Pleibak
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
Azala: Itziar Bastarrika Madinabeitia eta June Baonza Pagaldai
Miren Amuriza
1990, Berriz
 
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
aurkibidea
 

 

30.

 

 

 

Gauza asko esan daiteke gure amari buruz: batzuetan jo egingo nuke eta, beste batzuetan, ahal duena egin duela pentsatzen dut eta errukitu egiten naiz. Esan nahi dut, geuk ere ez diogula erraz jarri: ni ume-umetatik joan izan naiz amamagana narruko bat hartu dudan bakoitzean, ama aurrean egonda ere bai. Eta amamak ere, berak eduki izan nau altzoan narruko bat hartu dudan guztietan, ama aurrean eta niri mimoak emateko prest egonda ere bai.

      Ez dakit kontatu nizun, ez dakit entzun zenidan, baina Adrirena gertatu zenean, pisura itzultzea proposatu zidan eta ezetz esan nion, Andikoan geratuko nintzela. Adrirena gertatu zenean, Agarreko atartera agertu zitzaidan Olabe. Adrirena gertatu zenean, eskerrak zeuri pasau ez jjatsun, esan zuen Bedak. Adrirena gertatu zenean, itzalita zeneukan mobila.

      Egun bi falta ziren Aste Santuko oporrak hartzeko eta nik lau edo bost penko edukiko nituen: igual arrazoi izango dute, pentsatzen nuen, igual ez dut honetarako balioko. Choose the correct verb. Complete the sentence. Listen and repeat. Listen and repeat. Listen and repeat.

      Adrirena gertatu zenean, todacieneko lore plastikero bat ematen nuen neure butanero-kamiseta pegatuarekin eta kolonia merke usainarekin. Goiz erdira arte baino ez nuen aguantatu institutuan: herrira jaitsi nintzen, cocacola bat erosi nuen veinticuatro horasean eta imitaziozko perfumeak probatzen ibili nintzen Goiaran, lagun bati oparitzeko usaindu nahi nituela ta. Adrirena gertatu zenean, gauza asko nahi nituen.

      Extensioak jarri nahi nituen ilean, tribal bat tatuatu nahi nuen pelbisean, pastilla itxurako piercing haietako bat ipini nahi nuen mingainean. Eta farmaziara joan nintzen. Eta hirugarren zuloa egin nuen ezkerreko belarrian. Nonbaitetik hastearren.

      Adrirena gertatu zenean, ez nuen lokalean aurkitu bila joan nintzaionean eta dozena bat perdida egin nizkion bata bestearen atzetik. Belarritakoa erakutsi nahi nion, de puta madre geratzen zaizu esan ziezadan, eta buenorra nengoela, eta lista nintzela: nire lagun kinki guztiak batera baino listagoa zara, esaten zidan. Baina egun hartan ez zidan erantzuten eta markesaren parkeko bankuetako batean etzanda egon nintzen, ondoan jesarrita bolilloak egiten ari ziren andren puebloko kontuak entzunez.

      Adrirena gertatu zenean, Segiko kartelak ikusi nituen kalean eta zelo zatiak haginekin mozten eta Etxebari egidazu-ume-bat aurpegiarekin pasatzen imajinatu zintudan. Adrirena gertatu zenean, geroago ta ohar gutxiago bidaltzen zenizkidan klase-bitarteetan eta geroago ta sarriago joaten zinen Irati Barrainkuak lantzean taberna batean uzten zizkizun paper txatal doblatuak jasotzera. Adrirena gertatu zenean, zeuri ere edozer gerta zekizukeela pentsatu nuen lehenengo aldiz.

      Atzera instituturantz nindoan, motorrarekin hurreratzen ikusi nuenean: hamar bider deitu dizut, tio. Eske bateriarik barik geratu zait mobila. Ah. Ostia, zulo bat egin duzu belarrian! Bai. De puta madre geratzen zaizu. Badakit. Igoko zaitut eskolara? Zeu nora zoaz, ba? Mariguanetara, Olaberekin. Amaitzen duzuenean pasatu bila, baina Olabe barik. Pasatuko naiz. Eta hortik aurrerakoa badakizu: ni instiko atean utzi ninduen, bera Sarrimendirantz joan zen eta, bueltan zetorrela, frenoak huts egin zion. Fin.

      Diskoa raiatu balitzait lez entzuten dut, Polly: Adrirena gertatu zenean, Agarreko atartera agertu zitzaidan Olabe; Adrirena gertatu zenean, eskerrak zeuri pasau ez jjatsun esan zuen Bedak; Adrirena gertatu zenean, itzalita zeneukan mobila. Eta, piztu zenuenean, ez zenidan deia itzuli.