4.
Trabakukoa, adibidez, zuri fobia mota berri bat aurrezteagatik baino, neugatik ezkutatu nizun; ez zintudan kotxe batera sekula gehiago sarraraziko bestela. Eta heltzen da Antzar Eguna, eta Bizkaibusa gainezka dator, eta zer egin behar dugu, goiza galdu hurrengoaren zain? Ba ez. Egin behar dugu dedoan joan. Eta ez hasi orain derrigortu egin zintudala eta hau ta hori esaten, ze nik ez nizun garondoan pistolarik ipini eta zuk ez zenuen ezetzik esan Iurretako lau zaparro ForFi mailatu batekin geratu zitzaizkigunean.
Eta, han goaz, txoferraren atzean ni eta nire altzoan zu; zure bizkarrezurreko ornoek koloretako pultsera-bolak ematen dute nikiaren azpian biribil-biribil markatuta. Korapilo bat goian, korapilo bat behean, eta zortzi urte dauzkagu berriz ere: salduko ditugu bidegurutzean? Pultsera bat, 100pta. Pultsera + kollarra, 200pta. Kartoizko esne kaja batekin eginiko kartela hartuta bide erdian ni eta bazterrean belaunikatuta txanponak brillanteenetik ugerrenera ordenatzen zu. Laurehun pezeta, bostehun, seiehun eta nire altzoan eserita zoaz ForFi mailatu batean. Zelan amaituko genuen jakin izan banu zazt egingo nizun garondoan, zulotxotik hariari tiratu eta hezur-bolatxoak klan, klan, klan lurrera jausi ahala zu deskonposatzen ikusteko. Baina ez nekien.
Eta goizeko hamaiketan Lekeitiora iritsi ginenean, barraketara joatea baino ez nuen nahi: Saltamontesean igo eta astindu nintzala kokzixa brintzatu eta giltzurrunak zainetatik desitsatsi arte. A ella le gusta la gasolina, dame más gasolina. Argi diskotekeroak. Autotxokeak. Tonbola. Gofreekin eta patata frijituekin enpatxatuta ohe elastikoetan goia edo behea jo arte saltatzea, kotxe bitarte txizeztaturen batean elkarri ileak zelan-halan eutsiaz gonbitoka amaitzeko. Eta bizitza, gero.
Tia, ez dauzkagu zortzi urte. Eta nik: berdin dit. Tia, goazen txosnetara. Baina nik nahiago nuen litroak zeuzkaten ezagunen batzuekin akoplatzea; sekula ez dut lagun berririk egin zumopiñak edanda. Baina zu beti izan zara oso konbintzentea eta putibuelta bat egingo genuela-ta eraman ninduzun azkenean: ea nor dabilen pasatuko gara, tragorik eskatu barik, Segikotik eta iakotik. Eta kalimotxo bat atera zenidan. Puñetera hori; bazenekien segundo erdian disparatuko nintzena eta litroak ahaztuko zitzaizkidana. Eta litroekin Agarre. Eta institutua. Eta neure amaren izena.
Total, konturatzerako, eskuan lau-bosgarren katxia eta ezpainetan piti bi hartuta nenbilela, abestiren bati estribilloan buztanetik noiz helduko: estasasus tado, tu vida vaene llo. Begiak ixten. Zabaltzen. Ondarruko tipa bati tipa bat zelako muerdotzat hartzen ez genituen muerdoak ematen. Eta lantzean behin zugana arrimatzen ziren txandan-txandako Son Gohanak zelatatzen: paparrean preso baten pegata zeraman preso baten argazkia kamisetan zeukan presogaia ta zu, fruta bigunezko jende masa fermentatuaren erdian, Goi Gerlariarenak egiten: peroalguien debe tirardel gat eta! eta! e tae taeta! Harik eta, nahi ez zenuela, musturrak jan zizkizun arte. Zizkizuen. Zuri eta adin guztietako zure zu ingenuo bakoitzari, Matilda Wormwoodetik Lizzie McGuirera. Eta sinets iezadazu, oraintxe ere, hiena baten moduan jarriko nintzatekeena haietako edozeini ilean txikle bat pegatuko baliote: ei, baboso de mierda! Niri diostazu? Zuri, bai! Zer. Uzteko nire laguna bakean! Bueno, bueno… trankil, e? Trankil zure amama!
