herdoildura isuri zuen. Hastamuka neregana bideratu zen, eta amaren sabelean nola —baina garai hartaz oroimen finkorik ez nuen— umeki invisiblez aldatzeko asmoz, kuxkurtu nintzen. Ordea, andereak, huntzen eta gau-ainaren gisa, iluneko bista zeukan eta, justo, bihotza haragitzen zihoakidan unean harrapatu ninduen:

        — Oizo, eazo, onzo...

        ADN bakarti eta galdu soil egin arren, izotz geratu nintzen. Anderearen botz larrutuak minberatu ninduen. Buruhonaren berrosatzeko prest nituen lau zelulak kolpeka sentitzen nituen. Emaztearen eztul saminek inarrosten ninduten. Jarraitu zuen hizketan:

        — Honzo zauretako...

        Katilua esku-ahurretan jarri zidan. Edaria bero-beroa zen. Argia izan baldin bazen, kea ikusiko nion, deika. Nahigabetarik, ez nuen alabaina deus kontrolatzen, ezpainak untziaren hegietan itzatu nituen, eta hasi nintzen ur eztiaren hurrupatzen. Arrunt bake handi baten eragina sumatu nuen, bakea, lasaitasuna, arintasuna, giharre, haragi, zain, hezur, muin bakoitzean, azazkal puntetaraino hedatzen. Andereari beha egon nintzaion:

        — Nor zara?

        — Tzan zie... —manatu zidan andereak amultsuki, eta bertan, lurretik airatu nintzen.

        Besoen ordez hegal xuri-beltzak neuzkan eta txori-burua nuela onartzekoa nuen. Gauez gau, mendez mende banindoan hegaka, deiadarka, kantaka, eta urrunetik aditu nituen hil-auhenen heiagoretara abiatu nintzen. Mantalet eta kapeletez jantzi ehun bat jende agertu zitzaizkidan, urrezko hilkutxa baten gibeletik iparrerantz joaki, arras urriki. Otoitzek eta abesti hitsek, zakur hamikatuen zaunkak estaltzen zituzten. Noizetik noizera «Antso gaure rege» hitzak bereizten nituen eta dolamenezko hilada, Tuteratik Orreagara zihoala baieztatu nuen nerener.

        Ez nekien zenbat iraun zuen gau-txori bihurtu nintzen uneak. Zena zela, iratzartu nintzenean, anderea ohantze sahetsean neukan, isil, ama, haur sukartsuaren ondoan bezala, begitartea ximel eta hauts. Eztul bikoz xahatu zuen zintzurra. Mintzatzear zegoen arren, neure galdera errepikatu nion:

        — Nor zara?

        — Zuriñe nozu. Nafarrako Regina antzia.

        — Zuriñe? Baina uste nuen Villoslada Bianako idazle erromantikoaren asmakintza baino ez zinela!

        — Zan nozu ba, lurrik bageko regina. Man drozut earia, ta kusiozu iagana. Altxazo burue!

        Akitua hila nintzen. Besoak gogortuak nituen, gorputza arranpaz malgorturik eta, egiaz, neke zitzaidan txori izatetik berriro jende bilakatzea. Zuriñe mintzo zen, sekula entzuna ez nuen euskalki batean. Anderearen eleei idortasunaren gazia usnatzen nien, buztin errauts lehorraren usaina, bakardadearena, bostehun urteko solilokio erraldoiaren dorpea:

        — Hitz ohek gaure zotzun. Xin nozu zoreana naure bihotz-minen arintzrat.

        — Zuriñe... —ahozkatu nuen etendurik.

        Anderea eder kausitu nuen, bere bilozione zilar eta begi berdeekin. Larruazala Bardeen idurikoa zuen: dena arroila, tutur eta pentoka amildu. Negar-gutizia piztu zitzaidan eta ñiñikak bustitzear nituela, Zuriñek elestan segitzen zuen:

        — Peraltako kontik Peñaflor gazteloan atxiki noizu. Orai harri ahiek hauts tzo ta Abardenetan nrauzo, hratonka bilki, daus bage, isil ta hil, txirripaz noait atzamango dodan aitzinat xoateko. Regina nintze. Gaure farruskak orreartin gaur, atzo aldiz...

