Itsasoak eta hondakinak
Azkazalak egitea betebeharra ez ezik zeregin bat zen beren oraindik ordu gehiegiko bizitzetan. Lilaren motorrean joan ziren Irunera, han merkeago egiten zituztelako. Joate hutsa festa bat zen orduan, errepidean barrena bi gorputzak bat eginda, ez aurrera ez atzera zeuden auto eta kamioien artean arin eta dutxatu berri bidea urratuz. Azken urteetan ugaritutako vietnamdar lokaletako baten aurrean aparkatu zuten. Laka eta azetona usaina, zetorrenaren aperitifa. Astebete zeramaten elkar agurtzen. Bazekiten elkarrekin eta gisa horretara pasatuko zuten azken uda izango zela. Batez ere, Lilak zekien:
— Jende berria ezagutuko duzu. Beraien udako etxeetara gonbidatuko zaituzte. Nitaz ahaztuko zara.
— Zuk ere jende berria ezagutuko duzu.
— Ez da gauza bera.
Hendaiarrak izan arren, Baionan ezagutu zuten elkar bi urte lehenago. Biak ikasketa profesionalak burutzen ari ziren, Merkataritza lerroan. Lilak animaliekin lan egin nahiko luke, animalia klinika edota zalditegi batean, baina horretarako urruneko formakuntza bat egin beharko zuen, inguruan ez baitzegoen halako eskaintzarik. “Daukazun esku ona kontuan izanda lastima da estetika ez ikastea” edo “Elkarrekin saloi bat ireki genezake” esaten zion amak. Armiarma sare zahar eta leun batek harrapatzen zuen Lila orduan eta auto batek harrapatu eta hilzorian utzitako zakur baten zaintza irudikatzeak baino ez zuen handik libratzen.
Junek hasitako bidetik jarraitzeko asmoa zeukan. Nazioarteko Merkataritza ikasiko zuen, Bordelen. Garestia zen eta Juneren amak amaginarrebari eskatu behar izan zion dirua. Desperados bat edan zuen dei hura egin aurretik, eta sofan luze etzanda aritu zen atsoarekin telefonoz, eskugaina kopetan ipinita, Junek zartaginean bi cordon-bleu berotzen zituen bitartean, haren semeak ez zuela inoiz sosik ipini, ez ziola haatik salaketarik jarri, June ikasle fina zela eta lastima litzatekeela hogeita batgarren mendean, “hogeita batgarren mendean eta Frantzian!, diruagatik, diruagatik!, ezin neskari ikasketak ematea edozein etorkinen modura”. Azken ideia hau gakoa izango zela bazekien, eta propio utzi zuen amaierarako.
— Eskuin muturreko amona bat izateari esker lortuko duzu Bordelera joatea. Etorkinena entzun bezain pronto bigundu da, puta halakoa. “Geu ez gara berenjena horiek bezalakoak, ez alajaina” esan du.
Lila aitarekin eta txakurrarekin bizi zen Hondarribiko kanpin batean. Baziren bost urte han zeudela, bi logelako egurrezko bungalow batean, amarengandik eta aita diferenteekiko anaiordeengandik aparte. Lilaren aitak, Xabik, Hendaia eta Hondarribia lotzen zituen motora eramaten zuen, eta gidatzen ari zenean ipintzen zuen riktusari eusten zion lehorrean ere.
Kanpinak igerileku txiki bat zuen eta itsaso zabala ikusten zen esparruko ia edozein ertzetatik. Dibortziatutako gizonezko ugari bizi ziren bertan; azkenaldian, bospasei familia ere bai, latinoak guztiak; bikote gazte batzuk, gutxi. Hamabostean behin, blues kontzertu bat antolatzen zen kanpineko tabernan. Egun berezia izaten zen, kanpineko bizilagunez gain, herriko jendea ere inguratzen baitzen, eta bikote konfigurazio berriak sortzen ziren lantzean behin. Xabi eta Lila elkarren ondoan egoten ziren tabernako mahai baten bueltan, azken lerroan. Ez ziren beste inorekin batu zaleak, nahiz eta gehienekin zeukaten tratua, eta zirtoka erantzuten zioten hurbiltzen zitzaien edonori. Lilak interes handiz jarraitzen zituen jendearen mugimendu guztiak eta aitari seinalatzen zizkion. Hau sarearekin arrantza egitera etorri da. Edo beste haiek mukiak jango dituzte gaur. Aitak garagardoa altxatzen zuen, alabak aipatutako gizon-emakumeei begira zegoela eman zezakeen, baina bere begirada ez zen jendearentzat, horma eta oztopo haiek guztiak zulatuz gero legokeen hodeiertzarentzat baizik: hari begira lerrokatzen dut buru barruko nibelaren burbuila, esaten zuen.
Lilaren amak eta boladako tipoak irteeraren bat zeukatenean, Lila anaiordeak zaintzera joaten zen. Hendaiako hlm batean bizi ziren eta haiekin aritzen zen berandura arte Call of Duty-an jolasean, han ez bizitzearen errua eta poza tirokatu bitartean. Mugako alaba zen, Hendaia, Hondarribia eta Irun artean bizi zen inongoa guztiz izan gabe.
