VHS
VHS
2020, nobela
336 orrialde
978-84-17051-48-8
Azala: Idoia Beratarbide Arrieta
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
2009, poesia
 

 

 

Galdeketa
laugarren lekukoari:

Burgos

 

 

Burgos begira daukat. Burgos beti daukat begira. Ezagutzen dudanetik daukat begira. Nire mugimenduen peskizan, hausnarrean, beti zerbait esateko zorian balitz bezala, baina sekula esatera iritsi gabe. Hiber, Kapelu eta Merlineri egindako elkarrizketen grabaketak bakarka entzun eta gero, apur bat kezkaturik geratu naiz. Bukolikoegiak dira. Bukolikoegiak gara? Parean izan ditudan lekukoak biluztu egin dira grabagailuaren aurrean. Hori izan da nire asmoa. Konfiantza giro bat sortu, zeinean ez duten biluztea beste aukerarik izango. Eta hala egin dute. Baina guztiz? Zer ote da nire iraganaren lekuko diren haiek, Victorren arrastoak babesten dituzten azken gordailuek, nire ahanzturak behar dituen ezinbesteko piezak direnek, ezkutatu didatena? Edo, are, zer da haiek bere buruari ezkutatu diotena? Bada kolektiboa, paraleloa, simultaneoa den ahanztura bat? Inkontzienteki adostutako orbain asegabe bat? Bada geuk konturatu gabe adostu dugun ez-memoriaren bat bazterrotan? Azken lekuko baten beharra sentitu dut bat-batean, gure arteko adiskidetasunetik at egondako norbaiten zirtoa, lagunarte honen barruan egonda ere kanpotik so egin gaituen begirada bat.

      Aitziberrek neure burua leku ezerosoan jartzeko eskatu dit, ikerketa egiterakoan. Saiatu saiatu naiz, galdeketak egiteko unean, zintzotasuneraino jaisten, nire autodefentsei uko egiten. Baina, akaso, ondoegi gaude lagun artean. Ez dut topatu iraganeko lokatzetan murgiltzeko nahikoa ardorik. Burgosek ekar diezadake lagunarte honen itzaletan murgiltzeko falta zaidan pieza?

      Gelara sartu denean, Burgos begira daukat. Orduan konturatu naiz, zehatz eta xehe, beti eduki izan dudala begira. Akaso galdera aproposa egingo diodan esperoan, akaso gaur eman den une zehatz honen zain. Ernestoren tabernan elkar ezagutu genuenetik hogeita lau urtera. Rec.

ILEHORIA: Zu aktore ezaguna zinen garai hartan.

BURGOS: Bai. Antzerkian aktore ezaguna izatea posiblea den neurrian! (Barreak)

ILEHORIA: Ez duzu sekula telebista egiteko gogorik izan?

BURGOS: Ez, sekula ez. Antzerkia nire pasioa izan da, nire bizitza. Jendearekin izerdiaren bitartez harremanetan jartzeko modua izan da niretzat.

ILEHORIA: Beti zara oso intentsua.

BURGOS (barreak): Eta hori zuk esaten didazu?

ILEHORIA: Merline, Hiber, Kapelu... Nola gogoratzen gaituzu elkar ezagutu genuen garaian?

BURGOS: Nola gogoratzen zaituztedan? Ufa… Ba, egia esan, oso presente daukat garai hura, nire bizitzan inflexio puntu asko eman zirelako. Horregatik, agian, ondo gogoratzen zaituztet: umemokoak eta bohemioak. Zuen buruaz iritzi gorena zenuten, egoa puztua, barregarriak zineten zinez, poeta usteak, bizitzaz guztia jakingo bazenute bezala hitz egiten zenuten… Oso gauza kuriosoa zen, errefusa eragiten zenuten dezente, baina, era berean, jendez inguratuak zeundeten beti. Eta, azkenean, ni ere erori nintzen.

ILEHORIA: Hau da hau… Tira, gutako batekin ezkonduta amaitu zenuen azkenean.

BURGOS (barrezka): Tira, bai, epaitegitik eta halabeharrez, baina ezkonduta.

ILEHORIA: Badakizu zein den nik zutaz dudan lehen akordua?

