Dena zulo bera zen
Dena zulo bera zen
2025, narrazioa
196 orrialde
978-84-19570-48-2
Azala eta marrazkiak: Arrate Rodriguez
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2021, nobela
2019, saiakera
2017, narrazioak
2007, narrazioak
2004, narrazioak
Dena zulo bera zen
2025, narrazioa
196 orrialde
978-84-19570-48-2
aurkibidea
 

 

 

Ahate bihotz

 

 

Nagia eta desioa neurri bertsuan pizten zidan hitzordu hark. Oso aurretik itxi genuen, haiek hala nahita. Afari eguna baino bi hilabete lehenago agian.

      Agenda familiarra zeraman jende bat zen: Sabinak Francken lan, entrenamendu eta ile-apaindegiko ordutegien berri zeukan, eta Franck, Sabinaren agentziako ordutegi aldakorra ezagutzeaz gain, Enekari etxeko lanekin zein egunetan lagundu beharko zitzaion aurreikusteko gai zen, hala nola biek elkarrekin egiten zituzten korrika saioak eguraldiaren arabera antolatzeko. Gainera, Parisen bizi zen alaba zaharrenaren treneko joan-etorri guztien berri ere bazuten zehazki, biek. Espanturik eta harrokeriarik gabe aipatzen zuten. Maitasun froga irmo bat iruditzen zitzaidan, sendotasunarena. Andonik eta biok ozta-ozta ezagutzen genituen Ingeren jai eta opor egunak, nahiz eta horrek ez zuen gauza handirik esan nahi.

      Behar bezalako gonbidapen bat zen. Email bat bidali ziguten, Sabinak idatzia, segur aski; “Franckek, Sabinak eta Enekak afaltzera gonbidatu nahi zaituztete…” hasten zen eta “Abeberry familia” amaitzen. Handikeria iruditu zitzaidan, baina segidan ulertu nuen ezetz, kulturala zela. Gauzak ongi egiten zituen jendea zen, munduari gauzak ongi egin zitezkeela adierazi nahi zion kultura batean hezia, zibilizazio unibertsalari ekarpen handienetako bat egin eta gero zorrak kitatu, eta munduarekin zakarrak eta ergelak izateko zilegitasuna irabazi zuena, haiek gainditutzat zeuzkaten askatasun, berdintasun eta senidetasun aferak neandertalentzat utzita. Ez zen Franck eta Sabinaren kasua, hala ere. Maitagarriak ziren, ez nuke bidegabea izan nahi. Franck dermatologoa zen, Mont-de-Marsanen jaiotakoa. Sabinak higiezinen agentzia batean egiten zuen lan eta Tolosa ondoko herri batean sortua zen. Haiei, frantsestasunak ez zien abaro ematen eta baziren hogei urte Hendaiara sustrai bila joan zirena, ikastolan eskolaratuz alabak, oporrak hipotekatuz Makeako baserri batean euskara ikasten, euskal musika entzunez eta baita kantatuz ere. “Gure alaba biak hendaiarrak dira, euskaldunak”, maiz errepikatzen zuten ideia hura. Gure sustraiekin miretsita zeuden, hala laburbiltzen zuten euskaraz hitz egiten zuten familiek eragiten zietena. Guretzat, haiena zen miresgarria eta apur bat ulertezina.

      Eskertu egin nahi ziguten Enekagatik eta beraiengatik egiten genuena. Eta hori zen: asteazkenetan, beraien alaba gurearekin batera joaten zen Irungo antzerki eskolatik jaso, etxera ekarri eta afaltzen eman.

      Egun horietan, Enekak mahaia jartzen zuen inork eskatu gabe; ontziak ez garbitzeko eskatu behar izaten genion eta barrez lehertzen zen Andoniren txiste guztiekin. Nirekin heldu baten pare hitz egiten zuen, berdin zitzaion gaia Le Pen eta Macronen arteko lehia izan edo hezkuntza sistemaren egoera penagarria. Asteazkenetan, Inge alaba perfektu hark eklipsatuta gelditzen zen, eta bere petral rola nabarmenagoa zen Enekaren pleitesiarekin kontrastean. Helduok ere gure aldetik, sisteman organismo bizidun berri bat sartzen zenean gertatu ohi zen legez, geure paperak doitzen genituen. Bederatzi eta erdiak aldera, Franck kristalezko sabaidun Teslan agertzen zen, kiroleko arropak soinean beti, etxe aurrean bozina jotzen zuen eta neskatoa korrika batean jaisten zen. Ez dakit Andoni eta Ingeri berdin gertatzen ote zitzaien, baina joan eta gero lasaitua hartzen nuen gure triada inperfektura itzulita.

