12.
Eta hala ere.
Aitortu beharra daukat zeuri eskerrak zela habitagarriagoa nire nerabe paisaia rural-poligonero aldapatsu hura. Ostiral arratsalde poz bat zara, zinen, El diario de Patricia ikusteko zure etxera gonbidatzen ninduzunean. Bekain pintatudun andra bat bizilagunagatik txarto esaka: neure atean eginarazten dizkio mokordoak txakurrari eta, lehengo astean, bera harrapatu nuen prakak orkatiletan-da felpudoan kakaginen. Neska lotsor bat total desenkajatuta, bere aita izan zitekeen morroia platoan sartzen ikustean: neu naiz zure pelukeriako atean pelutxeak uzten dituen admiradore sekretua. Mutil guapisimo bat, ziber-nobioari harremana formalizatzea proposatzen Ehpaña enteraren aurrean. Ziber-nobioa, deklaratu zitzaion mutila ezagutzen zuenik onartu nahi ezta. Zu indignatuta. Eta ni gosez. Txorizo panplona txokolatearekin. Pringelsak, Filipinosak, Casa Tarradellasen cuatroquesosak eta zuen amak, sofan lorrinduko nizkiolako beldurrez, tentuz eskaintzen zizkidan markako gutizia haiek denak. Zu barne. Txateatuko dugu? Aitaren ordenagailua pizten zu eta modemaren kirrinka entzun orduko potorrotik pepsia zeridala ni. Agarrera ez baitzen konexiorik iristen: Internek edo hori, zer da, ume, Iberduerona ala Telefonikiena? Ez Mesengerrik, ez Fotologik, ez Tuentirik. Inforchaten guarreatzeko gogoa sartu zait. Eta Adri enteratzen bada? Berdin zait, haserre gaude. Berriro? Uste dut Matienako tipa batekin follatzen ari dela. Udakoarekin? Ez, beste batekin. Puto Adri. Kabroiari umetxiki ahotsa jartzen zaio hasperenka korritzera doanean… Muteatu egingo nuke, Bedak ostatuetako kate pornoak lez. Baina ipur-masailak tenkatzen ditut eta hiru aldiz errepikatzen dut: bai, bai, bai. Eta hartxintxarrez beteriko bidea zeharkatu ondoren bizikletatik jaistean bezala kentzen naiz bere gainetik. biaje espazial bat zara. Akorduan daukazu belodromoko pintada hura? Ba, neuk egin nuen. Eta denoi sinetsarazi nizuen Adri izan zela. Berari ere bai azkenerako. Begiak itxi eta bai, bai, bai. Laostia izan da, tia. Bai, Adrian, laostia izan da. Maitemin egun batean konpasarekin bere izena izterrean tatua nezakeen moduan dei niezaiokeen biharamun erresuminean hamar aldiz etxera eta, telefonoa amak hartzen bazidan, orgasmo bat antzeztu zer edo hargatik mendekatzeko. Utzi hemendik deitzen, mese, begiratzen nion zuen salako mueblearen gaineko inalanbrikoari. Gurean kableduna zegoen eta sukaldean, telebistaren azpian; telefonoaren eta telebistaren kokapenak markatzen dute diferentzia, Polly, kokapenak eta kantitateak. Saldoa amaitu zait, dei laburtxo bat baino ez... Zure gurasoak enteratu ere ez dira egingo musika topera jartzen badugu. Jarri zure cd gerrillero horietakoren bat. Oliba Gorriak. Ihesbide. Su Ta. Edo, ez. Jarri Hemendik At. Non daukazu Hemendik At-en kasetea? Letra borrokillak eta elektronika. Arrano beltzak eta a bilduak. Zu ta ni. Eta etorkizunerako geratuko zitzaigun desio adoleszente komun bakarra: Hemendik At itzultzea, zuzeneko batera elkarrekin joateko. Plataformadun botekin, likrazko praka-kanpai eta top plateatuekin, eguzkitako betaurrekoak jantzita eta ilea, Sakura Kartak Zakuraren estilora, motots altu bitan batuta. Teo poteoan eta Sakura diskotekan raia bana sartzen, zu ta ni tarima batean dantzatzen ginen bitartean. Edo zuen etxeko salako mahai baxuaren gainean, hiru, bi, bat, goazen, biotako batek besteari sofara bultza egiten zion arte. Praktikatu egin behar duzu, esaten nizun, nik muerdo bat emango dizut eta zuk egin kobra bat. Berandu! Ahosabairaino sartu dizut mihia. Eta eskuak! Adi beti eskuei. Ikusten? Konturatu zarenerako titia sobatzen ari nintzaizun. Akordatzen zara areolak ezpainetakoarekin margotzen genituenekoaz? Tia, kokotsa jan dizut berriz! Ezin duzu guardia jaitsi galdera-tranparen bat egiten dizuten bakoitzean. Mutilekin, jeneralean ezin duzu jaitsi guardiarik. Botaka ari garenean ateratzen dugu, ba, atzamarra ahotik gonbitoak eztarrira igotzen zaizkigunean? Ba, kondoi barik ari zarenean, berdin: kanpora segundo erdi lehenago. Oso ondo, Polly Pocket, saihestu nauzu azkenean. Konortea galdu arte morreatuko zintuzkedan. Jende asko morreatuko nukeen konortea galdu arte sasoi hartan, nik mihiarekin ahosabaia perforatzen nien bitartean eurek pentsamentu txakurrak xurga ziezazkidaten. Zu, ordea, zuhaitz edurtua teilatu kontrara lez etzaten zintzaizkidan sorbaldara eta telebista pizten zenuen berriz: jarriko dugu Blossom? Edo Friends. Edo Aquí no hay quién viva. Edo, denak bere lekuan jarraitzen duelako sentsazioa izateko, hogeita pikuak arte buklean ikusiko genuen beste edozein telesail. Eta, amaitzen zenean, bihar goizean ikasi egin behar dut, esaten zenidan. Eta nik: lasai, banoa. Txokolate ta likrazko ostiral izarratuak zuen etxetik gurera bidean difuminatzen, Power Point baten diapositiba kortinillarekin lez. Akordatzen naiz eta ez naiz akordatzen. Noiz gonbidatu ninduzun azkenengoz. Noiz joan nintzen azkenengoz ni. Zu akordatzen ote zara. Meriendatzeari noiz utzi genion, edo Goenkale ikusteari. Hermione Granger eta Albus Dumbledore idazten diren moduan ahoskatzeari. Noiz utzi genion.