Isilunea. Kuriositate handiz erantzuten dit, begirada niregan finkatuz, zerbait deszifratu nahian bezala.

BURGOS: Zein?

ILEHORIA: Taberna batean izan zen, goizeko ordu txikitan.

BURGOS: Ernestorenean?

ILEHORIA: Ez, beste batean. Taberna ixtear zirela, argiak piztu zituzten. Eta orduan sumatu nituen zure begiak niregan iltzatuta. Ironiaz bezala begiratzen ninduzun, eta nire arreta piztu zenuen une labur batez. Ez genuen hitz egin, hala ere. Gerora Ernestok aurkeztu gintuenean berehala akordatu nintzen zurekin.

BURGOS: Nik ez dut ba gogoan, baina oihartzun egiten dit.

ILEHORIA: Zergatik?

BURGOS: Edozein lekutan zinetela, beti ari zineten atentzioa ematen. Poeta bitxiz inguratuta, nola deitzen zen beste batzuekin zenuten talde hura…

ILEHORIA: Kalhisablefilikoak.

BURGOS: Bai, horixe bera. Hor ibiltzen zineten friki talde galanta, nahasketa ezinezkoa antzeztuz. Kapeluk Billy Ray Cyrusen bideoklip batetik ateratakoa zirudien, Merlinek eta Hiberrek kirol denda batean arropa erosi duten bi sekreta, eta zuk berriz… ematen zuen poeten bileretara bi autobus eta lau kutxazain erre ostean zentozela. Hala ere, hor ibiltzen zineten eroak moduan dantzan, taberna osoaren atentzioa pizten, mundua kanta bakoitzarekin amaitzera joango balitz bezala mugitzen, tabernetako ilunpeetan ezezagunei poemak entzutera derrigortzen, eta funtsean, ia edonorekin oheratzen saiatzen. Jendearengan sentsazio zinez kontrajarriak sortzen zenituzten: zuek pasioz gorrotatu edo zuek pasioz maitatu, ez zegoen erdibiderik.

ILEHORIA: Zu iritsi zinen arte. Orduan aldatu zen dena guretzat ere.

BURGOS: Ez dakit. Bai? Hala da?

ILEHORIA: Hamar urte zaharragoa zinen, eta gaur arte iraun duen harremana hasi zenuen gutako batekin. Beti eduki genuen erraztasuna gu baino helduagoa zen jendearekin harremanak izateko.

BURGOS: Harremanak…?

ILEHORIA: Harremanak.

BURGOS: Oraintxe zaharra deitu didazu, edo iruditu egin zait?

ILEHORIA (barreak): Esperientziaduna soilik, Burgos! Esperientziaduna!

Pausa. Zigarro bat liatu. Burgosek bat eskatu dit.

ILEHORIA: Ez zenion utzi erretzeari?

BURGOS: Bai. Normalean ez dut erretzen. Horrelakoetan soilik, eta haurra aurrean ez dagoenean.

ILEHORIA: Nik bezala orduan.

Piztu ditugu zigarroak.

ILEHORIA: Zuk ezagutu zenuen Victor?

BURGOS: Ba, egia esan, ez. Kuriosoa da, bera ere aktorea zelako, baina ez genuen elkarrekin topo egin. Badakit arrastoa utzi zuen pertsona bat izan zela, baina tira, hori ez zen oso zaila ere, garai hartan guztiak uzten zizuen arrastoa.

ILEHORIA: Aizu, ba pentsa, orain haren inguruko ikerketa bat enkargatu diot detektibe bati.

BURGOS: Bai, tira… Tarteka egoten nintzen zuekin, eta gauza asko galdu nituen. Biran ez nengoenean, sarritan elkartzen ginen nire etxean. Zuek bizitako gauza askoren berri, gerora, zuen bitartez izan dut nik.

ILEHORIA: Bai... Itxaron, gogoan dut. Goiko pisu batean bizi zineten lagun bat eta zu, elkarrekin. Ez zen abuhardillatua, baina teilatura ematen zuen.

BURGOS: Bai, hala da.

ILEHORIA: Zelako oroitzapen onak ekartzen dizkidan etxe hura gogoratzeak! Zenbat denbora zen ez nuela hartan pentsatzen.

BURGOS: Nik, ordea, sarritan gogoratzen dut.

