Pleibak
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
Azala: Itziar Bastarrika Madinabeitia eta June Baonza Pagaldai
Miren Amuriza
1990, Berriz
 
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
aurkibidea
 

 

25.

 

 

 

Dantzarik egin ezin izaterainoko biharamunarekin nengoelako eskapatu nintzela pentsa zezaten utzi nien eta berba erdirik ere ez zidaten egin mahaitik altxatzen ari ginela Largok zotz batekin seinalatu ninduen arte: zu, etxera.

      Jaioberri baten hiletatik bueltan bagindoaz lez itzuli ginen Agarrera.

      Beda gogoratzen dut, Mitxubisitik burumakur jaisten, Beda klinex batean batutako txuleta-hezurrak Enbrari ematen, Beda eixu siestie, esaten, eixu siestie, ume. Melokotoi zahar baten moduan tximurtzen zait bihotza errezarazi dizkiodan Agur Maria guztiak buklean entzuten hasten naizenean. Nahiz eta barkamenik sekula eskatu ez diodan. Ezta domeka hartan ere.

      Agarreko komuneko tazan jesarrita nengoen, nago, abarka-kordelak, pololoak eta kuleroak orkatiletan ditudala, lababoaren azpian moltso-moltso eginda utzi dudan dantzari-gonari begira loak hartzear. Eta, orduan, atea. Orduan, neskato bi. Lehenengoak bbkko bisera bat darama atzerantz ipinita, kamiseta interior nasai bat eta galtza deportibo granateak orkatiletatik gerrirainoko botoi-ilara birekin. Bigarrenak Super Bateko motxila bat dakar, puntilladun praka-laburrak eta niki turkesa bat barrena kuellotik behera sartuta, top bat balitz lez. Ezagutzen ditut.

      Topdunak lurrean botata ikusi orduko zintzilikatu du atean nire gona eta biseradunak esku-bete kalkomania atera du poltsikotik: zein nahi duzu, armiarma ala Casper? Ezein ere ez. Ez duzu tatuajerik nahi? Esaten dute droga daukatela barruan eta azaletik sartzen zaizula. Nork esaten du hori? Jendeak. Nik jendeari ez diot sinesten, ipini du armiarma ezkerreko besoan biseradunak; lagundu hau itsasten. Topdunak, orduan, atzamarrak miaztu ditu eta armiarma igurzten hasi da: horrela? Busti gehiago, urarekin. Horrela? Bai, horrela hobeto. Listo, papera kenduko diot. Ondo ikusten da? Bai. Orain ipini Casper beste besoan. Eta, topduna eskua busten ari den bitartean, biseraduna armiarmari puzka: esan bat pamela, bi pamela, hiru pamela, baina zenbakiak inglesez esanda. Zertarako? Zuk esan. Guan pamela, txu pamela… Chúpamela esan duzu! Ez dut esan! Bai, esan duzu! Baina topdunak ezentzunarena egin dio eta ileak pintatzeko esprai-poto bat atera du motxilatik: plateatua ekarri dut. Gustatzen zait. Nik lau koleta egingo ditut, bi goian eta bi behean. Nik solte, txapelarekin. Eta, hanka-puntetan orekari eusten dioten bitartean, zeina bere orrazkerarekin kontzentratuta isildu dira. Justu-justuan ikusten dizkiet aurpegiak ispiluan.

      Zure ustez nor da guapoagoa, dio biseradunak, Scar ala Simba handitan? Scar eta Simba ezin dira guapoak izan. Zergatik ez? Lehoiak direlako. Ba, ni morreatuko nintzateke Scarrekin. Ni Scarrekin, ez. Zu, norekin? Ez dakit. Simbarekin? Niri Nala gustatzen zait. Morreatzeko? Ez. Orduan, zertarako? Ba, ikusteko. Egingo didazu espraia? eseri da bainera ertzean biseraduna. Eta hautseztatu dizkiote buruak batak besteari, besteak batari, bota gehiago, bota gehiago. Eta azkura egin zaie begietan. Eta topdunak eguzkitako betaurrekoak jantzi ditu azkenean: pentsatu dut hobe dela ni zutitzen naizenean, ama barbi gel in a barbi guel zatian, zu makurtuta geratzea eta, mutilak kambar babi leskou pari esaten duenean, zu orduantxe zutitzea eta, ah ah ah ye e esaten dudanean, ni makurtzea, baina ez zu beste, eta hortik aurrerakoa, normal, bale? Biseradunak baietz buruarekin, baina itxaroteko apur batean, praketako botoiak askatu behar dituela lehenengo. Eta makurtu dira, eta jai Barbi, jai Ken, zutitu, zutitu, mambo txa-txa, mambo txa-txa, bost-hamar minutuz aritu dira dantzan, Bedak atea jo duen arte: libratzeko komuna derrepente, Largo datorrela. Eta neskatoak joan egin dira. Eta ni euren atzetik.