Urpekariak
Hanka moztu didate eta anestesiatik esnatzen ari naiz, pentsatu zuen. Gero oinak mugitu zituen, behatzak lehendabizi, belaunak tolestu zituen: han zeuden, bere aginduei adi; amets bat izan zen. Gutxika-gutxika bere onera etortzen hasi zen: zulatutako moskitera batez inguratuta zegoen, bakarrik. Ez zegoen ospitalean, bungalowan baizik. Ohe txikian Zuhaitzen pelutxea, mesanotxe gainean botila bat ur, xiringa bat, botika kutxak, Gaizkaren ferula, belarritakoak.
Apurtu zenean hezurrak ateratako hotsa gogoratu zuen. Bungalowra bidean Gaizkarekin eztabaidan ari zen, giltza joko bakarrarekin desagertu zelako Zuhaitz eta bera kalean utzita, gaizki zapaldu eta lurra jo zuenean. Biak ari ziren sesioan, bientzat zen txorakeria, baina orkatila haustearen sakrifizioa egin zuena Elena izan zen, ez Gaizka. Berriz ere, pentsatu zuen. Ondoren, ospitale lanak egiten zituen leku hura, orkatilaren erradiografia kontraluzean, medikua hatza tentetuta Gaizkari jarraibideak ematen: Zure emaztearen orkatila apurtuta dago. Bost milimetro. Ebakuntza bat egin behar zaio. Bihar bertan Koh Phanganera joan behar duzue barkuz. Eta erotu egin zela, negar zotinka hasi zela, ez zuela joan nahi, ez zuela Gaizka gabe joan nahi, ez zuela Gaizkarekin joan nahi Zuhaitz lehorrean utzita, eta hanka onarekin ostikoak banatu zituela airean erizainek irribarretsu begiratzen zioten bitartean eta medikuak begiratu ere egiten ez zion bitartean. Eta Gaizka, bi aste barru itzuliko zirela haien herrialdera, agian ordura arte itxaron litekeela. Eta medikua, gogaituta: zuek ikusi, emaztea zorionekoa bada agian ordurako hezurra berez... ukabilak bata bestearen kontra itsatsi zituen, ingelesez falta zitzaion aditza adierazteko: soldatu. Eta Gaizka gorputza aurrera eta atzera kulunkatuz, begiradarekin Elenari Elenak bakarrik antzemateko moduko errietatxoa eginez. Eta ondoren, bi gizonak bostekoa emanez tratu bat itxiz bezala. Beraz, etxera itzuli arte ez zuen jakingo zorionekoa ote zen. Denboraren kontrako borroka bilakatu zitzaion gorputza, inoiz baino gehiago.
Sakelakoa piztu zuen, baina ez zen seinalerik iristen.
Logelatik alde egin aurretik Gaizkak eta Zuhaitzek muxuak eman zizkiotela akordatu zen iheskorki, itzulera orduren bat ere aipatu ziotela, baina ez zuen gehiago oroitzen. Ohe ertzean eseri zen, igeltsatutako hanka airean. Bikiniarekin lo egin zuela ohartu zen. Oraindik ez ziren hamarrak eta egun osoa zuen aurretik. Sabelean haragi zimiko bat hartu eta heparina injektatu zuen. Gero, makuluak bilatu zituen bistarekin. Ate ondoan zeuden. Vietnamgo beterano batenak ziruditen. Oin baten gainean saltoka zeharkatu beharko zuen gela. Ez zen ez txantxangorri bat: jauzi bakoitzarekin haragiak mugitzen zitzaizkion, eta dardarka jartzen zituen logelako objektuak. Erizainak hamabost bat zentimetro luzatu behar izan zizkion makuluak bere neurrira ekartzeko eta eskutokietan esparatrapua jarri irrist egin ez ziezaioten. Besapeetan egokitu behar zituen traste haiek, ez zekien ongi nola. Bungalowtik ateratzeko maila bat zegoen. Makuluak lurrean iltzatu zituen, besoek eutsi beharko zioten gorputzaren pisuari. Goizean goizetik izerditan, amorratu egin zen sasoiko ez egoteagatik.
Ondoz ondoko bungalowtan ipini zituzten bi familiak. Maia eta Txominen bungalowko leihotik begiratu zuen badaezpada ere, baina han ere ez zegoen inor. Ostatua malkar batean zegoen, eta lur birjina eta otzandu gabearen gainetik ibili behar zen harrerara iristeko. Asko kostatuko zitzaion. Nonahi hazten zen landaredia, orritsu eta sendo. Frangipaniak, hibiskoak, orkideak... zabal-zabal irekita, beldurra eta arriskua eta zahartzea eta bizitza zer den ez dakienak bakarrik egin dezakeen moduan. Iraingarria zen.
Arnasestuka iritsi zen. Egurrez eta lastoz egindako palapa batean zegoen harrera. Gainean, ostatuaren izena, “Wild Summer”, surf taula baten gainean idatzita. Kuxinak, hamakak eta koloretako aulkiak han-hemen barreiatuta, jendea bertan harrapatzeko moduan jarriak bezala. Chadek, harreraz arduratzen zen mutil thailandiarrak, kafe pitxarra altxatu zuen Elena gerturatzen ikusi orduko. Makulua goratuz erantzun zion honek eta pareoa hartu ez izana damutu zitzaion tatuajez estalitako Chaden haragi estuekin akordatu zenean. Segidan agertu zen Maëlle, Koh Taora hiru asterako oporretara joan, Chadekin maitemindu eta hiru hilabete bertan zeramatzan paristarra. Elenari igotzen lagundu zioten beso banatik oratuta, hain ederrak eta gazteak biak, pena ematen baitzioten.
— Ez naiz konturatu ere egin nire familia noiz joan den. Pilulek lerdotuta utziko ninduten.
— Bila etorri zaien pickup-aren bozina entzun dut, oso goiz; gosaldu gabe alde egin dute denek —esan zuen Chadek.
Errukiz begiratzen zioten, eta maitasunez, baita ere. Azukre gehiegi zuen katilukada bat kafe eskaini zion Chadek, eta Maëllek galleta bigun batzuk hurbildu zizkion mostradore gaineko pote batetik.
— Berririk bai? —galdetu zien Elenak, kokotsarekin itzalita zegoen telebista seinalatuz.
— Telebista ez dabil eta sarea ere ez, bart gaueko ekaitzagatik. Gero etorriko da teknikaria.
