14
Joanak, Uxuera autoz joatea eskaini zidalarik, duda izpirik gabe, baietz ozentsuz ihardetsi nion. Bardeetako buztin errauts gorria neukan larruari lotua, eta europar arrunt baino, gorputzak guda-dantzetarako tindatzen zituzten tribu-kideetarik bat nintzen. Autoaren laguntzari esker, denbora pixkat nuen dutxa hotz, fresko eta garbigarriaren hartzeko. Bizkar-zakuan giltzapetu eta Argedasko bidean bezperan bildu 'perrexakeriak' ere nolazpait behar nituen Jason Gonzalez de Mendaviari erakutsi, eta partikulazki, munta handia ukan zezakeen 'belarreko odol ttantta' hura. Eguerdi pasatuxea zen eta asti guti nuen guziaren plantan obratzeko.
Alabaina Joana Garalda zaraitzuarraren Aragoi ostatuko eguteran kausitzeak harritu ninduen. Neska, pentsamenduaren indarraz deitua nuen eta hor zegoen, nere aitzinean, isil, irriz, egunkariak besapean. Ordea, aitor nezakeen eran, harridura, behialako beldurra bezain errazki 'gestionatzen' nuen. Zoriontsu nintzen. Barne-kemenaz dudan nindagoen, baina orain konfiantza apurra bermatzen zen nigan.
Joanak eztiki besarkatu ninduen eta segidan bi kafe beltz manatu zizkion hurbildu zitzaigun zerbitzariari. Galderak ihalauska ezpainetaratzen zitzaizkion:
Nola zara, maitea?
Maitea?
Iparraldeko horiek ez duzue inoiz ezer ulertuko...
Bai, prefosta! onartu nuen Joanaren oharpen misteriotsua.
Eta «prefosta» ahozkatzearekin, mintzoaren hegalek Zuberoalat eroan ninduten bekaizki: urritu zen ezpazioa, geldotu denbora, eta Zeldaren sahetsean aurkitu nintzen, euripe amultsuan, Mauleko karriketan, Gema lantegiaren alde deitu zen manifestaldian, iragan apirilaren zazpian hain zuzen. Apirilaren zazpia? Egun horretan zuten burrasoek jakin Uritz trenpu txarrean Reina Sofia ospitalean zegoela. Anartean, gu, han, biloetarik oinetara urez tzipildurik, ostatu baten epel tepoan kokatu ginen solasean.
Debaldezko ele paketa erraiten dizügü üsüxean. Ez gütüzü, kasko-zokoak zurratzen deizküen griñetaz bekan baizik ari.
Zer derasazu Zelda?
Hitz bedera oldar-bide düzü, sekulan ez lotüra-tresna.
Oroitzen nintzen Zeldak zioena Egiarik hotzena zela. Hotza, solasak berak punpean Aragoiko terrazara bulkatu ninduen bitartean. Bero astoa zen Erriberan, ziztakorra, izerditsua, zoroa eta are bortitzagoa lekuaren gainean egotean. Denbora berriz hasi zen bihikatzen, Joana durduzatuaren sohakoaren menpe:
Zer gertatzen zaizu?
Zuriñe... Nafarroako erreginak erresuma galdu du.
Baiki. Eta aurreratu zara Uritzen istripuari buruzko inkesta hartan.
Uxuera goazen! Dena ikertzeko dago oraino erantsi nuen, lur falta eta hitzen erabilpen zozola, fatalitatearen ispiluak bailitzan juntatzen nituenean.
Uritzen memoriaren gisa, oihal mentala xehekatu ziguten eta nekez genituen zati firlingatuak josten. Zerbaitetara heltzen baldin baginen noizbait, norberak bere ego azkarraren ahanzmenaz izango zen. Eta hortarako «norberekeriak' aipatzekoak ziren derrigorrez. Ahoa ireki nuen:
Ahanzturak memoria zurkaizten du.
Amaia! Bardeetako gauak ez dizu onik asko egin!
