Pleibak
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
Azala: Itziar Bastarrika Madinabeitia eta June Baonza Pagaldai
Miren Amuriza
1990, Berriz
 
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
aurkibidea
 

 

27.

 

 

 

Total, ez dakidala zu izorratu zaitudan ala ez, baina ni de puto culo sentitzen naizela dagoeneko. Urteak daramatzat de puto culo sentitzen eta orain, gainera, Beda falta dut behatz bitarteetara ur beroa eta binagrea isur diezazkidan; oin azaletan esne errearen moduan itsasten-itsasten joan zaizkidan erru geruza marroizkak biguntzen laguntzeko falta dut. Beragatiko erruak. Zugatiko erruak. Neure buruagatiko erruak.

      Orain ezin naiz hanka sartzen dudan bakoitzean elizako bankuei hautsak kentzera joan kontzientzia arintzeko.  Ezin ditut kandela txikien bandejaren azpiko txanponak tabakotarako ostu, Beda ortutik ekarritako baldekada gladioloak eta kalak loreontzietan ipintzen ari den bitartean. Ezin naiz berari begira egon sakristiako ateostetik alargadore bat ateratzen duenean, eta alargadoreari plantxa bat entxufatzen dionean eta plantxarekin aldarearen gaineko tapetea puntilletaraino pasatzen duenean: ni egunero etorriko nitzake mezetara, ume, Andikoan balego, egunero; ondiño hori sentimentuoi igerten dot eta satizfaziñue da, ze fedie mas o menos dekat, baina Ama Berjiniaz neure erara berba eindde, ba, gustoriau geratzen naz.

      Orain berbakera hori falta dut, Polly.

      Eta, azken berrogeita zortzi orduotan, behin da berriro harrapatu dut neure burua animalia penatuaren arnaskerarekin belarria Agarreko hormei arrimatuta hots familiarren bat entzun nahian lez, edo zer dakit nik. Gehiago esango dizut: mojei dozena bat arrautza eramatera joan nintzen atzo iluntzean, gaur eguraldi ona egin zezan. Neu naiz harritzen lehenengoa, ez pentsa. Bederatzi-hamar urteko ni bat daukat oraintxe bertan jertse-barrenetik tiratzen eta zu lelatu egin zara esaten; zuk antzina konprobatu zenuen Jainkorik existitzen ez dena: infinitu jatordu pasatu zenituen Largoren basoerdiari begirik kendu ere egin barik, Jainkorik badago jausi dadila pentsatuz, jausi dadila, jausi dadila, jausi dadila. Eta ez zen jausi, gogoratzen? Badakit, eta berdin zait. Trankilago geratu nintzen mojenetik pasatuta, eta punto.

      Animalia penatu bat naiz  etxe huts bateko atea harramazkatzen, joder. Beda ja ez dago barruan. Zu ja ez zaude barruan. Adri ere ez dago barruan ja.

      Nahiago nuke Kandelario bezpera hartan lez elizpera motorrean agertuko balitzait gaur ere,  zerbeza lata batekin eta tuboeskaperik barik. Atzealdean jarriko nintzaioke eta ni-ez-naiz bat proklamatuaz aldegingo nuke, domekaz jantzitako auzotarrek larrutzen nauten bitartean: ni ez naiz zuen modukoa. Nik erdaraz suelto egiten dut. Nik deabrukume gorri bat tatuatuko dut bizkarrean. Nik zortzi abizen extremeño dituen nobio bat daukat, pajak egiten dizkidana eta Ibizara eramango nauela esaten didana. Nahiago nuke hemendik aterako banindu, tia, nahiz eta ja enrollatuko ez ginatekeen; berdin-berdin joango ginateke belodromora tronpo batzuk egin ondoren gure mobidei buruz hitz egitera.

      Askotan pentsatu izan dut hori: istripua gertatu izan ez balitz, utzi berdin egingo nuela baina lagunak-edo izaten jarraituko genuela. Utzi, utzi, ez zenuen egin istripuaren ostean ere, esango didazu. Eta egia da. Baina nahiago dut ez pentsatu. Ze horixe da orain nahi dudan bakarra, Polly, pentsatzeari uztea. Eta entzuteari. Eta ikusteari. Bedak erretaularen azpian hilda topatu zuen mozoloak Santa Luziari jan zizkion moduan jatea neuri ere begi-kanikak hegaztiren batek, edozeinek, aldare puta hori gehiago ez ikusteko. Eliza bete senitarteko ez ikusteko. Zu ez ikusteko.

      Korta guztietako alarauak entzungo ditu Ama Birjinak gaur goizaldean ere. Gurean ez du jakingo behi bat den erditu ezinik dabilena, edo Largo den negar hautsian.