Bizitzeko beste modu bat zen, eskolakideek zutenaren oso bestelakoa, eta Lilari gustatu egiten zitzaion: behin-behinekotasunean, askatasun suerte bat aurkitzen zuen, artean jakin gabe.
Guraso haien nahasketaren arteko akats genetiko bat zirudien. Oso ederra zen, hainbeste, hondatzeko gogoa ematen baitzuen. Bazuen zerbait sotilki tragikoa, eta iluntasun neurtu hark are bereziagoa egiten zuen. June edertu egiten zen haren aldamenean. Sentsualtasuna zer zen Lilarengandik ikasi zuen: gorputz oso baten jabe zela, eta gorputz horrek, batetik bestera mugitu eta oinarrizko beharrak asetzeko balio izateaz gain, esanahi bat har zezakeela, botere harreman bat proposatuz, materia hutsa fantasiazko plano batera eramanez. Berarekin, azalezkoa sentitzen zen eta azal horretan inongo giharretan sentitu gabeko indarra sentitzen zuen. Juneri ikusi egiten zitzaion nondik hasiko zen zartatzen, andre normal bat bilakatzen; Lilari ez.
Kanpinetik gora txakurrarekin joandako batean, sastrakak jaten hasitako etxe eskeleto bat aurkitu zuen Lilak txaleten bidetik apur bat desbideratuz. Nonbait, eraikuntza enpresa zapokeriaren batean harrapatu eta ez atzera ez aurrera gelditu zen, esan zion Pacok, kanpineko tabernako zerbitzariak, aurkikuntzaren berri eman zionean.
— Nagusia kartzelan dago, eta kostako zaio ateratzea… Hona etortzen zen iluntze batzuetan bere sozioekin gin-tonicak hartzera… Belaontzia ere konfiskatu diotela jakin dut, izorra dadila. Ez zaitez inoiz fidatu larruzko oinetakoak galtzerdirik gabe eramaten dituen norbaitez, ume.
Zimenduak baino pixka bat gehiago zen: bi pisu, hormigoia kanpoan, adreilua barruan. Iratze lerdenek inguratzen zuten etxe hondakin hura. Bete-bete egindako hortentsiak hazten ziren han-hemenka. Zementuzko hodi handiak. Bidoi urdinak. Zakuak. Atikora igotzeko eskailera eraiki gabe zegoen, baina teilatuak osatutako erpinaren azpian, leihate erraldoi bat ipintzeko hutsunea antzeman zitekeen. Han goitik itsasoa ikusiko zen.
Txakurrarekin pasieran irtendakoan hara joaten hasi zen. Gero, etxe parean jarri eta zigarro bat erretzen zuen. Bazkalosteko argia trabeska sartzen zen barrualdea urreztatuz. Amets baten eszenatokia zirudien.
June ezagutu zuen urtean egin zuen aurkikuntza, eta erakutsi zionean bera ere liluratuta gelditu zen. Begiak apenas amiņi bat itxita, etxe hura bukaturik eta bizigarri irudika zitekeen. Uda hartan, zigarro artean, espazio hura hartu zuten bi neskek: pareo batekin sarrerako atea itxuratu zuten, eta maindire zuri handi batetik puskak aterata egongelako leihoak. Harroen, sofak sentiarazi zituen: zaborretan aurkitutako koltxoi bat bitan partitu eta krema koloreko koltxa zahar batean bilduz oinarria egin zuten; bizkarra ohe-buru akoltxatu bat zen, Lilaren amaren nobioak txatartegitik hartutakoa. Bazar txinatarrean erositako kuxin parea eta kandelak izan ziren neskek egin zuten gastu bakarra.
Han, tiktokak egin zituzten, Omeglen sartu ziren eta hala moduzko ingelesez hitz egin zuten mundu zabaleko batez ere gizon durduzagarriekin; zigarroak utzi zituzten eta vaperrera zaletu ziren; festan atera aurretik, makillatzeko tutorialak ikusi eta, supermerkatuetatik lapurtutako lapitz eta hauts arsenalarekin, ezpainak gizendu, sudurra tentetu eta kokotsa kamustu zuten; behin, bion adatsekin trentza bakar bat egin eta arratsalde osoa eman zuten elkarri itsatsita, hanka hankaren kontra eta aurpegiak bat eginda, askatu ez zedin. Euria ari zuenean, zementuzko hodietan aterpetzen ziren.
Lilak hamabost urterekin egin zuen larrutan lehen aldiz, bera baino bederatzi urte zaharragoa zen eta kanpineko jatetxean lan egiten zuen sukaldari holandar batekin.
— Nola da posible? Ez zitzaidan gustatu, min eman zidan, gaizki tratatu ninduen eta, hala ere, bere pakete putarekin akordatu eta oilo baten moduan berotzen naiz oraindik.
Horrela ezagutu zuen Junek Lila: motor handi bat zeukan eta batera eta bestera izozkiak eta sushia jatera eramaten zuen mutil harekin burua galduta. Junek jaso zituen lagunaren hondakinak holandarrak lana utzi eta bere bidaiarekin jarraitzea erabaki zuenean. Garaitsu hartan baita ere, eta bizitza zertan zetzan ulertu asmoz desioak gidatuta baino gehiago, Junek etxepeko bizilagun batekin jo zuen larrua goiz txoro batean: bera baino urte pare bat zaharragoa zen eta hura eta gero, eskaileretan topo eginda ere, ez zuten gehiago elkar agurtu.
