Pleibak
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
Azala: Itziar Bastarrika Madinabeitia eta June Baonza Pagaldai
Miren Amuriza
1990, Berriz
 
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
aurkibidea
 

 

34.

 

 

 

Amak etsi egin zuen, Bedak kandela bat ipini zidan eta Largok lana eman ziezadan eskatu zion Ereñako ugazabari: menudeldiak ataraten, edo platerak garbitzen, edo komunek, edo beste edozer. Largo oso persona konbintzentea da, Polly. Largok mesede asko egin ditu eskatu barik. Largok jende asko dauka berarekin zorretan. Osaba Aitor kanteran sartu zuen hamazortzi bete zituenean eta ni baba gorriak, karrillerak eta flanak binan-binan serbitzen ari nintzen eskola utzi ta astebetera: ez dadila ezagunik etorri, ez dadila ezagunik etorri…

      Eta Largo, hantxe, hasi nintzen egunean bertan, Josemari gaztearekin eta Txatorekin komedoreko erdirengo mahaian jesarrita capo siziliano bat balitz lez aginduak ematen. Poligonoko biherginei eta gure moduko jentiai, papelezko mantela, esan zidan; txaketiaz datozenei, telazkue. Gero, ardaue ta ogijje. Horrek atara segiduen. Eta jatekue be bai ahal dala, ze sopiek ein bidau miñe erre. Aittu dozu?

      Burutik behera botako nion. Oraintxe ere bai, botako lioke nire parte batek, baina beste parte bat eskertuta dago, zuloa baino besterik ikusten ez nuenean, zeregin bat eta diru-iturri bat edukiarazi zizkidalako. Gauzak diren moduan. Niri, Polly, institututik irtetea munduaren azkena zela sinetsarazi zidaten. Denek. Eta munduaren azkena hura bazen, bataioak, jaunartzeak eta zaldi-janak ez zitzaizkidan extingitzeko lekurik txarrena iruditzen, koma etiliko batekin Saloun ere hilko ez nintzenez gero.

      Umeek ogi-maminak eta ura nahasten zituzten ardo kopetan, andrazkoek haginak pintatzen zituzten eskuko ispiluari begira ezpainak pintatzen ahalegintzen zirenean, eta gizonezkoek hogei euroko eskupekoak uzten zizkidaten mila pezetakoak zirelakoan. Eta ez dizut esango Eurodisneia zenik, ze aguantatu egin behar izaten ziren ume putak, señoronak eta jizonak, ogi bustiak kristaletara jaurtitzen, arrainari lizun usainak hartzen eta kontua artzain-txakur bat  banintz lez txistua jota eskatzen hasten zitzaizkidanean. Eta, horiek denak eginikoan, etxera oinez igo, ama edo amama bila etorri ez bazitzaidan: Ereñatik Agarrera, aldats goran, berrogei minutu; Agarretik Ereñara, aldats beheran, ordu erdi. Egunero. Baina konpentsatzen ninduen, ze lanean nenbilen bitartean, ez nuen beste gauza batzuetan pentsatzen eta, irabazten nuenaz gain, aurreztu ere egiten nuen tabakotan eta patxaranetan mostradore azpitik mangatzen nuenarekin. Tonta, tonta ere ez naizela, Polly. Esan dizut.

      Batere ez dizu inportako beharbada, baina ez naiz hau guzti hau kontatze hutsagatik kontatzen ari. Edo bai; bere garaian kontatze hutsagatik kontatuko nizkizun gauzak dira Ereñakoak, eta ordurako kontatzen ez nizkizunak. Horregatik orain. Ez dakizkizunak argitzeagatik. Eta, jakinda ere, berbarik bueltatu barik jarraituko duzu igual, baina gutxienez jakin.

      Olaberengandik eskapa nenbilela, adibidez. Eguerdioste batean tabernan agertu zitzaidala: ea non sartu nintzen, ea lokaletik noiz pasatuko nintzen, ea dirurik behar nuen. Gintonik bat edan zuen, berrogeita hamarrekoarekin pagatu zuen eta, irtetera zihoala, sukaldeko atera hurreratu zen. Behar bezala tratatzen ez baninduten arazoak edukiko zituztela eta ez-dakit-zer-badakit-zer hasi zitzaien barrukoei; matoiarenak egin nahian, baina Goenkaleko Mariok egingo zukeen moduan. Ez batere sinesgarri. Eta, ostia, ze txarto. Ni ze txarto.

      Handik aste batzuetara, Adriren amak deitu zidan Agarrera: oye, que soy la madre de Adrián… Etxera zekartela esan zidan eta joateko bisitan nahi banuen. Joateko nahi nuenean. Ke fuerte. Kalean ikusten nauenean berba egiten dit oraindik, Polly, eta ez dut ulertzen zelan; errazago enkajatuko nuke aurpegira txistua bota nahi izatea.

      Adriren amak aurpegira txistua bota nahi balit, belaunikatu egingo nintzateke, begiak itxiko nituzke, eta bota nahi baduzu esango nioke. Bota nahi duzunean.