— Baina bart gauean mutikoen lehenengo irudiak eman zituzten —esan zuen Chadek—. Kobazulora telefono bat sartzea lortu dute eta onik daude guztiak.
— Uste dut oso goiz lokartu nintzela, botikek ziplo uzten naute. Ekaitza bota zuen?
Elenari bularra zabaldu zitzaion une batez. Irla hartara iritsi ziren egunean jakin zuten Thailandia iparraldean desagertuta zegoen gaztetxoen futbol talde bat eta beraien entrenatzailea aurkitu zituztela kobazulo batean irten ezinda. Denak zeuden gertakariari adi, baina batez ere Elena: angustia eragiten zion Zuhaitz baino zaharxeago ziren mutiko haiek egoera hartan harrapaturik irudikatzeak, eta etengabe eskatzen zion Chadi albiste thailandiarrek ziotena itzultzeko.
— Eta zu zer moduz zaude? —galdetu zion Maëllek.
— Oraindik ez dakit zer moduz nagoen —erantzun zuen Elenak igeltsuak estalitako hankari begira.
— Zure senarrak esan digu gutxigatik libratu zarela ebakuntzatik. Eskerrak!
Beti egiten zitzaion arraroa besteren ahotik entzutea Gaizka berari buruz hizketan, gustatzen zitzaion; han, besteen ispiluan, Gaizkak bera adoratzen zuen umore oneko gizon goxo eta arduratsua zirudien. Baina aspaldi zen hura guztia besteren errelatoan baino ez zela existitzen. Oroitzapenek elikatzen zuten harremana, leialtasunak eusten zion, eta tratu txar arinak (gaur hartu bihar eman) ziren aurrera jarraitzeko erregaia. Elenak bazekien. Ez zekiena zen nola zen posible kanpotik ez ikustea. Bitartean, besteen testuak antzezlan kolektibo hartan haria ez galtzen laguntzen zion.
— Koh Phanganekoa oso ospitale ona da, hala ere —esan zuen Maëllek, hala ere hartan Elenari buruz gauza gehiegi intuitzen zituela aditzera emanez.
Elena ohartu zen ez zuela presarik sentitzen ezpain ertzetatik behera bidea egiten ari zen kafe eta galleta papurrezko nahastea gelditzeko. Diferente sentitzen hasia zen diferente bilakatua zen bere gorputzean.
— Minik ba al duzu? —hitz egiterakoan kulunka hasten zitzaion sudurreko uztaitxoa Chadi.
— Ez gehiegi. Eta birmaniarrak non daude?
— Merkatura joan dira barazki eta fruta bila, oraintxe datoz —esan zuen Maëllek.
Bost egun ziren Wild Summer ostatura iritsi zirela, baina thailandiarrek, paristarrak, birmaniarrek eta euskaldunek sistema bat osatu zuten, beren lingua franca-rekin, beren ohitura, ordutegi eta txantxa pribatuekin, beren elkargune zen palaparekin, eta bertara hurbiltzen ziren turistak trinkotuta zegoen ekosistema haren ingurutik igarotzen ziren mamuak bailiran.
Birmaniarrak, ama bat eta bi haur, errefuxiatuak ziren, eta ostatuaren truke langileentzako jatekoa prestatzen zuten. Mama esaten zioten andreak orduak ematen zituen motrailu bati eragiten, hitzik egin gabe, sabela puztua zuten seme-alabei oin puntarekin emanez hara edo hona joateko, hura edo bestea ekartzeko aginduak. Arratsero mototsak egin zizkien Mamak haurrei, baita Zuhaitz eta Liliri ere, eta hauts horizta batekin borobilak pintatu masailetan. Bitartean, gainontzeko helduak orain telebistari begira egoten ziren, orain mobilari, garagardo botilez inguratuta, galleta zaharrak eta zigarroak tartekatuz, eguzkiak eta itsasoak nekaturik, hizketa gutxi eginez eta agian horregatik pozik.
— Zer ordutan da etortzekoa teknikaria? —galdetu zion Elenak Chadi—. Albisteak ikusi nahi nituzke mutiko horiekin zer gertatu den jakiteko.
— Goizean zehar. Sentitzen dut baina sarea ere erori da... Gu bainu bat hartzera joango gara eguna ongi hasteko. Hemendik ibiliko al zara?
— Nire hankak bahituta nago, Chad, nire hanka propioak.
— Agian gelditu egin behar zenuen baina ez zinen gai, stop. Gorputza oso azkarra da —esan zuen Maëllek.
— Zain nengoen horrelako zerbait zeinek botako —erantzun zion Elenak. Zakarra izan nahi zuen, baina neskaren edertasunak sordina eragiten zion.
Bere ikasleak baino bizpahiru urte zaharragoak ziren Chad eta Maëlle, eta hala ere, hain zen ezberdina haiekiko harremana. Haiek ez ziren mehatxu bat.
— Amore eman. Noiz eman zenuen amore azkeneko aldiz? —esan zion Maëllek Elenari sorbaldetan masajea ematen zion bitartean.
Chadek presa sartu zion neskari.
— Norbait etorriz gero esan berehala izango naizela bueltan. Zure etxea da hau.
— Nora zoazte?
— Tanote Bay-ra —erantzun zuen mutilak.
Besarkatu egin zuten. Lehenengo Chadek eta ondoren Maëllek. Azken honek larruzko lepokoa erantzi eta Elenari ipini zion: amatista bat zen.
— Nekearen kontra eta buru-argitasunaren alde lan egiten du, zure borondateaz gaindi. Ez duzu ezertxo ere egin behar. Konfiantza bakarrik.
Motor zahar batean urrundu ziren, azala azalaren kontra, kaskoek moteldutako barre eta txiliotxoen artean. Paisaiak irentsi zituenean, bide bazterretan hazten ziren landareak dardarka gelditu ziren. Gero, intsektuek eta txoriek eten zuten isiltasun hezea. Bakarrik zegoen paradisuan. Edertasun hura xurgatu nahi zuen, baina ez zekien nola. Mostradore gaineko txarrotik azken kafe pixarrak hartu eta, kuxinen artean gorputza egokituta, inguruari begira gelditu zen. Haize pixka bat zebilen eta, sargoria gorabehera, ongi egoten zen. Harreraren buelta osoan, hibisko gorri erraldoiak, eztenak zerurantz. Arrano zuri bat ikusi zuen planeatzen, eder eta dotore. Itsasoa, hain gertu, begiak txilotuz eta eskua luzatuz ukitu egin zezakeen kasik. Bere kautan perfekzio hura dastatzen amaitu orduko gogaituta zegoen. Hori zen, asperdura. Asperdura zahar bat. Eguna luze zetorren alabaina.
