Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—9—

 

Ordu batak hirian heldu ginen Perikok Olatzekin partekatzen zuen apartamendura. Eskaileretan gora joatean hatsa labur nabaritzen nuen, kalderetearen astuna estomakan neukalako eta zigarretak bata-bestearen ondotik erretzeari uko egin ez niolako. Joanaren bapateko ausentziak ere lehertzen ninduela aitor nezakeen, eta bosgarren estaiara iragaitearekin neure buruari galdetzen nion ea zaraitzuarra ez zenez nitaz trufatzen. Gauza bakar batez seguru nindagoen ordea, Zelda hain urrun izanik, begi-ñiñika bezain beharrezkoa nuela Itoizko urtegiaren aurkako ekintzetan parte har 'estakuruz' nitarik aldentzen zen emaztea.

        Gogapen antzuak utzi nituen, Perikok etxeko atea zabaltzean, erhia ezpainetan xut-xuta ezarriz erran zidalarik:

        — Haurrak lotan daude... —eta Olatz telebistari so ikustearekin, berriz Baiona ttipiko karrika hertsietako argi zurbailak jaukitu zitzaizkidan: zenbat urrats, zenbat ele, zenbat elkartasun, agian egoerak bortxaz ehaindu elkartasun seinaleak. Olatz pantaila koloretsuaren aurretik zutitu zen. Irriz ari zela ohartu nintzen; irriak alabaina iragan minbera eta orain dudakorra, biak marra berean juntatzen zituen.

        — Zeozer edango duzue?

        — Bai, ekar ezazu pasa den urtean egin genuen patxaran hartarik. Etxekoa oso goxoa da —zehaztu zuen Perikok, eta amen batean, botilarekin batera hiru baso aurkitu ziren mahai gainean.

        Perikok godaletak erditara betez Olatzi azalpenak eman zizkion:

        — Amaiak Migelin artzain bardeneroa bilatzen du, eta gaur, Bardeak zer diren nahi du ikasi.

        Olatzek orduan bibliotekan hedatzen ziren obra ugariren artetik kartak, gidak eta Las Bardenas Reales izeneko liburu ederra atera zituen. Hainbatenaz Perikori aurpegi kezkatua miretsi nion. Galdera hurbil-hurbila zegoen:

        — Zergatik txerkatzen duzu Migelin, funtsean?

        — Beno... —hasi nintzen dudan eta bietan konfiantza ukaiten ahal nuela sinetsirik segitu nuen—: duela lau hilabete, hiri honetako gazte bati Argedasko bidean istripu misteriotsua agitu zaio, eta Uritzen burrasoek deitu naute istripua argi dezadan. Baina egiaren errateko mementoan argirik gabeko ziloan nabil, non ez dudan Migelin artzaina solastatzen.

        Dokumentuak zabalik zeuden eta Bardeak harrigarri handi eta ireki iduritu zitzaizkidan. Desesperatzear nindagoela, Perikok Uritz ezagutzen zuela gehitu zuen:

        — Uritz? Urtero plantatzen den Bardeetako Martxaren antolatzaileetarik bat da. Intsumisoa ere badela uste dut. Badakizu, ekainean, tiro-poligonoaren aurkako ekintzak egiten direla hemen?

        — Egunkarian irakurria baino ez dakit. Jasonek ez zidan salatu bere semea intsumisoa zenik! Orohar ez dit semeaz agerpen berezirik eskaini eta ospitalean ikusi dudanaren arabera, keinka arras txarrean dirudi.

        Perikok karta hedatuaren gaineko pundu batean pausatu zuen erhi erakuslea.

        — Hortxe da tiro-poligonoa.

        — Interesgarria da. Kontuz ibilitzekoa naiz beraz.

        — Bai, gune debekatuak badira. Bardeetako tiro-poligonoa famatua da, eremu guziaren ehuneko bost estaltzen dituelako alde batetik, eta bestetik borroka luzea izan delako gune horren lekuz aldatzearen aldarrikatzeko. Kaserna bat bada bertan eta hegazkien airatzeko pista bat. Top-secret diren txostenak badira, Bardeen jabeen juntak berak ezagutzen ez dituenak. Erribera, tiro-poligonoaren zerbitzuan jarria dute. Adibidez: Nafarroako autopistetan hegazki militarrek pausatzeko eskubidea daukate, premia gorria izanez gero. Honen gisako poligonorik ez da Europan zehar «en beneficio tanto de las tripulaciones aereas españolas, como de la industria nacional» eraikia da, diotenez. Estatubatuarrek ere baliatzen dute: arma edo zartagailu geldoekin egiten dituzte probak...

