Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—7—

 

Arraheinki lisatzen nuen jantzi bakarraz apaindu nintzen goiz hartan: Zuberoako Ikastolen zigilua zekarren tee-shirtaz hain zuzen. Mirailan begiratu nuen neure aurpegi azkenean pausatua. Egiaren osoki errateko ordea, ahoa txuko neukan, eta kopetan zerabilzkidan burumuinaren bi hemisferoak, etsai amorratu bailiran, joka. Jasonek prestatu zidan apartamendua handiegia zen nihaurendako, eta kafea edan ondoan, telebista edo irratirik piztu gabe, moleskinezko sofa karioan jarririk egon nintzen, karrikako auto bakanen herotsek isiltasuna inarrosten zutela.

        Afaritik landa egin nuen ekintza antzu bakarra neukan gogoan. Zeldari deitzen saiatu nintzen, Tutera jadanik zenbat maite nuen eta hura ere bai ber zoinuan aitortzeko. Baina Maulen ez zuen nehork besagia altxatu eta, ondorioz, tristuraren zamak lehertu ninduen. Etxean sartu orduko, edanaren eta Jason mediku eruditoak —nortasuna ukatzen zitzaien lurretako historialariak, lekuan lekuko notableak zirela onartu behar, Garazin, Donapaleun eta Tuteran nola ez?— kondatu ipuin harrigarrien oihartzun balantzakariaren jabaltzeko, Euskadi Irratia martxan ezarri nuen. Tenore bekaitz horretan Daniren irria muga hertzianoetan hausten zen hunkigarriki. Bihotz hustua tarrapataka jotzen hasi zitzaidan: behar nuen norbaitekin mintzatu arrunt! Imaginatzen nuen Danik Kontxako hondartza zeukala begimenean eta Erribera itsas usain kilikariak harrotu zuen: Euskadi Irratiara telefonatu nuen. Handik laster Daniren ahotsa aditu nukeen eta jada berantegi zen gibeltzeko:

        — Kaixoo! Nondik ari zaraaa?

        — ...

        — Ez al dezu ezer esan nahi? Lasai, hemen gure artean gaude, zu, ezezagun hori eta ni. Nondik hots egiten diguzu?

        — Erriberatik —dudakorraz ihardetsi nion eta irria karkara airos bilakatu zen:

        — Egia al daaa? Baina ez zara Erriberakoa! R-ak ahozkatzeko dezun moduak Iparraldekoa zarela ematen du. Zerbait kontatu nahi didazu?

        — Baha, deus guti: nihaur naizela ezagutzen ez dudan herrialde batean eta bihar beldurtzen nauen istorio baten argitzeari lotu behar natzaiola. Detektibe rurala naiz eta telefonoaren beste puntan maite ditudanak ez ditut kausitzen!

        Karkara berriz iratzarri zen, barneko kezken alaigarri. Neraman bizitzaz ahalgetzen nintzen. Ardura eta bideak kontradikzionez hanpaturik neuzkan. Daniren algarak ontsatu ninduen eta ausartu nintzen:

        — Mezu bat iragan dezaket?

        — Bai, noski. Zeinentzat? Irratia entzuten du?

        — Uste dut. Zelda izena du; Amaiak maite duela izan diteke mezuaren edukina, eta ez dakiela delako Amaiak noiz itzuliko den etxera, Erriberakoa luze izango dela.

        Bapatean ez nuen dudatu: segurtasun osoa neukan Maulen Zeldak mezua erdietsiko zuela. Daniren boza laino bilakatu zen, kasik balakari bezainbat kalakari. Irria askatu zitzaion:

        — Musika berezirik eskaini nahi al diozu hain maite dezun Zelda hari? Hemen, irratiko fonotekan Faltzesko saxo jolea den Pedro Iturralderen soinu zatia daukagu. Ondo deritzozu?

        — Bai, milesker Dani. Kartsuki behatuko diot.

        — Gau on Amaia... —ahozkatu zidan eztiki irratiko lokutoreak, eta segidan uhin hagundunak saxoren magiaz hantu ziren, bakea eta logura hedatuz Erribera idorrean barna. Zeruak bahitu izar bederak, musikaren botereaz amodiotan Zeldarengan ganbarako ilunbeak argitzen zituela itxuratu nuenean, begiak hertsi nituen.

