Dena zulo bera zen
Dena zulo bera zen
2025, narrazioa
196 orrialde
978-84-19570-48-2
Azala eta marrazkiak: Arrate Rodriguez
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2021, nobela
2019, saiakera
2017, narrazioak
2007, narrazioak
2004, narrazioak
Dena zulo bera zen
2025, narrazioa
196 orrialde
978-84-19570-48-2
aurkibidea
 

 

 

Kraterra

 

 

— Ez dut pijaman hil nahi —esan zion Fanik.

      Ohe ertzean eserita, Nekane pulpa ateratzen ari zitzaion aloe hosto bati labanaz lagunduta. Egun batzuk ziren Faniri kontsonanteak ahoskatzea kosta egiten zitzaiona eta oso erne egon beharra zegoen ulertzeko. Zera likatsu hura ezpainetan igurtzi zion Nekanek, kanpotik eta barrutik, azken asteetan ugaritu zitzaizkion zauriei orbaintzen laguntzeko. Fanik apartatu egin zuen aurpegia. Nekanek, bizitza osoa zikiratzen ahalegindu zen eta beraien arteko haserrealdi bortitzenen abiapuntu izandako egoskorkeria traza hura ikustean, “hau da nire neska” bezalako zerbait sentitu zuen, eta berrogei urtez horren kontra borrokatu izanaren absurdoa bistaratu zitzaion. “Alemana” esaten zioten lagunartean Faniri, seriotasunagatik, zurruntasunagatik, harik eta egun batean, serio eta zurrun, horrela gehiago ez deitzeko eskatu zien arte. Ez zuten gehiago egin, ez bere aurrean.

      — Ez dut pijaman hil nahi.

      — Eta zer jarriko dugu? —singularrean pentsatzen hastearekin batera hasia zen pluralean mintzatzen.

      — Ez dakit.

      Kokotsa garbitu zion mukizapi batekin. Gero, eskugainarekin masaila laztandu zion, nahiz ordura arte ez zuen inoiz inor horrela laztandu. Azken egunetan ordea hala egitea ateratzen zitzaion, ez zekien zergatik. Ez ziren, bestalde, sekula bereziki amultsuak izan. Fanik lepoa luzatu zuen, Nekaneren eskuaren bila. Gustatu egiten zitzaion. Azken asteotan ezkerreko begia apur bat okertu zitzaion tumorearen eraginez, eta, ohetik ateratzen ez zenetik, ezpain gaineko orin ordura arte tentea maskaldu, minbizia hartaz ere jabetu izan balitz bezala. Hain azkar gertatu zen dena, Nekanek hura guztia ulermenaren koordenadetan kokatzeko indarrak egiten zituenean bururatzen baitzitzaion orin hura zela Faniren inframundura sarbidea, eta handik sartu zitzaiola gaitza, medikuak oker zeudela eta ez zela pankrean hasi.

      Edonola ere, bidean aurkitutako dena jan zuen. Ohean zetzana Faniren oskola zen.

      Nekanek armairua zabaldu zuen parez pare. Ikeako altzari bakarra zen. Oso zorrotzak ziren horrekin, batez ere Fani, eta dena erosten zuten Errenterian edo bailaran; aldiz, logelako armairua aldatu nahi izan zutenean, altzari dendetan begiratu eta gero, aroztegietako aurrekontu dardara-emangarriak baztertu ondoren, amore eman zuten, ez kontraesanez libre.

      Fani sabaira begira zegoen, gaixotu aurretik umore txarreko zegoenean azaleratzen zitzaion eta bere amaren antza ematen zion desaire keinu iraunkor bilakatuarekin. Arnasestua zuen.

      Mao lepodun alkandora atera zuen Nekanek, Fanik ilobaren karrera amaierako piano kontzerturako erosi baina jartzera iritsi ez zena. Bungalowarekin zer egin ere pentsatu beharko zen, ez zuen eta bere burua irudikatzen asteburuetan Fani gabe joaten, Fani gabe atariko hondarra garbitzen, Fani gabe Vieux-Boucauko merkatuan, Fani gabe brokanteetan kuxkuxean, Fani gabe bizikletan, Fani gabe pinuen usaina ospatzen, Fani gabe portxean ardo goxoa edaten, Fani gabe beste batzuekin.

 

 

Han hasi zen amesgaiztoa, Vieux-Boucauko hondartzan, apenas zazpi hilabete lehenago.

      Bazkalostean joatea gustatzen zitzaien, siesta egitera. Egun hartan haizea zebilen eta zalantza egin zuten, baina negu beltz baten ondorengo lehen eguzkiak ziren, ezin ziren alferrik galdu, eta trasteak hartu eta abiatu egin ziren.

      Surflariez gain, hondartzan ez zebilen inor. Iritsi bezain pronto, enbata altxatzen ari zela iruditu zitzaien, eta ibiltzera joan ziren. Orduan Nekanek zerbait ikusi zuen. Hasieran, arrain handi bat iruditu zitzaion, baina arrain bat izateko itsasertzetik urrunegi zegoela pentsatu zuen. Gerturatu zirenean, obus bat zela ikusi zuten, herdoil eta kresalezko zarakarretan bilduta, hondarrak erdizka estalita.