Denbora askoan, ez bata ez bestea ez ziren inorekin serioski katramilatu, ez behintzat eskumuturretan ebakiak egin nahi izateraino.
Lilak, baina, ezin zuen ebitatu tipoak erakartzea. Berezkoa zuela esan zitekeen: nonbait, edonon, bere presentzia jokoan sartu orduko energia aldatzen zen. Ezin esan jendearen harekiko begirada ote zen aldaketa hura zekarrena edo, gainean jarriko zitzaion begi saldo hura aurreikusita, bera ote zen neurriak hartu eta kartak banatzen zituena. Junek askotan ikusi zuen egiten: jende multzo bat taberna batean, Lila talde horren perimetroa zulatzen, elektrizitatea eraldatzen, harrapakari bat edo bi berarengana hurbiltzen, Lila lepoa luzatuta harkor itxura ematen, tipo bat oilartuta esateko ergelkeriaren bat prestatzen, Lila tipoa umiliatzen:
— Jaso zure zakila, ez dut irristatu nahi.
Jarraian, beti errematatzen zuen jokaldia esaldi berarekin:
— Nigatik eta nire lagun guztiengatik!
June ere saiatzen zen berdin jarduten errebotean iristen zitzaizkionekin, baina begietara begiratu orduko bigundu egiten zen eta, maiz, muxu busti bat edota ukitze lizunen bat oparitzen zuen. June Lilaren trasunto, June Lilaren medium. Inuzente haiek Lilaren hozkailuan ikusitako galeper lumatu gabeak akordarazten zizkioten Juneri. Inpresio handia eragin zioten eta Lilak lasaitu egin zuen esanez ez zituztela jango, aitak dibertsioagatik ehizatzen zituela, baina ez zeukala pazientzia nahikorik haiek lumatzeko eta oilategiren batean bukatuko zutela usaina botatzen hasterako.
— Bazenekien oiloek kanibalismoa praktikatzen zutela?
Beraien arteko laguntasuna mutil ororen gainetik jartzeko tratua egin zuten etxe efimero hartan. jbl entzungailu txiki bat piztuta zuten etengabe, Bad Bunny eta Jul entzuten zituzten deprimitzeraino, eta orduan, zorionaren goia ukitu izana sentitzen zuten.
Zutabeetako batean haien izenak marraztu zituzten bihotz baten barruan eta acab idatzi zuten gau batez, Irunen haiekin jostaketetan ari zen mutil kuadrilla bat poliziak zirela deskubritu eta gero. Gauez atera aurretik, vodka eta Kas laranja edaten zuten, festan zegoen herriren batera joateko adore nahikoa bildu arte. Hitzetan jarri ez arren, bazekiten gaua dezepzionagarria izango zela, batak besteari begira sortutako zirkuitu itxiarekin nahikoa zutela mundu hura mendean hartzeko.
Lilak gelezko azkazal zuri luzeak ipini zituen, ertz borobildukoak; Junek, arrosak, marra fin zuriekin. Irtetean, zerura begira jarri zituzten eskuak, zabalik. Boteretsu sentitzen ziren. Motorrean, oihuka hitz egiten zuten. Bezperan kanpinean ezagutu zituzten bi mutilekin entretenitzeko gogoz zeuden.
— Eta ezin badute etorri? —galdetu zuen Junek.
— Ezin badute etorri, que se jodan.
— Ez dakit zein gustatzen zaidan gehiago.
— Nik ere ez.
— Gustatzen zaizkidan ere ez dakit.
— Nik ere ez. Probatu egin behar.
Errugbi ekipo batekoak ziren. Moztakak, sama zabalak. Anaiak zirela jakin zuten kanpineko igerileku ertzean berriketan ari zirela, urtebeteko aldea zutela, entrenadoreak ez ziela esparrutik baimenik gabe irteten uzten.
Betazal kolpe pare batekin eta atzerantz pauso bat emanda zuzendu zuen Lilak elkarrizketaren norabidea:
— Zer ordutan eta non? —galdetu zion anaia zaharrenak.
— Geuk eramango zaituztegu, leku sekretu batean da.
Kanpinaren atzealdean egin zuten hitzordua. Mutilak bainujantziarekin eta ekipoko polo zuriarekin jantzita agertu ziren.
— Itxaron —esan zien Lilak.
Bungalowra joan zen korrika batean June beraiekin utzita. Zurrunduta zeuden hirurak.
Bi oihal zatirekin itzuli zen Lila eta azalpenik eman gabe begiak estali zizkien eta eskutik helduta mendian gora eraman zituzten. Etxe parera iritsi zirenean, atari aurrean ipini eta geldirik egoteko eskatu zieten. Zakila ukitu zieten pixka bat gogortu arte.
— Ea asmatzen duzuen nork ukitu duen nor? —esan zuen Junek.
Mutilek zapiak kendu zituzten begietatik. Erekzio handi bana zuten.
— Zuk? —esan zuen gazteenak Lilari begira.
— Auskalo —erantzun zion—. Oso antzekoak zarete. Biei begira jarri eta begiak pixka bat okertuta bakar bat egin dezaket zuok biokin.
Begi okerrak ere ongi geratzen zitzaizkion Lilari.
