Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—18—

 

Zerurateko neure xenderan Jesus! oihukatu nuelarik —uda hartan modan zen oihutu hitza erabili behar nuena?—, Joanaren aurpegi maitekorra agertu zitzaidan. Zaraitzuarraren begiek beldur hotza erakusten zidaten, ni aldiz heinbat lasai nintzen bitartean: alabaina, purgatorioko behagelan ama, amama eta sendiko emazte guziak eleketa gurutzatu nituen, amultsuki neri so, ongi-etorri hunkigarrika. Egiaren errateko sohakoa malkoz busti zitzaidan ama agurtu nuenean, eta haren altzora jauzi egiteko gutizia ezabatu nuen nigan, hatsanga, negarrez hipaka lehertu nintzelarik azkenean: ama, ama, ama!

        Ingurua aztertu nuen bihotza jabaldu orduko, eta purgatorioko atean amamarekin mintzatu nintzen:

        — Non dira attatta eta gaineratiko etxeko gizon zenduak?

        — Paradisuan, haurra.Gu hemen, emazteak bekatorosagoak girelakoan.

        Irri zabal eztiaz edertu zen amamaren begitarte zimeldua. Umetan ezagutu nion bilaire zilarrak ere airostasunean parte hartzen zuen. Plazer nuen berriz amarekin izateaz eta egoera baikorra zen. Iduritzen zitzaidan hainbeste gutietsia zen 'apezen euskal literaturak' betiereko zorionaren segurtasuna garraiatzen zuela. Denbora berean harritzen ninduen neukan pentsamendu hiper-konformistak, lurrean nintzenean, gohainduraz irentsi nituelako 'atzoko eta egungo euskal literaturako' orrialdeak, sotanaz edo pied-de-poule jantziaz apaindu idazleen eskutik izkribatuak izanagatik.

        Joanaren ezpain-marra ezkeltuz, nioen ez nintzela oso normala. Balaka leunak nabaritzen nituen kopetan. Bapatean, freskura jaukitu zitzaidan. Okre koloreko eremu huts eta beroak: lautada etertsuak ahantzi nituen eta Mauleko lantzerpean nindabilan Zeldaren sahetsean. Jende-harreman trinkoetan urturik.

        Oroitzapenak —edo errealitatea zen?— behialako negar gogoa piztu zidan eta zintzur zokotik oihartzunik gabeko deia luzatu nuen. Goiza gris altxatzen zen, arbelezko hegatzak dir-dir araziz eta Zeldaren gorputz biluzia neukan aldamenean. Apirilaren laua zen. Udaberria indarrez zetorren, berde, berde, berde, berdetasunean berme. Zeldak, lanera joan aitzin kanpoko euriz usaindu musua eskaintzen zidan, elkarrekin kafearen hartzera gomitatuz. Eta nik... Eta nik... «Bakean ütz nezazü» ihardesten nion nagiki. Zeldaren samurtasunak desira pizten zidan. Jeikiko nintzen bai aski garaiz, bulego xahatzera abiatzeko eta kolegek asteburuak zuriketa latsen eta lisatzen iragan zituztela espantuka entzuteko.

        Oihan Beltzetan pagoak, haritzak, gaztainondoak, gerezitze-basak, lizarrak ipar haize motzarekin jostatzen asmatzen nituen. Auzoko gizon edo emazteak ehorztean, uhar bortitzen meneko, mundua —neure mundu bekaitza, prefosta!— suntsitzen zihoalako sentimenduak ninderaman. Liliak, «A mon papy chéri» eleak zeramazkiten marmolezko plakak, Herria astekariko nekrologiak munduaren lekukorik gabeko desagerketaren alde berdinak ziren. Alta bizitzaren garaipena aldiro fermuki altxatzen zen hilerri zilatu berrietako lokatzetan.