Bere gorputzean harrapatuta gelditu behar izan zuen konturatzeko hiraz beteta zegoela. Azpian zer zegoen begiratzera ausartu beharko zen. Ez zekien horrelakoa zenik. Bihotz taupadak sentitzen zituen gorputz osoan. Lan dezenterekin, palapatik jaitsi eta herrirantz zihoan bidexka hartu zuen. Lur, sustrai eta harrizko kilometro bat zegoen maldan behera irlako kale nagusira. Ez zekien oso ongi zertara zihoan, baina joateko gai zela frogatu nahi zion bere buruari, leziatu. Ibilian-ibilian ohitu egingo zela, teknika kontu bat zela pentsatu nahi zuen. Hogeita hamar metro egin orduko, ordea, damutu egin zen. Ez zuen bere gorputza errekonozitzen. Ez zuen ulertzen non bizi izan zen ordura arte: haragi maskaldu haiek, amore emandako giharrak, gizentasun hura. Beste nonbaitera begira zegoen bitartean gertatu zen.
Hamar minuturen buruan izerdi patsetan zegoen eta babak egin zitzaizkion esku ahurretan. Estropezu egin zuen eta ia erori zen. Onartu beste erremediorik ez zuen: ez zen malda jaisteko gai, ez zen gorputzari eusteko gai, ez zen bere ahuldadea jasateko gai. Auto bat ikusi zuen igotzen, Jeep bat.
— Wild Summer? —galdetu zion Elenak gidariari.
Gidariak igotzeko keinua egin zion. Ezin zuen. Gizona ibilgailutik jaitsi zen eta Jeeparen kajerara igotzen lagundu zion, ipurditik kuidadorik gabe eusten. Teknikaria zen. Minutu baten buruan bueltan ziren ostatuan. Gizonak potetik galleta batzuk hartu eta berehala konpondu zuen telebista. Piztu orduko azaldu ziren: ilunpetan, urez inguratutako arroka batean tente hamalau mutiko, futbolerako elastikoekin eta irribarre handi banarekin. Ez zituzten hamabi urte baino gehiago. Izkina batean, entrenatzailea behar zuena, bera ere irriz. Jarraian, kobazulotik irteten, irudi haiek grabatu zituen urpekaria. Buklean jarri zituzten irudiak aurkezleak azalpenak ematen zituen bitartean. Erreskate operazioaren berri ematen ariko zen militar thailandiar batekin egin zuten konexioa ondoren. Ulertu ez arren, Elena adi-adi gelditu zen albistegiari begira.
Astebetetik gora zen taldea desagertu zela, baina haiek Koh Taora iritsi ziren egunean jakin zen kobazulo hartan zeudela, bizikletak aurkitu baitzituzten sarreran. Sentsore termikoek han barruan bizia zegoela zioten. Segur aski, montzoitik ihesi kobazuloan sartuko ziren babes bila, esaten zen. Baina atertu ez eta kobazuloa urez betetzen hasi zen. Futbol taldea geroz eta barrurago sartu zen, bihotzeraino, kobazulo barruko irla inprobisatu batean zokoratuta gelditu arte. Egun asko ziren jan gabe, eta hala ere, irudi haietan, pozik ziruditen. Kobazuloaren grafikoa erakutsi zuten: Elenak ulertu zuenaren arabera, sarreratik lau kilometrora zeuden. Tartean, galeria ugari, horietako batzuk luzeak, estuak eta ureztatuak. Animazio bat ere erakutsi zuten: urpekari baten silueta, arroka arteko galeria estu haietatik igarotzeko egin beharreko maniobra bihurri eta zehatzak deskribatuz.
Telebistari begira zegoela iritsi zen familia birmaniarra janariz kargatuta. Elenak telebista itzali zuen. Triku gorri baten itxura zuen fruitua eskaini zion Mamak eta nola jan erakutsi zion: eskuekin oskola puskatu behar zuen, mahats moduko hari hortzekin tira egin, mastekatu. Mamak zarata egiten zuen jaterakoan. Elenak berdin egin zuen. Inoiz dastatu gabeko zaporea zen, gozoa eta leuna. Bospasei jan zituen. Mamaren haurrek ziruditena baino bizpahiru urte gehiago zituzten, baina ziruditen adinetik oso beherako jolasekin entretenituta eman zitzaketen orduak.
Mamak motrailua atera zuen harrerako mostradore gainera: haziak eta hostoak sartu zituen bertan eta xehatze lanari ekin zion, mantra moduko bat kantaxkatzen zuen bitartean auskalo nongo behe-lainotan. Emakume moztaka eta gotorra zen, apenas izango zituen hogeita hamar urte, baina hagin ugari falta zitzaizkion. Uztai urrekarak zeramatzan belarrietan, ile bel-beltza motots altu batean jasota, eta berari soineko lanak egiten zizkion Reebok kamiseta zahar bat soinean.
Hari begira egoteaz aspertu zenean, bungalowra jo zuen Elenak Mamaren seme-alabak albo banatan zituela. Bizpahiru etapatan egin behar izan zuen igoera. Haurrak gelditu egiten ziren berarekin batera, ez adore, ez epai, ez erruki, konpainia hutsa baizik. Bungalow atarira iristea lortu zuenean, lasterka alde egin zuten. Ohean etzan zen arnasestuka eta moskitera itxi zuen. Buruki azpitik liburua atera eta irakurtzen ahalegindu zen, alferrik. Ordu asko ziren familiak alde egin zuenetik, edozer gerta zekiekeen itsasoan eta beste hainbeste ordu pasa zitezkeen berak abisua jaso arte.
Min mota zehazten ez zuenez, pain eskuz idatzita zeukan kutxatik bi pilula hartu eta irentsi egin zituen.
Zuhaitzek eta Lilik esnatu zuten. Semeak, karakola handi bat erakustearekin batera, itsas pepinoen berri eman zion:
— Itsas pepinoz beteta dago itsasoa! Bi zulo dituzte: bata jateko eta bestea kaka egiteko. Hori bakarrik dira. Ez dira mugitzen.
— Eta beraien barruan beste animalia batzuk bizi dira —jarraitu zuen Lilik.
— Baina norbaitek erasotzen baditu tripak eta bihotza botatzen dituzte, erasotzailea entretenitzeko.
— Eta gero berriak jaiotzen zaizkie.
— Ez da posible! —egin zuen espantu Elenak.