      Sabinak behin baino gehiagotan esan zidan Andonik eta biok oso bikote ederra osatzen genuela, konplizitate handikoa. Egia zela esango nuke. Ordura arte, haurren urtebetetze festetara eta logistika kontuetara mugatutako harremana geneukan abeberrytarrekin, eta orain, lehenengo aldiz, haien etxera joango ginen. Gertuagotik ezagutzeko jakin-gosea nuen, nahiz eta nire egunik onena ez izan.

 

 

Afaritarako gonbidapena eta gero etorri zen Bertaren mezua. Bertak eta biok klasean ezagutu genuen elkar, Bartzelonan, Literatura Konparatua ikastera joan nintzenean. Lotarako toki bat hitz emanda nuen Raval auzoan, baina pisura iritsi nintzenean beste norbait zegoen niretzako behar zuen logelan. Gazteentzako ostatu batera joan nintzen. Han egiten nuen lo masterra hasi nuenean. Klaseko lehendabiziko egunean, Bertaren ondoan eseri, eta kafe orduan, elkarren berri ematen ari ginela, beste zerbait aurkitu arte bere etxean gelditzeko gonbidapena egin zidan. Ez zekien ezer nitaz, eta hala ere, egun hartan, bere etxeko giltzak eman zizkidan, nahi nuenean joan nendin.

      Tristanekin bizi zen, mutil-lagunarekin. Maitemindu egin ginen, edo horrela esaten genion garai hartan. Tristanek eta biok promes egin genion elkarri ez zela deus gertatuko, Bertagatik, Andonigatik. Aitortu egin genien Bertari, Andoniri. Eutsi egin genion promesari eta ez zen deus gertatu. Eta gertatu zena gertatu ez zena baino birrintzaileagoa bilakatu zen: promesaz eta ezinezkoz kargaturiko bi gorputz gazte ebatzi gabeko grinarekin ezkutuan jolasean, haragi transakzio bat baino askoz kitzikagarriagoa eta biolentoagoa.

      Orain badakit zein arruntak diren orduan berezitzat neuzkan kontu haiek. Baina garai hartan ez nekien, sinetsi egiten nituen eta elikatu ere bai.

      Aldendu egin ginen bolada batez, denok denongandik. Konstelazio hartan, Tristan izan zen betiko desagertu zen bakarra. Andonik eta biok, eten haren ondotik, elkarrekin jarraitu genuen, Hendaiara etorri ginen bizitzera, eta Berta, munduaren beste puntara joanda ere, gertu mantendu zen, alai, ulerkor eta umil.

      Hark harreman ugari izan ditu ordutik. Azken urteetan emakumezkoekin bakarrik. Orain ez dabil inorekin. Bartzelonara itzuli da, Hego Ameriketan hamarraldi bat egin eta gero. Tristanekin gaizki bukatu zen afera. Bertak etxetik bota zuen, eta tipoak, alde egin aurretik, su eman zion bien oheari, laka pote bat eta txiskero bat su-jaurtigailu moduan erabilita. Ez zen hondamendirik gertatu. Hondamendiaren amaiera izan zen. Bertak kontatu zidanean lotsatu egin nintzen, modu batera, niri gerta zekidakeen eta.

 

 

Bertak eta Andonik erdibidean, Zaragozan, egin zuten hitzordua. “Hotel batean?”, galdetu nion Andoniri. Eta ezetz, Bertaren lagun bollera batzuen etxean, haiek arduratuko zirela logistikaz, hoztasuna kendu nahi ziola egingo zutenari.

      Hiru egun pasatuko zituzten han, “Bertaren obulazio leihoan, aukerak biderkatzeko”. Ingeri, kontzertu batengatik zihoala esango genion. Eta aitzakia bera erabiliko genuen Franck eta Sabinarekin.

      — Nola zaude? —galdetu nion Andoniri motxila prestatzen ari zen bitartean.

      — Ongi. Agian plumifero fina eramango dut, han gauez hotz egiten du eta. Eta zu?

      — Arraro. Baina ongi. Arraro. Bai.

      — Garaiz zaude oraindik.

      — Zu ere bai.

      — Garaiz gaude. Bion gauza da, badakizu.

      — Bai.

      — Bertak galdetu dit ea pornoa begiratu gabe egin dezakedan. Nahiago lukeela hazia biolentzia horretatik aparte sortuko balitz.

      — …eta?

      — Ez neukala asmorik.

      — Ezta zure fantasietan ere? Zure irudimena kapitalismoaren eta matxismoaren atzapar luze eta zikinetatik libre al dago?

      — Jakina. Zugan pentsatuko dut kanpaia jotzean…

      — Gezurtero.

      — Egia da.

