VHS
VHS
2020, nobela
336 orrialde
978-84-17051-48-8
Azala: Idoia Beratarbide Arrieta
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
2009, poesia
 

 

Detektibea VI

 

 

Imajinatu ditut haien eztulak, desioak, arnasestuak. Imajinatu ditut iragan eta etorkizun posible guztiak. Hegaldatu zait zientzia, lurrera ekarri dut irudimena. Bost axola zait emaitza; Ilehoriaren bitartez jaso dudana, une honetan, niretzat erreala den neurrian da egia. Chuso, Rocio, Victor.

      Badut dagoeneko ikerketa amaitzeko behar dudan guztia: tabakoa, kafea eta musika ona. Azkenaldian bereziki lotua nago bi kantari: batetik, Big Thief taldeak obsesionatzen nau, Adrianne Lenker izugarri erakargarria egiten zait, ile motzarekin kantatzen duenean batez ere, xuabe edo amorruz, Not kanta horren lekuko. Bestetik, azkenaldian obsesionatzen nauen beste kanta bat da Saioaren “Heltzea”: “Zer den heltzea / oskolatik ateratzea / ta lozorroan zeuden beldurrak / esnatzen hasten direnean / besteen oinazea hil nahi / norberarena akabatzeko / ta maskarak sortzen hastea / egiak ezkutatzeko / galdera ikurren nazioan / esnatu ta larrittu / bihotza hesitzen hasi / pasaporteari prezio altua jarri / pasaporteari prezio altua jarri... / gurasoen ikarekin parekatu / haurtxoaren negarrakin gaixotu / ta kolokan dagoen guzia / erremediorik gabe, onartu / garai inkonszienteak / anestesiatik iratzarri / idealen banderak suntsitu / mitifikatuei trofeoak kendu / mitifikatuei trofeoak kendu... / ta pasaporteari prezio altua jarri...”.

      Pentsatu ahal izateko ezinbestekoa zait pentsatzeari uztea. Idazketa automatikoan abiatzea. Baita kutxazain automatikoan ere, kontuan dirua edukiz gero. Kalean ausaz aukeratutako pertsona bati jarraitu, hura obserbatu beste asmorik gabe. Ibili, ibili, nekatu arte ibili, pentsatu gabe, kaletik entzundako elkarrizketa arrotz oro segundo batzuez harrapatu, bizitza atzeman nahian, besteen hitzetan, besteen izerdietan, besteen izuetan eta eguneroko amildegietan. Hori dauka gezurrezkoa izateak, maskara izatearen kontzientzia: beldur oro da norberarena ez den gorputz propio bat.

      Banoa kaletik, bizitzari begira. Ibili. Ezinbestekoa zait ez pentsatzea, buruak bakarrik pentsa dezan. Detektibe emozionala, edo dirulaguntzarik eskatuko ez lukeen egunerokotasunaren performer bat. Albiste onen ehiztaria, Slavenka Drakulic liluratu bat bezala. Guztia daukat hemen, barruan. Merlineren hitzak, Hiberrenak, Kapelurenak, Burgosenak. Merceditas, Pelea. Nor dago bakoitzaren atzean, zein amets, zein ideal, zein ezin, zein Ernesto. Norberak fabrikatzen ditu idoloak, inork ez du sekula jakingo nortzuk diren benetako heroiak. Heroirik behar ez delako isilduko dira heroiak.

       Eta kalearen ertzak. Jarraituko dut edonor, autobusera igotzen bada, autobusera igoko naiz ni ere. Denda batera erosketak egitera sartzen bada, gauza berdinak erosiko ditut nik atzetik. Letxuga, konpresak, galletak. Taberna batera sartzen bada lagun batekin kafea hartzera, komunera edo barrara altxatzen den unean nik bere lekua hartuko dut lagunarekin, eta edozein aitzakia jarriko dut une batez bere airea arnasteko: “Sua nahi, Mr. Churchill?”. Eta jarraituko diot etxera, eta bertara sartu ezingo naizen arren leihotik beha jarriko naiz, ahalegin guztiak egingo ditut kanpotik ikusi ahal izateko, eta lortzen ez badut atarira sartuko naiz, eta egun osoan jarraitu dudan pertsona horren buzoia bilatuko dut. Ez badut asmatzen bueltatuko naiz beste egunen batean, ahaleginak eta bi egingo ditut bere buzoia zein den asmatzeko. Dagoeneko apenas ez dira buzoiak erabiltzen. Ments ditut buzoiak. Ments ditut gutunak. Ments dut norbaitek iragarki bat jartzea egunkari batean, zeinean esaten duen “Poesiaz zure bizitza egin nahi baduzu eta zure bizitzaz poesia, idatz iezadazu”, eta pertsona horri idatzi eskuz gutun bat, edo grabatu VHSan, edo ni neu izan iragarki hori idatzi duen pertsona. Eta, bestela, ezezagunaren buzoia zein den asmatzerakoan, ohar bat sartuko diot, letra argiz, zeinean esaten den:

 

“Ez zaitez errenditu, sekula. (Lagun bat)”.