        Gaueko solas samurrak neuzkan gogoan, interfonoaren txirrina ozen bilakatu zenean, Jason hitzartu bezala, nere xerka etorria zelako seinale. Arazo sentimentalik bederen ez zegoen orain, Uritz gazteari gertatu istripu bitxiaren ikerketei uztartzeko: izpiritua ordoki neukan. Etxea giltzatu nuen eta, eskaileretan behera, korrika karrikaratu nintzen. Gaiarre kalearen 26. zenbakian bizi nintzela baimendu nuen, isiltasuna lege zuten karmeliten komentuaren sahetsean. Bederatziak eta erdia ziren eta jadanik ekiak lurraldea erretzen zuen. lzerdia jaukitzen nabaritu nuenean, isuri hezeegiaren ahanzteko oroitu nintzen gaueko eleen freskuraz.

        Ospitala, Reina Sofia zelakoa, hiritik kanpo zela agertu zidan zuhurki Jasonek, autoan kokatu orduko. Gizonak emeki gidatzen zuen eta irratian musika klasikoa aditzen zen: Chopin edo Listzen piano puska zenez ez nezakeen erran, usatuago bainintzen kitarra elektrikoen jazarraldiak zehaztuz, edozein talderen ezagutzera. Jason ez zen eleant. Halatan, pentsua musikari sokaturik, bidean agertzen ziren monumentu eta elizak izendatzeari ekin nion, Turismo Bulegoko kartañoa baliatuz. Monreal dorrearen atalaia begiztatu nuen eta, abantxu ondotik, hilerria: ospitala ez zitekeen urrun!

        Ospitalean sartu ginen eta Jasonen gibeletik eter urrin nazkagarria zeukan igogailuan aterbetu nintzen. Gizona mintzatu zitzaidan:

        — Hirugarren pisuan dago Uritz.

        — Eri handietan? —xuxurlatu nuen, baina nere galderak ez zuen ihardespenik merezitu.

        Erizainak eta medikuak hara-honaka zaluetan lehiatzen ziren, goizetako artak eta segimenduak segurtatzen. Garbitzaileren bat ere gurutzatu genuen. Ate baten aurrean gelditu zen banpez Jason.

        — Hemen da.

        Hiru joaldi xehe eta borta bulkatu zuen. Uritz. Harritu nintzen, lehen xixtan, gizon hain gaztearen parean aurkitzeaz. Begiak hilik zituen eta alde orotarik abiatzen zitzaizkion hoditxoak, likido uhargiz mukuru. Istripuak latz izan beharko zuen, gorputzeko abar guziz gehienak igeltsoz inguraturik baitzeuzkan. Ahuleziak soilik zilegitzen zion irrifarra, 'arrotza' onartzen zuela erakutsiz, marraztu zuten haren ezpain ubelduek. Jasonek azalpena egin zion ahots apalez:

        — Hara, Uritz, hona Amaia Ezpeldoi! Laguntzera hurbildu zaigu: konta iezaiozu dena.

        — Ez naiz oroitzen! Zulo beltza daukat buruan! Eta goiz batez gela honetan esnatu naiz. Istripua aipatu didate, baina ez naiz ezertaz oroitzen...

        — Arren...

        Aitaren otoitza debalde izan zen. Mutikoak, kolpatua ez zuen esku-ahurra biloetan iragan zuen, buru-zokoan preso zeuzkan iduripenen harrotzeko bezala. Ezintasun osoz. Aitari bihurtu nintzaion:

        — Zer diote medikuek?

        — Istripuaz gogoratzen ez baldin bada, sekula ez dela sendatuko erraten dute. Lagun gaitzazu mesedez! —deiadarkatu zidan, negar-zorian zegoen aita desesperatuak.

        Jasonek, Uritzen istripuari buruzko xehetasunak emateari zergatik uko zegion ulertzen nuen orain: malkoak jaukitzen zitzaizkion aldiro menturaz, eta minaren metafora egokia harrapatzen zuen, deus ez zekienari Erriberako gora-behera nahasiak agertzean. Pentsamendua bildu nuen anartean eta konturatu nintzen Uritzek zeozer errepikatzen zuela:

        — Migelin artzainak dena ikusi du —perpaus misteriotsua marmarikatu zuen.

