Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—3—

 

Karrikaren erditik nindabilan, burua zangoekin uztartu nahirik, trinkili-trankala, alkohol urrinaren zama zeramaten jendeen artetik, nora jo ez jakinez, agerrinde mistiko moldean Joana jaukitu zitzaidalarik. Begiak torratu nituen, debaldetan: Joana Garalda hor zegoen nere aitzinean, sekulan baino ederrago, sekulan baino desiragarriago. Harengana jautzi egin nahiko nuen, haren besoetan arrunt gerizatu, mehatxuka zetorren ingurumenetik ihes. Oinak, euriak busti Udaletxe Plazaren zolan eratxekirik nabaritu nituen eta izugarrikeria baten maneran, ikusi nuen, jendalde koloreztatuak garraiaturik, Joana sahetsetik iragaiten, nitaz ohartu gaberik.

        Arkaitzek gerritik lotzen ninduen samurkiro eta indarrez beso kuttunetik askatuz, Joanaren gibeletik abiatu nintzen deika:

        — Joana! Joana!

        Ez zuen kasurik eman eta deiadarra, bihotza pilpilka ari zitzaidala, errepikatu nuen:

        — Joana! Joana!

        Zaraitzuarra zenez dudatzen hasirik nintzen jadanik, aspaldiko maitearen begiek nereak gurutzatu zituztelarik. Urrezko zimizta zerion aurpegitik:

        — Amaia!

        Bapatean, mundua isildu zen, bizidunak bekandu eta karrika hustu: bata besteratu ginen, haraintzinetik galdu amore-ezpalak bildu nahian bezala. Urteak pasatu arren ez zirudien gauza gehiegi kanbiatu zirenik:

        — Ze ari zra Amaia?

        — Bestalier...

        — Alabadre.

        Joana Garalda eztiaren euskararen musika kasik ahantziak munduari, bizidunei eta karrikari hatsa eman zion. Ikaran nindagoen, edanaren gainera, Joanak belarrira ele xeheak arraiki xuxurlatu zizkidalarik:

        — Maite zaitud zu!

        — Eta Haritz?

        — Fan zun. Nihau utzi nizu Itzaltzun.

        — Zer bekatua! —erantsi nuen soilik, pena handia irakurtzearekin behiala zimiztek iraungi begietan.

        Zaldikora beharra zela agertu zidan, istanteko ilundura gordetzen saiatuz:

        — Bear zut norbait kusi kan. Ta zu nola zra?

        — Ontsa. Geroago hobekiago menturaz.

        — Zihau zra?

        — Bai, Zeldak ez zizun jin gei...

        — Zeldak?

        — Zu harrapatu arteko neska-laguna.

        Irriz urratu zen Joana. Oraingoan zoriona antzeman nezakeen zaraitzuarraren ibilmoldean. Zelda noiz ezagutu nuen kontatu nion, nola konpontzen ginen biak eta zein manera herrestan abandonatu nuen Mauleko gure etxean, kexu eta hein bat jeloskor. Zeldak sukaldeko mahaiaren izkinan dolorez plegaturik amodioa, fideltasuna eta leialtasuna jarri zituen baskula herdoilduan, San Ferminetara zuzen ez nindedin. Ondorioz, baina ez nion argiki azaldu Joanari, trahitze sentimendu larriak irauli kontzientzia uholdetsuarekin utzi nuen Zelda, malerus bat bederen egiten nuelako iduripenarekin. Xifriturik nintzen engoitik.

        Jarautako bihotz-uhinak zeharkatzen genituen hain hurbiletik non taupada bakoitzak lurra inarrosten zuela asma genezakeen. Joanak eskua hartu zidan eta bidea zilatzen zuen, Ushuaia eskualdeetako galernetan untzia kraska beldurrez kapitain ausartak gida lezakeen bezain trebeki. Ekaitzetan neskaren ahurra fermuago sentitzen nuen eta ordutik hara banekien ez nintzela itoko. Segurtasuna laket zitzaidan.