ILEHORIA: Bai? Zergatik?

BURGOS: Ez dakit. Etxe hartan bizi eta gero amaitu zen nire ezkongabeko bizitza. Lagun asko pasatzen zen handik, aktore profesional gisa bizi izan nuen azken garaiaren lekuko izan zen.

ILEHORIA: Ordutik antzerkian jarraitu duzu, baina ez modu berean.

BURGOS: Ez.

ILEHORIA: Zergatik?

BURGOS: Badakizu.

ILEHORIA: Bai, baina kontadazu zuk.

BURGOS: Funtsean... konpainiaren bidea amaitu zen modu traumatiko batean. Arrakasta ezagutu genuen mundu osoan, sekulako formazioa jaso genuen aktore moduan, baina arrakastarekin batera botere harremanak aldatu ziren. Ordura arte familia izan zen guretzat taldea, eta, azkenean, horrelakoetan ohi denez, familia apurtu zen. Mingarria izan zen. Mingarriegia. Asko kostatu zitzaidan osatzea.

ILEHORIA: Lanbidez ere aldatu zenuen.

BURGOS: Beste karrera bat ikasi nuen, eta ordutik konbinatu egin ditut bi lanbideak, ondo dakizunez. Antzerkiak presente jarraitu du nire bizitzan, baina irakaskuntzatik. Ez naiz berriro ordukoak bezalako bira batean murgildu.

ILEHORIA: Guk, ordea, orduan ezagutu zintugun.

BURGOS: Bai.

ILEHORIA: Iparra zinen guretzat. Miresmena sortzen zenigun. Nolabait, guk zu bezalakoak izan nahi genuen handitan.

BURGOS: Bai… Bai? (Pentsakor) Hainbesterako al zen?

ILEHORIA: Noski.

BURGOS: Zergatik, ordea?

ILEHORIA: Pentsa. Gu, momentu batean, poeta talde bat izatetik antzerki talde esperimentala izatera pasatu ginen...

BURGOS: Zuek bai zuek…

ILEHORIA: Hitz horiekin beroriekin esaten genuen gainera! (Bien barreak) Poesia antzerki bilakatu nahi genuen, ikusi gure testuek nola egiten zuten oihartzun gorputzetan. Poesiaren musikaltasuna, erritmoa, irudirako gaitasuna antzeztu modu fisiko batean.

BURGOS: Tira, bai, orain distantziatik ikusita bai, baina orduan ez dut uste hitz horiekin esaten zenutenik. Diskurtso hori gerora sortu duzu. Garai hartan besterik egiten ez zekiten hiru lagun baino ez zineten.

ILEHORIA (barreak): Harrapatu nauzu.

BURGOS: Noski. Horrela da. Tabernetan ezezagunei poemak oparituz ligatzearena agortu egin zitzaizuen, eta zeozer berria asmatu behar izan zenuten, jendea ohera eramaten jarraitzeko. Orduan etorri zen antzerkiarena. Eta dramaturgiaz piperrik ulertzen ez zenutenez, egiten zenekiten bakarra egiten hasi zineten: poesiak errezitatzen jarraitu, baina atril baten aurrean izan beharrean, malla pegatu batzuk jantzita.

ILEHORIA: Joder, horrela ikusita… ez da oso erromantikoa.

BURGOS: Baina hori ona da, hori da zuekin nik dudan kontraesan handia. Pakete batzuk zineten, nahikoa jasanezinak, baina gero egiten zenuten hura, unean uneko motibazioa edozein zela, benetan egiten zenuten, guztia emanda, eta zuen egia hezur-haragitzen. Egia hori egia okaztagarria izango zen agian, baina egia, azken batean. Eta horrek inguruko asko liluratu egiten zituen.

ILEHORIA: Kaka.

BURGOS: Zer.

ILEHORIA: Galdeketa honekin gure itzalak plazaratu nahi nituen baina, berriz ere, zeozer polita atera da mahai gainera.

BURGOS: Benetan? Horren bila zabiltza? Ez duzu nahikoa bota dizkizudanekin?

ILEHORIA: Ondo dago, baina beste zeozer espero nuen.

BURGOS: Hori da zure arazoa.

ILEHORIA: Zein?