        Seriostasun osoz hartzekoak ziren, beren oheetan dolorez etzanik, eriek ahozkatzen zituzten hitzak. Eritasunak alabaina, zirudienez izpirituari, normalean eskas zuen errealitatearen hunkimena ematen zien: batek, adibidez, «hiltzera noazu te!» aitortzean, derrigorrez sinestekoa zen. Bakoitzak bazekien zein heinetan zen. Uritzen kasuan berdin, naski. Kezka-erroa inguraturik, Jasoni eskatu nion:

        — Nor da Migelin hori?

        Mutikoak murmuzikan zarraikan etengabe, amets gaiztoan igerika, itotzear zegoenaren antzera. Amnesiaren koroka gordinak baztertuz, aitak nere behialako galdeari ihardetsi zion:

        — Denbora librea zuenero Bardeetara joaten zen Uritz. Baliteke, Migelin, han gurutzatzen zuen artzainen bat izatea. Ez dit inoiz azalpen gehiagorik egin.

        Isiltasuna ez nuen hautsi. Mediku bat eta bi erizain sartu ziren gelan. Ohe aitzineko tenperaturen marrari kasu handiz begiratu zioten, eta saminki gogoratu nuen auzoko emazte ustez berezilariaren sohakoa, amaren ohantzeko paperean. Bihozkada bortitza jasan nuen, eta atseanartu ere, medikuak ganbaratik bidali gintuelarik. Autorainoko urratsak, elerik trukatu gabe eraman genituen Jason eta biok.

        Renault 19 erosoan aldiz mihiak sotildu zitzaizkigun. Jasonek nere iritziaren jakin-gutizia zeukan:

        — Orduan?

        — Ez dakit nondik has. Migelin nor den baneki?

        — Argitasunik ezin dizut eman, zorigaitzez. Non nahi duzu uztea?

        — Plaza Berrin. Adiskide batekin hitzartua naiz Aragoi ostatuan.

        — Tuterakoa?

        — Ez.

        — Barkatu, ume bati bezala mintzo natzaizu. Badakizu, seme bakarra dugu, eta abokatu izateko ikasten dabil Iruñeko Unibertsitate Publikoan. Istripuaz jabetzen ez baldin bada, bere bizia oztopatua dateke.

        — Ahal dudan guzia obratuko dut.

        Autotik jautsi nintzen. Jasonek, kotxeko atea hertsi baino lehen, esperantzaz bete «milesker» xumea luzatu zidan. Itzulikatu nintzaion, eskuaz agur konplize baten eskaintzeko. Uztartzen gintuen 'afera' berri honek jada aztoratzen ninduen. Tuteralateko autobusean berantetsia nuen Jasonek aurdiki sareen sakonaren ezagutzea. Anartean iduriz debaldezko denbora asko higaturik nintzen eta, orain, hondorik gabeko putzuaren antza kausitzen nionean, «aferaz' leherturik nindabilan. Urduritasunaren arintzeko eta istorioaren partekatzeko asmoz, Joanak finkatu hitzordu tokira lehiatu nintzen: Aragoi ostatuaren eguterara hain zuzen ere.

        Eguzkiak kiskailtzen zuen terrazan, Etxepare mirikuak bere ohaide batetaz moldatu azalpenak kitzikatu zidan gogoa; Joana bezainbat Zelda imaginatzen nuen orduan: «Hau, ditaken emazte ederrenetarik; ile nasai horia, begi urdin zabal ezti, ahoko elhurra bezain xuri, golko jori, esku leun, oin-lepo mehar, larru xuri-gorri, etzuen itxuraz deuseren eskasik! Gogorki argitua bertzalde, eta jendea». Etxepare zenaren xehetasunei zegokion neska, salbu biloak ikatza adina beltz zituela, laster etorri zen Aragoiko aixolbera:

        — Zure haiduru nintzen!

        — Bihotza! —erran nuen apalik eta bata-bestearengana lerratu ginen.

