Pleibak
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
Azala: Itziar Bastarrika Madinabeitia eta June Baonza Pagaldai
Miren Amuriza
1990, Berriz
 
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
aurkibidea
 

 

32.

 

 

 

Arratsalde hartan, kanuto pare bat erre eta pultsazioak minimoetara jaitsita egoteko suge-zulo baten bila aldendu nintzen etxetik. Eta, ez dakit zelan, baina Goiketxeko pinadiko rulot abandonatu harekin akordatu nintzen. Artean guztiz borratu barik zeuzkan aurkitu genuenean atean pintatu genizkion letrak. t x a b o l a. Eta zuen ganbaratik eraman genituen kojinak eta manta bat ere bai sofacamaren gainean ipinita.

      Baina kontatu nahi nizuna ez da hori. Kontatu nahi nizuna da, leihora hurreratu nintzenean, neskato haiek ikusi nituela barruan: batak kalkomaniaz beterik zeukan besoa eta besteak plastikozko bolatxodun pultsera bana zeukan eskumutur bakoitzean. Ber-bertan ikusten ditut: mahaiaren gainean errotulki ilara bat kolokatzen ari dira eta pultseradunak itxaroteko agindu dio besteari; denak ordenatu arte ezin gara hasi. Baina zertarako ordenatu nahi dituzu. Ba koloreak hobeto aukeratzeko. Ba ni aspertzen ari naiz. Baina pinturak neureak dira. Kalkomaniaduna harraskako txorrota igotzen, jaisten, igotzen. Eta pultseraduna, operazio-gelan diharduen zirujauaren prezisioarekin, errotulkiak estutxetik banan-banan ateratzen.

      Amaitu duenean, Super Bateko motxila bat atera du mahaipetik eta, motxilatik, folioz beteriko karpeta bat eta liburu bi. Aladdinena ta Sirenitarena. Zein nahi duzu, diotso besteari. Aladdin. Nik Sirenita orduan. Eta sofacamaren gainean belaunikatu da. Liburua Ariel soinekoz jantzita agertzen den kapituluan zabaldu eta kristalaren kontra jarri du, folio batekin estalita kalkatzen hasteko. Lehenengo egin arkatzez, dio, txarto irteten bazaizu, borratzeko. Kalkomaniadunak, bien bitartean, errotulki gorria lekualdatu du, arrosaren ondotik horiaren ondora, eta bibote sendo bat pintatu dio Aladdinen tximuaren orri beteko irudiari: aspertuta jarraitzen dut, hasi da armairu-tapak zabaltzen, ez daukat marrazteko gogorik. Baina marraztu egingo genuela esan duzu lehen. Nik ez, zeuk esan duzu. Baina zuk baietz esan didazu. Ba orain ez daukat gogorik. Zeugatik ekarri ditut gauza guztiak honaino. Ba oso ondo, baina ni aspertuta nago eta banoa. Pultseradunak geratzeko eskatu dio, geratu apurtxo batean, mese, porfi, plis. Harik eta tximuaren biboteak ikusi dituenean negarrez hasi den arte: liburuan pintatu duzu, zergatik liburuan, zergatik tximuari. Ez zaio hainbeste igartzen. Bai, igartzen zaio. Ba barkatu. Ez dizut barkatzen. Ba zeuretzat okerrago.

      Kalkomaniaduna karabanatik jaitsita egon da ordurako, baina nire alderantz barik, besterantz irten da eta ez nau ikusi. Barrukoak bai, segituan ikusi nau: nor zara zu, dio, nor zara. Eta ni, Polly, zu ez bezala, naizena da umeekin tratatzen ez dakien persona mota. Baina zu nor zara. Nire aittitte-amamak hor behean bizi dira, esan diot. Ah. Baina trankil, banoa. Ez, ez joan, etorri barrura. Eta sartu egin naiz. Eta mahaiaren alde banatan jesarri gara.

      Zenbat kolore, diotsat. Bai, baina Jonek dena izorratu du, Jonek beti izorratzen du dena… Eta errotulki gorria hartu du, horiaren ondotik kentzeko: hauek ezin dira elkarren ondoan ipini. Eta ni isilik. Eta bera negarrez. Eta altxatzen du burua, eta non diosten: ze guapa zaren. Eta ni blokeatuta. Eta bera Arielen marrazkia sinatzen: tori, zeuretzat. Eskerrik asko. Gero errotulkiak gordetzen hasi da. Ni berari laguntzen. Eta, batzen-batzen ari garela, kalkomaniaduna agertu da leihoaren bestaldean. Zure laguna itzuli da, esan diot. Eta Gusyluz baten moduan piztu da. Liburuak, karpeta eta estutxea motxilan sartu, eta badoa. Badoaz. Pinadian behera doaz, ni esku batean kanutoa eta bestean Arielen kalkoa ditudala karabanan utzita.

      Egunotan aurkitu dut berriro Agarreko kaxoietako batean. Marrazkia. Eta oilategitik arrautza bat hartu eta oraindik epel dagoela konturatzen zarenean sentitzen duzun zer hori sentitu dut. Kursi geratu zait, baina egia puta da.