June lotsatu egin zen. Bera izan zen.
Lilak tonua altxatu zuen eta harrera egin zien bi mutilei, sartzera gonbidatuz:
— Hauxe da gure jauregia. Hemen utz ditzakezue zuen kopazko kapelak —esan zuen gorputza eta azkazal zuri luze inposibleekiko eskuak aberats batek bezala mugituz—. Hau sukaldea dugu. Geroxeago etorriko da sukaldaria, sushi ikastaro bat egiten ari da gaur. Goian gure logela, gonbidatuen logela eta haurren logelak daude, baina zaudete lasai, kanpoan dira: Alemanian ematen dute uda, zalditegia ere baden kanpaleku batean —maindirea apartatu zuen leihotik—, oso zaldun trebeak dira dagoeneko —begia kliskatu zuen—: eta… hemendik ikusten duzuen guztia geurea da, nire emazte maite Junerena eta nirea. Dena. Azken belar izpiraino. Ez al da laostia?
Zementu zaku batzuetara igota eta hanka puntetan jarrita itsasoa ikusten zen. Lila isilik gelditu zen urdin ilunari begira. Iluntzen ari zuen eta aitaren hodeiertz begiradarekin itzuli zen taldera.
— Plazer baduzue, aperitifa har dezakegu egongela xarmant honetan —esan zuen Junek, Lilak distantzia laburra berreskuratu bitartean.
Fruta kutxetan eserarazi zituzten mutilak. Neskak sofan etzan ziren. Junek Lilaren ilea laztantzen zuen, baita bere izterra ere. Bularraren ertza ere marraztu zion hatz puntekin. Mutilak musugorrituta zeuden.
Ordubete baino lehen mozkortuta zeuden guztiak. Musukatzen hasi ziren. Felazio bat eskatu zion zaharrenak Juneri. Junek filmetan ikusitako mugimenduak imitatzen zituen bitartean, Lila sentitu zuen begira, dezepziozkoa iruditu zitzaion aurpegierarekin. Mingotsa zegoen, eta beste ezer ez.
— Zerbait gertatzen zaizu? —galdetu zion Junek Lilari mutil haiek agurtu eta gero.
Lilak etxe atariraino eraman zuen motorrez:
— Ezer ez. Gauza bat eskatu nahi dizut. Zuk kontrakoa diozun arren, bihar... bihar tren horretara igotzen zarenean... badakit aldendu egingo garela, baina… Guardia jaisten badut, guardia jaitsi dudala ikusten baduzu, esan egingo didazu, bai?
— Zer esan nahi duzu?
— Esaten ari naizena, beste ezer ez.
— Haserre al zaude?
— Triste nago. Oso triste. Eta hala nagoenetan erasokor jartzen naiz. Uste nuen bazenekiela.
— Laster itzuliko naiz.
— Baina ez zara berbera izango.
Junek besarkatu egin zuen eta muxu eman zion masailean.
— Garbitu aho hori ni musukatu aurretik, conasse.
— Maite zaitut.
— Nik ere bai.
— Ez… Badakizu ez zaidala gustatzen errebotez esatea…
— Maite zaitut.
— Puta.
— Zorra.
Junek bere aitaren izeba zahar baten etxean hartu zuen ostatu Bordelen. Amonak bilatu zuen konponketa, bilobaren ikasketak merkeago atera zitezen. Belaunetako arazo bat zela eta, andre hark ezin zuen apenas ibili eta arima errari baten modura lerratzen zen korridoretik atzera eta aurrera, amoniako usaina txoko guztietatik barreiatuz.
Eskolan jende berria ezagutzearen poderioz, berak ere berritu beharra sentitu zuen. Hango neska erakargarrienei ikasi bezala, ile luzea belarri azpiraino moztu eta antzoki zahar bateko gortinen moduko flekilloa egin zuen. Elkarrekin bazkaltzen zuten eskolako eskaileretan nork bere etxetik tuperretan eramandakoa. Ordura arte, Junek ez zion jatekoari arretarik eskaini, eta lehenengo aldiz lotsatu egin zen bere glutendun pasta eta saltxitxez. Bordelen, jatekoa zaintzen eta fintzen hasi zen, tea eta ardoa edaten ikasi zuen, esertzean bizkarra tentetzen, couscous royale bat dastatu zuen lehenengo aldiz, ulertzen ez zituen filmak ikusi zituen, gustatzen ez zitzaion musika entzuten ikasi zuen.
Thomas izeneko mutil batekin maitemindu eta Gabonetan bere burua aurkitu zuen haren gurasoen etxean indioilar betea afaltzen. Telefonoz hitz egiten zuten arren, oso denbora gutxian, Lila eta Juneren arteko komunikazioa baldartu egin zen: Junek bere bizitza berriaren adrenalina ezkutatzen zuen, esate hutsak aho-sabaia burbuilaz betetzen zioten Chloe Emma Heloīse Arthur Tom Max izenek zekarten unibertsoa isilduz; Lilak, bere aldetik, aharrausiekin azpimarratzen zuen egunerokotasunaren asperdura, ez hain aspaldi astakeriaren bat esanda lehertuko zukeen isiltasunean eroso.
Asteburuetan, Lila kanpineko harreran hasi zen lanean eta konturatzerako ia urtebete pasatu zuten elkar ikusi gabe.
