VHS
VHS
2020, nobela
336 orrialde
978-84-17051-48-8
Azala: Idoia Beratarbide Arrieta
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
2009, poesia
 

 

Ilehoria III

 

 

Akaso nire gorputza izotz makina bat besterik ez da. Akaso ez dago erantzunik hona ekarri nauen galderarentzat. Akaso ahaztu egin dut galdera bera.

      Izotzak mina arintzeko balio du. Jarri izotza kolpea jaso duzun lekuan. Anestesiatu oihua, anestesiatu ateak ukabilaz jotzeko gogoak, maitasuna eta gorrotoa hatz koskoetan tatuaturik, odoletan uzteraino. Brometan ari naiz, baina ez dut barre egiteko gogorik, baina behar dut. Izotzak alkohola edangarri egiten du, alkohola bera ez da izozten. Espedizio handiak egiten ziren izotzaren gainean kilometroak ibiliz, otsoak eta trineoak, eskuz idatzitako bidaia liburuak. Gizonezkoen ahotsak urrunean, eta gizonezkoen arropen baitan ezkutatutako aluak. Denak historiaren menpe, denak gaueko amnesia iragankorra amestuz, argi horail baten magalean.

      Izotz puska bat sentitzen dut hankartean.

      Neure buruak edozein lekutan egon nahi luke, hemen izan ezik. Nire esentziak. Arima ez naiz ausartzen esaten. Esentzia. Baina gorputza, bai. Gogora datorkit Merlineren teoria. Gorputza eta esentzia, bide paraleloen arteko oreka. Eskua eraman dut izter artera. Laztantzen hasi, eta banoa. Aitziberren karpeta etorri zait akordura. Etxeko mesanotxean daukat. Eman zidanetik zabaldu gabe. Txosten emozionala. Karpeta arrosa. Aitziberrek sinatua. Erantzunik gabeko ihardespena. Neronek interpretatu behar dudan hieroglifikoa. Beste behin ere, bizitzan bezala.

      Hankarteko muinoak ukitu ditut, zeharkatu ditut, jela-zatiak nire eskuaren beroarekin urtu nahian. Ezer ez. Saiatu naiz bi eskuekin. Deusik ez. Jainkorik ez. Deus ex machina. Nire gorputza denboraren makina bat da. Izotz makina. Ezin dut kontzentratu.

      Neure buruari galdetzen diot non dagoen orain nire oreka, gorputza eta esentziaren arteko lerro paraleloetan zein distantzia dagoen batetik bestera. Gorputzetik urrunago nagoen, edo esentziatik. Bizitzak behartu nauen denboratik, edo sormenetik. Bien arteko oreka puntua egonkortzea erabaki zuen behinola Merlinek. Nik ezin. Eta orain mihia gerturatu nahi nuke muinootara, haginetan gorde nahi nituzke hortzen arteko arrastoak garbitzeko biloak. Baina ezin.

      Karpeta arrosa bat. Aitziberren txostena, nire zain. Eta galderak barruan, edo erantzunak. Baina beti daude gauza garrantzitsuak baino garrantzitsuagoak diren gauzak. Orain hemen natza. Irudimena hegaldatzen. Bizipenak neutralak dira. Bizipenek mina sortzen dute ala ez. Mina baretzeko erabiltzen da jela.