        Bizkitartean, asteburuak arropa garbitzen, errauts kentzen eta jateko adelatzen gastatzen genituen denek. Lanean, nagusi tiranikoen manuen kunplitzen, laidoak jasaten, ego azkarren erranak gainditzen eta bidegabeko erasialdeen ondotik malkotan:

        — Berrogei urte ditut eta oraino sensiblea naiz...

        Herioa esplikatzen jakingo bagenu den-mendreneko haur mukizuari, salbatuak ginatekeen eta bizitzea amiñi bat hobekiago eramango genuke. Baina ez genuen horretarako ausartzia izpirik. Ostatuan nintzen ordukoz, Zeldaren haiduru. Ausartziatik debaldetasunerako jautziaren zain. Han baziren Mauleko ikastolako bospasei burraso, solas-molasean garagardo haguntsuak ahoratzen ari zirenak eta ulertzen nuenaz Herriko Kontseiluarekin egonak ziren sos-eske:

        — Mauleko haurrak baizik ez dütüe kontütan hartzen!

        — Jin gitean oro Maulerat beraz...

        — Ertzo zirea?

        Zelda tabernan sartu zen. Eder. Alai. Lantegian zortzi oren ereuntsirik hautsia. So geratu nintzaion. Mauleko ikastolako burrasoen helezinak ahantzi nituen osoki. Ahotsa arraitu zitzaidan Zeldarantz:

        — Haur bat balin badügü ikastolan ezarriko dizügü?

        — Gük? Haur bat? Amaia... —erantzun zidan harriturik Zeldak; besoak zerurantz itzulika eihera zaharraren moldean altxatu zituen, irri karkaila erraldoiz bururatzeko.

        Alabaina, zergatlk ez? Ontsa lizateke... Amaia nintzena? Gogoa iratzarri zitzaidan. Bai, Amaia Ezpeldoi nintzen zuzenki. Nere izenaren ozena biderkatua nabaritu nuen, ahozkatu 'umekeriaren' ondorioz, eta Zeldaren sohakoari uztarturik natxizkan begiak ireki nituen, Joanaz eta Jason Gonzalez de Mendaviaz inguraturik nintzela ohartzeko. Joanak berriz deitu ninduen:

        — Amaia, mesedez, esna zaitez!

        — Joana? Zer ari zara zu ostatu honetan? Zeldarekin nintzen!

        — Erotzen ari zara ala?

        Betazalak apaldu nituen. Ametsak ninduen eraman Erriberatik Zuberoalat, Tuteratik Maulera, Pepek gidatzen zuen autobus hanpatuak baino lasterrago. Eta haur desir hura zer zen? Beldurrak katestatu ninduen.

        — Zer agitu zait?

        — Zafraldi bat bildu duzu, han, Reina Sofiako aparkalekuan.

        — Non naiz?

        — Tuteran. Jasonen etxean. Uritzen aitaren kontsultan.

        — Ez naiz hil orduan?

        — Hil baldin bazara, berpiztu zara, hirugarren eguna baino lehen!

        Jason hurbildu zitzaidan jori bero ketsuz bete katilua edateko eskainiz.

        — Hurrupa ezazu, on eginen dizu —erran zidan Jasonek gozoki, eta Jasonen erremedioa ezpainetaratu nuen.

        Bardeetako gauerdi urdinean, Zuriñe Nafarroako erregin lurgabetuak irentsarazi zidanaren gustu bera antzeman nion: amodioz ihardokitze mutuarena. Begiak hertsi nituen, ur gazi, mikatz, usaintsuak nere erraiak, giharreak eta izpirituko molekulak zeinen eztiki kilikatzen zituen barnaki sentitzeko. Bizirik nintzen. Bizirik. Herioan amaren parean eta Zeldaren sahetsean nindabilalako, halako haustura batek inarrosi ninduen. Joanak eskua hartu zidan erranez:

        — Jasonek baditu elementu ainitz zuretako.

        — Ontsa. —eta Jasoni eman nion hitza—. Mintza zaite trankilik.