— Zer egin behar duzu zure urtebetetze egunean? —galdetu zion Junek mezuz, jakinda galdera mingarria izango zela.
— Koktel bat eskainiko dut auzokoentzat nire yatean. Bad Bunnyk kontzertu txiki bat emango du bertan eta, amaitzeko, su festa. Baldintza bakarra zuriz jantzita etortzea da. Gonbidatuta zaude, nahi?
— Bai, egun horretan bueltatzen naiz eta.
Larunbat hartan Lilak jai eskatu zuen kanpinean eta Juneren bila joan zen motorrez tren geltokira. Ikusi bezain pronto, kaskoa erantzi, berarengana lasterka joan eta txakurtxo batek bezala usnatu zuen. June harritu egin zen laguna gehiago faltan hartu ez izanaz. Beti bezain eder, egiazko eta basati zegoen.
Lilak ile mozkera aztertu zion:
— Ongi gelditzen zaizu, la classe.
Motor gainean joan ziren kanpineraino. Maiatza zen eta oraindik ez zegoen udatiarrik, kanpineko bizilagunak soilik. Igerilekuan bainatu ziren eta petrilaren gainean etzanda lehortu, burua buruaren kontra, kostata berotzen zuen eguzki zuriaren azpian. Oilasko errea, Coca-Colak eta patata frijituak eskatu zituzten telefonoz, eta Lilaren aitarekin bazkaldu zuten bungalow atarian. Bazkariaren erdian, amaren bideo-dei bat jaso zuen Lilak. Sofan zeuden batzuk besteen gainean giza menditxo bat itxuratuz: ama, gizona, anaiordeak. Lilak mobila mugitu zuen Junek agurtu zitzan, Xabi planotik kanpo mantenduz. Mutikoek urtebetetzerako egindako marrazkiak erakutsi zizkioten Lilari. Gero, kantatu egin zioten denok batera. Xabik ez, Xabi sukaldera sartu zen eta plastikozko kutxa batean zetorren pastel batekin irten zen. Bideo-deia amaitu zenean, bengala bat piztu eta tartaren erdian iltzatu zuen.
— Gaur gauean meteoro euria iragarrita dago. Zure egunean, horrek zerbait esan nahi du —esan zion Lilari—. Badakizu ez naizela opariak egiten ona, baina dirua emango dizut eta zeuk erosi nahi duzuna, ados? Erretiratu egingo naiz, zuen baimenarekin —eta altxatzerakoan, esku beltzaranak alabaren sorbaldetan ipini zituen. Lilak eskutik heldu zion, joan ez zedin, eta Juneri inbidiagarria iruditu zitzaion giza forma arraro bat osatu zuten bien artean, Xabik buruan muxu emanez alde egin zuen arte.
Biak bakarrik gelditu bezain pronto, Junek bere lagun berrien Bordeleko denda kuttunean erositako oparia eman zion Lilari. Estraza paperean bilduta zegoen eta lore lehor sorta txiki bat zeukan itsatsita. Lilak bere azkazal luzeekin zabaldu zuen maina handiz. Mahuka motzeko marradun soineko bat zen.
— Ona ematen du —esan zuen, eta masailaren kontra igurtzi zuen oihala—. Garesti usaina dauka.
Ipini zuenean, ikusten ikasten ari zen pelikula horietako edozeinetako aktore iragarrezin eta hipnotikoen pareko iruditu zitzaion Lila Juneri.
— Zuretzat egina dirudi —esan zion sentitu zuen lilura itoz.
Lilaren benetako distiraz eta enigmaz bera bakarrik zela jakitun iruditzen zitzaion. Mundu zabalari erakutsi nahi lioke eta aldi berean berarentzat bakarrik gorde. Berarengandik ikasten jarraitu nahi zuen isilean, ohartu zen.
— Zer moduz zure mutilarekin? Nola da, Thomas? —galdetu zion Lilak.
— Bai, ongi. Asteburuetan bakarrik elkartzen gara. Berak asko ikasten du, gurasoak oso atzean ditu, eta azterketarik ez badu ostiraletan bere etxean egiten dut lo, larunbatetan ere bai. Astean zehar waterpoloan entrenatzen du gainera.
Irteten hasi eta gutxira, Junek Thomasen argazki bat bidali zion, ez edozein, Lilari erakusteko moduko bat baizik: elastiko ilun maiztu batekin agertzen zen, ilea nahasita. Esnatu berri zegoen, etxerako erabiltzen zituen arropekin jantzita. Bestela alkandora edo poloa eta galtza txinoak erabiltzen zituen, Lilak burla egingo ziokeen.
— Eta zer moduz…? —Lilak zirkulu bat egin zuen hatz erakusle eta potoloarekin, eta beste eskuko hatza zirkuluan sartu eta atera zuen.
— Ongi. Baina oso edukatua da.
— Ze zentzutan?
— Ohean bakarrik egin nahi du…
— Familia dirudunekoa al da?
— Oraindik ez dakit neurtzen. Gure ondoan bai, baina hori ez da asko esatea.
June ezeroso sentitu zen Lilarekin Thomasi buruz hizketan.
— Eta zu?