BURGOS: Idealista bat zarela.

ILEHORIA: Eta?

BURGOS: Gauzak zuriak edo beltzak izatea behar duzula, onak eta gaiztoak egotea, baina ezer ez da benetan horrela.

ILEHORIA: Esaldi horri ere topiko trazak hartzen dizkiot.

BURGOS: Baina horrela da.

ILEHORIA: Argi-itzalik ez genuen beraz?

BURGOS: Horrelakorik ez dut esan. Argi-itzalez beterik zeundeten. Argi-itzalez beterik zaudete. Baina zuen drama agian hori bera da: edonori gertatzen zaion gauza bera gertatzen zaizuela. Ez zaretela beste munduko ezer.

ILEHORIA: Eskerrik asko.

BURGOS: Ez horregatik.

ILEHORIA: Orain arte Hiber, Kapelu eta Merlineri lekukotzak hartu dizkiet garai hartaz, Andaluziara Merlinek eta biok egindako bidaiaz, La Marabunta taldeaz... Uste dut biluztu egin direla denak, baina politegi atera da hala ere.

BURGOS: Joder, eta zer gehiago nahi duzu?

ILEHORIA: Ez dakit. Argi-itzalen bat. Uste dut argi-itzalek soilik ahalbidetuko didatela ikerketa honetan Victorrengana iristea.

BURGOS: Tira...

ILEHORIA: Zer?

BURGOS: Bada beste zerbait.

ILEHORIA: A, bai?

BURGOS: Oso aktore txarrak zineten.

ILEHORIA: Kabroia.

BURGOS: Baina autentikoak, hori bai.

ILEHORIA: Eta lagun onak.

BURGOS: Eta lagun onak. Horretan inbidia izan dizuet beti.

ILEHORIA: A, bai?

BURGOS: Bai. Nik ez dut izan halakorik.

ILEHORIA: Halakorik zer?

BURGOS: Halako… kuadrillarik.

ILEHORIA: Tira, Euskal Herriko hitz madarikatua, kuadrilla.

BURGOS: Bai. Baina nik, adibidez, faltan bota izan dut hori. Zuek beti zuek zarete, ez didazue behin ere utzi taldean guztiz sartzen. Ondo ikusten duzuen satelitea naiz, asko jota.

ILEHORIA: Kuadrilla bat gara, beraz, bere adiera guztian.

BURGOS: Bai.

ILEHORIA: Baina zu ere beti jende interesgarriz inguratua oroitzen zaitut.

BURGOS: Eta hala zen. Baina beste era bateko harremanak ziren. Teatreroak, pintoreak, musikariak, artistak. Oraindik mantentzen ditut horrelako harremanak, baina ni jada horretan ez nabilen heinean, beste gauza bat da.

ILEHORIA: Kuriosoa da.

BURGOS: Zergatik.

ILEHORIA: Guk laurok, azken batean, teatroaren eta poesiaren inguruan ezagutu genuelako elkar. Gu ez gara, berez, kuadrilla bat. Kapeluk kalean jarritako afixa batzuk izan ziren aitzakia, edo zubia.

BURGOS: Bai, hori egia da.

ILEHORIA: Alderantzizko istorio bat da gurea. Arteak elkartu gintuen, eta denborarekin kuadrilla tipiko bat bilakatu gara kasik, hilean behin afaltzeko geratzen dena garai zaharrak oroitzeko.

BURGOS: Beti egin izan dituzue gauza arraroak.

ILEHORIA: Bai. Hala ere, iragan hura nolabaiteko sekretu partekatua dela sentitzen dut, sarritan bueltatzen gara hura gogoratzera.

BURGOS: Ya.

ILEHORIA: Zuk gogoratzen duzu nik Merlinerekin Andaluziara egindako bidaia?

BURGOS: Berez ez. Badakit lehenengo gauean lagundu zintuztedala, baina ez dut oso ondo gogoan. Garai hartan sarritan joaten nintzen Madrilera, beraz, nahastu egiten zaizkit datak. Elkar ezagutu berri genuen, eta Madrilera merke joatea beste asmorik ez nuen nik bidaia hartan.

Isilunea.

ILEHORIA: Uste duzu gurea benetan adiskidetasun hautsezin bat dela?