— Kapitainak esan digu!
— Ze ederra!
— Ez da ederra —zuzendu zuen Zuhaitzek.
— Itsas pepinoena ez al da polita?
— Nazkagarria da.
— Arrazoi duzu, nazkagarria da.
— Lagunengana joan gaitezke? —galdetu zion Zuhaitzek.
Lagunak Chad, Maëlle, Mama eta Mamaren seme-alaba Koko eta Lola ziren. Handik kanpora Zuhaitzek eta Lilik inoiz laguntzat hartuko ez lukeen jende multzoa, eta alderantziz.
Haurrak joan eta berehala etorri ziren Gaizka, Maia eta Txomin, garagardo botila banarekin.
— Eta niretzat? —eskatu zuen Elenak.
— Botikekin ez gara ausartu —desenkusatu zen Maia, eta ondoan eseri zitzaion—. Ikusi ditugu: bi dortoka, bost edo sei manta-arrain… itsas izar bat. Eskuan hartu dugu. Eta marrazo itxura zuten arrain luze batzuk, dortoken aldamenetan, izugarria izan da.
— Nik hartu dut itsas izarra —esan zuen Gaizkak—. Hauek ez ziren ausartzen.
— Ez da ez garela ausartzen, debekatuta dagoela baizik —Maiak.
— Oporrak izorratu dizkizuet —esan zuen Elenak.
— Isilik egon, faborez —erantzun zion Gaizkak.
— Ikusten baietz? Oporrak izorratu dizkizuet, ez naiz ergela.
Negarrez hasi zen. Inbidia sentitzen zuen hura guztia ikusi ezin izateagatik eta lotsa inbidia sentitzeagatik.
Tragoxka bat kendu zion Gaizkari:
— Ez dut nabaritzen hezurra soldatzen ari zaidanik, ez dut nabaritzen. Eta uste dut nabaritu egin behar nukeela, azken finean nire gorputza da eta bertan ari da gertatzen. Nola soldatuko zait ba hamabost egunetan eta hezetasun honekin? Nola? Gaur lau triku baino ez ditut jan, kaltzioa hartu beharko nuke. Jogurtak, esnea, gazta. Horrela ez dut lortuko.
— Hezetasunak ez du zerikusirik —esan zuen Txominek—. Eta ez dizkiguzu oporrak izorratu. Ederki konponduko gara. Zure senarrak motor bat alokatu du oraintxe zu paseatzeko, e, Gaizka?
— Motor bat alokatu al duzu? —galdetu zuen Elenak hunkituta.
Gaizkak ez zuen erantzun. Isiltasuna borroka molde ezkutu haren parte zen.
— Peronea soldatu edo ez, horrek ez dauka zure borondatearekin zerikusirik, zaude lasai —esan zuen Maiak—. Jantzi eta herrira jaitsiko gara afaltzera. Zuek motorrean eta gu haurrekin oinez. Ordu erdi barru harreran, ongi?
— Ez dut nahi ebakuntza bat egiterik, inor nire barruan sartzerik ni lo nagoen bitartean, ezin dut ideia hori jasan.
— Dena ongi aterako da, emakume osasuntsu bat zara —azkendu zuen Maiak—. Ala, guapa jarri, mokadu bat hartzera goaz —esan eta bikotea irten egin zen bungalowtik.
Elena negar zotinka ari zen Gaizka azalean eltxoak uxatzekoa zabaltzen ari zen bitartean.
— Ez al duzu entzuten negarrez ari naizela?
— Bai, zergatik?
— Gizon normal bat, maite nauen gizon normal bat bazina nire aldamenean egongo zinateke malkoak xukatzen eta zergatik ari ote naizen negarrez galdezka.
— Eta zer gehiago jartzen du zure gidoian? Zein da hurrengo eszena?
Elena ohetik altxatu zen eta hanka baten gainean saltoka joan zen komuneraino. Patetiko agertu nahi zuen Gaizkaren aurrean, baina berandu ibili zen: Gaizka hondartzakoak kanpoko barandan zabaltzera joana zen.
Komunean itxi zen. Bere burua ispiluan ikustean ikara sentitu zuen. Gaizka ate joka ari zen. Urpekaritzako maskarak garbitu nahi zituen. Hasi zirenean bera zen ederra eta Gaizka zorionekoa. Orain alderantziz zen.
— Egon zaitez ahalik eta ongien, mesedez, ez ahalik eta okerren —esan zion maskarak dutxa azpian pasatuz—. Ez al daukazu nahikoa perone hautsi batekin? Hortik gora egon behar duzu... dugu...
Elena konketa gainean apoiatu zen, hanka airean. Gaizkak igeltsutik libratutako belauna musukatu zion.
— Begira zer nolako izterrak dituzun. Begira zein boteretsuak diren. Begira. Bi izurde dirudite. Nahi duzun tokira eramango zaituzte. Lasaitu egin behar duzu, maitea.
Elenak beherantz begiratu zuen. Nasaituta eta ongi beteta zeuzkan behinola Xarapovarenak izan zitezkeen zangoak.
— Hegazkinean ez zenidan eskutik heldu —esan zion Elenak.
Gaizkak izter barruak musukatzen jarraitu zuen. Elenak burutik heldu eta begietara begiratzera behartu zuen:
— Lehen aldia da egiten ez duzuna.
— Eta lepoko hori? —galdetu zion Gaizkak, hoztuta eta tente jarrita.
— Maëllerena da, baina niri ez dit berari bezain ongi ematen, badakit... nik hippie zahar bat ematen dut.
Gaizkak makuluak hurbildu zizkion.
— Harreran itxarongo zaitut.
Gaizkak erdi irekita utzitako atea makulu puntarekin zabaldu eta nekez joan zen harreraraino. Besapeak ere urratuta zituen.
Motor gainean zegoen. Elena ez zen motorrean ibili nobio garaitik. Hasieran gerritik heldu zion, baina ostatutik urrutiratu ahala, bere gainean erortzen utzi zen, makuluei ahal bezala eutsita, besarkada osoraino:
— Emango al dugu itzuli bat irlatik? Hauek denbora pixka bat beharko dute oraindik tabernara iristeko —proposatu zion Gaizkak.
Koh Taoko muinoetan gora eta behera ibili ziren, norabiderik gabe. Landaredia aldarri bat zen, zerua itogarri bezain zabala. Mendi artean esmeralda koloreko itsasoa.
Gaizkak motorra gelditu zuen. Elena bere bizkar zabal eta gihartsuaren gainean etzan zen. Maite zuela esan nahi zion, baina ezin zuen.