      Besarkatu egin ginen gorputza zurrundu zitzaidan arte. Urte pare bat bazen Andonik pornoa ikusteari utzi ziola esan zidanetik. Masturbazioa kontsumo bilakatu zitzaiola eta bion bizitza sexuala hondatzen ari zela zentzugabeki. Aitortu zidanean, asaldura txiki bat izan nuen: egiten zuela imajinatu arren, eguneko zein ordutan, etxean edo etxetik kanpo eta zein gorputz eta ekintza motaren bila egiten ote zuen espekulatuz galdu zitzaidan arreta.

      Tren geltokira eraman nuen. Rafa Berrioren Niño futuro entzun genuen eta huskeriez aritu ginen. Bularrak laztandu zizkidan agurtzean.

      — Nire irudimenarentzat —esan zidan.

      — Zorte on.

      Alde egin orduko Bertak mezu bat bidali zidan beragatik egiten ari ginena eskertuz. Egiten ari nintzena, baita ere. Ez zen esaten zidan lehenengo aldia. Nik ez nuen beragatik ezer egiten aritzearen sentipenik, erantzuten nion. Baina hori esaten nion bakoitzean gezurretan ari nintzen, banekien eta, zera hark aurrera eginez gero, Bertaren eta Andoniren (eta baita nolabait ere Ingeren) bizitzak betiko lotuko zirela, nireaz gaindi. Eta hala ere: baimena nik ematen nuen, ni nintzen the master of ceremonies. Arraroa zen: neure buruaz harro nengoen benetan ezezkoa eman nahi nion zerbaiti baiezkoa emateagatik.

 

 

Abeberrytarrak gure etxetik urruti bizi ziren, hondartzatik gertu; autoz joan ginen, nahiz eta ez zitzaidan hartzea gustatzen Hendaian barrena ibiltzeko. Inge pozik zegoen.

      Andonirekin hitz egin berritan nintzen: bezperatik zegoen Bertarekin eta bigarren ekinaldiaren bila zihoazen. Ez zuen ekintza aipatu, baina bai gainontzekoa: bakarrik bazkaldu zuten Bertak eta berak, lagunek prestatuta utzi zizkieten ricotta eta espinakadun kaneloiak. Ondoren, bakoitza logela batera joan zen:

      Bukatu nuenean Bertarengana joan nintzen, eman egin nion eta injekzio batekin sartu zuen. Hori berak kontatua dakit, nik ez bainuen ikusi. Gracias a la vida entzuten aritu zen buklean. Nik beste kanturen bat jarriko nukeen, baina ez dakit, ezagutzen duzu nolakoa den. Eta gauean berdin. Gero zinemara joan ginen Kaurismakirena ikustera... Nik uste elkarren ondoan egoteko modu bat izan zela, baina elkarri hitz egin beharrik izan gabe.

      Ez dakit berari zer esango zion. Zergatik bera. Niri, koherente hitza aipatu zidan gehien. Tipo koherente bat iruditzen zitzaiolako aukeratu zuela, jende koherentea ginela biok, oker al zegoen. Gero isilik geratu zen. Ni ere bai. Oker bazebilen oker hartatik atera nezan zen isiltasuna, ulertu nuen. Ezerosoa izan zen.

 

 

Ardo botila bat eta frijitutako almendrak eraman nituen. Ingek Ferrero Rocher piramide bat ere erosarazi zidan. Eneka txoratu egiten omen zen txokolate haiekin eta, abeberrytarren etxerako arruntegia iruditu zitzaidan arren, haren erreguei men egin nien. Asteazken horietariko batean Enekak kontatu zigun haienean txokolatea asteburuan bakarrik jaten zela eta neurrian. Kuriositatea nuen gure bonboien aurrean nola erantzungo zuten.

      Etxe handi eder bat zen, txuri-gorria, “Gure nahia” izenekoa, Hendaiako auzo berri batean altxatutakoa. Teslaren aurrealdea ikus nezakeen garajearen atetik muturra ateratzen. Mini berde ilun bat ere bazuten, garajetik kanpora. Etxe parean, lorategi izandakoa zolatuta zegoen, baina hiruzpalau zuhaitz hazteko moduko lur zatiak agerian utzi zituzten, eta bertatik, izendatzen nekien bi zuhaitz irteten ziren: kamelia bat eta mimosa bat.

      Sarrerako hesia zeharkatu bezain pronto, “Ongi-etorri” zioen mosaiko bat zegoen lurrean. Etxe atarian, lauburudun alfonbraren ondoan, zeramikazko euskal motibodun bi bol polit: batean ura, bestean txakur kroketak. Txirrina jo aurretik entzun nituen txakurraren zaunkak. Jo bezain pronto ireki zuen atea Enekak eta pinscher txikia inguruan hasi zitzaigun salto eta jauzi. Enekak lepokotik heldu zion eta ongi etorria egin zigun heldu baten modura, diosal oso eta guzti:

      — Zuen puskak hor utz ditzakezue —esan zuen barruan pertxero bat seinalatuz.

