Dena zulo bera zen
Dena zulo bera zen
2025, narrazioa
196 orrialde
978-84-19570-48-2
Azala eta marrazkiak: Arrate Rodriguez
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2021, nobela
2019, saiakera
2017, narrazioak
2007, narrazioak
2004, narrazioak
Dena zulo bera zen
2025, narrazioa
196 orrialde
978-84-19570-48-2
aurkibidea
 

 

 

Zuloa

 

 

Jonen aitona jaio zen baserrian bizi ginen. Inoiz baserri izandakoaren puska txiki batean, haren seme-alabak eta bilobak zatika joan ziren saltzen eta. Lehendabizi Jonen aitak eutsi zion bere puskari. Ondoren, Jonen gurasoak hil zirenean, Jon izan zen puska txiki hura gorde nahi izan zuen senide bakarra, eta eskerrak. Horretarako, bankuan kreditu bat eskatu eta bere bi anaiei 35.000na euro ordaindu zizkien.

      Hasieran ukuilua esaten zion, despetxo suerte batekin, noizbait behiak gorde izan zituelako, baina baita egoera txarrean zegoelako ere. Txukundu genuenean, apartamentua esaten hasi zitzaion. Niri oporretarako toki bat etortzen zitzaidan burura entzuten nuenean; gero ohitu egin nintzen eta ni ere berdin deitzen hasi nintzaion.

      Gutaz aparte, bi familia bizi ziren eraikinean. Batzuk, baserriaren goiko solairuan, besteak, gure aldamenean. Ez geneukan harreman handirik, ez batzuekin ez besteekin; arloteak bagina bezala begiratzen ziguten aberaskiloak ziren. Baina guri bost. Zoriontsu ginen geure modura, eta haiek ez, eurenera.

      Urteak pasatu ziren Jonek operazio hura egin zuenez geroztik. Hala esaten zion beti, operazio, eta askotan aipatzen genuen, eta ospatu ere bai. Orain bikoitza edo hirukoitza balio du. Jon anaiekin akordio horretara iritsi ezean, gu ezingo ginatekeen inolaz ere Donostian bizi, eta beste edonon bizitzeko ere lanak. Etxetik atera eta zementu eta belarrezko eremu txiki bat genuen, aparkaleku eta terraza lanak egiten zituena. Sekulako bista zegoen: Groseko badia ikusten zen, eta ilunabarretan, zerua gorritzen zenean, dragoiak pasatu zirela esatea gustatzen zitzaigun. Ikusi al dituzu dragoiak zerutik pasatzen?, galdetzen zidan berak, edo Gaur dragoiak presarik gabe ibili dira, nik.

      Bizi ginen lekua goraipatzen genuen bakoitzean, Jonek arbasoak eta haurtzaroa eta aberria bezalako hitzak aipatzen zituen, sentimendu handiz. Oso loturik zegoen toki hartara eta min egiten zion dirua zeukan jendilajearen artean zatituta ikusteak. Nire aitona berrogeita hamar abelburu izatera iritsi zen, imajina dezakezu zer den hori?, galdetzen zidan atsekabez. Baserria osoki bere familiarena zen garaiko argazki zahar bat gordetzen zuen, enmarkatu eta sarreran jarri genuena. Nik esaten nion, Erromantiko hutsa zara eta hori ongi dago, zure sustraiak maite dituzu. Eta berak ezetz buruarekin, Gure herriarenak egin du, esaten zuen, Guk ez bezala haiek badakite animaliak eskuekin akabatzen… alferrik ari gara bertso txikietan. Kanpotarrei esaten zien haiek. Jonek banaketa enpresa batentzat egiten zuen lan, non gehienak etorkinak ziren. Animaliena ez zuen gaiztoz esaten, miresmenetik baizik. Lurrarekiko harremana galtzea herri baten akabera zela. Asko sufritzen zuen horrekin.