      — Ezin dugu hemen utzi. Norbaitek hartu edo zapaldu lezake.

      — Eta hondarrarekin estaliko bagenu?

      Herrian bazen mutikotan gerra garaiko granada bat lehertu eta itsu gelditutako bat, bazekiten ez zela txantxetako kontua.

      Poliziari deitzeko adina frantses ez zekitenez, obusa zaintzen Fani geldituko zela ebatzi zuten, pattal sentitzen zen esnatu zenetik eta ez zeukan atzera-aurrera ibiltzeko gogorik. Hala egin zuten. Nekanek sakelakoarekin ateratako argazkia erakutsiko zion hondartzatik herrira bidean topatzea espero zuen poliziaren bati. Ordu erdi inguru kostatu zitzaion bat aurkitzea: parabrisetan isunak jartzen ari zen mutil bat zen. Argazkia erakutsi eta hondartzako norabidea seinalatu zion. Dei bat egin eta handik pixka batera polizia bikote bat iritsi zen. Nekanek gidatuta, obusa zegoen lekura joan ziren. Eta han, irudi hura: Fani obusaren aldamenean belauniko, zurbil, keinua uzkurtuta, haizeak ilea nahastuta. Nekanek pentsatu zuen enbatagatik zegoela horrela, hondar aleek azkura eragiten baitzuten azalaren kontra jotzean; hurbildu zitzaionean ordea aurpegia desitxuratuta zeukala ikusi zuen.

      — Zer duzu?

      Haizeak eta itsasoak ez zioten berarekin hitz egiten uzten.

      — Fani!

      Joanda bezala zegoen, besoak sabel gainean antxumatuta.

      Eremua zigilatu behar zutela eta handik aldentzeko eskatu zieten poliziek errieta eginez, zinta zuri-gorria zabaltzen zuten bitartean. Nekanek besoak askatu zizkion eta altxatzen ahalegindu zen, baina Fani Nekane baino puskaz handiagoa zen eta ez zuen lortzen zutik jarraraztea. Poliziek, adeitasun administratiboz, anbulantzia bat eskatzeko eskaintza egin zieten, baina haiek nahiago zutela campingera eramaten bazituzten. Polizia autotik irtetean, uzkurtuta, etxera itzuli aurretik bungalowa txukundu behar zela esateko beste indar bildu zuen Fanik.

      — Ezin da horrela utzi.

      Fani hamakan jesarri zen, besoekin belaunburuei helduz, alde baterantz okertuta. Nekanek hozkailuko jaki apurrak jaso, eskegita zituzten arropak bildu eta kotxean sartu zituen. Fani atzeko eserlekuan etzanda jarri zen. Pinudi eta zeru etengabe haiek inoiz ez amaitzea desiratu zuen Nekanek autoa martxan jarri orduko.

 

 

Elastiko pilari begira gelditu zen lilura suerte batekin. Azpikoak milimetrikoki txukun zeuden. Flysch batean bezala, erraz ikusten zen non amaitzen zen Fani haiek tolesteaz arduratu zen aroa eta non hasten Nekanerena. Mahuka motzeko alkandora berde bat atera zuen Nekanek, Coronel Tapioca markakoa, baina Fanik ez zuen muzin keinua erretiratu. Elastiko pila osoa hartu eta ohe gainera eraman zion Faniri: hogei urte pasa zituzten askok.

      — Hori —esan zuen Fanik.

      “Inor ez da ilegala” ipintzen zuen.

      Infusorea kendu eta pijamaren goiko partea askatu zion. Aurpegia ez ezik, gorputza ere zorroztu egin zitzaion, eta bularrak aldeetara isurtzen zitzaizkion bi alforja bilakatuak zeuden. Lekutan zegoen Tracy Chapman entzun bitartean etxe hartako leihoak kendu, lixatu, zuriz pintatu eta berriro ipintzeko egongelako lurra maindire zaharrekin estali eta bi astorekin aroztegia atondu zuen gorputza. Ez zen hainbeste denbora. Erretiratu eta kioskoaren traspasoa egin berritan, urteetan lanerako erabilitako mantala jantzita.

      Elastikoaren lepoa zabal-zabal egin zuen, sartzean aurpegia urra ez ziezaion.

      Pijama galtza urdin-argia zeukan jantzita.

      — Galtza ere aldatuko dugu? Kulerotan egon nahi duzu?

      Fanik baietz egin zuen buruaz. Begira-begira gelditu zitzaion eta Nekane beldurtu egin zen erantzuten jakingo ez zuen zerbait galdetuko ote zion.

      — Polita zaude —esan zion Nekanek.

      Fanik begira jarraitu zuen eta halako batean mingaina atera zion, sudurra eta begiak kizkurtuta. Maiz egiten zuen: neskekin terraza bateko mahai-bueltan, adibidez, biak elkarrizketatik kanpo gelditu eta begiradak gurutzatzen zituztenean, mingaina ateratzen zion beste inork ez ikusteko moduan, eta gero bere begitarte seriora itzultzen zen, unibertsoan arrakala txiki misteriotsu bat sortuz.

      — Polita zara —esan zion Nekanek.