        Joanak ahapez agertu zidan Haritzekilako egunerokotasuna dorpea izan zela, ez zitzaiola erraz filologo batekilan bizitzea eta ez zuela gehiago sekulan Zaraitzuko euskalkia erabiltzen, Haritzen gustuko euskalki oso baino, Joanak mintzatzen eta idazten zuen eran behintzat, pidgin moduko zerbait zela. Ulertu nuen, amodioak eraginik, gau-eskolan ikasi batu apurraren plazaratzeko tenorea jinik nuela:

        — Gogorra zen ezta?

        — Super-gogorra zen maitea, ez zurekin bezala!

        — Ba, enekin aise zinuen, nahi zinuena eginez —ihardetsi nion zoriontsu, oroituz neskaren kapritxo frango baimentzen nituela Zuberoan pasatu genuen aste hartan. Funtsean, salbu San Ferminetarako, Zeldak ere sudurretik eramaten ninduen: buztin malgoa nintzen maitemintzeko unean.

        Batuaren pratikatzen segitu nuen:

        — Neure 'emakume insektizida'!

        — Bestea! Zaldikon gara. Sartzen?

        — Prefosta —soila ahozkatu nuen eta han, kontuarrean begiak luzaturik guri so Arkaitzen trenpua miresteko denbora ukan nukeen.

        Joanak musua pausatu zidan lepo-gibelean. Arkaitzi niñikak betziloetarik gorri atera zitzaizkion. Mutikoaren haserrea susmatu nuen. Hurbildu zitzaigun:

        — Zu orduan! Jolin! Jakin izan banu!

        — Beee... —ausartu nintzen— es ke harrapatu dut maite nuena...

        Isilik geratu zen Arkaitz, agian larunbat gau hau bakarrik hurranduko zuela pentsatzen. Kexua jabaldu zitzaion eta kanpora jalgi zen, agurrik egin gabe. Egiaren errateko, arrats guzian inguru-minguru ibili zitzaidan Arkaitz izenekoa; trago bat hemen, trago bat han eta azkena hor, sinets ez nitzazkeenak marmarikatzen eta edonon gorputzen berotasuna bilatzen. Gizonek, emazteek ere, aitortzea zilegi zitzaidan, bestaren estakurua baliatzen zuten oherako bidearen lainotzeko. Harreman lasterrentzat egoerarik egokienak ziren festak.

        Joana, ezagutzen zuen norbaitekin elestan jarraitzen zuelarik, Parisen ohatua zen herriko batekin solasean ihardun nuen. Patriciak zoko lasaiago batera tiratu ninduen, hitza biltzearren:

        — Beti Parisen?

        — Bai, eta ongi gainera. Ez dut itzultzeko asmorik ere: lan interesgarria daukat eta senargaia situazione onarekin. Badakizu sanskritoaren ikasteari lotua naizela?

        — Zu? A boon?

        Harriturik nintzen: Patriciak ez zuen sekulan indar mikorik egin etxeko hizkuntzaren berreskuratzeko, eta agertzen zidan deblauki, astean sei oren hartzen zituela oinarrizko Zen filosofiaren barnatzeko erabiliko zuen sanskritoaren beretzeko. Azalpenetan samur ari zen Patricia, eta gizongaiak amoltsuki gerizatzen zuen hitzemana zitzaion anderea. Mihia lizunki iragaiten zuen ezpainetan mintzo zelarik, eta arras indigena sentitzen nintzen, lokatz hezea eskalanpoinetan zamatsu, deusetara helduaren tristurak udalaturik. Galdetu nion:

        — Noizbait halarik ere jinen zira bai araiz?

        — Ba pentsa! Claude eta biok ahal baldin badugu, Midi hortan mas bat erosiko dugu eta herri eurizu honetarik urrun biziko gira.

        Claude zelakoak ahurraz sabelpea balakatu zion algara gurintsua ozenaraziz. Zaldiko ostatua iratzar arazi zuen irriak. Jendeak jautzika hasi ziren, karkara burrunbatsuen artetik, intsumisioa deiadarkatzen zutela. Tabernako egurrezko zola mugitzen zen eta aire amiñi bat eskas nuela pentsaturik, aterantz abiatu nintzen. Izkina ilunean, Claude eta Patriciak ahoak karrea ahala musu ematen zioten elkarri eta noizean behin, zaratagatik, hortzen joaldiak entzun nitzakeen.