        — Antso Azkarraren ehortz-herroka ikusi dut txori nintzenean...

        — Ba. Bakizo, Nafarroako regeak ilki zien gerla ta gerla, zirriki-zarraka, larratzak ta mendiardatzak bretu naiz. Osabietan gora, belaitz eta gesaltan barna geo oro gal, muski-muski oro gal.

        — Zuriñe otoi!

        — Len bertzeik zon hamen: zuhaitz ta hur bazon ausarki gazte nintze denbran; geo arbolak motz zozten ta basabortu xin zen! Haizi ertzoan buako ahiek...

        — Ziertzoa?

        — Baki, beti gerla. Ran doizud. Santxikorrota hil zon. Ta tirokai totzu oraie. Zautu bazonu ordunkoa...

        Ordukoa preseski, Zuriñek aipatzen zituen garaietan ikaragarria asma nezakeen. Bizitza pilpira hori! Bardeetan biltzen omen ziren legeari ihes zebilzkionak oro, desertoreak, bandidoak, ameslariak eta otoizlariak. Santxikorrota gaiztagile ospetsuenetarik bat zela salatu zidan Zuriñek, ahotsa amodioz hanpaturik, Bereterretxen herio latzaren urteetan, Tuteralde osoa meneko zatxikana. Krudela eta odoltsua zen Santxikorrota. Santxo Rota berez... ihardokitzen saiatzen zitzaizkionekin, eta gozoa besteekin.

        Hogeita hamar jendezko saldoa zaldiz bazebilen, ohointzak, bahiketak, suntsiketak eta sarraskiak egiteko. 1452an, Joanes II.ak berrehun soldadoz muntatu armada eraiki zuen Santxikorrotaren harrapatzeko. Bardeetarako espedizionearen karietara, Antsok bere burua setiatua sentitu zuenean, puñal batez erdizkatu zuen bihotza. Haren gorpukina Tuteran erakutsia izan zen ondoko egunetan.

        Zuriñe Santxikorrotaz amiñi bat maitemindurik zegoela sumatu nuen. Emazteak hatsa luzatu zuen. Irri higatu batez erran zidan:

        — Kusigo zo, arraxein dra gaure denbrak; zaure ta naure hitz ohek dausren lur baltzeik elkren beitra...

        Argia ikastolako haurren oihu eta algarak nituen gogoan, Santxikorrotaren bihotz sangreatua, Nafarroako Erregeek handitasunaren izenean eraman gerlak, gaurkoan jasaten genuen bortxa, justiziaz eta dignitatez euskaldun bizitzeko bakerako esperantz gutirekilako egoera, eta Uritzen istripua. Zeru arrosari beha gelditu nintzen, zikoina goiztiarren hegaldi deliziusak miretsiz. Zuriñeren ukondoa tinkatu nuen:

        — Eta Uritz gaixoaren errekontrua Argedasko bidean?

        — Emon zot indar ahren argitzeko —xuxurlatu zuen eta nere sahetsetik desagertu zen.

        Kate hots mingarriak eta orroa latza entzun nituen. Noaingo batailako sei mila mihi traukatuak ziren orroa horretan biltzen. 1521ean, Nafarroa guzi-guzia, Donapaleutik Erriberalat, armada gaztelarraren kontra oldartu zen eta ekainaren hogeita hamarrean, Nafartarrek amor eman zuten Noainen.

        Zinez indar kilikagarria zebilkidan zainetan, Zuriñeri esker. Anderearen azken mantrak abestu nituen, goizaren kolore samurrak Maulera garraiatu nindutelarik:

        — Zaure ta naure hitz ohek daustik...

        Seiak ziren. Eguerdiko Tuteran behar nuen. Amoros nintzen. Aborigena. Basamortu horailen alaba:

        — Daustik...