      Etxe hartara bizitzera sartu ginenean abandonatuta zegoen kasik. Sasoi hartan lanean ari ginen biok, baina lanetik irtendakoan eta asteburuetan han aritzen ginen jo eta fuego. Lau sosekin atondu genuen urtebetean, ia osorik geure kabuz: barrua kinkailaz garbitu, lurrak eta hormak berdindu, sintasola jarri, dena margotu… Logela bat atera genion eta egongela bat, sukalde amerikar horietako batekin. Obra egiten ari ginen bitartean bertan bizi ginen, alokairua aurrezteko. Batzuetan, hainbesteko hautsa sortzen genuen, koltxoia laneko furgonetan sartu eta han gelditzen ginen lotan. Baina halako batean, bukatu egin genuen. Oso harro geunden eta ez zen gutxiagorako.

      Eta orduan, dena ongi zihoala zirudienean, lana galdu nuen. Kalean, bizimodu aldrebesa zeramaten gazteak laguntzen zituen erakunde batean nengoen. Baina arduradunak, unibertsitatetik atera berri zen Lorea izeneko neska hotz batek, gazte asko gaur egun diren bezain hotza, esan zidan gehiegi inplikatzen nintzela, eta bota egin ninduen. Gehiegi enpatizatzen duzu, esan zidan. Eta bota egin ninduen. Egun hartan, kosta egin zitzaidan etxera itzultzea. Hasieran lotsa sentitu nuen; hainbeste, ezin bainuen neure burua ispiluan begiratu. Ez zitzaidan behin ere gertatu, baina ikusiko nuenaren beldur nintzela uste dut orain. Biharamunean, kafea hartu eta gero, bakoitza bere lanera joateko ordua iritsi zenean, gertatutakoa aitortu nion Joni. Erotu egin zen. Tipa hura akabatu nahi zuen eta eskuak airean zabaltzen zituen hatzak kakotuz. Akabatu egin nahi dut, esaten zuen, Nire esku propioekin. Oso indartsuak zituen. Inoiz ukitu ninduten esku handienak, esaten nion, Eta ederrenak ere bai. Gustatzen zitzaion hori entzutea. Amodioa egiten genuenean eskuak lepora eramaten nizkion heldu ziezadan. Esku haiek egin zezaketena baina inoiz egingo ez zutena sentitzea gustatzen zitzaidan, segurtasun eta fede hura izatea beragan eta neure buruarengan.

      Jonek erreta zeukan beso bat. Urte batzuk lehenago, zigarro bat piztuta hartu zuen loak ohean eta ukondotik leporaino igotzen zitzaion zikatriza zuen, larba mordoilo bat zirudiena. Beste bizitza batean izan zela esaten zuen, ez zitzaion gustatzen beste bizitza horri buruz hitz egitea. Sarak lagundu omen zion handik irteten. Batzuetan, lo zegoen bitartean, erredurari begira gelditzen nintzaion hieroglifiko bati bezala.

      Jon lanean zegoen bitartean negar egiten nuen. Gero, etortzen zenean, oso gertutik arakatzen zidan aurpegia begiekin eta esaten zuen: Negar egin duzu. Edo Ez dut nahi zu triste egoterik. Edo Ez dut nahi zuk negar egiterik. Egunero, Loreari, nire nagusi ohiari deitzen zion sakelakotik, zenbaki ezkututik, eta erantzuten bazuen, eskegi egiten zuen. Nik ez nuen nahi ezer esaterik. Nire aurrean egiten zuen, deitu eta eskegi eta, batez ere, niri begira egiten zuen. Arnasa loditzen zitzaidan.

      Lana galdu eta aste pare batera edo, Jon pozez gainezka iritsi zen etxera. Aldizkari moduko bat atera zuen gutunazal handi batetik eta ortopedia batean lortu zuela esan zidan. Gurpildun aulkien katalogo bat zen. Punta lodiko errotulagailu batekin “Lorearentzat, maitasunez” idatzi zuen gainean. Gutunazalean, bulegoko helbidea eta neska haren izen-abizenak, gezi batek zeharkatutako bihotz bat. Lanagatik furgonetarekin hara eta hona ibiltzen zenez, Donostiatik beharrean, beste herri batetik bidaliko zuela esan zidan, nahasmena sortzeko. Gogotik ospatu genuen burutazioa. Edozein unetan akordatuko ginen ipiniko zuen aurpegiaz. Putazaharra, esaten genuen eta barrez lehertzen ginen.