Pijama hutsean sartuko nintzateke oraindik ere ordu txikietan suak hartutako pinadietara, hamasei urtera arteko zu-kume den-denen bila.
Hondartzan ikusten dudan haren bila, for exampol: eskuak belaunburuetan dituela dago, toallan jarrita, bainujantziaren gainetik gerezidun kamiseta bat eta aurpegia ta besoak kremaz zurituta; lastozko kapela bat, kristala gorantz altxatzen zaien eguzkitako betaurreko biribiltxoak. Negarrari eutsi ezinik dago, nik bere Nenucoa, paipoan etzanda eta hareaz kokotseraino estalita, kordeletik tiraka uretarantz daramadan bitartean.
Eta hamasei urtera arteko zu-kume denek ere jakingo lukete egundo minik egingo ez niekeena. Min irrebertsiblerik ez behintzat. Nahita ez behintzat.
Haiek menbrillo lata batean gordeta edukiko lituzkete Antzar Egun hartan erabili ta botatzeko kamerarekin ateratako argazkiak: zu mahoizko neska biren artean Mariete txupito bana airean duzuela; ni farola bati helduta go-go plantak egiten; mihiarekin sudur punta ukitu nahian ni eta nire sorbalden gainean besoak luzatuta zu: Verano Mix 2005. Edo preadoleszentzian zure logelan entseatzen genituen mozkorren estreinaldi bira. Harik eta biharamunean aurkezpena geneukala, eta autobusa hartzera joan behar genuela, eta ez-dakit-zer-badakit-zer hasi zintzaizkidan arte.
Nik beti itxarongo nuke beste kanta bat gehiago.
Zuk ez.
Eta, hala ere, burutik pasatu ere ez zitzaigun egingo zu zeure kontura joan zintezkeenik ni neure kontura geratzeko. Keba. Arratoi-txakur pareak zapatila zaharrari tiraka lez, elkar arrastatu guran jarraituko genuen gautu arte. Nik monederoa galduko nuen eta zuk autobusa. Zuk aitari deituko zenion bila etor zekigun eta nik barrako mutilari azkenengo katxia ateratzeko. Ordaindu, zeuk egingo zenuen: sinpa tabernetan, tia, ez txosnetan! Eta amore eman nik: benga, baina joan baino lehen bota egin nahi dut. Eta bagoaz geltokirantz, eta esku bat hormara, eta bestea ahora, eta esan gauza higuingarriak diostazu. Zure osabaren bizkarreko granoak. Harrak katu atropellatu baten tripak jaten. Mokordo bat tabernako komuneko lababoan.
Amaitutakoan, pultsera-kutxako pezetarik garestienak balira lez atera zenituen klinexak poltsikotik eta hatz puntak sikatuaz eseri ginen bide bazterrean: nahi duzu palmerita bat? Paparreko pegatak kontuz-kontuz askatu eta poltsan erabiltzen zenuen blok de notasean itsatsi zenituen zuk, nik galtza-barrenetatik kristal brintzak kentzen nituen bitartean: nazka puta, belaunetaraino pringatu zaizkit. Zu aitaren kotxea ikusi orduko zutitu zinen eta kobrak egiten irakatsi behar nizula esan nizun nik. Zer? Kobrak egiten ikasi behar duzula. Aitak ikusiko zaitu, altxa zaitez. Baina nik ez dut etxera joan nahi, tio.
Nik etxetik aldegin nahi nuen.