      Ongi zegoenean hori esan balio, Fanik erotzat joko zukeen, begiak gorantz jiratuta, betileak azkar astinduz, buruarekin ezetz eginez. Orain aldiz, eskertuta zirudien. Nekanek bazekien Fani esaldi horrek gordetzen zuen zentzu sakon infinitua ulertzen ari zela, eta gehiagotan esan ez izanaz damutu zen.

      Txirrina jo zuten.

      — Neskak dira —esan zuen Nekanek.

      Nekanek eskertuko zukeen Fani eta bere artean beste inor egotea, baina Fanik ezetz esana zion, ez zuela nahi, ez neskak, ez ahizpa, ez iloba, inor ez; biak bakarrik egotea nahi zuen, zaratarik gabe.

      Faniren ideia izan zen etxean hiltzea. Nekane ezustean harrapatu zuen hasieran, bera ez bezala, Fani ez baitzen apetatsua, eta berekiko maitasun keinu bat zela ulertu zuen berehala, aitortza bat: bere aurrean hil nahi zuen. Gertukoei jakinarazi zienean desfilea hasi zen: militantziako kideak, egunero joatearen poderioz ia lagun bilakatu ziren kioskoko bezeroak, elkarteko lagunak... Inoiz ez zen hainbeste jende pasatu haienetik, maiz lagunartean zebiltzan arren etxea haien eremu pribatua baitzen, Fanirena batez ere. Azken egunotan ordea ez zuen inor ikusi nahi.

      — Bakarren bat igotzea nahi? Alicia eta Oihana edo?

      Ez zuen erantzun. Saiheska zegoen ohean, eskuak sabelaldean lotuta, minak gainez hartuta. Nekanek ordulariari begiratu zion: medikuak aspaldi behar zuen etxean.

      Interfonotik hitz egin zien neskei:

      — Oso nekatuta dago. Logelako leihoa zabalduko dut. Eskerrik asko. Ongi gaude. Eskerrik asko.

      Txirrina jo zuten berriro. Medikua eta erizaina ziren, eta orduan ohartu zen zenbateraino irrikatzen zuen haien etorrera. Beren ekipoko sentitzen zen modu irrazional batean, onena zer zen zekitenen ekipoko, geldituko zirenen ekipoko.

      Gutxika atera hurbiltzen entzun zuen egurrezko eskaileren karranka eta deitu aurretik ireki zien. Berrogei urte inguruko bi emakume ziren, uniformeak —polo urdin-argia, praka urdin-ilunak— berdindutakoak, bisitaz bisita eta elkarrizketaz elkarrizketa ñabartuz joan zirenak Nekaneren begietara.

      — Berandutu egin zaigu, barkatu. Ikusi dugu kontzertua daukazuela —esan zuen medikuak egoera hartan gustu txarrekoa izan zitekeen baina Nekaneri lasaigarria iruditu zitzaion irribarre zabalarekin.

      — Etxean egin nahi zuten, baina... ez dago umoreko.

      — Normala da. Berak agintzen du. Zer moduz?

      — Atzotik pixa egin gabe. Jan ere gutxi. Ez du gosaldu nahi izan eta eguerdian salda katilukada erdi bat hartu du kostata, gero gonbitolarria etorri zaio. Orain arte lo egon da, baina minez esnatu da. Atzo ere lo eman zuen ia egun osoa...

      — Nekatuta dago. Nahikoa egin du.

      Baziren egun batzuk mediku eta erizainarekin etxeko atalasean ahapeka hitz egiten zuena eta horrek ezinegona sortzen zion, bazekien-eta minutu bakar batzuk baino ez zuela iraungo saldukeriatik ere bazuen aliantza hark, ondoren bakarrik geldituko zela.

      Logelara bidean Faniri behar baino ozenago hitz eginez puskatzen zuen sorginkeria:

      — Medikua eta erizaina etorri dira!

      — Kaixo! —esan zuten biek.

      Bazegoen nolabait normaltasuna antzezteko ahalegin bat giroan. Bainilla kolorez zeukaten pintatuta logela, ateak eta zokaloak zuriz. Hankadun ispilu bat izkina batean labanda xorta idor bat zuena, Fani gaixotu zenean neskek oparitu zieten besaulki etzangarria ohearen ondoan, aloe mutilatu bat balkoitik gertu, zumezko aulkia eta haritzezko lurra. Apalategian, Sue Graftonen, Patricia Highsmithen eta Henning Mankellen liburu ugari, Salvat etxearen Colección Grandes Éxitos, Saforen eta Gioconda Belliren olerki liburu bana, ikerketa kazetaritzako ale batzuk eta National Geographic-en bilduma eder bat. Landareak nonahi. Nekane haiek zaintzeko erreleboa hartuta zegoen eta adi jarraitzen zien Fanik ohetik ematen zizkion aholkuei: “Horrek ur gutxi behar du, gogoratuko al zara?”. Monstera erraldoi bat zen bere kuttuna, zeinaren hostoetako nerbioak ikus zitezkeen kontraluzean, zeinaren zainek loreontzitik kanpora luzatzen jarraitzen zuten sugegorrien antzera. “Hori udan leihotik urrundu”. Udan Fani ez baitzen egongo eta biharamunean ere ez.