 

      Eta bera hunkitu egingo da esaldi hori dioen oharra topatzean, eta galdetu egingo dio bere buruari nork idatzi ote duen hori, eta ez du jakingo, eta errepasatuko ditu bere egunerokotasuneko bisaiak, eta hipotesiak egiten ausartuko da, eta akaso bi edo hiru susmagarri edukiko ditu, eta pozik aterako da kalera, eta bere buruari galdetuko dio zer den tantra bat, eta jarraituko du bizitzen triste baino alaiago, eta ez du imajinatu ere egingo ezezagun batek sartu diola oharra, Adrianne Lenkerren xuxurlak nahi lituzkeen Leonard Cohen femenino batek. Eta une oro jakingo dut bera hunkituko dela, munduan edonor identifikatuko litzatekeelako esaldi horrekin: “Ez zaitez errenditu, sekula. (Lagun bat)”. Cortazarren mikroagitazio bat. Nork ez luke bere sentituko, nork ez luke ulertuko ezezaguna berarekin ari dela, edonor dagoelako borroka batean, eta edonork nahi lituzkeelako animoak, pentsatzea zutaz kezkatzen den lagun anonimo bat dagoela, eta akaso egia dela, badela ez errenditzeko arrazoirik, zutaz inor pentsatzen dagoela pentsatze hutsa, besterik ez bada ere. Edonor poztuko litzateke “ez zaitez errenditu, sekula” esango baliote, segurtasunez, Lenker-Cohen ahotsez, eta aurrera jarraituko luke, lehen bezala kakazturik baina itxaropenarekin.

      Anarkismo berri bat behar du munduak. Detektibe performerren armada bat. Utopiaren frankotiratzaileak. Edo, bestela, gerraren metafora behingoz erabiliko ez duen edonor.

      Tematu egiten gara. Agian bizitza osoa ematen dugu horretan: desmuntatu nahian inozentzia, inkontzientzia, gaztaroa. Mingarriegia delako aspaldiko idealen ispilua, mingarriegia da zure baitan bizirik daudela sumatzea, jakintsuago, helduago, arduratsuago, gutxi gorabehera ondo, baina gehiegi bizitzeko beldurrez zauden honetan.

      Ahalegin guztiak egiten ditut ez pentsatzeko. Ibili, izan, ez izan, ez ibili. Zein da Victorrek utzi duen arrastoa? Axola du arrasto horrek? Norberak ez ote du besteen arrastoetan bilatzen norbera? Ahanzturatik izen bat erauztea justizia poetikoa da? Nork erabakitzen du zer den justizia? Nork erabakitzen du zer den poetikoa? Zer nolakoa da ispilu hau, edo beste norbaiten arrastoa den edozein ispilu, lerro hau une honetan bertan irakurtzen ari zaren horrentzat? Galderak mahai gainean daude. Baina mahaia gosariaren ostean zikina dago. Zentzugabea, ezdeusa da une bakar bat zehaztasunez oroitzen saiatzea. Grabatuko ditugu audioak, bideoak, aterako ditugu argazkiak, azpimarratuko ditugu liburuak... eta denak galduko dira, gutxien espero denean, haietako protagonistak ezagutu ez dituen inoren bizitza ezustean astintzeko. Azpimarratutako liburu bat ere izan daiteke oharkabeko mikroagitazio bat.

      Horiek dira ezinbestekoak diren, ikusezinak diren memoriak. Maitatuak izan direnen eta izan ez direnen nekeak. Historia posible egin dutenen historia ahantzia. Ahalegin ezdeusa da pertsonen eguneroko bizitza xehetasun osoz gordetzen saiatzea. Zerk, nork, nola hil zuen Victor. Zentzugabea, ezdeusa den misterioaren argitzea. Modu bakarra okurritzen zaio detektibe honi kasua ixteko: Victorren berri izan ez duen denbora galdekatzea, Victorren berri izan ez duen oraina itauntzea.