        Kanpoko espaloian jarri nintzen. Zelda neukan gogoan. Zaldikotik zetozen soinuek bizi nintzen herrialdera eraman ninduten. Hasperen luzea askatu nuen eta Xiberoko ikastolek antolatu Su Ta Garren kontzertuan nola juntatu ginen oroitu nintzen. Tabernen mahai lerros eta alkoholez bustiak bezalakorik ez zen Hegoaldean dioten eran ligatzeko, edo hemengo moldean xinpleki dragatzeko. Zelda, zerbitzariak lau garagardo haguntsu ekar ziezazkion beha zegoen, «irabazi arte» hizkiek mailukatu ametsetan galdurik. Ni ere haiduru nintzen. Elea harilkatu genuen eta laster ohartu ginen biak, «Ezekielen Profeziatik» «Denboraren Orratzak' artinoko garaiak bukatzear zirela eta mende berriei egokitzeko betarik ez geneukala. Gainera, 1993ko urriaren lehenaz geroztik gas huxtukariak Zuberoa zeharkatzen zuen.

        Alaitasunak zeraman Zelda, Amikuzeko eta Pettarreko aldaketa politikoak aipatu zituenean: Cher Franzi kontseilu orokorreko ttottoa hamasei botzez urrundu zitzaion eta Mauleko auzapezak ez zuen alegeratzeko aitzakiarik ukan. Cher Franzen kasuan «ontsa mehexiturik» zuela eransten genuen, haraintzinak eraginik 1984ko Seaskaren ekintza burura jiten zitzaigula: orduan Arrueko Joantto gazteluko baratzeetan pik-nikatzen izan ginen jende saldoa haurrekilan. Urte heroikoak ziren haiek eta bazen bazterretan borrokaren halako euforia bat: edozein arrazoinentzat manifestatzera joaten ginen. Orain ere nabaritzen ahal zen euforia haren parte bat, partikulazki beste lau garagardo eskatzeko unean.

        Ikastola, Herri Eskola! deia Baionako karrikatxoetan nolako indarraz oihartzuntzen zen neukan golkoan. Joana, hatsanturik, neure sahetsean galdezka aditu nuelarik:

        — Beldurtu naiz! Ez nekien non zinen.

        — Hemen nintzen. Ez nuen hitz egiteko gutiziarik.

        — Zeldaz mindurik?

        — Eta bai —erantzun nion hatsa epel, oskiak segazahiz estalirik eta alkoholez urrinduak zeuzkan zaraitzuarrari.

        Nahasten zitzaizkidan iragana, oraina eta balizko geroa burumuina oinazez plegarazi arte. Joanaren eleak gozo atzematen nituen:

        — Itoizko koordinakundeko kide batekin aritu naiz. Urtegiaren aurkako gudua ez da erraza naski.

        — Ai Itoiz! —suspiratu nuen apalki kantan hasi baino lehen:

                Eremuko dunen atzetik dabil

                Zulo urdin guziak miatu ezinik

                Eta euri zitalari esker

                Bizi da...

        «Ezekielen Profezia» neukan ikusmiran, nostalgiaz eta egunerokotasun partekatuz hantu aintzira asmatu gisa, eztitasunak bihikatzen zituen orduen zenbatzaile. Amoltsuki begiratu zidan Joanak:

        — Ez gara Itoiz beraz mintzo!

        — Eiki... —eta gorputz akitu bezain horditua neskaren sorbalda eskainian pausatu nuen, bake eske, ingurumena iparretik hegora purruskatzen ez baligute bezala, gasa eta ura madarikazione ez bailiran, Altzako haltzak zutik oraino eta deus suntsigarririk ez gertatzen.

        Zaldikon begimendu nuena berriz etorri zen Joanaren parera:

        — Bihar arratsaldeko seietan manifa!

        — Bagaituzue.

        — Etorri zu ere —erran zidan gizon bizardunak.

        Eta arraileriant nintzenez eskaera zozoa egin nuen:

        — Itoizen alde?