BURGOS: Ez, ez delako beti horrela izan. Esango nuke ia hamabost bat urteko lapsus bat egon dela, zeinean oso gutxi egon zareten. Egon garen.

ILEHORIA: Bai, hala da. Ni antzerki biretan murgilduta, zuek guztiok bakoitza bere haurrekin gora eta behera.

BURGOS: Nahikoa lan.

ILEHORIA: Nahikoa lan, bai. Eta orain?

BURGOS: Zer?

ILEHORIA: Nola ikusten gaituzu orain?

BURGOS: Hara, uste dut bizitzaren etapa honetan berriz ere topo egin duzuela.

ILEHORIA: Zergatik dela uste duzu?

BURGOS: Tira. Dagoeneko bakoitzak bere apustuak egin ditu bizitzan, bere esperientziak eduki ditu. Jada ez dago atzera bueltarik zuentzat. Zaretenak zarete, ondorio guztiekin. Ez daukazue bizitza guztia aurretik. Gauza asko egin ditzakezue, egin ditzakegu oraindik, baina ez hutsetik hasita. Aukerak murriztu dira, agian iragan gehiago duzue etorkizuna baino. Porrotak eta garaipenak zenbatzeko tenorea da. Kontziente izan egindakoaz, geratzen denaz gozatzeko inpultsoa hartzeko. Baina soilik begirada errealista batetik egin daiteke hori. Eta, normalean, hori egiten saiatzean sartzen da jendea krisian.

ILEHORIA (ironiaz): Psikologoa dirudizu.

BURGOS: Antzerkia egin ostean ezin nuen karrera hobeagorik hautatu. Zorionez oso gaizki zaudete artistak, ez zait lanik falta.

Barreak.

ILEHORIA: Hain ezberdinak dira hartu ditugun bideak?

BURGOS: Bai. Eta zuetako bakoitzak egin du porrot zerbaitetan.

ILEHORIA: Bale, ez kontatu gehiago.

BURGOS: Ez zenuen guztia jakin nahi?

ILEHORIA: Ez dakit beharrezkoa den.

BURGOS: Esango nukeena da duela hogeita hiru urte bat zinetela. Bizitzak bidegurutze batean jarri zintuzten: sormena eremu publikoan edo pribatuan. Bakoitzak bide ezberdin bat hartu zuen. Merlinek guztiz abandonatu zuen artea, eta familiako eta laneko harremanetara bideratu zuen bere sormena, kulturarekin batere zerikusirik ez zuen ofizio batean. Porrota. Kapeluk erdibide bat saiatu zuen, sortzen jarraitu baina denbora librean, bizitza horri eman gabe. Porrota berak ere. Zuk beste muturrera egin zenuen, artearen alde bizitza emanda, baina porrot egin zenuen, familia sortu nahi izan zenuenean.

ILEHORIA: Joder. Ez dakit bat natorren horrekin guztiarekin. Bizitza mota asko egon daiteke, eta ez da ezer gertatzen. Baina egia da, zer pentsatua ematen dit.

BURGOS: Zuetako bakoitzak errepresentatzen du ondokoak bere bizitzan lortu ez duena. Eta horregatik behar duzue elkar. Lasaigarri egiten zaizue norberak bizi ez duena ondokoak bizi izan duela jakitea.

ILEHORIA: Uau.

BURGOS: Bai.

Pentsakor.

ILEHORIA: Konturatzen zara ez duzula inoiz nik idatzitako ezer irakurri?

BURGOS (minduta): Hori ere sartu behar duzu ikerketa madarikatu horretan?

ILEHORIA: Gogoan dut sarritan entzun dizudala gizarte honetan marjinatua sentitu izan zarela euskaraz ez jakiteagatik.

BURGOS: Eta bai, hala da. (Pausa) Baina orain euskaltegian nago.

ILEHORIA: Zuk ere gainditu dituzu zure porrotak, Burgos, zorionak.

BURGOS: Joan-hadi-pikutara. Behintzat, akaso, zure ikerketa ostia hau publikatzen bada, garaiz helduko naiz idatzi duzuna ulertzera. Batez ere, nire hitzak itzultzerakoan traizionatu ez nauzula segurtatzeko.

Barreak. Stop.