      Eskaileratik barrena desagertu ziren bi neskak. Espazio handi, argitsu, koloretsu eta aldi berean hotz batean gelditu nintzen bakarrik, txokolateei, almendrei eta botilari besarkatuta. Sarrera eta egongela bat ziren. Enekak esanda nekien andre nikaraguar bat joaten zitzaiela astean hirutan garbiketa egitera. Dena txukun, berri eta distiratsu zegoen, baina, paradoxikoki, apur bat anakronikoa zen, hogei urte lehenago dekoratua izan eta denbora horretan guztian inor etxe hartara sartu izan ez balitz moduan: abaloriozko gortina bat atondoan, koloretako beirazko horma egongelaren alde batean, zebrazko estanpatudun besaulki bat...

      Berehala agertu zen Sabina, irribarretsu, Desigual markakoa izan zitekeen soineko estu batekin.

      — Lastima Andoni ez dela etorri —izan zen esan zidan lehenengo gauza.

      — Zaragozan jotzeko deitu diote azken momentuan.

      — Orkestrarekin?

      — Ez, ez, bere proiektu pertsonalarekin.

      — Hara!

      — Bai… Aver Raris izena du. Musika esperimental moduko zerbait egiten dute, lo-fi estilokoa… Berari gustatu, hori gustatzen zaio.

      — Musika esperimentala... Pozten naiz beragatik, baina… guregatik pena hartzen dut. Behingoz behar den bezala juntatuko, eta...

      Franck amantal loredun bat soinean agertu zen, esku batean bandeja bat, bestean platertxoak. Zarata handia ateraz utzi zituen egongelako mahaitxoan.

      — Ikusten al duzu? Gizonen tema emakumez janzteko… Nire aitatxi anarkistak beti esaten zuen: “Ez zaitez fio gona daraman gizon batez…”. Berak apaizak zituen buruan, baina… ez dakit ba.

      — Gaur egun hori esatea extemporaneoa da, Sabina.

      — Idazlea txunditu nahi duzu hitz hori erabilita?

      Franckek muxu txiki bat eman zion Sabinari kokotean. Gero nigana etorri zen. Muxu eman zidan masailean. Ardo botila eman nion eta ume jaioberri bat bailitzan hartu zuen besoetan. Oso guapoa zen. Sabina ere bai. Biak ziren oso guapoak, akonplejagarriki guapoak, akonplejagarriki kirolariak, akonplejagarriki alegerak.

      — Ederra itxura ardo honena! Nafarra al da?

      — Arabarra.

      — Landetako batekin hasiko gara —esan zidan—. Domaine du Tariquet. Sauvignon blanc. Maitatu egingo duzu. Aperitiferako nire eskualdeko zerbait prestatu dut, baita ere. Ziur nago ez duzula inoiz dastatu. Afari tematikoa izango da. Eser zaitezte…

      Arbel koloreko larruzko sofa berri usaineko batean eseri ginen. Neskak ere bai. Haiek elearen luzapen batean, ni bestean. Sabina desenkusatu egin zen eta eskailerak igotzen entzun nuen.

      Txakurrarentzakoak bezalako bol batekin etorri zen Franck, gatza agerian zuten haragi itxurako zati ubelez betea.

      — Plazer baduzu… —esan zidan, kopa bat ardo zuri eta jangai ezezagun hartaz beteriko bandeja nire mutur aurrean jarrita, eta aldamenean eseri zitzaidan.

      — Zer da?

      — Zuk, dastatu.

      Mastekatu egin nuen. Goma-antzekoa zen. Gatzak estali eta goratzen zuen zapore ilun bat gordetzen zuen barru-barruan.

      — Erraien bat dela esango nuke…

      — Bai. Baina zein?

      — Giltzurrunak?

      — Ez!

      — Aita, esaiozu… Beti berdin.

      — Bai, apur bat sadikoa izaten ari naiz, ezta, laztana?

      — Gibelak?

      — Ezta ere!

      — Ez dakit.

      — Bihotzak —esan zuen Franckek pelutxezko ahotsa jarrita.

      — Untxiarenak?

      — Ez, ahatearenak. Ahate bihotzak dira.

      — Hara! —esan nuen nik, eta beste bat sastatu nuen gustatu ez zitzaidala suma ez zezan, jolasari jarraipena emanez.

      Franck harro zegoen. Eneka lasaituta. Ni Sabina goian zertan ote zebilen neure buruari galdezka. Takoi hotsa entzuten nuen tarteka.

      — Umetan, eskolatik bueltan, amonak ahate bihotzezko ogitartekoa egiten zidan, hura zen gozamena hura, dozena bat bihotz bokadilloan…!

      — Bikote ona egiten duzue —esan zigun Enekak kolpetik Francki eta bioi aurrez aurre begira—. Amarekin baino bikote hobea egiten duzue, aita. Izateko moduan ere bai.