— Hor behera joateko plana egin dugu bihar, Shark Bayra. Esan digute ez dela hain zaila marrazoak ikustea —esan zuen Gaizkak—. Baina ongi iruditzen bazaizu. Bestela zurekin gera naiteke eta Zuhaitz Txomin eta Maiarekin bidali.
— Ongi iruditzen zait.
— Seguru zaude?
— Seguru nago. Zuek ongi pasa, aprobetxatu.
— Ez zaitut bakarrik utzi nahi.
— Bakarrik! Nahiago nuke bakarrik banengo, neure buruarekin geldituko naiz, askoz okerragoa da hori.
Elena bere kontra estutu zen bularretan min hartzeraino. Gaizkak hanka onaren izterra laztandu zion herrirantz jarraitu aurretik.
Urpekaritza guneak, arropa eta oroigarri dendak, paperezko lanparak, plastikozko zamau eta koloretako bonbilladun jatetxe eta ostatuak… irla hartan guztiak zirudien behin-behineko eta arin, hain diferentea haien herriko harrizko haraindikotasun beharraren aldean. Iritsi zirenerako Maia, Txomin eta haurrak pizza jaten ari ziren turistaz beteriko taberna batean. Urte asko pasatu ziren arren, Elenak ezin zuen ebitatu bikote haren egile sentitzea. Maia Elenaren lagunik onena zen eta Txomin Gaizkarena. Elenak aurkeztu zituen eta ispilu joko batean bezala, paraleloki eraiki zituzten beren harremanak, Maia eta Txomin ateratzen hasi zirenerako haiek urtebete zeramaten arren elkarrekin. Elenari batzuetan iruditzen zitzaion, denbora erretagoardia hari esker, Maia eta Txominen bikoteak zuzendu egin zitzakeela Elenak eta Gaizkak osatutako bikoteak egiten zituen akatsak, eta saihestu hartzen zituen arriskuak.
Gaizkak garagardo gehiago eskatu zuen. Zerbitzariak aulki bat eskaini zion Elenari hanka altxatuta mantentzeko. Aztoramen txiki bat sortu zen tabernan, bezero batzuek mahaiak mugitu behar izan baitzituzten hanka luzatuta kabi zekion. Ingurukoen begirada sentitu zuen, eta ez zuen jakin horrekin zer egin.
— Begira! —esan zuen Zuhaitzek telebista seinalatuta.
Haur futbolarien berri ematen ari ziren. Elena atezuan jarri zen. Kobazulo atarian, gizon bat adierazpenak egiten, begitarte ilunarekin. Tartekatuta, anbulantziak eta militarrak lasterka, eta gizonezko baten argazkia izkina batean.
— Zer gertatu den ba al dakizue? —galdetu zien Elenak aldameneko mahaikoei.
Ezetz erantzun zuten, jaramon handirik egin gabe.
— Zerbait txarra gertatu da —esan zuen Zuhaitzek.
— Zer gertatu den ba al dakizu? —galdetu zion Elenak zerbitzariari.
— Urpekari bat hil da, militar bat. Futbol ekipoarentzat jatekoa sartzea lortu du, baina ez du lortu misiotik onik irtetea.
— Nola, baina? —estutu zuen.
Azaldu zien jatekoa eramatea lortu eta gero, bueltan, galerian trabatuta gelditu zela, ez aurrera ez atzera, oxigenoa agortu eta hil arte.
Elenak oihutxo bat estali behar izan zuen eskuarekin eta jaten ari zen pizza zatia erdizka utzi zuen mahai gainean.
— Ez da hain erraza izango hortik ateratzea —esan zuen Maiak—. Itxura txarra dauka.
— Janari nahikoa sartuko ahal zieten! —erantsi zuen Txominek Elenak utzitako pizza zatia hartuz.
— Gaixotu ez direnean...
— Entrenatzailea monje budista ohi bat da, bazenekiten? —esan zuen Gaizkak.
Elena Zuhaitz eta Liliri begira gelditu zen, kobazuloko haurren adinekoak izango ziren laster.
— Fraide budista. Ni han barruan banengo ez nuke beste ezer izan nahi —esan zuen Maiak benetako miresmenez—. Begira bere irribarrea.
— Hamalau ordain-sari dituen eta hiru hilabeteko oporraldia duen irakasle bat ere ez? —galdetu zion Txominek.
— Ez zaitez matraka horrekin hasi.
— Ez da irla honetan zu eta zu baino hobeto bizi den jende asko egongo —egin zien pario Txominek botila muturrarekin Elena eta Maiari.
— Zuek bai bizi! Guri esker koartada perfektua daukazue —erantzun zion Maiak.
Elenak jakin-minez begiratu zien. Maia eta Txominen eztabaidak ez ziren inoiz mingosten.
— Ondoezik sentitzen naiz. Ez dakit injekzioa den edo kobazulo hori. Baina bungalowra joan nahi dut. Axola ez badizue.
Iskanbila pixka batekin jarri zen zutik. Gaizkari kosta egin zitzaion mahaitik altxatzea. Trago luze bat eman zion botilari altxatu aurretik:
— Berehala itzuliko naiz —esan zien.
Motorrera igo ziren. Isilik eta oraingoan elkar ukitu gabe egin zuten bungalowrako bidea.
Ate hotsak esnatu zuen. Goiza zen, ordu asko eman zituen lotan. Gaizka ez zegoen ohean. Zuhaitz zen:
— Aitak esaten du gurekin etorriko zarela hondartzara, esnatzeko.
— A bai?
— Etorri gosaltzera, han gaude denok.
— Esan aitari etortzeko —eskatu zion Elenak, jakinda Gaizka ez zela etorriko.
Zain egon zen, hala ere. Gaizkaren aurrean jarri nahi zuen injekzioa, ikus zezan zeinen ausarki egiten zuen. Ziztada bakoitzak urdinduta uzten zion zilbor aldea, eta ubeldura bakoitza horitu egiten zen orduak pasatu ahala. Tronbosiak eragozteko zen, hausturek eta hegazkin bidaiek arriskua biderkatzen zuten eta. Soineko txuri bat ipini zuen, azal beltzarana nabarmentzen ziona. Ispiluan bere karikatura ikusi uste izan zuen.