      — Arratsalde on —esan zuen medikuak—. Zer moduz dago etxeko erregina?

      Higuinarekin nahas zitekeen irribarrea egin zuen Fanik.

      Eguzkia erretiratu aurreko azken momentuak ziren. Ondoren, zapi batez estalitako lanparatxoa baizik ez zen piztuko gela hartan, gaixotuz geroztik Faniri traba egiten zioten-eta argi artifizialek, zaratek, usainek. Medikuak eskua beso gainean jarri zion Faniri erizainak morfina dosia prestatu bitartean:

      — Oraintxe arinduko dizugu sabeleko min hori. Lasai egon, Fani. Utzi zaitez, goxo-goxo egongo zara —esan zion medikuak ilea laztantzen zion bitartean—. Bukatu da mina. Bukatu da.

      — Eskerrik asko —erantzun zuen Fanik.

      Fanik erizainaren eskua bilatu zuen eta hatz erakusletik tinko heldu zion. Oraindik indarra zuela erakutsi nahi zuen. Kosta egiten zitzaion enfokatzea, baziren egun batzuk doble ikusten zuena, eta hala ere nabarmena zen medikuarekin eta erizainarekin adeitsu azaltzeko ardura.

      Infusorea aldatzen zioten bitartean, nola ezagutu ziren galdetu zien medikuak, lehenengo Faniri begira, baina honek Nekaneri errebotatu zion begirada. Bertan zihoan heriotzara bidea arinduko zuen azken dosia.

      — Fabrikan, orain... —Nekanek eragiketa matematikoa egitearen keinua egin zuen begiekin— 42 urte, pentsa.

      Karisma handikoa zen, horrek erakarri zuen gehien. Horrek eta ile kizkur luzeko beltzaran eder bat zela, eta erotzen zuen orin sentsual hura aho gainean. Gerora jakingo zuen jendea erakartzeko gaitasuna eta barne bakardadea ezin hobeto ezkontzen zirela. Igeri egiten erakutsi zion Fanik, Hondarribiko hondartzan, elkarrekin hasi aurretik. Gauzak irakasteko afizioa zuen —Nekanek ez, Nekane metxa motzekoa zen— eta irakasle sartu beharko lukeela esaten zion sarri Nekanek, egonarria, diziplina eta eskuzabaltasuna baitzituen. Fanik igerilekuan ikasi zuen, baina Nekaneren etxean ez zuten horretarako aukerarik izan. Orduan esmalte fabrikan egiten zuten biek lan. Udan, txanda amaitzerakoan, autobusez joaten ziren hondartzara. Fanik Nekaneri eskuetatik heldu eta hankei eragiteko esaten zion. Nekanek burua tenteegi jartzen zuen eta hankak hondoratu egiten zitzaizkion horregatik.

      — Ez gogortu, utzi zaitez... —biek ala biek zekiten ez zirela igeriketaz bakarrik ari.

      Hondoratzen zenean gorantz egiten zion bultza Fanik, Nekane itsas izar baten moduan zabaldu eta ur azalean eusten ikasi zuen arte.

      Fanik 23 urte zituen, Nekanek 22. Arroketan egin zuten larrutan lehen aldiz. Ezin zuten sinetsi, ezin zuten gelditu.

      — Lasai bizi izan gara elkarrekin, badakizu? —medikuari eta erizainari begira esaten zuen—. Elkar zaindu dugu, aldamenekoak ere zaindu ditugu...

      — Eta borroka —gaineratu zuen Fanik bokalak arnas hari batekin josiz.

      — Borroka, borroka ere egin dugu, uf! —itzulpena egin zien Nekanek medikuari eta erizainari. Pozik jarri zen bat-batean, poz triste bat. Eskutik heldu zion Faniri—. Emakumeen alde, ongi ikusia ez zegoenean gainera... Baina ez hori bakarrik: mila saltsatan ibili gara!

      Fanik begietara begiratzen zion Nekaneri, kolpetik guztiak zentzua hartu izan balu bezala.

      — Zoriontsu izan gara —esan zuen Nekanek Faniri begira—. Ezta?

      — Oso —Fanik irmo bezain serio erantzun zuen, galdera beste bat izan balitz bezala. Gero begiak itxi zitzaizkion.

      — Ba horixe zen kontua —esan zuen medikuak.

      — Zoriontsu izan gara, bai —errepikatu zuen Nekanek, apur bat aztoratuta, eta zein nekatuta zegoen ohartu zen.

      Erizainak oheko oihal xurgatzailea aldatzen zuen bitartean, logelako balkoiko leihora irten zen. Haize pixka bat behar zuen.