        Perikoren hitzak, bargoak gaxura bezala zurrupatzen nituen. Erribera neretzat lur idorraren, bero zarpailaren eta barazki arraroen mendea zen eta orain elez-ele, altzairu urtuaren kirats dorpea usnatzen nion. Perikoren azalpenek ardura zirikatzen zidaten eta nahi nuen derrigorrez jarrai zezan. Aspaldixkan golkoan neukan galdea egin nion:

        — Baina nork eman dio armadari Bardeak okupatzeko haizumena?

        — Istorio luzea da Amaia! Poligonoak gatibatzen dituen bi mila hektareak, 1951 arte, landuak eta ardi-alhagiz aberats ziren. Garai hartan, Espainiako armadak tiroka aritzeko zelai bat bilatzen zuen eta, badakizu, sortzez Baltierrakoa zen Zaragozako Aire-Eskualdeko buruzagiak, Jose Daniel La Callek alegia, Bardeak proposatu zituen. Eztabada zenbaiten ondotik, prezio askoren menpe dudarik gabe, hogei urterentzat alokatzea onartu zuen Bardeetako Juntak. 1976an, 'okupatzeko' baimena beste hogei urtez emendatu zuten. 1984an Bardeetako Biltzarraren lehendakari berria Poligonoaren aurka agertu zen, baina alferrik; alokairuaren goititzea baizik ez zuen lortu. 1951ko ekainaren 9an sinatu zen hitzarmena...

        — Erran didazu Armada espainiarrak poligonoa 'behar' zuela; nolaz dira orduan amerikarrak Bardeetako zeruetan ibiltzen?

        Isiluneak gauaren beratasuna inarrosi zuen. Perikok, ihardetsi aitzin, basoak patxaranez hanpatu zituen. Bizkitartean, biltzen ari nintzen informazio metak eta edan-edanak, biek burzoratzen ninduten. Perikok ahoa zabaldu zuen emekiño:

        — Hastapenean, espainolek zituzten bi astez maniobra antolatzen, eta 1960ko hispaniar-amerikar hitzartzetik landa, yankien hegazkinen presentzia ugaldu zen, Bardeak Zaragozako NATOren basearen auzoan zeudelako. Aireko militarren ibilerak peligrosoak dira Erriberako jendeetzat: urtero hegazkin amerikarrek hiruzpalau bonba galtzen dituzte, eta dagoeneko hogeita hamar bat aireko zartatu dira, hogei bat hil eraginez. Militarrek ez dute populazioen seguritatearen axola izpirik.

        Egongelaren bitrazko atetik begimen nezakeen iturritik soinu xuxurlariek eta huntz ausarten uhuluek izpiritua altzairuaren zamatik urruntzen laguntzen ninduketen. Perikok eskaini prentsa-artikulu baten irakurtzeari ekin nion, eta poligonoa Erriberako herrientzat zein landderosa zen ohartu nintzen. Hegazkin istripu ugarien zerrendatzea erraz zitzaidan: 1955an Argedasen artzain bat zendu zen Bardeetan kausitu bonba erori baten zartatzearen karietara; 1968an F1OO bat zalapartatu zen Funesen; 1972an bi hil eragin zituen Fiteron Phantom F4 baten suntsiketak; 1974an, hirurehun kiloko bonba lurreratzera utzi zuen aireko batek Kaparroson; 1979an, Sotonerako kanpaleku jendetsuaren gainera lerratu zen beste bonba astun bat Phantom batetarik; urte berean, maniobren segurtasunaren frogatzeko eramaten ziren ariketa militarren garaian Mirage 3 bat zapartatu zen Bardeetan;1981ean, Phantom saldo baten hegaldiak Zangotzako etxe zenbait kaltetu zituen; 1994an F16 bat mila pusketatan barreiatu zen Soratx deitu lekuan, oraino ere landderraren egunerokotasuna probatuz.