Bungalowtik irten zenean saiatu zen makuluak gobernatzen, pauso luze eta dotoreak ematen, hegan egiten. Izerdituta eta arnasestuka iritsi zen harrerara, baina inork ez zion begiratu. Gaizka Maëllerekin ari zen hizketan mostradore ondoan eta adierazteko erabiltzen ari zen gorputz tonuagatik baieztatu zuen zenbat gustatzen zitzaion neska hura. Ez zen harritzekoa, bestalde. Bitartean, Zuhaitz, Lili, Koko eta Lola lurrean eserita zeuden sakelako bati begira galletak murtxikatzen. Mamak egindako orrazkerak zeramatzaten laurek, motots bana buru gainean.
— Pentsatu dugu nola egin —esan zion Maiak—, ez zaitugu hemen utziko. Gaizka eta Txominen artean jaitsiko zaituzte hondartzaraino. Tabernatxo bat omen dago han. Aldamenean jarriko ditugu toallak, gu urpekaritza egiten ari garen bitartean freskatzera joateko aukera izan dezazun.
— Eskerrik asko.
— Faborez.
— Ikusi duzu nola jartzen den tipa horrekin?
Maiak mostradorera begiratu zuen:
— Atzo marrazoak ikusi omen zituen Maëllek orain goazen hondartzan. Horri buruz ariko zaio galdekatzen, gosaritan kontatu digute.
Chadek katilukada bat kafe ekarri zion Elenari, eta plastikoan bildutako opiltxo industrial bat:
— Gizon zahar hori zure neska-laguna nardatzen ari dela uste dut —esan zion Elenak.
Istant batez linboan gelditu zitzaion begirada Chadi, baina berehala egin zuen barre:
— Zure senarra ongi erortzen zait. Atzo ere berandura arte aritu ginen berriketan zu lo gozoan zeunden bitartean. Atzeko ateka ere konpondu zuen. Arotz ona da. Jende dibertigarria zarete euskaldunak.
— Ez al da zoragarria tipo hau? —esan zion Elenak Maiari euskaraz, lizuna nahi zuen baina amatiarra gelditu zitzaion tonuan.
Hondartzara jaisteko bidea malkartsua zen. Mendiari badaezpadako erdi hondar, erdi lurrezko eskailera batzuk atera zizkioten. Maia izan zen abiatzen lehena, Zuhaitz eta Lili atzetik zituela, hirurak trastez kargatuta. Elenak Txominen eta Gaizkaren lepo gainetik pasatu zituen besoak, eta hauek andre-sillan hartu zuten. Elena besotan jaso orduko kexatu zen Txomin, min hartu zuela, eta lurrean utzi zuen atzera. Pareoa gerrian lotu zuen giltzurrun-aldea babesteko. Lehenengo ordekan egingo zutela geldialdia. Elena airean zihoan, makuluak zapi batekin lotuta bizkarrean. Zerua ulergaitza iruditu zitzaion kolpetik. Alboetara, landaredia zentimetroka basotzen eta iluntzen, maleziarekin. Txomin eta Gaizka izerdi patsetan ari ziren.
Ordekara iristeko falta zitzaizkien metroak aieneka egin zituzten. Lurrean utzi zutenean, Elenak lotsa sentitu zuen.
Txominek kantinploratik edaten zuen bitartean, Gaizkak palmondo hosto handi bat erauzi zion landare bati eta Elenari luzatu zion:
— Sonbrilla falta zaizu palankinean behar den bezala joateko.
Elenak barre txiki bat egitea lortu zuen. Gaizkarekin haserre zegoen oraindik, baina ez zuen oroitzen zergatik.
Hosto haren azpian egin zuen hondartzarainoko bidea. Hondarretatik ibiltzea are zailagoa zitzaien Txomin eta Gaizkari.
Maia tabernatik gertu ari zen antolatzen pareozko basea, haurrak kokoekin petankara jolasean zebiltzan bitartean. Goitik turkesa ikusten zen ura behetik berde ugerra zen.
Maiak urpekaritzako trepetak banatu zituen. Bakoitzak bere maskara ipini zuen, aurpegira doitzeko keinuak eginez. Maia bera jarri zen gida, arrantzale batek esana baitzion non ikus zitzaketen marrazoak. Misio batean parte hartuko zutenen seriotasunarekin abiatu ziren guztiak arreziferantz. Bera gabe ere bazen talde hari begira gelditu zitzaion:
— Ongi pasa ni gabe! —egin zien oihu Elenak ura gerri parean zeukatenean. Inor jiratu ez zenez, berriro egin zuen oihu—. Ongi pasatzeko ni gabe!
Bi haurrek eta hiru helduek giza sarda bat osatu zuten, urrutiratu ahala gezi mutur itxura hartu zuena. Haiei begira gelditu zen ikusezin bilakatu ziren arte.
Elenak hondartzarako uzten zituen beti klasikoak, agian uda bilaka zitekeen hedonismo gehiegizkoa sufrikario amiñi batekin orekatzeko. Hamlet-en azken ekinaldia falta zitzaion liburua amaitzeko. Gustatu egiten zitzaizkion errege intrigak. Ezpatak denon eskura zeuden garaiak zituen ments. Maite zuen turuta hotsen artean ahots goran munduari norberaren zoritxarrak deklamatu ahal izatea:
Zaurisantuak!, erakustak.
Za.
Zaurisantuak!, erakust.
Zauris.
Zaurisantuak!, erakustak zer egiteko prest hagoen.
Zaurisantuak!, erakustak zer egit.
Zaurisantuak!, erakustak zer egiteko prest hagoen.
Zau.
Zaurisantuak!, erakustak zer egiteko prest hagoen. Negarrez hasi? Borrokatu? Barau egin? Heure burua urratu? Ozpina edango duk, ausaz; krokodilo bat jan?
Ezin zuen liburuaren amaierak eskatzen zuen adina arreta bildu. Amorrazioa zuen. Gorputz bat sentitzen zen inoiz baino gehiago. Bi perone zatien arteko hutsunea zen bere kilo guztiak bezainbeste.
Amatista laztandu zuen. Soldatze haren baitan zegoen bere familiaren bizirautea.
Ezinezkoa zitzaion bere gorputzaz gaindiko ezeren inguruan mantentzea arreta. Kobazuloa zen salbuespena. Han gertatzen ari zen borroka bere sentitzen zuen zergatik jakin gabe.