      Han behean zeuden neskak, hirurogei urteak paseak zituzten Nekane eta Faniren betiko lagunak, emakume taldean ezagutu zituztenak lau hamarraldi lehenago, han zeuden gora begira, haren biografiaren epilogora arte ohearen aldamenean berriketan egondakoak Faniren bizitzaren errelatoa osatuz, beraiena ere bazen errelatoa argituz, zuzenduz, berrituz, pasarteak azpimarratuz. Teklatuan, Faniren iloba Oihana. Ilea motots batean jasota, belarri gainak rapatuta. Aldamenean bere ama, Faniren ahizpa Alicia, krabelin sorta bat eskuetan, txirrindulari estiloko betaurrekoak. Eta herriko jende gehiago, hogeita hamar lagun inguru guztira. Oihanak markatu zuen konpasa eta guztiek segitu zioten kriskitinekin. Mari Triniren Amores se van marchando zen, txolindu eta bere zurruntasuna galtzen zuenean Fanik hutsik egin gabe abestu ohi zuen kantua, ehunka aldiz entzunagatik Nekanek inoiz osorik ikasi gabekoa, eta berdin lagunek, letraren kopia bana baitzuten eskuetan. Ezinegona sortzen zion omenaldiak, Fani eta bera ez baitziren nabarmendu zaleak, baina onartu beharra tokatzen zitzaien.

      — Aditzen? —galdetu zion Nekanek logelako loditasunera jiratuta gorputz erdia—. Zure iloba ari da teklatuan, entzuten al duzu zure kantua? Zure ahizpa ere hor dago, denak daude hor... Lourdes, Dori, Mertxe, Maripi, Karmela... Soziedadekoak... Paki, Mikela, Altxu, Bittor eta Iñaki... Euskaltegikoak... Fatima, Brais... Guztiak etorri dira. Konturatzen...? —“...zenbat maite zaituen jendeak” galderaren laburdura zen.

      Quién a los quince años

      No dejó su cuerpo abrazar

      Y quién cuando la vida se apaga

      Y las manos tiemblan ya

      Quién no buscó ese recuerdo

      De una barca naufragar.

      Medikua eta erizaina balkoira irten ziren.

      — Lo dago —esan zuen medikuak.

      Nekanek logela bitan partitzen zuen eguzki izpiko hauts malutei erreparatu zien. Hegazti batzuek bizitzaren % 99 hegan ematen dutela esan zion behin Fanik balkoi hartantxe, txilioka pasatu zen kurrilo saldo bat ikustera irten zirenean. Ez zen hainbeste denbora.

      Amores los tienen todos

      ¿Pero quién los sabe cuidar?

      Zenbat aldiz ez ote zuen barregarri utzi nesken aurrean errietaren bat tarteko, bera alai eta txolinarena jokatuz eta Fani astun eta mikatz izatera behartuz? Jakingo al zuten egia? Zenbatetan ez ote zuen argudioekin setiatu eta hitzik gabe utzi arte ahuldu, hitza eta arrazoia norenak ziren erakusteko plazeragatik? Zenbatetan ez ote zuen mugaraino eraman itsuskeria bat esatera ia derrigortu arte, gero itsuskeria hori besarkatuz eta ez askatuz, Fanik barkamena eskatuta ere? Jakingo al zuten egia?

      — Fani! Estefania! Entzuten ari al zara? —bazekien ez ziola inoiz gehiago horrela deituko, gauza guztien azken aldia eta ondorioz lehena izaten ari zela.

      Amores se vuelven viejos

      Antes de empezar a amar

      Porque el amor es un niño

      Que hay que enseñar a andar

      Behar bezala maitatu ote zuen galdera zebilkion bueltaka Nekaneri azkenaldian, gaixotuz geroztik eskaintzen zion arta ez ote zen hainbeste urtetan egin ez zuena estaltzeko modua, hunkitzen zuena ez ote zen bere burua zaintza lanetan ikusteak eta ez hainbeste zetorrenak. Erraza zen hilzorian zegoen norbait zaintzea, bizi nahi duen norbait zaintzea arrunt zailagoa da. Fanik inoiz aurpegiratu izan zion nartzisismoa hori ote zen bururatu zitzaion. Ezetz egin zuen buruaz. Gero akordatu zen, lanean arratsaldez zegoenean, eguerdiro joaten zitzaiola bisitan kioskora kafesnearekin eta pintxoren batekin eta enkarguak egiten zizkiola, bankura txanpon bila joanez edo postara. Fanik bolumena kentzen zion irratiari bera iritsi bezain pronto eta agur esan orduko igotzen zuen, min ematen zioten albisteekin trantzean sartu arte. Akordatu zen, baita ere, kioskoan lan egiteko josi zizkion dozena erdi mitoiez eta ordenagailu eramangarria oparitu eta hura erabiltzeko sukaldean emandako ofimatika ikastaroaz. Edo nola desarmatzen zizkion hark ere bete nahi ez zituen plangintza zurrunak —autoaren gurpilak aldatzera eraman, pentsiodunen asanbladara joan, hozkailua garbitu—, benetan egin nahi zutena zer zen deskubritu eta egin ahal izateko —bailarako neska gazte batzuen kontzertua gaztetxean, Ken Loachen azken filma ikusi—. Sofan jarrita loak hartu arte oinetan ematen zizkion masajeak. Motiborik gabe umore txartuta zegoenean zulo hartatik ateratzeko egindako pailazokeriak. Ohean, gertatutako zerbaitekin gogoratuta egiten zituzten barre transferiezinak.

      Agian ez zuten hain gaizki egin. Agian ez zuen hain gaizki egin. Agian beldurra zen sentitzen zuena.