— Aipatu nizun tipo horrekin erdi liatuta nabil, Gabi, kantaria… Tipoa oso engantxatuta dago nirekin, pelma jartzen hasi da. Lokal bat dauka Hondarribian bizitzeko bezala jarrita eta berarekin joatea nahi du…
— Ya?
— Bai. Nik ez dut nahi. Gainera ez zait bluesa gustatzen. Ez dut soportatzen… Nik ikastea nahi du eta kaka hori guztia —eskuetatik heldu zion, bere hatz fin azkazal luzekoekin Juneren esku ahurrak laztanduz—. Ya ez dituzu azkazalak egiten?
— Ez… Bordelen oso garestia da. Baina ari zara, ez? Ikasten, diot —galdetu zion Junek arinkeriaz bezala.
— Bai, baina nahi baino motelago. Lanarekin eta urrutira ez da hain erraza. Eta Gabiri dirudienez ez zaio nahikoa iruditzen albaitari laguntzaile izateko ikastea.
Junek bistaz ezagutzen zuen Lilaren tipoa, kanpinean ikusi zuen behin, kontzertu bat ematen. Hogeita hamarren bueltan ibiliko zen festazale dotore bat zen.
— Hain ongi gelditzen zaizu… —esan zion Junek soinekoaren mahuka bat atonduz—. Gure etxea… Nola dagoen jakin nahiko nuke.
— Aspaldi da ez naizela handik pasatzen. Gabon bueltan joan nintzen azken aldiz, baina pasabidea itxita zegoen. Lanean ari ziren kamioiekin eta.
— Joango al gara?
— Metalezko hesi bat zegoen eta ezin zen sartu.
— Goazen, hala ere. Mesedez. Ikusi egin nahi dut.
Betiko bidea aldatuta zegoen, baina Lilak ongi ezagutzen zuen ingurua. June kemendu egin zen belar haziak hanketan gora sentitzean.
Sigi-saga igotzen zen errepidetik joan behar izan zuten, dozena bat txaleten aurretik pasatuz. Hain aspaldi ez zela sastrakak eta belar txarrak janda zegoen lur puska hartxintxarrarekin zelaituta aurkitu zuten. Aurrera egin zuten, “Jabetza pribatua” jartzen zuen hesolazko hesi lotsati batek bidea eten zien arte. Begira-begira gelditu ziren. Lehen bidoiak zeuden lekuan, orain igerileku borobil bat zegoen, bi hamaka, ohe puzgarri bat.
— Norbait bizi da! —esan zuen Junek.
— Hain azkar?
Etxeari so gelditu ziren isilik. Hesitik hogeita bost bat metrora bakarrik zegoen eta hala ere hain urruti. Egurrezko ate urdin bat, lehen pareoak estalitako zuloan. Surfiniak leihoetan. Etxearen alde banatan, zuhaixka aldatu berriak loreontzi handietan. Denborak eta klimak ez zuten oraindik haien arrastoa utzi eta tamaina errealeko maketa bat zirudien guztiak, irrealegi eta berriegi ederra izateko.
— Okupa zikinak —esan zuen Junek.
— Nor bizi den jakin nahi dut.
— Nik ere bai.
Junek txirrina jo zuen.
Emakume batek ireki zuen atea. Garaia eta argala, ile luze gaztainkara belarrien atzean ipinita zeraman, marra erdian. Hesira hurbildu zen, ilaun, motel, eskua bekainen gainean jarrita, ilunpe handi batetik baletor bezala. Soineko luze soil bat zeraman.
— Bai?
Junek hartu zuen hitza:
— Kaixo. Begira. Bizilagunak gara. Beheraxeagokoak. Zuek orain bizi zareten etxe hau… Jakingo duzu… utzita egon zen denbora askoan… Geu etortzen ginen hona, denbora luzaz… Zaintzera, baita ere. Landareak jarri genituen atarian. Leihoak eta ateak ere bai… Geure —dar-dar egin zion ahotsak— etxea zen, nolabait ere… Eta geure buruari galdetzen genion…
— Geure buruari galdetzen genion, atrebimendu handiegia ote litzatekeen… Poz handia emango liguke barrutik benetan nolakoa den ikusteak, ez gure irudimenean bakarrik. Baina, soberan dago esatea, ez duzu zertan bi ezezagun etxean sartzen utzi…
Gizon bat atera zen etxetik, urrats bakoitzean zarata handia eginez hartxintxarrekin. Haren ondoan, andreak hegan egin izana zirudien. Besoarekin inguratu zuen. Guapoak ziren biak, baina adorea galtzen hasitakoak.
— Neska hauek bizilagunak dira… etxea barrutik ezagutu nahi dute. Hemen ibiltzen omen ziren jolasean umetan.
— Lehengo udara arte —esan zuen Junek.
— Nola ez ba —eta erreberentzia trakets bat eginez pasarazi zituen gizonak.
Juneri iruditu zitzaion Lilari begiratu bezain pronto erabaki zuela gizonak sartzen uztea.
— Ni Marta naiz —esan zuen Junek.
— Eta ni Anna, bi enerekin —Lilak.
— Karla eta Ander gara, aurrera.