      Konturatzerako beste lan bat aurkituko nuela esaten zidan, lasai egoteko. Polita nintzela, ez mozteko ilea, ilaje harekin berehala aurkituko nuela zerbait, jende guztiak eduki nahi zuela aldamenean ni bezalako ile luzea zeukan norbait. Txoratuta zegoen nire ilearekin.

      Baina ez zen hain erraza izan.

      Gida-baimenik ez edukitzeak asko mugatzen ninduen. Igandeetan, Belartzara, Decathloneko parkingera joaten ginen furgonetarekin praktikatzera. Niri beti kosta izan zait gauzak egitea norbait begira izanez gero. Jonek erraz galtzen zuen pazientzia, gainera. Eta hori okerragoa zen. Ahalegin handiak egin behar izaten nituen berriz ere ongi egon gintezen, eta behin lortutakoan, lur jota gelditzen nintzen. Orduan, berak esaten zidan ni eguzkia bezalakoa nintzela. Nik esaten nion bera amildegi bat bezalakoa zela, amildegi batek bezala erakartzen baininduen. Elkar biguntzea lortzen genuen ia beti.

      Ez zuen alkoholik edaten, baina lotaratu aurretik belarra erretzen zuen 0,0 garagardo batekin. Eguraldi onarekin, ilunabarrari begira egoten ginen. Harrigarria zen. Hunkitu egiten nintzen aldiro. Oso berezia nintzela esaten zidan. On egiten niola. Gaztetu egiten zitzaizkion begiak belarra erre eta gero. Bel-beltzak zeuzkan. Errazago egiten zuen barre esaten nizkion gauzekin. Hurkoari barrea ateratzeagatik zer ez ote dudan egin, pentsatzen dut orain. Nik ere ematen nion zupadaren bat, gustatzen zitzaidan, baina berak beharragatik egiten zuen.

      Beti genituen bi-hiru landare baratzean, erdi ezkutuan. Goiko bizilagunei ez zitzaien gustatzen eta behin arratoientzako pozoiarekin akabatu zituzten. Matrimonio edadetu bat zen, asteburu goizetan opera eta euskal kantuak entzuten zituena oso bolumen altuan, jende harroa. Landareak hilda topatu zituenean, Jon sutan jarri zen, baina ez zuen ezer egin. Gerra Hotza, esan zuen, eta beraiekin gurutzatzen ginen bakanetan begiratu egiten zien, niri ere benetakoa iruditzen zitzaidan irribarre batekin, bistatik galdu arte, Gerra Hotza.

 

 

Berea izan zen zuloaren ideia. Ordurako apartamentuko lanak erabat amaituta genituen. Polita gelditu zen, baina txikiegia, eta guk ere nahi genuen etxe handiago bat, bazegokigun. Ni langabezian gelditu eta gutxira izan zen. Etorri hona eta zaindu ingurua, esan zidan Jonek arratsalde batean eta apartamentuaren eta terrazaren arteko itxituran hasi zen zulatzen zizelarekin eta mailuarekin.

      Beti laguntzen nien nire mutil-lagunei haien ametsak betetzen, amets haiek nireak ez izan arren. Gero, nire lanak bukatuta, haiek beren bizimoduak hobetuta, amaitu egiten zen. Oraindik ez dakit ez zergatik ez nola. Menpekotasuna eman dezake, baina ez zen hain sinplea. Ez da. Maiz, nik amaitzen nituen harremanak. Nire modura. Maiz, haiek amaitu zituztela uste izateko moduan.

      Zuloarenarekin hasi ginen arte ez nuen jakin Sara bere neskalagun ohiaren zaletasuna espeleologia zenik. Jonek ez zidan halakorik behin ere aipatu, nahiz eta berari buruz sarri hitz egiten zuen. Gehienetan aipatzen zuen kontua zen, behin, amets berbera izan zutela, ateratzen hasi eta gutxira. Amets berbera!, esaten zuen eta joanda bezala gelditzen zen une batez. Baina ez zidan inoiz kontatzen zer egin zuten amets.

      Sara kobetara sartzeko erabiltzen zituen arropekin iritsi zen gure etxera. Aipatzen zituen kontuengatik ohartu nintzen harremana mantentzen zutela, maiztasun handiarekin mantendu ere. Nik egun hartan ezagutu nuen bertatik bertara. Berari buruz hitz egin zidan lehen aldian, oso ile ederra zuela esan zidan, beltzarana. Erotu egiten ninduen, esaten zidan, Onera eta batez ere txarrera, gehitzen zuen gero. Eta egun batean, abisatu gabe, ilea moztu zuela eta zerbait aldatu zela. Ezin nuen, esaten zuen, Asko maite nuen, baina ezin.