      — Hala uste duzu, maitea? —esan zion Franckek bihotz pare bat mastekatzen zuen bitartean. Gero irriño batekin begiratu ninduen zeharka, merkatuan eskaini dioten legatz bati neurriak kalkulatu nahian bezala.

      — Hartara Eneka eta biok ahizpaordeak ginateke —erantsi zuen gure alabak.

      Ezustean harrapatu ninduen elkarrizketak.

      — Oso guapoa da zuen aita. Oso guapoa zara —esan nuen.

      Franck ere ezeroso ipini eta sukalderantz abiatu zen. Eskaileretan gora oihu egin zuen, Sabinari deituz.

      — Yo me follaba a tu padre —entzun nuen esaten ziola alabak Enekari.

      — Yo al tuyo no, barkatu —esan zuen Enekak ahoskera frantses xarmangarriarekin.

      — Normal, yo tampoco.

      Helduak etorri bitartean, ardoaren etiketa irakurri nuen behin eta berriz: “Vigoureux, très parfumé, élégant, fin et équilibré. Des cépages de plus de cinq générations, cultivés au-delà de la vitesse. Des racines qui poussent vers le centre de la terre, mais aussi vers les hauteurs du ciel. Un vin qui fait rêver”. Beti nahi izan dut idatzi ardoen etiketetako testua. Zenbat eta okerragoa zerbait, orduan eta beharrezkoagoa literatura.

 

 

Sofatik altxatu eta sukaldeko mahaira eseri nintzenerako, ardoa, zorionez, bere lana egiten hasia zen.

      Sukaldea erraldoia zen. Modernoa, baina ukitu tradizionalekin: Ezpeletakoak jo nituen piperrak leiho ondoan, egurrezko alazena bat, zeramikazko pitxar bat… Mahai gainean, afaria: letxuga hostoak fin moztutako tipularekin (nire hondamendia), txorizo ilun bat eta oilasko errea.

      — Dena batera atera dugu, horrela lasai aritu gaitezke berriketan, atzera eta aurrera ibili beharrik gabe —esan zuen Franckek.

      Denak niri begira sentitu nituen.

      — Hau bakarrik? —esan zuen Enekak—. Gaur egun berezi bat da, aita… Nire gurasoek ez dute oporretan buffeta duten hoteletara joan nahi ahizpak eta biok gehiegi jaten dugulako. Ez al da egia?

      Plazer txikia eragin zidan Enekaren alderdi petrala ezagutzeak, eta Ingeri ere bai, ageri zenez. Enekak kontatua zigun resort batera joan zela oporretan gurasoekin (“aitak eta amak oso urte ona izan zuten lanean”) eta karbohidrato gehiegi jaten zutelako iskanbilak izan zituztela egunero. Niri ere menu espartanoa iruditu zitzaidan nire irudimenak hitzorduaren aurretik itxuratu zuen oturuntzarekin konparatuta.

      — Lagun artean gaude, ume —esan zuen Sabinak—. Ez ditugu zertan epatatu.

      — Nire amari ez zaio tipula gustatzen —esan zuen Ingek.

      — Esan egin behar zenigun! —Sabinak.

      Dezepzioa irakurri nuen lipar batez gogortu egin zen bere aho inguruan.

      — Ez da deus gertatzen —erantzun nion, sardexkarekin deabruak moztutako uztai ezin finagoak bazterreratzen nituen bitartean—. Baina deus ere, gainera, faborez…

      — Masailean duzun orbantxo hori… —esan zidan Franckek, apur bat totelka.

      — Bai…

      — Lehen, bihozño bat mastekatzen ari zinenean ikusi dut… Ez zenuke kendu nahi?

      Begi azpira eraman nuen eskua.

      — Ez nuen inoiz pentsatu. Egia da handitu egin zaidala azkenaldian…

      — Nahi baduzu kontsultatik pasa… Astelehenean azken orduan, adibidez, eta erre egingo dizut laserrarekin.

      Sabinak mingaina klaskatu zuen:

      — Zeinen sarkina ari zaren bilakatzen, Franck... zahar desinhibitu bat dirudizu, maitea. Ez egin kasurik. Ongi gelditzen zaizu. Nortasuna ematen dizu, zeina, bestalde, ez duzun behar, dena esan behar bada, soberan duzu eta.

      Sabinak ez zuen orbanik azalean. Batzuetan aurpegian tiritatxo bat zuela ikusi izan nuen. Horregatik, ziurrenik. Maiz gurutzatzen nuen hondartzan, bera lasterka eta ni oinez. Irribarre handiarekin egiten zidan adio, baina ez zen inoiz gelditzen.

      — Bo, ikusiko.

      — Eta zer ari zara idazten? Ateratzen al duzu astirik? Benetan, ez dakit nola egiten duzun… —galdetu zidan Sabinak nire eskua aurpegitik apartaraziz.

