39.
Lortu nuen autobusarena bertan behera utz zenezaten eta, garbi esanda, ez naiz damutzen; harresi hura edo beste edozein joko nuke oraintxe ere zuri laguntzeagatik.
Zuk atentzioa deitzearren egin nuela pentsatuko duzu, noski: zergatik ez zinen zipaioak agertuko zirela esanaz Etxebagana zuzenean igo? Ba txibata puta baten moduan geratu nahi ez nuelako. Horrexegatik. Nahiago nuelako jendeak lianta bat nintzela pentsatzen jarrai zezan, ertzainei deika ibiltzen nintzela herri osoan zabaltzea baino. Eta, azkenerako, horixe sinetsarazi nizuen zuri ez beste guztiei. Uste dut. Ze, jakin, oraindik ez dakit zuk zer pentsatzen duzun; ez zenidan gehiago telefonorik hartu, ez zenidan gehiago mezurik erantzun, ez zenidan gehiago aurpegirik eman. Eta zalantza daukat Etxebarenagatik izan zen, edo deiarena sumatzen zenuelako, edo nirekin ikus zintzaten benetan nahi ez zenuelako. Beti edukiko dut.
Urteetan aritu naiz neure burua torturatzen eta gaur da eguna, zurekin akordatzen naizenean, kulpak gain hartzen didana. Askotan pentsatu izan dut, hala ere, luzera mesede bat egin nizula: nik bazterra jo izan ez banu eta Etxeba ta hauek Bizkaibusa geratu izan balute, gauzak konplikatu egingo zitzaizkizun eta zeuk egingo zenuen kagadaren bat, seguru nago. Esan nahi dudana da nigatik izan ez balitz ez zinatekeela orain zauden lekuan egongo. Orain, bizitzan. Ez orain, orain. Ze, orain, begira non zauden. Begira non gauden, Polly: Andikoako elizan, zu atzeko atearen ondoan zutunik eta ni koruko eskaileretan jesarrita, auzotarrek hartu zuk jauna hil hau zeruan kantatzen duten bitartean. Eta hau ez zen aurreikuspenetan sartzen, joder, ez zen sartzen. Azken-azkenengo momentura arte egon naiz etorri-ez-etorri zu agertuko zinenik jakin barik ere. Baina ez naiz ez etortzen ausartu. Eta, orain, tripak jan behar. Oso jebia da, tio, hau oso jebia da.
Egun bi dira amama hil zela eta, harrezkero, zuloa zabaltzen zaidan bakoitzean pentsatzen dut amamari kontatuko diot. Eta segundo erdira, ah, ez, amama hilda dago. Ba antzeko zerbait gertatu izan zait zurekin. Eta luzaroan. Diferentzia da Beda ez dela bueltan etorriko, eta zu gaur etorri egin zarela; inoperatibotzat neukan organo adoleszente bat jarrarazi didazu martxan, Pollypocky, pun pun pun pun, odolez bete-beterik.
Zuk sartzen ere ez nauzu ikusi, baina nik ia ordubete daramat zuri begira, neuk zertzuk esplikatuko nizkizukeen pentsatzen eta zuk zertzuk erantzungo zenizkidakeen imajinatzen. Eta ez nuke esaten jakingo oraindik ere harrapatuta naukazulako den, edo elizkizunetik ebaditu beharra daukadalako. Ze, ikusten dut abadea, eta ezin dut. Eske ezin dut.
Abadea amamak ortuan hazitako kalak besoekin tapatzen. Abadea amamak garbitu ta plantxatutako tunika izerditzen. Abadea hautsik ez hartzeko amamak zapi batekin estaltzen zuen meza-liburura felipeak botatzen. Ezin dut, tio.
Eta, bien bitartean, amama bera bisualizatzen dut: nik neskato-neskatotatik dotsiet errespetue abadiei, ume, eurek eskue ipini ta guk mosue emon, hori holantxik zan. Amama udako, zumonaranja tragoan edan behar dela esaten, bitaminak galtzeittu bestelan. Amama neguko, toalla batekin burua estalita eta eukalipto urez beteriko palankana batera makurtuta lurrunak hartzen. Amama eternal, Polly. Eta ez hilkutxa batean, argizarizkoa balitz lez makillatuta eta besoak gurutzatuta. Horrexegatik ez dut hemen egon nahi.
Osaba Aitor, Largo eta ama ikusten ditut lehenengo ilaran, eta ez dut nahi; hiru marioneta deprimitu hariak etenda, horixe ematen dute buruak, sorbaldak eta besoak orkatiletaraino jausita. Zutuntzen ikusten ditut, Josemari gazteak lagunduta hilkutxa altxatzen eta persona kristalinoz, animalia tristez eta aingeru bustiz osaturiko zeru superpoblatu baten pisuari bizkarrarekin eusten. Ikusten ditut eta ez dut nahi. Baina etorri datoz. Astiro datoz. Aterantz datoz. Tia Mila bere kameraren bila ari den koprotagonista sobreaktuatu bat da hilkutxaren atzean larrosa zuridun koroa batekin, eta ni sasi-aktoresa blokeatu bat platoaren ertzetik eszenara noiz sartu ez dakiena. Hartu zuk, Jauna, hil hau zeruan, betiko bizilekuan.
Segizioa elizpera irteten eta zu erlojuari begiratzen. Zu buelta ematen. Zu ni ikusten. Ze guapa zauden, Polly. Ze hauskor nagoen, Polly. Ze handi gauden, Polly. Pausa dramatikoa. Zu niganantz hurreratzen eta ni neure burua bideo-joko batean banengo lez bikoizten; nire bertsio bat eskaileretan jesarrita geratu da explosioa noiz gertatuko eta bestea zugana doa, zure parean dago, zu besarkatzen ari da. Ari naiz. Sentsazio definitibo hau. Eta atzera askatzen-askatzen joatea. Nik ez dakit zer esan eta zuk ez diozu ezer. Ze handi gauden, Polly. Ze hauskor nagoen, Polly. Ze guapa zauden, Polly. Ni mukiak eskuarekin kentzen eta zu klinex batekin begiak sikatzen. Hartu zuk, Jauna, hil hau zeruan, betiko bizilekuan.
Zu segizioaren atzetik elizpera irteten eta ni eskaileretan geratu den beste niaren gainean jesartzen. Ni ur hotzetatik irten berritan lez. Ni insentsibleago. Ni arinago. Eta, hala ere, penatan, Polly. Beste ezerk baino pena handiagoa ematen dit gu helduak ze lagun mota izango liratekeen jakin barik gelditzeak.