      Horrelako gauzak zituen Jonek.

      Ezagutu nuenean ile motza zeraman Sarak. Aurpegi atsegina zuen eta asko zabaltzen zituen begiak entzuten ari zenean, etengabe ezusteko baterako gertu balego bezala. Ez zen irudikatu nuen bezain ederra, eta horrek, lasaitu beharrean, astindu egin ninduen.

      Frontala ipinita zeukan. Jonek zulo gaineko ohola erretiratu zuen. Sara juxtu-juxtu kabitzen zen bertatik eta gerria estutuz eta besoak asko luzatuz lortu zuen sartzea. Desagertu eta minutu erdira edo oihu egin zuen. Zulo ertzean belaunikatu ginen esaten ari zena ongi entzuteko:

      Harria eta lurra da! Baina zula daiteke.

      Gero, Jonek besoak luzatu zituen ateratzen laguntzeko. Indar handia egin behar izan zuten, nahiko modu koordinatuan eta mantso, urradurarik ez egiteko. Gorputz erdia kanpoan zuenean, Jonek tira egin zion eta ilean gelditu zitzaion hautsa astindu.

      Garai hartan fede itsua nuen maitasunean.

 

 

Erabakita zegoen: terrazapea hustuko genuen. Behin azpia hustuta, egongelatik egingo genuen sarbidea. Eskailera bat ipiniko genuen, beheko solairura etxe barrutik sartu ahal izateko. Argitasuna terrazan zabalduko genuen leihatila batetik sartuko zen. Kristala eta metalezko sareta bat ipiniko genituen bertan, landare batzuk inguruan eta ez zen inor ohartuko. Inork ezingo zuen jakin. Zirrara handiko egunak izan ziren. Sekretu hark asko hurbildu gintuen.

      Sarak egin zitekeela esan eta biharamunean, Jonek eta biok eraiste mailu bat erosi genuen Leroy Merlinen. Oso pozik geunden eta etxerakoan txinatar janaria eskatu genuen terrazan makilekin jateko; erritualaren parte zen.

      Aspaldi zen, nerabezarotik, planik ez neukana. Eta agian lehenengo aldia zen gizon batekin plan bat neukana. Ume kontuak-eta berehala alboratu genituen Jonek eta biok, ez bakarrik diruagatik, baina batez ere. Aurreko bikotekideekin ere antzerako. Agian aurrerago, esaten genuen, jakinda aurrerago beranduegi izango zela. Beraz, ezin kabituta nengoen gure proiektuarekin. Afalostean, Jonek prezintoa moztu zion mailu mekanikoari. Gutxitan ikusi nuen hain ilusionaturik.

      Isilka hitz egiten genuen aferaz, berdin zuen non geunden, terrazan, apartamentuan edo tabernan. Argi geneukan lan kargarik handiena gauez egin beharko genuela, zaratarik atera gabe. Eman beharreko urratsak adostu genituen: arratsean, harria mailuarekin puskatu, zazpietatik bederatziak bitarte; jarraian, irten eta afari-legea; ondoren, berriz ere behera, eraitsitakoa kapazuetan biltzera; eta azkenik, kapazuak zulotik atera eta furgonetan kargatu, zeina aurrerantzean terrazako leku estrategiko batean aparkatuta edukiko genuen, gure mugimenduak estaltzeko. Azken parte hura bereziki isilik egin beharko zen, bizilagun insomneren bat ikusmiran balego ere.

      Gutxitan sentitu izan naiz zirrikitu hartatik lehen aldiz sartu nintzenean bezain pozik. Zeremonia oso bat eskatzen zuen: obrarako argi bat lerratzen uzten nuen lehenik, suabe, harik eta lurra ukitu arte. Gero, gu jaisten ginen, lehendabizi bera, eta gero ni, bata bestearen laguntzaz. Ni izaten nintzen oholarekin zulora sartzeko zirrikitua estaltzen zuena, zer gerta ere.