      — Goxo-goxo joango da —esan zion medikuak ahapeka—. Gogorrak izan dira azken egunak.

      — Bai, horretan bakarrik pentsatu behar dut. Gaur izango dela uste duzu?

      “Maite zaitugu!” eta “Gora Fani” oihukatu zuten neskek kalean. Gero ardo botila batzuk zabaldu zituzten.

      Nekanek eskerrak eman zizkien balkoitik eta muxuak jaurti zizkien esku biekin. Leihoa ixteko imintzioa egitean, Oihanak oihu egin zion:

      — Nekane! Igo al gaitezke ama eta biok izebari loreak ematera?

      Berari ez zion sekula izeba deitu, nahiz eta Oihana nerabezarotik talde feminista batean sartuta zegoen, nahiz eta jaio zen eguneko argazkietan Fani eta bera Alicia eta Oihana txikiaren ondoan eserita agertu ospitaleko gelan, nahiz eta urtebetetze oro joan zitzaizkion Fani eta bera eskulangintza azokan erositako opari bat ematera —egurrezko buru-hausgarria, eskuz jositako jertsea, larruzko kartera—. Oihana izan zen urte haietan guztietan gertuen jaio zitzaien umea. Leialtasun hermetiko batek lotzen zituen alabaina familia hartako emakumeak, hain zen horrela, belaunaldiz belaunaldi eta ideologiaz gaindi transmititzen baitzen idatzi gabeko legea. Faniren ama Doña Rosariorentzat, Fani eta bera “lagunak” izan ziren beti. Hasieratik.

      Hasiera laurogeiko hamarraldiko arratsalde lainotsu bat izan zen. Rosariok emakume saldo bat lurrean eserita ikusi zuen, Errenteriako etorbide nagusia mozten, oihuka, hatzekin triangelu bat osatuz, tartean bere alaba Estefania, Nekane magalean eserita zuela. Rosario onceren kabina baten atzean gelditu zen adi, abortu hitza ulertu arte. Gero, buelta erdia hartu eta etxera itzuli zen.

      Disgustuak ohean etzanarazi eta hala aurkitu zuen Aliciak etxeratzean, takoidun zapata marroiak ohearen ondoan botata, haragi koloreko pantien puntek itxura beldurgarria ematen zietela etengabe uzkurtzen ari ziren Rosarioren oinei:

      — Hau da korajea eman didana —esaten zuen andreak behin eta berriz.

      Fani bezala, emakume garai, tente eta ezpainestua zen Rosario. Baserri onekoa, afanean aritzen zirenak mespretxatzen zituen, trapu zikinak ez ezik garbiak ere etxerako ziren harentzat.

      — Hau korajea —jarraitu zuen esaten.

      Tarteka, beti mahukan zeraman mukizapia ateratzen zuen, zintz egiteko. Aliciak poleo-menda egin zion eta aitaren ohean eseri zen. Infusioa osorik edan arte ez zuen txintik atera amak, eta alaba gazteenak txintxo-txintxo itxaron zuen ohean eserita, artean jakin gabe familiaren barne historian koska txiki bat utziko zuen atal baten erdian zegoela.

      — Estefania ikusi dut orain beti berarekin dabilen... kalamastra berritsu horrekin —katilua bi oheak bereizten zituen mesanotxean utzi zuen, kristalean behar baino kolpe handiagoa emanez. Eztarria garbitu zuen—. Lesbianak al dira?

      Aliciak kristal azpiko tapetearen bilbe bihurriari erreparatu zion erantzun aurretik. Berak ere susmo bera zuen.

      — Ez.

      — Eta orduan?

      — Lagunak dira.

      — Seguru al zaude?

      — Bai.

      — Pozten naiz. Zuen aita zulora bidali behar zuen bestela.

      Rosariok arindua hartu zuen, benetakoa, eta ez zuen gaia berriro aipatu, nahiz eta handik gutxira Nekane familia ospakizun guztietara joaten hasiko zen, nahiz eta Nekane Estefaniaren gurasoena zen logela bakarreko pisura bizitzera joango zen, nahiz eta Nekanek Faniren aita Migueli ipurdia garbituko zion tronbosia emanez geroztik. Hark ere laguntasunaren teorian sinetsi zuen hil arte.

      Aliciaren ahotik zekien pasadizoa Fanik. Eta Faniren ahotik, erositako prezioan, Nekanek.

      — Aliciak damututa kontatu zizun? —galdetu zion behin Nekanek.

      — Ni babesteko egin zuen, nola egongo zen ba damututa, neska!

      Arrangura txiki hura gorabehera, Nekanek harreman ona zuen Faniren familiarekin. Beti izan zuen aulki bat etxe hartan, eta ama hil zitzaionean, El Diario Vasco-ko eskela pagatzeko 20.000 pezetak Rosariok ipini zituen. Esmalte fabrika itxi zutenez geroztik, Nekane eta Fani langabezian zeuden. Handik gutxira, Fanik kioskoa hartu eta Nekane entxufe fabrikan hasi zenean, dirua bueltatu nahi izan zion, baina Rosariok ez zuen onartu. Nekanek ulertu beharrekoa ulertu zuen.