      Gogoan dut behin burua sartu niola Hiberri begian. Nahi gabe izan zen. Donostiako jendarte dirudunaren diskoteka batera sartzeko sarrerak faltsifikatzea lortu genuen, eta han murgildu ginen, mugarik gabeko derrotxean: zuzeneko emanaldiak, disc jockeyak, dantzari biluziak, koka eta koka. Hondartzan, berriz, gaztelu puzgarriak. Nola arraio egin zuten han gaztelu puzgarriak sartzeko. On Kixote datorkit gogora haizezko errotei beha. Halaxe ni, eta gu. Aukera guztien artean hura hautatu genuen gure karkailak harrotzeko. Saltoka hasi ginen, gauaren ordu horietan gure esentziak altuegi egiten zuen jauzi, gorputz ito akituen kontra. Halako batean, atzeraka doble mortala, eta buru osoa sartu nion begian Hiberri. Ez dit sekula subidoi batek abiadura horretan egin behera. Milisegundoz milisegundo ikusi nuen, big bang unibertsal baten koloreekin, begi hura handitzen, gorritzen, bulba baten testura guztiak hartu zituen arte. Jela eskatzera joan nintzen abiadura bizian, hil edo biziko kontua balitz legez. Hala zen eta. Errudun sentitzen nintzen guztiaren gainetik, zure gorputzaren gainetik maite duzun gorputz bat zauritu izanaren beldurrarekin. Jelaz beteriko kubata baso bat besterik ez nuen lortu. Hura jarri behar izan nion begian, mina arindu zezan, baina Merlinek eskuetatik kendu zidan. Nik basoa berreskuratu, eta berak kendu atzera. Hain zegoen mozkorra ez zela gertatutakoaz jabetzen, nire eskuetan nik eman nahi ez nion kubata besterik ez zuen ikusten. Kendu ahala behin eta berriz saiatzen zen barrukoa irensten, jela besterik ez bazegoen ere. Eta Hiberren begia berriz, gorri eta gorriago.

      Irribarrea atera zait. Errazegi doakit burua, eta badakit zergatik. Presioa lokietan. Denbora. Denbora madarikatua. Zenbat hitz, zenbat gogoeta, zenbat desio, denborari buruz. Denbora izozteari buruz. Une bat izoztu. Une bat zeinean zure bizitza osoaren gakoak eman direla badakizun, une horretan bertan, eta ostera. Momentu hura zeinean gertatu behar zen guztia gertatu zen, zure bizitza betirako edertuko zuen iparrorratz hautsia. Izoztua, inork ikusi ezin duen bideo zinta zahar batean bezala.

      Eta badoakit, berriz ere. Eta badakit maite nauen norbait zain dudala, nik haragi gosea pizteko zain, atzera kontaketa batean trabaturik. Eta estrategiaz aldatzen dut, igurzten dut zuloa, igurzten dut bizitza osoan bidelagun izan dudan mokoa, botoiari push. Saiatzen naiz umorez hartzen. Izerdia sumatzen dut lokietan barna. Saiatzen naiz konplizitatez ekiten, baina zaila da. Amorrua datorkit gehiago, haserrea datorkit ozenago, ezina datorkit areago.

      Karpeta arrosa. Zer dago hor, Aitziber, ene detektibe maitea? Zer bilatu duzu, nire partez? Zer irakurri duzu, nire begietan? Munduan desegiten ari diren iceberg erraldoi guztien izotz zati erauziak daude, une honetan, nire hankartean.

      Eta begiratzen diot, aurrez aurre, ezinari. Jakin badakit, hori dela pertsonen arteko izotza desegiteko modu bakarra: mina sortzen duen horretan guztiz sartzea, ihes egin gabe. Ihesa delako alkohola, ihesa tabakoa, ihesa lana, ihesa artea. Ihesa iragana, ihesa etorkizuna. Izotzaren gainean ibili. Werner Herzog, berriz ere. Harrigarria egiten zait nola batzuetan erakargarriagoak egiten zaizkidan idazle izan nahi ez duten idazleen liburuak, idazle izan nahi dutenenak baino. Umiltasuna ez da biografikoa. Umiltasuna ezin da antzeztu. Umiltasuna gorantz doan zakil bat da, edo barrurantz libreki doazen hatzak. Herzog. Izotzaren gainean oinez liburua. Hain txikia, eta hain ederra. Ez dakit nola iritsi zen nire eskuetara. Hor zehar aurkituko nuen, bigarren eskuko dendaren batean. Nola hunkitu ninduen liburuaren abiapuntuak: Herzogen lagun mina hilzorian da, eta bera Alemanian duen etxetik abiatzen da oinez lagunak Parisen duen etxera. Bere sentsazioa da oinez dabilen artean, bera iristen ez den bitartean, laguna bizirik egongo dela, heriotzatik salbatuko duela. Baina, noski, era berean bera da heriotza daramakiona. Halaxe da bizitza. Halaxe oraina. Halaxe lagunak, maitaleak, senideak. Maite ditugun guztiak. Maite gaituztenak. Eta gauza ederrak pentsatzen ditudan aldiro gertatzen zaidan bezala, gauza zentzugabeak ere badatozkit gogora. Zer gertatuko litzateke Victor isuri hauetako batean errenkarnatuko balitz? Ezerosoa zait pentsatzea bera, barre eginarazten dit eta horrek are ezerosoago sentiarazten nau, zikin eta lizun.