Espazio zabal eta argitsu batera igaro ziren. Sofa handi batek bereizten zituen bi zonalde: ezkerrean, sukaldea, sei taburetek inguratutako irla bat zuena; eskuinean egongela, eta hormarik handienean, mihise bat, itsaso bizi batena. Ia dena zen krema eta grisa, baita egurrezko altzariak ere. Han jarraitzen zuen inoiz haien aldarriak jaso zituen zutabeak. Laztandu egin zuen Lilak.
— Telmo, Paul! —egin zuen oihu Karlak gorantz begira, eta adinez elkarren segidako bi mutiko ilehori eta begi-urdin agertu ziren.
— Desiratzearen poderioz nahi duzuna lortzen duzun emakume horietako bat zara, ezta? Zuek beltzaranak izanagatik zergatik ez ume nordikoak eduki? —esan zuen Lilak tuntun plantak eginez.
— Et, et, et! Ni umetan errubioa nintzen, ezta, laztana? —argitu zuen Anderrek.
— Egia esan, sinesmen automugatzaileak oso kaltegarriak dira —erantzun zuen Karlak pentsakor—. Bai. Oso, gainera.
— Eta hemen komun txiki bat dugu —jarraitu zuen Anderrek.
Menda usaineko komun bat erakutsi zien, menda kolorekoa.
— Etxea ez da hain handia ere… —esan zuen Anderrek.
Eskaileretan gora joan ziren. Senar-emazteak aurretik eta neskak atzetik, eskua elkarri estutuz, morse bidez komunikatzen ariko balira bezala.
— Hau mutikoen gela da —esan zuen Karlak atea zabalduz—. Koskortzen direnean bitan partituko dugu. Hasieratik aurreikusi genuen horrela eta arkitektoak argi dauka nola egin.
Alde batera, jolasteko zonaldea: koltxoneta bat, egurrezko bi zaldi, orotariko jostailuak. Bestera, bi ohe, bi edredoi marra txuri-urdinekin, erdian mesanotxe bat, eta hormetan, txakur arraza ezberdinak irudikatzen zituzten laminak.
— Eta hau gure logela —Anderrek harro—: La joya de la corona.
Atea zabaldu zuenean oldartu zitzaien argitasunak itsutu egin zituen. Laurek egin zuten begiak ixteko keinua. Pare-parean leihate bat zeukaten, eta bestaldean, itsasoa, distiratsu. Hurbildu eta begira-begira gelditu ziren, bakoitza isiltasun ezberdin batekin, bakoitza itsaso ezberdin bat ikusiz.
— Izugarria da —esan zuen Junek adeitsu agertu nahian.
— Bai. Hala da.
— Beti pentsatu izan dut zer egiten duen jendeak halako ohe batera sartzean hainbeste kuxinekin, lurrera bota? —galdetu zien Lilak baretasuna hautsiz eta aldizkari batekoa zirudien oheari beha.
— Galdera ona —esan zuen Anderrek andrea zirikatuz.
— Berak bai, lurrera botako lituzke —erantzun zuen Karlak—. Zorionez, ni bera baino goizago sartu ohi naiz eta aulki horretan jartzen ditut pilatuta.
Hormaren kontra zegoen aulki tapizatu bat seinalatu zuen: argiztatuta zegoen antzoki baten moduan.
Haurretako bat eskaileretan gora igo zen zalaparta handia ateraz, janari eskean.
— Mutiko hauek gosetuta daude dagoeneko —esan zuen Karlak—. Behera noa.
— Komunera joan al naiteke? —galdetu zuen Junek.
— Jakina, hor duzu —esan zuen Anderrek apur bat ezeroso logela barruan zegoen atea seinalatuz. Labanda koloreko bainugela bat zen, labanda usainekoa, jacuzzi bat leiho azpian.
Bakarrik zeuden logelan eta Lila Anderri begira gelditu zen, normala zena baino apenas segundo bat gehiago. Gero, betazal kolpe hura, sortutako korrontea etenez.
— Gera zaitezte —erantsi zuen Anderrek apur bat aztoratuta June komunetik irten zenean.
Eskailerak jaisterako, magiaz bezala, Karlak marrubi irabiatu pitxar bat eta bizkotxo bat ipiniak zituen sukaldeko irlaren gainean.
— Zertan egiten duzue lan? —galdetu zuen Junek.
— Zuk esan —esan zuen Karlak senarrari labanarekin keinu eginez, bizkotxoa zatitu bitartean.
— Olatu artifizialak sortzen dituen enpresa batean —esan zuen gizonak solemne.
— Guau! Zer da hori? —Lilak, haurretako baten buruan azkazal puntekin masajea ematen ari zela. Haurra trantzean zegoen, aho-zabalik.
— Igerilekuak egiten ditugu, munduan zehar, olatu artifizialekikoak. Karlak sail komertzialean egiten du lan eta ni ingeniaria naiz. Partikularrentzat egiten ditugu nagusiki, baina ez bakarrik; hazten ari den negozio bat da. Azken igerilekua, adibidez, Australian egin dugu, Sydneyn. Bezeroa, rantxo batean bizi den ardoaren enpresari bat, oso surfzalea, hondartzaraino joan eta hondarrarekin zikindu partez, olatuak etxera eraman dituena. Zulo handi bat egin, olatuak egiten dituen makina zulo horretan sartu, eta gero, urez estaltzen dugu. Eta tipoak surfeatu nahi duenean, botoi bat sakatzen du, eta hantxe ditu olatuak. Eta aspertzen denean, botoiari atzera eragin eta itzali egiten ditu. Txinpun.