      — Nobela batekin borrokatzen ari naiz… Eta nola egiten dudan? Etxea hankaz gora edukita eta sobreko zopa asko eta poteko garbantzu asko janda… Eta neure buruari tratu txarrak eragiten. Baita nire ingurukoei ere, dena esan behar bada —Sabinaren irribarrea imitatzen ahalegintzen nintzen, hain zen atsegina edozein esaldi, edozein eduki, irribarre harekin ixtea…

      — Nobelarekin ausartu zara azkenean? Hori beste kirol mota bat da, merezimendurik kendu gabe ipuinei… —esan zuen Franckek.

      — Bai, horrekin ari naiz. Hau zer da?

      — Boudin landais, Landetako odolkia. Esan dizut afari tematikoa zela. Oso biszeralak gara, honezkero konturatuko zinen…

      — Baina ez daukate odol kolorerik?

      — Txerri gibelarekin egindakoak direlako.

      — Hara. Geuretzat odolkia odolarekin egindakoa da, horregatik.

      — Hilekoarekin? —galdetu zuen Enekak.

      — Mesedez, neskak —eskatu zuen Sabinak.

      Beste ardo erronda bat zerbitzatu nuen. Sabinak oraindik erdiraino zuen lehenengo kopa eta Franck eta biona neurri egokitik gora betez hustu nuen botila.

      — Ba al dakizue Marie-Antoinette erreginari lepatu aurretik ezarri zioten azken zigorra konpresa aldatzen ez uztea izan zela? Nahiz eta gillotinara bidean irudikatzen duen koadro ezagun horretan soineko zuri makularik gabeko batekin pintatu zuten —esan nuen—. Ez dut pintorearen izena oroitzen.

      — Ez nekien —esan zuen Franckek—. Datu esanguratsua da.

      — Bai, oraindik komisaldegietan asko erabiltzen omen den zigorra da… hilekoa izanez gero ez diete konpresarik ez tanpaxik ematen emakumeei. Umiliazio modu bat da, ukituekin eta kolpeekin batera —gehitu nuen.

      Franckek odolki erdi bat ipini zidan platerean. Tipula zatitxo egosiak begiztatu nituen txerrikiarekin nahasita, baina hala ere ahoratu egin nuen eta ardoarekin bultzatu. Andonik bi-hiru saiakera eginak behar zituen ordurako.

      — Barka, baina, esaten ari zinen nobelara jauzi egin duzula, ezta… —esan zuen Sabinak—. Etxe honetan asko miresten zaitugu. Zu eta Andoni. Guretzat kulturara dedikatzea… Nola esan… Asko estimatzen zaituztegu eta luxu bat da zuekin hitz egin ahal izatea, partekatzea… Ez dauzkagu hainbeste… lagun… honetara dedikatzen direnak… Ezta, Franck?

      — Hala da.

      — Eta orduan zeri buruzkoa da nobela, jakin badaiteke?

      — Jakin daiteke, bai…

      Begira-begira nituen. Lehen aldia zen etxekoa edo editorea ez zen norbaiten aurrean idazten ari nintzenaz hitz egingo nuena, baina adoretuta nengoen.

      — Nire aitari buruzkoa da. Alkoholikoa zen.

      — Hara!

      — Nobela bat zela ulertu dut!

      — Bai. Hala da, ez fikziozko nobela bat.

      — Dolua egiten lagunduko dizu akaso, ezta?

      — Ez nuen horretan pentsatu, baina akaso bai.

      Ingeren energia eraldatzen senti nezakeen begiratu ere egin gabe. Traizio gorentzat zeukan aitonari buruzko trapu zikinak aireratzea, hainbeste miresten zuen. “Nahiko zenuke nik zuri buruzko liburu bat idaztea? Hori ez da egiten” esan zidan behin. Eskertu egin nuen mahaitik altxatu eta Ferrero Rocher piramidearen aitzakian Eneka eta biak eskaileretan gora abiatu izana. Orduan, Franckek altoa eman zien:

      — Ekarri hori —esan zien. Bonboi kaxa arrapastaka ireki, lauzpabost bonboi hartu eta mahai gainean utzi zituen pirrilaka.

      — Eneka, neurtu, bai? —begia kliskatu zion Sabinak.

      Franck zer esan pentsatzen ari zen, aurpegiko keinukeran antzematen zitzaion.

      — Ezerosoa da denontzat gaia, zaudete lasai —esan nien—. Zabalduko al dugu nik ekarritako botila?

      Bera altxatu zen. Kopa garbiak atera zituen.

      — Eta Andoniren proiektu hori... Non joko dute Zaragozan, areto txikiren batean?