      Jon mailu mekanikoarekin aritzen zen eta ni zizel eta mailu arrunt batekin. Tarte txikietan egiten genuen lan, kanpotik etor zitezkeen zaratei oso adi. Eraitsi, gelditu, atezuan egon eta, zaratarik entzuten ez bazen, berriro ekin: eraitsi, gelditu, atezuan egon. Erritmo hartan, denbora gutxiren buruan, gure apartamentuaren ia halako beste bat izango genuen azpian.

      Zirrikitua ez genuen gehiegi handitu, gu eta hondakinez kargatutako kapazuak pasatzeko lain, besterik ez. Hartara, ohol batekin eta gainean jarritako jardinera batekin estaltzen genuen bukatutakoan. Zulatzearen poderioz anfora baten antza hartuz joan zen. Hasieran, zulo txiki bat zen, gu biok elkar besarkatuta kabitzeko modukoa. Dantza egin genuen horrela egon ginen lehenengo aldian. Jonek belarrira kantaxkatzen zidan, bere gurasoen garaiko bolero bat. Ez zuen bereziki ongi kantatzen eta erdizka zekien letra, eta horrek are xarmangarriagoa egiten zuen. Berotu egiten ginen apur bat, baina ez genuen ezer egiten, lanera joanak baikinen, eta lanean umore oneko aritzeko behar genuen energia ematen zigun igurtzialdi txoro hark. Ohartzerako, kanpineko mahai bat eta aulki pare bat ipintzeko bezain handia zen. Nekatzean, eseri eta mokadu bat egiten genuen.

      Laster, lan egiteko modua aldatu behar izan genuen. Behin, denak emanda ari ginela, aldameneko bizilaguna etorri baitzen txirrina jotzera. Isiltasun tarte horietako batean ohartu ginen jo eta jo ari zela. Zur eta lur gelditu ginen. Ba ez dute zabaltzen, esan zuen, Baina argia piztuta dute. Lehenengo habearekin topo egin genuen egunean izan zen. Terrazatik gertuen zegoena zen eta ondorioz errazena.

      Horrela ondorioztatu genuen bat lurrazpian lanean ari zen bitartean, besteak lurgainean egon behar zuela, inguruari adi. Beraz, lanetik etorritakoan, afari-legea egiten zuen Jonek, eta zirrikitutik behera lerratzen zen. Nik, ingurua zorrotz zainduz, argia botatzen nion, kablea poliki-poliki askatuz eta azkenik irekidura oholarekin estaliz. Gero, etxean egoten nintzen, telebista edota musika piztuta, nahiz kasurik egin ez, zarata ateratzeko. Pare bat orduren buruan, zirrikitua zabaldu eta aldaketa egiten genuen: bera lotara joaten zen eta ni zulora jaisten nintzen.

      Sistema harekin hasi eta gutxira ordea, esan nion neu arduratuko nintzela guztiaz. Ordurako bigarren habea desestalita geneukan. Esan nion ongi sentiarazten ninduela, soldata etxera eraman gabe nengoen hartan, neu arduratzea zerbaitetaz. Hala, bera, lanetik bueltan, etxean gelditu zitekeen, ingurua barrandatzen eta bizimodu arrunta eginez. Nik egunez egingo nuen lo.

      Aurpegia musukatu zidan.

      Usaina maite nuen. Baina baita lurra eskuetan eta aurpegian sentitzea ere. Batzuetan hezea, zenbaitetan hautsa, besteetan harria. Eta isiltasuna. Iluntasuna. Itolarri neurtu hura, zulatu ahala arinduz joaten zena. Eginkizun hari emana nengoen, pozarren.

      Zulatzeko erabiltzen nuen tresneria ugarituz joan zen denborarekin. Nahi gabe, bilduma moduko bat osatu nuen. Mailutik pala batera bitarte kabitu zitekeen guztiak balio zidan: makilak, puntzoiak, koilarak, burruntzaliak, alanbreak, bihurkinak, arpoi zahar bat, guraizeak, aitzur bat. Mahai gainean ezarri eta, zulatu behar nuen zatiaren arabera, bata edo beste erabiltzen nuen. Tentuz hautatzen nuen erreminta, egunaren, nire aldartearen, lurrak esaten zidanaren arabera. Elkar ezagutzen ari ginen, presarik gabe, jakin-minak gidatutako elkarrizketa batean bezala. Bukatzean, erremintak zapi batekin garbitu eta toalla batean biltzen nituen txukun-txukun.

