19
Lolaren telefono-deiak minaren erresumako lohordi nahasitik ilkarazi ninduen. Izpiritu amilduaren inarrostera behartua nintzen hondarrean eta Joanak nere itxuraldatze baikorra begionez ikusi zuela aitor nezakeen. 'Libratze' hasperen etsituz agurtu zuen neskak egunsentia, argi zirrinta, azkorria, oilaritea. Telefono ukalditik landa ez genuen pentsamendukan sobera denborarik galdu. Gaztanbide karrikaren izkinan Joanak utzia zuen autorantz lehiatu ginen tarrapataka, deiak zainetan isuri zigun abiadura gainditu nahirik. Alabaina, ez genuen usaian bezala, sareak urxoak airatu ondoan hedatzeko asmorik.
Goiz berriko ekiaren ziztek urratu ziguten larrua: beroak jadanik zapaltzen gintuen. Joanak gidatzen zuen, ni aldamenean oinazez plegaturik nindagoelako. Korellako bideari ekin genion, Tuterako industrialdea zeharkatuz.
Gogoak alhan genituen, eta Lola hura nor ote zen ari ginen galdezka: emaztearen ahotsa telefonoan beldurtua bezainbat dudakorra zela iduritzen zitzaidan, alkoholak higatua bailitzan.
Lurralde idorrak trebeskatzen genituen, buztin horail mihiak erregebideraino lerratzen zirela: erabaki genuen Lolaren ez gehiago aipatzea, aski garaiz edukiko genuelako nor, zer, nola, zergatik eskaerei ihardespena. Harrigarri zitzaidan halarik ere beldurra zein erraz barreiatzen zen kasko batetik bestera, eta izua munduko gauzetan zehazkienik partekatua zen ontasuna zela erratera nindoalarik, Zentronikoko hiriak ortzaiza bete zigun. Orduan, Korellako kurutzunean eskuinaldera hartu genuen eta handik, frango fite, Korellako parte zaharrean abandonatu genuen autoa.
Korellako elizako zeinuek zortziak xugunki jo zituzten. Inguruetara beha geratu ginen hitzik ahoratu gabe, zerua edertzen eta laudatzen zituzten zikoinen airaldi graziosak miresten. Fronteraz haraindira itzultzean, ortzea biziarazten zuten hegazti eztien falta sumatuko nuela xuxurlatu nion Joanari. Hark, horma aberats batetako kantoinean zegoen eskudo zizelkatuan idatzia seinalatu zidan:
Hemen dago!
Zaraitzuarrak erakutsiarantz zuzendu nuen sohakoa: «Jaungoikoa etxe honetako Jauna da!» izkribatua zen euskaraz harrian. Zigiluan otsoak azaltzen ziren, ilargi ahul bat, gerletarako bandera ugariak, burdinaz apaindu soldadoa eta hiru lehoi betikotzat harri puskan ohatuak. Hemen berdinki, indarraren keria edo tasun ez erabiltzeagatik presentzia nabari zen, indarraren itzala bederen. Joanak ametsa ebaki zidan:
Sar gaitezen bihotz...
Gaztain egur astunez moldatu atea bulkaturik, gela handi fresko batean kausitu ginen. Sala hartan ikusi genituen menderen mendeetan metatu jargiak eta mahaiak, murruetan gudari-arropetan margoztu gizon zenbaiten potretak aztertzen genituela. Eskailera erraldoiaren goialdean, andere bat jaukitu zitzaigun:
Gure arbasoak dira. Karlistak. Aurrera. Banekien etorriko zinetela!
Eta bai: deitu gaituzu eta jin gara, normal den bezala pragmatikoaz osatu zuen Joanak emaztearen agur antzekoa.
Botz hautsia entzutean, neskak eta biok behako kezkatua trukatu genuen. Anderea edana zen, biloak harro eta eskuko erhiak ikaran.
Lola zeritzona gure artera ausartu zen. Zaiapeko kotapillot? brodatuaren gainetik, zetazko gela-apaindura gorraila zekarren, den-mendrena makurtzen zenean bularren junta argitan uzten ziona. Une hartan ez nekien zergatik, begirada amultsua zor niola bururatu zitzaidan. Jujatzeko nere ohitura gaitza baztertu nuen, eta sukaldera zihoala, galdetu nion:
Zertarako jin arazi gaituzu?
