21.
Farias kaja batean gordeta eduki nituen zuen aitak Gabon haietan ateratako argazkiak, Loka Magazineko errekorteekin eta Frantziatik bidaltzen zenizkidan postalekin batera: kaixo Jone selan zaude ni oso posik gasteluak ikusten eta kanpin leparadiseko dizkotekan agur. Largoren tratorearen palan goazen argazkia gustatzen zait gehien: baserritarrez jantzita gaude, lasto-fardo banaren gainean eserita, ni bertsio berbeneroan eta zu Txanogorritxoren amamarenean; zu trikiarekin, ni panderoarekin eta, ondoan ipini didaten lastozko Olentzerotzarra, esku-guanteak viejoverde batek baino labainago dituela. Baina ni zeuri begira nago, eta zu neuri begira zaude, eta gure arteko maitasun originario hura intakto dago.
Eduki izan dut argazkia apurtxo bat inklinatu, zuzendu, inklinatu eta zuzenduta geu ere elkarrengana hurreratzen ginelako irudipena; nik Andikoako elizpean egiteko moduko pintada bat bururatu zaidala diotsut belarrira: presoak, txakurrak eta melenak, solte. Zuk onena zara erantzuten didazu. Eta nik ez dizut Etxebari buruzko iritzirik ematen, aspaldiko partez bil-bil eginda gauzkan xaboi-burbuila flotanteak plop egin ez dezan.
Zuk baino lehenagotik ezagutzen nuen nik, lokaletik, kostoa Olaberi erosten ziolako; unian matrikulatu berri zegoen bakarra zen bere kintako mutilen artean eta lisensiado esaten zioten. Zuk bere paretsuan ikusten zenuen zeure burua eta Letren Fakultatean sartu berri bazeunde lez hitz egiten zenion. Baina dbh amaitzen ari zinen, guapi; koadernoen ertzetan kutre-poemak idazten eta pegatinetatik kopiatutako logoak narruzko estutxe batean boligrafoz marrazten: egingo dizut bat? Eta nik baietz, egiteko. Zu nire kalkulagailuaren tapan tipexarekin Euskal Herriko mini-mapa bat eta gezi bi pintatzen eta, ni, nahi nuena zure poema bat zela pentsatzen, baina pentsatu barik.
Beti pentsatu izan ditut gauzak pentsatu barik. Batzuk ulertzera iritsi izan naiz, beste batzuk ez; nirekikoak moztu zenituen modua, adibidez. Horrexegatik jartzen zait idi-gorpu begirakunea ignoratzen nauzun bakoitzean. Ormaetxekoarena. Ez daukazu akorduan? Alderik alde adarkatu zuen Josemari zaharra askara pentsua botatzen ari zitzaiola, eta bekokian tiro bat emanda garbitu zuen Josemari gazteak etxeko kortan bertan. Ni Largori deitu ziotelako akordatzen naiz; tratorea hartuta joan zelako, idixkoa palan zekarrela itzuli zelako eta osaba Aitor kanteratik etorri zen arte animalia koitadua etxeostean eduki genuelako. Lau bat ordu egingo zituen, begiak zabalik eta bekokiko zauria odoletan zituela, ez-dakit-zer-egin-dudan-baina aurpegiarekin hormara begira.
Ba, harexen gainean jo genuen pasakallea, Polly. Egidazu ezentzunarena amesgaiztoak edukiarazten dizkizudala esanez, baina hildako idi baten bizkarrean jarrita gindoazen ordurako. Begiratu, begiratu beste aldera, zeure onetik irtenarazi arte kantatuko dizut eta: Olentzero, cabeza grande, pito cuadrado y empinao, no tiene padre, no tiene madre y sus amigos le han colgao. Burura datozkidan salbajada guztiak oihukatuko dizkizut, ea behingoz kasurik egiten didazun, joder. Trrr estridente bat belarri-zuloan. Zu, tratorean zutituta, auzoko umeei sugusak jaurtitzen, eta mugikorrarekin makurtuta ni: zure zenbakia eskatu zidan Olabek, Etxebaren partez, eta numero bi aldatuta eman nion galduko zintudalako beldurrarekin edo zer dakit nik. Apur bat pelikuletako esaldia da hori. Eta, esan ahala ari naiz igartzen, idiotarena egitea dela zuri hau guzti hau orain eta tonutxo honekin kontatzea. Baina, ostia, neure senetik irtenarazten nauzu oraindik ere.