      Bidean zizare ugari aurkitzen nituen. Gehienak bitan partituak agertzen ziren. Horiek ere trapu heze batean biltzen nituen, eta gorakoan, hozkailuan sartzen, Jonek karnatarako erabiltzen zituen-eta batzuetan. Ni hartan ari nintzenetik, tarteka arrantzara joaten zen, eta behin lupia bat ekarri zuen bokaletik; nahiz eta, gehienetan, zomorroek zaborretan amaitzen zuten.

      Edonola ere, gehien, eskuekin egitea gustatzen zitzaidan. Eskuekin zulatzea. Hasieran erreparo pixka bat ematen zidan. Baina behin hura gaindituta, eguneko unerik onenetakoa bilakatu zen: aztarrika aritu hatzetan min hartu arte. Zenbat eta denbora gehiago igaro lurpean, toki hura ulertzen ari nintzela sentitzen nuen. Bizirik zegoen eta kentzen nion eskukada bakoitzak zentzu bat zeukan.

 

 

Lurpetik ateratzen nintzen eguneko lehen argi zirrinten bila, mundua lozorroan dagoen behi erraldoi bat den une horretan, handik pixka batera denek probetxua atera nahiko diotela ez dakien abere inozo bat. Zerura begira gelditzen nintzen, gaua saretu bitartean, aske gelditutako iluntasun hari solteak desagertzen ikusten. Gero, itsasoa. Itsasoak taupadaka jarraitzen zuela ziurtatu arte zain egon, hari guztiari adi, haren guztiaren lekuko, haren guztiaren parte.

      Etxerakoan, Jon esnatzen nuen. Bera ere pozik zegoen. Egunero aipatzen eta ospatzen genuen modu batera edo bestera egiten ari ginena. Elkarrekin gosaltzen genuen. Berak esnatze txarra zuen eta batzuetan kosta egiten zitzaion egindako aurrerapenekin poztea. Nik, hala ere, esan egiten nizkion, hainbesteko ñabardurekin agian, egun batean zulora jaisteari utzi baitzion. Nik ere nahiago nuen hala.

      Egunez egiten nuen lo, bospasei ordu, nahikoa zitzaidan. Energiaz gainezka nengoen.

      Hirugarren habea aurkitzetik igo nintzen egunean, sukaldean egin genuen larrutan eta Jon gosaldu gabe joan zen lanera. Gaur ere gosaldu gabe utziko nauzu?, galdetzen zidan aurrerantzean maiz esnatzerakoan.

      Hondakinak erraz eta azkar igotzeko, poleadun mekanismo bat jarri zuen furgonetan. Lanera joan aurretik kargatzen laguntzen nion. Tirabirak izaten genituen batzuetan, bizilagunak kuxkuxean irudikatzeak larritasuna ematen ziolako uneari. Baina ez nion uzten muxu bat eta besarkada bat eman gabe joaten. Orduan bai, aldentzen ikusten nuen, bera eta hondakinak. Dena ezberdina zen lurpetik irtendakoan, ezerk ez zirudien benetakoa. Jon joandakoan, dutxa bat hartu eta lotara sartzen nintzen. Amets ugariko garaia izan zen. Sarri, loreekin egiten nuen amets, tamaina eta kolore ugaritakoak ziren, baina batez ere lore arraro haien lurrinak ziren berezi: ordura arte usainekin amets egin gabea nintzen.

      Azken habea atera nuela esan nion eguneko arratsaldean, bingora joan ginen. Lortu egin genuen eta ospatu beharra zegoen. Jonen ideia izan zen, baita Sara gonbidatzea ere. Nik, Jon ezagutu arte, ez nuen behin ere bingo bat zapaldu; haiek bai, tarteka joateko ohitura zuten. Egun hartan, ez zitzaidan axola izan. Lorpena partekatzeko bezain harro nengoen. Begira, gai izan gara esatekoa.