Uritzen neurona zaurituak nituen gogoan, eta harentzat neramazkien urratsen itxurazko ezintasuna. Gizon gazte zainart, lerden eta bizitori batek apirila ebakirik ukan zuen, arrazoin bitxiak zirela medio. Ni, mortuz-mortu edo etxez-etxe nindabilan, herrialde pairatu osoak kolpatzen ninduela. Funtsean, Joanaren parean, Landazuriako errautsa ments nuen jadanik, hango bakardade minerala, hango elkartasun sentimendua, Zuriñeren eztul idorraren oihartzuna.
Kafea mututasunak harilkaturik edan nuen. Joanak, jasaten nuen bulta traketsa utzi zuen iragaitera eta mahaian pausatu egunkariak ireki zituen, nere alegeratzeko maneran:
Ines Intxaustik ere Zuriñe gurutzatu duela ematen du. «Zin dagit» didatz. Blues sakona dauka egungo zutabean...
Erakuts eta Joanari Egunkaria eskuetarik ebatsi nion basaki.
Irakurtzeari ekin nion: «Hemendik aurrera beraz, on eta zintzo izango naiz, oker eta gaizto jokatzea askoz ere seduzitzaileagoa iruditzen zaidan arren». Eta hurrunago berriz: «Zutabe bateko krisia barkatu beharko didazue». Herri zabal honetan, Euskadi edo Euskal Herria deitzen dugunean, erasialdiz erasialdika murrizten zen libertatea. Joana ttattit beha neukan:
Eta?
Ez nuke nahi Ines Intxausti bere idazlanetan «on eta zintzo» ibil dadin. On eta zintzoek preseski askatasuna bahitzen digutelako. Beraiek jarraitzen ez dituzten ereduak hedatzen dabiltza eta guk dugu beti plegatu behar.
Lasai, Amaia, haserrea pasatuko zaio.
Eiki, baina haserrea, ahosabaia hantzen duen kalzioa da: mintzatzea debekatzen diguna.
Goazen Uxuera!
Jason ikustekoa dut.
Keinurik ez zuen gehitu Joanak eta bizikletaz abiatu nintzen Herrerias aldera, zarraitzuarra autoz gibeletik zetorkidala. Hiriko idor usainak gatibatu ninduen, eta Bardeen nostalgia hazi zitzaidan. Zuriñeren konpainian higatu gauak itxuraldatu ninduen eta hitzez bezainbat lurrez desjabetua zen herriarenganako amodioaz lehertzeko gai nintzen.
Gaiarreko apartamenduan bospasei minutuz gorputzeko errautsa oro uretan ito nuen. Karrikaratu orduko Gaztanbiderantz lehiatu ginen. Jasonen mediku-gabinetean sartzean, gizon adinduari begiak ñir-ñir atera zitzaizkion:
Zerbait aurkitu duzu?
Ez dakit... eta zakuan neramazkien 'indizeak' (metal puskak, belar eta arte ondotxo erreak...) mahaian barreiatu nituen, heinbat harro.
Haren soa berotik, epelean zehar, izotzera lerratu zen. Mokanes pirtzilikatutik belar ustez odolez zalapartatua ilki nion.
Odol ttantta hau analisatzen ahal duzu?
Bai. Non harrapatua da? Bardeetan?
Ez, Argedasko bide bazterrean; istripua agitu zen tokian iduriz. Gatzegi deritzon lekuan hain zuzen.
Analisiaren ondorioak gaurko ukanen dituzu azaldu zidan medikuak fermuki. Eta badakizu, atzo bi telefono dei arraro erdietsi ditut, mehatxu eta laidozkoak. Kontuz orain!
Kontuz?
Bai, mehatxuak eta laidoak zuretako ziren...