        Jasonek zintzurra karrakatu zuen. Isilunea gelaz jabetu zen:

        — Begira, Argedasko bidean kausitu dituzun odol ttantta idorrak Uritzenak dira. Hori batetik. Bestetik, metal puskak ez dira aireko batenak. Zerbait arinagoarenak. Trenputxartua zinen artean, zure galtzetako sakeletan hau aurkitu dugu...

        — Zer da? —galdetu nuen paper zuri purtzilikatua ikustean.

        Jasonek segitzen zuen hitz bederaren zamaren karreatzen:

        — Paper bat. Ospitalean ohostu duzun txostenatik ateraia. Top Secret idazkia darama gainean.

        — Ez naiz deusetaz oroitzen! Nik? Ebatsia?

        Joana irrifarrez trufatu zitzaidan:

        — Zu ere amnesikoa bihurtzen baldin bazara, xahu gara! Arraileria salbu, paper horretan izkribaturik da maleta ez dutela harrapatu Uritzen autoan.

        — «Dutela» erran duzu bihotza: baina nortzuk?

        — Baneki! Zu horren atzemateko pagatua zara naski!

        — Pagatua? —oldartu nintzaion gauzak hain sotilki kontsideratzen zituen neskari—. Aise ari zara! Zurraldi biltzeko ba! Abandonatzen dut inkesta dilo hau eta agudo Maulera banoa! Ez naiz detektibe amerikanoa ni, kolpeak eta tiroak trumilka egarteko; ez naiz zorigaitzez Philip Marlowe, ez naiz Scully beldurgabea, Mulder-en laguntzailea, are gutiago odola uhinka dariola xerkatzea laket zaion Kinsey Millhone andereñoa! Ene lana, normalean, ohaide infidelen eta kabale errebelatuen etxera ekartea da! Badut aski oraikoan! Aserik nago! Segi ezazue zuek! Bakea behar dut! Zelda behar dut!

        Monologo kexatua bukatu nuelarik, Joana eta Jasoni ttattit beha egon nintzaien: zur eta lur zeuden biak. Galduak baina ez desesperatuak. Ordea, medikuaren aurpegian duda izpia irakurtzen nuen. Otoizka —txantaia ote?— hasi zitzaidan:

        — Mesedez... Uritz gure seme bakarra da. Zerbait arraro gertatu zaio, maleta madarikatu baten kausaz. Bide onean zaude, jarrai ezazu: Mercedes handi bat oparituko dizugu.

        — Mercedes bat? Peko Arrüa hertsi eta junpekari hartan nola pasatuko naiz, Kontseilari Orokor berriaren Peugeot 605 animalea gurutzatzeko makurra baldin badut?

        Peko Arrüa asmatzean, irriz urratu nintzen, eta bapatean umore ona hedatu zen nigan, behialako ur-joriaren antzera. Karkarak giharre doloretsuak inarrosten zizkidan eta minez kiribilkatzen nintzen. Medikuak bi pastila eman zizkidan:

        — Minak jabaltzeko. Estomakan ostikoak ukan dituzu eta horregatik zara oinazeetan. Orduan, zer erabaki duzu?

        Bi lagunak begi-ziloen mirazkatzen ari zitzaizkidan, erabakietan erabakiena agertu nien arte:

        — Darrait.

        Txaloka lehertu ziren Jason eta Joana. Gizon adinduak armairu bat ireki zuen, handik Johnny Walker whisky botila baten jalgitzeko.

        — Ospa dezagun erabaki hau! Amaiaren ohoretan!

        — Darrait, baina ez dut Mercedesik nahi —zuzendu nion basoak arradan betetzen ari zen medikuari.

        Whisky ttilikak aho-sabaia jazarrarazi zidan eta pixkolatzen nindoala iduritu zitzaidanean, gogoratu nintzen aspalditik ez nuela zigarretarik erre. Joanari winston bat amoinatu nion eta, laster, keak gorputzeko eta izpirituko minak eraman zituen, ezerezean deusestatzera.