— Horrelakoa irudikatzen zenuten etxea, neskak? —galdetu zuen kolpetik nekatuta zirudien Karlak.
— Ez dakit —esan zuen Junek—. Gurea zenean ere hemen geneukan egongela… Baina sofa hemen zegoen gutxi gorabehera, ezta, …Anna?
— Bai —Lilak begiak ņarrotu zituen—. Hemen… —esan zuen zutituz eta haurra apartatuz—. Hementxe bertan… —bi mutikoak kilim alfonbra seinalatzen zuen Lilaren hatzari begira zeuden—. Hemen jan ziguten alua tipo haiek, gogoratzen? A ze gaua. Ederra benetan.
— Sekulako itsua generaman eta ez dut gauza handirik gogoan… Baina zonalde hori… Hor ez al zen etxegabe hark kaka egiten zuen lekua? —esan zuen Junek irakurketa txokoa zirudienari keinu eginez—. A ze mokordoak.
Karlak irlako kaxoi batetik iPhonea atera, haurrei eman eta gora joateko eskatu zien. Hala egin zuten, bizkotxo papur asko bidean botaz.
— Ordu erdi! Kronometratzen ari naiz —esan zuen andreak lepoa eskailerarantz asko luzatuta. Gero, neskei gogor begira, esan zuen—: Eta noren alabak zarete?
— Xabi eta Christinerena —esan zuen Lilak serio hatza tentetuta.
— Zein etxetakoak? —galdetu zuen Anderrek.
Lilak desafiatzaile begiratu zion Anderri eta ez zuen erantzun. Orduan, gizonak Junerengana jiratu zuen aurpegia.
— Zu ere ez zara hemengoa, ezta? —esan zuen bat-batean neskari goitik behera begiratuz—. Zu oraindik eta gutxiago zara hemengoa…
— Luzatzen ari da kontu hau, maitea —esan zuen Karlak desairez, eta eskaileretan gora joan zen.
Anderrek irabiatu basokada txiki bat gehiago hartu eta patxada handiz edan zuen Lilak eta Junek azken bizkotxo muturra partekatu bitartean. Gero, kanpoko hesiraino lagundu zituen. Iluntzen hasia zen. Alde egin aurretik, Lilak aurpegia ipini zuen Anderrek agur muxua eman ziezaion.
— Etorri bisitan, nahi duzuenean —esan zien.
Uzkurtuta egonagatik, benetan ari zela zirudien.
Neskak begira gelditu zitzaizkion etxera sartu zen arte. Atea ireki aurretik bizkarra luzatu zuen eta sorbaldak zuzendu zituen. Itxi bezain pronto, Lila eta June barrez lehertu ziren eta korrika atera ziren eremu hartatik.
Arnasarik gabe gelditu zirenean, Junek, patrikan sartu zuen eskua:
— Zuretzat —esan zion Lilari.
— Guau!
— Konketa gainean zeuden. Aurkitu egin ditudala esan genezake.
Lilak belarritakoak jantzi zituen. Bi hosto urrekara ziren.
— Eskerrik asko...
Erdi oinez erdi lasterka egin zuten kanpinerainoko bidea. Han, Lilak motorra hartu eta etxe atariraino eraman zuen laguna. Kaskoak erantzi zituzten elkar agurtzeko.
— Ze guapa zaren —esan zion Junek lotsa moduko batekin, supituki, hain hurbil egongo ziren azken aldia zela jakinda—. Ze enigmatikoa eta berezia.
Lilak ez entzunarena egin zuen:
— Mesede bat eskatu nahi dizut… Ez dakit noiz ikusiko dugun elkar berriro, baina…
— Bihar?
— Bihar lan egin behar dut —esan zion Lilak hotz.
— Zerbait gertatzen zaizu?
— Zer gertatuko zait ba? Ezer ez… triste nagoela, badakizu.
Junek besarkatu egin zuen:
— Nahi duzuna izan zaitezke…
— Ez zaitez berriro horrekin hasi. Naizena izan nahi dut, gutxi iruditzen? Agian arazoa zeuk daukazu —erantzun zion Lilak—. Nik ez dut ametsetan sinesten.
— Ez haserretu. Barkatu. Zer eskatu nahi zenidan?
— Ezer ez.
— Esan.
— Guardia jaisten badut… —esan zion Lilak motorra piztean.
— Badakizu baietz.
Baina ordurako June eta Lilaren erruinak ziren hizketan.
Kanpinera itzuli zenean, bakarrik, kanpineko bizilagun ugari petrilean eserita zeuden zerura begira garagardoak eskuetan. Lilak aita bilatu zuen begiradarekin, baina ez zuen aurkitu. Zerura begira gelditu zen, bera ere sorginduta: argizko bola batzuek ilunpea zartatu zuten eta gero, irudimenaren gauza balitz bezala, espanturik gabe, belztu egin zen dena.
Zaratarik egin gabe sartu zen bungalowra. Aitaren logelara joan zen zuzenean. Ohean zegoen, lo. Belarritakoak mesanotxean utziz eta soineko berria kendu gabe, berarekin sartu zen eta atzetik besarkatuta hartu zuen loak.