        Militarren sistemak jendeak mesprezurekin tratatzen zituela onartzen nuen eta militarrek jende xeheengan merezi ere ez zuten errespetua kokarazten zuketen, noizbait gerla bat balitz, estado zapaltzaleen fronterak zainduko zituztelako aitzakiaz baliatuz. Pentsatzen hasiz geroz, sozietateko egiturak oro, eskola eta lan-munduak barne, militarren ereduak kalkatuz muntatuak ziren. Talde orotan bazen kapitain ona eta zernahi jasanarazten zuen kaporal bortitza. Talde orotan orduero manupean gestu edo solas absurdoak errepikatzen ziren. Azkenean, armadako armoniaren, homogeneitate baldintzatuaren eta diziplinaren nostalgia kausitzen zen. Progrearen eta lortzekoak ziren helburuen izenean pentsamenduak bakunkeriaren premia zeukan.

        Gogapenak gohaindura sortzen zidan eta edanaren erruz, estomaka balantzaka nabaritzen nuen: nazka botatzear nindagoen. Larri nintzen unean, buruhon brumatsuaren harrotzera izen-deitura saila jin zitzaidan: Gladys del Estal... Gladysen heriotzaz oroitzen nintzen, demagun Donostian noizean behin Gladys Parkea bataiatzen zuten Egia auzo peko baratza publikoaren ertzetik pasatzean, baina ez nekien zuzen zein gertakarirekin uztart antinuklear gazte haren herioa. Trenputxartu baino lehen Perikoren boza behar nuen, eta hitz-zedarrien pausatzera ausartu nintzen:

        — Poligonoaren kontrako borroka ainitz izan dea?

        — Baiki, baina debaldetan. 1970 urteetan zehar guduka bat moldatu zen; aldi berean Bardeetako Juntako herrietako ordezkariek, ekologistek eta ezker-abertzalegoak eraman zutena eta oraindik daramatena, daramaguna hots! 1978an tirogunearen okupazio sinbolikoa egin zen, eta jendeen segurtasuna gerizatzea eskatuz Tutera, Argedas, Kadreita, Baltierra eta Kaskanteko auzapezek agiri amankomun bat argitaratu zuten, poligonoaren desegitea deiadarkatuz, eremuak berreskuratzeko asmoz. Ondoko urteko ekainaren 3an, basaki zapaldua izan zen manifestazio erraldoian, poligonoaren ezeztatzearen alde eta Bergarako Sotoan eraikitzeko xedea zen zentral nuklearraren aurka, Tuterako karriketan galdu zuen bizia Gladys del Estalek...

        Hara. Zeruko Argia ohiko argazki nahasiez gogoratzen nintzen. Ordu haietan ere, David Alvarezen hatsa bahitu zuten Lemoizko zentralaren salatzeko ibilaldi batean eta German erahilik izan zen San Ferminetan. Ideiak biribilkatzen zitzaizkidan. Ez nekien hargatik Uritzen istripuarekin jos nezakeen ezer harrapatuko nuenez. Perikok basoak patxaranez are mukurruago paratzen zituen, elearen bidea hertsi gabe:

        — 'Tranzizio urte' haiek oso denbora gogorrak ziren, baina aurkarien tema ohil ez zezaketen. Ondorioz, 1982-1983ko hauteskunde urteetan zehar, poligonoa lekuz aldatuko zela aipatzeak esperantza muskilak hazi zituen: 1983ko martxoan, tiro-zelaia Europako baserri handienera, Ziudad Realera hain zuzen, eramango zutelako berria zabaldu zen. Ekologisten mesfidantza egiastatuz, azaroaren 30ean Erriberako jendeen poza ilundu zen, Narcis Serraren ahotik jakin zelarik poligonoa ez zela deseginen. Orduan zuen, abenduaren 16an, ETAk armadaren Bardeetako instalazionetan bonba bat jarri... Orain, maniobrak gertatzen direlarik protesta-ekintzak antolatzen dira Iruñeko Gaztelu Plazan, eta urtero ekainaren erditsutan Bardeetako Martxa populutsu eta alegera bermatuz...

        — Dena galdua dea?

        — Pentsa! Bigarren hitzarmenaren epea 2001. urtean bukatzen da. Ageriko Bardeetako Biltzarrak zer asmo duen, Armada espainiarrak eta NATOk ere bai. Badakizu, yankiek diotela, Europan duten base-militar erosoena dela Bardeetako hau, eta ainitz erabili zutela Golko Pertsikoko gerlaren denboran, Alemaniatik Kuwaitera zihoatzin hegazkinen pausa-eremu gisa!

        — Eta Uritz, istorio horretan?

        — Aurkari bat.