Beno... gelditu zen Lola. Lehenik kafe bat behar dut. Barda arratsean, lanean nintzen eta ospitalean zerbait gertatu da: Uritz Gonzalez de Mendaviari dihoakion txostena ebatsi dute. Ikusi zaitut Uritzen gelan eta mutikoaren aitarekin kontaktoan jarri naiz zuregana heltzeko. Horrela zarete hemen. Egun txarra da neretzat.
Negarrez hipaka urtu zen bapatean eta gorputza moleskinezko jargiara aurdiki zuen ezintasunez bezain hordimenez. Ez genekien zer egin. Joana, ni baino zalhuago suertatu zen:
Zer gertatzen da? Zergatik hainbeste edaten duzu?
Mozkor zinteke bai zu ere ebaki zuen motz, lanetik itzultzean, akitua, bizpahirutan segidan, ohean espero duzun senarra etxetik kanpo parrandan dabilela ohartuko bazina! Erizainontzat ez da familia-bizia segurra eta erraza: ordutegi lakarra dugulako. Bakarrik nago orain eta agian luzarako.
Hitz madarikatuak ezpainetaratu zitzaizkioneko, lotsak katestatu ninduen: bakardadearen onartzea zen nekezena egunerokotasun fribolo honetan; nihauk ere ez nion sekula zuzenki erraten Zeldari non eta norekin nindoan. Ezin. Zintzurra korapilatu zitzaidala sentitu nuelarik mintzatzea deliberatu nuen:
Senarra etorriko zaizu laster: auzoko saldak urrunetik oparoagoa ematen du eta ahosabaian mikatz gero...
Zer zara zu? oldartu zitzaidan Lola. Ba al dakizu zer den hamabost urtez gizonarekin ihardutea, amodioz edo usantxaz, eta derrepentean bakarrik!
Barkatu. Mutxurdin ondoa naiz egia erran. Zer salatu behar diguzu Uritzen kasuaz? lstripuaz, hots.
Jargiaren altzo sakonetik altxatu zen anderea. Sukaldera ernatu zen, eta minutu zenbaiten buruan berriz agertu, hiru kafe kikera azpil-zabal batean zekarzkiela. Mahairantz okertu zen: kikerak pausatu zituen. Zigarreta fina piztu zuen eta ke biribilak airatzen begi gorrituz segitzen zituela, arraposki hasi zen:
Uritzek istripua eduki zuen gauean laneko nintzen Reina Sofian. Zuzendariari hots egin zioten eta handik laster anbulantziak, anbulantzia militarrak uste dut, gorputz apurtua ekarri zigun. Urgentzietan sartu genuen Uritz eta operazionetik landa, bost egunez egon zen erreanimazio gelan. Gela hartako ateak paisanoz zebiltzan bi guardia zibilek zaintzen zituzten. Eri berezia zela susmatzen genuen. Bere burrasoek ez omen zekiten semea ospitalean zutenik ere.
Istorio bitxi zein tristea kontatzen zigun Lolak. Apirilaren lauan agitua argiago zitzaigun. Emaztearen irakaspenetako zenbait ele azpimarratu nituen, xehetasun eske:
Militarrak? Poliziak? Aitamek deus ez zekitela?
Bai, zuzendariak etxekoak seigarren egunean abisatu zituen, 'norbaiten' baimena jaso ondoan. Norbait hori paralitiko kaideran dabilela iduritzen zait. Istripuaren gauean ospitalean ikusi nuen... eta kideek Bill deitzen zioten.
Bill? 'Norbait'? Zer basarta!
Emaztea isildu zen. Geroago ilunago zitzaidan Erribera eguzkitsu honetan Uritzen memoriaren harrotzeko neukan eginbidea. Bezperako zafraldiaz oroitu nintzen eta sabela oinazeetan bildu zitzaidan. Minaren zimiztak sahestuz frankoki jostatzea erabaki nuen:
Barda, justoki, ospitaleko sarrera-bulegoan Uritzi dihoakion txostena ostu dut eta, beno, bi gizonek hil arte jo naute Reina Sofiako aparkalekuan. Txostena galdu dut bidegabeko borrokan. Ordea, paper bat salbatu dut. Hartan, maleta baten izatea aipatzen da. Ba al dakizu zerbait horretaz?