      — Egia esan ez da horretara joan. Nire lagun Bertak hazitarako erabili nahi du. Haurdun gelditu nahi du, baina bollera da eta ez du sistema kapitalistak sortutako saleroste logikaren parte izan nahi eta horregatik bere lagun sarearen babesean egin nahi du, autogestionatuki. Eta gu sare horren parte gara dirudienez. Hori da Andoni etorri ez izanaren arrazoia, obulazioak agintzen du, eta oraintxe, segur aski, kanpaia jotzen ariko da. Voilà.

      (Handik egun batzuetara, gau haren errepasoa egiten ari nintzela, burura etorri zitzaidan voilà hura esan ahal izateko kontatu niela Andonirena. Efektu kolpe on batengatik edukia sakrifika nezakeen esteta bat nintzen, ezbairik gabe, ni ere).

      — Hara…

      — Bai.

      — Bon. Zure oniritziarekin egin duela ulertzen dut —esan zuen Franckek, larri.

      — Jakina. Neuk eraman nuen tren geltokira atzo.

      — Oso eskuzabala da zure aldetik —esan zuen Sabinak, urduri—. Oso laguna al da Berta hori?

      — Oso baino, aspaldikoa. Denborak, kasu hauetan, lanbrotu egiten ditu sentimenduak. Baina ez da hori kontua. Ni ez naiz nor Andoniri baimena emateko edo ez emateko, ez duzue uste? Printzipio kontu bat da.

      — Edonola ere, eskuzabala zara. Tartean Inge egonda, gainera. Oso eskuzabala —Franckek ahotsa gizendu zuen, airea gantzez zipriztinduz bezala.

      — Harropuzkeria da gehiago, ez gaitezen xaloak izan.

      Ikusi nuen Andoniren espermatozoide saldo bat Bertaren baginatik gora ziztu bizian igotzen, zerbixera iritsi ahala tentelak atzean uzten eta Falopioren tronpetarako bidean elkarri bidea ixten, isatskadaka, harik eta batek, lehiakorrenak, eskrupulurik gabekoenak, gizonenak, bulartsuenak, oilarrenak, neoliberalenak obuluaren mintza bortxatu, barrura lerratu eta bertan goxo gelditzea lortu arte, motelenak, lasaienak, apalenak, lagunkoienak atzean utziz. Argi ikusi nuen: haurdun geldituko zen. Andoni hunkitu egingo zen. Haur horrekiko zerbait sentituko zuen. Bere sudurra eta bere aitonarena eta Ingerena ikusiko zion laster Bertaren besoetan egongo zen kreatura hari eta ezinezkoa izango zitzaion arroztea. Klandestinoki ekingo zion haurrarekin harremana izateari, Inge babesteko, ni babesteko, eta hor zerbait haziko zen, gutaz aparteko zerbait, ederra, errutinaz kanpokoa, gauza onez bakarrik elikaturikoa.

      — Nik ezingo nuke —esan zuen Sabinak—. Ahizpak arazoak izan zituen haurdun gelditzeko eta uneren batean nire obuluak eskaintzearen ideia etorri zitzaidan, baina istantean ikusi nuen ezetz.

      Gauzak ongi egiten zituen jendea zen.

      — Burutik pasa zitzaizun? Ez zenidan esan... —Franckek.

      — Ez nizun esan, ez. Oso lagun onak izan behar duzue neska horrek eta zuk… nik ez daukat hain lagun onik… Edo ni ez naiz hain lagun ona… Ez dakit zein den formulazio zuzena.

      — Nire kasuan, afektiboa izateaz gain, politikoa ere bada.

      — Nik esan beharra daukat eta esan egingo dut: ama aurretik maitale izan naiz beti. Beti. Niretzat Franck alaben aurretik dago eta egon da. Eta alderantziz. Eta uste dut horrek mantendu gaituela batuta, baita familia gisa ere. Horretan kosta egin zait euskal munduan errotzea... Zuek bikotearen aurretik jartzen dituzue seme-alabak.

      Franck altxatu egin zen. Egongela zeharkatu eta arasa ireki zuen. Gakotuta zegoen eta giltza patrikan zeramala iruditu zitzaidan. Garaikur baten antzera hartuta zekarren botila batekin itzuli zen mahaira.

      — Armagnac hau Sabinaren aitatxik oparitu zigun ezkontza egunean. Sabina jaio zen urtekoa da.

      — Zaharra, beraz —esan zuen Sabinak umetuta.

      Tapoiak, kentzean, zarata festatsua atera zuen. Bi edalontzi zabal ekarri zituen Franckek, bata beretzat, bestea niretzat; Sabinak ez omen zuen nahiko. Sorta bat isuri zidan, hain urria, edandako basokada baten kondarra zirudien.

      — Dastatuta zaude inoiz?

      — Sekula ez.