        Prefosta erantsi nuen nerener. Zer gehiago? Zeruari beha geratu nintzen. Ortze urdin-beltzean izar iheslari bat miretsi nuen, eta desir sekretua arrunt opatu. Gaua zohardi zen. Nere besogainetan mila negar ttantta amorosen moldean, izarrintza kabitzen nabaritzen nuen. Bizkitartean, burua, aireko zapartatuen puska kiskailiz hantzen ari zitzaidan, diruaren, estadoaren lege bakuna errespetarazten zuten kakiz jantzi soldadoz osotu armadaz, musika militar higuingarriz, himno nazional urgulutsuz... Behialako gohaindurak katestatu ninduen: biribilketa sotilean zebilkidan burua. Periko brauki altxatzen ikusi nuen:

        — Banoa etzatera. Hor berean egon nahi baduzu lasai, e! Kafe beroa badaukazu sukaldean...

        — Ontsa da, milesker. Kartak ikertuko ditut eta Bardeetaz dagoen liburu eder horri begirada bat emango diot.

        — Gau on beraz!

        Iturri ondoko aulki eztian luzatu nintzen, barneko kulunkak jabaldu beharrez ororen gainetik. Patxarana gozoa zen segurki, baina bakardadea soberaxko harrotzen zuela uste nuen. Hargatik, liburu gotorra belaunetan pausatu nuen eta hostoak astiro inguratzeari ekin nion. Txorien kantu uhargiek goiz-urrakoa iragartzen zidaten. Anartean, nere begiak argazkiz argazki lerratzen ziren, xoraturik bezala. Altzairuaren mendekuak baztertzen saiatuz, ikasi nuen, errautsezko, harrizko eta landare idorrezko lurraldeak bi zati zeuzkala, biak arras desberdinak: Bardea Zuriak iparraldean, gatzaren eta euri zaparraden erruz biluziak; eta Bardea Beltzak hegoaldean, zuhaitz-estalgi gehiagorekilan. Beste guneak Ordokia eta Landazuria deitzen omen ziren. Haraintzinean, Erregearen lurrak ziren eta herriek erabil zitzazketen artzaintza eta laborantzarako. Jabeak, Junta batean biltzen ziren: Erriberako hemeretzi herriak, Olibako monastegia, Erronkari eta Zaraitzuko ibar osoak.

        Begi-ezpalak akitu zitzaizkidan. Loak eramaten ninduen ni ere, eta atseden durduzatuaren erresuman urtu baino lehen, biharamuneko —bertan araiz...— zereginak zerrendatu nituen: Jason eta Uritz mintzatu, Judu-Buruaren maldako txabolan zegokeen Pako aurkitu eta Joanaren bilatzen saiatu. Behako batez, zerrenda handixka zela iduritu zitzaidan eta amor eman nuen.

        Ametsak egarria laztu zidan. Alabaina, munduko desertu erraldoietan barna zebilen neure gogo biluzia. Alice Spring hitsetik, Gallupeko basa-etxeetako alkoholez urrindu sukalde pobreetan zehar, Santa-Graziko gerlan hil soldadoen harri-tailuaren maldaraino. Neretzat orotan desjabetzearen ipuin larri berdina zen. Kanta-marrak haztamuka segitzen nituen, aspaldian ahantzi irautearen koplak gidari. Alice Springeko ekiak itsutzen ninduen, arroio gorrietako euri desirek tinkatzen eta Erriberan ernatzear zegoen egunaren argitasunak bereganatzen. Deus gabe bizi ziren artzain edo laborarien umezurtza nintzen. Gure amets-garaietako zelaiak ebatsi zizkiguten, gasodiak, poligono militarrak, zentral nuklearrak, turismo guneak eta meategiak eraikitzearren. Ahalgea sartzen ziguten, ebasketaz ohar ez gintezen, hobendunak haiek zirela oihuka ez genezan. Ase-ezina zen kapitalismoa: ideia bakar eta bakun baten ardatzean biltzen zituen aldekoak bezainbat atzoko kontrakoak; sosa behar zen, hots, guziek gutiziatuko zuten standing baten mantentzeko eta preseski nahikunde hotz horretan oinarritu jendartearen maneiatzeko.

        Txori goiztiarren txiotxioek eta Olatzen ahots samurrak basamortuetarik Tuteralat ekarri ninduten.

        — Kaferik nahi al duzu?

        — Egarri nintzen! Urez egarri behingoz...