      Nekanek susmoa zuen beren egoera legeztatu ez izanak armistizio familiarra ez zartatzearekin zerikusia zeukala, nahiz Fanik ez zuen halakorik behin ere onartu. Nekanek paperak egiteaz —hala esaten zuen, eta ez “izatezko bikote egin” edo “ezkondu”, “paperak egin” baizik— hitz egiten zionean, Fanik argi zuen: “Soldaduska egin ahal izango bagenu ere ez nuke egingo” edota “Ez dut inoren aurrean ezer sinatzeko beharrik”.

      Rosario hil arte ordea ez zen Nekane Faniren etxean erroldatu, eta tarte laburregia zeraman hala, gaixotasunarena jakin eta Fanik berak proposatu zionean paperak egin zitzaten.

      Krabelin gorri sorta batekin igo ziren Alicia eta Oihana. Ziklista betaurrekoak erantzi gabe sartu zen Alicia, eta negar zotinka hasi zen atalasea igaro bezain pronto. Besarkatu egin zuen Nekanek, bizitzan lehenengo aldiz akaso.

      — Ez dugu traba egin nahi.

      — Faborez, pasa zaitezte —esan zien Nekanek, ez aurrera ez atzera egiten ez zutela ikusita.

      Logelatik irten zen medikuaren inguruan bildu ziren denak, iman batek eraginda bezala:

      — Agur esateko momentua da... Agur esan eta askatu, joaten utzi... Lasai joaten uztea, eutsi gabe, hori, asko maitatzea da...

      Ama-alabak logelara sartu ziren. Nekane kanpoan gelditu zen. Ikusi zuen Alicia krabelinak mesanotxe gainean uzten, bi emakumeak ohearen ertz banatan esertzen Fani kristalezkoa balitz bezala, Faniren eskuak hartzen eta musukatzen eta bere lo zaratatsua zelatatzen.

      — Utzi joaten —esan zien medikuak denei—. Erregalo bat egiten ari zarete.

      Nekanek ez zuen bakarrik gelditu nahi, baina konturatzerako, denek alde egin zuten etxetik. Biak bakarrik zeuden, beste hainbatetan bezala, baina azkeneko aldiz. Giltzarekin itxi zuen sarrerako atea. Faniren giltzaria zen, baina atezain batena zirudien, hain zegoen gainezka.

      Sukaldeko mahaira eseri zen. Erizainak zaborretarako eman zion poltsa zabaldu eta mahai gainera bota zuen edukia. Erabili zituzten botiken eta trasteen zorroak ziren. Beste egoera batean, errefusera botako zituzkeen guztiak. Aldiz, Fanik egingo lukeena egin zuen: paperak plastikotik bereizi eta paper eta plastikozko pilatxo bana egin. Gero, esku ahurrekin lisatu zituen edukiontzian leku gutxiago har zezaten. Hain zen arrunta guztia.

      Ez zuen logelara sartu nahi. Gauez itsasertz batera joatea bezalakoa zen: ez zekien zer aurkituko zuen zehazki, baina usaina sarkorra zen eta hondartutako animalia bat zegoen zakatzak astintzen. Olatuak ere entzuten zituen Faniren estertoreetan. Besaulkia ohera arrimatu eta eskua hartu zion, zabaldu eta lanparatxora hurbildu zuen, argi kontra. Han zeuden oraindik norbaitenak ziren hatz marken gailurrak eta ibarrak. Esna zegoela ez zuela agurtu akordatu zen. Lo gelditu zenean balkoian zegoela berriketan, kurriloak buruan.

      Bere maitalea zen. Sorbaldetan muxu eman zion, aurpegian muxu eman zion.

      Bere maitalea zen, bere ahizpa zen, bere ama zen, bere aita zen, bere alaba zen, bere burkidea zen. Bere laguna zen. Bere laguna zen.

      Bere ondoan eserita egon zen erremediorik gabe gaua egin zen arte, agoniari begira, sorginduta. Gauza handiak esan nahi zizkion. Gauza handiak sentitzen zituen berarekiko. Baina eskutik heldu, ilea laztandu eta behin eta berriz lasai egoteko esateaz gain ez zitzaion beste ezer bururatzen. Behingoz hiltzea nahi zuen, eta lotsatu egin zen hori desio izateagatik, nahiz eta ez zen gertatzen zitzaion lehenengo aldia. Denborarekin ikasi zuen: ez zekien gauza handirik desioaz, baina desioak dena zekien berari buruz.

      — Norekin haserretuko naiz orain?

      Galdetu zion.

      — Nola tolestuko ditut maindireak beso motz hauekin?

      Sukaldera joan zen.

      Eguerdiko salda berotu eta kanpaiaren argitan edan zuen katilukada bat. Gosaldu ere hala egiten zuen eta Fani bere atzetik ibiltzen zen argiak pizten, “pisu franko batean bizi garela ematen du” esanez. Azken hiruzpalau egunetan garbitutako katilu, edalontzi eta lapikoak harraskaren ondoan zeuden oraindik; ondoan ur putzutxo bat, bide berriak zabaltzen enzimeran barrena. Fanik baietarekin lehortuko zukeen, mingaina klaskatu eta gero.