      Elkarri begietara begira edan genuen. Hasieran ezpainak kristalaren kontra estututa, berehala aho-zabalik eta kolpe batez.

      — Ederra dago.

      Edalontzia luzatu nion gehiagoren eske. Begi beltzek distira egiten zioten. Pozik zegoen, ni ere bai, denok geunden pozik.

      — Botila honek, gaur egun, bostehun eurotik gora balio du —esan zuen Franckek.

      — Nola egin duzue? Pentsatzen dut zuentzat ere zaila izan behar duela erritmoari eusteak, ezta? Ez erortzeari buruz ari naiz... Moderatuki zoriontsu izateari buruz ari naiz, moderatuki zentzudun. Diruak lagundu behar du, noski, hala nola garbitzaile bat edukitzeak...

      — Uste dut diziplinaren eta borondatearen garrantzian hezitako jendea garela, ezta, maitea?

      — Eta lanarenean ere bai... Erruz egiten dugu... eta apur bat kapritxosoak ere bagara, dena esan behar bada —erantzun zuen Sabinak izozkia boletan zerbitzatu ahala.

      — Apurtxo bat kapritxosoak ere bai —esan zuen Franckek, besoa luzatuz eta airean ortzadar erdi bat marraztuz, zeinari begiradarekin juxtu-juxtu jarraitu nion, etxea zen ondasun bere ustez ikusgarriari buruz ari zela zirkuluaren amaieran ohartuz ni.

      — Eta Andonik… zein rol beteko duen erabaki al du? —Sabinak.

      — Ikuskizun dago. Biologizismoan kokatuta dago bera, ni ere bai; sozialismoan ere bai, ni baino gehiago. Baina auskalo. Zer esan dezaket. Zer esan dezaket gezurretan ari naizela sentitu gabe? Oinetakoak kendu nitzake?

      — Jakina.

      — Etxeko zapatila batzuk ekarriko dizkizut?

      — Ez, ongi nago.

      — Interesgarria —Sabinak.

      Amatasunez begiratzen zidan, nahiz eta ni baino gaztexeagoa izan.

      — Artistak zarete, e. Zuek zarete gauza hauen abangoardia. Gu ikasteko gaude —esan zuen Franckek.

      — Ikasteko, bai —esan nuen ironikoki etxe barrua seinalatuz—. Nola egiten duzue txakurraren bola eta gizakiona bereizteko? Ohartu naiz berdinak direla, horregatik… Edo ez dituzue bereizten? Niregatik ez dago arazorik, esan gabe doa…

      Neskak jaitsi ziren. Ingek nire sakelakoa zekarren.

      — Aitak deitu dizu —esan zidan mobila luzatuz—. Deika ari zaizula eta ez duzula hartzen, ahal duzunean deitzeko.

      Mobila hartu eta itzali egin nuen.

      — Inge gure etxean gelditu al daiteke lotan? —galdetu zien Enekak gurasoei.

      — Nigatik bai —hartu nien aurre—. Arazorik gabe.

      — Kotxez etorri al zarete? —galdetu zidan Franckek—. Agian hobe duzu zeu ere gurean gelditzen bazara lotan…

      — Nik ere hala uste dut —esan nuen.

      Sofan etzan nintzen, bestelako argibiderik itxaron gabe. Txukun-txukun tolestuta zuten burusi fin bat jarri nuen gainetik eta galtzak erantzi nituen haiek aurrean ez baleude bezala. Nire oinetakoak urruti ikusten nituen, galtzek eite arraro bat hartu zuten alfonbra gainean. Haien ahotsak Doppler efektuaren eraginpean entzun nituen urruntzen, abiadura sentitzen nuen nire barnean. Ontzi hotsen ondotik elurrarena bezalako isiltasun bat ezarri zen.

      Handik ez dakit zenbatera, etxea ilunpetan zegoela, oihuka entzun nituen, goiko solairuan. Ate danbateko bat gero. Haien alaba isiltasuna eskatzen, gonbidatuak zeudela argudiatuz. Pixka batera, norbait eskailerak jaisten, gorputz bat nigana hurbilduz. Masaila laztandu, burusia egokitu eta gerritik eta aldakatik pasatu zidan eskua behin edo birritan.

 

 

Goizean kafe usainarekin esnatu nintzen. Sukaldetik zetozen haien ahots bigunak. Begiak zabaldu nituen. Nire oinetakoak alfonbra ondoan zeuden lerrokatuta, galtza mahai gainean txukun tolestuta, eta gainean, bi Ferrero Rocher.

      Inge etorri zen eta, kontu handiz, nire oinetara eseri, gaixo bat banintz bezala. Andoniren sudurra eta kopeta zeuzkan.

      — Zu izan zara? —galdetu nion alabari.

      Ingek ez zekien zertaz ari nintzen. Nik ere ez. Ez nekien zertaz ari nintzen.