      Haragiak dio: ez. Une hau patetikoa da. Saiatzen naiz estutzen, sakatzen, laztantzen. Denbora badoa. Norbait nire zain. Maite nauen norbait. Maite dudan norbait. Maitasuna jausi zait hiztegitik.

      Imajina dezaket Merline hankartea zabalik, kamillaren ertzean. Ileak zenbatuz irudimenarekin. Jendeak ardiak zenbatzen ditu lo egiteko, Merlinek berriz izter arteko ileak. Hori esaten zuen berak, nahiz eta nik gezurra dela badakidan. Ni neu saiatu izan naiz zenbatzen nireak, eta ezinezkoa da. Baina Merline kirofanoan, hanka zabalik. Victorren errenkarnazioaren zain. Duela hogei urte, edo gaur, edo bihar.

      Beldurra ematen didate nire pentsamendu zentzugabeek. Pentsamenduak pentsamendu besterik ez dira. Beldurrak. Urduritasunak. Film gehiegi ditut ikusiak. Fassbinder gehiegi, Kieslowski gehiegi. Teatro gehiegi. Rodrigo Garcia gehiegi, Angelica Liddell gehiegi. Nire irudimenak erreferentzia gehiegi ditu, errazegi jotzen du artxibategira urduri nagoenetan. Irudi beldurgarriak datozkit gogora, existentzialistak, erotikoak, eta denbora badoa. Denbora geratu nahi nuke, hankartea lasaitasunez zabal dadin, norabide guztietan. Eta bai, alajaina, lortu dut denbora geratzea, une hau izoztea; surik eza da denbora geratzearen albo kaltea.

      Aldizkari pornografikoak hartu ditut. Orrialdeak pasatu. Haragia. Edo hobeto esanda, harategia. Labana besterik ez da falta. Harategi baten erakusleihoaren aurrean masturbatzea bezala da, solomo ebaki eta behien begi zurien aurrean. Ezinezkoa zait. Pornografiak zorionez, egun baditu kalitatezko ordainak. Pornoterrorismoa. Baina honekin ezin. Negar egiteko gogoa sartu zait. Umorea bilatzen dut baina ez datorkit ezer gogora. Ahotsak entzuten ditut kanpoan. Nire ahaleginen arnasestu patetikoak entzungo dituztela iruditzen zait. Orrialdeak pasatzen ditut, nondik arraio atera dituzte aldizkari hauek, Back to the future filmaren garaikoak direla iruditzen zait. Izterren artekoa gero eta barrurago, gero eta sudurrago, gero eta lur sagarrago. Saiatzen naiz enborretik heltzen baina ihes egiten dit. Bentosa efektua. Barrura sartu zait. Zuloago da orain.