Ez...
Kafe-ontzira whisky ttilika bat partta-partta aurdiki zuen Lolak, bihotzaren pixkolagarri. Tripan min nuen nik. Hesteak botatzeko gutizia bortitza pizten zidan Lolaren kafe azkarregiak. Emaztearen behialako «Ez» fermuak solasa ixten zuela asmatu eta zutitzeko keinua egin nuen, Joanak agertu zidalarik:
Argedasen atzo gure autoaren inguruan zelatan bazebiltzan bi gizonekin bat bazen urruntxeago paralitiko aulkitan haiduru.
Zergatik ez didazu hori lehenago erran!
Orain naiz gogoratzen, maitea.
Interesanta zen. Arrazoin zuen Joanak, paralitiko aulkiak oro ez ziren sospetxosoak, non ez genituen kontestu berezian kokatzen. Argedasen zaraitzuarrak begimendua kontestuan sartzeko ordua zen.
Zelako Bill hura ixtorioaren gakoa zen zirudienez. Zein motatako lotura zeukan Uritzekin? Maleta misteriotsua zena haria? Zer zegoen maletaren barnean? Itxura guzien arabera aitzinatzen ari ginen, baina urrats mantsoetan, mantsoegietan. Galderen ainiztasunak burtxoratzen ninduen. Zeldarekin noiz? Beldur zozoak jauretxetik kanporatu ninduen, Joana eta Lolaren harridura kilikatuz. Joanak oihukatu zidan:
Nora zoaz Amaia?
Hatsartzera, bestela hilen naiz hemen berean!
Argia ments nuen. Karrikako mugimenduak, herotsak, jendeak eta zeruan zikoina xuri-beltzak eskas nituen. Emaztearen desesperantzak kalituko ninduen, haren alkohol eta pixa urrinak gatibatuko, bakardadea eritasun ahalgegarria baitzen. Korellako plazan bake doia harrapatu nuen. Joanak Lola etxeko atarian agurtzen zuen bitartean, Lolarengana hurbildu nintzaion:
Zergatik mintzatu nahi zenuen gurekin?
Kontzientzia arintzeko gogoa neukan. Gure artean bego hau guzia. Ez dut arazo gehiagorik nahi. Badakit Uritzen aitetamak egia jakin lehiaz dabiltzala apirilaren lau hartaz geroztik.
Zaindu zaitez Lola amultsua murmuratu nion eta gohainduragatik besarkada tinkoaz despeditu nuen.
Joanaren sohakoa pindartsu zegoen, sutan, erretzeko prest. Autorantz abian ginela erasialdiaren tenorea jin zitzaidan:
Eroa zara ala? Nihaur uzten nauzu Lolarekin; zu zara, ez, detektibea?
Lasai Joana, lasai. Hatsa bahitua neukan.
Akort. Zer egiten dugu orain?
Tuterako ospitalera!
Zentronikon gaindi Tuteralatzea deliatu ginen. Korellako hilerria ikusgarria zela ohartarazi zidan zaraitzuarrak, eta hark desir zuen bezala obratzea onartu nuen, indargabeturik. Estomaka garrasika ari zitzaidan eta airearen jastatzea on baizik ez zen neretako.
Joanaren mintzoa ez nuen trabatzen, auto-irratian lurralde berde eta hezeak hain ederki abesten zituen Benito Lertxundiren zinta bazebilela. Orbaizetako arma olharen petik iragaiten zen Irati ibaiaren txirriparen ozenak golkoa gozatzen zidan, eta lagunaren eleak hobeki irents nitzazkeen:
Gerla Zibilaren denboran zioen Joanak Francorekin borrokatu zuten Nafarroako Brigadek. Falangistez eta erreketez osatuak ziren brigada haiek Mola jenerala iparralde honen konkistatzen, odoleztatzen, suntsitzen lagundu zuten.
Eñaut Etxamendiren kantua ezpainetaratu zitzaidan beti bezala, herri honetako leku bakoitzari egokitzen zitzaion auhena neukan memorian.