      Nekanek hortzak garbitu eta erabakitakoa egin zuen: Fanirekin ohera sartu. Infusoretik azalpera zihoan kabletik lerratu zituen hatzak. Bizitzatik heriotzarako pausoa sentituko ote zuen, zalantza eta beldur hori zeukan. Faniren kontra itsatsi zen, hozten hasita zegoen. Arnasestua geroz eta lakarragoa, eskutik heldu zion, baina ez zuen erantzuten:

      — Bihotza...

      Ez zuen nahi, ez zuen bere gorpuaren ondoan esnatu nahi, baina hiltzen zen unean bere aldamenean egon nahi zuen, besterik ez.

      Lo-sumatik beilara joan-etorrian agortu zitzaion gaua Nekaneri.

      Egunsentian, sakonegi lo egin izanaren erruak astinduta esnatu zen.

      Zarata bat entzun eta ohea haztatu zuen. Hutsik zegoen. Nekane izutu egin zen. Besoa gehiago luzatu zuen. Ezer ez. Ilun zegoen. Beste zarata bat. Argitxoa piztean Fani zutik ikusi zuen logelaren erdian.

      — Nora zoaz? —leunagoa izaten saiatu zen Nekane—. Nora joan nahi duzu?

      Fani begira-begira gelditu zitzaion. Gero, eskumuturra ahora eraman zuen.

      — Muxu bat?

      Keinua errepikatu zuen.

      — Gosea? Kafesnea egingo dizut?

      Bat-batean han balego bezala begiratu zion, lipar batez presente. Kafesnea nahi zuen.

      — Ez al zara hobeto egongo ohean?

      Ez zuen erantzun, besaulkiari begira zegoen.

      Nekanek gerritik hartu eta bertan eseri zuen. Infusoreari kolpetxo batzuk eman zizkion gelditu egin ote zen ziurtatzeko, baina martxan behar zuen, hutsik zegoen eta. Medikuari deitzekotan egon zen, baina zer esateko, ez zela hil?

      Korrika batean joan zen sukaldera eta esnea berotu zuen. Kafe disolbagarri koilarakada bat ipini zuen katilu hutsean. Dardarka ari zela konturatu zen. Akordatu zen ez zegoela madalenarik, astelehenean erosketa egin zuenean ez zituela propio erosi, Fanik bakarrik jaten baitzituen, horretan ere metodikoa zenez, goizero bi, baina azken egunetan apetitua galduta zuenez apalera itzuli zuela zorroa. Miserable sentitu zen heriotzarekin deskontuetan ibili izanagatik.

      Ahora hurbildu zion kafesnea:

      — Poliki edan, erre gabe, maitea.

      Fanik ezpainak kizkurtu zituen hurrupa txiki bat egiteko. Gero zerbait esaten ahalegindu zen, hala moduz ahoskatu zituen bokalak, Nekanek ordea segidan ulertu zion:

      — Madalenak.

      Logelatik irten eta sukaldean bilatzen ari zelako itxurak egiteko tentazioari eutsi zion. Etxetik gertu zegoen vending makinara joan zitekeen korrika batean, bestela tren geltokira, han ere bazeuden eta halako makinak. Bere burua irudikatu zuen joan-etorria egiten, hamabost minutuan egin zezakeen, baina arriskatuegia zen, auskalo zenbat iraungo zuen Fanik.

      — Ez dago madalenarik, Fani. Ez ditut erosi, badakizu zein ganoragabekoa naizen.

      Nekanek masaila laztandu zion eskugainarekin eta Fanik bultzada txiki batekin erantzun zion, abere batek bezala. Berehala hil zen. Nekanek ere begiak itxi zituen.

      Eguna osatu arte egon zen horrela, Faniren kafesneari hurrupa ñimiñoak emanez.

      Hotzak irabazi zionean, Fani zetzan besaulkia posizio horizontalean jarri zuen. Gero, medikuari hots egin zion, hatz puntekin Faniren kizkurrekin jolasean jardun zuen bitartean. Ezpain gaineko orina, tumulu bilakatua.

      Egun hartan, bultzada txiki hartara bueltatuko zen, eta aurrerantzean ere hala egingo zuen behin eta berriz, edonork zer moduz zegoen galdetu eta nahi baino solemneago Fanik zein bihotz ona zuen hizpidera ekartzean, neskekin elkartean norbaitek esandakoari txispa atera eta denak barrez jartzean —Fani erraustuz geroztik barrea zilegi balitz bezala—, Oihana eta Alicia azkenean haien bungalowa ezagutzera eraman eta atariko hondarra erratzarekin garbitzean, haizeak infinituki berritzen zuen Landetako hondartza zapaltzean, manifestazio baten erdian lehenengo oihuak entzutean, kurriloak pasatzen ikustean, landare bati txiki gelditutako potea aldatzean, ardo bat hartzetik etxera bakarrik itzultzean, sofan pelikula erridikulu bat ipintzean, eta lagun ez ezik bikotekide ere izan zirela frogatu eta zegokion alargun pentsioa borrokatzeko biltzen ari zen paperetako batekin hatz mamia ebakitzean, bultzada txiki hartaz akordatuko zen.