Balizko elurrak erraietan urtu zitzaizkidan, landder edo peligro berriak kilikatzen ninduen, erran nahi baitzuen bide egokitik ari nintzela ikertzen. Beldurra ere nabaritzen nuen, baina ez zen Bardeetan haragia inarrosi zidanaren parekoa. Beldur mota honek herio-bidea seinalatzen zuen bi hizkuntzetan, Bayrou-ren gomendio sotilen ildotik. Kanpoan autoan haiduru zegoen Joana. Kontsultatik ateratzean, aurpegian neraman kolore zurbailaz ohartu zen neska:
Zer duzu?
Ez zaitela enekin egon: biek biziaren galtzeko arriskua dugu!
Bizian elkarrekin... Heriotzean berdin! xuxurlatu zidan Joanak.
Ihardespen axolag:abetiak arras erromantiko kausitu ninduen. Neska, preseski hilaren jargian plantatu nintzenean, otoizka ari zitzaidan, anpletzeko eta anpletzeko, eta haren hitzek are gehiago lotsarazten ninduten. Autoko zarpail-kaxatik spray paralisatzalea jalgi zuen, segurtasun derrigorrezkoaren froga gisa.
Eta orain Uxuera!
Akiduraren akiduraz, euri ametsez, Tuteratik autobidean sartu bezain laster, loak hartu ninduen. Banpez iratzarri nintzen, betziloak torratuz, hiri ezezagun batetako plazan. Izuak eragin eskakizuna luzatu nion Joanari:
Non gara hemen?
Tafallan. Zerozer edango dugu ez?
Gosaio errea naiz. Ahamen bat jan niro nik.
Nahi duzun bezala, Amaia.
Tuteran nola, ekiak ezintzen eta denbora berean harrotzen zituen karrika isil eta lehorretan zehar abiatu ginen, Joanak izendatu zuen taberna baterantz. Zidakoz ibaiak ardura agorrik hiria trebeskatzen zuen, horko zortziehun eta hogei euskaldun eta ia-euskaldunen oinak ferekatuz. Entziklopediek aipatzen zituzten. Tafalla, Garazirekin birazkatua zen eta tafallar zenbait Baigorriko Nafarroaren Egunean gurutza genezazkeen puskilaz eta haurrez zamaturik, kontuarretan berme hargatik. Joanak elea soltetu zuen:
Bada Tafallan ikastola handi bat.
Baina ez dugu haren bisitatzeko astirik, ez? Goazen jatera, eta kitto!
OK azpimarratu zuen Joanak nere oharpen ikaratia.
Azoka ostatuan kokatu ginenean, zaraitzuarrak xerrak patatekin manatu zituen biendako eta, ardoa hautatzeko orduan, nik Omenaldi eskatu nuen airoski. Langileak bazkaritan ziren jatetxean ginauden: uluak ogi mokorretan jautzika zebiltzan eta tronaduratik zintzilik zegoen airegailuak ez zuen barnea ainitz freskatzen.
Sorotan Beleren musika entzuten zen, Erriberako berotasun zapalgarria, Irlandako euri zaparradak zekarzkien flautaren bidez baretuz. «Oinez zelai berdeetan, itsaso bazterrean» kanta minberaren lehen hitzak mentalki errepikatzen nituen, hitzen edukina, aldi berean Joanari, Zeldari eta Euskal Herri osoari zuzenduz: «Ni ohartzen naiz, zu maite zaitudala» abestu nuen ahuspez, harremanen azterketari ekinez. Joanaren kasuan banekien, haria inkestaren bukaerarekin ahituko zela, hurrengo 'topaketa' mistikoan arrapizteko. Zelda, alderantziz, kaskotzar bultengatik, nere aldean egongo zen, biek amodioaren ardura zaintzen genuen bitartean. Sorotan Beleren soinuan gaita zeltikoa ozentsu bilakatu zenean, Su Ta Gar saldoaren kitarra haserretuak ahaide samurrari txertatu nizkion, ihardokitzearen balada bekaitza nitan osotuz.
Amaren besoetan... Irabazi arte! ahozkatu nuen Omenaldia basoan jazartzen zitzaidalarik.