Karlixtoekin hasi ginen ta Reketekilan segitu... Oro Nafarroa saldu!
Biba! Kantatzen duena ez da sekula hilko! Soizu, Nafarroa eta bereziki Erribera aipatzen denean, Berdeguneko jendeek nazionalista pentsatzen dute ezbairik gabe. Ordea, errealitatea oso desberdina da: Molaren armadek suaz eta burdinazko geziez zitzifrikatu eta menperatu zuten Nafarroa, ohizko itxura historikoetarik kanpo.
1522an bezala?
Halaxe.
Autoa Korellako hilerriaren aurrean abandonatu genuen eta beroagatik, zipresondo usaintsuek itzaleztatzen zuten eremuan sartu ginen isilik. Joanak, eskutik eutsirik zuzenka, Korellako errepublikar afusilatuen hobiaren parera eraman ninduen. Bazterreko mausoleo erraldoiei konparatuz iduritu zitzaidan lore xuri, berde, arros, gorri, hori eta ubel gehien zeukan oroitarri lauza zela. Ikusten nituen hor, Jon Mirande zakarrak hainbeste iraintzen, gutiesten eta mespretxatzen zuen Errepublikar banderako hiru koloreak. Bihotza jauzi zitzaidan berrogeita hamargarren urteurrenaren ospakizunetan pausatu marmolezko hitzak irakurtzean: «Biharko belaunaldiek ahantz ez dezaten jende hauek, libertatea, justizia eta errepublika aukeratzeagatik erahilak izan zirela». Tirokaturik azkenastu ziren alabaina, Toribio, Simon, Jose, Raimundo, Nicasio edo Fulogio eta beste hainbat. Hitza ihes joan zihoakidan:
Mirande exakin eta bekaitz hutsa zen. Ez zuen inoiz ezer ulertu.
Zer ari zara zu?
Mirandek, idazleetan idazleenak, errepublika gorrotatzen zuen eta ez zen beltzekin edo indio larru-gorriekin haurridetzen ahal berak gutun batean izkribatzen zuenez. Nazka dut Mirande goraipatzen aditzen dudanero...
Goazen, bestenaz zu hemen trenputxartuko zara erran zidan Joanak amoretsu, neure aurpegi zurbailak izuturik. Halatan segitzen nuen monologatzen:
...Kondenatzen zuen gizartearen antzekoa zen Parisko zuberotar idazlea: eskubitarra, arrazista, zozokeria arruntaren aristokrata, indarraren laudatzailea, euskaldun-fededuna hots! Miranderen ideologiaren nostalgiaz dabiltza oraino zenbait (gero gehiago naski) gure herrian...
Otoi. Amaia isil zaitez! Pentsa ezazu urrats handi bat egin dugula Lolarekin hitz egitean eta laster jakingo dukegula Uritzen istripua zerk eragin zuen.
Hitza ahitu zitzaidan. Hilerritik ilkitzean otoitz gutizia nuen, neronendako lehenik, eta munduko zapaldu, hautsi, mutilatu eta torturatu guziendako. Banekien funtsean, mila aldiz irakurririk, ez zela literatura ez eta bizitza onik egiten ahal sentimendu eztiekin; baina zena zela, aitortzekoa neukan bihotzaren barnetik jeloskeria, nahikeria, urgulua eta gorrotoa ezabatuz geroztik, harremanak eta ekintzen norabideak aldatu zitzaizkidala. Jende bakoitzak, arraza edo kultura baten superioritatea ahanzten zenean, bere leku propioa zuen lurrean, beharren araberakoa, edozein larru-kolore, sinesmen edo ideia edukiagatik, harremanen hobetzea xede zuen ber. Salbaiak, adibidez maternalismo askoz Margaret Meadek aztertu zituenak, Sepik ibaiaren haranetako Arapesh, Mundugumor edo Txanbuliak gu baino ainitzez errazkiago elkar jasaten zutelako nere iduripena salatu nion Joanari:
Salbai primitibo hutsa naiz Joana!
Korellan gara eta ez Ginea Berrian, maitea ihardetsi zidan neskak, misterioz bete begirada beroaz inguratuz.
Autoan kokatzean Joanak musu lasaigarria eman zidan erranez:
Gosalduko gara Zentronikoko kanpinean.