      Kirofanoaren ertzean natza. Drogek betazalak lausotzen dizkidate, edo alderantziz, ez dut argi. Burua badoa atzera eta aurrera, diskoteka batetik ipar polora. Izenak datozkit burura, ausaz, dantzan. Izenak eta aurpegiak. Aurpegiak eta gorputzak. Laztanak eta bete gabeko ametsak. Kirofanoak dio ez naizela nire. Zoriontasuna ez dela beti norberak aukeratzen duen bide bat. Aluminiozko oheak, aluminiozko guraizeak, aluminiozko denborak. Haragia aluminioaren gainean, hotz. Une bat gorde nahi nuke xehetasun osoz, eta hor nonbait akaso bada, haragiaren barrunbeetan, hildako ume bat berriz ere segundoz segundo oroitzeko gaitasuna. Esan nituen hitzak, haiek esan bitartean pentsatu nituenak. Etorkizuna ere hitzez bete nuen, baina behin etorkizunera iritsita izotzaren barruan zetzan hiztegia, ezin izan nuen orrialderik pasatu. Sukarra da, edo zauria. Zauria da, edo kemen falta. Biziraupena. Poesia. Poesia joder, poesia. Arrazoi genuen akaso gaztetan, poemak hobeak dira orain, baina funtsean, ordukoa da egia. Bentosa barrura egingo nuke jauzi, baina oka egin nau barruak. Haragia naiz berriz ere, aluminiozko airea. Kirofanoa.

      Esku dardartiari erreparatu diot. Ezin dut etsi. Telebista dut aurrean. Menua. Lau pelikula porno. Zein baino zein zatarrago. Ez dut horretara jo nahi. Hau patetikoa baldin bada, horrek jada akabatuko nau. Umorea, non zaude gehien behar zaitudanean. Ironia, nora joan zara, ni hemen trabeska utzirik. Esku batekin eserlekuari oratu diot, gorria eta plastikozkoa. Imajina ditzaket bertako garbitzaileak ezinezkoa irudikatzen. Ez dut pantailako porno kapitalista irentsi nahi. Ni hori baino poetikoagoa naiz. Kar-kar. Kotxe-kotxe. Ez du graziarik.

      Nire gorputza denboraren makina bat da. Saiatzen naiz zoriontsua izan naizen edozein unetara bueltatzen. Xehetasun osoz. Iraganari laguntza eskatzen. Plazeraren izpi bat berreskuratzen, nahiz eta gezurra izan. Memoria da jela, kubata batekin mozkortzeko edo mina arintzeko. Memoriak estaltzen ditu gorpu hotzak, oraina biziberrituz. Saiatzen naiz sukarra izaten, pasioz bizi izan naizenetan legez. Sentitzen ditut maitatu izan ditudan hildako guztiak deika, edo ahantzita. Agian ahanztura bera da deia. Ahanztura bera da oihua. Victor. Badira hilik dauden gorputzak, eta hilik dauden esentziak. Merline. Agian ez ginen oker. Agian orain poema hobeak idazten ditugu, baina orduko haietan zegoen jada guztia. Agian gu gara gure oroitzapenak bisitatzera goazenak, hilzorian daudela, gu iritsi arte biziko direlakoan. Baina iritsi orduko han dira gorpuak. Hain dira gorpuak. Haien gainera eramaten ditugu izotzezko loreak. Eta hain dira ederrak.

      Ausaz aukeratu dut. Edozer. Denbora badoa. Baina ezin dut hutsik egin. Semental, querido Watson. Abierta hasta el amanecer. Gorroto ditut. Patetikoa da. Oraingoan, bai, algaraka hasi naiz. Negar egiteko gogoa daukat, irriz edo herraz. Korapiloa eztarrian. Azkenean, gorputzak oroitu ditu ezezagun zaizkidan bideak, nik ez jakin nola. Bizitza isuri, edo heriotza.

      Arnasestuka oraindik, atseden hartu dut une batez. Ezkerrera begiratu dut, gidariaren lekura. Batzuetan oraindik ere gertatzen zait, edozein eratako aulki batean egon eta ezkerrera joaten zaidala begirada, bertan norbait aurkitzea espero banu bezala. Gustuko musika jartzeko gogoa sartzen zait, kasete batean. Eta kantatzekoa. Hurrengo bihurgunean zer dugun zain jakin gabe kantatzekoa.

      Eskuak garbitu, galtzak igo, eta botoi gorria sakatu dut.

      Karpeta arrosaren ondoan, VHS zinta zahar bat daukat zain etxean.