Wifi seinalearen usainean joan zen tabernara azken berrien jarraipena egitera. Neska thailandiar adingabeekin zeuden bi ingelesek lagundu zioten tabernako eskaileretako azken koskak igotzen. Ez zuen nahi, baina menpekoegi zegoen mizkinkeriatan hasteko. Esku ahurrek min ematen zioten eta kosta egiten zitzaion makuluak indarrez atxikitzea. Garagardo bat ekarri bitartean eguneratu zen: erreskate taldeko arduradunen dilema zen, kobazulo barrenera norbait bidali eta haurrei oxigeno botilarekin buzeatzen irakastea edota montzoi garaia amaitu eta urak atzera egin arte itxarotea. Ingeles bat Thailandiako diktadorea kritikatzen ari zen neskatiletako baten adatsekin jostatzen zen bitartean. Elenak argi zuen: ezin zuten gehiago itxaron, arriskatu beharra zegoen.
Koral arrezifeek egindako ebakiz beteta itzuli ziren, urpeko mundutik etorritakoen patxadarekin. Odola zerien zauri txikiz josita zeuden.
— Marrazo bat ikusi dugu! —esan zuen Gaizkak besoak zabal-zabal eginda. Masailezur batetik behera malko formako odol tanta bat erortzen zitzaion.
Elenak ez entzunarena egin zuen:
— Ongi garbitu behar dituzue. Gaiztotu egingo zaizkizue bestela.
Txominek toalla muturrarekin zanpatu zuen Maiak sorbaldan zuen harramazka. Oraindik elkar zaintzen eta miresten zuten.
— Begiek inpaktatu naute gehien... Horrelako piztia bat —oihukatu zuen Txominek Lili airean hartuta—, ikaragarria.
— Guk marrazoa bistaratu, ikusi dugula esan ahal izateko pare bat segundo begira egon eta ospa! —esan zuen Maiak—. Gero bi dortoka ikusi ditugu eta haien atzetik ibili gara igerian. Izugarria izan da. Negar egin dut.
Lilik besarkatu egin zuen Maia.
Iruditzen zitzaion haiek baino hobeto funtzionatzen zutela. Maia bera baino hobea zela. Bi lagunen artetik hoberena aukeratu zuela. Txomin Gaizka baino hobea zela. Lili Zuhaitz baino hobea zela. Haien familia berea baino hobea zela. Eta are, Gaizka Elena baino hobea zela. Finean, bere familia hobea litzatekeela bera gabe.
— Ni aitarekin joan naiz marrazoaren atzetik —esan zuen Zuhaitzek eskumuturreko odola miazkatzen zuen bitartean.
— Futbol ekipoari buruzko albisterik ba al da? —galdetu zuen Txominek garagardoari tragoa eman eta gero.
— Ataka batean daude, haurrei buzeatzen irakatsi edota montzoi garaia pasa arte itxaron —erantzun zuen Elenak—. Nik argi daukat egokiena buzeatzen irakastea litzatekeela. Euri jasak iragarri dituzte hurrengo asterako eta horrek egoera okertuko luke, auskalo noiz arte atzeratuko lukeen erreskatea...
Ez zioten dilemari heldu. Maia eta Gaizka haurren arroza not spicy izan zedin azalpenak ematen ari zitzaizkion zerbitzariari. Ordurako ingelesak mozkortuta zeuden, eta haiekin zeuden neskatilek koktel koloretsu bat partekatzen zuten elkarri begietara begira lasto banatik hurrupaka.
Amorruaren azpian beste zerbait zegoen. Egunak behar izan zituen azaleratzen uzteko, baina atera zenean gorputz osotik hedatu zitzaion. Tristura fosilizatu bat, orotariko estratuz itotako harrizko tristura, ezpalez ezpal bere barrutik irteteko eginahalak egiten. Berrogeita bi urterekin deskubritu zuen barruan zeukana, beste horrenbeste gelditzen zitzaizkion agian iturria aurkitzeko. Edo horrelako zerbait. Agian zen hutsik sentitzen zela, baina horrek ez zuen gauza handirik esan nahi bere hizkuntzan, esaldia aztertu orduko errai, hezur, fasziak eta odola irudikatu baitzituen. Lan egonkor xamar ongi ordaindutako bat, urtean behin oporraldi inbidiagarri bat egiteko lain ematen ziona, etxe txukun polit eta garbitzen erraz bat, injustiziez konturatzeko besteko sentiberatasun zeukan semea eta hala ere mundurako funtzionala zena, puzker gehiegi botatzen ez zuen eta gaztetan baino guapoagoa zen senar indartsu barregarri bat eta lagun sorta anitz eta prestu bat han-hemen inoiz kafe bat edo aterpea behar izanez gero. Dena nahiko ongi egin zuen, eta hala ere. Erretzeari ere utzia zion aspaldi eta uda ostean irin zuria eta azukrea uztekotan zen. Materia baino zerbait gehiago izan behar zuen; aldiz, seme, senar, lagun, lanetik urrun zegoen, pozoituta. Ez zekien non hasten zen eta non amaitzen natura. Inertziari esker iritsi zen haraino, haur denboran eskolako patioan norbaitek emandako bultzada bati esker akaso, eta ez zekien zeukan ezer benetan desio zuen. Zeukan ezer.
Irlatxoan lauzpabost egun gelditzen zitzaizkien oraindik. Familiarekin gosaltzen zuen, eta haiek hondartza berrien bila joaten zirenean, Elena bungalowra itzuli, heparina injektatu eta negar egiten zuen. Ohean etzan, eta etorri egiten zen lantua, nondik ez zekiela. Gero, harrerara joaten zen, oso kostata. Esku ahurrak lehertu egin zitzaizkion eta bendatu egin behar izan zituen makuluei heltzeko.
Lortu zuen errutinatxoak ematen zion bake pixka bat: Maëllek edo Chadek, hanka goian manten zezan, kuxinak gerturatzen zizkioten palapara goizero. Gero, Mamak barazki baldekada bat jartzen zion aldamenean, zuritu zezan, eta beste bat hutsik, azalak bertara bota zitzan.
Chadek eskuetako babak sendatzen zizkion. Iodotan bustitako gasa mutur batekin ukitu arin eta zehatzak egiten zizkion zaurian Gaizkak inoiz ipini ez zion ardurarekin. Bukatzen zuenean “maite zaitut” esaten zion Elenak.
Goizean zehar, Chadek eta Maëllek inguratzen ziren turistei ongietorria egiten zieten eta, maindire eta toalla garbiak eskuetan, esleitutako bungalowraino laguntzen zituzten. Berriz ere palapara itzultzean, talde erritmoa berreskuratzen zuten guztiek: Maëlle eta Chad orain maitakeriatan, orain harrerako mostradore gainean ping-pongean aritzen ziren; Mamak motrailuari eragiten zion tai gabe, eta Maëllek jarritako musika tristeegia iruditzen zitzaionean, fruitu hezur bat jaurtitzen zion alda zezan; Koko eta Lola lurrean jolasten ziren barruko arropatan eta Elenak labana kamuts batekin zuritzen zituen barazki kiloak kafe txarra edan bitartean.