      Okasiorako jantzita, orraztuta eta perfumatuta joan ginen, pixka bat txantxetan eta pixka bat egiatan. Nik bizkarra agerian uzten zuen soineko bat neraman, ilea lisatuta eta solte. Hain neukan luzea gerrialdea laztantzen baitzidan. Lanak izan nituen azkazalak garbitzen, eta ez nuen guztiz lortu. Lurra barru-barruraino sartuta nuen eta, gogotik saiatuagatik, ilargi formako itzal bat gelditu zitzaidan. Jon mahuka motzeko alkandora zuri batekin eta bermudekin jantzi zen. Oinez joan ginen etxetik.

      Sara bere bikotekide berriarekin joan zen, bera baino dezentez gazteagoa zen Olaia izeneko emakume bat. Jonek ere egun hartan ezagutu zuen. Londres hoteleko bingo aretora eraman gintuzten Sarak eta Jonek. Ez zebilen jende asko. Gure aldamenean, ezkontza despedida bat ospatzen ari zen neska kuadrilla bat. Gainontzean, gizon eta andre edadetuak, ama-alaba ugari. Jokoan hasi aurretik, Sarak Zer moduz klase partikularrak? galdetu zidan. Bazekien karneta atera nahian nenbilena, eta nik ez nuen irudikatzen zein unetan eta zerk bultzatuta hitz egiten zuten Jonek eta Sarak, nork hasten zituen elkarrizketak eta zergatik, baina ez ziren zeloak, ezta antzekorik ere, sakonagoa zen.

      Eta orduan, gaia desbideratzeko, Jonek kontatu zuen tapizerietako bezerorik onenak bingoak direla, ludopatek, komunerako joan-etorriarekin jokaldirik ez galtzeko, gainean egiten dutelako txiza, lagun tapizero batek esan omen zion. Beti gauza bera kontatzen duzu, esan zion Sarak. Baina nik ez nion inoiz entzuna.

      Bi kartoiren artean, Olaia komunera joandako batean, egindako aurrerapenen berri eman genion Sarari. Jonek oso serio esan zion ezin zuela beste inork jakin. Sarak aipatu zuen zulora sartu nahi zuela, ikusi egin nahiko lukeela nola ari ginen. Jakina, erantzun zion Jonek, Nahi duzunean. Gero, zertarako erabiliko genuen galdetu zigun, ez zuela ulertzen. Uf, esan zuen Jonek, eta eginahalak egin zituen niri ez begiratzeko. Ni ere isilik gelditu nintzen hari begira eta bere aurpegia ikusi nuen zerbait estutzen duen ukabil baten modura trinkotzen.

      Zorionez, bingoan ezin zen askorik hitz egin, ezin da bista kartoitik altxatu. Nik bi lerro eta bingo bat kantatu nituen, besteek ezer ez.

      Gastatutakoa kenduta, 27 euro irabazi nituen eta ogitarteko batzuk jatera gonbidatu nituen denak Amara Zaharreko taberna batera. Terrazan eseri bezain pronto, Olaiak I Ching-a irakurtzen zuela aipatu zuen Sarak. Ez genekien zer zen, eta azaldu zigutenean, Jonek esan zidan agian ongi etorriko zitzaidala lanarekin zer gertatuko zen jakiteko. Ez nuen nahi, beldurra ematen zidan, baina itsuskeria iruditzen zitzaidan ezetz esatea. Totelka galdetu nuen. Zertan egin ote nezakeen lan. Olaiak esan zidan galdera zehatzagoa egitea komeni zela eta, batez ere, galderak sortzen zidan energiatik apartatu behar nuela. Denbora hartu nuen, plazatik paseo txiki bat emanez. Denak begira nituen. Horrek oso urduri ipini izan nau beti. Lan on bat eskuratuko al dut urtea bukatu aurretik?, galdetu nuen. Zakuto batetik txanpon batzuk atera eta mahai gainera jaurti zituen. Pentsakor gelditu zen. Jonek izterra estutu zidan eskuarekin. Nik eskua eman nion.

      Olaia begira gelditu zitzaidan lipar batez hitz egiten hasi aurretik. Nire bizitzan ordena ezartzea zela gakoa esan zidan. Gauzak emozioei jarraiki egitea akatsa izan zitekeen aurkitzen nintzen une hartan, jarraitu zuen. Eta batez ere, harreman desordenatu bati amaiera emateko beharraz mintzo omen zen argiki I Ching-a. Zure mugak eta zure gaitasunak zein diren ezagutuz gero dena ongi aterako da, bukatu zuen. Edo horrelako zerbait.