        Jasonen kontsultako leihotik goiza itseskatzen ikusi nuen. Ideiak biribildu nituen: banekien orain Uritzek istripua jasan zuela maleta xarpil batengatik. Banekien ere aurrera jo behar nuela, eta gorago deitzen nuen Zeldaren behar fisikoa gerorako uztekoa. Loak harrapatu ninduen, whiskyaren eraginez menturaz, eta esnatu nintzenean Joanak bitxi kausitu zuen egin nion galdera:

        — Herria astekaria leitzeko gutizia dut!

        — Hemen?

        — Bai, hemen eta bertan, paradisuko atean nintzelarik bezala.

        — Ez dizut ezer ulertzen.

        Esplikatu nion, hil nintzela eta hauta nezakeela linboaren, infernuaren, purgatorioaren eta... betiereko zorionaren artean. Agerpenaren denboran zehar, Joanak burua ezkerretik eskuinera mugitzen zuen etsiturik. Erran nuen amarekin mintzatzean zintzurrean traba astuna nabaritu nuela, dolamenaren karga, hots. Erantsi niolarik, hiletarik piztu nintzela ondotik, arras zoratzen ari nintzela iduritu bide zitzaion zarraitzuarrari. Gehitu zuen ez buru ez buztanik ez zuen solasaren ebakitzeko gisan:

        — Mikoleta bizkaitarraren arabera «Emaztea ona dala, bearturik dagoanean».

        — Bearturik?

        — Ehortzirik... nahi baldin baduzu!

        Ez nion Joanaren piko ustelduari kasurik eman eta nereari bermatu nintzen, bidearen ederra aurkezten, lau ebanjelistak aipatzen, Mathusalemen garaiko ixtorioak kondatzen, Abraham, Budha, Mahomet eta Jesusen erakaspenak azaltzen, Jondoni Petritik gaur egunerainoko aita sainduak zerrendatzen, Tour de Franceko irabazleak edo bederatzi korrika hunkigarriak bailiran, xehetasunak oro baliagarri zitzaidan memorian bilatuz.

        Joanak ez zezakeen jasan neure mistizismo krisia harroa:

        — Euskaraz ezin da dibortzioa neholaz ere azaldu erdara sartu gabe, omen, ordea elizako gertakarientzat zer nolako hiztegi aberatsa! Nazkatzen nauzu! Ez zaitut inoiz horrela ezagutu!

        — Zertan ari naiz ni?

        — Kezkatzen nago: teologia gora eta behera! Espantuka! Urguluz! Hil eta arrapiztu zarelako! Bada besterik hala egin duenik, e!

        — Barkatu. Oro nahasten ditut. Hemen Tuteran naiz. Jasonen etxean. Uritzen amnesiaren zergatiaren trenkatzeko.

        — Hara zuhurtzia azkenean! Jakizu goresten ari zinen elizak emazteen eskubideak ukatzen dituela eta gure arteko amodio hau bera debekatzen.

        Joanaren aldi zen kexatzea. Neskaren sohakoa sutsu mirestean, gorputza gorputzari zegoen uneaz gogoratu nintzen: elizaren hamar manamenduak hurbiletik segitzen baldin baziren 'ontsa hilçen' ginen baina sekula ez galanki bizitzen. Joana sahetsean, nahiago nuen 'galanki bizi' ezenez eta 'ontsa hil'. Uritzen memoria harrotu eta ahal bezain laster Mauleratu, Zeldaren konpainian egunen bukatzeko.

        Telefonoak jo zuen. Goizeko zazpiak eta erdiak ziren. Herotsak belztu gintuen. Hormaturik geratu ginen, zeinek urrutizkinaren besagia altxatuko. Lo kuluxka baten egiteko estakuruaz Jason desagertua zen eta biak bakarrik ginen medikuaren kontsultan, zain. Orotan mina eragiten zidan harrabots luze meheak bost aldiz adierazi zuen bere txirrina. Joana zutitu zen, ni baino egoera fisiko hobeagoan zegoelako.