Tarteka, Elenak telebista piztu arazten zion Chadi. Egunsenti hartan erreskate operazioarekin hasiak ziren, sartzera zihoazen. Mutilaren laguntzaz, Elenak planaren nondik norakoak ezagutzea lortu zuen: mendiaren barreneraino zabaltzen ziren korridore gehienak urak itota zeuden. Mutikoengana iritsi ahal izateko, korronte gogorrak egon zitezkeen eta ezer ikusten ez zen tarte meharretatik igaro beharko zuten. Esaten zutenez, urpekari eskarmentatuenek orduak beharko zituzten joan-etorri bat egiteko. Bi buzo joango ziren haur bakoitzeko, bata aurretik eta bestea atzetik. Gauera arte luzatuko zen operazioa.
— Ez genizun ezer esan nahi, baina bihar zuen azken eguna denez gaur iluntzean festa txiki bat antolatuko dugu —esan zion Maëllek.
Elena ohartu zen familiaren etorrera ordua hurbildu ahala urduri jartzen hasten zela. Iristear zeuden. Tristura gozo hura eten eta atezuan jarri zen. Orkatilan zerbait sentitu nahi zuen, hezurra osatze bidean zegoela adierazten zion aztarnaren bat. Gaztetan ikasi zuen bisualizazioen teknika probatu zuen. Begiak itxi eta arnasen bidez orkatilara eraman zuen arreta, azala zeharkatuz, zainak, arteriak, giharrak. Kristalezko hezurrak edo osteoporosi aurreratua zituela etorri zitzaion orduan, hezur guztiak puskatuko zitzaizkiola gutxika-gutxika. Arnasketa indartsuekin uxatu zituen ideia maltzur haiek. Pickup baten motorra entzun zuen. Haiek ziren.
Iritsi zirenerako, paperezko apaingarriek eta kandela txikiek edertzen zuten palapa. Stromaeren musika jarri zuten. Maëllek hibisko lore bat zeraman belarri gainean, Chadek alkandora zabalik eta egur bolatxoz egindako lepokoa. Kolore eta forma askotariko fruituak zeuden harrerako mostradorean. Mamak zopa egin zuen, Maëllek fruta brotxetak eta Chadek baldekada bat pontxe gorri.
— Merezi bezala agurtu nahi zintuztegun —esan zien Chadek.
Mamak ilea aske zeraman. Beste norbait zirudien. Pontxea partitu zuen, baita inguratu ziren ostaler batzuei ere. Gaizka izan zen dantzara atera zen lehena. Kantua baleki bezala mugitzen zituen ezpainak, eta Elenak indar handia egin behar izan zuen iseka ez egiteko. Agian horrelako sedimentuz zegoen osatuta barruan garraiatzen zuen ondoez hura. Berehala batu zitzaion Maëlle. Gutxika-gutxika heldu guztiak dantzan hasi ziren, guztiak Mama ez beste: Elenaren aldamenean eseri zen, garagardoa eskuan eta gorputza atzera eta aurrera kulunkatuz konpas orotik kanpo. Maiak lepotik heltzen zion Txomini, eta honek ipurditik Maiari, muxu ematen zioten elkarri barre egiten zuten bitartean, nahiz eta Txominek Maiak gorroto zuen Realaren kamixeta zeraman soinean. Chad eta Maëlleri hizketan ari zen Gaizka, hauek algaraka jarriz. Ez nau behin ere begiratu, idatzi zuen Elenak bere alegiazko erreklamazio-orrian. Haurrak sakelako baten inguruan zeuden, Karate Kid ikusten, palapako izkina batean.
Elenak ere mobila hartu zuen. Azken ordukoa zen egunkari eta sare sozialetan: denak onik ziren, haurrak, entrenatzailea, erreskatean parte hartutako urpekari taldea, den-denak. Haietariko batzuk kobazulotik irteteko momentuan ikusi zituen, zilar koloreko estalkietan bilduta, irribarretsu, xalo.
— Eiii! —egin zuen oihu mobila goratuz.
Get lucky ari ziren dantzatzen eta ez zioten entzun.
— Eiiiiii!
Makuluez lagunduta zutik jarri eta taldearengana joan zen. Mamak lagundu zion azken metroetan.
— Lortu dute! Salbatu egin dituztela! Den-denak!
Maiak eta Maëllek bakarrik egin zioten jaramon pixka bat, gainontzekoek berean jarraitu zuten. Ez zitzaien ezer inporta. Elenak bungalowrako bidea hartu zuen desengainu sentipen harekin beldurtuta.
Logelara iristeko azken metroak falta zitzaizkionean Gaizka agertu zen maldan gora:
— Nora zoaz?
Makulu bat hartu zion eta gerritik heldu igotzen laguntzeko.
— Ohera, ez naiz ongi sentitzen.
— Festan gaude, ez zaitez joan. Zerbait gertatu al da?
— Badirudi ez zaizuela axola… Salbatu egin dituzte. Denak. Onik daude guztiak. Guztiak.
— Eta orduan zergatik zaude horrela, hankagatik al da?
— Nahiago nuke.
— Itzuli festara, mesedez, zure aldamenean eserita egongo naiz mugitu gabe.
Reggae musika iristen zen. Elenak aurpegia ukitu zion Gaizkari.
— Aspaldi zen ez zenidala aurpegia ukitzen.
Masaileko urradura orbainduta zeukan. Haragi onekoa zen, Zuhaitz bezala.
— Galdera bat egin nahi dizut —esan zion Elenak.
— Esan...
— Beste norbait izan naitekeela uste duzu?
— Beste norbait? Mozkortuta zaude...?
— Erantzun.
— Ez nuke nahi zu beste inor izaterik. Ba al zatoz festara?
— Ez, nekatuta nago.
Beste behin gehiago eskatu izan balio joango zen eta ongi pasatzea lortuko zuen agian. Biek zekiten.
Baina. Hortzak garbitu gabe sartu zen ohera. Moskiteran bilduta, benetan egin nahi zion galdera beste bat zela ohartu zen Elena: beste norbaitekin beste norbait izan ote zitekeen. Eltxoak entzun zituen gerturatzen. Oihalean pausatzen zirenean bakarrik isiltzen ziren.