      Etxeko lan hori egina nuela esan zuen Jonek, eta gurpildun aulkien katalogoarena kontatu zuen. Sarak bazekien, baina Olaiak ez, eta barre algaraka aritu ginen denok pasadizoa entzuten genuen lehenengo aldia balitz moduan. Gaitasun hori zeukan, jendeak ongi sentiarazi nahi zuen Jon. Irriak bukatzean ordea, Olaiak esan zuen: I Ching-ak dioenaren arabera, kalte egiten dizun hori ez da emakumezkoa.

      Eta ea nor zen eta zer ikustekorik zeukan horrek lanarekin, galdetu nion. Eztia izan nahi nuen, baina ez nintzen izan. Jonek esku hartu zuen, esanez agian nire aitari buruz ari zela, eta edonola ere, ez kasurik egiteko, ea noiztik axola zitzaizkigun guri txorakeria horiek. Elkarrizketa guztiz agortu aurretik joan ginen.

      Bagoaz, esan zuen Jonek, eta denak batera altxatu ginen, eta bestearen bikotekidearekin oinez aldendu ginen tabernatik. Olaia eta biok isilik. Azkazalak hozkatu nituen. Gaziak zeuden. Gure bideak bitan banatuko ziren lekuan gelditu ginen lehor. Urrunxeago zetozen Sara eta Jon, berriketan. Jonek asko estutu zuen Sara agurtzerakoan; zurrunduta zegoen, albiste oso txar bat edo oso on bat jaso izan balu bezala. Zurruntasun hartatik esan zidan aio eskua airean mugituta. Zer iruditu zaizu bere neska?, galdetu zidan berehala. Eta nik, ez zitzaidala gustatu, ez zela erabat garbia. Sorgina, esan zidan harro. Miretsi egiten zuen jendearen barrua ikusteko neukan dohaina.

      Etxera bidean ametsaz galdetu nion. Zein zen Sarak eta zuk egin zenuten ametsa?, ez didazu behin ere kontatu. Amets hura!, erantzun zidan, Badakizu nolakoak diren ametsak, barruan egon ez bazara, zailak dira azaltzen. Ondoren, txistuka hasi zen eta hala eutsi zion etxeraino, gelditzen zitzaigun malda pauso azkarrean igoz.

      Gauerdia pasatxo iritsi ginen. Bizilagunen argiak itzalita zeuden. Gau zurixka bat zen, epela. Jasmin usaina zegoen. Beste mende batekoak ziruditen arrosa hori potoloek. Hegazti gautarrak uluka ari ziren. Hegal kolpeak hostoen kontra. Denak zuen erreal itxura.

      Jonek txistuka jarraitzen zuen. Apartamentuko atea ireki zuenean isildu zen. Hortzak garbitzen ari zela galdetu nion zer egingo genuen zuloarekin, zertarako erabiliko genuen, ez zuela erantzun. Berak ispiluari begira jarraitu zuen, gargarak egin zituen, konketan barrena isuri zuen likido urdinkara apartsua, toalla mutur batekin lehortu zuen ahoa, poliki, metodikoki.

      Zertarako erabiliko dugu ba?, esan zuen. Ezertarako ez, zulo bat da.

      Galtzontzillotan zegoen, besoko erredurari begira gelditu nintzaion. Esku handi harekin laztandu zuen niri begira. Gero, hurbildu egin zitzaidan, ilea usaindu zidan, bere gorputzaren kontra estutu ninduen. Etorri nirekin ohera, esan zidan, Denbora asko da ez dugula elkarrekin lo egiten.

      Ezetz, lana neukala oraindik esan nion.

      Soinekoa erantzi, lanerako arropak ipini eta ilea motots batean bildu nuen. Gauera irten nintzen. Isiltasuna. Isiltasun hedakor bat. Hainbestekoa, pentsamenduak ere entzun baitzitezkeen. Furgonetak distira egiten zuen ilargipean. Iratzeek ere bai. Denak zuen artifizial itxura.