        Gurea baino besarkada luze, sutsu, tinko eta amoretsurik ez bide zen ikusi munduaren zabalean eta bere inguruetan. Plaza Berriko armarriak oro genituen jakile, Joanak ezpainak bahitu zizkidan unean. Ondotik, eguneroko zereginetara presatzen ziren zenbaitek so bitxiak botatzen zizkiguten, doi bat karrikaren erdian basaki musukatzen zirenei edo Txinako auzuneko metro zaratatsuetan «pipa hortzetan zutela» gozatzen zebiltzenei ofentsaz eta jeloskeriaz bota zitezkeenen erakoak.

        Eguerdiko sapa haizetsuak —ziertzoa epela zena udan?— lurrak gogotik kolpatuarren, elkarren ondo-ondoan ttottotu ginen, kafe bana manatu baino lehen. Ordu Txikietan Danirekin solasean zinpurtzen nintzenean barda, erraietarik faltan nabaritzen nuen laztan desiraren ozena iratzartzen sentitzen nukeen. Bizkitartean, Uritzek jasan istripuaren misterioak eskaini nizkion Joana harkorrari. Jasoni egitea ahantzi zitzaidan eskaera bat planteatu zidan zaraitzuarrak:

        — Eta nork du ospitalera ekarri?

        — Atx gaixoa, ez dakit. Jasonek ez daut erran!

        Ontsa atzemana nintzen. Aragoi barnetik terrazara aire kondizionatua zetorkigun. Airearen iturburua aurkitu nahian bezala, ostatuan sartu nintzen, eskaileren maldan zegoen telefonora bihurtuz. Jasonen zenbakiak bihikatu nituen.

        — Nola jakin duzue Uritz ospitalizatua zela?

        — A! Barkatu, ez dizut esan. Apirilaren 8an dei anonimo batez ikasi genuen Uritz Reina Sofian ingresaturik zela, eta medikuei amoinatuarren, inork ez zigun argitzen ahal, nork eta nola haraino garraiatua izan zen. Uritz ez da ezertaz oroitzen.

        — Eta zuk zer uste duzu?

        — Nik? Semearen zoriona baizik ez dut nahi.

        Telefonoaren besagia pausatu nuen kezkati, eta Joanaren sahetsera itzuli nintzen, geriza samur beharrez. Aitortu nion, Migelin artzainaz gain, bazela ospitalera zaurituaren karreatzearen misterio bat. Orduantxe maite nuen neskari aurreratu nion lapatinean lasterka bezala nindabilala, eta hark, axolagabeti, irri erraldoiaz erantzun zidan. Alabaina, ez nintzen detektibe rural apal bat baizik, eta maitale edo kabale galduen aurkitzea zen nere ohiturazko lana. Xerkatzaile ez nintzen garaietan, bulego xahatzen neramazkien egunak, kolegek beren senarren edo haurren balentria paregabeak, ezpain-ximiko abilaz aipatzen bortxaz entzunez, aspertu arte. Lantokiko goizetako solasaldietan, mundu inpudiko bekaitza seme-alaben, gizon-emazte ontsa ezkonduen xehetasunen ardatzean biribilkatzen zen. Milatan nahiago nuen, kafez hanturik, Joanaren aldamenean Herreriasen barna ibiltzea, bezperan ikusia ere ez nuen harritailu batetaz galdezka:

        — Nor zen Jose Maria Iribarren hori, hainbeste ohoreren merezitzeko?

        — Idazle eta abokatu bat, Tuteran sortua, Iruñean zendua, Estampas Tudelanas obraren egilea.

        — Izkribatzale folkloriko bat beraz?

        — 1936an Mola jeneralaren sekretarioa izan zena.

        Mutu geratu nintzen. Hotzikarak kateztaturik. Molaren tropa odoltsuek Lodosako edo Tausteko ubideak hilotzez ilun utzi zituztela irakurria nuen nonbait: asfixia por inmersion... zioten artxiboek.

        Uraren madarikazioa zebilen Nafarroa lehorrean, Bidasoa eta Irati ibaietan gaindi. Esa, Eugi, Itoiz eta Irabia zorigaitz berdinaren alde berak ziren.