        — Ez; aurka, Amaia! —zuzendu zidan arrunt Joanak, nere axolagabekeria gaitzetsiz.

        Irri gutizia neukan, neretzat Itoizko bizitzaileen alde eta urtegiaren promotoreen aurka plantatzen zelako karrika ibilaldi sinestezina.

        Entzierroaren tenorearen haiduru ziren ehun milaka jendeen artetik iragan ginen, egunkariak erosteko xedeak azaltzen, gaitero eta txaranga unatuen erditik, argazkiak hartzen zituzten amerikar eta australiarrak trabatu gabe, lurrean lotan ziren gizon eta emazteen gorputz errendituen gainetik, karrikak garbitzen hasiak ziren Iruñeko langileen ur-zirrizta bortitzetarik aldenduz, agurrak banatzen zizkigutenei nagiki ihardetsiz, baratxuriak kordelan lepondoan eta txapel mexikano erraldoiak kaskoan zebiltzen nonbaiteko nekazarien urratsetarik, presarik gabe, amoros, eskutik eskura. Uxueko bertsolaria gurutzatu genuen, kopla bakartia ezpainetan, argitasun urdinak zeru iluna urratzen zuen orduan.

        Zortziak ziren. Eguna aharrausika esnatu zen. Herriko Etxearen aitzinean ginauden gu ere tiroa entzun genuelarik, isiltasun zaindua eta zezenen lauazka hots ozena: entzierroa zen, exilio garaietan Baionako kamarada batek bideoetan grabatzen zidana goizero, ikus nezan zer huts egiten nuen Txinako auzunean kokatuz geroztik. ETBko itxurak irenstean aldiro, zintzurrean korapiloa nabaritzen nuen eta errealitatean entzierroa hunkigarri zitzaidan. Gure herria zen karriketan lasterka, herria eta kemena. Geroxeago berriz eguraldi zilarrak eskaintzen zuen mututasuna hiriaren errege bihurtzen zen.

        Iruñeko langileak kihillak ilkitzen ari ziren eta jendeak gosaltzeko barreiatzen. Joana, entzierroaren miraguneetarik urrundua zela ohartu nintzen, Egunkariaren eta Eginen irakurtzeko. Bezperako zezen-lasterrari zihoazkien xehetasunetarik airarazi nion ardura:

        — Hila bezala naiz. Zerbait jango nuke.

        — Ongi da, goazen Bilbora...

        — Bilbora? Orain?

        — Bilbo ostatura haurra, ostatura! —oihukatu zuen neskak.

        Eta haren urratsetarik Antsoleagan gora mahaiak jadanik kanpoan apailatuak ziren plazatxorantz abiatu nintzen. Ohizko arrautza eta txingar beroak ahoratzen ahal ziren, kafeak hurrupatzen eta zigarretak biltzen. Aulkia harrapaturik, Joanaren parean plantatu nintzen. Amorosen kezka luzatu nion ahapeka:

        — Lo egiteko lekurik baduzu?

        — Bai, Gaztelu Enparantzan, jargi publiko xuriño bat...

        Bihar zelakoa, egun bilakatua zen engoitik. Etzia ere, damurik gabe, orainaldi etengabean urtu zitekeen. Hogeita hamar urte konplitu ondoko San Ferminak ehun metro karratuetan zeuden hiru ostatutan harat-honataka higatzen genituela azaldu nion Joanari, denboraren murrizketa eta ezpazioaren hertsitzea ohargarri kausituz. Hizketan segitu nuen:

        — Uztailaren zazpiak, Euskal Herria osatzen duten hiru komunitateetako familiak ebakitzen ditu. Fenomeno migratorio sozial arraroa da Joana, pixkat Serengeti ordokietako gnou abereek urtero egiten dutenaren antzekoa. Hori dena, San Kristobal mendi lerroen gibeletik iraizten duen goizeko seietako argi-zirrinta magikoaren miresteko...

        — Hauxe dun hauxe gure destinu petrala! —kantatu zuen Joanak airoski eta zutitu zen—. Arren bihotza, goazen hemendik!

        Nafarroaren bihotzak ginena?