Joanak zehaztu zidan Erribera hau Jotaren lurraldea zela. Ihardokitzearen balada bekaitza beraz jota zela onartu genuen, irriz urratu aitzin. Karkarak jabaldu zirenean, zerbitzari hertsiak kafeak ekarri zizkigun. «Uxue» izena ihes zihoakidan:
Uxuen aterabidea atzematen banu?
Banu, balego ta balitz: errez lizateke! Eta gero?
Be, Erribera honetan egoiten gara amoros, bakarti, huts eta lurritz.
Zeinen ameslaria zaren, Amaia.
Egiaren errateko, ordaindu eta Azokatik jalgi ginenean, ekiak berriz erasotu gintuen. Joana erromantikoa zen eta ni ameslaria; horregatik agian, elkarren behar-gorria aitortu gabe, unean uneka bata bestearekin ginabiltzan, eguzkiak kiskailtzen. Zena zela, Joanaren presentziak nere barneko kezkak arintzen zituen, mehatxu eta laido guzien gainetik iraupenaren ahalmentzeko. Neure moldean maite nuen Joana.
Tafallatik Zangotzako norabideari uztartu gintzaizkion. Bide ertzetan esparrago edo frantses-porru baratzeak eta mahastiak miretsi genituen, ingurumen lehorretik salbatuak bezala. Laster atalaia baten gisa, munho horailaren puntan pausatu Unxeko herriaren itzalak harrapatu gintuen. Uxuerako junta kausitu genuen fite. Bihurgunez bihurgune, zortzi bat kilometroz ibili ondoan, begimendu genuen Uxueko eliz dorrea, tontor garailearen azalean dirdiran. Jauretxearen aurrean gelditu ginen azkenean.
Erribera, larruko zilo oroetarik usaintsu airatzen zen Uxueko plaza hartan. Joana, ostatura xehetasun eske abian zen. Artean, ni elizaren maldara lehiatu nintzen. Migelin artzainaz gain, hor bizi omen zen hainbestetan San Ferminetan La Calle eta Zaldiko Maldiko tabernen arteko gune 'pribilegiatuan' gurutzatzen genuen, hitza eta lurra bateratzen zituen «Uxueko bertsolaria». Atean jo nuen, baina ez zidan inork erantzun. Orduan, beroak zaplastaturik, Andramari elizaren aterbean sartu nintzen, atariko harrian zizelkatu «Azken Jujamenduko» irudiak miretsiz. Berriro, Tuteran nola, Mosen Bernaten bertsoen oihartzunak aztoratu ninduen.
Su eta garren erditik, pentsamendu arrazionala beste behin plegatu zitzaidan, eta haztamuka, elizaren sahetsetik, gibeletik patio eguzkitura joan nintzen. Han, bilaire zilarra haizeak balakatzen ziola, Zuriñe erregina kausitu nuen, irri xehea ezpainetan, eztul idorka. Zainetarik galdatu nion:
Zer ari zara hemen zu?
Muski-muski zore geriza nozu...
Badut zure beharra!
Bakizot ba Zuriñek ahozkatu zuenean, plainidera auhentsu eta mingarri baten xuxurla hotza entzun nuen, elizaren patiotik ikus zitekeen behereko lautadatik altxatzen.
Behialakoan segitu hilkutxaren karreatzaileen ilada ilunak eremu horaila nahasi zuen, dolamenezko kantuek zeru urdinaren menpe zeudenak oro inarrosten zituztela.
Urrats deliberatuek moztu zidaten agerpena, eta patioaren jalgian Joana deika hauteman nuelarik, burua Zuriñerengana itzulikatu nuen, anderea desagertu zela ohartzeko. Tristurak gainditu ninduen.
Joana lasterka hurbildu zitzaidan:
Amaia?
Zuriñe, Nafarroako Erregina, Uxuen dugu!
Baia? Arren, etorri nerekin; Migelin herritik kanpoko txabola batean bizi da. Zato...
Mekanikoki zutitu nintzen, Joanaren hatzetarik abiatzeko.